Bertso berriak

Txirritak jarriak

 

              1

Siglo berriyan gaude ogei ta

zazpigarrengo urtian,

estropara bat izandu degu

Kantabria'ko partian,

Gipuzkoa'ko Donosti deitzen

dan ziudade batian,

guziyak alkar istimatuaz

bizi gaitezen pakian.

 

              2

Estropara ortan San Pedrotarrak

etorri dira aurrena,

ogei eta bat segundoz gero

San Juanguak urrena;

amalau mutill sasoiekuak,

patroia zuten zarrena,

berrogei eta zazpi urtetan

bera ez dago txarrena.

 

              3

Graziak eman biar diozkat

Manuel Arrillaga orri,

iru seme ta illobatxo bi

ditu triñerora ekarri;

ta bera patroi atzian tente

arraunarekin zan jarri,

txoriya beziñ alegre giñan

danen aurretik etorri.

 

              4

Biba Manuel, patroi leiala,

San Pedrotarren burua,

aurten zurruta lasai egizu,

badadukazu morua;

zenbaitek aña sesiyo gabe

dijua zure mundua,

zere denboran amaika txanpon

itxasuari kendua.

 

              5

Gero illaren emezortziyan

banderan jokatu zian,

danak elkarri agur egiñez

gizon formalen klasian;

alkarrentzako gorroto txarrik

etzeukaten biyotzian,

ta berriz ere len bezelaxe

San Juandarrak atzian.

 

              6

Donostiya'ri ematen dizkat

eskerrak eta graziyak,

amabi milla pezeta ditu

San Pedro'k irabaziyak,

zazpi milla ta bosteun berriz

San Juandarrentzat utziyak;

emen eztago miseriyarik,

kontentu gaude guziyak.

 

              7

Irugarrengo zein etorri zan

oraiñ nua esatera,

baldin egiyaz egiña bada

nik letu dedan papera;

Pasai San Juan da Fuenterrabiya

zian kasikan batera,

segundo baten bi kinto ziyon

diferentziya atera.

 

              8

Pasai San Juan da Fuenterrabiya

ziran alkargandik gertu,

beira jarrita aurrena zein zan

ezin gendituen neurtu;

nik adituak kontatzen ditut,

ez iñork punturik artu,

deskuidoren bat izan zan eta

irugarren ziran sartu.

 

              9

Bizkaia'tik bat Zierbana zan,

eta Santurze bestia,

juan daneko bi illabetian

ez noski gutxi kostia;

donostiarrak atzea xamar,

nola zan jende gaztia,

oraindik zerbait egingo dute,

mutill eskasak eztia.

 

              10

Denbora asko ezta oraindik

neri esan diratela:

enbarkaziyoz aukera dauka

bapore eta batela;

bere kuadrilla gobernatzeko

ezta izandu motela,

iru bandera sartu dituzte

Manuel patroi dutela.

 

              11

Amazazpi urte zitueneko

estroparetan asiya,

alperkeriya ez ta

aprobetxatu du sasoia;

indar aundiko gizon pizkorra

eta petxua lasaia,

zori onian patroi jarri zan,

diruz bete du Pasaia.

 

              12

Urtian beingo dibersiyua,

ezta gauza alrebesa,

San Pedrotarrak aurretik ezetz

askok egin du trabesa;

irabaztunak kontentu dira,

galdu dutenak bajeza,

biba San Pedro, alkate jauna,

Andonegi ta Markesa!

 

[1927]

 

 

 


Txirrita-en bertso jarriak

 


www.susa-literatura.eus