Errotarria
Errotarria
2006, kronika
208 orrialde
84-95511-85-1
azala: Vincent van Gogh
Jokin Urain
1959, Mendaro
 
2010, saiakera
2000, kronika
Errotarria
2006, kronika
208 orrialde
84-95511-85-1
aurkibidea
 

 

Polizia integrala

 

1992an kokatu eta atzera begiratuz ikusten denak ez dio arnasa handirik ematen bake-bideari. Era batean edo bestean 24 urtean Poliziak edo Guardia Zibilak hil dituzten euskal herritarrak 60tik gora dira. Espainiako eta Frantziako poliziaz gain, Ertzaintzak ere bere lekua hartzen du militante abertzaleen aurkako gerran, baita gerrarik ezkutu eta zikinenean ere. Ertzaintzak gaitasun osoko polizia dela erakutsi nahi du. Merituak egiten ditu horretarako. Ertzaintzen komisaldegietatik igaro direnek ere torturak eta era guztietako gehiegikeriak salatu dituzte.

        1990ean Andoni eta Ane Murelaga eta Aintzane Arboitiz atxilotu eta Arkautin eduki zituzten bakartuta hiru egunez. Andoni Murelaga tortura marka nabarmenekin agertu zen epailearen aurrera.

        «Lo nengoen, bat-batean garrasiak eta bonba hotsak entzun nituenean. Argiak ikusten nituen etxean leku guztietan. Ez nekien zer gertatzen zen. Jaikitzeko astirik gabe, aurrena zakur batekin nahastu nuen norbait jausi zitzaidan gainera, eta guztiz trabatu ninduen. Neure gainean lauhankan zegoen, eta gogor eusten zidan beso eta hanketatik. Jendez betetzen hasi zen nire logela. Beltzez jantzita eta aurpegia mozorrotuta zeuden batzuk, baina inor ez zen identifikatu; ez nekien nortzuk ziren.

        «Ohetik atera, eskuak atzean lotu zizkidaten eta hormari begira ipini ninduten. Horrela eduki ninduten puxka batean, kale jantzian zegoen norbait bizkarretik heldu eta kolpeka hasi zitzaidan arte. Hormaren aurka bultzatzen ninduen eta ostikadak ematen zizkidan, ez daude!, ez daude! garrasi egiten zuen bitartean. Pijamaren lepotik helduz barrabiletan ostikadak eta soin osoan ukabilkadak eman zizkidan.

        «Autoan, urdailean eta lepoan kolpeak ematen hasi zitzaizkidan, irain eta mehatxu artean. Barrabiletatik tira egiten zidaten.

        «Zenbait denboraren ondoren, etxean jo ninduena iritsi zen. Ahotsagatik ezagutu nuen, berriro hasi zitzaidan joka, eta grilluak estutu zizkidan. Bulego batzuetara igo ninduten gero. Han ohartu nintzen ertzainak zirela, jaka kendu zidatelako Ertzaintzaren zigilua zeukan paper bat sinatzeko. Bulegoetan zinta marroi bat ipini zidaten begietan, eta betaurrekoak, eta liburu batekin buruan kolpeka hasi zitzaizkidan.

        «Arkautira eraman ninduten handik. Hemen berriro hasi ziren kolpe eta galdeketen saioekin. Garrasi egiten zuten guztiek eta alde guztietan kolpatzen ninduten. Matrail hezurretik heltzen zidaten gogor, belaunkadak ematen zizkidaten, barrabiletatik tiratu. Gelan beti zegoen jende asko. Aurpegiak ez nizkien ikusten, zintarekin eta betaurrekoekin jarraitzen nuelako, baina zapatak ikusten nizkien. Nahi zutena esaten ez banien, nire emaztea bortxatuko zutela egiten zidaten mehatxu. Emakume garrasiak entzun nituen alboko gelan, nire emaztea zela esaten zidaten.

        «Galdeketa eta kolpeak etengabeak izan ziren deklarazioa hartu zidaten arte. Guardia Zibilaren komisaldegira eramateko mehatxua ere egin zidaten, haiek gehiago torturatuko nindutela esanez. Arkautitik irten nintzenean, esan zidaten bazekitela salatu egingo nituela, baina ez zitzaiela axola, eta horregatik eduki nindutela gainera enkaputxatuta».

        Urte mordoxka lehenago, 1933an, premonizio, profezia, aurreikuspen logiko edo dena delako zerbait egin zuen Eli Gallastegi Gudari-k: «Espainiak autonomia zabal bat emango die egunen batean Kataluniari, Galiziari... Euskadiri ere bai. Unionistek «erregularren» euskal gudarostea osatuko dute orduan, Espainiak armatuta, eta, gudaroste horrekin, errukirik gabe odolez eta suz borrokatuko dituzte «euskal errebelde separatistak». Eta orduan eurek —gure herkideek— fusilatuko gaituzte».

        Hasieratik beretik grina handiz galdatu zuten Gasteizko Gobernutik, bereziki Barne sailburu Juan Mari Atutxa izan zenean (1991-1998), Ertzaintzarentzat errepresioan ardurak gehitzeko. Esaterako, Iparraldean Espainiako Poliziak iheslarien zaintza eta jarraipenak egiten zituela eta, erabat jeloskor, zaintza eta jarraipen hartan bere Ertzaintzarentzat lekutxo bat eskatu zuen Atutxak. Polizia integrala nahi zuen.

        Eta zertarako nahi zuen nahiko garbi erakutsi digute urte hauetan. Manifestaldietan jendea kolpatzen eta zauritzen — Rosa Zarraren heriotza hala eragin zuten—, Joxi eta Joxeanen hezurrak herriratu zituztenean Tolosako hilerrian haien senide eta lagunak kolpatzen, euskal herritarrak atxilotu eta torturatu ondoren Madrilgo Auzitegi Nazionalera entregatzen iaioak direla erakutsi digute, hango epaileen aginduak betetzen edo polizia espainiarra babesten ausartak direla demostratu dute.

        Hildakoei azken agurra ematea, errespetuz begiratzen da edozein kulturatan; antigoalean ere, gerran hildako etsaiari ohorea eta haien lagun eta senideen doluari errespetua zioten. Gizabideok arras aldatuak dira gurean, eta, euskal militanteen ehorzketa-omenaldien kasuan, alde gutxi dago Francoren polizia eta guardia zibilen jarreratik Atutxa edo Balzaren polizien jarrerara.

        Azkena soilik aipatzearren, Oihane Errazkinen hileta-omenaldian, Donostian, Ertzaintzak erruz eraso zien bere guraso, senide eta lagunei. Pentsatzekoa da aurrerantzean ere euskal polizia integral horrek ez diela errespetu handirik izango euskal abertzaleei azken agurra eman nahi dietenei. Polizia integrala baita Ertzaintza, bete-betekoa.

        Eta nahi gabe bezala, Marc Legasseri Ajuriagerrari buruz jasotakoak pausatzen zaizkigu akorduan: «Uste dut Ajuriagerra euskal gobernu indartsu eta armatu bateko Barne ministroa izan balitz, Espainiako poliziak baino bortitzago ekingo zukeela ETAren kontra».