Schopenhauer, Nietzsche eta Spengler Jon Miranderen pentsamenduan
Schopenhauer, Nietzsche eta Spengler Jon Miranderen pentsamenduan
1989, saiakera
184 orrialde
84-86766-21-4
azala: Garbiñe Ubeda
Joxe Azurmendi
1941, Zegama
 
2000, poesia
 

 

1.14 Ezagupide parapsikologikoak

 

      Intuizio naturala, ikusi dugu, ia galdua dizu gizon modernoak, kristautasuna eta razinalismoa mediante. Harekin batera mitologia ere, gauza sinestu eta, beraz, ezagupide mota baten iturri bezala, galdu samarra dugu. Intuizio poetikoa geratzen zaio halere gizonari errealitatearen barnera iristeko. Eta, laugarren ezaguera iturria, bide parapsikologikoak ere geratzen zaizkio, banaka batzuei bederen.

      Intuizio poetikoa eta intuizio parapsikologikoa agian ez dago arras berdintzerik, baina azken-azkenean biek sustrai bera dizute. Beste leku batek agertuko digu hori. Antzinako herrien intuizio naturala, «jakintza goragoa»1, hala nola sorginen ahalmen bereziak ere, eta basajaunaren ikustea, etab., Mirandek espreski jartzen ditu parapsikologiarekin erlazioan, Sorginen Jainkoak saioan: «gogozko edo izpirituzko ahalmen berezi batzu zeduzkaten jendeak ziren sorginak, eta sorgintza, beraz, parapsikologiak ikertzen dituen gertakarien alorrean barna sartzen da»2.

      Mirandek bere Jakintza berri bat: psikologi gaindikoa-n modu askotako gertakizunak azaltzen baditu ere, hemen ezagupideari buruzkoak bakarrik hartuko ditugu aintzakotzat.

      Aipa ditzagun lehenengo Miranderi atentzioa eman dioten kasu batzuk:

      1. Irasorra edo hipnosia, zeren eta «zenbait aldiz garbi-ikusle bihurtzen zen hau (irasorria), hots, ezkutuak “ikusi” ohi zituen begien lagungorik gabe»3. «Zintzil ibilerazleek ere, batzuetan, berjakintzan edo berjakintza-petikoan ezin eduki zitzaketen berriak ikasten zituzten»4.

      2. Espiritismoa edo «bestaldeko arimekin har-emanetan» sartzea5.

      3. Telepatia6.

      4. Metagnomia deituriko edo «araugaindiko ezagutza» diferenteak7. Hemen gogoangarria da bere buruaz aitortzen diguna: «Neronek, saiaketa ernegarri batzu egin ditut arlo hontan mediumtasuna poxi bat daukan lagun batekin»8. Metagnomiako kasuok aipatzen ditu: «garbi-ikustea» edo asmatzea: «mediumak begiak hesten ditu, eta gogoa husten, eta begietaz baliatu gabe, hurbil edo urrun dauden zerak “garbi ikusten” ditu»9. Mirandek kasu hau ukigaizale edo materialistei ziztada bat emateko aprobetxatzen du bide nabar. Gero, kristalean, kafe hondarrean, kartetan, ikustea, etab.

      5. Aurretiko ezagutza edo geroa igartzea eskuarki profezia ohi deritzona10. Hemen ere bere buruaren kasu bat aipatzen digu: «neronek amets bat egin nuen haurtzaroan, geroko gertakari bat zehaztasun guziekin iragarri zidana»11. (Ez dakit zerikusirik baduen, baina Nietzsche gogoratzen du honek. Hamalau urte bete zituenean Nietzschek autobiografia bat idatzi zuen, eta amets konplituaren gauza bera kontatzen du: «garai hartan amets egin nuen... Nire ametsa osoki bete zen»)12. Arazo honek askatasunaren eta etikaren problema jartzeko aukéra ematen dio Miranderi13.

      6. Holakoak jeneralean kasu bitxi eta bakanak badira ere, Miranderen ustez «beste fenomenuak badira, ordea, txit usuago eta arruntago, edozein gizakiren gogok ukigai bati eragin dezakela erakusten digutenak: jaurtarri bat, joko ditare bat badut; jaurtitzen badut, alde berezi bat —seia, esate baterako— atera dadin sendo nahikatuz, ohartzen naiz seia maizago ateratzen dela ene nahimena ari izan ezpalitz baino»14.

      Ez naiz gehiago luzatuko, hau dena beste nonbait luzekiago azaldua dudanez15. Hau da seinalagarria: fenomeno guztiok Miranderen ustez «gizonaren izateaz egia zerbait irakats» liezaguketela16 eta «oraindar jakintsu gogo argi bat ezin egon liteke hartaz arretatzeke»l7.

      Herri mitologiaz eta sorginkeriaz, aldiz, hau dio Mirandek: «Ziur da azti eta sorginek benetan ekarri dituztela herrien “sineskeriak” aipatzen dituen zenbait mirari: izena baino lehen medium izan dira soilki» 18. Horrela esplikatzen da sorginkeria, besteak beste, ezagupide iturri bezala ere aintzakotzat hartu behar izatea, lehenengotik harrigarri gerta baledi ere.

      Ezagutza sakonaren lau iturriok, ordea, azken linean sustrai bat eta bera dute beti, ondorengoan ontologia ikustera iraganez ulertuko dugun bezala.

 

 

1 MIRANDE, J., IH 271. Gaian luzatzeko asmorik gabe, Schopenhauerek baduela, seinala genezake, saio luze bat berak ere fenomeno parapsikologikoez, oso gutxi ezagutzen dena: Versuch über Geistersehn und was damit zusammenhängt, cfr. WZB VII, 249-335.

2 Ib., 354.

3 Ib., 313.

4 Ib., 314.

5 Ib., 315.

6 Ib., 321 eta hur.

7 Ib., 325 eta hur.

8 Ib., 325.

9 Ib., 323.

10 Ib., 327 eta hur.

11 Ib., 328.

12 FOERSTER-NIETZSCHE, E., Das Leben F. Nietzsches. I. Derjunge Nietzsche, 1913, 21. Ezagunki, biografia honetaz ez dago gehiegi fidatzerik. Pasadizo hau alabaina jasoa dago baita ere in JANZ, C.P., F. Nietzsche. I. Infancia y juventud, 1981, 43.

13 MIRANDE, J., IH 328.

14 Ib., 339-340.

15 AZURMENDI, J., Mirande eta kristautasuna, 1978, 87-117.

16 MIRANDE, J., IH 319.

17 Ib., 318.

18 Ib., 342.