Negu Gorriak - Ideia Zabaldu Tour 95
Negu Gorriak - Ideia Zabaldu Tour 95
1995, kronika + argazkiak
190 orrialde
84-86766-63-X
Garbiņe Ubeda
1967, Tolosa
 
2009, saiakera
 

 

Siniestro total

IRAILAK 21, BARTZELONA

 

Aspaldiko partez, lo egin dut berandu arte. Hamabiak baziren ohetik jaiki naizenerako. Niretzat bakarrik egokitu zaidan gelaren luxua aprobetxatuz, bainera bete eta beratzen jarri naiz. Larregi deskantsatzeak kalte egin dit, antza. Ezertarako pulamenturik gabe nabil.

        Itsusi dago eguraldia. Laino beltzak ageri dira zeru gainean.

        Nire buruari gogor egin eta hotelaren harreratokira jaitsi behar izan dut hiru t'erdietan. Igogailuaren inguruan daude Negutarrak, soinu-frogara abiatzeko prest. Todos Tus Muertos-ekoak ez dira oraindik bildu. Parrandan ibiliak dira gauean.

        — Zer moduz atzoko txanpain koktela?

        — Tira. Ez zen ezer apartekorik gertatu. Txanpaina bakarrik zegoen eta gu ez gara oso zaleak. Ordu erdiz edo, kontu kontari aritu eta lotara joan ginen geu ere.

        — Zer moduz zu? Gripearen arrastoak ez zaizkizu desagertu oraindik.

        Aspirina hautsak atera dizkit Ferminek potsikotik.

        — Har ezazu hau. On egingo dizu. Buruko karga arinduko dizute, besterik ez bada.

        — Mila esker.

 

 

Hesituta dago Poble Espanyol gunea. Gaueko kontzerturako itxita, dagoeneko. Turista alemaniar edadeatuak dabiltza inguruan, hesitik barrura sartu nahian. Taldearen gidariak bost minutu daramatza zaindariarekin eztabaidan. Sartzen utz diezaieten lortzerik ez du izan, hala ere.

        Matxitxa eta bere ekipoa eszenatokian igota daude, eta baita Fernando Matxitxaren lagun kubatarra ere. Gu baino ordu erditxo lehenago heldu dira. Dena garaiz kontrolpean edukitzeak lanak ematen ditu.

        — Garbiñe, kontatu al dizute Martuteneko kontzertuarena? Urriaren 12an presondegiko patioan jo ahal izatea gestionatzen ari gara. Baimena lortua dugu oraingoz, baina ez dago gehiegi fidatzerik. Ez harritu edozein aitzakia jarri eta erabakia atzera jotzen baldin badute.

        — Uztailaren 7an ere saiatu zineten, San Fermin egunean...

        — Iruñeko presondegiaz ari zara, giltzapean dauden intsumisoek egindako eskariaz... Hari ezezkoa berehala eman zioten, ordea.

        Hamar urte dira Sarrionandiak eta Pikabeak, Imanolen kantaldi bat aprobetxatuz, Martutenetik ihes egin zutela. San Fermin eguna zen, hain zuzen ere. Presondegian sartzea lortuko balitz, urteurrena ospatzeko modurik egokiena litzateke... Kortatu eta «Sarri, sarri» datozkit gogora... Grazia egiten dit orduko hartaz gogoratzeak. Musikalki izugarri aldatu dira gauzak.

        Kata mahaia probatzen ari da eszenatokiaren parean jarri dioten kaiolan. Kaki, Iñigo, Anestesia, Jitu eta Pintza tresnak montatzen ari dira. Ferminek ez du presa handirik oraindik. Ahotsaren potentzia azkenengo momentuan egokitzen dute, gainerako instrumentu guztiak orekatuta daudenean. Honantz datorkigu, sorbaldatik heldu dion gizon betaurrekodun batekin. Hamabi bat urteko neskatoa dakar eskutik helduta.

        — Garbiñe, lagun bat aurkeztu nahi dizut: Azagra, marrazkilari ospetsua.

        — Kaixo, urte askotarako.

        Bere komikien estiloa ikusita, gazteago itxuratu izan dut beti. Alaba du neskatoa.

        — Kontzertua ikustera, beraz?

        — Egia esanda, ez. Zuek agurtzeko egin dudan eskapadatxoa besterik ez da. Banoa. Emazteak debekatua dit kontzertuetan azaltzea. La Polla Records-ek Iruñean jo zuen batean eman zidaten botilakada gogoan du oraindik... Burua josi egin behar izan zidaten.

        — Zatoz. Todos Tus Muertos-eko kideak aurkeztuko dizkizut.

        — Utzi, utzi... Lanean ari dira.

        — Zatoz, gizona! Ez zaitez lotsatu.

 

 

Santi Carrillo eta Francesc Vaz BAMeko antolatzaile artistikoak harrituxe zeuden hitz egitera joan natzaienean. Ulergaitza egiten zaie kontzerturako hasieran estimatu zuten prezioa Ferminek merkeagotzera behartzea.

        — Orain dela bi urte eskaini zutenak 1.500 pezetako prezioa baldin bazuen, zilegi da aurtengoa 300 pezeta garestiagotzea. Bi urteko tartea pasatu da. Azken finean, hiru taldek joko dute eta hau Bartzelona da. Ederki justifikatuta dago 1.800 pezetako sarrera. Txundituta utzi gaitu Ferminek. Gure ustez, hemengo brigadisten presioa izan da 1.500 pezetara merkatzera behartzearena.

        — Zer gertatu da Udalarekin? Ez du kontzertu hau subentzionatu nahi izan.

        — Hori ere ez da gertatu dena.

        — Udalak ez zuen leku zabalean antolatzerik nahi. Hurbiltzen den jende erradikalaren aitzakia jarrita, areto itxi bat hartzera behartu gintuzten. Taldeak plaza honetara ekarri behar izaki, sarrerarako prezioa jarri behar izan da.

        — Zenbat lagun bildu behar dituzue gastuak kubritzeko?

        — Hiru mila, baina horrek ez digu kezkarik sortzen. Dendak itxi direnerako, 2.745 sarrera zeuden salduta.

        — BAM antolatzeaz gain, Rock de Lux plazaratzen duzue. Noiztik daramazue aldizkariaren ardura?

        — Oraingo ekipoa 86-87an osatu zen, baina aldizkaria 84an sortu zen. Irizpide hautakorrari eta zabal jokatzeari esker, aldizkariak ordura arte izan ez duen ospea lortu du belaunaldi berri honek.

        — Zenbat lagunek osatzen dute?

        — Zazpi gara egunero gabiltzanak, baina kolaboratzaileen zerrenda izugarri luzea da. Mila harpidedun ditugu.

        Juan Cervera Factory aldizkariko zuzendaria ere gurekin da.

        — Jende berbera zarete Factory nahiz Rock de Lux egiten duzuenak. Jabetza ere zuena da. Zergatik bigarren aldizkari bat sortzeko premia?

        — Motz gelditzen zitzaigun Rock de Lux. Bestean sartu ezin genituen taldeei irteera ematearren sortu zen Factory.

        — Nola ikusten duzue panorama musikala?

        — Orain dela bi urte indartu zen mugimendu independente hori serioagoa izango zela uste genuen. Udako jaialdietan ikusi ahal izan denez, hautaketa naturalaren garaia dator orain. El Inquilino Comunista bezalako taldeek etorkizuna izan dezaketen arren, gutxiengo bokazioa dute. Lan mamitsuak utzi dizkigute, baina oso sartua den jendearentzat. Iritzi bera dut musika taldeen inguruan sortzen den mugimenduaz, fanzineez edota zigilu independienteez.

        — Zer diozue Negu Gorriak taldeari buruz?

        — Gogor lan eginez gero, jende askorengana heltzea posible dela erakutsi digu Negu Gorriak-ek. Oso gustokoa dugu beren musika.

 

 

Gaueko 9,30ak. Hasteko garaia heltzeko ordu erdi eskas falta delarik, Bartzelona Brigadek kamisetak eta fanzineak saltzeko jarri duten mahaiaren atzera hurbildu naiz. Atariaren ondoan dago. Poliziak sartzen diren guztiak banan-banan katxeatzen ari dira.

        Brigadisten koordinatzaile lana Albert-ek egiten du hiri honetan. Ipurterre bezain langilea dirudi. Hogeita hamar bat urte botatzen dizkiot. Ofizioz fresadorea zen, «langileriaren jarrerak eta ilusio faltak huts egin» zion arte. Hamaika lekutan aritzen da orain, bizitzeko adina sos biltzeko. Premia handia denean, tabernari lanetan jarduten du. Horrezaz gain, arropetako irudiak inprimitzeko serigrafia tailertxoa du etxean.

        Albertek zigilu independente bat sortu zuen orain dela urte batzuk. Ijitoek katalanez kantatutako rumba sozialak biltzea du oraingo erronka. Mateu du disko horren bultzatzaile eta parte hartzaileetariko bat, planta ederreko mutiko argal bat. Kamixetak saltzen ari da berau ere. Gezurra badirudi ere, ez zaizkio «kontzertu handi hauek» gustatzen.

        — Erotu egiten nau horrelako jendetzak. Nik nahiago izaten dut lauzpabost ijitoren arteko ekitaldi inprobisatua.

        — Nolaz etorri zara orduan?

        — Lagunak ditudalako, eta Alberti laguntzeagatik... Bada, dena den, mugimendu erradikal horretatik guztitik gailentzen den zerbait. Izan ere, mundu guztiak ezagutzen du Kortatu, baita ijitoek berek ere. Negu Gorriak-en azken diskoari dagokionez, eskertzekoa egin zait erritmo karibetarrak eta salsa nahastea.

        — Bartzelonakoa al zara?

        — Gracia auzokoa, rumbaren semeak gara guztiak.

        — Zu, berriz, hor goialdekoa. Hori duzu azento xelebrea!

        Sergio Sheriff, Dr. Calypso-ko kidea da hirugarren kamiseta-saltzailea. Gracia auzoan sortu zen azken talde hau ere.

        — Gustatzen al zaizkizu Karibeko erritmoak?

        — Bai...

        — Hona hemen gure singlea. Zuretzat.

        — Mila esker! —nik, neure azentoa zuzendu nahian.

 

 

Afraid To Speak in Public taldea justu-justu libratu da. Goi eta behe hasi da Todos Tus Muertos-ek bere saioari ekin eta berehala. Ikusleek buruz jarraitzen dituzte Fidelen letrak. Hamar bat abesti jo dituztenerako, eramanezina bihurtu da euri jasa. Ikusle gehienek aterpe bila arkupeetara jo dutenean, Todos Tus Muertos-eko partaideak korrika batean jaitsi dira eszenatokitik. Blai eginda sartu dira kamerinoan. Haize bolada indartsua dabil, eta ezer gutxirako balio du eszenatokiaren goialdeko toldoak.

        Itxura txarra du honek. Kantari eta saltoka dabil aterbean babestu den jendea. «El que no baile es policia nacional», «La asamblea de majaras se ha reunido, la asamblea de majaras ha decidido: mañana sol y buen tiempo» eta «He visto las calles ardiendo otra vez» oihukatzen dute umorez.

        Euripean gelditu direnek lelo konprometituagoak aukeratu dituzte:  «Visca Terra Lliure», «Aznar, cabrón, som una naçió» eta «Presoak kalera, amnistia osoa» bezalako esaldiak botatzen dituzte aho batez.

        Uholde itxura du honek. Putzu ikarragarria egin da eszenatokiaren inguruan. Botak eta galtzerdiak kendu, galtzak izterretaraino bildu eta kamerinoetara hurbildu naiz. Izoztuta dago ura!

        Suspenditu egin da kontzertua. Siloietan eta komuneko ispilu ondoko mahaian igota topatu ditut Negutarrak. Bertatik atera ezinik. Barrez eta bromak egiten ari diren arren, harri eta zur daude. Argindarra joan da bat-batean.

        — Heldu ongi gitarrei! Igo itzazue denak mahai gainera!

        — Baina, zer da hau!

        — Bertan itoko gara!

        — Ama!

        — Jone! Lagundu!!! Unai!

        — Zer egiten duzu oinutsik! Burutik ala?

        — Aurki jarriko zarete zuek ere, bertan ito nahi ez baduzue, behinik behin. Hobe duzue hemendik lehenbailehen ateratzea.

        Matxitxa, Fernando eta teknikari ekipo guztia eszenatokiaren gainean dago. Oraintxe igo da Pintza ere. Ez diote barkatzen bateria desmontatzen ari den bitartean.

        — Esa batería, no se oye! Esa batería, no se oye!

        — Mikel mójate! Mikel mójate!

        Botila bat ur hartu eta burutik behera hustu duen arte ez dute bakean utzi.

 

 

Atertu du piska bat, baina beranduegi. Ekipoa txikituta dago eta ez du ezerk funtzionatzen.

        Jende andana atera da aterbetik, uholdea bera baino indartsuago. Ez nuen uste horrenbeste zirenik. Korrika datoz denak eszenatokirantz. Eskerrak hesia jarrita dagoen, jan egingo gaituztela dirudi.

        — Has dadila kontzertua!

        — Ez dugu alferrik pagatu!

        Rock de Lux-ekoak ikaratuta daude. Taldekide guztiak eszenatokira igoarazi dituzte.

        — Jendea lasaitu beharko duzue, hemendik ateratzerik ez dugu izango bestela. Erotuta bezala daude.

        — Del barco de Chanquete, no nos moverán!

        — Primero la gente! Primero la gente!

        — Gora Euskadi y visca Catalunya!

        Fermin hurbiltzen ikusi orduko indartu egin dira oihuak. Anestesiarekin batera komentzitzen saiatzen da, baina alferrik. Neguzaleek ez dute etsitzen.

        — Que salte Fermin! Que salte Fermin! Que salte Fermin!

        Saltatu egin behar izan du azkenean. Lurrean utzi dutenean emakume heldu batek hartu du lepotik. Bi musu eman dizkio bultzada artean. Eskua hartu eta zerbait eman ondoren, ukabila estutu dio gogor. «Ez etsi!» esanez desagertu da jende artean. Zurbil jarri da eskua zabaldu duenean.

        — 7.000 pezeta!

        Santi eta Francesc antolatzaileek megafono bat ekarri diote Fermini. Jendeak azalpenak entzuten ez baditu ez da sekula bertatik joango. Eszenatokiaren ertzean jarri da:

        — Ez zaitezte horrela jarri. Celeste aretoan joko dugu bihar dohainik.

        — Bai zera!

        — Ez da denontzat lekurik izango!

        Sutan daude denak. Bi ordu luze daramatzagu probetxuzko ezer lortu gabe. Fermini bonbila piztu zaio bat-batean:

        — Madrilgo ekitaldia suspenditu egin dugu, bihar Celesten jotzeko. Saia zaitezte ulertzen.

        Bat-batean baretu da jendea. Desegin egin dute tropela. «Madrid se quema, se quema Madrid» eta «el pueblo unido jamás será vencido» oihukatuz urrundu dira.

        Guk txaloka hartu dugu Ferminen gezurtxoa —prentsaurreko hutsa da suspenditu dena, Madrilgo kontzertua etzi baita—. Muturreko egoerak salbatzeko abilezia aparta eta tenple handia duela erakutsi digu berriz ere.

        Kubatarrak lepotik heldu du Matxitxa:

        — Laguna, tratu bat egin behar dugu. Utzidazu mutiko hau nirekin eramaten. Trukean gure bizarduna bidaliko dizuegu.

 

 

Isil-isilik bueltatu gara hotelera, uholdeak egin dituen txikizioei begira. Zutik ote dago alde zaharra?

        Arropa lehorra jantzi eta inguruko jantoki batean eseri gara. Gosetuta gaude. Tabernariak ez digu atsegin handirik erakutsi. Gau osoan zabalik edukiko dutela esanez, noiznahi etortzeko gonbite ugari luzatu izan dizkigun arren, muturra beltztuta hartu gaitu. Sukaldaririk gabe gelditu da, antza. Zakar dago, batik bat nirekin. Kasu izpirik ez dit egin kafesnea eskatu diodanean. Baten batek «Tío vinagre» ezizena asmatu dionean barrez hasi gara denok.

        Xerrak eta entsaladak ekartzera bueltatu denean, kafesnea falta dela gogorarazi dio Ferminek. Matxitxak broma batez samurtu nahi izan du giroa.

        — Kontuz horiekin, sekula ez dute pagatzeko asmorik izaten.

        — Tira. Gutxienik neska bat dakarte. Dirurik ez badute, harrikoa egiten jarriko dut.

        Harrituta begiratu du denok batera uhuka eta txistuka erantzun diogunean. Gizonezkoen konplizitatea espero zuen gizarajoak. Siniestro Total-eko partaideek barre egin diote ikusi berria duten panoramari.

        — Harritzekoa zuek eskandaloan aritzea!

        — Aupa!

        — Enteratu gara gertatu zaizuenaz. Celesten joko al duzue azkenean?

        — Seguru aski ez. Txikitxoa da hura. Rock de Lux-ekoak leku handiago bat aurkitzen saiatuko dira... Sekulako pulamentua erakutsi dute, txapela kentzeko modukoa... Suspenditu egingo zen zuen jaialdia ere...

        — Suspenditu izana bakarrik balitz! Sekulako komeriak erabili ditugu. Gure txanda heldu orduko behera joan da eszenatoki guztia. Argi fokoak, oholtza, anpliak, dena txikituta dago! Baita gure bateria ere! Eszenatokiarekin batera amildu da! Ezin izan dugu ezer jaso. Gure gitarrak ere han daude. Aseguruetako jendeak txostena egin arte prezintatu egin dute zona.

        — Benetako Siniestro Totala, beraz!

        — Zuek zarete orduan festazaputzak, hona ezbeharra erakarri dutenak...

        — Ez da hori okerrena! Bihar Valladolid-en dugu kontzertua. Esango didazue nola arraio moldatu behar dugun, zakurraren biolina ez bada, zer instrumentu baliatu behar dugun!