Negu Gorriak - Ideia Zabaldu Tour 95
Negu Gorriak - Ideia Zabaldu Tour 95
1995, kronika + argazkiak
190 orrialde
84-86766-63-X
Garbiņe Ubeda
1967, Tolosa
 
2009, saiakera
 

 

Bira pentsionista

IRAILAK 17, ZURICH-GENEVA

 

Porru eginda jaiki gara denok. Goizeko hamaikak dira. Ajeak jota gaudenoi min ematen digute leihotik datozen eguzki izpiek.

        Bakarren bat baizik ez da libratzen. Ferminek, biharamunaz gain, sekulako hazkurak ditu oraindik. Munich-eko sendagileak emandako pomadek ez diote oraindik bizkarra osatu. Ez zen makala, nobait, harrapatu zuen fungia. Anestesiak ez du ajerik, ziztu batean oheratu baitzen garagardo tantarik ere probatu gabe. Baina gripeak harrapatu du gizarajoa. Oraindik ere nabari da bart bular gainean eman zuen ukenduaren usaina. Pintza erdipurdika dabil, katarroarekin eta biharamunarekin deman. Jituk ez ditu oso santu ez burua ez tripak. Kaki eta Kata sano antzean daudela esan liteke. Nekearen ondorioak besterik ez. Denetan gaixoena, berriz, Iñigo dugu. Zutik dabilen arren, ez da oraindik erabat esnatu. Gau osoa oka eginez eta beherakoak jota pasa du, komunera etengabeko joan-etorrian. Zurbil-zurbil azaldu zaigu Felsenen etxeko sukaldean.

        — Gaur ez dakit jo ahal izango dudan. Txikitua dut gorputza. Ahuleziak eta nekeak jota nago. Ez dakit zer arraiok egin ote didan kalte... Nikaraguan birusak hesteetan sartu zitzaizkidanetik ez nuen sekula horrelako tenple txarrik izan. Limoirik ba al dago etxean?

        Gaitzak aurrikusita dituzte, hala ere. Guztion poltsatan eta furgoian arakatuz gero, botika denda osatzeko adina sendagai topatuko genituzke: aspirinak, beherakoa mozteko pilulak, hesteak astintzekoak, eltxoak hiltzeko espraiak, intsektuen helduak garbitzeko pomadak, tiritak, merkromina, asmarako espraiak, gripeetarako hauts disolbagarriak, eztulerako pastilak, Reflexa, oraintsu erosi berria duten legenaren kontrako pomada...

        Argi sartu da Felsen. Inoiz baino alaiago. Bere bi mutikoak dakartza berarekin. Fermini aurpegia aldatu zaio derrepente:

        — Egunon Felsen... Hau da burukomina... Sentitzen dut... bart Internet festa antolatu genuen zure etxean, emaztearekin zinenean... diskoteka eta guzti. Zarata handia egin genuela uste dut... Honezkero haserre dituzu auzokide guztiak.

        — Lasai horregatik. Zuek etorriko zinetela jakinaren gainean zeuden. Abisatu nien eskandaloso xamarrak zaretela eta ez zuten trabarik jarri. Pozik daude zuek auzokidetzat hartuta.

        — Orain dela bi urte etorri zinetenean ere igoaltsu ibili zineten eta ez zen inor kexu azaldu. Joan zinetenean balkoietara atera ziren zuek agurtzera. Ez al zarete gogoratzen?

        Anestesia nekez. Amnesia ikaragarria izaten du lekuak, kontzertuak eta hurbilekoa ez den jendea gogoan hartzeko. Normalean Kakik eta Jituk argitzen diote oroimena.

        Lagunak lau etxeren arteko belazean daude. Felsenen emazte ohia, beren bi mutikoak, Philippe, emaztea eta haurra paseoan dabiltza. Silvia, Jenny, Sabina Rolf eta Alix arbolaren gerizpean etzan dira (aje galanta dute azken bi hauek ere) eta Patrizia eta bere mutil-laguna bankuan eserita daude, eguzkia hartzen.

        Kaki eta Pintza haurrengana doaz, jolaserako irrikitan.

        Fermin liluratuta dago, Unairentzat erosi duen jostailuari begira. Hodi itxi potolo bat da. Buruz behera jarriz gero, behiaren marruma egiten du.

        — Felsen, zuri ez dizut tramankulu hau erakutsi. Hara... Muuuuuu!

        — Oso polita, Fermin... Jetzi egin beharko dugu.

        Eskaileretan behera goazela, apal-apal hizketan hasi da Iñigo. Gaiari jarraitzeko kemena badu oraindik. Ez da gutxi.

        — Begiratu beharko zenuke jostailu hori zein edadetik aurrera gomendatzen duten... Unai txikitxoa da oraindik...

        — Felsen! Etorriko zara Genevara, ezta?

        — Ezin dut, Fermin. Gaur nirea da haurren ardura. Baina Philippe doa zuekin. Etorriko zarete berriro... Egia esan, hurrengoan kamiseta eta CDen bira egingo dugu. Salmentatik nahikoa diru atera dugu egunotan. Etorri beharrik ez duzue, beraz...

        — Felsen! Baina, baina...

        Hurrengo batera arte esanez, musuka agurtu ditugu Rolf, Alix, Felsen eta bertan gelditzen diren gainerako guztiak.

        Kata nire autora hurbildu da.

        — Nirekin al zatoz? Ez al zaituzte furgoian bakean uzten?

        — Ez da hori. Taldeak erabaki du ez zaitugula berriz bakarrik utziko. Aurrerantzean ni joango naizela zurekin. Behar izanez gero, Pintza, Fermin eta Anestesia txofer jartzeko ere prest daude. Nik ez dut gidatzeko karnetik.

        — Mila esker... Dena den, Geneva gertu dago. Lau ordutan han gara. Ez daukazue kezkatu beharrik.

        — Taldeak hala erabakitzen duenean, hala izaten da. Ni zurekin joango naiz.

        — Ongi etorria, Kata.

        — Gruyère-ko paradorean bazkalduko omen dugu.

        — Ezagutzen dut. Laku baten ondoan dagoen egurrezko etxe tipiko bat da. Gaztaz josia, noski...

        — Eguraldi ezin hobea dugu Alpeak ikusteko.

 

 

Bostak aldean heldu gara L'Usine etxe alternatibora. Furgoia deskargatu eta kamerinora jo dugu zuzenean. Philippek hala eskatuta, botilatxo bat limoi zuku ekarri diote Iñigori. Guztiz efektiboa eta arduratsua da Philippe. Manager lanak direla eta, urte asko elkarrekin daramatzaten arren, Negutarrak ahozabal uzten ditu beti.

        — Mila esker kezkatzeagatik. Ea honekin zertxobait konpontzen zaizkidan tripak...

        — Ez al duzu ezer jan behar?

        — Ez. Hiruzpalau egun egin beharko ditut baraurik. Ezagutzen dut nire gorputza...

        — Larri zaude, orduan.

        Ferminek erdi kuzkurtuta irten du furgoitik. Anaia bezalatsu dabil, intoxikatuta. Kamerinora bisitan etorri zaion lagun irundarra tajuz agurtzeko adorerik ere ez du izan. Oskar da, Legaleon T antzerki taldeko kidea. Inguruotan dabiltza partaide guztiak.

        Wemean-ekoak soinua probatzera joan dira. Kaki eta Kata izan ezik, Negutarrak hirugarren pisura igo dira, logelara siestatxoa egitera.

 

 

Afaltzeko garaian Pintzak, Anestesiak eta batez ere Kakik mimoak egin behar izan dizkiete neskei. Lur jota daude, jotzeko animorik gabe. Eta ez da harritzekoa. Pazientzia galtzeko modukoa izan da soinu-froga. Bi ordutik gora luzatu da Wemean-ekoen martirioa.

        — Kontzerturik onena emango duzue, seguru nago.

        — Sekulako kemena duzue, eta indar handia eszenatokian.

        Erdiak, platera baztertu eta ukalondoak jarri dituzte buruari eusteko. Kopeta ilunduta dute.

        — Tira, hemendik etxera joango zarete. Ez duzue esfortzu gehiago egin beharko. Animo, gutxi falta zaizue eta.

 

 

Jende ugari bildu da kontzertura. Zortziehun lagun, aise. Giroa hotz xamarra da oraindik.

        Wemean-ekoak oholtzaren gainean daude. Silvia afalorduan kexuka ari zen arren, Zurich-en bezain gogotsu ikusten dut. Fermin zain dago oholtzaren atzean, ikusleengandik banatzen gaituen paretaren babesean. Elkarrekin emango duten azken kontzertua denez, neska koadrilak abesti bat beraiekin kanta dezan eskatu diote, Zurich-en egin zuen moduan. Oka egin ondoren pixka bat suspertu den arren, gorputzaldi txarra du oraindik.

        Wemean-ek «Kill me forever» kantua aurkeztu bezain laster, Fermini gerritik oratu dio Pintzak. Maiteminduen antzean besarkatu dute elkar. Buruak elkarren sorbalda gainean jarri eta buruz ikasia duten zatia kantatzen ari dira serio, abestiaren erritmo lasaian dantza egiten duten bitartean. Barrez begiratzen diete Philippek eta Jituk.

        Kamerinoan daude gainerakoak. Katak mahaian dituzten litxarreriak irentsiz itxaroten dio bere txandari. Iñigo siloian eserita dago, burumakur, ezertarako ganorarik gabe. Anestesia prest dago jada. Baxua listo du. Belauneko ortopedikoa ere soinean darama, kontzertuetan egin ohi duen moduan. Noizbait bihurritu zuen belauna babesteko, esfortzu fisikoa eskatzen dioten ariketa guztietan erabil zezan gomendatu zioten medikuek.

        Ferminentzat ekarri dituzten xukadera bereziak, plastikoz bilduta daude hozkailuaren gainean, gainerako arropetatik aparte, fungi-mungiek bazka berririk aurki ez dezaten.

        Kaki teknikari lanetan ari da, eszenatokiaren bestaldean, barraren babesean jarri duten mahaiaren atzean.

        Eszenatokira igo da Fermin. Wemean-ekoak musuka agurtzen dituen bitartean, jendeak txistuka eta oihuka eman dio ongietorria. Itxura guztia aldatu zaio oholtzan. Gaixo dagoenik ere ez dirudi.

        — Fuck Chirac! Fuck Mururoa! Stop al panico!

        «Fermin, Fermin, Fermin!» oihukatzen du eszenatokiaren ondoan dantzan ari den jendeak.

 

 

Gaueko hamaikak. Negu Gorriak ikusteko barraren aldamenean jarri naiz, Kataren mahaiaren atzealdean. Kementsu igo direla dirudi atzealde honetatik. Baina lepoa luzatuta ikusten den panorama desberdina da. Kaki, Pintza eta Anestesia jo eta fuego dabiltzan arren, bi anaiak ezinean dabiltza. Kontzertuaren erdian musika jarri behar izan dute bi minutuz. Fermin oka egitera joan da korrika. Iñigok anplien dorrearen atzealdean ezkutatuta jotzen du. Hatzak bakarrik mugitzen ditu eta kororik ez du apenas egiten.

 

 

Tristea izan da kamerinoko despedida, Fermin eta Iñigoren aurpegiak bezain zurbila. Goizaldeko ordu bata izan arren, Philippek, neskak hartu eta Zurich-era bueltatzea erabaki du. Pariseko urriaren 20ko kontzertura joaten saiatuko direla agindu ondoren, Negutar guztiak banan-banan besarkatu eta alde egin dute.

        — Beno! Elkarri adarra joz dibertitu beharko dugu aurrerantzean.

        — Pena da. Giro polita genuen.

        — Faltan botako ditugu datozen kontzertuetan.

        — Hau da komeria! Inoiz baino formalago gabiltza bira honetan. Gaixoaldiak direla eta bat eta beste, motel baino motelago gaude. Atzokoa kenduta, txorakeriak ere gutxi egin ditugu...

        — Bira pentsionista dirudi honek!

        Poltsak hartu eta logeletara igo gara barrez. Grazia egin digu Pintzari bihotzetik atera zaion adjetiboak.

        Bi anaiak koarentenan gela batean utzi eta ondokoan sartu gara gainerako seiok. Iluntasunean nabarmen ageri dira ibaiaren bestaldeko neoizko letrak: Union Bank of Switzerland.

        — Pintza, itxi pertsianak, faborez. Sekulako argitasuna sartzen da...

        — Kaki, lagundu! Zu zara brikolaian adituena... Trabatu egiten da uhala.

        Katak ordenagailua piztu du.