Ez da pale egiteko oldua
Ez da pale egiteko oldua
Alfonso Sastre
taldea: Goaz
1986, antzerkia
56 orrialde
84-398-6302-0
Alfonso Sastre
1926
 
 

 

«Goaz» antzerki taldea

 

(Euskal antzerkiak behingoz
sustarrak bota ditzan!)

 

      «Goaz» antzerki taldeak 1974. urteko abuztuan eman zituen bere lehen pausoak. Debak gerraostean izan zuen antzerki giro eta zaletasunaz jabeturik. Debako Gazteen Elkarteak egarri horri ur freskoa ematea erabaki zuen, horretarako egoerari aterabide bat ematea proposatu zuelarik.

      Urte haietan etorri berria zen itsasertzeko herrixkara hainbat euskal antzerkiren idazle eta zuzendaria den Lukax Dorronsoro. Gau ilun eta luzearen ondoren eguzki izpiek eguna adierazten duten bezalaxe, euskal antzerki zaletuek euskaraz eginiko antzerkiaren egunsentia sentiarazi zuten Lukax Dorronsoro zuzendari zelarik, «Goaz» antzerki taldea sortzea erabaki zutenean.

      Kasik 12 urtetako istorio luze honek hiru etapa ditu: lehena forma klasikoetan murgildurik aritu zena. Bigarrenik gorputz espresioa bide zelarik garatu zena.

      Eta azkenik hemen aurkezten dena.

      «Goaz»ek euskal antzerkiaren ohizko korronteetatik edateko parada izan du beraz. Historikoki euskal antzerkiak, testu komikoak nahiz tragikoak taularatzeko izan duen forma klasikoa ongi ezagutzen du. Eta horren ispilu dira «Senperen gertatua», «Hil biziak» eta «Xuri gorriak eta» antzeslanak.

      Lehen etapa hori 1978. urtean bukatzen da, izan ere urte horretan Peter Roberts mimo eskoziarra Euskadira etorri berra zelarik, honekin ikastaro bat burutzeko parada izan bait genuen, ondorioz higidura, mugimendua, plano puskaketak... hitz batean gorputzaren espresabidea deskubritu genuelarik. Horren ondorioak dira «Leherketa nuklearraren pantomina» eta «Gernika» antzeslanak.

      1983. urtea ezgeroztik aurreko biak lotu, esperientziak gehitu eta egungo antzerkiaren ildotik doan lan bat prestatu dugu. Komizidadez beteriko tragedia bat hain zuzen ere, hitz batean tragikomedia bat. Beraz atzerriko idazle haundi baten lana itzuli eta moldatu ondoren, hirugarren etapa honetako pauso garrantzitsuena ematera goaz «Ez da pale egiteko oldua» antzeslanarekin.

      Alfonso Sastre-ren lehen antzerkia da hau euskaraz errepresentatzen dena, eta horrek ardurarik sortu du «Goaz» antzerki taldean. Hala ere ardura hori onartu eta emaitza bilakatzeko prest gaude.

      Hiru etapa eta beste hainbeste helburu zehatz: euskaraz antzerkia egitea posible dela adieraztea, euskal ikuslegoa sortarazi eta bultzatzea eta azkenik bi horiek loturik euskal kultura ikuslegoari eskaintzea.

 

      «Goaz»ek buruturiko antzeslanak:

            — 1975.ean «Senperen gertatua».

            — 1976.ean «Hil biziak».

            — 1978.ean «Xuri Gorriak eta...».

            — 1983.ean «Gernika».