Betiko biak
Betiko biak
Alfonso R. Castelao
itzulpena: Ramon Etxezarreta
1986, narratiba
140 orrialde
398-8694-2
azala: Joxean Muņoz
Alfonso R. Castelao
1886-1950
 
1986, narratiba
1986, narratiba
1986, saiakera
 

XI

Hara hor gorputz ttiki batetan sartutako arima handi bat

Rañolasek, eskaleengandik ihesi zihoan bitartean, irudimena irakinetan zeukan; bizimodua ateratzeko erak kabilatzen zituen. Musika tresnaren bat jotzen ikasi? Zapatari erremendari santu? Agudo aldatzen zituen asmoak eta itsumutil izan nahi zuen: karro arin bat egitea aginduko zuen, aurreko kurpil batekin eta gidatzeko lema batekin, eta nagusiak karroa atzetik bultzatuko zuen, bera gozo gozo barrean zihoala. Ez baina; hobe litzateke itsuak astoaren buztanari helduko balio...

      Errealitatetik ihes egin zuen gero eta ametsetan hasi zen: Ene, ontzako urrez betetako eltze bat aurkituko banu! Eta azkenean bere irudimen bizkorra alegien erreinura bultzaka hasi zitzaion. Egunak zorion osoan harrapatu zuen, Aladinoren lanpararekin ametsetan, eta, eguzkia lehertu zenean, Rañolasek lurrera itzuli beharra izan zuen eta topo egin zuen lehenengo atean ogi puska bat eskatu beharra, goseak hiltzen bait zegoen gizarajoa.

      Egunak pasa ziren eta bide ezezagun batzuetatik hurbildu zen ospe handia zuen erromeria batetara, zeinetan txanpon pilo bat biltzeko asmoa zeukan. Ez zuen denbora asko egin galderaz josi zuten beste eskale batzuengana hurbildu gabe. Eta jakina bat bera ere ez zuela erantzun egiaz. Inguratzen zuen askatasunak gezurretarako lain adore ematen zion, gaua eta egunaren jaun sentitzeagatik, bere burua eta bere astoaren jabe, esperantza alaiz beterik.

      -Nondik hator mutiko?

      -San Campiotik nator, nere izebarengandik ihesi.

      -Zer gertatu zitzaian bada?

      -Ba, nere izeba pekatu mortalean bizi zen, zerrari portuges batekin uztartuta eta bizkarra berotzen zidan.

      Ipuin eta gezurren indarrez bideak egiten joan ziren eta kanpaiak bezperatarako jotzen zuten unean iritsi ziren.

      -Hementxe geratuko naiz eskean, pasadizo honetantxe -esan zuen Rañolasek.

      Eta hantxe geratu zen bi egunetan, txanponak biltzen, erromesen kontzientziei deika. Oso gaizki ere ez zen geratu, erromeria bukatzean hiru duro zilar osaturik zeuzkan, eta diru horrekin munduko nagusi ez zenik ez zitzaion iruditzen.

      Jan eta lo egin zuen indarberritzeko, eta atseden harturik, asto gainera igo eta han galdera eta hemen galdera Castillarako bidera iritsi zen. Pausoz pauso aurrera joan zen eta kontatzerik merezi ez duten gertaeratxo batzuen ondoren Galizako mugara iritsi zen.

      Portillasen zutitzen den harrizko gurutzearen aurrean, ofrendatzat kuartzozko harri bat utzi zuen eta bera jaio zen luma uzteko penarik gabe lur arrotzetan sartu zen konkistadore aidearekin.

      Mundua ttikiegi suertatzen zen haren gogoentzako.