R arrazarena
R arrazarena
Mark Twain
itzulpena: Mitxel Sarasketa
1988, narratiba
144 orrialde
84-86766-17-6
azala: Garbiñe Ubeda
Mark Twain
1835-1910
 
 

 

SARRERA

 

      Liburu honek, Mark Twainen arraza, erlijioa eta iraultzaren inguruko iruzkin sozial erradikalen antologia izanik ere, beste gai historiko eta sozial batzuk ere besarkatzen ditu. Denboran, materialok 1869tik, The Innocents Abroad, bere estraineko liburuaren argitaratze urtetik, 1970era, neure Mark Twaini buruzko lehen liburua agertzen den urte arteraino doaz. Twain, legenda akademikoaren agure samina izateaz urrun, jeinu iraultzailea izan zela aldarrikatzen dut nik, bere karrera literarioaren (edo bere bizitzaren) lehen hastapenetatik amaierara arte. Izan ere, egia da bere satira sozial eta polemikorik onenak 1900ez geroztik idatzi zituela, bere bizitzaren azken hamarkadan.

      Orduan, zergatik eman dira anbiguitatezko lainotasuna eta zentsura eta ezabaketaren zantzua baino gehixeago Twainen obraren arlo honen gainean? Eta zentzu zabal batean, zergatik izan da Twainen karrera literario osoa, hasieratik bertatik gaur egunera arte, eztabaida eta desakordio kritikoen iturria?

      Bere bizitzaren garai artean artista ernai talde txiki batek soilik, barne zirelarik William Dean Howells herri honetan eta, gezurra iruditu arren, Rudyard Kipling Ingalaterran, adierazi zuen Twainen Shakespeare eta Cervantesekiko kidetasuna. Kritikari akademiko eta profesional gehienak bat zetozen Twain edozelakoa, arrunta eta baldarra zela; izena bizitzaz goituko ez zitzaiokeen “humorista” herrikoi bat. Bere liburuak irakurlego masiboetara harpidetzaz salduak izateak esan gura zuen agerkari literario kultoetan ez zutela aipamenen ohorerik merezi. Huck Finn gaitzespen kritiko koru batez hartu zela oroitzen ahal gara, eta zenbait kasutan debekatua izan zela, bere irakaspen inmoral eta manera zakarrengatik. (Hori alde batez liburuaren heroi gazteengatik izan zela susma dezakegu: Huck, herriko mozkorraren semea eta gure literaturaren estraineko errebelde soziala; eta Jim, esklabu iheslaria eta gure letretan estraineko heroi beltza). Ingalaterra bera ere, normalean amerikar talentu natiboa bere neurritan hartzen azkarragoa izan dena, eta sozialki Twain ontzat hartua zuena, ikaratu egin zen A Connecticut Yankee in King Arthur's Court nobelaren aurrean. Jaten ematen zion eskua beti horzkatzen lehiatu zen Mark Twain.

      1920. urteetan, Van Wyck Brooks, gure literaturaren historialari handiak, Twain zeharo oker hartu eta amerikar zibilizazioaren horroreen eredu ikusgarritzat jo zuen —horroreak zeinak Twainek lehenetakoen salatu bait zituen, liburu honetan hain zuzen egiten duen bezala. Gero kritikoak Brooksen alde edo Twainen alde banatu ziren, Bernard DeVoto-k Brooksen erroreak salatu eta Twain itzal handiko talentutzat (berriro) erreibindikatu zuen arte. Baina DeVotok Twain mugarriko artistatzat jo zuen, hogei eta hogeitamargarreneko urteetan gizarte amerikanoaz arras kritikoak ziren artisten kontrako amerikar izpirituaren aldezpen gisa. Eta berrogeietan, DeVotok Mark Twain in Eruption liburuan azken Twainen satira eta polemika sozial zenbait argitaratu zuenean, zoritxarrez, artista gaixo, frustratu eta samina, zeinaren enigma “espekulatiboki eta psikologia analitikoan soilik” konpon daitekeneko tesi arruntean berriz erortzera derrigorturik zegoen.

      Psikologia analitikoa zioenean Mr. DeVoto Twaini buruzko Brooksen lanean eraso zituen “espekulazio” freudiano berberez ari zen ustez, Justin Kaplan-ek Mr. Clemens and Mark Twain liburuan, 1966an, konjeturaren dentsitate izugarriraino desarroilatuko zituenak hain zuzen. Biografia honek gure literatura eta kritikaren psikoanalisi freudianoaren goren puntua markatu zuen gerra hotzaren aldian, kritika soziala isildua zenean; eta hirurogeietako hasieran Charles Neider-ek berrargitaratu Mark Twainen Autobiography-k Twain pasadizoen kontalari “xelebrea” izatera mugatzen zuen zirkulua osatu zuen. Baina nekez da gizon onuragarri bat ezdeusetan mantentzen, edo artista handi bat isilpean, edo, soilago, bere balioak zeharraldatzen. Eta kasu honetan Twain beti lar zuzena eta lar argia zen berak soilik moldatzen ahal zuen hizkera distirant horretan.

      Anartean, historiak ez dakienari erakusten atsegin hartzen duen horietako ironia bategatik, bai eskubide zibilen aldekoen hegoko peregrinazioan, hirurogeietako hasieran eta erdialdera, bai Vietnamgo Gerraren kontrako protestaren mugimenduan, gure garaiko amerikar ikasle mugimenduak antzeman zuen Twain gaur arras inportantea dela; ezen, arean ere hilobitik hitzeginez, hark egiten zuen bezala, botatzen zituela su eta garrezko hitzak, gaitzespen sozialeko salakuntzazkoak, satira sozial zorrotz eta argizkoak, gora handiko polemikazkoak, amerikar artista garaikideek hutsik laga duten literatura polemistaren tradizio handi baten barnean.

      Bilduma honetan diren “Lintxameneko Estatu Batuak”, eta gisako saioak kontutan hartu gabe nekez utz zitzakeen eskubide zibilen gurutzada batek (hitza egokia da; hegoko peregrinajeak bere ondorio historikoa izan zuen), zeina suztatuta bait zegoen ipartar bi mutil zuriren hilketaz eta aldibereko hegotar gazte beltz batenaz. (Horren aurretik, jakina, eta dudarik gabe ostean ere, etengabe ari ziren hegotar beltzak desagertzen, beren heriotzak sekula aipatu edo erregistratu gabe). Era berean, Vietnami buruzko protestazko mugimenduan, anti-gerrakoan zein anti-Vietnamgo Gerrakoan bereziki, Twainen “War Prayer”[1] delakoa hirurogeietako prentsa undergroundean eta Ezker Berriaren prentsan hain sarri berreman eta berrargitaratua izan zen, non luxozko edizio baten ohorea izan bait zuen, ederki ilustratua, kolekzionistarendako artikulu gisa.

      Liburuki honetan jasotako saio asko jatorriz foileto herrikoi gisa argitaratu ziren ehun milako aleetako edizioetan —Belgiar Kongoko hamar milioi arima beltzen sarraskia deskribatzen duen “Leopold Erregearen bakarrizketa” famatua legez. Hirurogeietan zehar, gure hamarkadan bertan, Twainek, eta bereziki Twainen idazki erradikal, politiko eta polemikoek gaitzespen literario eta profesional guztiak jasan dituen arren, foiletoz argitaratuak izan dira alde guztietan.

      Zeren eta egia bait da Twain ez zela sekula izan suposatzen zitzaion agure beldurgarria, artista sumindua eta frakasatua, ziniko moskorra. Hari buruzko mitoa hain da bere garaitik gutarteraino iraunkorra, non ia ematen bait du ezarritako gure instituzio akademiko eta literatoentzat moetaren bateko mehatxu literarioren, zemai gorderen bat kasik izan bide dela —eta hain zuzen horixe izan zen, eta horixe da.

      Bere hastapenak hain miresgarriak izan ziren, non bere burua Azturaren seme kuttunentzat jo ahal zukeen (eta izatez bazela haztatu zuen). 1870eko lehen urteetan The Innocents Abroad liburuak berehalako ospea eta amestu baino aberastasun handiagoak eman zizkion. Aurretik Mississippi ibaiko pilotu izandakoa —hara eta honako egunkari inprimatzailea, zilar meatzaria, prospektorea, milioidun zoroa, kazetal erreportaria, arlotea eta parrandero mozkortia—, benetako ibiltari eta benturazale hura, gaztaroa, bere egiazko barren izpiritua legez, Charlie Chaplinen arduragabeko ibilerez oso desberdina izan ez bait zuen harek, aurre egin zion karrera literario liluragarri berri bati. Gainera goiz ezkondu zen Elmira-ko (New York) ikatz meatzen oinordeko batekin, fikziozko heroina eder eta kulto batekin, zeinaz Sam Clemens[2] bere azken egunera arte maiteminduta bizi izan bait zen. Aitaginarrebaren aldetik eztei-oparitzat Buffaloko egunkari baten jabegoaren parte bat eskuratu zuen, bai eta luxozko etxe berri bat ere, zerbitzari talde osoa, kotxeroa, kotxea eta guztiz.

      Hastapeneko liburuak (aditu zenbaiten eritziz bere libururik onenak edo bere liburu bakarrak, hori egia ez den arren) arrakasta popularreko sail bat izan ziren. Horien artean Roughing It (1872), Life on the Mississippi (1883) eta Huckleberry Finn (1885) gure literaturaren klasikoak dira, alde batez behintzat, zeren Twain bere obra egunez egun edo orriz orri alda zezakeen hemeretzigarren mendeko idazle “inspiratu” horietako bat bait zen. Era horretan irakurri behar zaio; alegia, zakarrenean edo goibelenean kausitzen ahal ditugun diamanteak direla bide; eta, aitzitik, Huck-en amaieran legez, Huck esklabutzara itzuliriko Jim-ekin “elkar-ikuste”aren orri hilezinek xantxa sail bat dute ondotik. Gure autoreari, arrazoi berdinengatik degradatutako Dickens, beste Victoriar erraldoiari bezala, ez dago “forma”ren eredu modernoak sinpleki aplikatzerik, halakoa zeukaten bere-berezko jeinua; eta zernahi kostarik ere eredu formalistak aplikatzeari ekiten diogunean, Whitman-ekin bezala, geure ondare kulturalaren neurtezinezko uneak blokeatzea soilik erdiesten dugu.

      Baina horiek iraungo dute; arean beraien forma propioak sortzen dituzten maixu informal hauek, guk ulertu eta baliotu behar ditugunak. Eta gure formalista hertsiak beti egin duten legez desagertu egingo dira historia eta natura humanoaren aurretik. Twainen kasuan berriro, A Connecticut Yankee (1889) oso gaizki moldaturiko fikziozko istorioa zen, bere iruzkin sozial erradikalagatik batez ere ospea irabazi eta iraun duena; horietako batzuk, terrorezko frantziar erresuma bien pasarte famatua legez, liburuki honetan ematen direla. Baina hemen Twainek bere karreran izan zuen benetako aldi goibel baten harian gaude, 1880etako erdialdetik 1890etako erdialde artekoan. Baina, hala ere, ez da haustura puntu bat izango, ez urradura inportante bat ere bere karrera literarioan.

      Ezagun, aberats, plazerren zale eta oparotasunean biziz, Sam eta Livy-k Hattford-eko etxauntza eraiki eta bizitza domestiko eta sozialaren maila igo zuten, sarritan etxeratutako lagunengandik ihesi, eurenetik ere hanka egin behar izateraino. Hertsi bildutako senitartekoa osatzen zuten... hiru alabekin, zeinen hezitzeaz Livy arduratzen bait zen, eta jolasez Sam. Gutunak eta egutegiak idilio domestiko baten deskripzioa emateraino iristen dira —beharbada alabak gurasoen harreman fisiko hertsi, samur eta irekiaren jeloskor ziren soilik. (Bikote literato famatu baten “analisi” freudiano zemaileei zor zaien begiramen osoaz esaten dut hori).

      Baina Clemensek argitaletxe bat sortu zuen. Grant generalaren Memoirs liburuarekin hasiera miragarria izan zuen, heroiaren alargunari milioi erdi dolar inguru eman besteraino, baina horren ostean gainbeherazko bide etengabean abiatuko zen. Gainera, 1880ko urteetan, bere diru propioa eta Livyren aberastasun gehiena inbertitu zituen linotipia miresgarri baten aldean, Mergenthaler delakoa azpiratuko zukeelakoan. Bere moetan sekula eraiki den makinarik garestien eta porrot mekanikorik handien gisa deskribatu dute. Albert Bigelow Paine, Twainen lehen biografoak sekula-amaituko-ez-zen Paige linotipian berrehun mila dolar galdu zuela jotzen du, eta beste ehun mila dolar delako Charles Webster argitaletxean, diru kopuru izugarriak garai hartarako, eta idazle herrikoi batentzat edozein garaitarako. 1893-94ko izualdian, Clemens, kezkaz zahartua, akitua, eroria eta etsia, porrotketaren nekeetan murgildu zen; eta krisi honetatik parabola ilun eta enigmatikoen sail bat sortu zen, hala nola, Pudd'nhead Wilson, 1894ean, The Man That Corrupted Hadleyburg, 1900ean, eta The $30,000 Bequest, 1906an.

      Garai honetako Twainen obran normalean ez da kontuan hartzen idazle handi orok bezala bere artea egin zuela bere askabide. Poztu egin zen negozioak betirako uzteaz (nahiz eta beste asmakuntza batzutan fortuna egiteko ideiarekin jostatuko zuen bizitza osoan). Bere lanbidera itzuli, eta tintan murgiltzearen zina egin zuen. Eta idazle handi oro bezala bere eskarmentu propioa bere herriarenarekin eta honen kulturarekin identifikatu zuen. Sakonki identifikatu zen ez esklabutzaren degradazio izpiritual eta gaitz moralarekin soilik, baizik eta garai hartan metatzen ari ziren fortuna handien eta Amerikako demokraziaren mundu ikuskera, errito domestikoak eta natura zeharo aldatzen zituen haien eraginpeko errepublika zaharraren korrupzio finantzieroarekin.

      Diruaren loturak, kapitalismo finantzieroaren korporazio eskergak eta boteretsuak, ponperia eta boterea giza existentziaren bide eta xedetzat, lur gutizia hazkorra eta potentzia mundial berri baten inperialismo nabarmena... Sam Clemensi ez zitzaion honetarik ezer gustatzen. Bestela, The $30,000 Bequest liburuan bere zoritxar pertsonalaren ikuspegia erdietsi zuen, zeinaz giza zekenkeria komedia bihurtzen ahal bait zuen. Standard Oileko H.H. Rogers izeneko handikiak bere adiskidetasuna eman zion, arazo finantzieroak zuritzen ari ziren, 1895eko bere mundu inguruko hitzaldien jirak gainontzeko hartzedunak ordaindu zituen... bere baitako are tragedia okerrago batek berriro ondatu zuenean. Munduko jiratik Londresa garaile itzuli orduko Susy, bere alaba maiteena meningitisaz hila zela jakin zuen. Susyk hilkera arrunt izugarria izan zuen, Livy eta Clara Amerikara itzuli ahal baino lehenago, eta Clemens familia ilunpe batean barneraturik geratu zen, bertatik sekula ez errekuperatzeko. Beharbada Susy miragarriegia zen, beharbada gurasoek mirespen eta maitasun larregi zioten, beharbada sakonegi eta denbora gehiegiz nahigabetu ziren. Nolanahi ere, euren idilio domestikoa, hain zoriontsua, hain bedeinkatua, hain xarmangarria, galdu egin zen. Livyren beraren gainbehera fisiko eta izpirituala une honetan koka daiteke; eta Clarak ere zainetako larri aldi bat izan zuen ama zendu ondoren. Livyk kolapsus bat izan zuen 1902ko abuztuan, York Harbor-en, Maine; eta ohean elbarriturik, eta hainbeste maite zuen familiatik isolaturik oinaze eta tormentuzko bi urte gehiago ondoren, Italian hil zen 1904ko maiatzean. Sam Clemensek ohar-liburuan idatzi zuen legez, “Gau honen bederatzi eta laurdenetan, nire bizitzaren bizitza izan zenak heriotzaren atseden eta bake aldera pasa du merezi ez zuen 22 hilabeteetako oinaze injustuaren ondoren. Duela 37 urte ikusi nuen estrainekoz eta orain ikusi dut bere aurpegia azken aldikoz. Oh, hain ustegabe!... Arrenkuraz beterik nengoen Livyren bihotza zauritu zituzten ezkontz bizitzaren 34 urte hauetako egin eta esandakoez”.

      Eta zinez zegoen, eta bere bihotz tristatu eta samurretik Livyganako emariak borboka isuri ziren urte haietako adierazpen pertsonal zein literarioetan. Baina azken aldiko Twainen kakoa, eta liburuki honetan bildutako iruzkin polemiko eta satira sozialen benetako funtsa zeran datza, are kolpe pertsonal horietariko okerrena ere gainditu —garaitsu oso gainditu gainera—, eta bere karrera literarioaren gailurra jotzeko bizi izatean, alegia.

      Urte hauetan bakarrik eta berezirik ibili arren, egoitza eroso bat jarri zuen 21 Fifth Avenue-n, are finantzial kinkarik larrienean ere festa sozialak betidanik atsegin zitzaizkion ziutatean, eta festak, edariak eta dantzaldiak gauaren ondarretan luzatzen ziren. Une batez “The Belle of New York” izendatua izan zen. Zeren eta Sam Clemensen baitan bazen, bere alde erradikal eta iraultzailearekin batera —izanez xanpon beraren alde biak ziren bere izakeraren indar eragile “bikoitza”ren gisan—, plazerra, atsegina eta bizi bozkarioaren (bestela zertarako bizitza?) sen sakon bat, gutariko askok haurtzaroan bizi izan duguna, baina berarengan heldutasunaren sekretoa zena. Bai eta ponperia materialaren sena era. Bere hirurogeitamar urtebetetzea ospatzearren 1905eko abenduaren 7an oturuntza handi bat eskaini zuen Delmonico’s-en, berrogei instrumentuzko Metropolitan Opera House orkestraz, afari epikureo bat, bost ordutako topaz eta hitzaldiz, eta ostean Twainen diskurtsurik humoretsu eta distiranteenetako bat bere bizitzaren arrakastaren “sekretoaz” —espektakulu fantastiko osoa barregarri utzi zuen mintzaldia.

      Harrez geroztik beste etxebizitza bat ere eraiki zuen berarentzat Redding-en, Connecticut; eta han, Jeanne alaba sekretaria eta lagun, berriro ere bizi izan zuen zorion familiarreko sentimendua. Azken loraldia izan zuen. Garai honetan ari zen The Mysterious Stranger[3] lantzen, munduko iiteraturaren narrazio (edo nobela labur) handienetakoa, bai eta bere zahartzaroaren liburu epikoa ere, Autobiography-a, amerikar literaturaren “egunsenti liburu” miresgarrienetakoa izendatua izan dena.

      The Mysterious Stranger bizitzaren halabeharrak, ironia, burla eta krudeltasunen bilduma izanik ere, liburuaren gakoa da ezen Satan, liburuaren heroia, giza existentziaren egiazko kreatzailea Twainen arabera, eta mutil gazte inozenteen taldeko “irakasle” xarmangarria narrazioan (benetako Satan bera ere ez dena, iloba urruna baizik), entretenimenduzko kreazio literarioa dela. Gizonaren existentzia maxiatu eta nekezaren alegi mingots gorenen arteko ia bakarrik, Stranger-ak barrea dohain salbatzaile gisa duen efikazia aldarrikatzen —eta ilustratzen— du. Azkenean, Twainen Satan-Kreatzaiiea ere izaki alaia eta pozkorra da, hark bezala gizakien marroak, atxikiak eta jukutriak eta jukutrien aldaera ugari azaltzen eta errefuxatzen dituena. Istorio honen nihilismo etsia txit humoretsu gertatzen da. Izan ere, Twainen azken aldiko “etsipen beltz” famatuak haren eutsi ezineko humorearen purifikazioa jasan zuen. Gaizkia ez da hain gaizkia parodia, edo gaizkiaren komedia bihurtzen denean; eta istorio aipagarri honek badu Tom Sawyer eta Huck Finn-ean den bilakaera irrigarrizko mundu arras paganoaren azpia ere. The Mysterious Stranger-en ironia ederra eta ondatzailea —bizitzari buruz azken garaiko Twainen guztia jasotzen duen ironia— giza absurduaz eta trufaz jota dago. Twainen pertsonaia ondamen hilgarriaren zulo beltzean erori eta barreaz gainbizi da. Eta Mark Twain, artista handi oro legez, bizitzaren oinarrizko tragedia ukatzen sekula saiatu ez zen arren, lortu egin zuen gure grina oker, zital eta doilorrak, liburuki honetan hain miresgarriro erasotzen dituen krimen sozial hauek barne, neurri handi batez murriztea. Bizitzari bizitzearen balioa itzultzen dio; eta bere onenean bizitza heroiko bihurtzen du, gaur jeneralean esperantzarik gabeko eta degradantetzat hartzen den artean. Funtsezko literaturaren betebeharra gogoerazten digu, bera funtsezko literatura delako.

 

 

      Antologia honen kategoriak Twainen obratik zuzenean sortzen diren arren, aukerapenen lekutzea arbitrarioa da sarritan, edo saioek beraiek eragindako asoziazio gisaz egina. Hortaz, “Arraza” saileko artikulu asko loturik daude Twainek misiolariei, Txinakoei batez ere, dien berezko eta etengabeko gorrotoaren gisako gai erlijiosoekin. Eta “Erlijioa” saileko artikulu asko arraza eta inperialismoaren ingurukoak dira. Era berean, “Iraultza”ri buruzko Twainen iruzkin zuzenak espero zitekeen baino urriagoak diren arren (Twain demokrata erradikala izan zen bizitza osoan eta sekula ez zion William Dean Howeels bere lagunaren sozialismo utopikoari amore eman), iraultzaile zuen jeinuaren osoa. Ikutzen zuen guztia bere eskuetan aldatzen zela zirudien, euren aurkari polar eta dialektiko bilakatuz.

      Horregatik diot alde batez erazpen berezia liburu honen azken atalari —“Inguruneko gaiak”—, non ikusten ahal ditugun moeta askotariko gauzez, handiez eta txikiez, zituen kuriositate eta intuizioen zabalera. Baina azken Twain etsia eta frustratua iruzkin sozial erradikalen kausa delakoaren mitoa (faltsua dena ikusi duguna) baztertuta ere geratzen da, zeren eta, arean, satira errebeldea bere karrerarekin batera hasi, denboran zehar etengabe iraun, eta heldutasunean areagotu bait zen soilik, bere herria garai horretan bihurtu zenaren kariaz. Oso gazte, mendebaldeko meatz hirietako “zibilizaziotik” Sandwich irletako giro paradisiakora ihes egin zuen Sam Clemensek; eta bere lehenetako satira proposamen bat izan zen, liburuki honetan jasoa, irla benedikatu haiek anexionatu eta Estatu Batuetako bizimoduaren korrupzio politiko, moral eta merkatalaren onura guztia haiei eraman zekien. (Profetikoa izan zen; horixe egin genuen).

      Ba al du bere karreraren hastapenean, erdialdera edo amaieran libururik bat satira sozialeko pasarterik gabe? The Gilded Age (1873) Charles Dudley Warner-ekin buruturiko kolaborazio desordenatua izanik ere, aberats-egin-arinekoen aro berriaren korrupzio eta zabarkeria osoaren deskripzioa da obra hori zuritzen duena. Washingtongo finantzial politikaren irudia zorrotza da; liburuaren titulua konsigna bilakatu zela. A Connecticut Yankee fikziozko narrazio zakar eta onesgaitza izanik, hau ere aro feudalaz, Frantses Iraultzaz eta geure gizarte berariaz hausnarketa historiko eta sozialen pasarte miresgarriez markatuta zegoen.

      Ez... bizitzaren galeraz, iruzurrez eta oinazeez higatua izan arren, Sam Clemensek bere baitan iraun zuen hasieratik amaierara arte. Oso artista gutxi mantendu da bere izakerari hain zinez atxikia hark pasa zituen halako situazio muturretan iraun legez, aberastasunean eta pobrezian, iluntasunean eta omenean; pobrezian berriz eta iluntasunean, eta gero fama berriro, aberastasuna eta itzala bere azken loraldian. Hori ez zen hainbestetan entzun dugun delako nortasun bikoitz famatua. Hain zuzen ere pertsonifikatu egiten zituen edozein artista edo idazle handiren, edo bizitza beraren kontrako oposizioak. Bere karreraren kontrakotasunak eragin neurri batean gutxi eragin ziola zirudien. Hori zen agian, bere talentuaren beste ezaugarri nabarmen bat, eta bere obraren giltza.

      Bere karreraren azken aldian aldatu egin zena, halabaina —eta horrezaz Twainen biografo eta kritiko zenbaitek bereziki laxoak, edo horretarako nahiez adi gogorrak irudi dute—, XIX. mendeko azken hamarraldiko geure amerikar gizartea bera izan zen. 1896an infernura jo genuela deklaratu zuen Twainek zorrozki, eta ez zegoen egiaz urrun. Amerikako gainbeherarik okerrenetako bat ezagutu zuten 1890eko lehen urteek, eta 1895a artean, New England-en esatebaterako, segitzen zuen. Baina hemeretzigarreneko azken urteek Estatu Batuak ezagutu zituzten jadanik botere meneratzaile gisa, Ipar zein Hegoameriketan, Inperio Ingelesa zein gainbeherazko inperio espainolaren lekua hartuz. (Argi iragarri genuen Canada hartzeko gure egitasmoa Hegoamerikan inolako gatazkarik sortzekotan).

      Behin geure barruko mugen konkista burutuz gero, aldiberean bertako kultura indioa suntsituz, Mexicotik lur sail handi bat hegoaldeko esklabuen nagusientzat erautziz, esklabutzaren gaineko Gerra Zibil ondagarria gainbiziz munduko botere industrial eta finantzial indartsuena bilakatzeagatik soilik, Estatu Batuak, bada, lekora begiratzen hasi ziren, Hegoamerikara lehendabizi, Monroe doktrinapean gure kolonia naturala zelarik, eta gero Europa, Asia eta Afrikara. Hawaii irlak ingelesen aurpegian gureganatu genituen eta Venezuelako mugaren krisian makurrarazi genuen Ingalaterra. Espainia Cubatik bota genuen “askapenaren” aitxakiaz, eta Filipinak hartu genituen beraien askapenerako mugimendua zanpatuz. Agendako beste sarrera Puerto Rico zen, amerikar flota berrirako baseak behar bait genituen, flota aldiberean finkatzen ari bait zen, eta ez kointzidentziagatik.

      Garai hartan hau ez zen inolako sekreturik, egun historia liburu askotan erdi estalita dagoen arren. “Barne merkatuaren porrotak Estatu Batuen politika inperialistaren garapen osorako estimuluak ekarri zituen... Amerikako industriaren hazketak atzerriko merkatuen konkista bihurtu zuen ez posibilitate erakargarri soilik, baizik eta sakonki sentitutako beharra”.[4] Figura politiko famatuak, Teddy Roosevelt bezala, zeinak uste bait zuen Espainiako gerra amerikar izpirituarentzat onuragarria izango zela, edo Henry Cabot Lodge, estatu osoko enpresari, finantziari eta politiko nagusien laguntzaz, bat ziren munduko “alderdi atzeratuak” berenganatzen ari ziren Ingalaterra eta Alemania bezalako beste potentzia handien artean. Amerikako destino berri eta argiak bere partea, edo bere nagusigoa har zezan. Hura, orain ala inoiz ez, egin ala hil, zen. Eta amerikar presidenteak nahiz presidentziarako kandidatuak, handinahiek zein uzkurrek —Harrison, Blaine, Cleveland, McKinley eta Roosevelt— amore eman zioten garaiko oldar historikoari.

      Gure historiako mugarria —edo urradura— izan zen hori. Mark Twainen denboretako errepublika zaharra amerikar inperioa bilakatu zen haren aurpegi aurre-aurrean. Hantxe zegoen, ikusi, eta unean bertan idatzi zuen hartaz —nahiz eta beti argitaratu ez. (Liburuki honen saio batzuk goren mailetako amerikar azpi-bizitzaren historia sekretoa dira kasik). Eta batipat, Twain amerikar errepublika zaharraren poeta-filosofaria izan zen, Whitman eta Melvillerekin batera, haren xedeak oso sakon eta eder asko aldarrikatuz. Ez da harritzekoa saio horiek herraz, etsipenaz, desesperazioaz, satira zorrotzaz eta polemika biziaz arras beterik aurkitzea! Ingelesezko irakasle batek bakarrik ezin zezakeen hori ulertu. Harritzekoena da are gehiago ez izatea, Twainek nolabait alderdi horretan ere bere oreka mantentzea. Idazki horien miresgarritasuna sarritan haserre etsi larrien erdian barrea eragitean datza —hori da Mark Twainen betiko idazkien zigilua, literaturaren urteliburuetan hain berezi egiten eta zinez Cervantesekiko hain hurbil jartzen duena.

      Zabalkunde hori Europan eta Amerikan bere begi aurrean ikusirik, Twain ez zen luzatu amerikar oligarkia (zeinak lausengatu izan zuen) egitan zenarekin identifikatzen, jabeak hain ongi zerbitzatzen zuten figura politiko amerikarrekin batera, beraiek oligarkiaren partaideak ez zirenean. Amerikar eta erromatar inperioen arteko konparazioekin zebilen gorabehera. Bidean zegoen amerikar monarkiaren eta hegoko estatuen zapatari-diktadore baten igoeraren ikuspenek estutua zen. Oinarrian “inozente” bat zelako —zibilizazioaren kaiolak harrapatutako izpiritu pagano bat—, hain zuzen Melvilleren gogamenak jasan izan zuen dilema berbera zuelako, Twainek ezin zituen bere premonizio sakonenak ere sinistu. Bere amerikar errepublika maitearen kolapsoa deskribatzean, zenbait alditan behartuta aurkitzen zen ondarreko imagineria erlijiosoan bilatzera, eta bere burua “profeta zoroa” izendatzera. Baina guk ezagutzen dugu holako zoroaldien esangura.

 

 

      Hitz bat antologia honen moldakeraz, edo “metodoaz”, Kritiko Berriek inguruan ziren artean esan ohi zuten bezala. Ez da gaitza izan Twainen bilduma honen lau sail nagusietako saio ezagun eta famatuenak, ezezagunagoak diren eta jeneralean Twainen lehen liburuetarik hartu diren beste saio eta pasarte egoki eta osagarriekin laguntzea. Arazoa ez da materialaren falta izan, baizik eta espazioa eta espazio eta garrantziaren araberako aukerapena soilik. Neronek nahiago izan nukeen liburuki hau baino luzeagoko beste bat, Twainek hasieratik azkeneraino eta gai desberdinetan eginiko azalpen erradikalak eskainiz, baina editoreek laburragoa izan dadin hertsitu naute. Hala ere, Twainen iruzkin nagusi sail baten ondoren —anglosaxoniar arrazaz, Txinako amerikar misiolarien (eta misiolari guztien) jarrera eskandalagarriaz, inperialismo eta arraza ilunagoez, Filipinetako gure konkista zakar eta iraingarriaz (eredugarria Vietnam eta My Lai-rentzat), Belgikako Leopold erregea eta Errusiako tsarraz—, saio hauen ostean Following the Equator (1897) liburuaren sekzio eta pasarte ezezagunagoak sartu ditut, Australiako esklabuen merkatuaz, Hegoafrikako gerrila-gerraz eta, berriz eta berriro, natibo beltzen azpiramen krudelaz. Ekaitz kapitainak bisitatzen duen zeru kristauan larru iluneko jende bilduma nabarra bizi dela suertatzen da ere... han gizon zuri batek ez duela zer egiterik,

      Eta Twain kristautasun konbentzionalaren —edo XIX. mendeko azkenaldian lohitutako “kristaudi”aren— hipokresian biziki interesatuta zegoen arren, egia da ere bere salakuntza sozial eta historikoetarik onenetako batzuk iruzkin erlijiosoaren maskara formalpean adierazi zituela. Edo are sakonkiago beharbada, bizitza osoan sortuta ibili zela Paradisua, Adan eta Eva, Jakinduriaren Sugea, Erorpenaren imagineriarekin. Horra berriz gizonaren berezko inozentzia kristautasun “formal”aren (edo sozial edo zibilizatuaren) errepresio gordinekin kontrastatzen beti Twainen gogamenean. Satanen abokatu fidel hori, bera ere aingeru errebeldea, hainbesteraino zegoen Testamentu Zaharraren indezentzia moralaz liluratuta ere, non Jainkoaren pekatuez egin hausnarketek Twainiar Biblia berri bat osatu ahal bait zuketen.

      Bigarren atalean ematen dira Bibliaren Irakaspenei buruzko saioa, eta Twainen diskurtsoa Plymouth Haitza eta Erromesei buruz, 1881 ordukoa (eta agudezia naturala dariola, jeinuaren agudezia). Badira ere abertzaletasun eta kristautasunezko eztabaidak, eta zibilizazio kristauaren kontaezineko benedikapenezkoak...

      Baina liburua hementxe dago, eta liburuan iruzkin editoriala ahalik eta gutxienera murrizten ahalegindu naiz. Ohi duen legez Mark Twainek bere buruaz inork hitzegin dezakeen baino hobeto hitzegiten du, eta horixe egiten du ondoko orri hauetan.

MAXWELL GEISMAR

1972, uztailaren 4a.

 

 

 

1. “Gerra Otoitza”. (Itzultzailearen oharra).

2. Izan ere Mark Twain Samuel Langhome Clemens-en goitizena da. (I.)

3. “Mysterious Stranger liburuaren eskuizkribuez” eztabaida akademikoa gorabehera, historiaren bertsio batek soilik, Twainek burututako azkenak, dauka zentzurik —baina bakar horrek zentzu handia dauka. Eta horretan A. B. Paine-k beste zirriborro baten amaiera paratu zuela egia bada ere, historiaren benetako zentzurako ez du amaierak garrantzirik. Twainek ez zuen sekula amaiera onik izan.

4. Daniel B. Schirmer, Republic or Empire. Howard Zinn-en prefazioarekin. Schenkman Publishing Co., 1972. Zordun naiz liburu honekiko, egundo ikusi dudan 1890garren urteetako Amerikar Inperialismoaren azterketarik zehatzenetakoa bait da.