Negu Gorriak - Ideia Zabaldu Tour 95
Negu Gorriak - Ideia Zabaldu Tour 95
1995, kronika + argazkiak
190 orrialde
84-86766-63-X
Garbiņe Ubeda
1967, Tolosa
 
2009, saiakera
 

 

Azken txanpa

IRAILAK 23, BARTZELONA-MADRIL

 

Doministikuka heldu naiz Negutarrek gosaltzeko aukeratu duten mahaira. Finlandian ezagututako bikote batekin eseri dira gehientsuenak. Beren taldeez eta BAMen ekitaldiez hizketan hasi direlarik, ondoko mahaietara luzatu ditut belarriak. Bart gaueko triskantzari buruzko komentarioak entzuten ditut batean eta bestean. Deskalabrorik aipatuenak, Siniesto Total eta Negu Gorriak taldeei gertatutakoak. Ondorio berdintsua atera dute gehienek: «Gizarajoak, hori da zorte txarra». Bestelako berririk ere bada: Rambletan jarritako disko postuetan sekulako harrapaketa egin zuten, uholdeak sortutako eromena aprobetxatuz.

        Goizaldeko 4retan erretiratu eta zortzietarako jada errepidean. Hau ez da bizimodua!

 

 

Anestesiak egin didan mesedeari esker, Negutarren furgoian egin ditut azken 140 kilometroak. Bidean nekarren tenplea ikusita, urrikaldu egin zaizkit azken restopean eta gidari berria izendatu diote nire autoari.

        Lau t'erdietan heldu gara Canciller II aretora, kontzertua eskainiko den diskotekara. Anjel erregidorea, Angelillo argi teknikaria eta Fernando kubatarra bertan zeuden. Azken honek suitzarrek plazaratu zuten kamixeta berdea darama jantzita. Matxitxa falta da. Abioiez bueltatu da Euskal Herrira.

        Su ta Gar-eko kideak ere atarian zeuden, banku batean eserita, eguzkiaren epelean. Bihar goizean Toledora abiatuko dira Borxa bateria ohia bisitatzera. Istripua izan zuenetik hango ospitalean dago. Bertako gaixo guztien aurrean abesti batzuk joz, gorazarre egin nahi diote zoritxar batek betirako gurpildun-aulkira kondenatuta utzi duen honi. Anaiak hartu du bere erreleboa taldean. Bigarren kontzertua du gaur.

        Ordu erdi beranduago heldu dira Todos Tus Muertos-ekoak. Zapuztuta daude. Ezinezkoa egiten zaie biraren erritmoan jarraitzea.

 

 

Gaueko hamaiketan hasi da ekitaldia. Su ta Gar-ekoak igo dira lehenak. Bigarren kantua jo dutenerako irekiten zegoen aretoa. Arnasa hartzea ere kosta egiten da. Beroak eraginda, busti-bustia dago lurra, paretei ere izerdia darie. Txiki xamarra da eszenatokia. Nekez kabituko dira Todos tus Muertos-ekoak eta Negutarrak.

        Ikurrina ugari daude non-nahi. Palkotik zintzilika batzuk, jendartean besteak.

        Fernando kubatarra bisitatzera abiatu naizenean —kamixetak saltzeaz arduratu da gaur—, jende uholde batek harrapatu nau atarirako eskaileretan. Ez atzera ez aurrera gelditu naiz erdi-erdian. Besoak ere nekez mugitu ahal ditut. Arrastaka naramate batetik bestera. Ezin izan diot korronte honi ihes egin Su ta Gar-ek ekitaldia bukatu duen arte.

 

 

Atzealdean jarri duten jantokian bildu naiz Katarekin. Bere txanda heldu zain, barruan eserita itxarotea erabaki du neure kasa. Kaki eta Pintza, kamerinoa utzi eta hurbildu egiten zaizkigu tarteka.

        — Kontzertua bukatu bezain pronto bi gin-tonic hartuko ditut.

        — Kontzertua bukatutakoan, leher eginda egongo zara eta lotara joan nahiko duzu. Horrela egin duzu orain arte.

        — Serio diot. Bi gin-tonic hartuko ditut gaur.

        — Pintza, entzun al duzu? Katak edateko mehatxua bota digu.

        — Erne, beraz.

        Todos Tus Muertos-ek «Guantanamera» abestiarekin egin duen bertsio reggaea entzuten da.

        — Saioa bukatzen ari dira hauek, goazen kamerinora.

        Pasiloaren bukaeran topatu dut Fermin, eszenatokira daraman atetxoaren aldamenean. Inor baino lehen hasi da beroketa ariketak egiten. Todos Tus Muertos-ekoekin batera «Lehenbiziko bala» kantatuz emango dio bidea Negu Gorriak taldearen gaurko ekitaldiari.

        Alberto, Todos Tus Muertos-ekoen gidaria Bartzelonan bezain kementsu dabil argazkiak egiten. Izerdi patsak arintzearren, motots batean bildu ditu aurpegira etortzen zaizkion ile luzeak.

 

 

Jende asko sartu da jantokian, eskainitako kontzertuarengatik zorionak ematera. Pozik dago jendea. Are gustorago Negutarrak. Etxean bezala aritu direla ikusteak Madrili buruzko aurriritzi asko aldarazi dizkit.

        Bukatu dira Europan zehar egindako birako lanak. Kontzertu asko gelditzen da oraindik, baina tartekatuagoak izango dira. Etxetik abiatu eta etxera bueltatzeko modukoak, gehienak. Euforiko dabiltza denak.

        Revolver taldekoek, alegia antolatzaileek, eta Anjelek kontuak egiten dituzten bitartean, datozen orduetarako planak egiten hasi dira Negutarrak. Lunak, Negutarren Madrileko promozioaz arduratzen den neskak, trago batzuk hartzera eraman nahi ditu.

        — Larunbata da. Etorri egin behar duzue!

        — Izugarri nekatuta gaude, ordea!

        — Beno, beno. Bihar nahikoa denbora izango duzue deskantsatzeko.

        Lunak Madrilgo Taberna del Tío Vinagren lan egiten du, gauzak okertu izan ez balira, atzo Negutarrek prentsaurrera azaldu behar zuten lekuan, hain zuzen. Tabernari lanetan hasi aurretik, Udaleko Gazteriaren departamentuan aritu zen lanean urte t'erdiz. The Clash taldeari buruzko liburua ere idatzi zuen. Taldearen promozio lanez ere arduratzen da aspaldidanik.

        — Zer da Negutarrez gehien gustatzen zaizuna?

        — Dena... Ezer berezia aipatzearren, Euskadin dagoen informazio iturririk onena dela esango nuke. Bestalde, beraiei esker enteratu izan naiz musika arloan dagoenaz. Stiff Little Fingers taldearen uhina, esate baterako, beren eskutik heldu zitzaidan.

        — Utz ditzagun kontuak! Goazen parrandara!

        — Aurki erlojua ordubete atzeratu beharko da. Aprobetxa dezagun urteko egunik luzeena. Ordubete gehiago dugu kalean ibiltzeko! Bihar etxera bueltatuko garela ospatu behar dugu.

        — Nork esan du «va fal culo»!

        «Ni izan naiz!» Negutar guztiek batera.

        — Garbiñe, parrandako desfaseak off the record utziko dituzu, ezta?