Txillardegi eta ziminoa
Txillardegi eta ziminoa
2007, saiakera
136 orrialde
978-84-95511-98-0
azala: Garbiņe Ubeda
Markos Zapiain
1963, Irun
 
2015, saiakera
 

 

ELEBERRIAK

 

 

Oinarri filosofiko hori bat dator Txillardegiren zazpi eleberrietako hainbat ezaugarrirekin. Esate baterako, Labartzari agur izan ezik, eleberri guztiak abiarazten ditu indarrean dagoen giro bati protagonistak eginiko ukoak, pasiboki jasoriko egoerari ezetzak: adiskide taldeari Leturiak, lantokiko agindu-emaileari Peruk, ezkon bizitza gezurtiari Elsak, irudimenezko eternitateari Haizeaz bestaldetik-en protagonistak, sorleku arroztu eta zafratuari Exkixuk eta eraso politiko-militarrari Putzuk. Ez, ez, eta ez. Banoa hemendik, ni ez naiz hemengoa, utikan. Gure kulturan, ukatzailerik ospetsuena, Txillardegiren pertsonaien arbasoa, Luzifer duzu, Jainkoaren inguruko zurikeriaz nazkaturik erori baitzen. Pertsonaiok ez dute onartzen, ezin dute onartu, egoera bidegabeetara nolabait moldatzeko joera, erosotasuna helburu injustiziari ezikusia egiteko jukutria, edo nolabaiteko injustizia beharrezkotzat jotzeko aitzakia. Adam eta Eva ere oharkabetasun bare bozkariotsu batek bizi zituen. Txillardegiren eleberrien hasieretan, pertsonaiak, sugearen sagarrari haginka egin ostean, badoaz inkontzientziaren paradisutik egotzita haluzinaziora, borrokara, mozkorrera, bakardadera, piluladikziora, heriotzaren nagusitasun eta ezinbestekotasun itzela guztian eta funtsean sentitzera. [36]

 

        [36] Zazpi eleberriak: Leturiaren egunkari ezkutua, (lehen argitalpena 1957; hemen 2003koa erabili dugu); Peru Leartzako, aurrenekoz 1960; hemen berriz 1987; Elsa Scheelen, 1968 eta 1985; Haizeaz bestaldetik, 1979 eta 1988; Exkixu, 1988; Putzu, 1999; eta Labartzari agur, 2005. Hemen erabiliriko guztiak, Elkar, Donostia.