Errotarria
Errotarria
2006, kronika
208 orrialde
84-95511-85-1
azala: Vincent van Gogh
Jokin Urain
1959, Mendaro
 
2010, saiakera
2000, kronika
Errotarria
2006, kronika
208 orrialde
84-95511-85-1
aurkibidea
 

 

Maison Heureuse

 

Umetako bizipenak bizi guztirako dira. 1936ko gerran umeak izan ziren ihesari ekiten ez bakarrak baina bai lehenak.

        1936ko abuztu-irailean hogei mila errefuxiatu inguru iritsi ziren Frantziara Behe Pirinioetako departamentutik barrena. Muga aldeko frontean tiroak sutu eta berehala hasi zen jendea Irundik alde egiten. Irun erori eta muga itxi zenean, aurrena Donostiara eta gero Bilbora aldatu zen iheserako portua. Ehun mila jende bazen segizio hartan.

        1937an beste hogeitaka mila haur ebakuatu zituzten Frantziara eta Belgikara. Frantzian Fronte Popularrak irabazi zituen 1936ko hauteskundeak. Ez zen dena zeru gardena, baina harantz zihoakien jendetza hura ikusirik, erabilpenik gabe zeuden egoitza militarrak, hotel zaharrak, eskolak iheslarientzat bizileku bihurtu zituzten. Ez zen halakorik gertatu politikari eskuindarrak nagusi ziren lekuetan.

        Iparraldean ere ez zieten denek abegi gozoa egin iheslariei. Jean Ibarnegarai diputatua 1919-1940 urteen bitartean eskualdeko jauntxo ahaltsuena izan zen. Komunisten aurkari itsua, Henri Philippe Petain marexalaren gobernuan ministro izan zen. Errefuxiatuen aurkako proklamak egiten zituen Eskualduna aldizkariko orrietan. Horrela jaso zuen Baionako astekariak 1937ko udaberrian, Gernikako bonbardaketaren ondoren, Bordelen eman zuen hitzaldi bat:

        «Zer da bada gelditzen Madrilgo edo Valenceko Gobernamendu erdi marxista, erdi komunistaren alde? Eskualdunen laurdenak ere ez du ohiko bere urratsei uko egin! Bizkaiaren erditsua bakar-bakarrik; gaineratikoak, gaineratiko guztiak Franco jenerala du bermatzen. Ni nago alemanek beti obeditzen dutenez Francoren manuei eta ez dutenez beti bezala uzten zerkeria nagusi. Gernikako arbola ez dute haatik hunki. Molaren eskualdunek zaintzen dute arbola saindua. Guk gure xedea hartua dugu. Pariseko gure biltzarrean errana dut!: Frantziako eskualdunak Francoren eskualdunekin gara».

        Hilabeteak pasa, mugaldeko bonbardaketak amaitu, Francoren aldekoek Gipuzkoa eurenganatu eta Bizkaian sartu ahala, etxera itzuli ziren lehen boladan mugaz bestaldera joandako asko, eta Kataluniara pasa ziren beste hainbat. Ipar Euskal Herrira aurrena, Frantziara gero, eta azkenik Kataluniara joateak senari jarraituz egindako bidea ematen du; bere habiatik aldendu nahi ez duen gizaberearen ibilera da, deserrotu nahi ez duenarena.

        1937ko martxoaren 20an iritsi zen Olerongo uhartean prestatutako udalekura Bilbotik abiatutako lehen ebakuatu multzoa, bost eta hamabi urte bitarteko 450 ume taldea. Maison Heureuse (Etxe Zoriontsua) zuen izena, hilabete gutxi barru handik atera eta sakabanatu egin zituzten haurrak, hartzeko prest zeuden familien artean.

        Gernika apirilean bonbardatu eta Bilbo hurrengo ekainean erori bitarte horretan egin zen haur garraiorik handiena. La Habana ontziak bi mila haur baino gehiago eraman zituen Santurtzitik Arroxelako portura. Goizeko-Izarra eta itsasontzi gehiago ere aritu zen jendea gerra eremuetatik kanporatzen. Hilabete haietan hogeita hamar mila haur ebakuatu zituztela dioenik bada: Ingalaterrara, Belgikara, Frantziara, Danimarkara eta SESBera. Orduko Eusko Jaurlaritzaren artxibategian, aldiz, 15.000 ume izan zirela ageri da.

        Baina hori ez da dena, gerra uda betean hasi zenez, oporraldia udalekuetan igarotzen zeuden umeak inora ezinean geratu ziren, Fronte Popularraren sailetako haurrak nazionalek eskuratutako lurraldeetan, eta nazionalek eskuratutako lurraldeetako haurrak Fronte Popularraren sailetan. Etxeratzerik ez eta haurrak arerioa makurrarazteko bahituri gisa erabili zituzten. Mugaz bestaldeko udaleku batean zeuden haurrak 1937ko abuztuan Gorlizko sanatorio-ospitalera herriratu zituztenean faxistek euren garaipen moduan ospatu zuten gertaera.