Bizia bizitzen baizik ez eta

Itxaro Borda

"Diamantearen plaza"
Merce Rodoreda
euskaratzailea: Maite Gonzalez Esnal
Elkar, 1994

        Gure haur denboretako hangar-peetako usotegien urrina euskarara ekartzeaz eskertzekoa dugu Maite Gonzalez Esnal itzultzailea. Alahaina, "Diamantearen plaza" tituluarekin, Merce Rodoreda (1909-1983) idazle katalandar emankorrenetarik baten nobelan lehen ardura biltzen du uso urrin horren hitzezko oroitzapen segitzaleak. Oso urrina. Iraun-nahiaren ikurra bailitzan. Maite Gonzalezek bigarren aldiz, katalandarretik zuzenean gureratzen ditu Merce Rodoredaren solasak, taigabe memorietan aterbetzen direnak. Duela hamar urte juxtu, Elkar argitaletxeak "Ipuin hautatuak" oparitu zizkigun hain xuxen. Merce Rodoredak, "Diamantearen plaza" honetaz aparte, "Aloma" izenekoa idatzi zuen 1938an, Jaqueline Chambon Nimesko etxeak frantsesera pasatu zuena, horixe aspaldi. Bi obra hauetan, bai "Aloma"n eta bai 1960ko "Diamantearen plaza"n, oso nabari da emaztearen biziarekilako ikuspondua isladatzea lortzen duela izkribatzaleak. "Diamantearen plaza"n, emazte ezkondu baten hara-honarat agertzen dizkigu, Espainia larrutu zuen 1936ko gerla garaietan. Colometak, Quimet artesauarekin familiatuak, minak zorionak bezain "aise" jasaiten ditu, egunerokotasun dorpeari usu bai diolarik, gutitan oldartuz. Liburua orohar, gerla eta pentsamenduak gerorako galtzaleen sahetsean eraman zuten biziaren lekuko ilkitzen zaigu, egoeraren aztertzeko pretentsionerik gabe.

        Testu hunkigarriaren euskararatzea ez bide zaio erraz izan itzultzaileari, gertakariak harrokatzen baitira, diskurtsoaren planu horizontalean, funtsezko hausnarketa sakonetarik urrun. Itzultzaileak emakume kontaera kasik infantil honen erritmoa errespetatu du eta delako egoeraren azterketaren egitea irakurlearen esku dago. Lehen bezala orain ere.

        Katalandarrez, gazteleraz edo euskaraz, orrialdez-orrialde, hogeigarren mendeko testu handienetarik batekin gurutzatzen gara, irakurle xume garenok eta bizitza begimenean zartatzear daukagu.

Argia, 1994-10-16

 


www.susa-literatura.eus