Beteluko balnearioko mirakulua
Beteluko balnearioko mirakulua
1985, antzerkia
48 orrialde
84-398-5470-6
Mikel Antza
1961, Donostia
 
2015, poesia
2012, nobela
2010, nobela
1987, ipuinak
1984, ipuinak
Iñaki Uria
1960, Zarautz
 
Beteluko balnearioko mirakulua
1985, antzerkia
48 orrialde
84-398-5470-6
aurkibidea
 

 

BIGARREN EKITALDIA

 

 

Lehen agerraldia

 

(Balnearioko bi-zero-zazpi gela. Erdian ohe zabala. Bertan bi mendixka. Intziriak, hitz maitagarriak argia egiten doan heinean. Bukatu da siestagaraia).

 

KARMENTXU: Azkenik, zu eta biok bakarrik!

A2-GIGOLO: Bai, Karmentxu...

KARMENTXU: Ez zara ehiztari txarra...

A2-GIGOLO: Zure «bultzadei» esker...

KARMENTXU: Oi! Joxemari, ez iezadazu horrelakorik gogorarazi, zatoz hona, nire besoetara berriz...

A2-GIGOLO: Non ote dago?

KARMENTXU: Zer galdu zaizu, maitea...

A2-GIGOLO: Non sartu ote da?

KARMENTXU: Ze galdu zaizu?

A2-GIGOLO: Aitortuko dizut... birjinitatea... lehen aldia izan da...

KARMENTXU: Benetan! Ez naiz konturatu ere egin ba, denbora guztian erakutsi didazun kemena, indarra, abilidadea, trebetasuna, safari batean piztiz inguraturik nengoela iruditzen zitzaidan... Ai! Joxemari, nire bizitzako unerik ederrena izan da!

A2-GIGOLO: Ba, oraindik hasi besterik ez gara egin eta.

KARMENTXU: Txoruaaa!

 

(Kanpokaldean zaratots izugarria aditzen da).

 

KARMENTXU: Zer izan da hori?

A2-GIGOLO: Zer?

KARMENTXU: Zarata hori.

A2-GIGOLO: Ohe hauek ez daudela horrelako enbatetara ohiturik...

KARMENTXU: Ez, ez, hor kanpoan izan da.

A2-GIGOLO: Ez kasorik egin, zatoz hona.

 

(Lehenagokoa baino zaratots haundiagoa).

 

KARMENTXU: Bai, bai, hor kanpoan da. Zoaz Joxemari, zoaz ikustera...

A2-GIGOLO: Tira ba, zu pozik uztearren joango naiz...

 

(Joxemarik aldegitean KARMENTXU tokadorera zuzentzen da, ohealdiaren ondoren joan zaion makillaia konpontzera, alai).

 

KARMENTXU: Oi, Karmentxu, pelukerian jakingo balute! Ze esperientzia. Baina zuk ez zenidan sinesten, ez zenuen uste lortuko nuenik, eta gainera harrikada bakarraz bi txori, hobe, zaharra gaztearen truk. Gaurtik aurrera aldatu da nire bizimodua, safariak, inpresio fuerteak... Zer? Zer diozu? Nire bihotzak ez lukeela jasan ahal izango inpresio txikiena ere? Ez al nago ba hemen, zure aurrean, oraintxe bertan bizitutako gertaera sineskaitz hori kontatzen...? Haragi gaztearen dardarrak nirea gaztetu dit.

 

(Ahots bat entzuten da kanpokoaldetik “je!” esanez).

 

KARMENTXU: Ze Joxemari? Zer zen zaratots hori?

 

(Berriro ere “je!” berdina aditzen da).

 

KARMENTXU: Joxemari?

 

(Atetik itzal bat sartzen da, urrats zailak eginez, uretan blai, ur-landareak zintzilik daramatzala, Fermin Makarregi “defuntua” dugu. Karmentxuri begira geratzen zaio. Karmentxuk bista altxa eta ispiluan isladaturik bere senarra “zenaren”irudia ikusten du).

 

KARMENTXU: Ai ama! Mirakulua! Begoñako Ama otoitz egiozu Jaungoikoari pekatari honetaz erruki dadin! Mirakulu gaiztoa! Gloptx!

MAKARREGI: Je!

 

(Emaztea hilik dagoela konprobatu ondoren, atealdera zuzentzen da).

 

MAKARREGI: Joxema! Joxema! Hator hona! Hau egina zeok eta!

A2-GIGOLO: Ze, astindu al dizkik hegoak?

MAKARREGI: Bai, azkeneko aldiz, zorionez. Bai eta orain, azkenik, zu eta biok bakarrik!

 

(Elkarri musu luze bat eman ondoren ohean murgiltzen dira besarkada estuan. Ohe azpitik zerbitzaria atera eta Karmentxuren gorpua besotan hartuz gelatik aterako du).

 

—ILUNA nagusitzen den bitartean—

 

 

Bigarren agerraldia

 

(Beteluko Balnearioko bi-zero-zazpi gela. Orduerdi beranduago. Eszenatoki erdian eta ohe aurrean aulki bat. Aulkian lotuta Fermin MAKARREGI kamiseta eta kaltzontziloa besterik ez daramatzala soinean. Plazerezko irrifar konfundigaitza ahoan, estutzen duten sokek sortua ezbairik gabe. Alboan Joxemari, betaurreko beltz, kate eta kaltzontzilo beltz motx batekin. Zigorra eskuan).

 

MAKARREGI: Gehiago, gehiago eta fuerteago, Joxema!

A2-GIGOLO: Nik ez diat minik egin nahi.

MAKARREGI: Jotzen ez banauk egiten didak min.

A2-GIGOLO: Ederki, hik nahi izan duk, hartzak!

 

(Zigorraz jotzen du).

 

MAKARREGI: Aaaaa!... Joxemaaa...

A2-GIGOLO: Zer?

MAKARREGI: Fabore bat egingo ai didak?

A2-GIGOLO: Nahi duana Maka.

MAKARREGI: Irakurriko ai didak poema bat?

A2-GIGOLO: Norena?

MAKARREGI: Hirea, noski, horiek dizkiat maitekoen.

A2-GIGOLO: Zein poema baina?

MAKARREGI: «Laku urdina» izenburutzat daramana.

A2-GIGOLO: Ez al da onegia izango zuretzat?

MAKARREGI: Ez, ez, nire bizitzan entzun dudan poemarik txarrena da...

A2-GIGOLO: Tira ba, ea non dagoen...

 

(Maletinan bilatzen du puska batean).

 

MAKARREGI: Azkar, azkar, ezin dut gehiago!

A2-GIGOLO: Hor doakik?

      Laku urdinaren kolorea daukate

      ene maitearen begiek.

      Urdinak, zerua bezala,

      Urdinak gure maitasuna bezala.

      Ez berdeak zuhaitzen ostoak bezala.

      Ez gorriak salmoneteen azala bezala.

      Urdinak, Donostiako (antzezten den herriko) autobusak bezala

      urdinak, Hertzainen udako kamisak bezala,

      urdinak, bostehuneko bileteak bezala,

      urdinak, (leku bakoitzeko zerbait urdina aipatu)

      urdinak, urdinak...

MAKARREGI: Ze txarra, aaa, zein ederki, ze txarra, txarra.

MAKARREGI eta A2-GIGOLO: Urdin, urdin

      mutxurdin

      egidazu faborez min!

      Urdin, urdin

      mutxurdin

      egidazu faborez min!

 

(Une honetan atea zabaldu eta BATISTA sartuko da gelan).

 

A1-BATISTA: Nahikoa diagu, ez?

A2-GIGOLO: Ze ostia, hik tardatu duk beharrezkoa baino gehiago, dagoeneko ez nekian zer egin!

A1-BATISTA: Ez zekiat ba hiri ere ez zaiken gustatu azkenerako...

A2-GIGOLO: Egon hadi isilik, babo zerria!

A1-BATISTA: Egiak beti min, «Urdin, urdin/ mutxurdin/ egidazu faborez min». Entzuteko modukoa huen.

MAKARREGI: Joxema, zer duk hau?! Bota ezak zerbitzari lerdo hori, ez dut nahi inork gisa honetara ikus nazan. Bota ezak!

A2-GIGOLO: Egon hadi isilik, honekin ari nauk ni orain.

MAKARREGI: Baina Joxema, gure amodio ezkutuaren izenean, aska nazak edo egintzak zerbait.

A1-BATISTA: Mingaina moztuko diagu ez bahaiz isilik egoten, txintxo-txintxo! Ez al gaituk ezagutzen?

MAKARREGI: Ez, ez, A! Zuek, bai, noski... je, je, ederki sartu didazue ziria! Ez al zineten zuek pailazoak? Oker al nago?

A2-GIGOLO: Bai, oker zaude, oraindik ez dizugu ziria inondik sartu, baina itxoin piska bat.

A1-BATISTA: Bai, nahiko pailazokeria egin genian hire despatxuko atean bost urtez. Egunero joan eta etorri, esku hutsik.

A2-GIGOLO: «Ministrari jauna batzartuta dago».

A1-BATISTA: «Ministrari jaunak ezin zaitzakete hartu».

A2-GIGOLO: «Ministrari jauna ez dago, bidaia garrantzitsu bat zuen gaur».

A1-BATISTA: «Zatozte aste bete barru».

A2-GIGOLO: Hire sekretaria guztiak ezagutu genizkian.

A1-BATISTA: Eta ez hituan gutxi izan. Bitartean gure antzerki taldea miseria gorrian, haurrentzako antzerki lan kaskar bat montatzeko ere ez zitzaigun dirua iristen. Zer esanik ez gure urdailak baretzeko.

A2-GIGOLO: Behin bakarrik ikusi genuen elkar. Bost urteren buruan despatxutik korrika eta presaka atera hintzeneko batean.

A1-BATISTA: Egun hartan zin egin higun hurrengo egunean zinatuko huela gure talderako subentzioa.

A2-GIGOLO: Egun hartan ere aurkeztu huen dimisioa.

MAKARREGI: Ez zen nire erruz izan! Nik ez nekien, nik ez nuen hainbeste diru denontzako, kontutan hartu nazio bat eraikitzean prioridade batzuk badaudela eta norberak ezin duela jokatu bere gustoen arabera, gizartearen beharrak ongi neurtu eta zehaztu behar dira, batzurentzat gaitza ekarriko badute ere, guztiontzat dakarte ona epe luzera begira. Hori ezin ahantz daiteke, gainera, kultura ez da ente abstraktu bat, kultura herritarrek herriarentzat egiten duten zerbait da, espresio askatasunaren azken espresioa. Baina espresio hori ere ez da ekonomia eta politikaren baldintzetatik at geratzen...

 

(Tarte honetan Zerbitzariak zapi bat hartu eta ahoa tapatuko diote MAKARREGIri).

 

A1-BATISTA: Honen modukoa izan huen hik guri eskeinitako espresio askatasuna. Guk, hala ere, painelu bat besterik ez diagu jarri. Arnasa har dezakek. Guri hori ere ukatu zeniguten. Hire dimisioak gertaera latzak erakarri zituen gure antzerki taldearen baitara. Pako eta Juan suizidatu egin hituen. Maria Bilboko «kabaret» batean ari da lanean. Pedromari Konpainia Nazionalean figurazioa egiten dabil ordudanik. Soinu eta argien teknikoa telebistako mantenimendu sailean sartu zen. Gu biok bakarrik geratu ginen, antzerkia zainetan, antzerkia ezin utzi, gure bizitza errepresentazio huts izatera kondenaturik, ezin bait genuen nahi genuena lortu, taula gainean lan egin.

A2-GIGOLO: Mendekua eskatzen zian horrek, ongi uler dezakean moduan. Eta gaurkoarekin bukatzen dugu gure antzerki langintza, hau da sekula eszenaratuko dugun azken obra, azken obraren azken emanaldia.

A1-BATISTA: Baina obraren amaiera iristear dagoelarik, ez nuke une hau ondorengoa esan gabe iragaiten utzi nahi: gogorarazi nahi nizkiake hire esaldi ponpoxo batzuk, hik hioen gaztetxo ginela eta urteek erakutsiko zigutela diruaren itzalera hurbiltzen, ezinbestekoa zela, bizitzak markatutako legea zela...

A2-GIGOLO: Hik hioen helburutan denok ados geundela, euskal sendia zela salbatu beharrekoa, euskararen supazter txokoan, arazoa helburu horiek lortzeko bidetan zegoela, hor ez ginela ados, baina bide horiek gobernuaren esku zeudela, eta gobernua gabe ez zegoela nora joan.

A1-BATISTA: Bai, eta gu hemen etorri gaituk, ez hiri kontuak eskatzera, baizik eta hire diruak lapurtzera.

A2-GIGOLO: Nahikoa hitzegin dugu, barkatu aspertu bazaitugu Ministrari jauna, hau besterik ez genizun esan nahi, eskerrik asko zure «subentzioagatik». Eta gurekin hain ongi portatu zarelako, ez zaitugu hilko.

A1-BATISTA: Ez, hor, armairuan jadanik usteltzen hasia den zure Karmentxurekin utziko zaitugu Makarregi jauna, solasaldi ederra izango duzuelakoan, heriotzak eramango zaituen arte behintzat.

 

(Pitxiak, erropak etabar hartuta, erreberentzia egin eta badoaz, Makarregi bakarrik utziz ILUNA egin arte).

 

 

Hirugarren agerraldia

 

(Gela bera, baina oraingoan hutsik, bapatean ohe atzetik bi irudi aterako dira, ANTZEZLE-1 eta ANTZEZLE-2, txotxongiloen higidurak imitatuz)

 

ANTZEZLE-2: Harrituta nago Zuzendari jauna, nola den posible Eusko Jaurlaritzak bultzatutako egoitza batetan ikusi ditugun bezalako gertaera latzak gertatzea?

ANTZEZLE-1: Egia esan neronek ere ez dakit, agian Prudentziok zerbait jakingo du.

 

(Berriro sartu eta bakoitza beste aldetik agertuko da).

 

ANTZEZLE-2: Zuk ba al duzu enigma honen soluzioa? E, Prudentzio?

ANTZEZLE-1: Ba, zerbait entzun dut, baina ez nago oso ziur, dena dela Batistari gai honi buruz zerbait bazekiela komentatzen entzun nion.

 

(Berriro sartu eta leku ezberdinetatik ateratzen dira).

 

ANTZEZLE-1: Zer? Nola gerta daitekeen horrelakorik gisa honetako egoitza batetan? Erraza da erantzuna, noizdanik izan ditu Eusko Jaurlaritzak konpetentziak Balneario kontutan, areago, Nafarroako lurraldean?

 

(Ohetik hartutako almohadoiekin elkarri joka desagertuko dira eta ITXITA jartzen duen kartel bat agertzearekin batera bukatuko da Beteluko Balnearioko Mirakulua).

 

—azken ILUNA—