Negu Gorriak - Ideia Zabaldu Tour 95
Negu Gorriak - Ideia Zabaldu Tour 95
1995, kronika + argazkiak
190 orrialde
84-86766-63-X
Garbiņe Ubeda
1967, Tolosa
 
2009, saiakera
 

 

Epilogoa

 

Jauzika

IRAILAK 27 - URRIAK 21

PRADEJON, GETXO, LAKUNTZA, ZARAGOZA, VALENTZIA, VIGO, PARIS

 

Saltoka jarraitu zuen birak, Madrildik etxera bueltatuz geroztik.

        Kontzertuetarako irtenaldi bakoitzak asteburuko plan bereziaren tankera hartzen zuen, egunerokotasuna eten eta beste mundu batera ihes egingo banu bezala. Elkarrekikoak ere, beste itxura bat hartu zuen. Negutarrek beraien furgoian bidaiatzeko aukera eman zidatelarik, taldekide sentzitzen hasi nintzen neu ere.

        Baina kosta egin zitzaidan estatus berri hartara ohitzea. Niretzat egoerarik onena hura izanda ere, zail egiten zitzaidan Euskal Herrian (Getxon eta Lakuntzan) edo gure mugetatik gertu (La Riojako Pradejon-en) ordura arte ez bezala ibiltzea. Alegia, soinu-frogarako sarrera libre edukitzeak, kontzertuak irauten zuen bitartean segurtasun hesitik barrura ibili ahal izateak edo lagunak oholtza aurreko tropel hartan majo dibertitzen ikusteak barne-zain guztiak aztoratzen zizkidan.

        Todos Tus Muertos-ekoak irailaren 30era arte izan genituen gure artean. Euskal Herrian jo ondoren, hona etortzeko zuten ametsa ongi beteta abiatu ziren Frantzia aldera, aurrez aginduta zituzten emanaldiak burutzera. Izan zuten harreraz zer esan... txundituta utzi zituzten hemengo kontzertuetara bildutako jendeak eskaini zien giro ezin beroagoak, animoak eta gorazarreak.

 

 

Estatu espainiarrean egin ziren kontzertuek mikatz kutsua utzi ziguten. Ez jendearen harrerarengatik. Bestela.

        Atzera joz gero, Bartzelonako BAMekoen antolakuntza ezin hobea, behin baino gehiagotan goraipatu genuen geure artean. Hotzean pentsatzen jarrita ordea, uholdeak azpikoz gora iraulitako ametsa zen hura, denborak abentura eder bilakatua.

        Madrilgo kontzertuaren definiziorik zehatzena El Tubo aldizkarian jaso nuen, Pablo Gil-en eskutik: «Mamitsuena azkenean heldu zen, Fermin lurrera begira jartzen da, musika gorputzean sartu zain. Momentua heltzen denean, tonu dramatiko batez hasten da kantari, letrak keinuen bitartez interpretatuz. Baina Fermin ez da izeberraren muturra besterik. Uraren azpian talde oso bat dauka, seriotasun profesionala eta zuzeneko indarra konbinatzen duen laukotea. Ikusleak dibertitzeko prest etorri ziren, eta bigarren abestitik aurrera etengabe jardun zuten kantuan eta dantzan. Zoritxarrez, protagonismo nahian zebiltzan batzuek zapuztu egin zuten giroa. Batek belarri ertzera hitz egiten zion Kakiri. Beste bat berriz, Iñigo besarkatu nahian ibili zen honek gitarra dantzatzen zuen bakoitzean. Hirugarren batek mikroa zapata artean kateatua eraman zuen eszenatokitik behera salto egin zuenean...».

 

 

Saltsa-mahatsa handiagoa sortu zen Zaragozan.

        Oholtzaren eta ikusleen arteko tarterik ezak nahaspila ekarri zuen, aurrealdeko zaletuen mesedetan izan bazen ere. Bosgarren kantutik aurrera, ezinezkoa egin zen Negutarrak jendearengandik bereiztea. Ikusteko motroiloa pilatu zen eszenatokian. Taldekideek nekez jarraitzen zioten elkarri. Bakoitzak daraman monitoreari erreparatu ahal izateko ere gorriak ikusi behar izan zituzten. Bi hitzetan esanda, ikaragarrizkoa gertutik entzun eta ikusi nahi zituztenentzat, baina erotzeko modukoa Negutarrentzat.

        Odolik txarrena ere orduko hartan egin genuen, etxetik irten berritan, Iruñeranzko autobidea hartu eta berehala. Goardia Zibilak beldurgarrizko kontrola jarria zuen Berastegi gainean. Bide baztarrean zeuden biek, besoa luzatuz, behatokiaren aparkalekuan gelditzeko agintzen ziguten. Bost Patrol zenbatu nituen. Launa uniformedun bakoitzean.

        — Buenos días. Los papeles de la furgoneta, por favor.

        Arbolak gorritzen hasita zeuden.

        — Documentación de cada uno.

        Sakeletan genituen eskuak ordurako baina. Ez zitekeen beste era batera izan. Esperotako agindua.

        — Bájense de la furgoneta. Pueden esperar ahí tranquilos.

        Ez ginen geldituta zituzten bakarrak. Begira-begira genituen. «Aita! Negu Gorriak-ekoak dira!» entzun genuen aldameneko autotik. Jituk, furgoiko atzeko atea zabaldu eta ekipaia guztia jaisten jarri zuten.

        — Abra esas cajas negras, por favor.

        Jituren zorionerako, nahikoa izan zuten gitarrak eta motxilak miatuta. Bateria, anpliak eta gainerako tresna guztiak zeuden-zeudenean utzi zituzten.

        — ¿Son ustedes músicos?

        — Sí. Vamos a Zaragoza. Tocamos allí esta noche.

        Ez zuen nahikoa baina. Jakinmina piztu zitzaion.

        — ¿Son radicales o verbeneros?

        — Pues... no sabría cómo definírselo...

        — ¿Cómo se llama el grupo?

        — Negu Gorriak.

        Zer esan nahi zuen itzultzeko aginduko zigula pentsatu nuen.

        — Súbanse a la furgoneta y esperen dentro.

        Patrolak zituzten aldera hurbiltzeko agindu zioten Fermini. «Crudos Inviernos», pentsatu nuen neure baitan. Ez da hain gaizki geratzen.

        Galderaka afusilatzen ari zirela ikusten genuen. Jendeak aurpegia autoko kristalaren kontra begiratzen zuen.

        — Zer galdetu dizute, Fermin!

        — Zertan lan egiten dudan, zer kargu dudan Esan Ozenkin...

        — Eta?

        — Ba, zuzendaria naizela... Nire anaia Iñigo furgoian dagoen galdetu didate.

        — Zertara dator galdera hori! Nire karneta esku artean ez daukate barren!

        Hiru ordu laurden luze izan ziren, Galindoren auzia gure kontra erabiliko zuten beldurrez. Urduritasuna. «Inviernos Rojos», imajinatu nuen itzultzen ziotela irratiz galdetzen ari zenari.

        — Aquí están sus carnés: Andres Kamio, Iñaki Arkarazo, Mikel Abrego, Mikel Kazalis... Están todos. ¿Negu Gogorriak ha dicho, verdad?

        Bai, gogorregiak, erantzun nuen neure baitan.

 

 

Ez ziren hor amaitu, baina, egun hartako kalapitak. Aho zabalik gelditu ginen furgoia Zaragozako Tío Jorge kulturunearen atarian aparkatzen ari ginela. Taldea kriminalizatzeko saiorik lotsagabeena genuen aurrez-aurre, sarrera nagusian hizki handiz pintatua: «ETA fuera de Aragón. ETA hiltzaile! NG laguntzaile!».

        Eta hutsa hor amaitu izan balitz. Kontzertu osteko tragoan, izan ziren Zaragozako NG brigadistei eta antolatzaileei sesio bila joan zitzaizkienak ere. Jitu eta Kata bertan ziren.

        Filme amerikarretan bezalaxe, motorretan eta tropelean heldu ziren. Los Templarios izena zeramaten larruzko txamarra atzeetan. «No son españoles, son hijos de puta» oihuka ekin zioten txikizioari. Muturrekoka uxatu behar izan zituzten brigadistek. Jitu barraren atzean babestu zen. Katak kanpora irtetea lortu zuen.

 

 

Kontzertu hartan El Corazón del Sapo talde zaragozarra entzuteko parada izan genuen. Faxismoaren eta armadaren kontrako mezua zabaltzen zuten musikaren bidez. Gogotsu oihukatzen zuten abesti batetik besterako tartean: «¡¿Qué pasa con esos compañeros que están en la cárcel por haberse negado a hacer la mili?! ¡¿Qué pasa con los que tienen la órden de búsqueda y captura?! ¡Sólo tienes que dar una patada en el suelo para que aparezcan 5.000 policías! ¡Nacionalismo español, tan genocida y asesino como el ruso, el serbio...! ¡Fuego a la patria, quema la patria!».

        Biharamunean Bermeoko Intsumisoen Egunera abiatzekoak zirela-eta, ekitaldia amaitu bezain laster aldegin zuten.

        Ez zen gau hartako nobedade bakarra izan niretzat. Bertan ikusi nuen lehen aldiz Dut taldearen zuzeneko saio bat. Asko poztu ninduen Galder berriro ikusteak. Berlinen gelditzea erabaki zuenetik ez genuen elkarrekin egoteko aukerarik izan. Konpainia ederrean ibili ginen hondarribitarrekin. Manex, taldeko kantari elektrikoaren eroaldiak otorduetako gatz eta piper bihurtu ziren. Oso gustokoa izan zen taldeak abangoardiarako erakutsitako joera. Xabi gitarrajolearen lesioa izan zen pena bakarra. Bizkarrezurra zuzentzeko jarri zizkioten burdinak zirela-eta, eserita jo zezan agindu zion medikuak.

 

 

Geurekin ziren Valentzian, urriaren 8an, Diada bezperako kontzertu xelebre hartan.

        Aldeko balantzea emanez hartu gintuzten antolatzaileetako bik, Françesc eta Nuriak: 2.000 sarrera aldez-aurretik zeuden salduta. Datua ez da datu hutsa. Taldeak Valentzian duen arrakastaz jabetzeko esan 92 lagun direla NG brigadan. Bataz-beste 16 urteko adina duten ia ehun lagun.

        Areto deseroso bat izan genuen biltoki: Espiral diskoteka, makailauaren ibilbideko tenplu sakratua, TVEko «Informe Semanal» programakoek gai horri buruzko erreportaia ilustratzeko hautatu zuten lokal berbera.

        Eszenatoki gisa, barra eta guzti duen dantza pista txiki bat birregokitu zuten. Publikoak kontzertua ikusteko erabiliko zuen espazioa bospasei habek banatzen zuten eta bi eskailera zituen erdian, ikusleek gehien maite duten lekuan: eszenatokiaren pare-parean.

        Oztopo hauek zirela eta, ezinezkoa bilakatu zen eszenatokia osorik ikustea. Lekurik pribilegiatuenean ere (goiko balkoian), erabat mugatua zen panoramika. Batzuek Kaki, Pintza eta Ferminen aldearekin bakarrik konformatu behar izan zuten. Beste batzuek, Pintza, Anestesia eta Iñigorekin. Eta erdikoek, bazterretako taldekideekin. Alegia, Kaki, Anestesia eta Iñigorekin. Berdintsu gertatu zen Dut eta Obrint Pas talde valentziarraren txandetan ere.

        Bestalde, diskoteka txikiegia zen sarrera ordaindu zuten 2.300 lagunak sartu ahal izateko. Gehienok pareta nahiz eskaileren kontra enpotratuta edota jende artean zanpa-zanpa eginda agoantatu behar izan genuen kontzertuak iraun zuen denbora, bero galdatan itota, ez atzera ez aurrera.

        Inor gutxi kexatu zen, hala ere. Ondotxo zekiten denek zer nolako eragozpenak gainditu behar izan zituzten kontzertua bera burutu ahal izateko.

        Ekitaldia kanpaina antifaxista baten atari gisa aurkeztu zuten egun batzuk lehenago. Guillem gaztea labainka hil zutenen kontrako epaiketa hastear zelarik, Maulets erakundea ez zen gertakariaren errudunak giltzapetzearekin soilik konformatzen. Independentziazaleok muinera heldu nahi zuten: «Eskuin muturrekoen trama haizatu eta poliziak naziekiko duen pasibitatea salatu».

        Lehenengo ukazio biribila Udaletxean jaso zuten, kontzertua burutzeko baimen bila joan zirelarik. Bigarren oztopoa, Goardia Zibilaren presioa. Azkenean, afitxaren mezu politikoa («Faxismoaren kontrako kontzertua. Herrien askatasunaren alde») eta Guillemen argazkia kenduta, posible izan zen ekitaldia aitzinaratzea. Kostata, baina lortu zuten.

 

 

Erosoagoak izan ziren hurrengo bi irtenaldiak. Birak sortutako nekea gaindiezina bilakatu zelarik, garraio publikoak —hegazkinari garraio publikoa deitzea ere!— erabiltzea erabaki zuen taldeak.

        Abioiez joan ginen Vigora, kemena errepidean alferrik ez galtzearren. Kontzertu hura Adolfo Naya eta Armando Rivadulla AMIko kideei (lege antiterroristapean jarri zituzten) eta Galiziako preso politiko guztiei eskaini zitzaien. Coruña, Santiago, Vigo eta Ourenseko jendea arratsaldeko zortzietatik egon zen Oxido aretoa zabaldu zain.

        A Nosa Terra egunkariak argitaratu zuen erreportaiako hitzak hona ekarriz, «eszenatokira igo zen lehen taldea Os Diplomaticos de Montealto izan zen. Jo zuteneko ordubete horretan, Vigo eta Coruñaren arteko liskar-susmo guztiak uxatu egin zituzten. [...] Soinu arazoak gainditu behar izan zituen Negu Gorriak-ek. Areto metaliko honek akustika ikaragarri eskasa dauka. Baina eszenatokira irten eta garaitzea dena bat izan zen. Fermin eta Iñigo Muguruzak, Kaki Arkarazok, Mikel Anestesiak eta Mikel Bapek kementsu defenditu zuten adierazpen askatasuna, fronte bakarra osatzen zuten publikoaren aurrean».

        Atxikimendurik ere heldu zitzaien Galizatik:

        «Meendinho, grupo reintegracionista.

        »Ourense, 95-10-16. Fermin / NG.

        »Felicitaçons polo monumental concerto de Vigo. Nom foi possivel despedirnos, enviamos este fax para desejar-vos sorte no concerto de Oiartzun. Desde Galiza un saúdo fraternal e revolucionário, mantemo-nos en contacto e abertos a qualquier tipo de colaboraçon.

        »J.M. Aldea».

 

 

Igandean Martutenen joz biribildu nahi izan zen Pilarreko zubiko irtenaldi hura. Ez zen, ordea, posible izan. Baimena lortuko zelakoan hartutako esperantza guztiak bost lerro eskaseko fax baten bidez zimeldu zizkiguten. Funtzionariek «arazo teknikoak» aipatu zituzten ezezkoaren arrazoi gisa.

 

 

Hendaiatik abiatu ginen goizeko 9.30etan, trena hartuta. Jende askok eman zien ongietorria Frantziako hiriburura heldu zirenean. Dut-ekoak, Wemean-ekoak, Philippe Mano Negra eta Negutarren managerra, Gaxinto eta Euskadi Komiteko kideak, Fidel Todos Tus Muertos-eko kantaria, Bruno eta Christophe NG brigadak, Duduche Esan Ozenkiren Frantziako banatzailea, Jean Pierre Farenheit aretoko arduraduna eta beste hainbat lagun zituzten zain.

        Bi bider jo zuten Farenheit zentruan: urriarren 20an, ostirala, eta biharamunean. Chirac-i, Le Pen-i, eskuin muturrekoei eta faxistei zuzendu zizkieten kantuen arteko aipu guztiak. Biran zehar ikusi nituen kolaboraziorik politenak ere bi egun horietan errepikatu ziren. Ostiralean Wemean igo zen eszenatokira, Negutarrekin batera «Aizu!» abestiko koroak kantatzera. Larunbatean, berriz, Fidel gonbidatu zuten, «Radio Rahim»en txanda heldu zenean.

        Aisialdi eta parrandarako aukerarik ere eskaini zigun bost solairuko etxe honek. Lagun baten urtebetetzea ospatzeko, gau bakoitzeko festa bana antolatu zuten azkenengo pisuan. Jam-session inprobisatuetan nahiz salsa, merenge eta reggae dantzaldietan dibertitu ginen goizaldera arte.

        Bueltako bidaia Oiartzungo «Hitz egin!» kontzerturako kantu zerrenda biribiltzeko aprobetxatu zuten Negutarrek.

 

 

Hitz egin!

URRIAK 28, OIARTZUN

 

Pablo Cabeza Egin egunkariko musika adituak «obraren handitasuna, planning-aren hobezintasuna» eta «artistikoki gure rock-aren historiak izan duen jaialdirik osatuena» bezalako terminoak erabili zituen Esan Ozenkik antolatutako ekitaldia deskribatzeko. Matxitxarentzat, «infraestruktura antolatzaile honek eta bere ekipoak betidanik erakutsi izan duten pulamentu areagotua» bezalako goraipamenak idatzi zituen. Ez ziren epelagoak izan disketxeari buruz paratu zituenak: «Festak, helburu zuzenak alde batera utzita, zigilu baten boterea, metatutako barietate estilistikoa eta zerrenda osatzen duten taldeen kategoria erakusteko balio izan zuen».

        Giovani Giacopucci italiarrak, Paduan bezala, harridura erakutsi zidan arratsaldeko 6etan topatu nuenean: «Peter Gabriel-ek ere ez luke horrelakorik lortuko».

 

 

Zerrenda edo balantzea zentzu guztietan izan zen mardula.

        Hamabost talde (Negu Gorriak, EH Sukarra, Su ta Gar, Lin Ton Taun, Etsaiak, Deabruak Teilatuetan, Dut, Kashbad, Ama Say, Bap!, Anestesia, Banda Bassotti, Baldin Bada, Nacion Reixa, Xabier Montoia), bi kantautore (Mikel Markez eta Anje Duhalde), Pepe Rei Egin egunkariko kazetaria eta bost bertsolari (Unai Iturriaga, Igor Elortza, Andoni Egaña, Estitxu Arozena eta Jon Maia) igo ziren karparen alde banatan jarritako bi eszenatokietara. Ehun musikari guztira.

        Azpiegiturari dagokionez, bostehun lagunek inguru jardun zuten lanean. Horietarik ia ehun, tabernari profesionalak ziren. Txosnez arduratu zirenak, hain zuzen ere. Beste laurehunak senitartekoak, lagunak eta lagunen lagunak. Premiak agintzen zuen zereginetan musutruk jardun zutenak. Bolondresak bostehunak.

        Bi trailer eta sei lagun heldu ziren Parisetik, karpa eraikitzera. Bina ekipo, soinu eta argirako eta beste bina talde, eszenatokiak muntatzeko. Bost profesional, batetik bestera bideo kameraz dena grabatzen eta erdian jarritako pantailara proiektatzen.

        Joxi Ubeda eta Jon Eskisabel Egunkaria-ko kazetariek, jaialdiak lortuko zuen arrakastari itxura hartua zioten urriaren 28koa iragartzeko idatzi zuten kronika banatan: «Jaialdira joateko asmorik bai baina oraindik sarrera erosi ez duenak arin ibili beharko du, leihatilan sorpresarik izan nahi ez badu. Atzo goizean —hilak 25— dagoeneko zazpi mila sarrera salduta zeuden, eta gaur gauerako guztiak agortuta egon litezkeela adierazi zigun Esan Ozenkik».

        Aurreikuspenetan 8.000 laguneko kopuruak erabili ziren arren, ekitaldiaren erditik aurrera 12.000 pertsonatik gora pilatu zen. 15.000ra heldu ote zen aipatu zuen Jituk.

        Batzuk sarrera libre zabaldu zutenean sartu ziren. Beste batzuk, sarreradun lagunak sarrarazten zituzten aurretik, berriro irtetean eskumuturrean jartzen zuten zigilua lehenbailehen ekar zezaten. Tintak lehortzeko behar dituen bi segundu eskasetan, ahal adina zigilu kopia egiten zituzten eskugainak elkarren kontra jarri eta estutuz. Beste hainbatek sarrera faltsuak erakutsi zituzten, koloretako fotokopiagailu batean bikoiztutako txartelak. Jende ugarik errepidearen bazterretik entzun zuen emanaldia. Benetako irrikia eta adorea, ordea, errekatik barrena heldu zirenek erakutsi zuten. Gerriraino bustita agoantatu zuten saioa amaitu arte.

        Ikusleei dagokien beste datu bat aipatzearren, 40 autobus eta auto ugari bertaratu ziren Euskal Herriko hainbat txokotarik, eta beste 25 gutxienez Frantzia, Italia, Katalunia, Galizia, Madril eta beste hainbat herritatik.

        30 komun jarri ziren Ugaldetxoko zelaian. DYAk hiru furgoi bidali zituen (hiru gazte ospitalera eraman behar izan zituzten eta 200 lagun ingururi laguntza eman, lipotimiak emanda gehienak). 600 kamiseta saldu ziren 2 ordutan. 4.000 ogitarteko eta 800 poltsa patata frijitu, 10.000 litro garagardo, beste horrenbeste kalimotxo eta 5.000 litro ur kontsumitu ziren.

 

 

Beren burua ere «erruduntzat» joz, atxikimenduak bidali zituztenen zerrenda amaigabea iruditu zitzaidan lehendabiziko aldiz osorik ikusi nuenean: Bernardo Atxaga, Jabier Muguruza, Santiago Auserón, Pleasure Fuckers, Loquillo, Extremoduro, Del Tonos, Hamlet, El Corazón del Sapo, Andres Calamaro, Anton Reixa, Los Vivoras, El club de los Poetas Violentos, Javier Colina, Juanma Bajo Ulloa, Julio Medem, Alex de la Iglesia, Karra Elejalde, Daniel Kalparsoro, Txapas, Anuska Elorza, Txapa Irrati Librea, Aitzol Aramaio, Iñaki Zarata, Txus Congil, Xorroxin Irratia, TMEO, Napartheid, Molotoff irratia, Carlos Azagra, El Tubo, Munster Records, Running Circle, Alfonso Sastre, Jakue Pascual, Hasier Etxeberria, Satue, Pepe Rei, Koldo Izagirre, Josu Landa, Pello Urzelai, Ludwig von 88, Manu Chao, Faith no More, Banda Bassotti, Tijuana No, Itziar Aizpurua, Herri Batasuna, AFAPP, Askagintza, Adore, Morau, Gorka Izeta, Iñigo Aranbarri, Legaleon T, Gaitzerdi Antzerki taldea, Hala Bedi irratia, Tasio, Rauluz, Goloka Antzerki Taldea, Joseba Inziarte, Garrote Vil, Josu Zabala, Zazpiki irratia, Pititako elkartea, Askapeña, Dixebra, Unai Iturriaga, Andoni Egaña, Estitxu Arozena, Jon Maia, Jon Sarasua, Igor Elortza, Bizi Nahi Dantza Taldea, Betegarri, Las Palmeras Salvajes, Todos Tus Muertos, Jello Biafra, Fugazi, Body Count, Radio Bemba, Wemean, Afraid to Speak in Public, Eguzki Irratia, Radiation Records, Ama Say, Su ta Gar, Lin Ton Taun, EH Sukarra, Etsaiak, Bap!!, Dut, Baldin Bada, Anestesia, Kashbad, Deabruak Teilatuetan, Xabier Montoia, Natxo de Felipe, Platero y Tú, Soziedad Alkoholika, La Polla Records, Sorotan Bele, Benito Lertxundi, Natxo Zikatriz, Javier Pez, RIP, Ruper Ordorika, Zazpi Eskale, Orgasmic Toothpicks, Pottoka Band, Joxi Ubeda, Potato, Julio Kageta, Bizkar Hezurra, Balerdi Balerdi, Anje Duhalde, Txomin Artola, MCD, Mikel Laboa, Roberto Moso, Latitud Cero, Kojon Prieto y los Huajolotes, Bittor Aiepe, 6Nemen9, Lluis Llach, Siniestro Total, Enemigos, Def Con Dos, Egin, Egukaria, Xabier Mendiguren, Anjel Valdes, Elkar eta Oihuka.

 

 

Tankera honetako ekitaldi solidarioetan, zenbakien gordintasunetik ate gelditzen diren balorazioak itsusikeria bihur balitezke ere, hirutan jarri zitzaidan oilo ipurdia.

        Lehenengo zirrara Deabruak Teilatuetan taldearen eskutik sortu zitzaidan. Pablo Cabezak, «ekitaldiotara ohitu gabeak izan arren, mota honetako oholtzen gainean bizitza osoa eraman izan balute bezala» moldatu zirela nabarmendu zuen azaroaren 3ko kronikan. Ni, berriz, azken abestiko muntaiak hunkitu ninduen. Hezurretaraino sartu zitzaidan Joxi Zabala eta Joxean Lasa GALek hildako bi tolosarrei egin zieten gorazarrea. Eszenatokiaren alde banatan proiektaturiko gazteen erretratuak eta hilerriko imajinak erakutsiz ekin zioten kantuaren sarrerari. «Y esta canción te la dedicamos a tí, general, y en tu idioma, para que lo entiendas. Porque sólo tú sabes bien lo que hiciste con ellos».

        Ildo beretik ziztatu ninduen Banda Bassottik. Joxi Ubedaren hitzetan, «italiarren sentimendu gorria nabarmena zen, bi neskak euskal militante hildakoen izenak irakurri zituzten Banda Bassottikoen musikaren laguntzaz, eta beren saioaren bukaeran dozenaka bandera ezberdinak nagusitu ziren oholtzan». Erroma, Padua eta Florentzian ikusitako kontzertuetan jendea gehien hunkitzen zuen kantuaz ari zen: «La conta». Guri dagokigunera moldatutako «La conta». Gure zerrenda mina.

        Trajikotasunik gabekoa izan zen hirugarrena, Negu Gorriak sekula baino osatuago ikusteak eragin zidana. Ezin sarkorrago, beroago, gogotsuago. Ezin ederrago, dantzari, haize eta Sorkun eta Irantzuren koroei esker.

 

 

Halaxe eskertu zuen gerora Ferminek:

        «[...] Pasa den 28an Hitz Egin edo Hitz Askatasunaren eguna burutzerakoan, harrotasuna sentitu nuen eta horixe adierazi nion zenbait kazetariri. Harrotasuna, lanean jardun zuten lagunez eta ekitaldian parte hartu zuten bertsolari eta musikariez. Bertan ez egon arren, bere atxikimendua eta elkartasuna adierazi ziguten horietaz ere bai. Espetxeetatik Pipek, Tximuk eta Xabi Cellullesek igorritako gutunez, baita beren adiskidetasunaz ere. Egin eta Egunkaria-z. Oiartzungo Udalaz eta herriaz. Euskal Herriaz eta Nazioarteko elkartasunaz, Herrien arteko xamurtasunaz.

        »Ekintzarik iraultzaileena gorrotoa amodio bilakatzea baldin bada, un altro giorno d'amore, Banda Bassottik abesten duen bezala, beste amodio egun bat bizi izan genuen joan zen larunbatean. Harrotasuna sentitu nuen eta ipuin latinamerikar batez oroitu nintzen, non emakume bat horren zoriontsua zen, bere buruaz inbidia sentitzen baitzuen.

        »Gehiegikeria irudituko zaio norbaiti, baina gaur, debekaldiaren aurreneko egunean, usoek agurtu naute ehiztariez trufatuz, hegalaldia altuegia baitzen».

 

 

Ideia zabaltzera abiatu zen Negu Gorriak taldearen 1995eko tourra. Eta baita ederki zabaldu ere. Kanpoan ikusitakoa goraipatuz bueltatu nintzen Europako espedizio hartatik. Bi hilabete, bederatzi bat nazio eta bertoko kontzertu erraldoia behar izan nituen etxean daukagunaz jabetzeko.