Gure zinemaren historia petrala
Gure zinemaren historia petrala
1996, erreportaia
122 orrialde
84-86766-71-0
azala: Garbiņe Ubeda
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2015, nobela
2013, poesia
2011, nobela
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1998, kronika
1997, poesia
1995, kronika
1989, poesia
1987, ipuinak
 

 

 

        Emak bakia 1926an Man Ray-k egin zuen filme labur baten izena dugu: zoroa, ederra, librea, konposaketa geldoen eta mugimendu txipitan bizi diren objetuen arteko kontrakuntzak lantzen ditu. Peter Weiss-en arabera, filmeak garaiko posibilitate optikoak aztertu eta baliatzea bertze helbururik ez dauka. Ez diogu Weissi kasu emanen filmearen izena itzultzen duelarik, barkatu eginen diogu, merezi du eta, dramaturgo iraultzaileak. Euskara dela behintzat ikasi zuen. Zertara dator euskarazko izena Man Ray amerikarraren obra batean? Funtsik gabekoa iduri du, manamendu horrek ez du zerikusirik filmean gertatzen denarekin. Sagarrek eta torlojuek ez dute elkar larderiatzen ez poxelatzen. Baina nekez atzemanen zuen Rayk izen hoberik bere filmerako. Lan surrealista egin zuen, onirikoa, eta hartan objetuen arteko urruntasun teorikoak ematen dio indar plastikoa. Isidore Ducasse-k, Lautréamont-eko Kondeak, errana zuen atezu poetikorik biziena parasolak josteko makinarekin topo egiten duenean gertatzen dela, bereziki aurkitzea ebakuntza-mahaiaren gainean gertatzen baldin bada. Izan ere, ba ote dago ezer surrealistagorik —zinemagile yanki-paristar batendako, noski— bere abangoardiako filmea laborarien mintzaira bitxienean tupustez jasoriko erran arbitrario horretan izendatzea baino?

        Handik hagitz gerora, abangoardiako euskal margolari batek ...ere erera baleibu icik subua aruaren izen misteriotsuarekin bataiatu zuen bere marrazki-filmea. Mendeku txipi bat dugu hau. Sistiagak erabili zuen mintzaira asmatu horren fonema guztiak euskararenak izan balitezke ere, badu mezu ironikorik Man Rayrendako: ez iezaguzuela filmerik egin, eginen ditugu guhaurk. Euskara eta zinema nolabait josirik azaltzea —geroago argituko josiaren haria— ez da hain harrigarria 1971n. Berantetsirik ere, gure kulturak jakin izan du mendearen uhin artistikoetan murgil egiten. Patu gaiztoko Nikolas Lekuonaren collageak eta argazkiak izaten ahal ziren Man Rayren beraren jarraitzaile trebe batenak. Egun, artearen paradoxa, Emak Bakia (Baita) euskal literaturaren zirkulu azkar baten izena dugu.

        — Man Ray jota zegoan, sosik gabe, eta orduan aberats yanki artezale batek Miarritze inguruan zeukan etxea utzi omen zioan lan egin zezan. Baserritar bati galdetu omen zioan behin zer esan nahi zuen etxearen izen euskarazko hark. Orduan jakin zian sasimaizter zegoen etxearen izenaren esangura, eta huraxe hartu zian titulurako...

        Ruper Ordorikak ematen dizkidan argibideak dira. Hitz egiten dugu zinemaz eta Man Rayz. Badaki zer edo zer honetaz, Emak Bakia Baita-ko partaidea da. Bertze aukera bat sortu da:

        — Man Rayk Fichez-moi la paix! titulatu nahi izango zian beharbada bere filmea, eta orduan baserritarren bati galdetuko zioan nola esan behar zuen hori euskaraz... Bere filmea benetan surrealista izan zedin.

        — Zergatik baserritar bati? Ez ote gaituk ari folklorizatzen?

        — Ez... baserritarra yankiaren etxea zaintzen zuena zuan, lorategia jorratzen ziona, badakik... Folklorikoagoa izango zuan pilotari bati galdetu ziola esango bagenu!

        Filmea ezezik, Emak Bakia eskultura baten izena ere bada. New Yorken dago, Ruperrek ikusia du, zurezko gauzatxoa omen da. Man Ray lehen euskal eskultorea ote den hasi gara eztabaidaka, ez dugu uste hala izendatuta gaitzituko zitzaigukeenik...

        — Tira... garbi dagoena duk Emak Bakia lehen euskal filmea dela!

        Ruper Ordorikaren irriñoak ironia tanta maltzur bat dauka, erran sotil horrek anitz plegu ditu: paperean idatzita iduri duena baino luzeagoa da.