Errotarria
Errotarria
2006, kronika
208 orrialde
84-95511-85-1
azala: Vincent van Gogh
Jokin Urain
1959, Mendaro
 
2010, saiakera
2000, kronika
Errotarria
2006, kronika
208 orrialde
84-95511-85-1
aurkibidea
 

 

Gesalibar Gurs-etik

 

Ezkutaketan jolasean dabiltzan haurrek, ezkutaleku bila ari direla, gordeleku berean elkar aurkitzea ez da harritzekoa. Era berean, ihesean dabiltzanak topo eginik, kukututako haurrek batak besteari isilpeko irribarrea egiten dioten moduan pozten dira bide galduetan elkar aurkitzean.

        Frantzia aldean zeuden euskaldunak agurtzeko eta besarkatzeko aukera izan zutelako poza agertzen du Gesalibarrek.

        «Azkenean... Hemen, Gursen. Hara aspaldiko euzkotarren ametsa betea. Bildu gara gehienok; elkar ikusi dugu. Egunero lagun zaharren bat estutzen dugu geure besartean.

        «Gurs.— Oloroetik gertu, Baiona alderantz aurkitzen da. Bide nagusitik joaten da bertaraino. Bi edo hiru auzo, baserri txuriz jantziak, atzean utzi behar dira.

        «Nola toki honetan izan gintezke herrikatuak...?

        «Gernika Berri.— Ote motz tarte ikaragarria zen toki batean jasotzen da hiria. Bide berri batek, bere luzean, erdibitzen du. Alde batera eta bestera, bost ilaretan, oso eroso jausten dira zelaitxoak bakoitza bere izenarekin. Ez da ordea hiri hau euskaldunentzat bakarrik asmatua. Euskaldunok gutxienak gara. Gu Gernika Berri, geure zelaitxoan, sarreran bizi gara. Eguzki aldera Baionako bide nagusi eta alaitsuak neurtzen du gure askatasuna; ainube aldera mendi baso, baserri-etxe zoragarriak. Oraindik gauzak ez ditugu jarri aukeratsu, geuk nahi genukeen bezain ondo: eskubide motzak; janaria ez ugari, zaindari gehiegi...

        «Etxeak bai tankeraz eta dotore eginak, baina hemen gertatzen zaigu aspaldiko esaera zaharrena: Lo egiteko palaziuak / merezi jateko olluak.

        «Iluntzetan, afal ondoren, haizea hozten du. Eguzkia mendi ostean ezkutatzen dela, bakarrik, txabola ostean baso inguruetara begira jartzen gara: han eta hemen baserri etxeak alai eta baketsu; baso, zelai, soroak udaberriko janzkera urdinarekin; zuhaitz artean zozoak txistulari; urruti Nafarroako gainak elurtsu... Noiz jarriko ote gara handik honantz begira?

        «Frantziar gudari bat, neure zaindari, aurrean daukat eta jardun gara euskaraz. Euzkotarrak euzkotar herrikatuen zaindari...».

        Zelaian denbora pasa eta jolasak ere ez zituzten eskas: txistulariak, zaku karrerak, abeslari eta dantzari saioak, bertsolariak... Baina jolas eta gozo aldiak ez ezik, makur aldiak ere izaten zituzten.

        Gesalibarren artikuluen peskizan gabiltzan bitartean, hara eta hona hariak botatzen jarraitzen dugu geure sare propioa osatu nahian. Orain hurrengoan Donostiako Ondarreta kartzelako berriak aurkitzen saiatzeko eskatu zion Mariok koinatuari. Aritu izan gara Ondarretakoaz berriketan, inoiz edo behin entzun eta irakurri izan ditugun kontuei gorputz emateko gogoz

        — Ondarretari buruzko datuak nork dauzkan jakin du koinatuak —azaldu dit Mariok—, eta eskean joan zaionean ezetz esan dio. Beraiek laster argitaratzekotan omen dira Ondarretari buruzko ikerketa.

        — Bidea itxita dagoen lekuan bidezidorra hartuko dugu. Basora ez bada, aterako gara txaradira.

        Gesalibarren ahotsa sumatzen dugu begi ertzetik hoska. Euskaldunak, etxetik urruti izan arren, elkarrekin egotearen poza agertzen du maiz kronikagile eibartarrak; baina, horren ostealdean, garden agertzen ez duen guztiaren ozpina antzematea ez da hain zaila.

        Betiko gizagaixoak engainuz erabiltzen dituztelako, fin eta ahalegin zintzoan aritu direnak bazterrean nola uzten dituzten ikusteak jaten dizkio barrenak. Haren artikuluen hariari segi ahala, etorkizun hurbila beltzenago begitantzen zaio, mikatz du gogoa, ehiztarien jostailu dakusa oraina.

        «Gaur bezala aberria maite izan bagenu, ageriko ote ginen honela? Galdetu dit bizitoki tamalgarri honetan euskaldun batek, eta esanaz batera, burua makurtu zuen barreneraino, lurraren zabalean, azterka, zeozer atera nahi balu bezala

        «Hau noski, ez da gauza berria. Zergatik erbestean horren abertzale eta aberrian horren erbestetar izan gara? Argitu dezagun.

        «Askoren sinestea izan da askatasuna amets bat, lirainkeria bat dela, eta langileek ez zutela ogirik berriketa horrekin; Espainiako gauzak konpondu behar zirela eta abar... Nongo gizartea, nongo langileak askatu nahi ziren? Euzkotarrak? Espainiarrak? Ludiko guztiak? Bai, hau da egia. Noski ludiko langile guztiek ez dute beren aberria? Ez dituzte denek beren izatera aukeratzen nahitasun hauek? Guk, ordea, Euzkadi; gure Aberria aldenduz, erbesterako lan guztiak egin ditugu. Inongo lantegietan... Elizak ere hobeki langile aldeko lan horiek askatasunaren areka zabaletik Aberrirantz zuzentzea? Gure aberria konpondu, apaindu, askatu eta bere izatera hori dena aukeratu arte, ez dute guretzat onik. Hori da ur biziaren aurka igeri egitea. Konpontzea da: ezagutzea, askatasuna nahi izatea, elkartzea, euskara maitatzea; ...askatasuna: etxeko aginpidea...

        «Hutsa gainera gaitz handiagorik egin ez bagenu: geuk egin ez eta inori utzi ezarekin. Geuk, abertzale askok mentatu zuten zuhaitz zaharren adarrari txortenak zitalkeriaren guraizeekin moztu dizkiogu, gure adurrezko lanbroarekin baratza erneak antzutu ditugu. Garia franko banatu izan dugu lastoarekin geldituta».

        Arranguraren itoginak garai batean itxaropen elekariarenak ziren lekuak isiltasunaren osinarentzat irabazten suma daitezke Gesalibarren idatzietan. Gurstarrei mugitzen hasteko ordua ere iritsi zitzaien luzera gabe, lehenagotik fabriketan lan egitera irteten hasiak ziren:

        «Halaxe, igaro zen astean, atera ziren zelai honetatik Frantziako lantegi nagusi batera euskaldun pila bat, burdinazko lanetan iaiotuak. Agur egin genien malkoak begietan».