Bizipenaren kontakizuna

Mikel Garmendia

"Gertakizuna"
Annie Ernaux
euskaratzailea: Joseba Urteaga
Igela, 2003

      Kontakizun autobiografiko bat dugu aurrean, lazgarria eta sentikortasunez betea. Gertakarien sinpletasun bortitz eta krudelean kontatua, errelatu honetan 1964an, Gertakizuna idatzi baino hogeita hamazazpi urte lehenago, abortatu zuenekoa kontatzen digu Annie Ernaux-ek. "Domenique, nique, nique..."ren garaiak ziren hain zuzen ere, abortatzea gaizki ikusia ez ezik, delitu ere bazen garaian.

      Orainalditik idatziko digu, orainalditik oroimena estutuz. Lanak emango dizkio oroimenetik sentimenduak, orduko bizipenak erreskatatzeak. Lortuko du, alabaina, 1964an mundu guztiaren kontra abortatzea lortu zuen bezalaxe. Orainalditik egingo digu jauzi iraganaera. HIESaren froga egitera joan da 1999an eta parada horretaz baliatuko da Ernaux hogeita hamazazpi urte lehenago bizitakoa kontatzeko. Orainaldiko egoera erreal eta gordin batetik begiratuko die, beraz, abortatu behar izan zueneko hilabete gogor, erreal eta, era berean, gordinei. Gordin kontatuko digu gainera gertakizuna, gordin eta bere intimitatea guztiz azaleratuz.

      Bere buruarekin izan nahi du zintzo eta leial. Norekin, bestela? Bakarrik gelditu baitzen, eta hori izan zen, ziur aski, gogorrena: abandonatuta utzi zuten lagunek, mutilak, lagun ustezkoek, intelektual aurrerakoiek, gizarte hipokritak. Pertsona batek lagundu zion, eta pagatuta, gainera. Parisko karrika hotz hartan abortatzeko zunda jarri zion P.R. andreak, "aingerutxo-sortzaileak", Annie Ernaux-en hitzetan. Asmatu egiten baitu hitzekin Ernaux-ek, aingerutxo-sortzailea izango da abortatzen lagunduko dion emakumea, eta sakrifizioa, berriz, berak egindakoa.

      Eta esan dezagun, bidenabar, Joseba Urteaga itzultzaileak ere zintzo eta leial aukeratu dituela euskal ordainak bere itzulpen txukun honetan.

      Halako esperientzia gogorra bizi duenak errealitatea den bezala ikusi du eta horixe kontatuko digu zehatz-mehatz, itzulingururik gabe idazle frantziarrak. Aurrez aurre jarri zitzaion dena neska gazte hari, ikasle hari, haurdun gelditu zenean. Baliorik gabe gelditu ziren gainerako gauzak: ikasketak, janzkerak, irakurketak, lagunarteak... Denak ezabatu zituen barruan zeraman "porrot sozialak". Behea jo nuen eta bakarrik gelditu zen. Eta hori nola bizi nuen kontatzen digu: "Harro nengoen. Nabigatzaile bakartien, drogazaleen eta lapurren harrotasun beraz agian, besteei sekula joatea bururatuko ez zaien lekuraino iritsi izanaren harrotasunaz. Harrotasun horrek bultzatu nau seguruenik narrazio hau idaztera".

      Hala berean, etengabe kezkatzen duen kontra azalduko zaigu kontakizunean —maiz parentesi artean tartekaturik—, zergatik eta zertarako idazten duen, alegia. Kontu-garbiketa bat dugu, azken finean, bere buruarekin egiten duena. Eta erantzun ere, Anniek berak erantzuten dio kezka horri: "Idazkuntza premia bihurtu zait berriro".

      Iraganeko gertakizuna orainaldira ekarri digu egileak liburu honetan, eta teknika zinematografikoari esker —aditzak orainera ekarriz—, gertakizuna oraintxe bertan gertatzen ariko balitz bezala agertzen zaigu. Dakienak daki eta, batez ere, horrelako egoera bat bizi izan duenak daki. Annie Ernauxek, hori jakiteaz gain, ondo kontatzen eta idazten daki.

Gara, 2004-03-27

 


www.susa-literatura.eus