Ekatxa, William Shakespeare

 

III. ekitaldi

 

 

I. AGERLEKU

 

Posper txabola-aurrea. Perdinanda aurrera, zubil dakarrela.

 

PERDINANDA: Yolas batzuk mingor dira, ta eurak dakarren nekeok eztautso egiten lekurik atseginari: zirtzilkeri batzuk gizonki yasaten dira. Eta zeregin apal-zirtzilik geienak elburu ta xede goikoetarako bide izaten dira. Nire zeregin ziztril au aztun-nekor egingo litxakit, aspergarri da-ta; baña ni otsein naiakon andereak ilek be biztuko leukez-ta, nire nekeok atsegindu egiten daustaz: eta a aren aita asarrebera dan baño eun bider txeratsuago ta leunago da; eta aita laztasuna bera izan. Nik emendik au lango zugatz-zubilak millaka kendu ta pilatu egin bear dodaz, agindu gorriaren arauz: nire andera maiteak negar egiten dau ni lanean izerdi-bitsetan ikusita; eta onango zirtzilkerik onango egilerik egundo eztauela izan esaten dau. Aiztu egiten yat: baña oldozpen leunok nire nekeak arindu dabez; latzen oldozpenok gitxien dodazanean egiten yataz.

 

Mirande aurrera, ta an arago baten Posper.

 

MIRANDE: Ai ene, bada! Arren, ez ekin lanari orren gogor: tximisteak erreko al dauz zuk pilatu bear dozuzan zubilok! Arren, eratsi egizu bizkarretik, eta atseden artu egizu, orrek su egin dagianean zu nekatuagaitik negar egingo dau. Nire aitak gogotsu daragoio ikasten: orain, otoi, atseden ar egizu ak iru orduotan eztautzu yaramongo.

PERDINANDA: Andera maite-maite ori, eguzkia sartuko da nik nire arloa egin baño len.

MIRANDE: Zu yezarrita zagozan artean, neuk eroango dodaz zure zubilak; arren, ekazu ori; neuk eroango dot egurpilora.

PERDINANDA: Ez, izaki eder-eder: lenago karrask eragin nire zan eta giarrai, bizkar-azurra ausi, nik olango irainik yasan baño, ni zure aldamenean arkolo yezarrita nagoala.

MIRANDE: Ori niri saritzat legokit;          eta nik ori zuk baño errezago egingo neunke; zu neke orren aurka zagoz, ni, ostera, orren alde.

POSPER: (Bere kitean). Mamarro errukarri ori! zu kutsututa zagoz; zure ikustaldi onek argirorik asko iragarten dau ori.

MIRANDE: Zuk unatuaren antza dozu.

PERDINANDA: Ez, andera zindo; zu gabaz nire aldamenean zaukadazanean, niretzako goxalde ozkirri da. Arren-bai-arren, esan egidazu zure izena, alan be nire otoitzetan gogora dagidan.

MIRANDE: Mirande yat izena; ene aita, au esanaz zure agindua ausi dot!

PERDINANDA: Mirande gelgarri ori! [2 bis]. Izan be, zu gelgarrien gelgarri zara; munduan danik zerik ederrena añako! Amaikatxo andera eder begiratu izan dot nik lotsarik andienaz; eta ainbat bidar euren miñaren eresi gozoak benderatu izan dauz nire belarri zoliegiak; ekandu on bategaitik nai bestegaitik ainbat emakume egin izan yataz begiko; baña egundo eztot ikusi emakume oso onik bere ekandu onakaz batera akats au edo ori burruka eztabilkonik eta arein ederra ilundu eztautsonik: baña zu, zu langorik eztan ori, zu izaki bakotxak dauen zerik ederrenez egina zara.

MIRANDE: Nik eztot ezagun nire ar-emetasunekorik bat be! emakumerik eztot ezagun, nire ispillu-bitartez neure burua, ez besterik; ezta nik gizon deitu daikeodanik be zu nire adiskide on ori ta nire aita maitea, ez besterik be: ortik zear dirianen antzak zelangoak dirianik nik tautik be eztakit; baña niri izamenak emoneko esku-erakutsien pitxitzat dodan nire apaltasunez eta lotsortasunez nik zu, ez besterik eneunke gurako laguntzat ludi onetan; eta nire irudimenak be ezin antzik emon izango leuskio nire begiko izan leitekeani, zeu ez besteri. Baña nik umekeri geiegi esaten daragoiot eta aitaren aginduak austen.

PERDINANDA: Ni, nire izatez, Mirande, ni errege-seme naz; errege bera, urrean; eta ez al nintz olangorik! Eta egurreta-yoputasun au eneunke guragoko aragi usteleko euliak nire agoan durunduka ibiltea baño. Entzun nire biotzak diñoana: zu ikusi zindudazan une bere-berean nire biotzak zure otseintzara egaz egin eustan: arrezkero, or dago, ni orren bendeko egiteko; eta orregaitik nozu zubil-gizon epetsu au.

MIRANDE: Maite nozu, ala?

PERDINANDA: Zeru-lurrok, izan zuok ots onen lekuko, ta nik egia ba'diñot, eroan nire autorpena elburu maitagarrira! Guzurra ba'ledi, ostera, niretzako etorkizun zan zerik onena okerretara yazoko al da! Nik munduan danik edozer baño askozaz maiteago, aintzakoago ta goragarriago zaut.

MIRANDE: Ni ergel nozu, pozbideak negar eragiten daust-eta.

POSPER: (Bere kitean). Iñondiko leieak yo dabe emen alkarregana! Zeruak eskar gozozko euria bidaltzen dautsoe orrein artean azten daragoionari!

PERDINANDA: Zer dala-ta zagoz negarrez?

MIRANDE: Nik emon gura neunskizunik emoten azartzeko gai enazalako; eta artu ezik ilgo nazana yakin eta artzeko gai enazalako. Baña au be ba-da, ba, aletza; eta ezkutuago egon gurago ta geiago erakusten dau bere burua; alde emendik maltzurkeri lotsorrok, eta emoidazue errugetasun izurge ta gurena! Ni zure emazte nozu, nikin ezkondu gura ba'dozu; zuk gura ezik, zure otsein ilgo naz; zuk ukatu zengist zure lagun izatea; baña zuk gura-nai-gura-ez, ni zure otsein izango naz.

PERDINANDA: Nire andera, maite-maite, eta ni onan beti apal.

MIRANDE: Orrezkero, nire senar?

PERDINANDA: Bai, eta bendekotasuna azkatasun-zale dan besteko zaletasunaz nire biotzean: eutsi esku au.

MIRANDE: Eutsi nire au be, biotza barruan dauela eta orain agur, emendik ordu-erdirarte.

PERDINANDA: Millaka ordu! Millaka!

 

(Perdinanda'k eta Mirande'k alde dagie).

 

POSPER: Ni onegaz ezin poztu naiteke orreik aña, ni orregaz arriturik egonarren; baña, orraitiño, ezek be ezin poztu nagike geiago. Ni nire idaztira noa; oraindik aparitararte arira datorren lan-arlo andia dot egiteko-ta.

 

 

 

II. AGERLEKU

 

Izaroko beste alderdi. Estepab eta Tirinkul aurrera; Kaliban atzetik bonbilegaz.

 

ESTEPAN: Ez egidak esan; upela ustu daitenean, ura edango yoagu; tantanik bez ordurarte; orrezkero, ez larritu, ta iruntsi; otsein mamu, edaik nire alde.

TIRINKUL: Otsein mamu! Bai, zera! Izaro onetako ergel! Izaro onetan bost baño eztiriala diñoe; euretatik iru geu gara; beste biak guk baño buru zindoagorik ezpa'dabe, erri au zealdoka ta albo-alboraka dogu.

ESTEPAN: Edan, otsein mamu, nik agintzen dauskadanean: ire begiak larri-larri ire buruan sartuta yagozak.

TIRINKUL: Oba ez; eta izan be, non egoteko buruan ezik? Mamu ikusgarri litzateke begiak buztanean ba'leuz.

ESTEPAN: Nire gizon mamuak bere miña ardao zuritan ito dau: ni neu beintzat itxasoak ez n ito nagike: itxasertzera baño len ogei ta amabost legoako bidea egin neban uger, atzeraka ta aurreraka, argi oneri eskerrak.— I izango az nire ordeko, mamu, edo nire eredu.

TIRINKUL: Zure ordeko, zuri ba'deretxatzu; ori ezta ezetan eredu.

ESTEPAN: Ez gaioazak aringa, mamu yaun.

TIRINKUL: Ezta iñora yoango be: etzan egingo az, txakurrak lez; eta ez deusik esan be.

          Estepan'ek, — Ergel yaio orrek, ire bizian bein itz egik, ergel yaio ona ba'az.

KALIBAN: Nolan dago zure zindotasuna? Zure oñetakoak miazketan itxi egistazu. Ni enaz izango orren otsein; ori ezta adoretsu.

TIRINKUL: Guzurra diñok ik, mamu ezyakin-ezyakin orrek: ni erri-zainakin be burruka egiteko gertu naiagok. Errekatik aterako arrain ori, noz izan dok dollor eta bildurti gaur nik edan dodan beste ardao zuri edaneko gizona? I erdi arrain eta erdi mamu baño izan ez-ta olango guzur eskargarik esango ete dok?

KALIBAN: Ara, irrika dabilt! Olangorik egiten itxiko ete dautsazu, ene yaun?

TIRINKUL: Yaun, diño orrek! Ori bai ba-dala izateaz besterako mamu!

KALIBAN: Ara, ara ostera be! Usika egiozu, yaun, arren.

ESTEPAN: Tirinkul, min ona izan egik ire buruan asaldari ba'adi, urrengo zugatzetik eskegiko aut. Mamu errukarri ori nire bendeko dok eta eztautsak irainik egin bear.

KALIBAN: Eskerrik asko, ene yaun zindo. Entzungo ete daustazu ostera be nik bein egin neuntzun eskaria?

ESTEPAN: Bai, mutil, entzungo dauskat: yarri adi belauniko ta esaik barriro. Ni ta Tirinkul zutunik egongo gozak.

 

Ariel aurrera, iñok ezin ikusi dauela.

 

KALIBAN: Lenago esan neuntzunez, ni gizon bioz-gogorren otsein naz, bere lupukeriz eta niri ziri ederra sartuta, izaro au ostu daustan aztu da a.

ARIEL: Guzurra diñok.

KALIBAN: Guzurra ik diñok, tximino irrilari orrek, alango orrek; nire ugazaba adoretsuak zuzituko al au! Nik etxiñoak guzurrik.

ESTEPAN: Tirinkul, orren esanetan geiagotan sartu ba'adi sartu, esku onegaz agin batzuk egotziazoko dauadaz.

TIRINKUL: Ostera! Nik eztot ezer esan.

ESTEPAN: Orrezkero, ixilik, eta bego. (Kaliban'eri) Yarraik.

KALIBAN: Nik diñodana da, ak aztikeriz izaro au beregandu daustala; ak nigandik artu eban. Zure nagusitasunak ordea emon gura ba'leutso ari (zuk orretarako adorerik asko dozu-ta), baña au onako au ezta azartzen.

ESTEPAN: Ori egi uts-utsa da.

KALIBAN: Zu izango zara izaro onetako yaun, eta ni zure otsein izango naz.

ESTEPAN: Zelan izan leiteke au? Eroan ete nagikek lagun-artera?

KALIBAN: Bai, bai ene yaun; nik a lotan eskuetaratuko dautzut, eta zuk gura-ezkero, ari buruan untzea be sartu zineio.

ARIEL: Guzurra diñok; ik ezin dok.

KALIBAN: Ze belamika barritsu-ergel dogu au? Adabaki zirtzil ori! Zure nagusitasunak orreri belarrondoko batzuk el-non eta bonbila kenduko al dautso; ori amaitu dakionean, orrek gezala ez besterik eztau edango: urgozo-iturriak norago dirianik eztautsat erakutsiko-ta.

ESTEPAN: Tirinkul, ez adi yarri galbiderago; bein geiagotan mamu oneri itza ebagi ba'dagiok ebagi, nik errukiari ateak itxita, opildu egingo aut nire eskuz.

TIRINKUL: Ostera! Zer egin dautsat, ba, nik? Nik eztautsat ezer egin: ni orregandik urrindu egingo naz.

ESTEPAN: Ez ete dautsak esan orrek guzurra diñoala?

ARIEL: Ik guzurra diñok.

ESTEPAN: Esan ete yoat? Artuik au (Yo egiten dau). Au atsegin ba'yak, guzurtau nagik ostera be.

TIRINKUL: Nik etzaut guzurtau. Zu be burutik ezeze belarrietatik be eginda ete zagoz?  Zure bonbil onen denganiñoa! Au ardao zuria edanarena da! Zure mamua sakuteak yoko al dau! eta txerrenak eroango al dauz zure atzak!

KALIBAN: Ja, ja, ja!

ESTEPAN: Orain, yarraik ire ipuña. Arren, i aragetu adi.

KALIBAN: Gogorrago yo egizu ori: oraindik laster neuk be yoko dot.

ESTEPAN: Oa arago! Tiruk, yo aurrera.

KALIBAN: Ba, esan dautzudanez, ak eguerdi-ostean loaldi egiteko ekandua dau: lotan dagoala, ari atera zenegioz garaunak, lenen aren idaztiak zeuganduta; edota, adakiz birrindu aren buru-azurra, naiz opildu a egurka, edo-ta ari iduna ebagi zure aiztoz nai aiotzez. Ez aiztu gero, lenen aren idaztien yabetu zaitez; aik barik a, ni nazan lez, kedarra baño geiago ezta, ta eztau izango iratxo bat be nori agindu; aik guztiak dautsoe gorroto gorria, nik lez. Erre egizuz aren idaztiak. Ak lanabasa (berak beintzat izen au ezarten dautse) bikainak dauz, eta etxerik izari dagianean, eurekaz egingo dautso tellatua. Eta sakon-sakon ausnartu bear dana aren alabearen edertasuna da; ak berak BARDINBAKO eresten dautso; nik eguño eztot ikusi emakumerik, nire ama Sailsoratz eta a baño; baña a Saikoratz'en aldean eder be eder da, ederra itxusiaren aldean dan legetxe.

ESTEPAN: Neska orren eder ete dok?

KALIBAN: Bai, yaun, zure oerako ederto be ederto letorkizu; bai orixe, ta seme-alaba ederrak emongo leuskizuz.

ESTEPAN: Mamu, nik gizon ori il egingo yoat aren alabea ta ni errege ta erregeno izango gozak; Gora gure gurentasuna! I ta Tirinkul errege-ordeko izango zarie. Begiko ete yak asmo au, Tirinkul?

TIRINKUL: Itzalez.

ESTEPAN: Ekak ire eskua; i yo izanaz garbaituta naiagok: baña ire bizian min ona erabili egik.

KALIBAN: Ordu-erdi barru a lotan dozu. Zuzituko ete dozu orduan?

ESTEPAN: Bai, nire izen ona-arren.

ARIEL: Nik au nire ugazabari esango dautsat.

KALIBAN: Pozez ganezka yarri nozu: ezti-eztitan nago; izan gaitezan txitxari; lentxoago irakatsi daustazun doñua taraka abestuko ete dozu?

ESTEPAN: Mamu, ik eskatuezkero, nik bidezko dan edozer egingo yoat, edozer, gero. Tiruk, Tirinkul, abestu yaiguan. (Abesten daragoioe).

                    «Irri egiezu, ta irriz ezetza emon egiezu;

                    irriz ezetza emon eta irri egiezu; oldoztutea azke da.»

KALIBAN: Ori ezta arako doñua.

 

(Ariel'ek yoten dau doñua danbolin eta txistuz).

 

ESTEPAN: Zer dogu au?

TIRINKUL: Au gure arako tararako doñua bera da, Iñorez'en irudiak yota.

ESTEPAN: Gizon ba'zara, gizon, erakutsi zure burua bera dan legetxe: Txerren ba'zara, ostera, artu gura dozun antza.

TIRINKUL: Ene, azketsi egidazuz nire obenak!

ESTEPAN: Ilten danak, bere zor guztiak ordaintzen dauz: nik eupada egiten dautakat: Gure erruki izan adi!

KALIBAN: Bildur zara, ala?

ESTEPAN: Ez, mamu, ni ez.

KALIBAN: Ez izan bildurrik. Izaro au poza emoteko bai, baña ezetariko okerrik egiten eztaben zarata, ots, durundu ta aize-giroz beterik dago. Iñoz milla ereskinek batera zoli yoten dabe nire belarrien urrean; eta nozik-bein bai abotsak be, luzaroan lo egonda itzarri-arren, ostera be lo arrazoko leuskidenak; eta gero, amesetan, odeiak idigi ta nire ganera aberastasunak eralgiten ebezala irudituten yatan: eta itzarten nintzanean, negarrez, barrien-barri ames egitea eskatzen neban.

ESTEPAN: Bakalderri au egundokorik ondoen etorriko yat, emen eresia utsean izango dot-eta.

KALIBAN: Posper zuzitu dagizunean.

ESTEPAN: Ori bereala ta txirikelan egingo dogu: gogotan yoat arako ire ipuña.

TIRINKUL: Otsa yoan doa: yarrai dagiogun ta, gero, egin egitekoa.

ESTEPAN: I aurretik, mamu, gu ire atzetik yoango gozak. Nik danbolin-yotzalle au ikusi gura neunke: ixilduaz ixilduaz doa.

TIRINKUL: Ba-zatoz, ala? Nik yarraituko zaut, Estepan. (Alde dagie).

 

 

 

III. AGERLEKU

 

Izaroko beste arlo. Albontsa, Sebasten, Andoni, Gontzal, Adiran, Pantkeska ta abar aurrera

 

GONTZAL: Andera Miren-arren, ni ezin yoan naiteke aurrerago, yaun: nire azur zarrok minduta dodaz; izan be emen bide kako-makotsu ta zearka-mearkatsu utsak doguz bein artezak, bein kakotsuak! Epe artu egizu, baña ni atseden-bear gorrian nago!

ALBONTSA: Agure yaun, nik ezin ezarri zuri errurik, ni neu be una-una eginda ta soñeko kemenak motelduta nagota: yezarri ta atseden artu egizu. Ementxe erantziko dot nire itxaropena be ta ez euki aldean luzaroago nire zuritzalletzat gu bere billa emen bideak betean eta bideak galduta gabiltzana itorik da: eta gu legorrez aren billa ibiliari irri ta barre egiten dautso itxasoak; Tira, ba, egin baño eztauko.

ANDONI: Ni pozik nago orrek itxaroa galdu izanaz (Banazean Sebasten'eri). Bein atzeratu-arren, ez egizu itxi bertan-bera zuk bein aurrera eroateko artu zendun erabagia.

SEBASTEN: Urren letorkigun Ereari oso-osoan elduko dautsagu.

ANDONI: (Sebasten'eri banazean). Bedi ori gau onetantxe: eta izan be, bideak emoneko nekearen nekez unatu-unatuta dagokezanean eztabe izango, ezin izan daikie, soñak arin eta bizkor dabezanen zaintza ta zurtasunik.

SEBASTEN: (Andoni'ri banazean). Gau onetan egingo dala yiñoat; au bego au.

 

Eresi ben eta iñondiko; eta Posper euren buruen ganean, agiri eztala. Iñondiko Irudi batzuk aurrera, oturuntzea dakarrela; mai-baranoan yantzan egiten dabe agur-soin-ereikera lirainakaz, eta errege ta enpaduai yatepo dei eginaz alde dagie.

 

ALBONTSA: Ze oskidetasun dogu au? Entzun, nire adiskide onok!

GONTZAL: Eresi itzalez gozo ta zoragarri!

ALBONTSA: Yagola txeratsuak emon egiskuzuez zeruok! Nortzuk izan dira orrako orreik?

SEBASTEN: Iñondiko gogaldi bizi; orain bai nik sinetsiko dodala ba-dagozala adarbakardunak; Arabi'n «penitz'en» [3] bakaulki deretxon zugatza dagoala; une onetan ango errege penitz dala.

ANDONI: Nik biak sinetsiko dodaz; eta nire sinismen-eske beste edozer etorri ba'dakit, egi dala zin egingo dot ortik zear ibiliak egundo eztabe esan guzurrik, etxeko ergelak aik guzurtitzat etsi izan-arren.

GONTZAL: Nik orain au Napoli'n esango ba'neu, sinistuko ete leuskide? Nik esango ba'neu onango ta onango izarotarrak ikusi dodazala, eta izan be, oneik izaro onetako lagunak dira, urrean, irudiz mamu-antzeko izan-arren, gutariko asko, edo obeto esan, gutariko iñor baño txeratsuagoak.

POSPER: (Bere kitean) Yaun zindo, ondo esanda zuk esana, zuotariko batzuk txerrenak baño okerrago zarie-ta.

ALBONTSA: Nire gorapenak eztira izango lar Irudi orrentzat, olango soin-ereikerak eta abots esankorrak dabezanezkero, miñik erabili ez-arren, olango itzaldi ixil-ederra egin dauskuenontzat.

POSPER: (Bere kitean) Alde egitaldian goratu egizak.

          Pantzezka'k.— Iñondiko eraz ondatu dira.

SEBASTEN: Eztau ardura; yakiak or euren atzean itxi dabezanezkero; eta izan be, guk ba-dogu urdallarik. Gura dozue or maian dagozanak zelangoak dirian ikusi?

ALBONTSA: Ez nik.

GONTZAL: Benetan, yaun, eztozu bildurrik zetan izan. Mutiko gintzanean nok sinetsiko eban esan ba'leuskue ba-dagozala zezenak tez idunetik dingilizka narru-zorroa daben menditarrak, idunetik dingilizka aragiz beteriko narru-zorroak dabezanak? Naiz, ba-dagozala burua bularrean daroen gizonak? Baña orain dakusgunagaz bai ona dogu bosten alde bat yokatu ba'dagigu.

ALBONTSA: Ni yakioi eldu ta yaten naioak; ori nire atzena izango ba'dok be, etxaustak ardura, gure onena yoana dala uste yoat-eta: Anai, nire yaun duke, aurrera, ta egin zuok be guk dagiguna.

 

Ostotsak eta yusturiak. Ariel aurrera, emakume-egaztiantzez [4]; egoak aztintzen dauz mai-ganean, eta iñondiko bidez oturuntzarik agiri ez geiago.

 

ARIEL: Zuok iru gizon obendi zarie, beko mundu au ta bertoko oro bere esaneko ta bitarteko dauzan atan-bearrak itxaso ase-beteari okadaka egotziazoko iru gizon obendi; eta gizonik bizi eztan izaro onetara egotziazoak izan be: biziteko gitxien egoki zarienok. Nik burutik eragin dautzuet; eta onangoxe adorez gizonai euren buruak eskegiazo ta itoazo dautsedaz.

 

(Albontsa, Sebasten eta abarrek ezpatak ateratzen dabez)

 

          Ergelok, alangook! Ni ta nire lagunak alan-bearraren agindukoak gara; zuon ezpatak gaitzat izan dabezen lenen-gaiak bardin zauritu leikiez axe zaratatsuak, naiz irri egiten yakien epaiz beti alkarreri deutsen urak il, nire egakiko uletxo bat bera gitxiagotu baxen errez; nire lagunak be onangoxe zauri-ezinak dira; minik egin al ba'zendue be, orain zuon ezpatak zuon indarrentzako aztunegi dira, ta ezin eragi izango dozuez. Baña gogoratu zuokana nakarren egitekoa auxe da-ta,- gogoratu zuok Milano'tiko irurok Posper onaren tokia artu dozuela; a itxasoari emon dautsazuela, ta itxasoak azke itxi dauela bai a bera, bai aren alabatxo errugea, ta egite askarri orregaitik almenak, zuok eginarekiko zigorra geroratu bai baña aztu ez-ta, asarre bizian yarri dabezala itxasoak eta izpasterrak; bai, izaki guztiak, zuon gentzearen aurka: Iri, Albontsa, iri ire semea kendu dauskae; eta nire bitartez, ire ganera astiro-astiro etorriko dan ondamendia iragarten yoek, bat-bateko eriotzea baño txarrago dan ondamendia, ire ta ire asmoen zai dagoana; zuok almenon asarre gorritik alde egiteko bide bakarra zuon biotznaibagea ta, orren urren, bizitz zintzoa dira: eta orrako ori izaro bakar-bakar onetantxe egin ezpa'dagizue, orrako asarre ori betebetean yausiko da zuon buruen ganera.

 

Ostots artean ondatuten da: gero, eresi leunez, arako Irudiak ostera be aurrera, ta mosuak eginda, maia kendu egiten dabe.

 

POSPER: (Bere kitean) Ene Ariel, itzalez ederto egin dok emekume-egazti onen egitekoa; gatz andiz irunsten izan yok orrek: ik esatekoetan nik agindurik txikerrenik be eztok itxi betetzeka: olan, bizkor-bizkor eta iñondiko zeaztasunez egin dabez euren egitekoak nire bendekorik zirtzilenak be: nire lilurapen andiak eta oneik nire areriook alkarri yosi-yosi eginda, oneik zer egin eztakiela ta nastuta dagoz: orain nire bendeko dodaz; eta aldien onek yota itxiko dodaz nik oneik, ni neu oneik itotzat daben Perdinanda Gaztea ta bere ta nire maite maitea ikusten nazan artean. (Posper'ek alde dagi).

GONTZAL: Zer gurenen bat-arren, yaun, zer dala-ta dozu iñondiko begirakune ori?

ALBONTSA: Eneee! Onako au mamuena da! Itxasoak orxoa egiten ebala ta berak itz egiten eustala iruditu yat; axeak be orixe abestuten eustala; eta oskin sakon eta ikaragarri dirian ostotsak be Posper'en izena aitatuten eustela; ak abots lodisakonez abestu dau nire utsa. Beraz, nire semea itxas-ondoko lupetzan datza; eta nik egundo ondo-berunek billatu izan dauen baño ondorago billatuko dot a, ta akin batera an lupetzako oean etzan. (Alde dagi).

SEBASTEN: Aldien txerren bat, euretariko taldeak benderatuko dodaz nik.

ANDONI: Neu izango nozu zure urrengo. (Sebast. eta And.'k alde dagie).

GONTZAL: Orreik irurak dagoz etsita; euren erru andiak, bere lana geldi-geldi egiteko emoten dan edenaren antzera, ba-daragoio orrein indarrak makaldu ta iristuten: nik baño azur-giltza bigunagorik dozuenok, arren-bai-arren, zoaze arin orrein yarrai atzetik ara, orain orrein yabe eginda dagoan lilurapenak eragin leioena galazoteko.

ADIRAN: Yarrai, arren-bai-arren. (Alde dagie).

 

 

2 bis. Mirande itzak gelgarri, arrigarri esan gura dau.

3. Penitz nai Poinitz. Miti-egazti au Aigito'koa yatzu ta eguzkiari opatua zan. Ipuña eztabe guztiak bardin eralgiten, baña batzuk diñoenez, egazti au ango Eliopoli urian bosteun urtean bein agertzen ei zan, eta agertuta ara, egur-meta batu ta aren ganean erreten ei eben, baña poinitz barria sortu ta yagiten ei zan.

4. Emakume-egazti. Miti-iztiko au soñez egazti ta buruz emakume ei zan; erpa luzeak ei ebazan eta txitean-pitean ei egoan zirin andurtsu nazkagarria eriola. (Ikusi Enearena, 111, 211-265 ta Odiseurena, I, 141).

 

 

© William Shakespeare

© itzulpenarena: Bedita Larrakoetxea

 

 

Ekatxa, William Shakespeare
Notin Antzeztuak / I. ekitaldi / II. ekitaldi / III. ekitaldi / IV. ekitaldi / V. ekitaldi
Antzerki onen ari-azurrak eta abar / Itz gitxi ezagunak

 

 

"Shakespeare euskaraz" orrialde nagusia


www.susa-literatura.eus