Txillardegi eta ziminoa
Txillardegi eta ziminoa
2007, saiakera
136 orrialde
978-84-95511-98-0
azala: Garbiņe Ubeda
Markos Zapiain
1963, Irun
 
2015, saiakera
 

 

Montaigne aitzindari

 

Animalia eta gizakia zurrunki bereizten dituen filosofia izan dugu nagusi, baiki, baina bada hala ere tradizio gorde bat gizakia animaliaren hurko egiten duena, Txillardegik bezala. Ildo horren aitzindarietako bat, Michel de Montaigne.

        Montaigneren xedea aurreko atalean aipatu dogmatismo filosofiko eta teologikoan nabari den giza harrokeria zapartatzea da. Gizakiak bere burua aparte eta zeru goienetan kokatzeari utzi behar dio, bere arrazoimen, jakitate eta duintasun ustez bakanei zor omen zaizkien abantailei uko egin: ez gaude besteen gainetik ez azpitik, ez dugu adimenaren monopolioa, animaliak higitzen dituen naturaren lege berak bizi gaitu, bizidun guztiekin bat gara. Eta naturak berdintasun eta korrespondentzia perfektu bat jarri du gure eta piztien artean. [16]

        Montaignek erakusten duenez, animaliek badakite negar egiten, barre, berbetan; badute gainera barne mintzo bat; badakite elkar erabiltzen, ehizan, silogismoak sortzen, jolasten, zenbatzen, ikasten, hobetzen, erlijioa praktikatzen, orobat intzestua eta homosexualitatea; badakite aurrezten, gudukatzen, fideltasuna adierazten, esker ona, bihozberatasuna, elkartasuna, sozietateak eratzen, are konfederazioak, truke ekonomikoa baliatzen, eta matematika; badakite barkaberak izaten, damutzen, bere burua irudikatzen, abstraditzen, orokortzen, ideiak sortzen, ederrak izaten, zutitzen, ahalketzen. [17]

        Antzekoak ditugu akatsak. Ez du zentzurik gure nagusitasuna goresteak. Diferentzia handiagoa izan liteke gizaki batengandik beste batengana, gizaki batengandik animalia batengana baino. Eta badira gainera forma mestizo eta anbiguoak giza naturaren eta piztiarenaren artean.

        Izan ere, Montaignerentzat animaliek eta guk ez dugu zentzumenak eta irudimena baino. Eta batetik gure zentzumenak ez dira bikainenak; eta bestetik animaliek badituzte guk ez ditugun zentzumenak. Ondorioz, baliokideak dira animalia guztion irudikapenak. Gure espeziearenak ez dira besteenak baino zoliagoak. Gezurra da gure errepresentazioak errealitate objektiboarekin bat datozela eta animalienak, aldiz, senezkoak baino ez direla eta, hortaz, soilik subjektiboak.

        Halatan, bizidunen arteko funtsezko antzekotasunak baliokide egiten ditu haien irudikapenak. Horrek Fontenayk «nahasketa printzipio» deritzona bultzatzen du [18]: ez dagoenez bereizketa muga garbi eta egonkorrik, animaliaren eta gizakiaren arteko muga etengabe aldatzen ari denez, sarritan aldea hagitz izaten da txikia, eta maiz da desagertzen. Izakiak nahasi egiten dira, erdibideko formak sortu eta ugaldu, gizakia gizotso bilakatzen da eta berriro gizaki, Txillardegiren Peru Leartzako zimino eta kanguro eta berriro Peru bilakatuko den bezala. Deus ez baita sekula betikoz ez identifikatzen ez bereizten.

        Montaignek eskaera zorrotzak egingo ditu, abereak gutxiesten dituen jarreraren aurka arrazoibidea behartu: dioenez, konplikatua ez da bakarrik antzeko aurpegi eta gorputzak ditugun gizakion artean desberdintasunak zehaztea, baizik gu geu animaliengandik bereiztea. Ezein arauk ezin gaitu bermatu; diferentzia eta antza, ezegonkorrak beti, inoiz ez dira behin betiko erabakitzen. Bi-biek egiten eta desegiten dituzte izakiak naturaren jolasean.

        Bereizketa zurrunen ukatze horrek adierazten du Montaignek ez duela legerik ezartzen, ez sailkapenik. Ez dago Montaignerenean genero garbirik, ez diferentzia espezifikorik, ez definiziorik, baizik arreta bat bereziari, gertaera singularrari. Ez dago horrenbestez giza generorik: Montaignek gizakiaren «berezkoa» desegingo du.

 

        [16] «Gure eta ihizien arteko lehengusutasun horri buruz, ez dut kontu handirik egiten; ez eta herri askok, bereziki zahar eta nobleenek, ez dutela bakarrik ihiziak onartu beren lagungo eta harremanetan, baina eman dietela beren buruaren hagitz gaineko maila bat, inoiz ere beren jainkoen ahaideak eta faboritoak kontsideratuz, eta haien alde edukiz begirune eta errespetu gizagaindiko bat; eta beste zenbaitek jainkorik ez jainkotasunik ez ezagutuz haietaz landara». Montaigne, Entseiuak II, Klasikoak, Bilbo, 1993, 97 or. Eduardo Gil Bera itzultzaile.

 

        [17] Zerrendatzea Elisabeth de Fontenayk egin du, Le silence des bêtes, 351 or. Liburu horretako «Grâce et bénignité» atalari esker idatzi ahal izan dut honako atal hau.

 

        [18] Ibidem, 353 or.