Negu Gorriak - Ideia Zabaldu Tour 95
Negu Gorriak - Ideia Zabaldu Tour 95
1995, kronika + argazkiak
190 orrialde
84-86766-63-X
Garbiņe Ubeda
1967, Tolosa
 
2009, saiakera
 

 

Ideia zabaldu

IRAILAK 20, DIJON-BARTZELONA

 

Gosaritan bildu gara denak, hotelaren harreratokiaren aldamenean dauden mahaitxoetan. Self-service moduan antolatuta dago jantokia. Olivier ere gure artean dugu. Ez du mokadurik probatu nahi. Agurra luzatzera etorria da. Frantsesez moldatzen den bakarrari mintzo zaio. Alegia, Fermini. Gero eta antz handiagoa hartzen diot Ruper Ordorikarekin... Betaurrekoengatik izango da, akaso.

        Eskaintzarekin kexu dira batzuk:

        — Iragarkiaren argazkia ikusita, gaurko gosaria itxurosoa izango zela pentsatu nuen gauean, kontzertutik bueltan etorri ginenean. Gaur, berriz, benetako materiala probatu ondoren, sekulako desengainua hartu dut.

        — Baita neuk ere. Poz bakarra otordu hauxe nuen...

        Goibel dago zerua. Nagikeria sortu digu euri lanbroak. Gidariok (Jitu eta biok) errepidean gora egiteko gogo handirik gabe sartu gara furgoian. Lo-kulusketarako asmotan sumatu ditut batzuk. Hasiak dituzten nobelak irakurriz denbora engainatzeko planean, akaso, beste batzuk. Kakik, kopiloto onen antzean, mapa atera, hartu beharreko autopisten zenbakiak nabarmendu eta Bartzelona bitarteko 800 kilometroetan topatuko ditugun bidegurutzeak aukeratzen hasi da. Txamarra handia erantzi gabe jarri zait aldamenean Kata.

        Geldialdi justukoak bakarrik eginda ere, arratsaldeko zortziak arte ezin izango dugu autoa aparkatu. Matxitxa eta konpainiarekin eta Todos Tus Muertos talde argentinarrarekin lotuak gaude Sol Apolo hotelean.

        Aklimatazio prozesua gogorra egingo zaidala uste dut. Harrapatu dudan gripeak dagoeneko eskastuta nituen indar apurrak ezabatu dizkit. Burmuinari eragiten hasi naiz, hala ere.

 

 

Biretan lortzen dituzten irabazpenetatik beharrezkoa dena bakarrik banatzen dute Negutarrek. Gainerakoa elkartasunaren ideia zabaltzeko edo kanpoko taldeak ezagutarazteko erabiltzen dute. Kamisetak saltzetik lortzen dituzten sosak, berriz, NG brigaden premietarako gordetzen dituzte. Brigadisten koordinazioa Jonek gestionatzen du Bertso-Hop dendatik.

        Orain dela hiru urteko biran, esate baterako, milioi bat pezeta lortzea izan zuten erronka. Hori guztia behar zuten Kubarainoko abioi-bileteak erosi eta «Rompe tú mismo el bloqueo» kanpainan parte hartu ahal izateko.

        Burutapen beretik tajututa dago Todos Tus Muertos taldea Bartzelona, Madril, Pradejon, Getxo eta Lakuntzako kontzertuetara eramateko ideia. Joan den urtean Latinoamerikan zehar egin zuten tourrean ezagutu zuten elkar. Geroztik piskanaka mamitzen joan den helburua izan da boskoteari bidaia pagatzeko dirua biltzearena. Bestalde, Gora Herriak Esan Ozenkiren azpizigiluak CD bat argitaratua die Euskal Herrian, «Dale aborigen» titulupean.

 

 

Gaur hasiko dira Bartzelonako festa nagusiak. Egitarauaren harian, hiru urtetik honantz antolatzen duten BAM (Barcelona Acció Musical) ekitaldiaren zati bat izango da Negutarren biharko kontzertua.

        Hiru egun irauten duen jaialdi honek 200 musika talde inguru bilduko ditu aurten. BAMek Europan egiten den musikaren erakustaldi bat eskaintzea du helburu. Rock de Lux aldizkaria plazaratzen duen ekipoa arduratzen da antolakizun lanez; gastuak ordaintzearena, berriz, Udalaren kontua da. Azken honen erabakia izan da, hain zuzen, gure kontzertuari pezetarik ere ez ematea eta gainerako guztiak erabat subentzionatzea. Negu Gorriak, Todo Tus Muertos edo Afraid to Speak in Public Badalonako taldea ikusi nahi duenak 1.500 pezeta pagatu beharko ditu Poble Espanyol plazan sartu ahal izateko.

 

 

Heldu gara. Aurkitu dugu Paralell hiribidea. Nola arraio ez dakit. Baina hementxe gara. Autoa Sol Apolo hotelaren parking-ean utzi, poltsak hartu eta igogailuan sartu gara Kata eta biok. Isil-isilik goaz, zoruari begira. Negutarrak muga pasatu orduko galdu ditugu begien bistatik.

        Bartzelonako periferiatik honantz izan dugun trafiko eromenak ernegatuta, futbolzale amorratuek arbitroaren kontra jarduten duten moduan aritu naiz bozina jotzen zidaten gidari guztiekin, madarikazioka eta keinu itsusiak eginez. Kata beldurtuta utzi dudala uste dut. Zein baino zein nekatuago gaude.

        Lepo-lepo eginda dago hotelaren harreratokia. Kazetariak eta bestelako hainbat interesatu BAM 95 dioen mostradorearen parean pilatuta daude. Kartel nabarmen bat dute paretan itsatsita: «Egiaztagiriek ez dute Negu Gorriak-en kontzerturako sarrera baimentzen». Musikari ugari dabil gora eta behera, ekitaldira gonbidatu dituzten talde gehientsuenak hotel honetan hartu baitituzte. Soinu tresnak non-nahi. Rasta itxurakoak, modernoak, rockeroak, runberoak, popzaleak, punkiak... Londresko ordu gorietako metro sarrera dirudi.

        — Garbiñe! Kata!

        — Aupa, Matxitxa! Zer moduz?

        — Zu baino hobeto, ziur! Aurpegi txarra dakarzu!

        — Gripea harrapatu dut.

        — Ikusten zaizu... Bitaminak erosi lehenbailehen.

        — Heldu al dira gainerakoak?

        — Geletan daude. 9,30etan jarri dugu afaltzeko ordua. Hementxe lotu gara.

        Efektibotasunaren sinonimoa da Matxitxa. Oso estimatua dute talde gehienek. Negutarrek diotenez, «xehetasun txikienak ere ez dio ihes egiten». Mutrikuar honek gestionatuko ditu Negutarrek Frantziatik behera eskainiko dituzten kontzertu guztiak.

        Kata, Jabitxu (argi teknikoa) eta Anjel (Euskal Herriko erregidorerik xinpatikoena) logeletara igo dira. Ni, Matxitxak lortu didan gelaren giltza eskutan hartu eta bigarren igogailuaren zain gelditu naiz. Matxitxak bere zereginekin jarraitu du.

        Aurpegiz ezaguna egin zaidan tipo beltzaran bat agertu da igogailuko ateak zabaldu direnean. Ingelesez galdetu dit zein solairutara noan. «Hirugarrenera, mesedez». Aurpegi txarra dut, nonbait. Kopeta zimurtuta begiratzen dit.

        — Nik zu ezagutzen zaitut...

        — A, bai?

        — Parking-aren atarian egin dugu topo. Furgoi txuri bat duzu zuk...

        Arraioa! Traban jarri eta, ez atzera ez aurrera, parking-aren atarian zain egonarazi didan tipoa da. Nardatu nauenean, leihatila zabaldu eta «segapotoa» deitu diot orain dela hamar minutu... Lotsagorritzen hasia naiz.

        — Zuk, berriz, Audi bat... Barkatu lehengoa... Jenio txarreko nengoen...

        Bihotza xamurtu dio barkamen eskariak. Irribarre egin eta «good bye» esanez agurtu nau.

 

 

Batera zabaldu dira harreratokiko bi igogailuak. Ezkerrekotik Negutarrak datoz ilaran. Siniestro Total-eko taldekideak, bestetik. Konturatu direnean barrez hasi dira, elkar besarkatzen eta adarra jotzen.

        — Zer zabiltzate?

        — Kontzertua dugu bihar. Zer! zuek bakarrik, ala?

        — Enteratu gara, bai... Ordu berean jotzen dugu. Pena da. Ezingo dugu zuen disko berriaren aurkezpenetik ezer ikusi. Eszenatokiak bertatik bertara baleude, sikiera...

        — Guri ere heldu zaigu zuen berri. Zuen kontzertua da sarrera pagatua duen bakarra. Kataluniar hauekin ez dago fidatzerik.

        — Bira ondo?

        — Primeran, baina oso nekatuta gabiltza.

        — Etzi Valladolid-en joko dugu guk... afaldu al duzue?

        — Orain goaz. Todos Tus Muertos-ekoak zain ditugu.

        — Etorriko zarete gauerdiko ongi-etorri koktelera, ezta? Auskalo zer giro dagoen, baina zurruta dohainik izango da, zer arraio!

        — Azalduko gara. Barre batzuk egingo ditugu.

        — Gero arte, beraz!

 

 

Fermin kezkatuta dago. Ezin du burutik kendu etxera deitu duen batean Jonek kontatu dion berri txarra. Larritzekoa izan ez bada ere, uholdeak harrapatu du Irungo beren auzoa.

        Pareko espaloian dagoen jatetxean sartzen ari ginela azaldu dira Todos Tus Muertos-ekoak. Fidelek, kantariak, loroa dakar bizkarrean. Hitzontzia da, oso. Hauek ere kazetari batekin datoz. Beren parrandei buruzko liburua idatzi behar omen du.

        Sei lagunek osatzen dute taldea. Fidel eta Pablito dira kantariak. Lehenengoa, batik bat. Pablitok, bestalde, perkusioa egiten du. Rasta itxura dute biek. Pablo bateria, Gamexane gitarra, Felix baxua eta teklatu-jolea dira besteak. Hamar urte daramatzate plazarik plaza. Ritmo asko nahasten dituzte beren abestietan: hardcore, rap, reggae, punk eta baita doinu latinoak ere. Euskal Herrian jotzea dute ametsetariko bat. Laster beteko dute.

        — Gu ere bira batetik gatoz. Tijuana, Los Angeles eta beste hainbat lekutan jo dugu.

        Negutarrak adarra jotzen ari zaizkio Pintzari, dagoeneko azaldu zaion ezagun mordoa dela eta.

        — Zer moduz kolegitekin?

        — Zenbatek eskatu dizute sarrera biharko kontzerturako?

        Matxitxak gaiari heldu dio berri onak emateko:

        — Biharkoan pagatuko den kontzertu bakarra izateaz kezkatu direnak, lasai daitezela. Dagoeneko 2.500 salduta daude.

        — Entzun al duzue hori?

        — Aupa!

 

 

Hotelaren atarian topatu ditugu Siniestrotarrak. Julian kantaria da denetan berritsuena. Joxerramon txiste-kontalariaren grazia du kontu-kontari hasten denean. Beste taldekideek ez bezala, batere azentu galegorik ez dauka.

        — Garagardo bat hartuko al dugu aurreko tabernan?

        Fresko dagoen arren, terrazan eseri gara. Ranblen sarrera dugu aldamenean. Inguruan dauden sex-shop-en eskaintzei buruzko bromak egiten ari direla, «Sputnik» programa musikaleko arduradunetariko bat azaldu zaigu. Beraien lankidetzaz ekarri dituzte, hain zuzen, Siniestrokoak. Gala Sputnik delakoaren barruan joko dute Els Pantis de La Iaia, Raimundo Amador eta Skatalà taldeen ostean. Sputniktarrak Ferminengana jo du zuzenean. Ezagunak dira, antza. Hitz bi egin, eta joan egin da berriro.

        — Garbiñe, kristoren aurpegi txarra daukazu.

        — Bai, nonbait. Sekulako aurpegi arraroak jartzen dizkit jendeak. Junkie-tzat jotzen nautela uste dut.

        Barrez hasi da Fermin.

        — Bai... Ez nizun ezer esan nahi, baina halaxe pentsatu dut neronek ere...

        — Beno, hementxe utziko zaituztet. Hotelera noa. Gustora joango nintzateke zuekin koktelera, baina solasaldiari jarraitzeko talenturik ere ez dut.

        — Hobe duzu, bai.

        — Agur, lagunok.

        — Zaindu!

 

 

Hau da gozamena! Gela osoa niretzat bakarrik. Telebista, telefono eta guzti. Aire girotua amatatu, dutxatu eta ohean sartu naiz. Minbera ditut begiak. Malkotan. Gezurra badirudi ere, ez nau loak hartzen. Bidean erosi dudan Liberation egunkaria poltsatik atera eta irakurtzeari ekin diot, frantsesa ulertzeko egin beharko dudan esfortzuak urduritasuna arinduko didan esperantzan.

        «Les attentats du GAL ont reçu une aide française. Parallélement à la coopération officielle entre Paris et Madrid dans la lutte contre l'armée clandestine basque, le meurtrier Groupe antiterroriste de libération a bénéficié au cours des années 80 de complicités au sein de la police et de la gendarmerie françaises».

        Koktela eskainiko duten aretoa dago leihoaren bestaldean. Musika hotsa datorkit... alfa egoeran nagoela uste dut. Egunkaria mesanotxean utzi eta argia itzali dut. Bihar eguerdira arte jai daukat.