Negu Gorriak - Ideia Zabaldu Tour 95
Negu Gorriak - Ideia Zabaldu Tour 95
1995, kronika + argazkiak
190 orrialde
84-86766-63-X
Garbiņe Ubeda
1967, Tolosa
 
2009, saiakera
 

 

Sendagilearengana

IRAILAK 15, KOLONIA-ZURICH

 

Lotarako lekua Koloniatik kanpo bilatu behar izan nuenez, gaur gauera arte agurtu nituen atzo Negutarrak. Felsenek bere etxeko zuzenbidea eta telefonoa apuntatu zizkidan koadernoan. Bertan lotuko gara gaueko hamarretan.

        Hotza dugu goiza. Beso luzeko kamiseta, jertse lodia eta txamarra daramatzat jantzita, eta hala ere dardarez nago. Iraila besterik ez da, ordea. Nolako tenperaturak ote dituzte negu beltzeko gau ilunetan? Hamarrak dira. Buruko torlojuak estutu beharrean naiz berriz. Berogailua piztu dut autoan sartu orduko. Oraintxe abiatuz gero, gaueko 8-9ak aldean Suitzako muga pasatua izango dut... Bakarrik noa, ordea. Gauza izango al naiz 800 kilometroko tartea gehiegi ernegutan ito gabe egiteko?

        Motxila zabaldu eta bertan gordea dudan txokolate guztia kopilotoaren aulkian utzi dut. Depresioaren kontrako botikarik onenetakoa dela esana dit baten batek.

 

 

Gaueko hamaiketan aurkitu dut Felsenen etxea. Zail xamarra egin zait. Norabide bakarreko kaleek erotu egin naute. Atarian aparkatuta dago Negutarren furgoia. Eta baita Alix eta Rolf eta Philipperen autoak ere.

        — Gabon!

        — Aupa, journalistin! Zer moduz?

        — Heldu zara azkenean! Daramazun nekearekin dena bertan behera utzi zenuela uste genuen. Pozten gara zu ikusteaz.

        — Afal ezazu! Behea joko duzu, bestela.

        — Jar zaitez hemen.

        Anestesia bere lekutik altxa da. Eta baita Fermin ere.

        — Lasai. Piska bat estutzen bagara, egingo dugu denontzako tokia... Leher eginda nabil baina ez da horrenbesterako. Dena den, egia aitortzen hasita, Alemanian topatu ditudan trafiko pilaketek autotik atera eta ihes egiteko tentaldia eman didate. Bi ordu pasatu ditut Stuttgart parean, ez atzera ez aurrera.

        — Baita guk ere!

        Etsipen aurpegia du Jituk. Ferminek keinu arraroak egiten ditu sorbaldarekin.

        — Zer duzu, hazkura?

        — A! Zuk ez dakizu azkena. Legena harrapatu dut bizkarrean!

        — Bai zera! Nola?

        — Xukadera batekin, nonbait.

        — Joan al zara medikuarenera?

        — Bai, noski, Koloniatik irten aurretik. Alixek eraman nau gaur goizean. Ba al dakizu nola azaldu didan nire gaitza? «Spaghetti fungi?», berak. «Bai», nik. «Fungi?». Baietz berriz. «Horixe duzu bizkarrean!». Alixek barre egiten zuen baina ikaragarri ona izan da azalpena. Segundu pare batean ulertu diot esan nahi zidana. Pomada bat eman dit.

        — Aurrerantzean kontuz ibili beharko dugu, gainerakook ere fungi-mungirik ez harrapatzeko. Kutsatu bakarrarekin nahikoa dugu.

        — Nik sekulako gripea dinat —Anestesiak—, eta Pintzak ere bai.

 

 

Lotara joan gara afaldu eta berehala. Fermin eta Iñigo Felsenen gelan sartu dira. Pintzak, Anestesiak, eta Katak Felsenen haurren gela okupatu dute (emazte ohiaren etxean daude bi mutikoak) eta Jituk, Kakik, Felsenek eta laurok egongelan jarri ditugu koltxoiak.