Gure zinemaren historia petrala
Gure zinemaren historia petrala
1996, erreportaia
122 orrialde
84-86766-71-0
azala: Garbiņe Ubeda
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2015, nobela
2013, poesia
2011, nobela
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1998, kronika
1997, poesia
1995, kronika
1989, poesia
1987, ipuinak
 

 

Mutuak Tuteran hiztun

        Urte haietako zinema emanaldi bat izan zitekeena Mola jeneralaren biografoa izanen zen Jose Mª Iribarren nafarrak eman zigun. Luzeskoa bada ere, osorik ekarriko dizuet artikulua, era herrikoi eta kostunbristan deskribatzen diguna baliosa delakoan zinemaren eta herri xehearen artean zegoen harreman ez ahalkeen adibidetzat. Herriak, bere mokor eta mozkorrean, emanaldi soinudunak asmatu zituen filme sinkronizatuak heldu baino lehen:

        Ikuskizun berezi eta interesgarria ezagutu nahi duena datorrela Tuterara jai egunen batean eta eros dezala —goizez, ahal bada— sarrera bat Cervantes antzokirako.

        Menturaz aretoko usain ederrak zoratu eginen du. Menturaz dagokion aulkira doalarik hauteman ahal izanen du zangopean azalezko alfonbra baten zaparta (kakahuete, gaztaina, platanoen azalenak); baina bere gustuko zinema ikusi gabe jalgitzen baldin bada, zin egiten dizuet ez dela geldituko zinema «entzun» gabe, libertigarria guztiz.

        Bereziki antzeko aretoetan ibili baldin bada Tuteratik lekora, hemengo honek bihotza hartuko dio harritu beharraren beharrez. Handik harat, gainerako zinema aretoetan emanaldiak duen isiltasun hori, makinaren zarata apala entzuten uzten duen isiltasun hori, seriostasun trufagarria zaio idurituko, eta logale emangarria ausaz.

        Izan ere, Tuteran —erne, jaun-andreok— ikusleriaren zati handi baten adeitasunari esker, ezagutzen baititugu, urteak direla, zinemagintzaren azken asmakizunaren abantailak: filme mintzatuarenak.

        Hasteko eta bat, bisitariak nabarituko du hemen ozenki irakurtzen direla letreroak. Nehori amorragarria iduri lekiokeen honek abantaila ederrak ditu ordean bista laburreko ikusleendako, analfabetoendako eta argudioa puntuz puntu jarraitzeko (ni bezala) nagiak direnendako.

        Bakanak dira gainerako ikusleoi filmeen nondik norakoa ulertarazten diguten gizaki eskuzabal hauetariko bat ez duten aulki lerroak. Oilategiaren goialdean irakurtzaleak multzoa dira, eta hain suhar egiten dute beren lana, non batzuetan barregarri gelditzen diren: errateko maneran, hitz bakarreko idazkietan. Cervantesen egon gabeak ez daki zer den ¡Ivan! izenak edo ¡¡Ama!! hitzak dakarten zirrara laurehun eztarri larrituk erranda. Egizue kontu antzoki osoa lehertzen dela karkaila batean, erraleak berak barre egin arte!

        Baina «irakurle» hauek bertzeok informatzeko lana behar bezala betetzen ez badute, zonbait «esplikadore» dauzkagu ordezko, leku berezitan kokatuak. Esplikadoreek ahotsa gorarik komentatzen dituzte gertaerak, eta sinetsi ezineko zuhurtziaz aitzinatzen dizkigute jalgibideak eta akabantzak.

        Badaude «infantil» saioan egon eta «vermouth» saiokoei filmea kontatzen saiatzen direnak. Nik uste dut entrepresak filme desberdinak ematea erabaki baldin badu saio bietan, informatzaile atsegin hauek bigarrenari kentzen zioten interesagatik izan dela. Badaude aktoreen keinuak eta imintzioak hitzetan itzultzeko artea harrigarri menderatzen dutenak. Nik ere aitortu beharra daukat deitoratu egin dudala seietako saioa urte osoan alaitu zigun emakume jator baten mentsa oilategiko lehen lerroan.

        Baina kanpotarra harrituko duena beheko ikusleek aktoreei hitz eta irain egiteko, eta are aholku emateko duten konfiantza izanen da. Hau, artearekiko kulturarik eza iduri badezake ere, ez da gure oilategiaren bihotza «maite genuen hura galdu duena» bezain minbera delakotz baizik.

        Gure oilategia ohartu da filme guztiak biltzen ahal direla Ongiaren (protagonistak gorpuztua, ederra bera) eta Gaizkiaren arteko borrokan (zinemako traidoreak gorpuztua, biboterrea dauka eta saiheska egiten du irri). Horrengatik, pertsonaia biok elkar topatzen dutenean, ikusleriak, justiziaren maitale, sustatu egiten ditu «onak eta bere lagunek» harrapa ditzaten «gaizkilea eta bere morroiak» eta gaiztakeria guztien ordaina eman diezaieten.

        Batzuetan gaiztoenganako aiherkundea trufaz ematen da:

        «E, nolako zozoa! Pika baino ergelagoa duk hori!».

        Aitzitik, ikusleriak «onaganako» duen makurdura hain da beroa, non batzuetan arriskuak gaztigatzeraino heltzen den:

        «Kontuz, ate-gibelean zegok eta! Korri, harrapatuko hau bertzela!».

        Oilategiak, zinema arte mutua dela jakinik, bete egin nahi du eskastasun hau. Ez da azalduko ezkontzarik entzun gabe: «Hona... bota hona apur bat!», ez dei eginen ez dioten zakurrik, ez itxuratuko ez duten soinurik, halako moldez non anitzetan galdetu izan diodan nihauren buruari gure «neska motzen eta mutiko pijoen» berritsukeria honetan ez ote duten zerikusirik izanen «Pollico» gozokiek edo «Cabezon-en kaskahuetak».

        Baina, gure publikoaren ezaugarri ederrok alde bat utzita, nik uste dut ez dagoela Espainia osoan bera bezain «onbera» denik. Berdin zaio filme bat edo bertzea. Berari ez zaizkio ardura teknika, ez kamera, ez aktoreak. Onartzen ez duen bakarra akabantzako pota da. Maitale bien amodiozko agerpena fistukadarik minenarekin hartzen dute goialdean, butaketako ikusleek borroka bizian hasten direlarik berokien maukekin. Izan ere, iritsi baino geldialdi bat lehenago traste guztiekin korridorera jalgitzen diren atso-agure horien antza daukagu honetan tuteratarrok. Nekez ikusiko du nehork hemen jarrita fin.

        Ez pentsa zalaparta eta harramantza Erribera aldeko barazkia dela ezinbertzean. La Gaceta del Norte egunkariko zuzendaria zen Aureliano López Becerrak liburu oso bat egin zuen bilbotarrek zinema ikusterakoan egiten zituzten zelebrekeriez. Arazurik, aipatu lanean, honakoa erraten du iruñearrei buruz:

        Filmeak mutuak ziren, baina ez ohiko ikusleak oro har; hauek, filmeko une solemneak edo zirraragarriak ustekabeko erreferaz hornitzen zituzten, batzuetan gustu txarrekoak, bertzeetan barregarriak, baina beti ere [...] kakahuete eta laranja azal zaparrada jaurtitzen zutela pantailara.

        Inprobisaketa irrigarri honek zonbait entrepresari bizkorren burua argitu zuen... Soinu bereziak egiteko tramankuluak antolatu zituzten, ezkutuan, aretoan bertan. Hala egin zuten Gernikan, frontoian ematen ziren filmeekin. Soinu efektuak bere hartan egiten ziren, zuzenean, lonaz itxitako kantxatik bertatik. Tanpez itsas gatazka bat gertatzen da: pantailako kanoikadek soinulariek botzen dituzten suzirien zapartekin sinkronian behar dute. Hango soinua, hango kea, hango sutauts usaina...! Nekez emanen da zinezkotasun handiagorik. Soinuduna eta usaiduna, Gernikan zinema. Akorazatuaren kargek urpekontzia jo dute pantailan, alarma jotzen dute urpekontzian, eta orduan ontziolako pikategitik ekarritako tutuari eragiten diote morroiek. Arratsalde hartan zinemara joan ez ziren gernikarrek uste izan zuten sutan zeudela lantegiak...