Jacques eta Nagusia
Jacques eta Nagusia
Milan Kundera
taldea: Bederen-1
1991, antzerkia
106 orrialde
84-86766-30-3
Milan Kundera
1929
 
 

 

Bigarren eszena

 

SAINT-OUEN: Lagun maitea! Mendekuan bakarrik pentsatzen dut orain! Zoritxarreko neska horrek biok iraindu gaitu eta elkarrekin hartuko diogu mendeku!

JACQUES: Bai, gogoratzen naiz, hortxe geratu gara. Eta zuk, Jauna! Zer erantzun behar diozu arratoitzar horri?

NAGUSIA (JACQUESengana bueltatzen da oholtza gainetik, erdiragarri eta negargarri): Nik? Begiraidak Jacques, begira lagun maitea, eta egizak negar nere zoritxarragatik! (SAINT-OUENi): Entzun, Saint-Ouen, prest nago zure traizioa ahazteko, baina baldintza batekin.

JACQUES: Brabo, Jauna! Ez utzi ziria sartzen!

SAINT-OUEN: Edozer gauza egingo dut. Burua bota behar al dut leihotik? (NAGUSIAk irribarre egin eta ixilik dago.) Urkatu egin behar al dut? (NAGUSIA ixilik.) Ito? (NAGUSIA ixilik.) Laban hau bularrean sartu? Bai, bai! (Alkondara zabaldu eta Laban bat bularrean jartzen du.)

NAGUSIA: Utzi laban hori. (Eskutatik kentzen dio): Lehenengo, edan dezagun zerbait, eta gero esango dizut zein baldintza izugarriren pean barkatuko dizudan... (Aurreko eszenetatik dakarren botila bat hartzen du.) Esaidazu, hain lizuna al da Agathe?

SAINT-OUEN: Ah, nik hainbestean jakingo bazenu!

JACQUES (SAINT-OUENi): Hankak luzeak al ditu?

SAINT-OUEN (JACQUESi erdi ixilka): Ezta hori ere.

JACQUES: Eta ipurtaundi ederra?

SAINT-OUEN (era berean): Olio ttantta baten modukoa.

JACQUES (NAGUSIAri): Ikusten dudanez ameslari bat zara, Jauna, eta are gehiago istimatzen zaitut.

NAGUSIA (SAINT-OUENi). Baldintza zein den esango dizut. Botila hori hustu eta gero Agathez hitzegingo didazu. Nolakoa den ohean. Zer esaten dituen. Nola mugitzen den. Zer egiten duen. Bere hasperenak. Zuk kontatu, guk edan, eta nik, imajinatu egingo dut...

 

SAINT-OUEN ixildu egiten da eta JACQUESen NAGUSIAri begiratzen dio.

 

NAGUSIA: Eta, konforme al zaude? Zer duzu? Hitzegin! (SAINT-OUEN ixildu egiten da.) Ulertu al duzu?

SAINT-OUEN: Bai.

NAGUSIA: Konforme?

SAINT-OUEN: Bai.

NAGUSIA: Orduan, zergatik ez duzu edaten?

SAINT-OUEN: Begira naukazu.

NAGUSIA: Konturatu naiz.

SAINT-OUEN: Altuera berdinekoak. Ilunpetan, bata bestearekin nahas gaitzakete.

NAGUSIA: Zer darabilzu buruan? Zergatik ez zara kontatzen hasten? Imajinatzeko amorratzen nago! Mekauen, ezin naiz gehiago egon Saint-Ouen. Kontatzea nahi dut.

SAINT-OUEN: Eskatzen didazu, lagun, nik Agatherekin pasatako gauetako baten xehetasunak emateko?

NAGUSIA: Zuk ez dakizu zer den andramina! Bai, eskatu egiten dizut! Gehiegi eskatzea al da?

SAINT-OUEN: Ez horixe. Gutxiegi da. Baina zer irudituko litzaizuke gau bateko xehetasunak eman beharrean, besterik gabe gaua lortuko banizu?

NAGUSIA: Gaua lortu? Benetako gau bat?

SAINT-OUEN (poltsikotik bi giltza atereaz): Txikia kaleko sarrerakoa da, handia Agatheren gelaurrekoa. Hara nola egiten dudan nik, lagun maitea, sei hilabetetik hona. Kalean gora eta behera ibiltzen naiz harik eta leihoan albaka ontzi bat azaltzen den arte. Etxeko atea ireki, itxi ixil-ixilik. Ixil-ixilik gora igo. Ixil-ixilik Agatheren atea ireki. Bere gela ondoan aldaleku txiki bat dago eta han eranzten naiz. Agathek gelako atea erdi irekita uzten du eta, ilunpetan, zain izaten dut ohean.

NAGUSIA: Eta zure tokia utzi behar al didazu?

SAINT-OUEN: Bihotz bihotzez. Baina gauza bat nahi nuke...

NAGUSIA: Ea ba, esan!

SAINT-OUEN: Bai ote?

NAGUSIA: Jakina ba, zuri atsegin ematea besterik ez dut nahi.

SAINT-OUEN: Munduko lagunik onena zara.

NAGUSIA: Ez zu baino txarragoa. Eta, zer egin dezaket zuregatik?

SAINT-OUEN: Eguna argitu arte bere besotan geratzea nahi nuke. Ni, ezer jakingo ez banu bezala iritxiko naiz eta ustekabean harrapatuko zaituztet.

NAGUSIA (barre lotsati batekin): Bikaina burutazioa! Baina ez al da krudelegia?

SAINT-OUEN: Ez hainbeste. Barregarria gehiago. Aurretik, aldalekuan erantziko naiz eta zuek harrapatzera noanean, egongo naiz...

NAGUSIA: Erabat bilutsik! Oh! Bizioso madarikatu bat zara! Baina egin al dezakegu hori? Ez daukagu biontzako giltzik...

SAINT-OUEN: Elkarrekin sartuko gara etxean. Elkarrekin erantzi eta zu joango zara bere ohera. Eta, nahi duzunean, keinu bat egin eta zuekin elkartzea besterik ez daukat!

NAGUSIA: Bikaina burutazioa! Berebizikoa!

SAINT-OUEN: Ados al zaude?

NAGUSIA: Erabat! Baina...

SAINT-OUEN: Baina...

NAGUSIA: Baina... ulertzazu... ez, ez, ados nago erabat. Baina, badakizu, lehengo aldirako, nahiago nuke bakarrik egon... aurreragoko batean, agian...

SAINT-OUEN: Ah, ikusten dudanez gehiagotan ere mendekatu nahi duzu.

NAGUSIA: Hain da mendeku gozagarria...

SAINT-OUEN: Zaude ziur. (AGATHE etzanda dagoen eszenatoki barrena erakusten du. NAGUSIA sorginduta bezala doakio eta AGATHEk besoak luzatzen dizkio...) Kontuz, poliki, etxe guztia lo dago! (NAGUSIA etzan egiten da AGATHEren ondoan eta besotan hartzen du...)

JACQUES: Zorionak, Jauna, baina beldur naiz zuregatik.

SAINT-OUEN (oholtza gainetik JACQUESi): Aizak, arau guztien arabera, morroiak poztu egin behar likek nagusia isekatua izan dela ikusita.

JACQUES: Nire Nagusia gizon jatorra da eta obeditu egiten dit. Ez dut atsegin beste nagusiek, jatorrak ez direnek, isekarik egiterik.

SAINT-OUEN: Hire nagusia ergela duk eta ergelen zoria merezi dik.

JACQUES: Gauza batzutan, agian, zozo samarra izango da. Baina zozokeria horretan aurkitu diodan jakinduria gozoa alferrik bilatuko nuke zure buru-ernean.

SAINT-OUEN: Hi, morroi bat, bere nagusia maite duela! Begirazak ongi nola amaituko den kontu hau berarentzat!

JACQUES: Oraingoz, zoriontsu da eta pozten naiz!

SAINT-OUEN: Hago pixkatean!

JACQUES: Oraingoz zoriontsu dela diot eta ez duela beste ezer behar. Zer eska dezakegu besterik une batez zoriontsu izatea baino?

SAINT-OUEN: Garesti kostako zaiok, zorion une hau!

JACQUES: Eta zorion hori balitz prestatu dizkiozun ezbehar guztiak pisurik gabe usteko haina handikoa?

SAINT-OUEN: Sartzak mihia ipurdiko zuloan, morroi. Usteko banikek ergel honi zorion gehiago eskaintzen diodala ezbeharrak baino, sartu egingo nikek benetan laban hau bularrean.

 

Oihuka hasten da bastidoreetara aldera.

 

        Ei, aizue! Zeren zain zaudete? Egunargitzera doa!