Western Basque Festival
Western Basque Festival
2007, kronika
160 orrialde
978-84-95511-95-9
Miel A. Elustondo
 
 

 

15

 

Hegazkin eskailerak jaitsi ditu Espainiak Washingtonen duen enbaxadoreak. Renon da Jose Maria Areilza, alaba lagun, Western Airlines hegazkin-konpainiak ekarriak.

        Areilza eskailerak jaisten hasi orduko, keinu egin dio Peter Echeverriak —praka eta alkandora zuriak, txapela buruan— Jim Jausorori.

        — Eragiok soinuari!

        «Gernikako arbola» jo du soinulari gazteak, lotsak harrapaturik. Gero, jota eta porrusalda, eta arin hasi dira dantzariak, espainiar agintariaren omenez. Ondotxoan, lau soldadu ageri dira, irmo, haizeak astintzen dituen bandera espainolari eta amerikarrari eusten.

        Nevadako agintari goren Frank Grant Sawyer gobernadoreak egin dio ongietorria Areilzari. Peter Echeverriak egin ditu aurkezpenak:

        — Gobernadore jauna, atsegin handia dut zuri Espainiako enbaxadorea aurkezten: Jose Maria de Areilza jauna.

        Eta kortesiazko hitzak egin ditu Sawyerrek, esanez egun hura Nevadako historiak izan duen egunik handienetako bat dela, eta plazer duela.

        Burua gora erantzun dio Mutrikuko kondeak, esker onez eta espainol garbian, erreka joa duen baina sasoi bateko inperio handiari dagokion bozean, harro:

        — Señor Gobernador, en la vieja lengua de España que da nombre a estos montes y a este Estado, el Estado de Nevada, quiero agradecerle muy de veras este recibimiento. Y será uno de los días más felices de mi estancia en Estados Unidos el convivir unas horas con ustedes.

        Sawyer gobernadoreak ez du granorik ulertu. Baina han non duen itzultzailea! Peter Echeverriak itzuli dio espainiar enbaxadorearen mezua. Hala ere, harrigarri da: Western Basque Festival du izena jaialdiak, bertan ez da espainiarrik ez frantsesik, baina euskaldunaren aipurik ez du egin Areilzaren mizto luze estuak.

        Jaialdiaren batzorde antolatzaileak maila handieneko agintariak gonbidatu ditu, festa hots handiko egitearren. Espainiako enbaxadorea gonbidatu dute, Jose Maria Areilza, baina nekez eskatuko zioten etor zedin, Bilbon egin zuen hitzaldi beldurgarria entzun izan balute.

        Albia antzokiko oihala jaso zuten. Aretoa jendez mukuru: hango uniforme, gurutze eta uhaleria. Francok izendatu berri duen alkatea aurreratu da. Jaso du besoa, garai bateko erromatar tribunoak bezala, eta bibaka hasi da...