SALATZEN DUT...!

 

        Presidente jauna:

        Onartuko al didazu, egun batez egin zenidan harrera onaren esker onez, ongi merezia duzun ospeaz ardura nadin eta esan diezazudan zure izarra, hain zorionekoa orain artean, dagoen orbainik lotsagarrienaren eta ezin kenduzkoenaren mehatxupean dagoela?

        Onik atera zara gezur beltzetatik, bihotzak hartu dituzu. Arraitsu agertu zara Frantziarentzat errusiar aliantzak ekarri duena ospatzeko eginiko festa aberkoiaren gorazarrean, eta gertu zaude lanaren, egiaren eta askatasunaren gure mende handi hau azkenduko duen Erakusketa Unibertsalaren buru agertzeko. Baina nolako lokatz plapa zure izenaren gainean —zure erregetzaren gainean esatera nindoan— Dreyfus afera itsusi hau! Aginduak betez, Esterhazy errugabetzat jotzen ausartu da gerra kontseilu bat. Zafrada gaitza egia orori, justizia orori. Eta kito, Frantziak aldean du lohia, eta historiak idatziko du zure agintaldian burutu zela krimen sozial hau.

        Eurak ausartu direnez, ausartu egingo naiz neu ere. Eta justiziak berak osoro eta bete-betean egiten ez badu, neuk esango dut egia, hala zin egin baitut. Eta nire egitekoa da hitz egitea, ez dut konplize izan nahi. Bestela, han urrunean, berak egin ez duen krimena torturarik latzenaz ordaintzen ari den errugabearen mamuak aztoratuko lituzke nire gauak.

        Horregatik nator zuregana aldarrika, Presidente jauna, eta egia esango dut, egia gizon zuzenaren haserrearen oldarralditik. Zure gizatasuna ezagututa, ziur naiz ez dakizula zer gertatzen ari den. Eta nori salatu zuri ez bada, estatuko lehen epaileari, benetako errudunen jendekera gaiztoa?

        Lehenbizi, egia Dreyfusi egindako epaiketaz eta honi emandako zigorraz.

        Gizon ilun batek antolatu du dena, berak eraman du oro aurrera, Paty de Clam teniente-koronelak, orduan komandante huts zenak. Bera da Dreyfus afera guztia; eta ez dugu benetan ezagutuko ikerketa zintzo batek beronen ekintzak eta ardurak argitu arte. Berea da, nobelako azpikeriaz betea, izaerarik nahasiena, konplikatuena. Intrigetako nobelek gogoa hartuta, folletinetako baliabideetan gozatu da, ebatsiriko paperekin, gutun anonimoekin, jenderik gabeko parajeetan egindako hitzorduekin, gauez froga larriak eramaten dituzten emakume misteriotsuekin. Bere asmakeria izan da Dreyfusi oharra diktatzearena; berea izan da hau ispiluz jositako gelan ikertzearena; bera da Fornizetti komandanteak kontatu digun moduan, kriseilu estali bat eskuan, lotan zegoen akusatuaren ondora sartzen ahalegindu zena, eta honen aurpegi aurrean argi zakar bat ezarri zuena, horrela, bat-bateko iratzarrian, krimenaz jabe zedin. Eta ez dut dena esan, bilatzen duenak, izango du zer aurkitu-eta. Nik hau besterik ez diot, Paty de Clam komandantea, Dreyfus aferaren instrukzioaz arduratu den epaitegiko ofiziala dela, datei eta ardurei dagokienez, egin den akats lazgarriaren errudun nagusi.

        Ohar susmagarriak denboratxoa zeraman Sandherr koronelaren eskuetan. Informazio bulegoko buru, perlesiak jota hil zen handik gutxira. Prozesuko datuetan, "isuriak" izan ziren, paperak desagertu ziren, egun desagertzen segitzen duten bezala; eta oharraren egilearen bila zebiltzan, Agintaritza Goreneko ofizial bat, artilleriako ofizial bat zela esan zenean: huts bikoitz nabarmena, eta papertxoa zein arin aztertu zen erakusten duena, gainera, zeren zentzu apur batekin eginiko azterketa batek garbi erakusten baitu ez zitekeela infanteriako ofizial bat besterik izan.

        Etxea arakatu zen, idazkiak aztertu, senide arteko afera zirudien, traidorea bulegoetan bertan aurkitu nahi zen, kanporatzeko. Eta, neurri batean ezaguna den istorioari berriro ekin nahi izan gabe, hara non, Dreyfusen gainean lehenengo susmoa agertu orduko, Paty de Clam komandantea azaltzen zaigun bertan. Ordutik aurrera, bera da Dreyfus asmatu duena, afera bere afera bihurtuta, traidorea nahasten ahalegindu dena, hau berak nahi duen aitorpen guztietara eraman duena. Eta hor dugu Gerra ministroa ere, Mercier jenerala, ez oso gizon argia dirudienez; eta Agintaritza Goreneko buru den Boisdeffre jenerala, elizkoitasunak beratua, antza; eta Agintaritza Goreneko bigarrena, Gonse jenerala, zeinaren kontzientzia malgua gertaera askotara moldatu den. Baina, azken finean, Paty de Clam dago ororen gibelean, honek maneiatzen ditu guztiak, eta hipnotizatu ere bai, ez alferrik espiritismoaz, okultismoaz ere arduratzen baita, bai, espirituekin mintzo da. Ez sinestekoa da Dreyfus gizajoak pairatu duena, sarean harrapatu nahian egin zaizkion amarruak, galdeketa aldrebesak, asmakizun beldurgarriak, zein eromen mingarria!

        A! Lehen parte hau, amesgaizto hutsa da benetako xehetasunak dakizkienarentzat! Paty de Clam komandanteak Dreyfus preso hartu eta inkomunikatu egiten du. Segituan, Dreyfus anderearen etxera joan, ikaratu, eta diotso hitz egiten badu bere senarra galdua dela. Bitartean, dohakabeak, bere azala urra eta urra, orroka, errugabea dela dio aldarri batean. Eta horrela eraman da aurrera instrukzioa, XV. mendeko kronika bat balitz bezala, ilunpean, txosten mukerren nahas-mahasean, ume susmo bat, ohar mengel hori duela oinarri; gainera, ez dena soilik salaketa arrunt bat, iruzur lotsagabea baizik, zeren eta saldu ziren ditxosozko sekretuek ere, hutsaren hurrena balio zuten. Eta ekin eta ekin ari banaiz, bartza hor dagoelako da, eta bertatik sortuko delako benetako krimena, justiziaren ukatze beldurgarria, Frantzia gaixorik daukana. Eta nik epai-akatsa nola gertatu ahal izan zen erakutsi nahi dut, nola hau Paty de Clam komandantearen zapokeriatik sortu zen, nola Mercier jeneralak, nola Boisdeffre eta Gonse jeneralek beren burua harrapatzen utzi duten, nola engaiatu duten pixkanaka-pixkanaka biek zuten ardura eginbehar moduan hartu duten akats honetan, gero, egia santua balitz bezala saltzeko, ezbaian jarri ezin den egia santua. Hasiera batean, ez da egon hauen aldetik zabarkeria eta bururik gabeko jokaera besterik. Askora jota, inguruaren sugar erlijiosoari eta armakideen arteko larderiari eman diote amore. Eta segi zantarkeriarekin.

        Eta horra Dreyfus gerra kontseiluaren aitzinean. Ateak giltzatuta epai dezaten eskatzen da. Traidore batek Alemaniako enperadorea bera Notre-Dameraino eramateko arerioari muga-langak zabalduko balizkio ere, ez litzateke isiltasun eta misterio neurri zorrotzagorik eskatuko. Nazioa durduzatu egiten da, gertaera lazgarriak, Historia sumintzen duten traizio higuingarriak dabiltza aho-mihietan, eta normala den bezala, nazioa limurtu egiten da. Ez dago nahikoa zigor gogorrik, degradazio publikoa txalotzen da, infamiaren haitzari lotua ikusi nahi da erruduna, arrangurak errea. Beraz, bada aipa ezin daitekeen, Europa guztia nahas dezakeen moduko gauza arriskutsurik, kontu handiz lurperatu beharra dagoen zerbait ate giltzatu hauetatik barne? Ez! Hemen ez dago Paty de Clam komandantearen irudimen gaixo eta nobeletakoa baino. Honek guztiak ez du beste helbururik folletoi-eleberri sinesgaitzena estaltzea baino. Eta ziur egon gaitezen, nahikoa da gerra kontseiluaren aurrean irakurri zen salaketa-akta arretaz aztertzea.

        A! Salaketa-aktaren ezereza! Gezurra dirudi gizon bat akta horretan, okerbide ikusgarri horretan esaten direnekin zigortzea. Erronka egiten diot jende zintzoari irakur dezan, ezetz bihotzak sumindu gabe apalik eta bozatuta mantendu, errugabea betetzen ari den neurri gabeko zigorra datorkiola gogora, han, L'île du Diable-n. Dreyfusek hizkuntza asko dakiela, krimena; ez dela bere etxean ezertan nahasten duten paperik aurkitu, krimena; tartean-tartean sorterrira itzultzen dela, krimena; langilea dela, jakinmina duela, krimena; ez dela asaldatzen, krimena; asaldatu egiten dela, krimena. Eta idazkeraren lañoa, hutsean egindako baieztapen formal horiek! Esana ziguten hamalau zirela zeuden salaketak: azken beltzean bakarra baino ez da ageri: ohar susmagarriarena; eta areago, badakigu adituak ere ez datozela hitz-batu, eta horietako bat, M. Gobert, militarrek estutu dutela, nahi zenarekin bat ez zetorrelako. Euren lekukotza Dreyfusen kontra ematera zetozen hogeita hiru ofizialen berri ere eman zitzaigun. Ez dakigu zer galdetu zitzaien, baina badakigu denek ez zutela salatu, gainera, esan beharra dago, denak ziren Gerra Ministeriokoak. Etxe barruko kontua da, euren artekoa, eta ez da ahaztea komeni: Agintaritza Gorenak nahi izan zuen prozesua, berak epaitu zuen eta bigarrengoz ere berak epaitu berri du.

        Eta horrela, ohartxo hori besterik ez zen geratzen, eta honezaz adituek ez zetozen bat. Esaten da, kontseilu aretoan, gatibua errugabe jotzera zihoazela. Eta ordudanik, tema etsitu hau ikusirik, zigorra justifikatu behar-eta, gaur egun non dioten badela agiri sekretu bat, erabatekoa, erakuts ezin daitekeen dokumentua, dena egiaztatzen duena eta zeinaren aurrean makurtu beharra dugun, Jainko on ikusgaitz eta ezagutezina. Agiri hori ez dago inon, neure indar guztiekin diot ez dela horrelakorik! Dokumentu barregarria, bai, beharbada neska txikiei buruzko paper batzuk, non D... delako gizon zorrotz batez ere hitz egiten den: emaztearengatik gehiegi ordaintzen ez zioten senar bat, antza. Baina nazioaren defentsari ardura dion dokumentu bat, gerra berehala biztu gabe agerira atera ez daitekeena, ez, ez! Gezurra! Eta are gorrotagarriagoa eta zinikoagoa dena, gainera: badakitelako ez dutena inongo zigorrik jasoko ari dira gezurretan, eta ezin ditu inork honezaz konbentzitu. Frantzia guztia harrotzen dute, eta legezko emozio baten atzean gordetzen dira, ahoak itxiz bihotzak larritzen dituzte, arimak gaiztotzen dituzte. Nik ez dut giza krimen gaitzagorik ezagutzen.

        Hona hemen, Presidente jauna, nola heldu garen epai-akats batera; eta froga moralak, Dreyfusen egoera sozialak, motibo ezak, behin eta berriro errugabea dela aldarrikatzeak Paty de Clam komandantearen irudimen mugagabearen, apaizkeria giroaren eta gure garaia laidotzen duen "judu zikinen" ehizaren biktima gisa agertzen dute.

        Eta honela heltzen gara Esterhazy aferera. Hiru urte igaro dira, giza barren askok arrunt durduzaturik darraite, artegatu egiten dira, bila hasten dira, eta azkenean, Dreyfusen errugabetasunaz jabetzen dira.

        Ez dut M. Scheurer-Kestnerren hasierako zalantzen eta amaierako uste osoen historia egingo. Baina, bera bere aldetik xerka zebilen bitartean, gertakari larriak jazo ziren Agintaritza Gorenean. Sandherr koronela hil egin zen eta Picquart teniente-koronelak hartu zuen haren kargua ikerketa bulegoaren burutzan. Eta lan horretan, bere lanetan zebilela, hara non egun batean atzerriko indar bateko agente batek Esterhazy komandanteari igorritako telegrama-gutun bat heltzen zaion esku artera. Bere egitekoa ikerketa bati ekitea zen. Segurua da ez zuela ezer egin nagusien borondatetik kanpo. Horrela, zer susmo zituen jakinarazi zien hierarkian gorago zituenei, alegia, Gonse jeneralari eta baita Boisdeffre jeneralari eta Billot jeneralari ere, Mercier jeneralaren ordez jarria hau Gerra ministro karguan. Hainbeste hitz harrotu duen Picquart txostena ez zen Billot txostena baino, hau da, manupeko batek bere ministroarentzat eginiko dosierra, oraindik Gerra Ministerioan hor nonbaiten egongo dena. Ikerketak 1896ko maiatzetik irailera bitartean burutu ziren, eta argi eta garbi esan beharra dago, goraki, Gonse jenerala oso-osoan zegoela Esterhazy zela erruduna, eta Boisdeffre jeneralak eta Billot jeneralak ere, ez zutela zalantzan jartzen oharrekoa Esterhazyren idazkera ez zenik. Ziurra den froga honetara eraman zituen Picquart teniente-koronelaren txostenak. Baina ezinegona handia zen, Esterhazy erruduntzat joz gero Dreyfus prozesua berrikustera behartuko zuelako, eta hori zen hain justu Agintaritza Gorenak inondik inora nahi ez zuena.

        Egon behar zuen orduan itomen beteko minutu psikologiko bat. Ohartu Billot jeneralak ez zuela inongo konpromisorik, heldu berria zen, egia atera zezakeen argitara. Ez zen ausartu, ordea. Iritzi publikoari zion beldurra, Agintaritza Goreneko guztiak salatzeari, Boisdeffre jenerala, Gonse jenerala... hauen manupekoak kontuan hartu gabe. Ez zen minutu bateko borroka baino izan, alde batetik, bere sinesmena zegoen; bestetik, berak interes militarra uste zuena. Minutu hau pasa zenean, beranduegi zen. Bera ere engaiatua zegoen, lotua zegoen. Gerora, orduan zuen ardura gero eta handiagoa egin da, bere gain hartu ditu besteen krimenak, eta besteak bezain erruduna da, areago, besteak baino errudunagoa da, justizia egiteko ardura izanda, deus egin ez duelako. Ulertzen duzu hau? Bada urtebete Billot jeneralak, eta Boisdeffre eta Gonse jeneralek Dreyfus errugabea dela dakitena, eta beren kolkorako gordea dute egia lazgarri hau! Eta lasai lo egiten dute, eta maite dituzten emazteak eta haurrak dituzte!

        Picquart teniente-koronelak gizon prestu bati dagozkion egitekoak egin zituen. Behin eta berriro hitz egin zuen justiziaren izenean nagusien aurrean. Egia jakin orduko gainera zetorkien ekaitza lehertu egingo zela ikusirik, arren eta arren, atzerapenak nabarmenak zirela adierazten zien. Beranduago M. Scheurer-Kestnerrek Billot jeneralari egin zion eskaeran erabili zuen hizkera bera zen, abertzaletasunaren izenean afera esku artean hartzeko esan zion, ez zezala hondamen publiko bilakatu arte larriagotzen utz. Ez! Krimena burutua zegoen, Agintaritza Gorena ez zitekeen horren errudun agertu. Horregatik, Picquart teniente-koronela urrun, gero eta urrunago bidali zuten, Tunisiaraino azkenean, non eta bere ausardia saritze aldera, Moresko markesa hil den parajeetara heldu zen azkenik, misio batean heriotza aurki zezan. Ez zegoen guztizko zorigaitzean, ordea, Gonse jeneralak mantentzen zuen lagun arteko hartu-emanik berarekin. Inoiz jakin beharreko sekretu baten berri izan zuela bakarrik.

        Parisen, jarkigaitz, egia argitzen hasia zen, eta badakigu nola lehertu zen ekaitza. M. Scheurer-Kestnerrek zigiluzainaren aurrean prozesua berrikusteko eskaera egiten zuelarik, Mathieu Dreyfusek Esterhazy komandantea salatu zuen oharraren benetako egile gisa. Orduan agertzen da Esterhazy komandantea. Lekukotzek erotuta dagoela erakusten dute, bere burua hiltzeko edo ihes egiteko gertu. Bat-batean, dena aldatzen da, ausart agertzen da, duen jarrera oldarkorrak Paris harritzen du. Laguntza heldu zitzaion. Etsaien jukutrien berri ematen zion gutun anonimo bat jaso zuen. Emakume misteriotsu batek, gauez, Agintaritza Gorenean ebatsitako dokumentu bat helarazi zion, horrexek salbatuko zuen. Eta nik, haren irudimen oparoa ezagututa, ezin dut honetan guztian Paty de Clam teniente-koronelaren eskua ez ikusi. Bere ekintza, Dreyfusen hobena, arriskuan zegoen, eta ziur ondo gorde nahi izan duela. Prozesuaren berrikuspenak folletoiaren hondamena esan nahi zuen, hain erosta, hain tragikoa non amaiera higuingarria L'île du Diablen gertatzen den! Hori da berak ezin onar zezakeena. Ordutik aurrerakoa da Picquart teniente-koronelaren eta Paty de Clam teniente-koronelaren arteko dueloa, bata, aurpegia garbi, bestea, mozorrotua. Handik gutxira ikusiko ditugu biak justizia zibilaren aitzinean. Eta funtsean, Agintaritza Gorena, beti babesean, eta narda ordutik ordura handitzen ari den arren, obratu duen krimena aitortu nahi ez duela.

        Harriduraz galdetu izan da zein ziren Esterhazy komandantearen babesleak. Lehenengo eta behin, itzalean, dena gordeka elkartu duen Paty de Clam teniente-koronela, jakina. Bere eskua hor agertu da nabarmen hankarik eta bururik gabeko jokaeretan. Gero, Boisdeffre jenerala dago, Gonse jenerala, Billot jenerala bera, komandantea babestera behartuak denak, eta gerra bulegoak jendearen gutxiespen artean hondora ez daitezen, Dreyfusen errugabetasuna onartzen utzi ezin dutenak. Eta egoera sinestezin honen emaitza gaitza hau da, denetan gizonik zintzoena dena, zegokiona bete baino egin ez duen Picquart teniente-koronelari egingo zaiola trufa eta bera izango dela zigortuko den biktima. O, Justizia! Zein atsekabe tristek estutzen du bihotza! Eta bera dela gezurtia ere esango da, berak egina dela telegrama-gutuna Esterhazy galtzeko. Jainkoarren! Zergatik? Zein helbururekin? Emadazu arrazoi bat. Horri ere juduek ordaindu diote? Eta politena zera da, hain justu antisemita dela. Bai! Ikuskizun infame baten aurrean gaude, ohorea bera, tatxarik gabeko gizonaren ohorean jotzen da zorrez eta krimenez zikindutakoen errugabetasuna aldarrikatzeko. Eta gizartea hona heltzen bada, ustelbidean da.

        Hau duzu, Presidente jauna, Esterhazy afera: errugabe legez azaldu behar zen erruduna. Bi hilabete ondoren, orduz ordu jarrai diezaiokegu egindako badaezpadako lanaren arrastoari. Eta ez naiz luzatuko, handi-aurkiak emanda, hau ez baita egunen baten behar adina luze idatziko diren orri sutsuko historiaren laburpena baizik. Ikusi dugu Pellieux jenerala, eta baita Ravary komandantea ere ikerketa lotsagarri bat egiten, sabelzuriak mudaturik ager daitezen eta zikindurik jende ona. Gero, gerra kontseilua deitu dute.

        Nola esperoko dugu bada gerra kontseilu batek beste gerra kontseilu batek egindakoa desegitea?

        Nik ez diot ezer epaileen betiereko hautaketaz. Soldadu hauek odolean daramaten diziplinaren ideia gorena ez da nahikoa ezein berdintasun-asmo itotzeko? Diziplina dioenak menpetza dio. Nagusi gorenak, Gerra ministroak publikoki eta ordezkaritza nazionalaren aldarrien aurrean epaitu denaren gaineko manua publikoki adierazi duenean, gerra kontseilu batek formalki gezurtatzea nahi duzu? Hierarkikoki, ezinezkoa da. Billot jeneralak, egin duen deklarazioaz, bere nahierara erabili ditu epaileak, eta hauek, arrazoitu gabe, gerrara balihoaz bezala epaitu dute. Aurrez mamitua zeramaten iritzia hau zen, dudarik gabe: "Dreyfus traizioagatik zigortu zuen gerra kontseilu batek, beraz, erruduna da; eta guk, gerra kontseiluak, ezin dugu errugabetzat jo; ezen eta ongi baitakigu Esterhazy erruduntzat hartzea Dreyfusen errugabetasuna aldarrikatzea dela". Ezerk ez zitzakeen hortik atera.

        Hemendik aurrerako gure gerra kontseilu guztietan arrastoa utziko duen epai okerra eman dute, beren ebazpen oro susmoz ilunduko duena. Lehenbiziko gerra kontseilua baliteke zabarra izatea, bigarrena, ordea, ezin kriminalagoa da. Eman duten aitzakia, esan dut lehen ere, nagusi gorenak hitz egin zuela izan da, adierazi zuela epaitutakoa erasoezina dela, gizakiaren gainetik dagoen epai santu eta goitikoa, mendean daudenek horrela kontrako ezer esan ez dezaten. Armadaren ohoreaz hitz egiten zaigu, maita dezagun nahi da, errespeta dezagun. Bai lehenbiziko mehatxuaren kontra jaikiko litzatekeen armada, frantziar lurra gordeko lukeena, bera baita herria, eta ez dugu honentzat samurtasuna eta errespetua baizik! Baina ez gara, geure justizia gosean, doi-doietan duintasuna izango lukeen horretaz ari. Sableaz ari gara, ausaz bihar emango zaigun jaun nagusiaz baizik. Eta sablearen sagarra jaieraz jaitsi, Jainkoarren, nola bada!

        Bestalde, erakutsi dut: Dreyfus afera gerra bulegoen afera izan da, Agintaritza Goreneko ofizial bat, Agintaritza Goreneko nagusien presioa dela-eta Agintaritza Goreneko bere burukideek salatzen dutena. Beraz, berriro diot: ezin ager daiteke errugabe Agintaritza Goren guztia errudun agertzen ez bada. Horregatik, prentsa kanpainak, komunikazio oharrak, bateko eta besteko indarrak... ahal diren bitarteko guztiak erabilita babestu dute bulegoek Esterhazy, Dreyfus bigarrengoz hondoratzeko. Nolako garbitualdia eman beharko lukeen gobernu errepublikarrak Billot berak deitzen duen bezala, jesuiten habia horretan! Non da dena berri-berritik egingo duen benazko ministerio sendo eta aberkoia? Nik ezagutzen dut jendea, balizko gerra baten aurrean, zinez larritzen dena badakielako noren eskuetan dagoen nazioaren defentsa! Eta zer intriga, zurrumurru eta bon-bonkeria zulo bihurtua dago aberriaren etorkizuna erabakitzen den aterpe sakratua! Beldurtzekoa da Dreyfus aferak zulora dakarren argitasuna, dohakabe baten giza sakrifizioa, "judu zikin" batena. A! Denetik astindu da bertan, eromena eta ergelkeria, burutaziorik zoroenak, azpi-poliziaren praktikak, inkisizio eta tirania azturak; Estatu-arrazoiaren estakuru zuri eta sakrilegoaren aitzakiapean, egiazko eta justiziazko oihua eztarrian gorde eta nazioa zapaltzen duten galoidunen plazer gozoa!

        Eta krimena da prentsa zikinaz baliatzea, Parisko jendekera guztiak babesten uztea, halako moldez non, zuzenbidea eta gizalegea zapuztuta, sabelzuriek lotsagabe irabaz dezaten. Krimena da Frantzia nahastu nahi izanaz salatzea, nor eta, eskuzabal, hau nazio libre eta justuen buruen nahi duten horiek, gizatxar zitalek mundu guztiaren aurrean zabaldu nahi duten erruaren konplot zirtzila azpikatzen duten bitartean. Krimena da zeregin hilgarriz baliatuz eromeneraino usteldu den iritzia bere bidetik ateratzea. Krimena da txikiak eta apalak pozoitzea, oldartze eta intolerantzia pasioak biztea, eta atzetik, zaintzen ez bada, giza eskubideen Frantzia liberala hilko duen antisemitismo herrakorra babestea. Krimena da abertzaletasuna gorroto lanetarako erabiltzea, eta krimena da, azkenik, giza jakintza guztia egiazko eta justiziazko obraren alde lanean ari den bitartean, sablea bihurtzea gaur egungo jainko.

        Denok bihotzez nahi dugun egia hau, justizia hau, zer atsekabe orain horrela zafraturik, ezezagunago eta ilunago ikusita! Susma dezaket zenbaterainokoa den M. Scheurer-Kestnerren arimaren hondamendia, eta uste dut, azkenean, barrengo harrak helduko diola Senatuaren aurreko interpelazio egunean ez zuelako era iraultzailean jokatu, fardela gainetik kendu eta bertan behera ez botatzean. Bera gizon zintzo handia izan da, bizimodu leialekoa, eta uste izan du egia berez dela nahikoa, batez ere dirdiratsu, egun argitan bezala agertzen denean. Zertarako aldatu dena handik gutxira eguzkia aterako bada? Eta horra non narotasun sineskor horrek zigortu duen! Antzekoa gertatu zaio Picquart teniente-koronelari ere, zeinak, goi duintasun sentimendu batek bultzatuta, ez dituen Gonse jeneralaren gutunak argitara atera nahi izan. Arrangura honek begiruneko gizon egiten du, zeren eta bera diziplinaren esaneko zen bitartean, bere nagusiek lokatzez jantzi dute, ahal den erarik ustegabeko eta mingarrienean, eurek eginaraziz bere prozesua. Bi biktima daude, bi gizon on, bi bihotz berezko, Jainkoari egiten utzi diotenak, deabruak bereak eta bi egiten zituen bitartean. Eta Picquart teniente-koronelari dagokionez, gauza zinez zantarra ere ikusi dugu: frantziar epaimahai bat salatzaileari lekukoa larritzen utzi, diren erru guztiez salatu, eta lekukoa esandakoak azaltzen eta bere burua defenditzen hasi denean, ateak giltzatu. Nik hau beste krimen bat dela diot, eta krimen honek mundu guztiaren kontzientzia harrotuko duela. Etsi-etsian, epaimahai militarrek oso eurena den ustea dute justiziaz.

        Hauxe da egi-egia, Presidente jauna, eta hain da lazgarria izan, non orbaina legez geratuko den zure agintaldian. Pentsatzen dut ez duzula inolako botererik afera honetan, Konstituzioaren eta inguruan dituzunen gatibu zarela. Baduzu, gizon bezala, ordea, eginbehar bat, hori behar duzu gogoan, eta beteko duzu. Ez pentsa ez dudanik garaipenik ikusten, etsita nagoenik. Ziurtasun mutiriz diotsut: egia abian da eta ez du ezerk geldiaraziko. Afera gaur hasi da, gaurtik aurrera ongi baitakigu non dagoen bakoitza: alde batetik, argia egin ez dadin nahi duten errudunak; bestetik, egin dadin, euren bizia emateko gertu daudenak. Esan dut arestian ere, eta berriro diot: egia lurpean gordetzen delarik, hainbesteko indarra hartzen du non, lehertzen den egunean, dena zartarazten duen berarekin. Ikusiko dugu ez ote den ari prestatzen gerorako, hondamendirik ozenena.

 

        Baina Presidente jauna, gehiegi luzatu naiz, eta amaitzeko garaia heldu da.

 

        Salatzen dut Paty de Clam jenerala, epaiaren akats egile nagusi izateagatik, eta jakin gabetanik seguru asko, hala sinetsi nahi dut, hiru urte beranduago, azpijoko zoro eta errudunez, aurrez obratua defendatu duelako.

 

        Salatzen dut Mercier jenerala, ahuldadez bada ere, mendeko makurkeriarik handienetako baten konplize izan delako.

 

        Salatzen dut Billot jenerala Dreyfusen errugabetasunaren froga zehatzak esku artean edukita, hauek baztertzeagatik, eta horrela, asmo politikoz eta Agintaritza Gorena Babeste aldera, gizateriaren eta justiziaren kontrako krimenak burutu dituelako.

 

        Salatzen ditut Boisdeffre eta Gonse jeneralak, krimen beraren konplize bihurtu direlako, bata sukar elizkoiak berotuta, eta bestea ausaz armakidetasun horrek bultzatuta, gerra bulegoak kutxa santu, erasogaitz bilaka dituztelako.

 

        Salatzen ditut Pellieux jenerala eta Ravary komandantea, ikerketa lotsagarria burutzeagatik, eta honengatik alderdikeria izugarrienaz egina ulertzen dut nik; bigarrenaren txostena, berriz, lañokeria ausartaren betirako eredu da.

 

        Salatzen ditut idazkerako hiru adituak, hau da, Belhomme jauna, Varinard jauna eta Couard jauna, azterketa mediku batek ikusmeneko eta adimeneko gaitzen bat dutela ziurtatzen ez badu behintzat, gezurrez betetako txosten maulazkoak osatu dituztelako.

 

        Salatzen ditut gerra bulegoak, prentsan, eta batez ere L'Eclair-en eta L'Echo de Paris-en, iritzia bideratzeko eta euren errua estaltzeko kanpaina lotsagarria egin dutelako.

 

        Eta azkenik, salatzen dut lehenbiziko gerra kontseilua, dokumentu sekretu bat erabilita zigortu duelako akusatua; eta salatzen dut bigarren gerra kontseilua, legez kanpo jarrera hori estaltzeagatik eta jakinaren gainean egonik, errudun bat errugabe jotzean eginiko krimen juridikoa burutu dutelako.

 

        Badakit, salaketa hauek eginda, difamazio delituak zigortzen dituen 1881eko uztailaren 29ko prentsa legearen 30. eta 31. artikuluak ditudala atezuan. Neure gogoz agertzen naiz horrela.

        Salatzen dudan jendeari buruz, berriz, ez dut ezagutzen, ez dut inoiz ere ikusi, eta ez dut hauen kontra inolako arrangurarik edota gorrotorik. Niretzat ez dira izakiak baino, giza gaizkintzaren espirituak. Hemen betetzen ari naizena ez da egiaren eta justiziaren leherketa bizkortzeko egindako ekintza iraultzaile bat baino.

        Irrika bat dut barnean, argiarena, hainbeste sofritzen duen eta zoriontsu izateko eskubidea duen gizateriaren izenean. Nire protesta sutsua ez da nire arimaren oihua besterik. Ausart daitezela jujeen aurrera eramatera, eta egun handian egin dadila epaiketa!

        Zain nago.

        Har ezazu, presidente jauna, nire begirune adierazpenik sendoena.

 

Émile Zola

Paris, 1898ko urtarrilak 13

 

 

   © Émile Zola
   © 2002 itzulpenarena: Iñigo Aranbarri


"Salatzen dut...!" orrialde nagusia


www.susa-literatura.eus