Negu Gorriak - Ideia Zabaldu Tour 95
Negu Gorriak - Ideia Zabaldu Tour 95
1995, kronika + argazkiak
190 orrialde
84-86766-63-X
Garbiņe Ubeda
1967, Tolosa
 
2009, saiakera
 

 

Heinrich Böll-en ondarea

IRAILAK 14, BERLIN-KOLONIA

 

Gogorra egin zaigu gaurko bidaia, 800 kilometro luzeko amesgaiztoa. Bostak laurden gutxirako furgoiak deskargatzen ari ginen Stollwerck Koloniako kultur etxearen atarian. Rhin ibai zabalaren ertzean dago, eremu industrial batean. Adreilu gorriz eraikitako etxe hau txokolate enpresa bat izan zen orain dela gutxi arte. Guztiz berritua dago barrutik.

        Harreralekuan dauden afitxek azaltzen dutenaren arabera, mamitsua da urteko eskaintza. Kultur etxeetan ohikoak diren eskulan, dantza, argazki eta gainerako tailerrez gain, musika eta antzerki talde ugari ekarri dituzte Stollwerck-eko ikuskizun aretora.

        Esku programa batek irail osoko eskaintzaren berri dakar. Baita gaurko kontzertuari buruzko informazioa ere. Puntualak izateko oharra nabarmendu dute beste ezeren gainetik. «Negu Gorriak Euskal Herriko talderik ezagunenetariko bat da. Explosiboa da boskotearen rock, hardcore, reggae eta rap nahasketa. Aspaldi honetan erakutsi duten kemenari esker, zuzeneko talderik indartsuenetarikotzat jo izan dute Negu Gorriak. Wemean Zurich-eko emakume talde bat da. Oso gazteak dira lau partaideak eta Suitza osoan hauen tankerakorik ez da jada gelditzen. Hip-hop eta hardcore nahasketa bat eskaintzen dute, eta beraien rap-a gogorra eta ultrazkarra da. Headcleaner 1990ean sortu zen Brixtonen, Londres hegoaldean. Honakoxea da hirukoteari buruz esan izan dena: 90eko hamarkadak izan duen punk talderik gogorrena, oldarkorrena eta metalikoena».

        Gaurko emanaldia inguruan dagoen gaztetxean burutzea zen hasiera bateko asmoa. Baina, bertan ekintzak antolatzeko hobetsitako irizpideak direla eta, banandu egin da gaztetxea gestionatzen duen jendea. «Dirua irabaztearekin horrenbesteko kezka» ez duen taldeak, Butter bei der Fische delakoak, etxea utzi eta bere kasa funtzionatzea erabaki berria du. Gaurko kontzertuaren antolatzaileak dira, hain justu. Beste leku aproposagorik ezean, Negu Gorriak ekartzeko kultur etxea alokatzea erabaki zuten. Kontzertu sala erabiltzeagatik 700 marko pagatu behar izan dituzte, eta langileak gauez gelditzearren, beste 250.

        Sarreraren truke 15 marko eskatzen dituzte. Hamabost horietatik bat, talde antifaxistari emango zaio. Gastu guztiak pagatu ondoren, sosik geldituko balitz, aurretik hitzartua dute kopuruen banaketa: Negutarrek %60 jasoko dute eta gainerako %40a antolatzaileen esku geldituko da.

        Wemean-eko neskatoak leher eginda daude. Orain dela gutxi arte ez zekiten bira bat jarraitzeak zer nolako ahalegin fisiko eta mentala eskatuko zien. Etxera heltzeko irrikitan daude, biharko eguna noiz helduko zain. Ez dira nekeak muskaldutako bakarrak. Atzo baja bat izan zuen gure espedizioak. Galderrek Berlingo lagun zahar baten etxean gelditzea erabaki zuen. Pena hartu genuen agurtu genuenean, Zurich-eko neskek batik bat. Ederki konpontzen ziren.

        Kazetari ugari inguratu da gaur. RTL kateako «Kino» programakoek kontzertu osoa grabatzeaz gain, elkarrizketa egin nahi diote Fermini. Gainerakoek furgoia deskargatu eta soinua probatzen duten bitartean kanpora aterarazi dute. Inguruotan dabilen neska zaragozar bat jarri diote itzultzaile lanetan. Hotz dago kalean. Neguko arropa ez zaigu soberan.

        Ferminek Songoku dirudi. Sekulako bola puska batean igoarazi eta kamarez inguratu dute. Euskal Herriaren independentzia gogoaz eta borroka armatu eta atentatuez galdetu diote. GALen gerra zikina eta errefuxiatu eta preso politikoei buruzko datuekin erantzun die. Harrituta dago guztiz. Sekula ez da horrelako muntaia boladunaren protagonista izan.

        VIVA telebistakoak ere bertaratu zaizkie, xumeago ordea. Kamara soil bat eta bi kazetari. Eszenatoki berezirik gabe. Kaki dute Ferminekin batera. Iñigo, berriz, medio idatzi baterako elkarrizketa baterako lotu dute. Pintza eta Anestesia libratu egin dira gaurkoz.

 

 

Bi gelatxo eta dutxa ditu eszenatokitik bi metrora dagoen kamerinoak. Banaketa ezin hobea, talde bakarrarentzat balitz. Baina hiru dira gaurkoan. Afaldu ere bi geltatxo horietariko batean egin beharko dute txandaka. Hogei bat lagun guztira.

        Harridura aurpegia dakar Iñigok.

        — Kaixo! Zer moduzkoa elkarrizketa?

        — Uf!... Arrantzaleen sektorean dagoen iskanbila, Alemaniaren eta Espainiaren arteko harreman ekonomikoa eta antzeko kontuak jarri dizkidate mahai gainean.

        — Ez al dizute gure musikaz edo letrez galderarik egin?

        — Bakar bat ere ez.

        Barreak. Pintzak koilara platerean pilatutako barazkietan sartuta utzi eta lepotik heldu dio Iñigori. Sekula ez dio bere izena esaten. Pintzak eta Jituk Joxe Mari deitzen diote. Zergatia azaltzen ez dute asmatzen.

        — Harritzekoa horrelakoak zuri gertatzea! Afal ezazu, Joxe Mari. Oso ona dago dena, baina min xamarra. Barazkiek ere pikantea dute.

        Sabina lurrean etzanda dago. Silvia, Patrizia eta Jenny aulkietan eserita, eskuekin buruari eutsiz. Zerbitzen ari den emakumea pozik dago bere rolean:

        — Ez da lan polita baina Negutarrak gertutik ikusteko aukera ematen dit eta ni zale amorratua naiz.

        Eskerrak taldekideek ez duten alemanez ulertzen. Lotsatuko lirateke horrelako komentarioa entzunda.

        Ferminek Alix eta Rolf dakartza kamerinora. Aspaldiko ezagunak hauek ere. Euskadiko Elkartasun Komitekoak izandakoak, Philippe Surber manager suitzarrarekin harreman estua dute. Izan ere, Zurich-en ere gurekin izango dira.

 

 

Beroketa ariketak egiten dituen bitartean, kanpoan zain zegoen jende guztia sartu egin da. Bi mila inguru dira guztira. Arrano beltzak, Negu Gorriak-en anagramak, Bilboko gaztetxearen aldeko esloganak eta preso politikoak askatzeko esaldi famatuak ikusten dira kamisetetan.

        Kontzertu ostean Negutarrak etxe alternatibo batera eramango dituzte Alixek eta Rolfek, Heinrich Böll literatura Nobel saria zenak oparitutako etxera. Etxea okupatutakoan izan ziren iskanbilak eta polizia miaketa guztiak etetearren, Udalari eraikuntza osoa erosi eta okupen esku utzi zuen. 30 lagun bizi dira gaur egun.

        68ko gazteen proiektutik sortu zen okupazio mugimendua. Etxerik gabeko gazteentzat laguntza soziala lortzea zen helburua. Hastapenetan Udalak finantziatzen zuen etxea, baina bere legeak inposatzen zituen. Jende kopurua murrizten zuen, esate baterako. Presioa zela eta, gazteek udalak emandako diruari uko egitea erabaki zuten autonomia politikoaren izenean. Garai txarrak izan ziren. Furgoi bat erosi eta mudantza enpresa bat antolatu zuten bizitzeko sosak irabazteko. Erabilitako altzari eta arropa saltzea zuten bigarren bizibidea. Baita gaur egun ere.

        Hiru etapa izan ditu mugimendu honek. Hasiera batean etxebizitzaren aldeko borroka zen kezka nagusia. Bost etxe okupatu zituzten guztira. Alixek dioenez, «herrikoiagoa zen hastapenetako hura, ez zen gero heldu ziren autonomoen ideiaz sortutakoa bezalakoa».

        Bigarren etapan, eroetxeetatik ihes egindako jendea gero eta gehiago hurbiltzen zitzaiela ikusirik, psikiatriaren kontrako borrokan murgildu zen. Datu asaldagarriak plazaratu ziren: tratu txarrak, palizak, garbi nola jakin gabe hiltzen ziren internoen adibideak... Helburua ez zen kasu susmagarriak salatzea, baizik eta psikiatria oro har aldatzea. Alixek gogoan ditu orduko gorabeherak: «Guk defendatzen genuena zera zen, gizartea dela erotuta dagoena, eta ez jendea. "Askatasunak sendatu egiten du" zen zabaldu genuen lema».

        Hirugarren etapan, 80ko hamarkadan, arrazakeriaren kontrako borrokari heldu zitzaion.

        89an susto ikaragarria izan zuten: emakume batek su eman zion etxeari eta hiru lagun hil ziren. «Eraso faxista zela pentsatu genuen hasieran, baina bertan bizi izandako emakume bat izan zen. Ordura arte egindako lan guztiaren hondamena zela iruditu zitzaigun. Zorionez, jende askok lan egin zuen etxea berreraikitzen laguntzeko».

        Alemaniaren historia gertua kontatzen ari zitzaidala iruditu zait. Böll-en poema hau ekarri dut nire koadernora: «Maitea / erein itzazu minak atarian / gogortu zure bihotza / itxi eskuak / tiro batez bota nazazu / itzultzen banaiz / eta ez badakit kontraseina / eta ahaztu / pertsona izan zinela».