Western Basque Festival
Western Basque Festival
2007, kronika
160 orrialde
978-84-95511-95-9
Miel A. Elustondo
 
 

 

19

 

Frantziako enbaxadorea ere etorri da. Herve Alphand. Beste hegazkin batek ekarri du hau. Hegazkinetik irteten hasi eta Areilzari egin dioten zeremonia berdina egin diote honi. Lasai da giroan. Ezagun du. Ordurako, txapela buruan duela dabil Nevadako gobernadore Sawyer. Areilzari egin dizkion hitzak egin dizkio Echeverriak Frantziako enbaxadoreari. Honek ez du espainiarraren rictus-ik. Ingelesez erantzun dio, harako hark baino gisa handiagoz. Dena den, honek ere urak bere errotara nahi: «good French men» gora, «good Americans» behera ari da...

        Bistan da, agintari gehiago ere etorri dira Renora: hala Espainiak nola Frantziak San Frantziskon dituzten kontsulak ere hurreratu dira. Euskal Herritik, Euskaltzaindiaren ordezkari, Castor Uriarte etorri da, eta Itziar alaba dakar itzultzaile. Jon Oñatibia ere heldu da, New Yorketik, erbestean irauten duen Jaurlaritzaren izenean.

        Larunbat iluntzean agintarien omenezko afaria izan da Sparkseko Dick Graves Nugget kasinoan.

        Dotore prestatu dituzte mahaiak. Lorontzi erabili dituzte zesta-punta xisterak eta botila artean paratu dituzte. Euskal Herriaren armarria eginarazi dute antolatzaileek eta aretoaren buru ipini dute. Koroa ere jarri diote armarriari; artistaren lizentzia beti ez poetikoa, alegia. Eta ikurrina ere nabarmen ageri da, Ameriketako Estatu Batuetako, Espainiako eta Frantziako banderekin batera.

        Horixe ez zaio gustatu Jose Maria Areilzari. Ikurrina, alegia. Min egin dio. Ikusi orduko egin du atzera. Edo aurrera. Batek jakin. Ezetz, ez dela mahaiburuan jarriko ikurrina handik ezkutatu arte.

        — Galarazia dago! Kendu bandera zikin hori nire begien bistatik! Galarazia dago!

        Zakur amorratua da Areilza.

        Piztu da piztu Bilboko alkate izendatu berria! 1937ko uztailaren lehenengoan esan zituenak bor-bor irakinean irauten dute oraindik haren zainetan. Eta euskaldun askoren gogo-bihotz minberetan: «Bilbo ez da errenditu, ejertzitoak konkistatu du hainbat bizitza sakrifikatu eta gero. Odolak askatu du Bilbo. Euzkadi izena duen amesgaizto deabru izugarri hori, sozialismoaren eta bizkaitar ergelkeriaren ondorio hori, betiko azpiratu da. Atzera Espainiaren atal da Bizkaia, ejertzitoaren konkista beste arrazoirik gabe».

        «Galarazia dago!». Ondoeza ere egin behar zaio gizajoari. Eta erretolika: «Galarazia dago!». Inperio galduaren erraietatik datorren ahotsa da. Deabruzkoa.

        Peter Echeverriak ez du ulertzen. Baina kendu egin dute. Inork ez du ezer esan. Inork ez, Jon Oñatibiak izan ezik. Ez du gogo onez hartu Espainiako enbaxadorearen purrusta. Erbesteko Eusko Jaurlaritzaren izenean bertara dela dio Oñatibiak, eta eusteko ikurrinari. Ordea, indarraren arrazoia nagusitu da eta ezkutatu egin dute ikurrina.

        Aldi bateko besterik ez bada ere...

        Afaria amaitu eta Areilza aretotik irten denean, hark ipurdiz aldare egin ordukoxe atzera lehengo lekuan jarri dute ikurrina. «It's outlawded!». Artzainen seme-alabek ikasi dute hori ere. Zigorra du euskaldunen banderak.

        — Galarazia dago... Galarazia dago... Hori da hori, matraka! Herri Zaharrean dago galarazia, ez Ameriketan! Libre da hemen! —erronka jo du batek.

        Eta festa egin dute, Jose Maria Areilza Mutrikuko konde espainiarraren gainetik.

        — «Western Basque Festival» ez dio ba? Non da orduan Frantzia? Non da Espainia? —atzera erronka, beste batek.