Colometa usoa

Amaia Iturbide

"Diamantearen plaza"
Mercè Rodoreda
euskaratzailea: Maite Gonzalez Esnal
Elkar, 1994

        Maite Gonzalez Esnalen eskutik Mercè Rodoreda idazle kataluniarraren bi idazlan euskaraz irakurtzeko eta gozatzeko aukera daukagu: "Ipuin hautatuak" (Elkar, 1984) eta "Diamantearen Plaza" (Elkar, 1994).

        Narratzaile eta eleberrigile haundi honen beste idazlan batzuetan bezala, "Diamantearen Plaza" irakurtzeko gehien erakartzen duena bere estilo sinplea da, hitzaren zentzurik onenean. Hemen ez dago sarritan banitate intelektualaren ondorioa den zailtasunik, neurri gainezkako ezertxo ere ez. Tajuzkoa da, hala nola liburu-apalategi bat edo arasa bat. Arotzek, iturginek, igeltseroek edo jostunek, hots, ofizio apaleko jendeak hitz egiten duen modu tolesgabea eta bizitzatik jaioa aukeratu du Rodoredak. Emakume hizkera erabiltzen du, emakume sena eta psikologia, oihalen xehetasunak, uso-motak edo loreen arteko ñabardurak nonnahi daudelarik. Hitz egiten den bezala, emakumeok hitz egin ohi dugun bezala idatzia da "Diamantearen Plaza", eta alde horretatik niri Carmen Martín Gaiteren "El cuarto de atrás" gogoratzen dit.

        Gabriel García Márquez-en ustez guda zibilaren ondoren argitaratu den eleberririk ederrena den hau estilo zuzenaz kontatua dago; hizkera hurbila, konkretua baina literarioa, egunerokoa baina poetikoa delarik. Deskripzio txikiz, merzeria txikiz josita eta brodatua dago eta elkarrizketa freskoz. Hizkera zehatza eta sinplea da, esentziala eta doia, hori baita Mercè Rodoredarentzat bezala niretzat ere idaztea.

        Nobelaren protagonista berez Natalia izenekoa, baina Colometa izaerakoa, neska gazte bat da, apala eta bizitza zaila egokitu zaiona; hauskorra eta baita ere irmoa, bizitza aurrera ateratzeko enerjia zernahitik jasotzeko ahaleginetan beti; negar eta barre egiten duena etsipenetik itxaropenera. Bizitza naturaltasunaz onartuko du, egilearen esanetan "lehenengo planoan Colometa neukan, xaloa, sentimentaltasun izpirik gabe hartuko duen bizitzari aurpegia emanda: herriko jendeak hartzen duen bezala, sanoki". Horregatik une beltzak ez zaizkio traumatikoak izango. Emakume honek ingurua leuntzeko duen dohainagatik, gertatzeko duen dohainagatik, gertakari nekosoenetan ere aurrera aterako da. Bere jarrera erdi absurdo erdi ingenuoaz, zorrotza eta mingarria litekeena kamuts eta samur bilakatuko du, eta bere ahultasunak sorrarazten dizkion zorabio eta ametsen bidez fikzio eta errealitatearen arteko eraztunera jauzi txiki bat egingo.

        Leku batetik bestera uso dardarti baten gisa dabilen Colometa maitagarria zaigu bere hizkera, umore eta bere arima itxuraldakorragatik, baina batez ere pertsonaia inozentea delako.

        Natalia ez, Colometa, Colometa usoa.

Euskaldunon Egunkaria, 1995-09-10

 


www.susa-literatura.eus