Ez da hila haren mezua

 

Jean-Louis Davant

 

        Duela mende bat jaio zen Etienne Salaberry apaiz idazlea, 1903ko otsailaren 18an zuzen. Piarres Lafitte sonatuaren kidea zen Uztaritzeko ikastetxe katolikoan eta Herria euskal astekarian. Ezin bereiziak ditugu biak, bestalde Lartzabal eta Monzon bezala, eta horrekin oso bat nator Pako Sudupe idazlearekin: Piarres Lafitteren Kazetari-lan hautatuak liburu mardula agerturik, ber modukoaren antolatzen ari da Salaberryz, datorren udaberrian argitaratzeko.

        Filosofia irakaslea zen Salaberry, eta horren ezagutzak egin nituen Uztaritzeko Saint Francois Xavier ikastetxean ikasle nintzela, 1953-54 ikasturtean. Ikasgaiak oso zorrozki prestatzen eta egiten zizkigun, laburpen idatzia barne. Autoritate natural handia ukanarren, harreman onak zituen bere ikasleokin, eta lantzen zituen ere; atsedenaldietan gure jostalekura jaistea ohi zuen beste irakasle gehixenek ez bezala, gurekin elerrateko, dela arraierian, dela gai sakonetan. Gure geroaz arta handia zuen, goi mailako ikasketei buruzko sail eta bideen hautatzen laguntu gintuen, eta nihau bereziki.

        Handik landa, Unibertsitatean zela, eta gero Aljeriako soldaduzka, sei urte eta erdiz Salaberry-ren ganik urrundu zen ene bidea. 1961eko urtarrila hastean irakasle sartu nintzen Hazparneko Saint Joseph kolegioan, eta apirilean Enbata kazetako taldean. Hortik aitzina Salaberry-rekin topo egin nuen berriz, dela haren eta nire artikuluen bitartez, dela biltzar publiko batzuetan.

        Heleta nafar herriko Garra etxean jaioa, etxe oneko semea zen Salaberry. Harentzat «Jainkoaren etxeko jauna» zen apaiza. Bai, jauna zen Salaberry, Lafitte bat ez bezala, baina jauna zentzu hoberenean ere: bihotz handiko gizona, eskuzabala, bere ikasleoi ekartzen zigun arta eta laguntzatik usna daitekeen bezala. Politikako eztabaidetan ere, txikikeriak bazter uzten zituen, eta polemika guzien gainetik egoten zen frantsesez erraten den bezala chevalerensque, hots egiazko zalduna, estimo handitan zaukan Monzonen antzera. Nire alde bereziki hola portatu zen, Frantziako administrazioak egin zidan auzi gogor batean. Politikan genituen ezadostasunak kontuan hartu gabe, nire defentsan agertu zen argi eta garbi, bere sona hor arriskutan ezarriz Herria kazetako artikulu batean, eskuindarra eta gaullista baitzen iparraldeko iritzi publikoa, oso Frantziazalea denen gainetik.

        Bost urtez gerlako presoner egona Alemanian (1940-45) Herria kazetan 36 urtez astero bi zutabe idatziko zituen Salaberryk, hara euskaraz So Egilea sinatuta, bestea Tribune libre du prisonier delako titulu pean. Preso izanaz markaturik egon zen. Haatik ez zen batere gaullista. Kristau demokrata zen, Frantziako zentristen aldekoa, oso europazalea, eta bere gisan euskalzalea, errotik euskalduna baitzen. Bere alderdiari eutsi zion, beti Robert Schuman fundatzailearen idealari fidel egonez. Maiz eztabaidan sartu zen Enbata-koekin, bereziki nirekin, Herria kazetako bere frantsesezko artikuluetan. Gure zurruntasuna zitzaion partida, oroz gainetik, eta uste dut, berak behin idatzi zuen bezala, belaunaldien artekoa zela gehienik gure arteko ezadostasuna, ez hainbat ideologiazkoa.

        Alderdi zentrista ere kritikatu zuen 1965etik, haren oportunismoa salatuz. Eta nagusiki, 1970eko hamarkadan, abertzale bilakatu zela erran daiteke, haren idazki batzuk ongi aztertuz.

        Apaiza zen, ez haatik batere klerikala, gizona baitzen oroz gainetik, eta kristau idekia, baikorra, Kontzilioa posible egin duten horietako. Ez zen agortu mezu hori, bukatzekoa baita Elizaren erreforma. Halaber Salaberryren europazaletasuna, egiazko Europa bati buruz lehen urratsak orain hasten baititugu. Euskal Herriaz ere badigu zer errana, sail horretan ere pausu franko baitugu egiteko. Ez da hila haren mezua.

        XX. mendeko euskaldun handienetatik izan da Salaberry. Horren mailako gizon politikorik ez dugu eduki iparraldean. Beraz guk ohoratu behar genukeen. Hegoaldeko batek egiten du, eta gisa batez hobe, Euskal Herri osoaren gorazarrea merezi baitu mugari hainbeste ostiko eman dion euskaldun europazale horrek. Eskerrak zuri, Pako Sudupe!

 

 

© Jean Louis Davant

 

 

"Etienne Salaberri" orrialde nagusia


www.susa-literatura.eus