BERRIZ SORTZE

 

        Nikodemo farisau argitu gizon zintzoa. Edozoin, ala fededun, ala fede gabe, izan ditake Nikodemo. Sutan gogo-bihotzak, eta auzoek zer jalgi doi bat izikor, badoa gauaz Jesus Jaunaren aurkitzerat. Hunek bihur tzen dio: «Egiaz egia erraiten dautzut, nehork ez dezake Jaungoikoaren erresuma ikus, nun ez den berriz sortua». Berriz sortua, egirat, ongirat, ederrerat, nahiz sor ditaken gezurrerat, gaizkirat, itsusirat. Berriz sortua «uretik eta Izpiritu Saindutik», eta ez lohitik eta izpiritu gaixtotik. Edozoin gizon izan ditake Nikodemo, farisau zintzoa.

        Horiek hola, bada bertze sortze bat ez guti baliosa. Berriz sortzea bere ahantzi jite berezirat. Berriz sortzea biziak makurtu bere biderat.

        «Hire burutik egiten dukana, hura izanen haiz», derasa Jean Paul Sartre frantsesak. Asko Euskaldun, bazterturik euskaldungoa, egiten dira, beren nahitarat, Frantses edo Español, Paristar edo Madriletar. «Hizan hura bilaka hadi», dio, Pindare Greziako bertsulariaren ondotik, Nietzsche alemanak. Asko Euskaldun, beren hauturat itzultzen dira baztertua zuten euskaldungorat. Gerla aintzinean, ene tirria jean Paul Sartre-n alderat. Gerla ondoan, ene deia Pindare eta Nietzschen alderat. Gerla aintzinean, Jean-Paul Sartre nagusi, Pindare eta Nietzsche haren zerbitzari. Gerla ondoan, Jean Paul Sartre zerbitzari, Pindare eta Nietzsche haren nagusi.

        Gerla denbora izan da enetzat Nikodemoren orena. Oren etsigarria. Oren miresgarria.

        Hego-Euskaldunek egin dituzte hiru azken gerlak Espainiaren kontra. Ipar-Euskaldunek egin ditugu azken hiru gerlak, bertzeak bezala, Frantziaren alde. «Burdina eta sua herriaren biltzaile», zion Bismarck aleman minixtroak. Burdinak eta suak deslotu dute Hego-Euskal-Herria Espainiatik. Burdinak eta suak lotu dute Ipar-Euskal-Herria Frantziari. Bainan ene gizamendearentzat jin dira, gogoeten egiteko, gerlako korraleak. Desertua izan dena juduentzat, korraleak izan dira guretzat. Begietarik urrun, Euskal-Herria egin da bihotzetarik hurbil.

        Gerla aintzinean ez nakien Euskaldun nintzala. Frantziak ez zautan moztu mihia, bainakien euskara, bainan iretsi euskaldun gogoa, euskaldungoa. Eni bezala bertze ainitzi, Frantziak. Eni bezala bertze frangori Espainiak. Frantziak balus mehez esku kanpoa. Espainiak larru lodiz esku kanpoa. Bainan biek berdin gogor nagusi xedea. Biek berdin idor burdinezko eskua. Biek bi solas, bainan biek nahi bera. Bietarik berdin zaindu behar gure burua.

        Frantziak eta Espaniak egin daukute ongi ederra, ekarriz gure arterat beren kultura aipagarria. Bainan Frantziak eta Espainiak egin daukute gaizki gaitza, ez utziz zabaltzerat gure kultura berezia. Tenore da ibil gaiten gure zango eta hitzen gainean. «Euskara, jalgi hadi kanporat; euskara, jalgi hadi plazarat; euskara, jalgi hadi mundurat!».

        Gu gira, Bretaniarekin, Okzitaniarekin, Kortsarekin, Kataluniarekin, hogoigarren mendeko herri berriak. Zor dugu hemendik goiti xutik egoitea, zor gure buruari, bainan ere Frantziari eta Espainiari. Jaungoi koaren lore baratzetik kentzen balute lore xuri gorri ferdea, Jaungoikoaren mintzaira alorretik jalgitzen balute aspaldiko mintzaira euskalduna, hits litake Jaungoikoaren lore baratzea, zimeil Jaungoikoaren mintzaira alorra... Gaixtakeria itsusi batez litazke hobendun Frantzia eta Espainia.

        Gerla aintzinean, bertze nunbeit ene gogoa. Zer ziren «esthétique», «logique», edertasungoa, zuzentasungoa? Zer zabilan Bergson gure mendeko San Agustin paregabeak, zoin ziren jakitatearen eta sinestearen lo karriak? Gerla ondoan, «Buruxkak», Manex Etcheparen liburuak miresturik, galde egiten diot Piarres Lafitte adixkideari:

        — Ezagutzen duka gizon hori?

        — Ezagutzen? ... Gerla aintzinean, asteazken oroz etortzen zitzaitakan ikusterat. Ez duka ikasi? Gure gelak ondoan zituan!

        Gure soak jendeari emaiten dio izaitea, edo jendeari jalgitzen. Gure soak du pizten edo endurtzen. Aberatsak Lazaro beharduna baino gehiago, ez nuen Manex Etchepare euskalzalea nik, euskaltasun-gabeak, ikusten. Ez dukana bihotzean ez duk ere begian.

        Gerla aintzinean, uste nuen Frantzia zagola munduaren erdian, bertze herriak Frantziari beha inguruan, eta Frantziaren erdian Parise munduarentzat, argiaren hiri argitzailea. Gerla denboran, ikasi dut, munduak         badauzkala ainitz erdi; ainitz erdi Europak, elgarri lotu beharrak izaiteko elgarrentzat, zurkaitz eta ontasun.

        Marcel Déat «L'Oeuvre» egunkariko buruzagiak erakaspen hori errepikatzen zuen eta marteilukatzen bezala, aldi oroz. Ez gintuen ikusten ahal Marcel Déat eta haren «L'Oeuvre» egunkaria. Errotik Alemanen alde, zer nahi erasia zabiltzan Frantses soldadoen kontra, gure kontra, Bainan ohartu gabe egiaren hazia ene baitan sartu. Ene baitan sortu. Ene baitan haunditu.

        Marcel Déat-en ateraldiak beretuko ditu Palmiro Togliatti komunixt italianoak, gerla ondoan. Bainan Euskaldunek ez ginuke Marcel Déat eta Palmiro Togliattiren aditze beharrik: «Zazpiak bat» dio euskaldun oihuak. Bat, Bainan zazpi. Zazpi, bainan bat. Frantziak bere buruaz dio: «Bat eta ezin behexia». Euskal-Herriak: «Andana eta bat». Lehen hitza atzoko munduaren gakoa. Bigarren hitza biharko munduaren giltza. Lehenetik jalgitzen zapaltzea; bigarrenetik laguntzea. Lehenarentzat askatasuna ainitzi kendu behar, bati emaiteko; bigarrenarentzat askatasuna orori eman behar, bihi bati ez kentzeko.

        Gerla aintzinean, uste nuen bertzeak zirela bakarrik hisiaren ereile. Gerla ondoan ikasi dut aiherkunde ereileak badirela orotan. Ferdinand Hirigoyen Biarritzeko auzapez ezkertiarrari aditu diot Frantziak piztu duela, edo bederen pizten lagundu, 1914-eko gerla, jalgitzeko giristino eta giristinoen kontrako guduka ahalgegarritik, bai-eta-ere Dreyfus-en auzi buztan itsusi luzetik. Aditu dut ere Poincaré ez zela gerlaz kexu Alsace-Lorraine bere sor-lekua Frantziarat itzul-arazteko. Orai okaztagarri zaitana Europa giristinoak bi aldiz su emaitea munduari. Orai higuingarri zaiztanak, katoliko, protestant eta ortodokzen, giristino, judu eta mahometanoen aharrak, Jaungoiko bera dutelarik orok goresten. Copernic-en itzuli osoa egin du ene gogoak.

 

 

        Mintzo batek aipatu bide zerautan beharri xilorat, bainan hain eztiki, hain goxoki, hain apalik nun ez bainuen uste haren solasari nintzala ohartu...

        Nikodemo, Nikodemo,

        Jina duk hire biziko bide-kurutzea.

        Gizon guziak, goiz ez bada berant, heltzen dituk bere biziaren bidekurutzerat, hauta dezaten nahiko bidea; hauta bere betiko begitartea.

        Nikodemo, orroit hadi...

        Udazkenaren azken egunetan itzultzen zituan ainarak Garrako ezkaratzean ernai zaharrean utzi ohantzerat. Itzultzen, ez han egoiteko zilintzan loheriaz hartuak, bainan oldar gehiago papoan, uda berria jin ber, hegaldakatzeko, aro berri bat haste.

        Nikodemo,

        Luze izan dituk hire nunbeit ibiltzeko ñapur bideak. Xurgatu daukie odolarekin ukana huen euskaldungoa. Bertze nunbeit hire axolak. Bertze nunbeit hire itxaropenak. Irakurtu dituk trumilka lerroak. Horiek gogoa xorroxtu, bainan herriaren amodiotik horiek bihotza hustu.

        Nikodemo, Nikodemo,

        Jasan ditukan zorigaitzek moztu dauzkie barna sartuak hintuen lokarriak. Gogo koropilatua, gogo zahartua. Gogoaren deskoropilatzea, gogoaren gazte itzultzea. Bazioak bururatzerat negua. Udaberriko izerdia iragaiten hasia duk abarretan. Izpiritua baziabilak, haizearen pare, mendiz-mendi, zelaiez-zelai.

        Nikodemo...

        Erakutsi dukalarik ez dela ikusi behar lehenik ongian gaizkia, bainan lehenik gaizkian ongia; esku goiti itzulian ez dela ikusi behar lehenik erhia, bainan lehenik erhiaren goragoko zerua.

        Erakutsi dukalarik gizonak ez direla eginak artzeko koskan, hala nola marroak mendian; ez direla bat bertzeak baino gorago nortasunean; ez direla bat bertzeak baino apalago askatasunean.

        Erakutsi dukalarik Jaungoikoa gorderik dagola gizonari eman dion barneko musuan bezala, urre eta zilar, distirant dagotzin kanpoko itsaso, mendi, izar, iguzkian...

        Egiaz egia erraiten daiat, horiek erakutsi ditukalarik, hor huela ondoan erakaspenaren zuzendari Euskal-Herri giristinoa.

        Eta nik ihardetsi buru-has eta belauniko...

        Jauna, zorigaitzak utzi du ene besoan burdin gorri zigiloa. Kurutzea haren itxura. Bainan, kurutzearen gainean, zorionak ideki du lau hostoko arrosa.

        Jauna, zuri ene goresmenak. Zuri ene eskerrak. Lagunt nezazu, Euskal-Herriko seme, ez ditzadan behin-ere behex Jaungoikotik lege zaharra, lege zaharretik Jaungoikoa.

        Mintzatu bide nintzan Jaungoikoaren beharri xilorat. Bainan hain eztiki, hain goxoki, hain apalik nun ez baitut uste nere solasari nintzala ohartu...

        Bizkitartean bertze bide bati nintzan lotu.

 

 

        Berrogoi eta bi urte. Ainitz urte. Golde hortza herdoiletik garbitzen du ildoak. Uzkurra ene baitan ereman du bizikk. Aise bilaka ditake bere zilo, barnerat itzulia. Beti hasi ziloa beti desegin daut erakasle eta apez eginbideak. Uste ukan dut, Rousseau iduri, bere buruaz tala-tala mintzo den kalakaria, ez ditakela izan Euskalduna. Eta huna nun halakotsua bilakatzerat noan. Nahiz Euskaldunak atxikitzen duen ardura adimenduan herabe kantail bat, hunek egiten baitaut, eni ere, noiztenka, bere ximikoa. Barnerat inguratua ez da bilakatuko, behin-ere, kanporat bihurtua.

        Gogoko gogoetek zuten ordu arte ene arta berezia. Gogoko gogoeta mailetik jautsiko da orduz geroz ene gogoeta egun guzietako aharramailerat: euskaldun ekonomia, euskaldun geroa, euskaldun fedea, ene bihotzeko kezka. «Heldu den urtean Jerusalemerat», diote Juduek (Judigoek, erraiten dugu Heletan). Eta guk bergisa: «Heldu den urtean Jerusalemerat... barna, Gernikarat».

        Eta huna nun aitak eta amak uzten daukidaten bi etxe ttipitto. Ene baitan ernatzerat doa bere garbotsean egon laborari hazia. Etxetiarrekin laket zitzaitan ibiltzea landa, pentze eta mendietan, eta heieri atsegin erakustea neri beren lanak, agertzea beren xedeak. Ukaiteak haz dezake izaitea. Artzain, arraintzale, egon dira luzaz Euskaldunak kanpoko gertakariekin uztartuak. Beharria eman xorien xixtuari, oilarraren oihuari, zaldien irrintzinari egin dira jende kantari; begia eman iguzkiaren itzuliari, ibaiaren burrustari, itsasoaren zalapartari, egin dira jende dantzari. Nihun ez da izan suharrago gizonaren eta lurraren ezkontza.

        Mundua sartzen zaiku, den bezala, beharri-begietarik, horiek baitira aspaldiko Greziatarren eretzerat, «arimako leihoak». Bainan ez leiho bakarrak. Entzunkin eta behakinarekin aipa ditake jastakina. Haragia ahoan sar, motz, leher, itzul, irets, eta gorputzarekin gorputz bilakatu aintzin, haragiak salatzen dio gogoari bere izaitetik zerbeit.

        Aipatzeko gure baitako hiru ozka nagusi, baliatzen ditugu hiru senditze ez deus: «Salda hau bizia duk: badik doi bat biper; salda hau hila duk: ez dik aski biper; salda hau piztua duk: biper gorriz hantua eman lezakek».

        Euskal-Herriko gizonekin eta gauzekin etxekotzen ari nintzan. Ene biziko lehen zatian, liburuak erakasle, liburuak gauza. Ene biziko bigarren zatian, gauzak erakasle, gauzak liburu.

        1945-eko buruilean, itzultzen naiz Uztaritzeko semenariorat, beti filozofiaren erakasle. Neke oineko zaharraren uztea: zangoa hari jarria. Berdin neke oineko zaharren berriz hartzea: zangoa hari ezin jarria.

        Stalag IV-ean gauza guzian bide-kurutzean nintzan. Hemen deus ez jakinki. Ezkilak jo, erakuts; ezkilak jo, geldi; ezkilak jo, bazkal; ezkilak jo, afal; ezkilak jo, otoitzerat; ezkilak jo, jostetarat... Bidatzalearen bidean ez dira eskas garbotsak. Bidatzea utzi duenarentzat, bizia garbots.

        Ez luzaz. Urrundu da gerlaren ortzia. Jautsi da Bakea. Iduri zait atzo aratsean utzi ildoa hartu dutala egun goizean, biharko egunari buruz. Ondoan ditut aspaldi ene erakasle izan, erakasle zuhurrak; ondoan erakasle berri airosak; ondoan betiko gazte maitagarriak. Gelditu da iparhaizea; altxatu haize hegoa.

        Piarres Lafittek galdegiten daut «Herria» astekarian idaztea. Uzkur nago. Herabe. Zilintz. Urerat jauzi egitea neke, gero igerika zoriontsu izanikan ere. Idazten dut erdaraz zerbeit beribiletako kautxuen ardiestearen gainean. Nagusien zeruari hurbil direnek ukaiten. Urrun direnek, bi solas minkorrekin jalgitzen. Banoa hazilaren hamekan, Biriaturat. San Martin herriko besta, hamalaueko gerlako nagusitzearen urteburua eta «Ihardokitzaileen» biltzarra. Halako egun goxoa iragaitea gatik eginen dut agerbide bat ene atseginaren erraiteko. Piarres Lafittek ezarriko du lehen hostoaren hastean, lerroaldi gehiena balitz bezala. «So Egilea» berak izenpetua. Bat Etienne Salaberry edo E. S.; bertzea So Egilea edo S. E. Hizki berak bat lerroan, bertzea lerro gabean, zaldi zoin gehienetako jokatzalek dioten bezala. Hasi baniz hasi, ez naiz ordutik geldituko. Ez eta ere naski gelditzen ahalko.

        Erran eta egin ditudan zorokerien barkamenduarentzat nahi nuke agertu, Jaungoikoaren aintzinean Gnodstadt-etik Ernst jaunak 1949-ko otsailaren hamekan igorri gutuna... Gerlako presoner da Monein inguruan. Egon ditake gerlako presoner, «Aleman zikin, laneko kabala» gisa ikusia. Egin ditake «langile nahizkari», izenpetuz urte bat egoiteko hautua. Hola izanen da «kasik Frantsesen zuzenetarat altxatua». Bainan zer jaliko dukete haren beha begiak xuriturik dauden burrasoek?

        Duda-mudan dagolarik bihotza galdua, irakurtzen du «L'Eclair des Pyrénées» egunkarian ene ageria: «Ces raisins sont-ils français?» ezarria «Tribune libre du prisonnier» lerroaldian. Ohartzen da badirela gizona gizon daukatenak, Europa orokor baketiar bat altxatu nahi luketenak. Bederatzi urte etxean ez zela sartua. Udan bazuen sobera lan. Orai negua. Igortzen diozka bere eskerrak ezagutzen ez duen urruneko anaiari...

        Pierre Loti idazle Euskal-Herriaren adixkideak dio gizona sortzen dela lau-bortz lelo kantuz ari bihotzean. Ni ere sortu naiz, edo izaitekotz berriz sortu, lau-bortz lelo ezpainetarik dariotela: Euskal-Herria, Europa, Zuzentasuna, Askatasuna, Bakea. Bortz pilar horien puntan dago itxaropena. Alemanian buru egin behar nuen Alemaneri. Ene lagunen lekukoa nintzan. Jean-Baptiste Lamarck-en arabera «egin beharretik jalgitzen da alde egilea». Aipa ditake: jalgitzen dela ere gizon egilea.

        Stalag-ean mintzo nintzan errotik eta bakarrak Frantses gisa. Bainan ene Frantziaren alderako amodioaren barnean ari zen ezin erdiz inzirika Euskal-Herriaren amodioa.

        Bere dorpe guzian eri zen ene frantses nazionalizmoa. Sugeak uzten du eretzzerat bere larru zaharra. Berdin gizonak, lanean ari zaiolarik barnetik, udaberriaren kalda.

        Gerla aintzinean bezala, gerla ondoan, behar gorrian bizi ginen erakasle giristinoak. Pilik ez emaiten Frantziak, alegia-eta ez ginen bertzen maileko Frantsesak. Beltza Ameriketan ala giristinoa Frantzian, berdin biak behexkundezko legeaz joak. Sakrifizio edo opari leize, ikas-etxe giristinoa Frantzian. Ez da hosto ederragorik sainduen urrezko ixtordo-mixtorioetan. 1950-ean oraino, urte-burutik buru, irabazten gintuen 2.000 libera, erakasle gisa, eta 500 libera lizantzaren jabe gisa.

        Orai pagatuak dira erakasle guziak, xuxen den bezala. Pagatuak polliki, apez batentzat ederki, hortan ere baita irrisku.

        Maite jendeen eta tokien kausitzea, lan gabe denboretan nabilan Espainian, Portugalen, Suisan, Inglaterran... eta gero Rusian, japonian, Mexikan, Perun... zer nun ikus, zer nun dkas, beti gose. Begitarte berezi oraino ez ezagutuen beti aiduru.

 

 

        1958-an, Paul Gouyon apezpikuak nahi liuzke San Luis-eko ikasleak Espainiako karrikako etxe nasai, bainan ilunetik, jalgi, ezartzeko arbolaz apaindu Villa-Pia-ko ontasunean. Xuxen dabila. Deus ez da gaztentzat ederregi. Ederrak idekitzen du gogoa egiari, bihotza ongiari. Behar du izan 19-garren mendeko burgesiak den bezadn zikoitza gazteriaren sakatzeko ikas-etxe zikin hertsietan. Gouyon apezpikuak hartuko du goldea Gieure apezpikuak utzi tokien. Lan berari lotu ziren apezpikuak, lehenagoko mende giristinoetan.

        Apezpikuak eskaintzen daukigu joanes Etchegoyhen Donapaleu Mixel Garicoits ikas-etxeko buruzagiari, eta eni, Uztaritze San Frantses ikas-etxeko erakasleari, xutik emaitea Villa-Pia-ko ikas-etxea, hura etxe gizon gisa, ni buruzagi bezala. Biok on-hartzen dugu. Biak sailari lotzen bihotzekin. Beharbada sobera bihotzekin. Ni akitu, zainak alxatu, eritu.

        Euskaldunek derasagu behar dugula bizian gadtzeru bat hauts iretsi. Badira egunak nun ahurtaraka burutik behedti heldu baitzaikigu, ahoaren bete, hauts ilun hilikia.

        Gau okaztagarriak, nun sendatzaileak eman sendagailuak erraiten baitauzu lepotik harturik: «Lo egizak», eta bihurtzen barneko dei samurrak: «Lokartuko ez nuk». Borroka gaixtoa, jendea ez da gehiago bere jabe. Fede zaharretan badira «tabu», debekio zorrotzak, ezin hunkizko tapuak. Tabu, hitz hori aipatzen da ezpainak luzatuz, erdeinuz ahoa beterik. Hola mintzo direnak ergel eta ttarrapatt. Badira tenoreak nun baitugu tabu horien beharra. Tabu goraki mintzo. Tabuk eskuetan hartzen giderrak. Dohakabe, tabu bere baitan ahul duen gizona.

        Kant-en arabera, baldintza gabeko manamenduak dio gizonari, aldaratuz baldintzako edo hautuko manamenduak: «Egizak ongia; baztertzak gaizkia». Trufatu dute Kant: «Solas horrek iduri dik Prusiako ka poralaren odhua, harek ez baitu argitasun pilik emaiten». Ni nago Kant ez zenez ohartua badirela ordu nahasiak, nun ez baita eman behar xehetasunik, xehetasun bati bertze xehetasun bat itzul baititake, nun mintzatu behar baitu laburzki edo idorki tabu barnetik jalgiak. Berdin zorrozki mintzo da jaungoikoaren manamendu tabu bilakatua. Berdin garrazki mintzo zaio eriari sendatzailea. Kant-ek zerasan: «Mugatu dut jakitatea, toki egiteko sinesteari».

        Ene ordain ezartzen du apezpikuak Piarres Camino. Enetako hobe. Laket zait erakustea, gazteekin solastatzea, idaztea, mintzatzea. Ikasi dut ez nakiena, beste askoren ezinbertzea ulertzeko. Heien argitzeko. Laguntzeko. Apez izaiteko.

        Nola sendo? Nola jalgi loheria nahasi hartarik? Lanari joka. Lanak erraiten dauligu: «Ni nauk nagusia eta hi mutila. Beha eni eta ez hdre buruari». Oraino telebixtarik ez, aste guziz egiten ginuen itzuli bat zi nemarat. Filmak berdin hurrupatzen gaitu kanporat. Izan daddn filma funts gabea, edo erdaraz dioten bezala «arbi hauta», hobe. Badira egunak nun arbia baita gizonaren jateko hauta. Hemen bertze eritasunetan baino gehiago, bakotxa bere buruaren sendogailu eta sendotzale. Sendo bezala ibiltzea, sendotzea. Eritasunari kasurik ez egitea, eritasunaren desegitea.

 

 

        1968-ko maiatzarekin galernak hartzen du Frantzia osoa. Ikas-etxetarik jalgi lanoak gau kolore ezarri argiz ardura beztitu hilabetea. Karl Marx-en arabera, erreboluzionearen aita, langilea. Franz Fanon-en ara bera, laboraria. Herbet Marcuse-en arabera, ikaslea. Franz Fanon-ek dio Karl Marx-en langileak galdu oldarra bildu duela laborariak. Herbet Marcuse-k Franz Fanon-en laborariak galdu karra bildu duela ikasleak. Izanak ziren nahasmenduak Ameriketan, Alemanian. Berant bada berant, Frantzian dira bet-batan kukulurat helduko. Bateratuko dira bi ahopaldiak: «Lasto su, laster su», eta «ikatt su, bortitt su».

        «Lot-ak hire karroa izar bati!». Tagore idazlearen hitza bihur ditake «Lot-ak hire herria izar bati!». Hogoigarren mendean sortu dira bi izar: herrien batasuna edo guretzat Europa; herrien bere-bertasuna, edo guretzat Euskadi, Bretania, Okzitania, Kortsa.

        De Gaulle sortu zen 1890-ean. Hamar urtez huts egina zuen hogoigarren mendea. Nehork ez dezake bere sort-urtearen gainetik jauzi egin. Hemeretzigarren mendeko gizonari arrotz zaio, oro har, hogoiga rren mendea. Uste du, lausengatuz eta behar delarik zanpatuz, atxik dezakela hemeretzigarren mendeko errekan hogoigarren mendea. Europaren edo Probintzien alderat «Elysée»-ko jauregiak, Tartaro begi bakuneko zigantearen harpea iduri. Ainitz xederen zango hatz harpeari buruz; xeden zango hatz bihi bat ez harpetik kanporat. «Elysée» jauregian sar eta ez jalgi. Gauza miresgarriak egin ditu de Gaullek Frantziaren onetan. Bainan kendu bi izar berriak Frantziaren zerutik. Haizatu mundu berriaren profetak eta profeten —hala nola Robert Schumanen— orroitzapenak. Izar eta profetik gabe ez ditake bizi herria.

        Erakaspen-ordua bururatu-eta eleketan nindagon ikasleekin. Behako bat emaiten zuteneko taula beltz bati, urruntzen ziren. Gelditzen naiz bakarrik. Taulari hurbiltzen. Han emana: «Oro bil-tokirat etor»... Lan uztea joiten duelarik tirrintak, jalgitzen dira lerroka mutiko-neskatoak, ixil-ixila, iduri mintzatzen ahantzia. Eguerditan berek erosietarik jaten, arno xortarik edan gabe. Bagintuen mail guzietako ikasle lagunen lekukoak. Ordu arte ez zuten egitekorik. Handik goiti, egiteko osoa heien gain. Eta manakor direla gazteak. Ez zaiotela eza laket. Leher-eginak egoiten ziren batzu goiz bat etxean. Bainan aratsaldeko han, burua xut. Lizekoak gure etxean. Gureak lizean. Oro nahas-mahas.

        Goiz batez biltzar nagusia. Hirian lerrokatze bat muntatu behar. Orok baitezpadako aitamen haizua. Hori gazte buruzagien manuz. Eta bixtan dena, aitamek eman. Izan dira ainitz ikas-etxean, erakasle jaukitzeak:

        — Zendako utzi ditutzue lerrokatzerat, gure haurrak?

        Villa-Pian ez holakorik gazteri esker.

        Biltzarretik jalgitzearekin, hurbiltzen zait Landestiar ikasle bat, fuña bezain ernea.

        — Heldu zirea gurekin?

        — Ziekin? Ez zaitak gogoratu. Izan nuk Bokaleko langile lan galdegilekin, gelditu direlarik Bokaleko lantegiak. Aipatu hamarretan laborarieri behar dituztela lerrokak egin, ez izaiteko zangopilatuak.

        — Ederki. Bainan ez zira ez langile, ez laborari. Erakasle zira. Behar duzu jin gurekin!

        Urrunago ziren erakasleak. Erraiten diotet: — Ni banoa lerrokarat.

        — Heldu naiz zurekin, ihardesten daut Dokhelar apez gazte, ni bezala filozofiaren erakasleak.

        Baionako eta Biarritzeko mutiko-neskatoak bilduak dira De-Gaulle plaza gainean. Mintzaldi. Oihu. Eguerditan jalgitzen dira launazka, azkarrenak lagunen zaintzale, eskuin eta ezker. Baginen erakasle multzo bat. Gehienak airatu dira.

        — Hemen gaituk. Egoiten gaituk, dugu egiten Dokhelar-ek eta nik. Sei erakasle ginen orotarat gazteen gibeletik. Ibilirik karrikaz-karrika, ttottotzen dira gazteak lur-arras, Suprefetaren jauregi aintzinean. Gu xutik gibelean. Xutik ere zaintzaleak. Beldur ziren edo komunixtak edo Enbatatiarrak nagusitzea lerrokaz. Bere ber, beren jabe egon nahi ikaslek. «Idurimena nagusi», ordu hartako deia. Ez nahiz eman bere esku zahartua Idurimena nexkatxa gaztearen sorbaldan, kanporat kasik haizatua izan da de Gaulle presidenta. Geroztik ez da izarrik piztu Frantziako zeruan. 1968-ko sukarretik ez da sendo Frantzia. Krisk-kaask ari zaizko argi horiak irriskuaren lekuko.

        Ari izan naiz mila aldiz nere baitan... Ala aitoren semeak, ala burgesia, ala armada, ala eliza jarri direlarik manatzaile bakar, iduri ziotela: «Nagusito, gu gaituk to!» jazarri zaiote herria. Bainan herriak ez dezake ihardok ikastegiari, bazter guzietarat hedatuak baititu hunek bere erroak. Hau errege. Eta huna nun ezin asmatua gertatuko den 68-ko maiatzean. Altxa ipurdi batez ikaslen potokak lurrerat uzkailiko du ikastegia. Deseginik ikastegi askatuak, ala giristinoak ala ez, Estatuak eraikitzen badu ikastegi bakar bat, Estatoaren ikastegia, dohakabe burraso behardunak ez baitute hautatzen ahalko bere haurren ikastegia; dohakabe haurrak bertzek erakutsi bidetik ez baitute beharko higitu; goiz edo berant, dohakabe erakasleak ez baita gaztea, mando bat bezala muturretik ibiltzen.

 

 

        Gerla ondoko gertakari haundiena, ba giristinoentzat, ba munduarentzat, 1962-etarik 1965-erat, Erroman bildu Batikaneko bigarren konzilioa.

        Haiduru mendea. Eliza gogortua. Eliza jarria ateak hetsirik, hala nola suzko mihi, Izpiritu saindua jautsi bezperako eliza. Elizaren gogoan Mendekoste ezeztatua. Elizak iduri «geto», juduen kartier bertzetarik behexia. Elizak, oiloak bezela, bere xitoak irriskutik begiratu nahi, atxikiz bero-beraa, hegalpean. Ama eliza. Elizak ukanki amaren argi eta itzalak. Bada, Elizaren baztertze hortan, amak haurraren alderat duen arrangura, aise, sobera aise, izitua.

        Bainan bada ere, Elizako gizonetan, kanpotiarren alderat, ez aise aitortu haunditasuna. Teologoek uste, heiek daukatela bakarrik Izpirituari buruz beharri. Bertzeak daudela Izpirituaren alderat, beharri motz. Ahanzten Izpirituak ufatzen duela gogo guzien eremuan, nundik norat, berak hauta. Elizaren lan berezia, sortu-berri Egiaren bataiatzea. Elizak ez du bataiatzen bere haurra, bainan nunbeiteko gizonaren haurra. «Gure Herrian» agertu «Mendeko bi zauriak» gaian, ez dut gorde Semenario haundian sartua, apez egitea uzter nuela, ohartzearekin Eliza ez zela gauza berrien aurkitzeko egina, eta nik gazte guziek bezala aurkitzailen lerroan jarri nahi. Egina zela Jaungoikoari buruz aurkituen bihurtzeko, aurkitua izan zadin gizonaren onetan eta ez gizonaren kaltetan. Apeza zerbitzari.

        Henri Bergson-en liburuak ezarriak ziren lerrakorren artean. Maurice Blondel eta Teilhard de Chardin-enak ezartzer. Ageri ez den lurpeko urak hazten du arbola. Ur gorde bilakatu ebanjelioak hazten uste ez duenaren gogoa. Xuxena eta makurra elgarri lotuak direlakotz, behar dea, baztertzeko makurra, haizatu ebanjeliotik sortu xuxena? Baginuen denbora, Alemaniako korraletan solastatzeko haidurutu eliza berriaz. Ez ginuen ausartzia eskas. Denen mintzairean, lehen-bai-lehen ezar mezako otoitzak. Bazen gurekin kaputxin gazte bat, Greziakoa sortzez. Kaputxinak jende xumearen artatzeko eginak baitira, jar oraiko langilen soineko urdinetan, buru-has, mozturik bizarra. Batikaneko bigarren konzilioa Aleman korraletako umea.

        Konzilio aintzinean, Eliza eskuindarrek gehienik zapan. Konzilioa etorri. Atsegina itsasoa bezain urrun arimetan zabaldu. Bainan emekiemeki, ozkatik ozkarat, zorionaren itsasoa hertsitu. Ahantzia ginuen Petriren untzia izanen dela mendetik menderat uhainak joa. Ahantzia munduaren azken orduraino, Jesus Jauna egonen dela kurutzeari estekatua. Izaiten delarik itsuskeria zerbeit, iduri ez ditakela gizona hoin behera jauts, erraiten dugu Euskaldunek: «Zer nahi duzu, debrua nagusitu!». Beltz-beltza iragaiten dira «Satanen keak». Oraikotik ezkertiarrak gehienik Elizaren zapatzaile.

        Giristinoak bizi dira munduan. Oraiko mendea, alde batetik kapitalizmoaren ondoko mendea. Kapitalizmoa, materializmoa. Kapitalizmoak jauz-arazi du halako aiseria gure tokietan, nun gure bizia baita Greziako Epikurizten iduriko bizi atsegin purruskilez hantua. Ari du harrak jaten, ez bakarrik gizonean giristinoa, bainan giristinoan gizona. Oraiko mendea, bertze aldetik, marxismoaren ondoko mendea. Marxismoa, materializmoa. Nazizten eta fazizten materializmoa bentzuturik, bere buruaz hartua dagon materializmo ahaltsua. Munduaren erdia bere aztaparretan daukan materializmoa.

        Kapitalizmoa eta Marxismoa Ziam-eko anaia biritxi, elgarri bizkarrez lotuak. Eta gehiago dena, ez elgarrekin bainan elgarretarik sortuak... Bientzat gizona oso-osoa lurreko ogitik bizi. Bientzat egoitzarik ez ze ruan. Lehenarentzat legea flux, baita gizonak egina, eta gizona aldakor. Bigarrenarentzat, legea zorrotz, baita gizonak apailatua, eta gizona tematsu. Lehenarentzat legea deus ez. Bigarrenarentzat legetik kanpo deusik ez. Giristinoa emaiten delarik belauniko, lehenak irri, bigarrenak kaska. Bigarrena jazartzen kanpotik. Lehena barnetik. Bigarrena ageriena. Lehena galgarriena. Apez-gaiak usu Polonian. Bakan Frantzian.

        Bada bertze zerbeit. Jaungoikoa zerbitzatuz zerbitzatzen dugu gizona. Gizona zerbitzatuz, zerbitzatzen dugu Jaungoikoa. Bainan hain gira herbailak nun bati behatzearekin, aise ahanzten baitugu bertzea. Bati hurbiltzearekin, bertzetik aise urruntzen.

        Oraiko fizikaren arabera, badira pikornak, elektronak, eta badira uhainak, burrustak. Hobeki ohartzeko pikorneri, argitu behar; bainan argitzea, foton pikornekin zafratzea, uhainaren nahastea. Uhainari den bezala ohartzeko ez argitu behar. Bainan orduan pikornak ilunbean. Pikornak ez ageri. Bat edo bertzea hautatu behar.

        Bazakien hori aitak, ez jakinikan ere oraiko fizikaren berri. Bazoalarik mendirat, ardiketa makila buru batetik hartu behar. Makilari ezin bi buruetarik lot, Bossuet apezpikuak jalgirik ere: «Behar da kadena bi buruetarik atxiki».

        Bazakien hori amak, bazoalarik Bixintxo egunean, bere haur ttipiaz ez guti alai, haren gainean estola emanik, apezak irakur zezan ebanjelioa. Urrunetik, Baigura mendia ageri, eta haren oineko Bixintxo kapera ez. Hurbiletik Bixintxo kapera ageri, eta haren gaineko Baigura mendia ez. Mendia eta kapera batean ezin ikus.

        Bazakien hori aitatxik, padera itzulikatuz ari, supazter xokoan, gaztainak erre beharrez. Edo ezarri behar gaztain ttipiak haur bakotxak ukaiteko ainitz, edo gaztain haundiak, haur bakotxak ukaiteko guti, bainan ederrak. Ainitz ez izaiten ahal ederrak; ederrak ez izaiten ahal ainitz.

        Tolosako azken izariketan eman zauzkigun Devolvé erakasleak bi solas, bat Spinozarena, bertzea Kant-ena, biak izaiteaz elgarri hurbiltzeko. Ohartu nintzan, Spinozak kukuluan emanez Jaungoikoa, ezeztatzen duela gizona, Kant-ek kukuluan emanez gizona, ezeztatzen duela Jaungoikoa. Gelan sartu orduko hasi dantzan, ezin zapatuz atsegina.

        Kenka hortan da oraiko auzia. Batikaneko konzilio aintzinean, Spinozak eta Duvergier de Hauranne-k bezala ongi ikusten Jaungoikoa, gaizki gizona. Batikaneko konzilio ondoan, ongi ikusten gizona, gaizki Jaungoikoa. Aintzinean ongi Aitasuna. Ondoan ongi Anaitasuna. Aintzinean marra guziak goitirat. Ondoan marra guziak zabalerat. Jalgitzeko oraiko hutsetarik nahi lukete batzuek lehengo hutsetarat itzuli. Heien izena «Begiratzaileak». Bainan Begiratzailea ez dea begiratuan mutzituko ez bada biharkoaz orroitzen? Jalgitzeko atzoko hutsetarik ez dira herabe bertzeak, egungo hutsetarat erortzeko. Heien izena «Aintzinakariak». Bainan sar ditakea biharrean, atzotik ez duenak ukaiten bere oldarra? Batzu eta bertzeak enganatzen denboraren mamiaz. Denboran josirik daude Atzo, Egun eta Bihar. Atzo edo Bihar baizik aipatzen dituenak, ez du ahoan denbora, bere ur garbi zalapartan, bainan denbora eihartua, denbora hila. Ez da denboran, bainan eremuan.

        Giristinoak txistularia iduri. Hatsa emaiten duelarik txistuari, kontu egin behar ahanztekotan den ttunttunari. Ttunttuna joitearekin, kontu egin behar ahanztekotan den txistuari. Jainkoa baitan gogoa, ez ahantzi behar haren itzalean den gizona. Gizona gogoan, ez ahantzi behar haren argian den Jaungoikoa.

        Aspaldiko zirtoaren arabera, gizon aberats batek gomitatu zuen gizon behardun bat. Hunek xapela kendurik, emeki eta goraki erraiten du:

        — Aitaren... eta Izpiritu sainduaren izenean. Halabiz.

        Aberatsak: — To, hori ederra diuk! Nun duk Semea?

        — A, Semea nahi duzia? Hor da, atearen gibelean... Errak to, Petan, hi ere gomit haiz... Haugi!».

        Aitarekin, aipa Semea. Semearekin Aita.

        Jaungoikoa eta gizona. Gizona izan ditake Jaungoikoaren alderako bidea. Gizonaren atetik Jaungoikoa ageri. Jaungoikoaren alazetik gizona ikusten. Bainan nola-nahika Jaungoikoa lehen. Jaungoikoaren eskuak utz gizona, eta gizona ez litake bakarrik bilaka errauts, oraino errautsa zerbeit baita, bainan eror litake izaitetik ez izaiterat. Ezkoa hil orduko argi purruxkarik ez. «Intellige ut credas, uler-zak sinesteko» zerasan hamabigarren mendean, Abelard frantsesak. Bainan bortzgarren mendean, San Augustinek zion Afrikatik, «Crede ut intelligas, sinets-zak ulertzeko». 1956-ean, Mathieu, Aire-eko apezpikuak, igortzen daut bere liburu ederra: «Hogoi-eta-bortz urte apezpikutasun», gainean emanik: «Etienne Salaberry apez jaunari, egon baita atxikia agintza zuhurrari: Crede ut intelligas». Mathieu erakaslearen agintza egon da ene egintza,

        Ene sinestea, oldar bat badela gizonean, Jaungoikoak kokatua, altxatzen duena gizona goiti, Jainkoaren ganat. Arbola badoa iguzkirat, gizona Jaungoikorat. Iguzkia arbolaren erroraino ernatzaile. Jaungoikoa gizonean, gizonaren bihotz zolaraino sor-arazle.

        Badira mailak gizonaren altxatze hortan. Sinestea, Xinatiarrentzat, arbasoekilako lokarria. Sinestea paganoentzat, herritarrekilako lokarria. Giristinoarentzat sinestea, Jaungoikoarekilako lokarria. Jaungoikoaren azken emaitza, bere Semea, Jesus Jauna. Jesus Jauna gu guzien haurridea, gu bildurik, berekilan, bere laguntzaz, emaiteko Aitaren ganat: Izan zitezte itzal gabe, zure Aita zerukoa itzal gabe den bezala. Jesus Jauna artzain ona.

        Hori gogoan zuketen gure teologo izen gabekoek. Ez dituzte hautsi Euskaldunek pagano zirelarik moldatu hobietako harri biribilak. Harri biribila iguzkiaren itxura, Euskaldunek begiratu dute. Ez dute xehatu. Bainan bataiatu. Jesus Jaunak egin-arazi jauziaren froga, kurutzea dute harriaren barnetik jalgi-arazi kanporat.

        Oraiko erran-merrana Jainkoari buruz bagoatzila huts egin beldur, ikara bihotzean, duda-muda gogoan. Nola ote ditake solas horri buruz ene sinestea?... Desberdina eta berdina.

        Desberdina. Ez dut dudarik ukan, ez Jaungoikoa baitan; ez Jesus Jauna, ez Izpiritu saindua baitan, ez Birjina saindua baitan. Filosofia egina da sinestearen garbitzeko bere purrusketarik, ez sinestearen hus teko bere mamitik. Ez uzteko lerra dadin gibelerat. Laguntzeko abia dadin aintzinerat. Min egiten dautate, dena erdeinu jende xehearen sinesteaz mintzo diren fartzuntziek. Heien begia Pizarro espainolaren begia. Behatzen dute beren anaieri, Pizarro'k Peruko jendeari bezala. Idorkeria berarekin.

        Berdina bizkitartean. Osoki berdina. Beldur nere buruaz. Ez da sineste gabetik jalgitzen bekatua, bainan bekatutik sortzen sineste gabea. Eta gu oro bekaturat eroriak aise. Urrikiaren iturria otoitza. Eta guk ditare bat estakuru aski, otoitzetik baztertzeko. Lehen giristinoek egiten zuten otoitz. Ez dira izan garraituak, bainan garraitzaile. Gu askotan gira garraituak, izaiteko orde garraitzale, otoitz egile ttipiak izaitea gatik.

        Oldarrak eremaiten baigitu goiti, hegal idekiek xoria bezala, tirriak eremaiten gaitu beheiti, erortzen den bezala, xori-hegal hetsia. Giristinoen mailetik, jausten gira paganoen mailetarat, apal, beti apalago.

        «Frantses ote da Jaungoikoa?», galde egiten du Sieburg idazleak. Gerla denboran, hala nola paganoek, egiten dugu Jaungoikoa frantses, aleman, amerikano, japones, ruso, marokano... uzteko orde Jaungoiko. Agian ez du eginen nehork egun batez euskaldun. Hortan ere kantua erakasle: «Eman ta zabal zazu munduan fruitua», galde egiten diogu Gernikako arbolari buru-has. Gure deia haren abarrek mugen gainetik lot ditzaten deslotu herriak. Sorginak luke Jaungoikoa bere menpeko, bere mutil ezarri nahi. Jaungoikoa edo bederen debrua.

 

                Hu, hu, hu

                Hu, hu, hu

                Huntzak egin oihu

                Akerra hor heldu.

                Aker zaharra goitikan

                Atso sorginak milikan

                Gazur edan

                Pikorrak jan.

 

                Sorgina puies,

                Akerra ken

                Ez duk Akerrik Landibarren

                Atsoak ihes, larrez-larre

                Zugarramurdin Akelarre!

 

        Aspaldi du, Oxobi maitea, Landibarren baino gehiago ez dela sorginik Akelarren.

        Banuen Stalag IV B korralean, lagun bat judua. Azkarki ekarria zen Indiako zuhurtziarat. Egiten dut mintzaldi bat, eta lerroen gainean, eskaintza gisa ezartzen diot:

        — Jaungoikoak egin du gehiago zonbeitentzat. Askorendako Indiako zuhurtziari buruz bidatzea, aintzinatzea. Ez litakea, zure eta enetako, gibeleratzea?

        Ez zautan ene deiari deus ihardetsi, bainan eskertu beroki, ageri hunkia.

        Filma batek bere gaia segitzen du urratsez-urrats. Urratsez-urrats erakusten daukigu nola dabilan haren ekeia. Bainan filma eman ditake gibelez aintzin. Ikusten da leihorat itzultzen, leihotik jauzi egilea; zan goak gibelerat zaldiak eremaiten labrokan zaldizkoa; loreak agur bat eginik, bere hostoek gordetzen.

        Iragan urtez, urteak iragan ondoan, liburu baten idaztea, biziaren filma gibelez aintzin irakurtzea. Ikusten da biziaren arbola, baratxe-baratxe, bere hazian kurubilkatzen eta etzaten. Hobeki ulertzen zer gertatu ditaken biziaren epe luzean.

        Udazkenean iguzkia zerutik ezin itzalia. Ene biziaren udazken luzean eskerrak zor diozkat, beti zor ukanen Jaunari behar orduan eman baitaut laguntza; ezarri ene bidean apez eta serora, fededun zahar eta gazte, saindu ixilak. Ferdean ferde, murritz litake sorropila ez balitu apaintzeko lore xumeak. Ilun mundua, bere aberats guzian, ez balitu edergailu gisa, saindu xumeak, saindu ixilak.

        Georges Bernanos-ek oihu egiten du: «Hilez betea da ene bizia. Bainan hilen artean hilena, izan nizan mutiko ttipia. Bizkitartean, orena etortzearekin, hartuko du berriz bere tokia nere biziaren aintzinean, bilduko ditu azkeneraino nere urte gaixoak eta aintzindari gazte elgarretaratuz soldado zaharren multzo nahasia, sartuko da lehen Aitaren etxean».

        Hurbiltzearekin haurra komuniatzerat, hain du argi begitartea nun iduri bailuke arima duela axalerat jalgia eta egin dut askotan balio lukela apez egitea, ostia sainduaren, aldi bat, haur bati emaiteko.

        Komuniatzerat bazoan mutiko ttipia jar dadila bidatzaile ene urrats xuxen eta makurren aitzinean, haren gibeletik apeza jauntzi xuritan, presonerra K. G. larri-larria bizkarrean, ikaslea eta erakaslea, mintza tzailea eta idazlea, mutiko ttipiak baitaki Jaunak daukala maitasunez beterik bere aita-bihotza.

        1977-ko martxoaren zortzia, nik lana bururatzearekin, bero da kanpoan. Sapa. Arboletarik jalgitzen ari begiak... Haurren oihuak xorien kantuekin dantza-kordan ari. Gizamendea gizamendeen ondotik heldu...

        Behin batez, zioten lehengo Hazparneko misionestek, gizon bat joan zela hasarre, Jondoni Petriren jaukitzerat. Kexu baizik-eta sobera hazta zuela haren kurutzeak. Omore onean gure Jondoni Petri.

        — To, barne hortan dituk kurutze guziak. Hauta zak nahi dukana!

        Artzen da gizona hazta eta hazta.

        — Hau nahi nuke.

        — Giza gaizoa, beha zakok hurbiletik: hire hura duk!

        Joan banindadi, dena zinkurina, Jondoni Petriren ganat, erranez ez naitekela egon nere larruaren barnean, ez dut dudarik utz nintzakela, hau ikus, eta hura mikus, nahi dutan bezain denbora larru-selauruan. Eta nik hautatu-eta jalgiren, Galileako edo Donibaneko arraintzale irri ozenarekin:

        Hori duk, giza gaizoa, Jaungoikoak eman daukana, Etien Josepe, hogoigarren mendeko xori, Heletako ume, Garrako apeza.

 

 

© Etienne Salaberri

 

 

"Etienne Salaberri" orrialde nagusia


www.susa-literatura.eus