Lehen liburua

Javier Rojo

"Umeek gezurra esaten dutenetik"
Uxue Apaolaza
Erein, 2005

        Uxue Apaolazaren lehen liburua da "Umeek gezurra esaten dutenetik" izenburua duen narrazio bilduma hau. Bestaldetik, idazle gaztea da, liburuan bertan adierazten denaren arabera, 198lean jaiotakoa baita. Bi datu hauek ezin dira ahaztu liburua irakurtzerakoan, bertan agertzen den ezaugarriren bat argiago ulertzen baita idazle hasi berriaren lehen liburuaren aurrean gaudela kontuan hartzen badugu. Narrazio oso laburrak (batzuk ia ez dira orrialde bakarretik pasatzen) eta pixka bat luzeagoak tartekatzen dira, eta alde batera uzten badugu idazleak batzuetan probokatzeko gogoa erakusten duela (hasiberria eta gaztea da, azken finean), narrazioak nahiko interesgarriak dira. Istorioek batzuetan zatikatuta daudela ematen dute, idazleak elipsi handiak erabiltzeko joera baitu, askotan paradoxa lagun. Gauzak horrela, ez da gehiegizko azalpenetan luzatzen eta irakurlearen gainera erortzen da moztuta gelditu diren haria eta erreferentziak betetzeko ardura. Istorio gehienetan pertsonen arteko harremanen ezintasunarekin egiten dugu topo, pertsonaien berezko egoera bakardadea izango balitz bezala, eta askotan pertsonaiak amildegiaren ertzean mugitzen direla dirudi. Idazleak, gutxienez, ez dio literatura egiteari muzin egiten.

El Correo, 2005-12-14

 


www.susa-literatura.eus