Negu Gorriak - Ideia Zabaldu Tour 95
Negu Gorriak - Ideia Zabaldu Tour 95
1995, kronika + argazkiak
190 orrialde
84-86766-63-X
Garbiņe Ubeda
1967, Tolosa
 
2009, saiakera
 

 

Galindoren mamua

IRAILAK 18, GENEVA

 

Ilun eta hotz dago eguraldia. Kostata jaiki gara ohetik. Presarik ere ez dugu, hala ere. Aisialdi eguna dugu gaurkoa.

        Bulegoak, harreraleku bat eta aldizkari eta fanzineak egiteko erredakzioa ikus ditzakegu, logelatik irten eta jantokira gosaltzera goazela. Windows'95 sistema plazaratu berria instalatua dute ordenagailu gehienetan.

        Goizeko hamaikak, mahaiaren inguruan eseri garenean. Inoiz baino gehiago gosaldu du Iñigok. Ekarri duten guztia probatu du: esnea, tea, gurina, ogia, kroasanak... Jitu Iñigorena jotzen ari da, erdi barrez.

        — Ez, hiruzpalau egunetan ez dut ezer jango. Baraua egin beharko dut, sabelak ez baitit deusik ere onartuko. Ezagutzen dut nire gorputza... Eskerrak! Ezer utziko al duzu besteontzat?

        Fermin barrez lehertzen ari da. Tripontzi jaiki da bera ere.

        — A zer parea Muguruzatarrak!

        Anestesia ere umoretsu altxatu da. «Pentsatu nahi dut positiboki» ohiko kantua bazter utzi eta Wemean-en «Kill me forever» tarareatzen ari da.

        — Ikusi al duzue beheko solairuan duten disko denda? Esan Ozenki topera, disko guztiak dituzte...

        — Oso ongi.

        — Egun osoa libre dugu gaur, konturatzen al zarete zer nolako pribilegioa den hori?

        — Labanderiara joan behar dugu, ordea.

        — Garbiñe, ez dakizu zein eskuzabalak diren gurekin etxe honetan. Nahi bezala ibiltzeko aukera ematen digute beti. Deskantsurako bigarren egun bat hartu nahi badugu ere, berdin. Giltza eta guzti ematen digute. Horregatik aukeratzen dugu beti Geneva, aisialdirako. Azpiegitura aprobetxatzeaz gain, hiria ere ezagutzen dugu. Badakigu non topatu labanderia edo behar duguna.

 

 

Ohiko arazoa. Txanponik ez dugu makinari botatzeko. Baldosazko paretan itsatsita dagoen kartelak dioenez, aldameneko kioskoan kanbioa lortzeko aukerarik bada, saltzailearekin atsegina izanez gero. Baina Pintza eta Iñigo irribarretsu eta «S'il vous plaît»ka joan zaizkion arren, ez dute erantzun txarren bat baizik lortu. El País eta El Mundo egunkariak besapean hartuta bueltatu zaizkigu barrez. Denok eman ditugu bueltak inguruan, txanponen bila. Ezer gutxi lortu dugu, ordea. Jituren iaiotasunari esker ez balitz, egun gorria geneukake.

        Arropa garbitzen jarri eta egunkariak irakurtzen eseri gara gehienok. Fermin telefonoz hitz egitera joan da.

        El País: «Drogazaleek droga baldintza onetan eta medikuez lagunduta hartu ahal izateko gelak; egunean bi aldiz, heroina banaketa kontrolatua, kasurik larrienentzat. Bi hauexek dira gobernu suitzarrak 500 toxikomanoekin esperimentu gisa jarritako programak. Drogazaleak osasun sistemara hurbiltzeko eta hauek baztertzeak gizarteari dakarzkion ondorioak (hiesa eta delinkuentzia) konpontzeko ahaleginean bultzatu zituzten. Suitzan praktikara eramandako asmo hauek izan dira Europan hartu den linea berriaren oinarria. Ingalaterrako Liverpool hirian dagoeneko martxan jarria da eta aurki Holandan egingo dute»...

        — Hau da lotsagabekeria! Ikusi al duzue El País? Julen Elgorriagari egindako elkarrizketa dakar 22. orrialdean...

        — Egia da... «ETA menderatzeko borondatea falta zaiei politikariei»... «GALek ekintzatan ziharduen bitartean, autodefentsarako eskubide legitimoa zela pentsatzen zuten askok»...

        — Ez duzue El Mundo ikusi... «Belloch-ek jeneralaren fajina jarriko dio Galindori gaur Madrilen eta ez Intxaurrondon». Begira zenbat domina dituen!

        — Arraioa! Atzetik daukagu etengabe, baita Genevan ere! Ez al gaitu sekulan bakean utziko!

        — Tira! Pasa ezazu orrialdea! Zer dio Donostiako Zinemaldiari buruz?

        El Pais-ek, zera: «Mel Gibson-en hoztasuna. Donostia osoak gorazarre egin zion arren, automaten antzean portatu zen aktorea»...

 

 

Iñigok, Jituk eta Katak baino ez dute siesta egin gaur. Kaki, Fermin, Anestesia, Pintza eta bostok Genevako zentru komertzialera jo dugu.

        Ferminek erloju bat erosi nahi dio Jone bere neska-lagunari.

        — Ez al duzu ezer eraman behar Unairentzat?

        — Bi jostailu erosi nizkion Zurich-en... Faltan botatzen ditut.

        — Zu ez zinen oso umezalea...

        — Ez, ni ez. Urteak behar izan ditut nire burua komentzitzeko. Jonek, ordea, betidanik nahi izan ditu. Haurrak zaintzen lan egin izan du... Ezin da erabaki hori nola-hala hartu. Nire ustez, bikoteak oso egonkorra izan behar du, hasteko. Bestalde, diru asko behar duzu haurra hezitzeko. Baina egia da bizitzaren ikuspegia seko aldarazten dizutela... Hara! Watch erloju suitzarrak... Hemen geldituko naiz ni. Zazpietan lotu gara L'Usinen afaltzera joateko. Hara agertuko naiz. Gero arte.

        Kakik jostailuak erosi nahi ditu Luken eta Martzelentzat. Denda aproposa ikusi bezain pronto, barruraino sartu da Pintzarekin batera. Anestesia eta biok atarian gelditu gara hizketan.

        — Hik ez al duk oparirik erosi behar?

        — Erosi beharko niken, bai. Baina nondik hasi ere ez zekinat, ez zaidan ezer bururatzen... Bestalde, ikaragarri garesti zagon hemen dena.

        150 franko suitzar inguru gastatu ditu Kakik. 15.000 pezeta edo 600 libera inguru, alegia.

        — Horrenbesteko opariak eramaten badizkiezu, berriz ere eskatuko dizute biran joan zaitezen...

        — Ezer erosten ez diezun egunean, pikutara bidaliko zaituzte, «Ez duzu ezer ekarri? Alde egin ezazu, orduan» esanez, kasu izpirik ez dizute egingo...

        — Beno! Zer gertatzen zaizue gaur?

        Barrez abiatu gara bueltan L'Usinerantz. Seiak. Iluntzen hasia da.

        Igogailu erraldoi bat topatu dugu bide erdian, lakuaren parean. Genevako parajeak goitik ezagutzeko tramankulu aparta. Kristalezkoak ditu paretak eta biraka egiten du dorrearen gailurrerainoko bidea.

        — Igoko al gara? Sekula ez dugu tontakeria turistikorik egin!

        — Burutik al zaude! Arrazoi zuen Pintzak bira pentsionistarena otu zitzaionean.

        Bernhardek eta L'Usineko gainerako lagunek inguruko etxe okupatu batera eramango gaituzte afaltzera. Jantokian merke eta ondo ematen omen dute.

        10.000 lagun inguru bizi dira Genevan etxe okupatuetan. Suitzako kantoi honetako burokraziari esker, jabeek ezin izaten dituzte beren terrenoetatik erraz bota. Ezertan hasi aurretik, etxea hutsik uzteko arrazoia aipatzeaz gain, jabeak eraikuntza horretan martxan jarri nahiko lukeen proiektua ongi tajutua erakutsi behar du administrazioan, eta baita proiektua aurrera eramateko sosak ere. Proiekturik ez badu, ezin ditu okupak bidali. Proiektua bai, baina horren burutzeko sosik ez badu ere, beste hainbeste.

        Ferminek eta Iñigok kontatuta dakit garai batean etxeak okupatzeko zer teknika erabiltzen zuten: kontzertu basatiak. Behar adina jende bil zezaketenean, musika talde batekin edo gehiagorekin konforme jarri eta begiz emandako etxean sartzen ziren. Ahal bezain azkar soinu ekipoa antolatu eta jotzen hasten ziren musikariak. Gau osoko festa izaten omen zen. Kortaturi ere egokitu zitzaion hauetako baten batean parte hartzea.