Negu Gorriak - Ideia Zabaldu Tour 95
Negu Gorriak - Ideia Zabaldu Tour 95
1995, kronika + argazkiak
190 orrialde
84-86766-63-X
Garbiņe Ubeda
1967, Tolosa
 
2009, saiakera
 

 

Aklimatazioa

IRAILAK 11, ZURICH-MUNICH

 

Sekula ezagutu dudan albergerik txukunenean egon arren, ez dut gau osoan batere lorik egin. Bart, literara igotakoan iratzargailua txiki-txiki eginda nuela konturatu nintzenean parkinsonak jo ninduen berriro. Lehen egunean Bertso-Hop dendara berandu heldu nintzenean bezalatsu jarri naiz, dardarizoari ezin eutsiz. Zazpietan puntuan jaikitzeko, erne egoteaz gain beste aukerarik ez nuenez, erdi esnai pasatu ditut lotarako nituen sei orduak. Amesgaiztoek iratzartzen ninduten orduero...

        Goizeko zazpiak jo ditu nire eskuturreko erlojuak. Tenple txarreko nago. Zein egunetan bizi garen ere ez dakit. Ezta Euskal Herritik noiz abiatu ginen ere... Hilak hamaika egun ditu gaur, kalkuluak oker egin ez baditut... Egia biribila bota zuen Einstein-ek erlatibitatearen teoriaz mintzatu zenean. Negutarren birak zulo beltzak bezalakoak dira. Munduarentzat astebeteko tartea izan dena, bi urteko etena bilakatu da guretzat.

        Jantzi eta goizeko freskura hartzera irten baino lehen azken begirada eman diot iratzargailuari... Torloju bakar bat ere ez du sano. Nongo galaxiatan eman ote diot horrenbesteko kolpea? Tripak zabaldu dizkiot konpontzeko esperantzan, baina erremediorik ez du. Pena ematen dit, ordea, botatzeak. Biraren oroigarri gisan eramango dut etxera. Denbora eten zitzaidaneko egunaren seinalagarri. Marka da ordea, erlojugileen herrian apurtzea!

 

 

Galder jaikita dabil. Albergeko jantokian dago gosarilegea egiten. Kafesnea, gurina, mermelada eta laranja-ura ditu pilatuta azpilean.

        — Egunon, hotz ikaragarria dugu kanpoan. Iluna dator eguna.

        — Konturatu naiz... Bart gauean leihoa ireki behar izan dut disimuluan, sei baikinen gelan eta gazta usain itzela sumatu nuen sartzerakoan.

        — Nirean, emakume bat, bere haurra eta hiruok bakarrik ginen.

        — Zer? Joan beharko dugu, ezta? Gogoratuko al zara Philipperen etxerainoko bideaz? Hiri osoa zeharkatu genuela iruditu zitzaidan niri.

        — Lasai, Philippek etxetik ekarritako mapan seinalatu zidan bidea bart.

 

 

Oraindik nagiak ateratzen ari dira Negutarrak. Wemean-eko neskak egongelan daude, isil-isilik, erdi lotsatuta, elkarri begira. Oso gazteak dira. 18 eta 22 urte bitartekoak.

        Falta zirenak prestatu direlarik, Philipperen etxe aldameneko kafetegira joan gara almortzatzen. Galderrek eta biok gaurko bigarren kafea dugu.

        Wemean-ekoek italieraz egiten dute batik bat, alemanez tarteka. Nor bere burua aurkezten hasi da gosaria ekarri diguten bitartean. Mahaiaren mutur batetik hasita, Simon dugu lehena, neskatoen furgoia gidatuko duen gaztea. Felsen dugu aldamenean, edo Arkaitz, berak dioen bezala. Jenny dator gero, baxularia. Bere aldamenean Sabina bateria (taldeko gazteena) eta Patrizia gitarra-jolea, irribarretsuena. Ahizpak, azken biak. Parean Silvia dago, abeslaria. Mahaiaren beste muturrean, Negutarrak.

        Ferminek detailetxo bat argitzeko aprobetxatu du bere buruaren aurkezpena.

        — Sabina, zuk ile luzea al zenuen orain dela bi urte?

        — Bai, moztu berria dut.

        — Beraz, zu zara orain bi urte Rote Fabrik-en jo genuenean eszenatokira igo eta sekulako dantzaldia egin zuena...

        Barrez hasi da. Lotsatuta, ahoa estali du eskuez.

        — Bera al da?

        — Txundituta utzi gintuen zure abileziak.

        — Bideoan azaltzen zara, badakizu?

        Susto aurpegia jarri du. Gainerako neskek irrabarretsu begiratzen diote. Harro daudela iruditzen zait.

        — Furgoira hurbiltzen garenean emango dizut bat.

        Felsenen abiatzeko aginduak eten du goizeko solasaldia:

        — Nor bere furgoira igo dadila. 232 kilometro ditugu hemendik Munich-era. Alemanian sartu aurretik Austriako muga pasatuko dugu. Motzagoa da horrela. Kilometro batzuk egin eta Alemaniara sartuko gara handik.

        Irratia jarri dut, albisteak alemanez aditzeko esperantzan. Belarria fintzen hasi beharra daukat. Juan Sebastian Bach-en musika emititzen ari da aurren sintonizatu dudan katea. Bidaiatzeko ez dago batere gaizki. Bere horretan utzi dut.

 

 

4,30etan heldu gara Munich-eko Backstage-ra, kontzertua eskainiko duten lekura. Trenbidearen ondoan dago, geltoki nagusitik oso gertu. HB zigarreten eta Triunph moda etxeak plazaratu berri dituen kuleroen iragarki publizitarioak ditu aurrez aurre. Dagoeneko ezaguna zaigun pintada bat hauen aldamenean: «Boikota Frantziari». Inguruan perretxiko erradiaktibo bat marraztua.

        «Freiheit für Mumia Abu-Jamal» dioen pankartak erakutsi digu egoitzaren sarrera. Hesia pasatu eta berehala dagoen skate pistan bost mutil fraka handi dabiltza gora eta behera, beren ohol erruberadunen gainean. Ur botila daramate eskuetan.

        Kamerino-jantokia erakutsi digute lehendabizi. Bospasei mahaitxo biribil ditu gela osoan zehar banatuta, plastikozko mantel loredunez estalita. Paretaren kontra josia dagoen ohol luzean jaki ugari utzi dizkiete: zerrikia, kafea, ura, zukuak, era guztietako ogi-opiltxoak (integralak, sesamodunak...), bizpahiru klase gazta, fruta...

        — Konturatzen al zara, Garbiñe? Pasatu dugu muga. Hemengo jendea ez da, akaso, italiarra bezain beroa. Desberdina da eskaintzen zaizun arreta. Baina hemengo kamerinoa prestatzeko modua, soinu ekipoen kalitatea eta antolakizunen efikazia gozatzeko modukoak dira.

        Katak ukazioaren keinua egin dio Fermini, burua ezker-eskuin astinduz eta ezpainak estutuz:

        — Tira... Kalitate handiko ekipoa bai, eta potentzia ere bai... Baina alferrik. Topea jartzen diete eta ezin izaten duzu dezibelioak zure gustora igo...

        — Hori ere egia da. Horretan ez dute besteen antzik.

        — Gezurra badirudi ere, ez naiz apenas italiarrekin gogoratzen. Saiatzen naiz baina ezin dut. Egunotako kontuek ihes egin didate oroimenetik.

        — Ona da hori. Aklimatatzeko ahaleginetan zabiltzala esan nahi du horrek. Beste horrenbeste gertatzen zaigu guri ere. Etxetik kanpo hilabeteak daramatzagula iruditzen zaigu.

        Oraintxe heldu dira Sabina, Patrizia, Silvia, Jenny, Felsen eta Simon, ordu erdiko tartean. Makalagoak dira gure ondoan.

        Bitxia da neska hauena. Silvia, Sabina eta Patriziaren gurasoak italiarrak dira sortzez. Jennyren ama suitzarra da baina frantsesa egiten den zonakoa, eta aita iparramerikarra du. Alemana nagusi den eremuan bizi izan arren, hauenean ez da apenas alemanez egiten. Kaleko hizkuntzatzat dute, ez etxekotzat, ez lagunartekotzat. Suitzar asko bezala, hiruzpalau hizkuntzatan hitz egiteko gai dira. Guraso italiarrak dituztenen kasuan, azterketa aski zaila gainditu beharko dute suitzarren pasaportea lortu nahi baldin badute. Baina haiek ez dute horretara jarri nahi. Felsenek dioenez, «froga gainditzekotan, bertako biztanleek edota azterketa zuzentzen dutenek berek baino askoz ere hobeto menderatu behar duzu Suitzako historia eta legeria».

 

 

Beltzez jantzitako mutiko beltzaran bat pauso bizian etortzen ikusi ahala, zutitu eta kasu egitera joan zaizkio Negutar guztiak. Thomas da, kontzertua antolatu duena, Backstage-ko arduradunetariko bat. Zapi gorria du kopeta bueltan. Itxurak engainatu egiten du asko. Gaztetxoa dirudien arren, 30etik gora izan behar ditu.

        Urte asko darama mundu alternatiboan murgilduta. Mugimendu autonomotik dator. Lehen urratsak 1981ean eman zituen, okupen ildotik. Kontzertuen antolakizunei, berriz, orain hiru urte heldu zien.

        Paseotxo bat emanez, Backstage osoa erakutsi digu Thomasek. Alemaniako tren enpresarena da eraikina. Kontzertuetarako sala handiena pareta prefabrikatuz eraikia dago, noizbait handik bidaltzen dituztenerako kalkuluak eginda. Aldamenean, emanaldietarako beste gela bat dute. Txikixeagoa, musika mota oso espezialduetarako pentsatua, hardcore-a eskaintzeko, esate baterako. Biergarten bat ere badute, mahai bakoitzeko guardasol erraldoi eta guzti. Udan garagardo kupela ekarri eta festatxoak antolatu izan dituzte bertan. Orain dela gutxi, ordea, debekatu egin zitzaien horrelako ekitaldiei berriro heltzea. Thomasek dioenez, «oso buru koadratua» dute herrialde honetako agintariek. «Arrunkeriarik handienarekin ere kexua azaldu beharra daukate». Taberna normal bilakatu behar izan dute Biergarten-a.

        — Eraikuntza zer duzue, okupatua?

        — Ez. Alokatua da. 15.000 marko pagatzen ditugu hilean.

        — 15.000 marko?! Alegia, 130.000 pezeta inguru?!

        — Horixe bera.

        — Nondik ateratzen dituzue sosak?

        — Gure lagunekin zorretan gaude, dirua jarri behar izan baitute eraikin berria eta konponketak egin ahal izateko. Bestalde, alokairurako 15.000 markoak, festak antolatuz ateratzen ditugu. Hauetarako sarrerak kontzertuetakoak baino garestixeagoak dira. Ostirala, adibidez, Reggae eguna dugu. Larunbatetan, 60ko musika eta trash-zaleen musika eskaintzen da diskotekan... 1.500 lagunetik gora etortzen zaigu asteburuero. Talderen batek bere festa partikularra eskaini nahi duenean, alokatu egiten diogu lokala. Bi soziok hartua dugu egoitzaren ardura... Garestia da, egia da, baina bere abantailak ere baditu leku honek: oso toki zentrikoan dago, autorik ez dutenentzat trena du aldamenean, eta bizilagunak nardatuko diren kezkatu beharrik ez dugu. Zorte ona dugula esan genezake. Bavaria bailara ezagututa bai, behintzat.

        — Noiz arteko baimena duzue?

        — Bi urteko kontratua sinatu genuen. Berritu egingo digute ordea. Jabeek dirurik ez dutenez, tratua egin nahi dute Udalarekin, honek eros dezan. Baina Udalak sosik ez duela esanez erantzuten dio erosketa proposamenari. Ados jartzeak luze joko du, gure mesedetan.

        Bulegoa da denetan harrigarriena. Guztiz hornituta dago. Fotokopiagailuak, pare bat: txuri-beltzekoa eta koloretakoa; karpetez josiriko apala, informazio ugari non-nahiko musika taldeez; nazio eta herri zapaldu ugaritako txostenak; faxa, modema eta telefono mugikorra; hozkailua; hiru ordenagailu... Kontzertuetako sarrerak saltzeko sare informatikoa dute montatua bailarako hogei bat dendarekin. Kontzertuetarako erreserba bertan egiten duenari papertxo berezi bat ematen zaio eta Backstagera heltzean benetako sarrera jasotzen du trukean.

        Gurutzean iltzatutako panpina dago paretan. Arantzez josia du oihalezko burua. Jertse beltz batez jantzia, Backstage du idatzia erdian, hizki loditan.

 

 

Soinu frogatan hasi beharrean dira aurki. Argiak eta ekipoa prestatu bitartean, liburukote bat ekarri dute Negutarrek sina dezaten. Sala honetatik pasatu diren talde guztien izenak, oharrak nahiz marrazkiak ageri dira bertan.

        — E! Ikusten al duzue hau! Guretzat gazteleraz idatzitako ohar bat dago hemen!

        Ozen irakurtzen hasi da Fermin:

        — Entzun, entzun!... «Para los Negu: Espero que os vaya bien en este país de mentalidad cuadrada»...

        Burua altxatu eta taldekideei begira jarri zaie. Sekula baino gehiago biribildu ditu begiak.

        — Norena da?

        — Jesus Cifuentes eta Celtas Cortos taldeko kideena!

        — Izan ere, herenegun jo zuten hementxe bertan.

        — Beno... Deskargatu beharra daukagu. Lehenengoak gara soinua probatzen. Wemean-ek gure ekipoa erabiliko du. Lagundu.

        Hogei bat minutuko lana da furgoiak deskargatzea. Hainbat trasto aise altxa daitezkeen arren, bi lagunen artean ere nekez eraman ahal dira anpliak. Gazte sasoikoa izan behar da zama hori garraiatzeko. Nire indarren araberako kargaren bila, pilatuta dauden kaxa guztien artean arakatzen hasi naiz. Gitarra parea esku banatan hartu eta salan sartu naiz. Beltzez pintatua, kandela erromantiko ugari dago barra gainean. Egurrez eginiko dorre batean daude Kata eta argi teknikaria. Ordenagailuz gobernatzen ditu argiztapenak. Sabaian, barra gainean, metro luzerako urpekuntzi horia dute zintzilikatua. Eta erdi-erdian diskoteketan ohikoak diren ispiluzko bolak.

 

 

Musikariak soinu frogatzen utzi eta Munich-eko tren geltoki nagusira joan gara Galder, Simon eta hirurok. Markoak lortzea da lehendabiziko lana.

        Horma arteko hiri estalia dirudi geltokiak. Sekulako zentro komertziala ikusten da sartu eta berehala. Arropa, oinetako, pitxi, tabernak, supermerkatua... polizia bikoteak han-hemenka. Ez gara pasiloetan barrena sartzen ausartu. Ikaragarri handia da. Garagardo pare bat erosi eta sarrerako eskaileratan eseri gara Simon eta biok. Galder telefonoz deitzera joana da.

        — Harrigarria da... Sekulako pena dut. Wemean taldearekin biran etorria naiz eta hala eta guztiz ere ezingo dut kontzerturik ikusi.

        Merchandising-a saldu behar duzulako?

        — Bai, hain zuzen. Ikusi al dituzu inoiz?

        — Ez.

        — Ikaragarri onak dira, benetan.

        — Gaurkoan behintzat, lasai egon zaitezke. Mahaia bertatik bertara izango duzu. Eta orain arte ikusi dudanagatik, jendeak talde aldaketa edo bukaerako azken tragoko tartea aprobetxatzen du kamisetak edo CDak erosteko. Beraz, zure tokitik mugitu gabe bada ere, posible izango duzu zertxobait ikustea.

        — Hala izan bedi.

 

 

Berandu bueltatu gara, zortziak inguruan. Afaltzen ari dira Negutarrak. Thomas kamerinoa eta eszenatokia lotzen dituen atetik ari zaie galdezka:

        — Ondo?

        — Afaria, primerakoa.

        — Badut galderatxo bat zuri zuzentzeko... Soinu eta argiztapen ekipoa ere Backstage-koak al dira?

        — Ez. Gureak alde batera utzi eta ekipo hobea alokatzea deliberatu genuen. Ospe ona lortu dugu horri esker. Konturatuko zineten soinu-froga egiterakoan... Jendea pozik irteten da hemendik. Tresneriaren kalitatearekin gustora.

        Badoa berriz. Ez daki geldirik egoten.

        Apur bat afaldu eta sala nagusian sartu naizenerako Wemean-ekoak eszenatokian igoak ziren. Astelehen buruzuria izateko ez dago gaizki. 600 bat lagun gaude.

        — Wemean gara, Zurich-etik zuzenean inportatutako neska taldea!

        Silvia ari da hizketan. Gora eta behera dabil eszenatokian. Asmatiko kronikoa da hau ere, spray bat darabil beti eskuetan. Baina Ferminek ez bezala, erre egiten du. Ahotsa loditzeko, nonbait. Zer kantatzen duten tankerarik ez diet hartzen, oso azkar rapeatzen baitu Silviak. Eta ez eszenatokian bakarrik. Hizketaldi normaletan ere abiadura bizian hitz egiten du. Ez dut horrelako beste inor ezagutzen. 33 reboluziotako disko bat 45eko abiaduran entzutean bezalatsu jarduten du. Lasaiagoak dira besteak. Sabina da taldeko artista, dantzan bezala baita marrazten ere.

        Bospasei hizkuntzatan egiten dute eszenatokian. Errusieraz, frantsesez, italieraz, ingelesez, zatiren bat gazteleraz, alemanez... Uf!

        Bateria utzi eta aurrealdera hurbildu da Sabina, Silviaren ondora. Sketch moduko bat egin ondoren zintzur hots harrigarriak egiten hasi da mikrofonoaren aurrean. Harrituta begiratzen diote Negutarrek kamerinoaren atearen atzetik.

        Ziztu, txalo eta oihuz hartu ditu jendeak. Erne baina harro erreparatzen die Thomasek sarreratik. Simon saltoka dabil kamixeta postuaren atzeko txoko estuan.

        Ondoko kalea berritzen ari diren gaueko langileak erakarri ditu musika hotsak. Mokaduaren tartea dutela aprobetxatuz, atarira hurbildu dira. Horietariko bat, sarrerarik ez edukitzearekin lotsatu ez dena, barreneraino sartu da bere buzo laranja fosforargitsu, kasko, eskularru eta guzti. Lepoa luzatu eta adi jarri zaio Wemean-i.

        Pena da gauza handirik ez ulertzea. Enpeinu handiz ari dira neskak, urduritasunik gabe. Hasiberri askok ez bezala, badakite nola mugitu eta zer egin eskuartean gitarrarik ez dutenean.

        Simonek utzi egin beharko die saltoei gaurkoagatik. Nire aurrikuspenak ez dira ezertan bete. Erosleek ez dute saioa bukatu arte itxaron merchandising postura hurbiltzeko. Asko dira dagoeneko Wemean-en CDari edo kasetari buruz galdezka etorri zaizkionak. Neskak dira gehienak. Izan ere, Thomasek bailarako neska taldeen eta feministen artean bandoa pasea zuen. Astelehena izaki, beldur zen ez ote zen nahikoa jende agertuko.

        — Sentitzen dut —sorbalda goratuz—, Wemean-ek ez du oraindik ezer argitaratu.

        Kopeta zimurtzen diote ezezkoa aditu bezain laster, sinetsiko ez baliote bezala. Askok bigarren aldiz egiten diote galdera bera, Simonek gaizki ulertu ote duen-edo. Suitzarron grabaziorik eskuratuko ez dutela jabetzean, Negu Gorriak-en kamisetak eskatzen dituzte. Nesken modeloa da estimatuena. Askok jantzita daramate.

        Simonek jarritakoa ez da postu bakarra. Aldamenean, sarreraren bestaldean, bada fanzineak saltzen dituenik ere. Mumia Abu-Jamal-en monografikoak, Armadaren kontrako mugimenduak ateratako aldizkaria...

        Kakirentzat dira Silviaren goraipamenak. Teknikari lanetan jarri izana eskertu nahi izan dio taldeak. Bisekin hasi aurretik jo duten azken abestia Negutarrei eskaini dio laukoteak. Negu Gorriak aditzeak txaloka jarri du jendea, baina oraindik ez dira Wemean-ekin asetu.

 

 

Garagardoaren kaskoa ere kobratu egiten dute sala honetan. Botila bakoitzeko kentzen zaizun markoaren truke fitxa bat ematen dizute, autotxokeetan sartu behar izaten diren horien antzeko txanpona. Plastikozkoa. Beltza. Backstage jartzen du zilar koloreko letratan. Botila hutsik eramatean bueltatu egiten dizute markoa. Hiru garagardo, 16 marko guztira. Kaskoak itzultzearen truke hiru berreskuratuko baditut ere, askotxo.

        Badatoz Negutarrak. Gaueko hamaikak eta laurden. Joko dituzten kantuen ordena eta kopurua Italian eskainitakoaren antzekoa izango den arren, gauzak aldatu egin dira. Abestien sarrera gisa egiten dituzten eskaintzak hitz solte bilakatu dira. Hitzalditxo inprobisatuetarako aukerarik ez dute izango aurrerantzean. Animorik ere ezingo dute hizkuntzaren bidez partitu. Taldeko inork ez du alemaniera menderatzen. Izen propioek laguntzen diete giroa berotzen:

        — Hitz egin! Mumia Abu-Jamal!

        Bost puntako izar gorria du Ferminek kamisetan. Pintza aldare batean jarria dute. Inoiz baino hobeto ikusten dut. Oso gustokoa dut ezker honen estiloa. Gogor ematen die makilei. Negu Gorriak-en kamiseta berria blai eginda dauka dagoeneko.

        Zurich-eko neska koadrila eszenatokiari begira dago, dantzan jo eta su. Aldamenekoek, txundituta, inguratu egin dituzte. Esan didatenaren arabera, maisutzat dauzkate Negutarrak. Lantzean behin, dantzari utzi eta eskolak ematen ariko balitzaizkie bezala begiratzen diete Negutarrei. Nork bere gremiokoari gehienetan.

        — Lehenbiziko bala! Wemean!

        Dantza egiteko modua, imintzioak, pistolaren keinuak eta aizkorakadak dira taldearen komunikazio tresna.

        Hemengo jendearen estiloa desberdina da oso. Finagoak dirudite. Skin itxurakoak ez dira horrenbeste ikusten eta kamisetetako aldarrikapenak ere desberdinak dira. Bilboko gaztetxeko slogana, Mano Negrarena eta beste ezagunen bat kenduta, alemanierazko eta ingelesezko hitzak dituzte kamiseta gehientsuenek. «Gegen Razismus» eta «NO means NO», zabalduenak.

        Hemen ere badira Negutarren abestiak buruz dakizkitenak. Azken disko zabaldu berriko abestiak egokitzen ez direnean, ahotsak sumatzen dira publiko artetik. Lehenengo ilaran daude, noski.

        Katak Paduako afalostean emandako aholkua ondo gogoan hartua dute Negutarrek. Gaurkoan praktikan jartzea erabaki dute, antza. Apal-apal hasi da kontzertua. Aurrera egin ahala, kemena nabariagoa da eta saioaren erditik aurrera dena emanda dabiltza.

        Fermin aklimatatu egin zaigu bapatean: Warten esanez aurkeztu du «Itxoiten» abestia. «Stop Hypocrisi, stop faszismus» oihukatuz, hurrengoa. Tituluen egokitzapenarekin batera animatu da jendea ere. Ziztuka, garrasika eta besoak altxatuz erantzun diote haren ahaleginari. «Borreroak baditu milaka aurpegi» abestiaren txanda heldu denerako garrak hartuta zebilen aurrealdea.

        — Respect for the Basque Country, respect for the Chiapas people!! Subcomandante Marcos! Ojalá sí que ya no haya que tirar más tiros!

        Ez nuen sekula ingelesez hizketan entzun. Jakin ere ez daki, egia esan. Baina memoria izugarri ona du Ferminek. Nekez ahanzten zaizkio entzundakoak. Abestirik maiteenetariko bat dut hauxe.

        — Ejercito Zapatista de Liberación Nacional. Gora Herriak! Ni un paso atrás, ni para coger impulso. Que viva Zapata, cabroneees!

        «Ustelkeria» abestiaren doinuarekin kantu berri bat egitera igo dira Wemean-ekoak. Silviak eta Sabinak mikro bana hartu dute. Auzitegira eraman dituen letra alde batera utzi eta Silviaren esku utzi dute abestiaren haria. Rap-eatzen ari da. Sabinak eztarri hotsak egiten ditu. Bertsioan jatorrizko letraren leloa bakarrik mantendu dute. Bost ahots entzuten dira, Ferminena, Silviarena, Sabinarena, Kakirena eta Iñigorena: «Jada ez nau ezerk harritzen, jada!»

        Ikusleek txaloka hartu dute bi taldeen bateratzea.

        — Danke! Agur!

        Orain bai. Euskal Herrian bezala gaude hemen ere. Hasieran ikusi dudanarekin oker epaitu dut Alemaniako giroa. Aho batez ari dira lehen ilarakoak:

        — Presoak kalera, amnistia osoa!

        Bira honetan orain arte entzun dudan esaldirik errepikatuena. Badu, ordea, belarrira jotzen didan zerbait: R-aren ahoskera.

        — Jo ta ke, irabazi arte!

        Berriro igo dira Negutarrak. Izerdi patsetan daude. Anestesia indartsu dator gaur, toreroen antzean pase bat eginda agurtu du jendea baxua hartu baino lehen. Karisma handia du deskantsatuta dabilenean. Asko betetzen du eszenatokia.

 

 

Bukatu berria duten kontzertuarekin pozik, nekearen errekuperazio prozesua izaten dena Wemean-eko neskekin berriketan jarduteko tartea bihurtu da gaurkoan.

        Ekitaldiaren arrakastaz elkarrekin gozatzen ari zirela, kazetari pare bat eta hiruzpalau zale amorratuk blokeatu dute kamerinoko sarrera. Arratsaldeko seietatik zain dituzte Süddeutsche Zeitung-eko elkarrizketatzaileak. Thomas-ek zalantzarik gabe onenak direla esan eta gelatik irteten ari zen unean sartu dira lotsati. Kontzertuan ikusi eta entzun dutenarekin liluratuta datoz hauek ere.

        Kakiri egokitu zaio jaramon egitea.

        Zigarroaren zuztarra bota eta kazetariek zeri buruz galdezka ari diren ikastera noala, aurrea hartu didate gazte batek eta Thomasek. Ozen hasi da hizketan, Negutarren eta neska koadrilaren solasaldia eteteko moduan:

        — Nork hartu du kamixeta berde bat eszenatokitik? Mutiko honena da. Kontzertuak iraun bitartean lasai dantzatzeko eszenatokian utzi du eta desagertu egin da bat-batean.

        Besoa altxa du Ferminek:

        — Nik hartu dut! Inguruko guztiei galdezka aritu naiz eta jaberik agertzen ez zenez, neronek hartu dut.

        — Sentitzen dut baina bueltatu egin behar duzu.

        Barrez hasi da Fermin. Jantzita darama eskatutako kamiseta berdea. Erantzi, beste bat jarri eta bueltatu egin du.

        — Labanderiara joan behar dugu lehenbailehen. Janzteko ezer garbirik ez dut jada.

        Kakik kazetariekin hizketan jarraitzen du bazterrean.

        — Thomas, etorriko al zara gurekin Berlinera?

        — Ezin dut. Hemengo lanen erantzukizuna nire gain dago.

        Barre egin diote. Inork ez dio ezezkoa sinetsi.

        — Irrika bizia duzu. Badakigu.

        — Gustatuko litzaidake, bai, baina ezin dut.

        — Erreserba egina duzu gure furgoian.

        Kezkati luzatu du irribarrea. Pentsakor dago.

        — Ezinbestekoa al zara Backstagen?

        — ... Saiatuko naiz joaten. Ez dizuet ezer agintzen.

        Anestesiak dieta egin behar omen du. Gorputza kexuka hasten zaionean, lasaitzea eta jakiak ongi aukeratzea du sendabidea.

        — Fruta eta yogurrarekin nahikoa dut. Akabo txerrikiak, akabo pikantea, akabo saltsak. Bospasei egun agoantatu beharko nituzke garbi janez, aurreko biran egin nuen moduan...

        Platanoa zuritzen ari da. Azken bi egunetan maiz entzun izan diodan doinua darabil ahoan: «Pentsatu nahi dut positiboki, pentsatu nahi dut positiboki, I wanna think...».

 

 

Goizaldeko hirurak. Jende gehiena joana da. Wemean-eko neskak, Simon eta Felsen ere eraman dituzte lotara. Gu izan ezik, bertan gelditu diren pertsona bakarrak antolatzaileak dira. Galder eta biok lo-zakuak prestatzen ari gara. Furgoian pasatuko dugu gaua. Negutarrak Thomasenera joango dira, honek Berlinera abiatu aurretik konpondu beharrekoak lotzen dituenean. Kolonian ere gurekin izango dugula entzun diet.

        Luzea da, antza, Thomasen eginkizunen zerrenda. Hiru t'erdiak. Negutarrak zain ditu atarian. Ez ditut ikusten baina sumatu egiten ditut. Furgoitik entzuten ditut haien harpa jotzeak. Hego haizeak jota dabiltza gaur, barre txoroak eraginda. Kantari ari zaizkio Katari:

        — Zenbat gera, bat, lau, hiru bost zazpi... Zer egingo degu, ezer ez... Araban bagare... Nola jarraitzen du, Kata? Ez gara letrekin gogoratzen.