Hizlandia
Hizlandia
2006, saiakera
224 orrialde
84-95511-89-4
azala: Xabier Gantzarain
Iñigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2014, nobela
2011, nobela
2008, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1997, kronika
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
 

 

Hiru argazki

 

Ez dakit argazkiekin ez ote zaidan gertatzen txisteekin gertatzen zaidana, ahaztu egiten ditudala. Inoiz non edo non ikusia gogora ekarri nahi, eta ezin. Ke moduko bat besterik ezin izaten dut bildu, inolaz itxura hartu ezin duen laino xarea. Eta hala ere, kontent dozena erdi-edo behintzat baditudalako, lagun arteko solasaldiak alaitzeko baino, tartean-tartean, eta neuk noiz ez dakidala, aldarri egiteko-edo agertzen zaizkidanak.

        Nerabezaroari loturik ageri da hauetako bat. Ez da argazki bakarra, emakume beraren inguruan egindako sorta bat baizik. Gauza bitxia gertatzen zait foto honekin. Edonork galdetuz gero, ostegunean irratian entzun nuen bezala, zein dudan nire bizitzako aurreneko oroimena, ezin izango nuke erantzun. Sudurra zimur, begiak handi eta bekainak gora, sorbaldak altxatuko nituzke. Jakizu!, esango nuke neure burua eskaneatu eta lau-bost urtera iritsita. Aldiz, zailagoa den galdera bat eginez gero, esaterako, noiztik dakidan polizia-etxeetan atxilotuak torturatu egiten dituztela, atoan datorkit erantzuna: Anparo Arangoaren argazkiak ikusi nituenetik.

        Lehenago ere, badakit entzun izango nuela zerbait zulootan gertatzen zenaz, baina ezin ekarri zehatz akordura. 1976ko udaberri hura, aldiz, lika bezala daramat erraietan. Atea jo eta norbaitek Zeruko Argia hura jarri zuen sukaldeko mahai gainean. Aldizkariaren bueltan, elkarren gainean bildu ginen etxekoak. Ohi ez bezala, koloretako argazkiak zekartzan erdian. Eta argazkietan, ubeldutako gorputz biluzia ospitaleko ohe gainean etzanda. Bihotzerainoko beltzuneak, harrezkeroztik inoiz inori ikusi ez dizkiodan bezalakoak. Tolosako Guardia Zibilaren etxean izan zuten gatibu garai baten ikur bihurtu zen Itziarren alaba hura. Izena ez dut inoiz ahaztu. Begirada ere ez.

        Iratzartzeko garaian nengoen, hamabi urte nituen, eta beldur gabe esan dezaket argazki haiek zerikusi handia izan zutela egun atxilotu batek edozein polizia-etxetan torturatu egin dutela aitortzen duenean, kontatzen duena sinestearekin. Prozesu oso bat, Joxe Arregiren morgekoekin eta Mikel Zabaltzaren esku estekatuekin lotzen dudana. Eta Cambio 16 haietan agertzen ziren lekukotasunekin. Gogoratzen hasita, gogoratzen naizen bezala, hauek irakurtzen ari nintzela, noiz eta non galdetu nion gure aita zenari zer esan nahi zuen gazteleraz, esaterako, testículos hitzak. Anatomia torturatuen gorputzen bidez ikastea tokatu zitzaigun.

        Salaketa, baina beste era batekoa, Kevin Carter argazkilariak egin nahi izan zuena. Kirol irudiak hartzen hasi zen. Apartheid garaiko Hegoafrika bildu zuen kamerara gero, harik eta 1993an Sudango gosetea free lance gisa ehizatzera joan zen arte. Han, berebiziko argazkia atera zuen: neska txiki bat ageri da, kokoriko lur elkorrean, burua eta ukondoak lur gorriaren gainean. Atzean, ber-bertan, neskatila baino hiru aldiz handiagoko saia, hura noiz hilko, zain. Gertatuko dena jasotzen duen foto ikaragarri horietako bat. New York Times-ek argitaratu zuen. Argazki horrexegatik eman zioten 1994ko Pulitzer saria Carterri. Handik hilabete gutxira, furgonetan hilda aurkitu zuten. Bere buruaz beste eginda, antza. «Hilketen eta gorpuen... gorrotoaren eta saminaren... goseak hildako eta zauritutako haurren... oroitzapen bizietan harrapatua nago. Bizitzaren minak alaitasun oro ezabatzen du, bizipoza desagertzeraino», idatzi zuen azken gutunean.

        Pulitzer sariari esker egindako lanaren onarpena jaso bazuen ere, kritikak ere entzun behar izan zituen, Scott McLeod kazetari eta idazlearen hau tartean: «Neskatoaren sufrimenduaren unerik egokiena hartzeko objektiboa doitzen duen gizonak beste predatzaile bat izan behar du, beste sai bat agertokian».

        Salaketa izanik ere argazki hauetako askoren xede eta zuribide, bide labaina da, inondik ere. Uztailaren 7an, guztira 56 hildako eta 700 zauritu utzi zituzten Londresko lau atentatuek. Hildakoenak ez, baina zaurituen irudi multzoa eman zen prentsan. Horrelako egoera batean, populazio zibila odoletan baina bizirik erakusteak, ebokazio indar handia du. Aterako gara! Informazioa morboz janzten da maiz, eta gehienetan salatzea aitzakia huts delarik, plastikotasuna sentimendu primitiboenak sustatzeko erabiltzen da.

        Argazki mordoa egin zuen egun hartan Darren Starling erreportariak. Lehengo astean argitaratu da berriro haietako bat, hiru milioi alerekin, Erresuma Batuko egunkaririk salduena den The Sun-en. Edgware Road geltokian, teleobjektiboaz ehun bat metrotik atera zuen foto honetan, gizon bat ageri da, aurpegia odoletan, burua bendaz lotuta, tapaki urdina duela soingaineko. Argazki gainean inprimatutako titulua, hau du: «Terror Laws: Tell Tony He's Right». Irakurlearentzat, ez dago zalantzarik: egunkariak galdetuta, Tony Blairren proposamenaren alde, alegia, atxiloketa epea 14 egunetik 90era luzatzearen alde dago zauritua: «Esan Tonyri zuzen dagoela». Biktima izatea, mina du berme.

        Aurpegia odoldutako gizonak John Tulloch du izena. Irakasle da Brunel-go Unibertsitatean, kazetaritza fakultatean. Australian zegoen bere burua ikusi zuenean, ustez Blairri babesa ematen, legea aurrera atera zezan. The Guardian-ek eman zion hitza. Bertan salatu zuen manipulazioa eta bertan azaldu legearen kontra dagoela, Irakeko inbasioaren kontra dagoen bezalaxe: «Minduta nago The Sun-ek egin duenagatik. Ahotsa kentzeaz gain, nirea ez den beste bat eman didate, Blairrena».

        Hiru argazki, sufrimendua agertzeko hiru modu, hiru mundu. Zintzotasunetik manipulaziora, galdera handi batean barrena. Horregatik, ibili luze honen aurrean, ez dakit ez ote dudan neuk ere Lauaxetaren gaitza, zer dodan eztakit, baña gexo nago. Egunkarietako erretratuei begira, dagoeneko bakar batek ez du 76ko haren indarrik. Indartsuenei, errepikatu beharraren errepikatu beharrez, xanpain merkeari bezala doakie bitsa, txepeldu egiten dira, eta edozeinek esango luke elkarren artean trukagarriak ere badirela (aste honetako Irakekoak, edo Palestinakoak, ez dira orain dela hilabetekoak, ez dira orain dela bi urteko berak?). Ez dakit, baina batzuetan argazkirik gabeko egunkariekin egiten dut amets, edo sei-zazpi besterik ez lituzkeen edizio batekin. Ahantz ez ditzadan izango da...

        Galanta da. Argazkiek egunkarietan ezer ez esatera ohitu naiz.

(2005-11-20)

 

Ostekoa:

Laugarren argazki baterako apunteak Pete Agereberri mauletarraren arrastoaren atzetik nenbilela Kalifornian: 1908ko apirilean, urrearen beroaldian, AEBetako Death Valleyko herrixka batean (lurra ere nola mintzo den han: Funeral mountains, Dante's view, Devil's golf course, Badwater...), Skidoon, gizon bat urkatu zuten telegrafo zutoinetik, lapurreta batean, hordi handi, beste gizon bat hil zuelako. Joe Simpson zeritzan, baina «izenaren jabe», Hootch deitzen zuten guztiek, George C. Pipkin-ek esatera, «that being his favorite beverage». Eman zioten lur bada, eta halaxe zegoen, satorra baino lurperago, prentsakoak iritsi zirenean. Kronikak argazkia behar zuen, eta urkatua ehortzita zegoen. Zer egin? Kazetariek berehalaxe asmatu zuten: zurrutarekin ordaindu herriko gizon batzuei Simpson lurpetik atera eta berriro lintxa zezaten, oraingoan dendatxo baten teilatu gailurretik. Prentsarako, badakizue. Telegrafo paldora igo gabe, habe nagusitik zintzilik, horrelaxe atera zen Skidoo News berripaperean.

 

Ostekoa bi:

Ikusgarritasuna saltzeko, edertasuna bindikatzeko, egolatrak asetzeko, iritziak sortu eta ideologiak antolatzeko... helburu askoren mendean egon da, eta dago, prentsa argazkilaritza. Stalinek manipularazi egiten zituen argazkiak etsai politikoak aldamenetik ere ezabatzeko; «munduko musurik ezagunena», Robert Doisneau-k Parisko Herriko Etxearen plazan America's Life aldizkarirako atera zuena, montaje hutsa zen; Esker on egunean Bushek Iraken erakutsi zuen indioilar errea, berriz, Husseinen arma kimikoak baino gezurretakoagoa...

        Prentsa argazkiek, ez dute, berez eta oro har, horrelakoetan manipulaziorik onartzen. 2003ko martxoan Los Angeles Times-ek kalera bidali zuen Brian Walski erreportari grafikoa. Basoran ateratako bi foto nahitara uztartu eta trukatutako berria argitaratu zuen.

        2004ko abenduaren 31n, argazki ikusgarria Bartzelonako La Vanguardia-n, «La ola gigante» deitu zuten, eta hala zen, uhin ikusgarri bat jendea irentsi baino bi segundo lehenago. Indonesian aterea zen, eta esklusibitatearen urrea zuen: beste inork ez zuen, egun horretan, argazki epatante hura argitaratu.

        Harrapatu eta zuzendu beharra izan zuten. Argazkia ez zen Indonesian atera, Txinan baizik... 2002an izaniko itsasikara batean! Artxibozainaren errua? Zuzendaritzaren parioa? Salmenten amua?