Western Basque Festival
Western Basque Festival
2007, kronika
160 orrialde
978-84-95511-95-9
Miel A. Elustondo
 
 

 

6

 

«Well, and what a hell means to be Basque?».

        Horixe. Ze demonio esan nahi zuen euskaldun izateak? Entziklopedian begiratu behar izan zutela esango zuen beti Robert Laxaltek. Eta egiari zor, garaiko Encyclopedia American-era jo zutela zioen.

        Entziklopediak Basque sarrera zekarren, hori bai, baina Basque jaialdia Amerikan nola egin, araurik ez zuen agintzen. Eta antolatzaileek burukomin: nola eratu euskal jaia kasinoan?

        Eta nola egin behar zuten euskal festa sekula Herri Zaharrean izan gabeko euskaldunek? Artean, Robert Laxalt beste inor ez zen Ama Lurrean izana, Dominiquerekin izan ere. Eta, bestalde, non zen, zehatz, Euskal Herria?

        «By the Pirenees», omen.

        Robert Laxaltek beste inork ez zuen Euskal Herriaren berririk. Gurasoak ere ez ziren amorratuak ezer kontatzen. Arrantxorik arrantxo ardiak zaintzen ibili eta gero, hamaika lekutan black Basquo izan ondotik herriren batean kokatu eta haurrek euskara lehenbailehen ahantz zezaten ahalegindu ziren gurasoak. «Sasoi hartan ez zegoen boladan euskalduna izatea. Ingelesez ikasten bezain arin saiatu ginen euskaraz ahazten!», Robert Laxalten esanak. Integrazioa zen helburu, izate berri bila.

        Azterketa galdera zailari erantzungo zion idatzirik ez inon. Gidalibururik ez. Nork bere eskarmentu urrimurritza besterik ez.

        Ezerez horretaz baliatu beste erremediorik ez.

        Txikitan etxeko txokoan gurasoei entzun eta ikusiak gogora ekarri. Inguruko Basque hoteletan ikusiak berritu. Honenbestez, Laxalten entziklopedia hertsi eta asmoz eta jakitez jokatzeko modurik gabean, zentzuz eta senez ekitea erabaki. Zirt-zart.

        Jaialdi poutpourria asmatu ondorioz. Eta, jabetu gabe, egun euskal festa direnen egitura ezarri. Are gehiago, euskal amerikarraren izatea asmatu.

        Egundo holakorik!