Betiko biak
Betiko biak
Alfonso R. Castelao
itzulpena: Ramon Etxezarreta
1986, narratiba
140 orrialde
398-8694-2
azala: Joxean Muņoz
Alfonso R. Castelao
1886-1950
 
1986, narratiba
1986, narratiba
1986, saiakera
 

X

Preso zeukaten eskaleengandik ihes egiten du Rañolasek

Hiru egun irauten duen erromeria batetako bide okerretik agertzen dira Xarda, Barrote eta Rañolas, erromes onen bihotzak osatzeko ondo elkartutako familia bat osatuz.

      Beheraxeago eskean ez dakien pobre bat dago bere eskupeak eguzkitara azalduz. Eskaletzan erromeria honetan basten den itsu bat da. Bidera eraman dute eta han dago zutik eta isilik, okela pila bat bezala, ofiziodun eskaleen ondoan ofizioan aritzeko mainarik gabe.

Aurreraxeago bere desgraziak lau haizetara oihukatzen ditu lutodun emakume batek, ito imajinario baten alarguntsak, alkilatutako bost haurrez inguraturik. Azoketako eskaleen komedian lana egiten eta umez betetako alarguntsaren papera jokatzen dakien tranposa bat da. Lantu artean kexatzen da, luzez, eta bere kexak fado portugesaren aideak ditu.

      Arrats inguruan gaude eta santutegira igotzen duen basabidetik oraindik joan eta etorri dabil jendea, eta eskaleek zikin eta zakar, benen ajeak bide ertzean erakusten jarraitzen dute.

      -Lehorrak itoko nau -esan zuen Barrotek.

      -Baita neu eme -arrapostu zuen Xandak.

      -Ba ni goseak biltzen nago -osatu zuen Rañolasek.

      Hirurek lana bukatzea eta barrika ardo baten ondoan zintzurra bustitzera joatea erabaki zuten, beste ofizio lagun batzuen konpainian.

      Tiobiboaren jabea eskaleei hurbildu zitzaien eta berekin edaten hasi zen. Naparreriak aurpegia markatutako gizon bat zen, oso atsegina, hamaikatan milikatutako zigarro kolila bat eramaten zuen beti ezpainetan, eta begiarekin keinua eraginarazten zion, kea bertan sartuko baitlitzaio bezala -kanta jokalarien zinu jakina-. Neurriz goma edan zuten bezain azkar, tiobibo jabeak berrogei orriko liburua atera zuen eta joko mahai bat osatu zuten.

      Piskana piskana denen txanponak bankariaren fatrikara pasatuz joan ziren. Barrotek, jokorako sen handia zuen, azkeneko xemeikoa eme galdu egin zuen, eta bere begia amorrazio txispa batek dizdiratzen zuen. Xardak aurpegi zurbilez, ezpainetan odolik gabe, eskuak bihurritzen zituen, Rañolasek berriz lehen baino ere ttattarrago ematen zuen.

      -Pazientzia eduki behar da moteilak! -zioen irrifartsu irabazleak-. Galdu duzuen bezalaxe irabaz zenezakete. Ea! Atera hauei bina tanke ardo, merezi dute eta!.

      Eskaleek isilik irensten zuten haren gaiztakeria, eta karburozko argitxoa ere beldurrez dardarka zegoen.

      Xarda suge baten antzera ezkutatu zen eta handik gutxira Barroteren ondora itzuli zen. Berak baino beherago eskean ari zenari lapurreta eginda zetorren. Baina Rañolas, zelatan egon ondoren, zibilen bila joan zen...

      -Biok aprobatuko gara, zu eta ni, eskuz esku -esan zuen Barroteren urdangak mahai gainera txakur handi eta ttiki pilo bat botaz-. Guztia lehenen agertzen den txotarentzat.

      Tiobiboaren jabeak desafioa jaso egin zuen eta joko mahaia berriro antolatu zen. Txota ondo portatu zen Xardarekin, baina gero zaldi maltzur bat etorri zen, eta azkenean, zazpiko batek xentimorik gabe utzi zuen.

      Zorritegi trajikoak ezin izan zion irrifarreari eutsi eta Xardak, bere onetik aterata, bidean alarguntsarenak egiten zituen neskatoari eman zion aurpegi.

      -Hik zeri egiten dion farre, likits alena? Neskak, erantzuntzat, amorru erasoaldi batean, jeiki eta hatzamarka odoltsuz bete zion aurpegia. Bi emakumeak borrokan hasi ziren, eta handik gutxira arropa urratuen artetik beren urdai eta iztarrondo urratuak erakusten hasi ziren ikusleei.

      Une hartan zibilak agertu ziren.

      Rañolasek, prestatu zuen tranpa han farrez, istilu hura probetxatu zuen eskaleak bistatik galtzeko eta asto gainean beste norabait abiatzeko.

      -Justiziarekin zuzenkituretan dabiltzan bitartean legoa asko egiteko denbora izango dut. Mundua handia da eta nere astoak ez du gutxi korritzen.