Txillardegi eta ziminoa
Txillardegi eta ziminoa
2007, saiakera
136 orrialde
978-84-95511-98-0
azala: Garbiņe Ubeda
Markos Zapiain
1963, Irun
 
2015, saiakera
 

 

Txema Garcia-Viana eta
altxor barreiatua

 

Txema Garcia-Viana Kartxi-k Triangelu Hautsia eleberrian erakutsi du Txillardegiren oinordekotza. [93]

        Triangelu Hautsia abenturazko kontakizun errealista samarra duzu, Hego Amerikako mitoek zipriztintzen duten arren. Putzuren karlistadaren garaian dago kokaturik, lehenbizi Gipuzkoan eta mamia Venezuelan.

        Protagonistak altxor baten bila dabiltza. Maria Mistel umezurtzak Martin Agerreberri medikua erabiliko du Basque pirataren altxorra aurkitu guran.

        Ohikoa dirudi, protagonistaren zeregin nagusia altxorra bilatzea izateak.

        Ordea, baditu Garcia-Vianak ezaugarri bere-bereak, Triangelu Hautsia-n aldez edo moldez ziminoari lotuak. Bertako enigmaren alde batek, itxuraz indiarrek asmaturiko «Gizon-tximinoa» kondaira hauxe du oinarri: «Behin, itsasoz bestaldetik, gizon zuri bat iritsi zen [Mitxel le Basque kortsarioa], kanoa handi baten barruan, gure herriraino. Gizon zuriak eta bere lagunek edergailu distiratsu asko zuten eta berentzat gorde nahi zituzten. Gure jendeak lagundu nahi zion gizon zuriari, baina gizon zuriak, mesfidati, oihanean bakarrik sartzea erabaki zuen, gure laguntzari uko eginez. Behin oihanean, suge handi batek heldu zion eta, hil-zorian zegoela, tximinoek lagundu eta beraien artean onartu egin zuten. Gizon zuriak, esker onez, edergailuak tximinoen artean partitu zituen baldintza bakar batekin: opari hori, gizon zuriarengandik kosta ahala kosta babestuko zutela. Tximinoek baietz, haren bila ausartuko zen orori jugularra ebakiko ziotela. Gizon zuria bere lagun berriekin bizi izan zen azken unera arte, eta gure zaharrek diotenez, oihaneko tximinoek beti eutsi diote emandako hitzari. Gizon zuriaren arimak tximino baten baitan hartu zuen babes, eta harrezkero hor zehar omen dabil, eskuetan edergailu distiratsua haturik, besteengandik bereizteko». [94]

        Protagonistak Venezuelako oihanean etsiak jota eta ustez guztia galdurik dabiltzalarik hasiko da misterioa argitzen. Halako batean, Martin Agerreberri narratzaileari indiar ehiztari bat zeharo asaldaturik eta negarrez hurbilduko zaio, oharkabean gizon-tximinoa hil duelakoan. Eta bai, lurrean datza indiarrek akabaturiko ziminoa. Diamantezko gurutze txiki bat dauka eskuan. [95]

        Garcia-Vianarenean, aurrena, altxorra ez da bat eta bakarra izaten, baizik sakabanatua. Halatan, altxorra aurkitzea lehenbiziko urratsa izango da soilik; gero zailena etorriko da, hots, barreiatua elkartzea: Maria Mistelek ziminoek harat-honat darabilten altxorra batu beharko du.

        Hurrena, altxor barreiatua batzeko oinarrizko bultzada emakume batek emango du beti. Triangelu Hautsia-n Maria Mistel ahaleginduko da ziminoen altxor sakabanatua biltzen. Garcia-Vianaren protagonistek gainera ahalegin horri alaba diren aldetik ekingo diote, aitarenganako fideltasunak bultzaturik, Mistelen kasuan aita hilarenganako fideltasunak.

        Azkenki: abenturen ostean, altxorrak hasierako garrantzi obsesiboa galduko du eta erdibiturik geldituko da, bien bitartean eta altxor bilatzearen kariaz protagonistek bestelako altxor bat aurkitu baitute, beroa, kontu korrontea gizentzen ez duen arren baduena bere xarma: amodioak bilduko ditu Maria Mistel eta Martin Agerreberri, itsasontzian Pariserat.

        Ordurako, hori bai, gizon-tximinoaren kondairaren jatorriaren jakitun: aspalditik altxorraren onuradun ziren misiolari xume batzuek asmatu zuten eta indiarren artean zabaldu. Misiolariek ez zuten altxorra Eliza ofizialaren esku utzi nahi. Baina beldur ziren Elizak, altxorraren egiaren berri izanez gero, berehala harrapatuko ziela. Arriskua tximino bihurri batzuek sortzen zuten, altxor zatiak eskuratu eta harat-honat ibiltzen zituztenak. Misiolariek ziminoaren ipuina harribitxien joan-etorria indiarren aurrean nolabait azaltzeko erabili zuten, indiarren ahotik Elizaren belarrira hel zedin ez altxorraren berri zehatza baizik ipuin tronpari bat.

 

        [93] Triangelu hautsia, Alberdania, Irun, 1998.

 

        [94] Ibidem, 49-50 orr.

 

        [95] Ibidem, 123-124 orr.