Ehun urte dira
Etienne Salaberri heletar idazlea

mundura sortu zenetik

Herria aldizkarian astero eman zuen argitara artikulu bat 35 urtez

 

Juan Luis Zabala

 

        Idazle behar baino ahantziagoen oroitzapena berreskuratzeko aukera izaten dira urteurren eta mendeurrenak. Etienne Salaberri heletar idazlearen kasua adibide argia da, hari buruz idazten jarri baititu hainbat euskal idazle haren jaiotzaren lehen mendeurrenak. Etzi, asteartean, 100 urte beteko zituzkeen, bizirik izanez gero, Etienne Salaberrik, eta bi libururen argitalpena dago abian: batak, Egan aldizkariak plazaratuko duenak, Joxe Azurmendi, Jean Louis Davant eta Pako Suduperen artilkulu luze bana hartuko du bere baitan, Salaberrik argitaratutako 70 artikuluren ondoan; besteak, berriz, Pierre Aintziart izango du idazle, eta Elkar argitaratzaile. Liburuak ez ezik, Salaberriri buruzko hitzaldi zikloak ere izango dira uda baino lehen.

        Heletan 1903ko otsailaren 18an sortua, filosofia irakasle eta artikulu idazle oparoa izan zen Etienne Salaberri.

        Sorterrian egin zituen lehen ikasketak; ondoren Belloken jarraitu; eta, azkenik, Baionako Semninario handian amaitu. 1924tik 1926ra bitartean, Rhin ibaia zaintzen egin zuen soldaduska. 1929an apeztu egin zen, eta ondoren Okzitaniako Tolosako Institutu Katolikoan hasi zen filosofia irakasten. 1931an, Uztaritzeko Seminario ttipian lotu zitzaion lan berari.

 

        Bost urte preso Alemanian

        1939an, bigarren mundu gerra pizturik, berriro joan behar izan zuen soldadu Salaberrik, Tarbesa. Alemanek atxilo hartu ondoren, bost urte eman zituen preso Alemanian. Esperientzia horrek eragin handia izango zuen Salaberriren izaeran eta pentsamoldean.

        Bigarren mundu gerra amaitu ondoren, 1945ean, Uztaritzera itzuli zen, eta han jarraituko zuen filosofia irakasle lanetan, harik eta 1958an apezpikuak antolatu berri zuen Baionako Villa-Pia lizeora joan zen arte, lan bera egitera beti, filosofia irakasle. Idazle eta euskaltzale asko izan ziren Salaberriren ikasle, Pierre Aintziart eta Jean Louis Davant adibidez.

        Bigarren mundu gerra amaitu berritan, 1946an hasi zen Salaberri Herria aldizkarian artiluluak argitaratzen, Piarres Lafittek hala eskaturik. Harrezkero, aste orotan idatzi zuen aldizkari berean, ia-ia hil zen arte, hots, 35 urtez. Artikuluak ez ezik, olerkiak eta antzerki lanak ere idatzi zituen Salaberrik, baita irratirako irakurraldiak egin ere.

        Garaian ohiko zen gisan, ez zituen Etienne Salaberrik bere izenez sinatu artikuluak. So Egilea sinadura erabili zuen hasieran euskarazko lanetan, eta gero beste ezizen batzuk ere erabili zituen.

        Ene sinestea liburua eman zuen argitara 1978an, lekukotasun autobiografikoa funtsean. 1981ean, berriz, hil zen urte berean, Beñat adiskidea, agur! eman zuen argitara.

        1979ko urrian omenaldia eskaini zion Euskaltzaleen Biltzarrak. Omenaldi hartarako idatzitako hitzaldiak liburu batean bilduta argitaratu zituen Itxaropena argitaletxeak 1980an.

        Fede katolikoa, euskaltzaletasuna eta europazaletasuna dira Etienne Salaberriren pentsamoldearen ardatz nagusiak.

 

 

© Juan Luis Zabala

 

 

"Etienne Salaberri" orrialde nagusia


www.susa-literatura.eus