Ekatxa, William Shakespeare

 

V. ekitaldi

 

 

I. AGERLEKU

 

Posper'en txabola-aurrea. Posper aurrera, itzalez txairo yantzita; eta Ariel.

 

POSPER: Orain doa nire asmoa atzenerantza. Nire lilurapenak eztabe porrotik egiten; nire iratxoak esaneko dodaz; eta aldia aurrera doa bere burdian. Eguneko ze ordu dok?

ARIEL: Seirak dira; eta gure egitekoa tertzio onetan amaituko zala esan zendun zuk, ene yaun orrek.

POSPER: Bai, orixe esan naioan, nik lenengoz ekatxa sortu nebanean. Esaidak, iratxo, nolan yagozak errege ta aren lagunak?

ARIEL: Guztiak leku baten, zuk agindu zeunstanez; egin-eginean zuk zeuk itxi zenduzan lez, yaun; guztiak atxilotuta zure txabolearen babesgarri dan astigardian; aik ezin dabe zirkinik egin zuk azkatu arte. Errege, aren anaiea ta zurea irurak dagoz besteakandik banazean; eta enparauak arei buruz iletetan, naibagez ganezka ta gogo-yausirik; baña alan be, zuk, yaun, bein «Yaun zar on Gontzal» deitu zenduana; aren bizarra-bera negar-tantanak ingeen orrietatik negu-tantanak yausten dirian legetxe yausten dira: zure lilurapenak ai gogor-gogor eldu dautse-ta, orain ikusiko ba'zenduz ikusi, erruki emongo leuskizue ta samurtuko zintzatekez.

POSPER: Ori uste dok, iratxo?

ARIEL: Ni samurtuko nindukie, yaun, ni gizaki banintz.

POSPER: Ni be samurtuko nabe. I egurats utsa baño izan ez-ta, arein biotzetako lera-leieak biotz-ondoan ukutu dauskai iri be? Eta nolan izan ez ni, arein izakide izan-da, biotzaren ereikera, zirkin eta Yasanak ondo be ondo ezagun dodazan au, nolan izan ez i baño biotz-ausiago? Arein okerreriak niri bioz-biotzean ukutu izan-arren, orraitiño be, ik zindo esanari yarrai, nire asarrearen aurka yarten nok: egite ona asperkundea baño urriago dok baztarretan: aik garbaituta dagozanezkero, nire asmoa ai betozko ilun bat geiago ez egitea dok. Oa, azkatu egizak, Ariel: nire lilurapena manatu egingo yoat, arein oarmenak leneratu, eta ostera be lengoak izango dozak.

ARIEL: Ba-noa euren billa, yaun. (Alde dagi.)

POSPER: Mendi, lats, zingira geldi ta zugaztietako iratxoak; eta oñatzik izten eztaben zuon oñez izperaz Netun'eri [16] yarraitu ta izkoraz atzera datorrenean igesten dautsazuenak; zuok, ardik yaten eztauzan bedar-moltsotxo muskerrak iretargitan egiten dozuezanok; eta zuok, gau-yoale-ots itzalak poztu ta zuon yolastzat gaberdi-perretxikoak azten dozuezanok; zuok ugazaba erkinak izan-arren, nik zuon laguntzaz eguerdiko eguzkia ilundu dot, axe asaldariari aurrera urten eragin dautset, eta itxaso musker eta ortze urdinaren artean guda gorri-orroatsua sortu dot; ostots ikaragarri-zaratatsuari sua emon eta Yupiter'en areitz garrastea berberaren oñaztarriz [17] arrakaldu dot; oñarri sendoko legormuturrari ikara egin; eta lerra ta izaia zustarretatik atera dodaz; il-obiak, nire aginduz, an lo egozanak iratzarri, idigi ta barrukoai urteten itxi dautse, nire antze indartsuari eskerrak. Baña lilura-bide latz oneri ementxe ta oraintxe agur egiten dautsat; eta nire asmoen eskariz, bein onako onein oarmenari zirkin eragiteko zerutiko eresien bat eskatu dagidanean (eta oraintxe nago orren eske, eguratsaren lilurapen au, izan be, oarmenai zirkin eragiteko da-ta), nire makilea ausi egingo dot, lurpean barru-barrura sartu, ta nire idaztia egundo ari-berunik eldu dan baño barrurago murgilduko dot uretan. (Eresi andi-ben.)

 

Ostera be Ariel aurrera: aren atzetik Albontsa, zoro-mosuz, Gontzal lagun dauela,; Sebasten eta Andoni be olantxe, Adiran eta Pantzeska lagun dabezala; guztiak sartzen dira Posper'ek aldiz aurretik eginiko toki biribilera ta an dagoz liluratuta zutunik; eta au ikusirik ara Posper itz egiten asten da.

 

          Irudimen asaldatuentzat pozkarririk onena dan doñu andiben onek osatuko al dau orain ezetarako eztan, eta zure buruazurraren barruan dirikian zure adimena! Or zagoz zu zutunik, lilurapenak geldituazota zagoz-ta. Gontzal guren, gizon zindo, ikusiaz beste barik nire begiak zureen kide dira-ta, nire begioi kide-negar-tantanak darie. Lilurapena ondatuz doa geldi-geldi; eta egun-abarra, lapurraren antzera, ixilik eta oinkadatxoka gauagana yoan eta aren iluntasuna urtuten dauen lez, olantxe, yagi ta biztuten daragoien orren oarmenak be asten dira adimen argiagoaren ez-yakin-lañozko estalgia urratzen. Gontzal on ori, nire yareigile zintzo, ta yarraitzen dautsazunarentzako yaun zintzo ori; ire on eginak eta eskerrak nik egundokorik ondoen ordainduko dauskadaz, bai itzez, bai egitez. I, Albontsa, i nitzako ta nire alabearentzako gordin be gordin izan intzan: orretan ire anaiea ire bultzatzalle izan zoan; orregaitik orain, Sebasten, gankadaka azkatuta ago, azkatu-azkatua. Eta ik, nire anai orrek, ire biotzean geiagoaren leiea dokan orrek, ik kezkak eta izamena ortik zear bidali enduazan; eta ik, Sebasten'ekin batera, eta egin eginean be orrexegaitik dozak orren barruko zastadak mingor-mingorrak, ik emen zuon errege il egin izango enduan; i izamenaz besterako izan-arren, nik azketsi egiten dauskat. Orrein aditzea aziaz aziaz doa; eta etorri datorren izkoreak laster beteko dau orain lupetz eta sastamarrez estalita dagoan adimen-izpasterra. Oraindik eurotatik batek be enau begiratzen, ezta ni ezautu be. Ariel, oa nire txabolara nire txapel eta ezpatatxoaren billa; (Alde dagi Ariel'ek) nire yantziok erantzita, beñola Milano'n nintzana agertuko naz arren, iratxo; gesu baten ire buruaren yabe izango az.

 

Ostera be Ariel aurrera, ta yanzten laguntzen dautso Posper'eri.

 

ARIEL: Erleak zurrut non egin an egiten dot nik;

                                Ni udabarri-lorearen txilin-barruan natza

                                An natza mosolloak oio dagianean.

                                Saguzar-bizkarrean egaz egiten dot

                                Tellatuka aga-ostera pozor-pozorrik

                                Pozor-pozorrik biziko naz orain

                                Adarretik dingilizka dagon lorapean.


POSPER: Ara! Ori nire Ariel bakana da! I eza igarriko yoat nik; baña au ta guzti be ire buruaren yabe izango az: bai, bai, bai. Oa orain errege-itxas-ontzira, iñok i ikusteke, i iñok ikus-ezina az-ta: an aurkituko dozak ontzi-mutillak gan-zuloen azpian lotan; ontziburua ta ontziyagolea itzarrik yagozak-eta, ekarri egizak ona; eta bertatik ekarri be, arren-bai-arren.

ARIEL: Eguratsa iruntsiz axean yoango naz eta emen nozu ostera be zure biotzak taupada bi emon orduko. (Alde dagi Ariel'ek).

GONTZAL: Lor, naibage, alatz eta ago-zabalgarri guztiak dira emen. Zeruko aldunen batek bidea erakutsiko al dausku lurralde bildurgarri onetatik alde egiteko!

POSPER: Errege yaun, begira Posper Milano'ko Duke oker erabilia; erregegai bizirik itz egiten dautzula seguruago yakin dagizun zure soña besartean estututen dot; eta bai zuri, bai zure lagunoi bioz-biotzetiko ondo-etorria emoten dautzuet.

ALBONTSA: Nik eztakit zu arako a zarean ala ez, ala aletz liluratuen bat zarean niri oker egiteko, oraintsu egin daustan lez; zure zanak taupadaka daragoioe, zu aragi ta odolezko baizintz; eta nik zu ikusi zaudanezkero, zoratu bear ninduala bildur nintzan nire gogoko atsekabeak, oberantza egin dau; onako onek iñondiko azalpena izan bear dau, au ezer ba'da izan. Nik ire dukegoa itxi egiten yoat; eta nik iri eginiko okerrak eta kalteak azketsiko al daustazak. Baña nolan izan leiteke Posper bizirik eta emen?

POSPER: Lenen eta beinen, adiskide zindo, itxi egidazu zure adina, zure urteak nire besartean estututen, orrein omena neurtu-ezina ta tokik ar-ezina da-ta.

GONTZAL: Au egia dan ala ez, nik eztot zinik egingo.

POSPER: Zuk oraindik zure ago-sapaian izaro onetako iñondiko gauzen gozo-garratza dozu-ta, orrek eztautzu izten egizko gauzak sinesten. Ondo etorriak adiskide guztiok: (Banazean Sebasten eta Andoni'ri) Baña zuok, nire yaun bikonde ori, gogoko emongo ba'leust, nik emen nagusientasun orren betozko iluna ekarri nengike zuon ganera, ta zuok azpiyale zariela erakutsi; aldi onetan enoa ni barritsu izaten.

SEBASTEN: Orren agotik txerrenak daragoio itz egiten (Bere kitean).

POSPER: Ez: eta zuri barriz, zuri yaun zantar orreri, zuri anai deituko ba'neuntzu, nire agoa kutsutuko-arren, zure okerreririk andurtsuena azketsi egiten dautzut; ori ta oker guztiak; eta iri nire dukegoa atzera niri emoteko agintzen dauskat, nik ondo dakidanez, ik ori atzera nai-ta-nai-ez emon bear dok-eta.

ALBONTSA: Zu Posper ba'zara, zeatz azaldu egiguzu nolan yarei zintzan: nolan emen gukin batera yo dozun, ontzia galduta itxas-ertz onetan iru ordu egin doguzanokin; nire seme maite Perdinanda galdu dodan itxas-ertz onetan. Galtze orren oroipenaren zorrotz-mingots!

POSPER: Orrako orren tamal itzala dot, yaun.

ALBONTSA: Galtze ori arteztu-ezina da. Eta epeak beretzako geiegi dala diño.

POSPER: Nik besterik uste dot: zuk aren laguntzarik eztozula billatu; zurea langoxe galtzean aren eskar samurretik aren gorengo laguntasuna izan eta orain pozik naukana.

ALBONTSA: Zuk be galtze bardiña?

POSPER: Andi ta beranduko; eta galtze itzal ori yasangarri egiteko nik dodazan bide estuen aldean nasaiak dozuz zuk zure pozkarritzat, erabili gura ba'dozuz; nik alabea galdu dot-eta.

ALBONTSA: Alaba! Zeruok, bizirik al legoz biak Napoli'n, ango errege ta erregeño! Orrako ori ba'lira aik, ni pozik nengoke itxaso gaziaren ondoko lupetzan, nire semea datzan leku atantxe. Noz galdu zendun zuk alabea?

POSPER: Oraintsuengo ekaitz onetan. Nik oartzen dodanez, yaunok alkarrekin trikitx egite onetan, gelduaren gelduz euren adimena iruntsita, nekez uste dabe euren begiak egirako bide diranik, euren itzak berezko arnasa diranik: baña zuon oarmenak nastuta egon-arren, eskiertzat yakizue ni Posper nazala ta Milano'tik egotziko dukea berbera; zuok ontzia galduta legorreratu zintzen toki onetantxe legorreratua, era iñondikorik iñondikoz, lur onetako yaun izateko. Ez geiagorik onetaz, onen azalbena gosari-bitartean esatekoa barik egunetarakoa ta gure lenengo batzar oneri ez dagokiona da-ta. Ondo etorriak, yaunak; txabola au da nire yauregi: nik emen otsein gitxi dodaz, eta erbestean bendekorik arean bez: arren, begiratu barrua. Zuk atzera emon daustazun dukegoaren ordez nik a baño zer txikiagorik eztautzut emongo: gitxienez, ni dukegoak aña poztuko zauen zer arrigarria aterako dautzut aurrera.

 

Txabolako atea idigiten da ta Perdinanda ta Mirande agirian yarten dira, axederetz-yokoan daragaioela.

 

MIRANDE: Zuk zikin yokatuten daustazu, yaun maite.

PERDINANDA: Ez, maite-maite ori, mundu osoagaitik be eneunskizu egingo olangorik.

MIRANDE: Bai, ogei bakalderrigaitik zuk goiak eta beak yoko zeunkez, eta nik zuk yoko garbia darabiltzula esango neunke.

ALBONTSA: Au izaro onetako ikuskizun utsa ba'da, seme maite bat bera nik birritan galdu dot.

SEBASTEN: Au bai alatz andi, alatz andirik ba'da!

PERDINANDA: Itxasoak zemaika ibili-arren, errukior dira: bide barik gaiztetsi dodaz. (Perdinanda Albontsa'ren aurrean belaunbiko yarten da).

ALBONTSA: Orain aita pozez betearen onespen guztiak barruan artzen abe! Yagi ta esan egik ona nolan etorri intzan.

MIRANDE: Au bai ba-dok alatz! Eneee! emen dagoan on-moltso! gizatasunaren ederra! ludi-arlo barriaren bikain, olango lagunak dauzanezkero!

POSPER: Au zuri barri egiten yatzu.

ALBONTSA: Nor da zukin yolasean eragoion neska au? Zuon ezaguerarik zarrena be ezin izan leiteke iru orduz gorakoa. Ori ete da gure otseintzan ibili ta gu batera ona ekarri gauzan yainkonoa?

PERDINANDA: Yaun, au ilkizun da; baña Yaungoikoa'ren aurre-ikusi il-ezinez nirea da; nik nitzako artu dot au nik aitari bere eretxirik ezin eskatu izan dautsadanean, ezta uste izan be aitarik dodanik: au Milano'ko Duke entzute andiko onen alabea da, sarritan adeiz entzun bai, baña egundo lenago ikusi enebanarena; bigarren bizia emon daustanarena; eta andera onek au bigarren aitatzat emoten daust.

ALBONTSA: Ni naz No orrena: baña au iñondiko-iñondiko gauza iruditu-arren, nik nire semeari azkespen eskatuten dautsat!

POSPER: Geldi or, yaun, eztaiguzan aztundu ta naibagetu gure oroimenak, yoandako lorrak diriala-ta.

GONTZAL: Nik nire barruan negar egin dot, edo-ta nik onen aurretik itz egin bear neunkean. Yainkook, itzuli zuon begiak ona bera, ta eralgi bikonde onen ganera burestun onetsi; gu ona ekarri gauzan bidean bide-atzak zuok imini dozuez-ta

ALBONTSA: Nik «olantxe» yiñoat, Gontzal!

GONTZAL: Bere ondorengoak Napoli'ko errege izateko egotzi ete eben Milano Milano'tik? Ara! Edozelango pozez ganetik poztu zaitez; eta sakon irarri egizu zutiko iraunkorretan: ostera bat bakarrean idoro eban Karibele'k senarra, Tunixa'n; eta Perdinanda, aren nebeak, emaztea bera galduta egoan tokian aurkitu dau! Posper'ek bere dukegoa, izaro txiroan; eta guztiok gure buruak iñor bere buruaren yabe etzan lekuan.

ALBONTSA: Ekazuez zuon eskuak (Perdinanda ta Mirande'ri). Naibageak eta lorrak besarkatu begie oraindik zuoi poza opa eztautzuenaren biotza!

GONTZAL: Bedi olan! Bai, olantxe!

 

Ariel ostera be aurrera, Ontziburua ta Ontziyagolea ago-zabalik yarrai doakozala.

 

          Begira, yaun, begira, yaun; amezan gutariko geiago! Nik esan neban aurreztik, legorrean eskegiteko agarik izatekotan, lagun ori ezin ito eitekeala uretan. Orain, biraoti orrek, ontzian biraoak eurrez yaurtiten enduazan orrek, legorrean birao ta zin bat be eztok egozten? Legorrean ez ete dok agorik? Ze barki dok?

ONTZIYAGOLEA: Barririk onena, errege ta bere lagunak guk onik aurkitu izana da: urrengoa, gure ontzia; eta izan be, guk, arrezkero iru ordu baño eztala, arrakaldutzat emoneko on tzia orain birrintza ta irrikitu barik, arin eta bikain orniduta dago, lenengoz itxasoratu gintzanean legetxe.

ARIEL: (Bere kitean) Yaun, otseintza guzti au egin dot ara yoan nintzanezkero.

POSPER: (Bere kitean) Nire iratxo asmotsu orrena!

ALBONTSA: Onako oneik ez dira eurenez yazoak; oneik iñondikotik iñondikorago doazanak dira: esan, nola etorri zarie zuok ona?

ONTZIBURUA: Yaun, ondo itzarrik gagozala uste ba'neu, zuri esaten aleginduko nintzakete. Gu logurearen loguraz ilik gengozan, eta, nik eztakit zelanik, guztiok txaloka ekin geuntsan ontzi-zulopean, urduxerartean iñondiko orroa, irrintze, ausi, kate-ots eta guztitariko ots, durundu, ta astrapalak, guztiok ikaragarriak, gu itzarrik gengozala izan zirian lekuan, gero bertatik azke: eta an ikusi gendun guk guztiok gure erregeontzi on, txairo, arroa orratzetik arako eginda; gure ontziburua ara ta onaka, yauzika, ontzia begiz aztertzen: aide baten (azketsi, yaun), amesetan lez, gu aikandik banandu egin ginduezan, eta ona ekarri mosuak egiten.

ARIEL: (Bere kitean) Ondo egina ete?

POSPER: (Bere kitean) Itzalezko ederto, otsein zoli. Eure buruaren yabe izango az.

ALBONTSA: Iñondiko bide-mataza nastu au egundo gizonek zapaldu eztauena langoa da ta orretan izamenaren egitekoa baño zerbait geiago da: goitiko argiren bat bearko dogu au zuzentzeko.

POSPER: Yaun, nire nagusi, ez lorrindu zure adimena, arazo onen iñondikotasunak zartadaka darabilen zure adieten ori: asti egokirik izan dagidanean, eta ori laster izango dugu, neuk bakarrik arteztuko dautzut arazo ori; yazoko guztien azalbena emongo dautzuet eta sinisgarri egingo yatzuela nik uste egon pozik ordurarteño, ta oldoztu ondo zer bakotxaki buruz. (Bere kitean) Erdu ona, iratxo; azkatu Kaliban eta aren lagunak: banatu lilurapena. (Ariel'ek alde dagi).

          Nolan aurkitzen da nire yaun maitagarria? Oraindik eztira emen zuon lagundiko, zuok aizturik dozuezan mutil banaka bakun batzuk.

 

Ariel ostera be aurrera, Kaliban, Estepan eta Tirinkul, euren yantzi ostuekaz aurrean dakazala

 

ESTEPAN: Gizon bakotxak besteen ardurea izan dagiala, ta ez bere buruari yaramon; dana alan-bearrezko baño ezta-ta. Adoretsu, mamu bikain, adoretsu!

TIRINKUL: Nik nire buruan daroadazanak benetako iru barrandari ba'dira, emen ikuskizun ederra dogu.

KALIBAN: Setebotz ori, oneik iratxo lirainak dira benetan! Nire ugazabaren txairo! Zigortuko nauenaren bildur naz.

SEBASTEN: Ostera! Ostera! Oneik bai ba-diriala gauzak, nire yaun Andoni! Diruz erostekoak ete dira?

ANDONI: Bai, urrean; euretarik bat arrain garbi da, ta, ezpai barik, salgai.

POSPER: Ene yaunok, oartu gizon orrein ezaugarriak, eta esan gero egia diñoen ala ez. Antz zakarreko zirtzil au, onen ama sorgin zan; eta almen andiko sorgina izan be-ta, bere esaneko egin eikean iretargia, izkorak eta izperak eragin, bereak eskuratu ezinik: oneik irurok lapurretan egin dauste eta onako erdi-txerren au —au sasi-kume da-ta—, orreikin itundu zan niri bizia kentzeko: lagunotatik bi zuok ezagutu bear zeunkiez eta zuotarikotzat autortu; ilunbe-zer au nik niretzat autortzen dot.

KALIBAN: Zastadaka ilgo nau.

ALBONTSA: Ez ete da onako au Estepan, nire ardandegi-zain mozkortia?

SEBASTEN: Ori mozkortuta dago orain be: non ete eukan ardaoa?

ALBONTSA: Tirinkul be mozkorraren mozkorrez zabuka ta kakoka dabil: non idoro ete dabe orreik gorritu dauzan edabe bikain ori? Zelan pipergorritu az?

TIRINKUL: Zu azkenengoz ikusiezkero ni pipergorriturik nozu ta bildur naz azurretaraño pipergorritu ete nazan. Margoztu nagienaren bildurrik eztot izango.

SEBASTEN: Zelan ago orain, Estepan?

ESTEPAN: Ez egidak ukutu, arren; ni enok Estepan, zain-oratu baño.

POSPER: Ik izaro onetako errege izan bear enduke, yauntxo

ESTEPAN: Orrezkero, errege minbera nintzateke.

ALBONTSA: Onako zer au nik egundo ikusikorik iñondikoena da (Kaliban erakutsita).

POSPER: Ori bai bere ekanduz, bai soñez be, neurrizkoa ez, besterakoa da. Oa, kirten, nire txabolara; artu ikin batera ire lagunak; nire azkespenaren begira ba'ago, iñozkorik txairoen iminiko al dok a.

KALIBAN: Bai, iminiko dot; eta emendik aurrera zur izango naz eta zure ederra billatu. Ni bai izan nazala buru bako astotzar mozkor au yainkotzat artu ta ergel motel au yauresteko!

POSPER: Oa; alde emendik!

ALBONTSA: Alde, ta itxi zuon kutxa ori idoro zenduen lekuan.

SEBASTEN: Edo, obeto esan, ostu zenduen lekuan.

 

(Kaliban, Estepan eta Tirinkul'ek alde dagie)

 

POSPER: Yaun, nik zu nagusi ta zure lagunai nire txabolara dei egiten dautzuet: eta gau onetako atsedena an artuko dozue; eta gau ori edo gau orren zati on bat beintzat, nire ustez, nik egingo dautzuedan itzaldiak arin eroango dau; ni izaro onetaraezkeroko nire bizitzeari ta berekiko yazopenai buruzko itzaldiak; eta goxean zuon ontziratuko zauedaz-ta, olan, Napoli'ra, nik ditxarodanez, gure ezkon-barri maite-maiteon ezteguak an andiro eginda ikusteko: eta andik nik Milano'ra alde egiteko, an nik iru oldozpenetik bat nire ilobiari buruzko izateko.

ALBONTSA: Zure bizitzako gora-bera ta zertzeladak entzuteko leia itzala dot nik, belarriari iñondiko egingo yakoz-ta.

POSPER: Dan-dana zeatz esango dautzuet: eta zuri, zure errege-ontzidia urrinean oratzeko itxaso bareak, erako axe leunak eta itxasaro atsegina opatu. (Bere kitean) Ene Ariel —txoriño—, au dok ire egitekoa: orrezkero, oa lenengaietara. Izan adi eure buruaren yabe ta abil onik eta ondo! Arren, urreratu zakidaze (Alde dagie).

 

Posper'en azken-itzaldi

 

                    Orain nire lilurapenak egotzi dodaz

                    Eta dodan al oro neure-neurea da,

                    Eta au makal-makala da: orain egia da

                    Edo zuok ni emen mugaturik itxi bear nozuela,

                    Edo Napoli'ra bidali. Nire dukegoa lortu ta

                    Ziri-sartzalleari azketsi dautsadanezkero,

                    Zuon lilurapenez ni izaro basamortu onetan

                    Ez al nozue ezetara be itxiko:

                    Bai, ostera, azkatu nire lokarriak

                    Zuon esku onen laguntasunaz.

                    Zuon arnasa bigunak bete bear dauz

                    Nire ontzi-oialak, edo, ostean, zuon pozkarri

                    Ziran nire asmoenak egin dau. Nik orain

                    Iratxoak bear dodaz al agintzeko, liluratzeko antzea;

                    Eta nire atzena etsipena litzateke

                    Iñok niri otoitzez laguntzeka:

                    Otoitza sarkor-sarkor da-ta, errukigana eltzen da

                    Ta uts eta akats guztietatik yareiten dau.

                    Zuok zuoi zuon makurkeriak iñok azkestea

                    Gurako zeunkien lez, zuon errukiak yareiko al nau.

 

 

Salta (Argentina'n) 1958/V/2'an.

 

 

16. Netun. Ikusi [1].

17. Izan be, areitza Yoba'ri eskeñiko zugatza zan, Yoba'ren kutun zugatzen artean. Orregaitik, zugatz ori oñaztarriz arrakaltzea Yoba'ren kutuna bere geziz arrakaltzea da.

 

 

© William Shakespeare

© itzulpenarena: Bedita Larrakoetxea

 

 

Ekatxa, William Shakespeare
Notin Antzeztuak / I. ekitaldi / II. ekitaldi / III. ekitaldi / IV. ekitaldi / V. ekitaldi
Antzerki onen ari-azurrak eta abar / Itz gitxi ezagunak

 

 

"Shakespeare euskaraz" orrialde nagusia


www.susa-literatura.eus