GERLA

 

        Gizonak ez du akerrik, haren bizkarrean emaiteko, lehengo juduek bezala, bere hutsak. Gizonari bakearen artatzea. Gizonari gerlaren baztertzea. Hala beharra, gizonak hautatu abarra.

        Atlaz ziganteak egun guziz, lehengo erranaren arabera, bi eskuz dauka goiti mundua. Bakea berdin atxiki behar, egun guziz, gerlaren leizetik gorago gizonak. Orai gerla lotua Polonian. Orai amor emaiten hasiak Atlaz baketiar zigantearen besoak. Orai, odol kolore jartzen ari zerua.

        Justin, Behauze-Garaiko ene arreba gehienaren senarrak, erraiten daut, begiak eskuz gorderik, 14-eko gerla egina baitu:

        «Gerla! Gaixoak, bazinakite zertarat zabiltzaten!».

        Eta nik ene baitan, gizonari hastiel baitzaio bertzeen haren alderako urrikia:

        «Ez gaituk ez zuek baino gutiago. Zuek egin duzuena, eginen diuk, guk ere. Ez zirezte bakar, azkar».

        Mañex Iturburuko kusia gazteak jalgitzen daut:

        «Beraz hemendik goiti Daladier nagusiaren mutil zirezte».

        Eta nik baietz. Lepo gibelean banuela gobernamenduaren uztarria jakinki, nindagon tenore berean den gutieneko zorionik eta zorigaitzik gabe. Hamalaueko gerlariak bazoatzin gerlarat kantuz, loreak treinetako leihoxketan. Gu lore eta nigarrik gabe, ixil-ixila, begitartea murritz, eginbidea eginbide.

        1939-ko buruilaren edo irailaren 3-a. Uzten dut lili xuriz eta lili gorriz Uztaritzeko mendixka-erditan kokatu San Frantses Xabierrekoaren lili floka. Sartzen naiz Tarbes hiriko ordokian, Soult kazernako etxe beltz multzoan. Etxe gora luzeak. Dena zoko-moko zikin. Soldadoen kantinan, mahiak erhi trebes bat lohi gainean. Aintzindari pekoen etxexkan jartegiak zilo, argien inguruan oihal bat, gu sortu gabe uliek bere ttort egiteko hautatua. Harriturik nago. Euskal-Herriak, Euskal elizak, bere gazteriarentzat, sos pilik gobernamenduak eman gabe, Uztaritzeko lili floka altxatu, eta Frantziako gobernamenduak, Frantziako armadak bere gazteriarentzat gaztelu ustel horiek hola-hola utzi, dirua trumilka zutelarik eskuetan! Frantziak ez du, Euskal-Herriak bezala, bere gazteria goresten.

        Herrixka bat. Harat beha, dena gizon. Hunat itzul, dena gizon. Nor norat zabilan, nehork ez jakin. Ene eta ene lerroaoen lana, «apela» edo gizonen deitatzearen egitea. Lan ezin bururatua. Landestarrak jiten zaizkitan ebiakoitz aratsaldetan:

        «Egin nahi ginikek itzuli bat etxeraino. Ez haizala ohart gure hutsari».

        Aise zaitan. Ohartzea zitaken neke. Igande aratsean han nintuen tanko ene gizonak. Batek edo bertzeak ekartzen zautaten zerri poxi edo ahate azpi:

        «To, emazteak eman zautak hau, hiretzat».

        Besta ginuen aintzindari pekoek, horiekin, biharamunean. Gure igandea, astelehena. Zertarik hasten den gizonen arteko elgartasuna? Landesak deituak dira Alpes mendietarat, mandoen ibiltzean trebe izaitea gatik. Etorri zaizkitan:

        «Nahi duka jin gurekin? Zorion ginikek hirekin ibiltzea».

        Onartuko nuen gogotik. Bainan aintzindari pekorik ez behar. Alpes-etan ha soberakina.

        Onartuko nuen. Bizkitartean, zin eginik nagon: lehenik Frantziak baitio behexiak behar dutela egon Elizak eta Herriak, ongi hori. Onartzen dut osoki. Mintzatuko naiz beti apez gisa Jaungoikoaz, behin-ere ez Frantses gisa herriaz. Bigarrenik, apezak omen baigira jeus ez, apezen kontrakoak aldiz zer-nahi, ongi hori. Onartzen dut errotik. Egonen naiz ene lerro apalean, Ene eginbidea beteko orratzetik hari. Izanen punttalakurlo. Bainan behin-ere ez ene burua eskainiko nahizkari gisa... Kant-ek zion: «Behar da izan eginbidearen soldado, ez nahizkari». Ni eginen soldado. Ni ez izanen behin-ere nahizkari. Ni Kanten bidetik ibiliko.

        Zin lehenari jarraiki nitzaio, gerlaren galtzeak Frantzia dohakabe ezarri arte. Zin bigarrenak ez daut ongirik ezarri.

        Barcares soldado-biltegirateko etorri zen aintzidari-peko baten galdea. Gure liotinantak izendatu ninduen, aintzinagoko gerla egina baitzuen, eta apezak ikusiak beti nahizkari. Itzuli nakolarik ez nintzala nahizkari, ez zen guti harritu. Egin zezaken: «To, egiazko apeza dea ote hori?». Izendatu zuen, lerroaren arabera, adin arau, ni baino gazteagokoa.

        Jakin ukan banu zer zen Barcares, Perpignan ondoko «Méditerranée» itsas-bazterreko biltegia! Han ziren Euskaldunak, diotenaz gorriak. Bainan, gorri ala xuri, denak Euskaldun gira, eta ferdean denek jo egiten. Han ziren Juduak, eta heien artean, ainitz ni bezala erakasle. Judu batek emanen dauzkit Stalag IV-ean Barcares-eko berriak. Ari izan ginen berant solasean. Nik ez zutela Anglesek utziko bere gain India. Nik ez zutela utziko bere gain Rusoek Hongria. Nik bietan ez. Harek bietan ba. Harek lehenean ukan du arrazoin. Nik bigarrenean. Judu hori Hongriakoa zen. Hongriatar nazionalixta. Biharamunean jin zaitan goizik:

        «Zuk Hongriaz errana gau guzia ibili zait, armiamau bat bezala bere zango luzekin, harat hunat gogoan... Xuxen kausitua baduzu, zer izigarrikeri ezin jasana enetzat!!!».

        Ibili naizelarik geroztik Hongrian, judu horren begitartea heldu zaitan gogorat. Jainkoak daki zer bilakatu den. Barcares-en buruzagi zituzten «Légion étrangére»-eko aintzindari-pekoak. Horiek xorrotz mi hia, juduak zionaren arabera, bainan xorrotxago oineko punta. Mintzo usu oihuka beharriari, batzuetan ostikoka ipurdiari. Erakasleek nahiago erakaslea erakasle...

        Baginen multxoxka bat Tarbes-en, ikastegietarik jalgiak. Gure saila, iguzki-aldeko armadetarik etorri konduen xuritzea. Ez baitzen heldu kondurik, ez ginuen egiteko jorrarik. Ari ginen eleketa, zoinek astokeria haundiagoa jalgi, hantuak irriz.

        Nun ziren jende ikas-etxetarik jalgi andanak? Ez dakit. Zilar peza lasto-metan galdua bezain arrado ziren Tarbes-en. Bakarra nintzan lizantzaren jabe. Lagun saldo batek berotzen naute, behar nuela heiekin «Brevet de chef de Section» maila ereman. Gogoan nuen Gieure apezpikuak itzuli eza. Bainan ere eza hortaz erabili murmurika. Baietz itzultzen diotet, oro gazteak ziren, orduan ikas-etxetarik jalgiak. Ene ezin sinetsia! Izana nintzan matematikan trebe. Bainan izana. Izan naiz eta naiz, bizkarrez-bizkar maiz. Begi-ukaldia galdua. Gauza agerienak ez ikusten. Egia jalgi du Paul Valéry idazleak: «Sortzen gira ainitz, hiltzen bat». Hastean zer-nahi bide hartzen ahal. Bururatzean hartu bidetik ezin jalgi. Galde egin niozkan bere hostottoak Verges jaunari. Laster itzuli zautan lehengo zalua. Hala ere, ez dakit zendako, huts egin maila. Ene bizian huts egin dutan bakarra. Gehienek iragan. Berdin debaldetan. Tarbes-eko gazte bat hautatua izan zen aintzindari gisa. Ezkondua eta hargatik, omen, diru beharretan. Irriño ezti bat egin bide zukeen katedraleko bere hobitik Gieure apezpikuak.

        «Front populaire edo jende-kopeta baino, Hitler hobe!». Asto-ziri zonbeitek itsuskeria hori jalgi omen dute. Baditake. Ez dakit nork. Gizonaren sabeletik goitikatu zorokeriak hebro alabainan. Ahopaldi hori jalgitzen dute ezkertiarrek, gerla galduaren zama eskuindarren bizkarrerat botatzeko. Alegia-eta gerlak axolarik baduken eskuindarrez eta ezkertiarrez. Alegia-eta aho klaska berean ez diouen iresten nabasmahas eskuindarrak eta ezkertiarrak! Eta hori xuxen, herriaren ahultzeaz, herriko lazokeriaz, baitira elgarrekin hobendun, ala eskuindar ala ezkertiarrak.

        Ez ginen sekulan politikaz mintzo. Harritu nintzan ohartzearekin eskuindarrek ez zakitela deus politikaz, salbu ezkertiarren eskandalak. Berdin gaizki ezagutzen zutela ezkertiarrek politika. Berdin ongi eza gutzen eskuindarren eskandalak. Politikaz mintzo ditazkenak orotan multxo hertsi bat. Ahurtara bat. Gehienek gibeletik heldu lasterka, oihuka, kaskaka, barneko hisien kanporatzeko. Min egin zautan hortaz ohartzeak. Aldi bat baizik ez ditut baliatu ene politikako ezagutzak Tarbesen, Bokaleko komunixt batekin. Ez niozkan bere arrazoinak erreferatu, bainan behexi: «Hau ez duk Marx-en erranetik, hau duk Rousseau-ren dutxulutik». Behexte horrek ezarri ninduen gora lagunen eretzean. «Kasu! Komunixmoa komunixtek baino hobeki ezagutzen dik».

        «Arsenal» gerlako tresna lantegian erraiten zautaten, han ziren apez lagunek, guk kazernan ginuen teleka-meleka bera zela nagusi. Han gure artean bezala, nor hobeki gorde, espantu. Nork maltzurki lana bazter, balentria... Apezak oro afaltzen ginen Semenario haundian, elgarrekin solastatzeko eta otoitz egiteko.

        Inguruetako herrietan baziren behorrak etxetan barreatuak. Soldadoek ez artatzen, edo artatzeko soldadorik ez... Laborariek noiztenka urrikalmenduak harturik jan-araz eta edan-araz. Ahantxuño hilak, hezur eta larru eginak, doi-doia xutik egonki, sartzen dituzte kazernarat. Erraiten daut axudantak:

        «Beharrik jendek uste dute gerlatik heldu direla. Balakite ez zutela urrun tegia, balitazkeela oihu marrumak!».

        Bizkitartean huna, bere buruaz hartze tutulukeria edo errokeria. Ezen ez dira erro guziak erhotegietan. Frantziak 1914-1918-ko gerla irabazia, Frantziako jendea zagon xanfarin, adituaren adituaz hantua, pantzoilatua. Ametsari lotua, izaiteko orde gauzeri josia. Gehiago iragana gogorat, gutiago heldu dena eskurat. Jalgitzen daukigu aintzindari hatek, kopeta Baigura gaina neguan bezain beltz: «Gerlak zonbat iraunen duen, nork daki? Behar-bada ainitz. Behar ditugu lehenik Alemanak lehertu. Eta gero Finlandako jendea, Rusoen zango petik jalgi. Egun batez aurki gintazke gure kanoiekin Rusian». Gizonak uzker egin nahi eta askotan putza baizik ezin jalgi.

        Gerlako urratsetan ez nakien deus, bainan asko jendearen asmuetan, pzikologia edo arima-jakintza zazpi urtez erakutsia nuelakotz. Ama eritua bainuen, egiten dut sar-jalgi bat Baionan Delay medikuaren sendotegirat. Otsaila. Hotz. Bixi-bixia banoa San Leoneko soropilaren bazterretik. Jo egiten dut Theas ene semenario haundiko erakasle, Lurdeko apezpiku beharrarekin. Hura ere soldado. Harek gerla irabaziko dugula, nik ezetz.

        Urrunago kosk egiten dut Etxeberry, Donostiri Basagaitz-eko seme, aspaldiko lagunarekin. Eleketa tar-tar-tar... Gerla gure ximiko. Berdin ateratzen diot: «Galdua diuk!» Tarbes-erat deitua izan aintzin, eremana nuen Santa-Graziarat, eta errana: «Hau ez duk dioten bezala soldado altxatzea, hau duk gerla». Herritik herrirat lodiago ziren soldadoen altxatzeaz mintzo ziren murruetako paperrak. Urtuz ari bakearen mentura. Bazakien ez nintzala gezurrez ari. Errotik trufaria bihurtua zaitan ardura: «Hik ez duk gezurrik erraiten. Eta hori, ez bertutez, bainan alferkeriaz. Gezurraren muntatzeak galde egiten baitu sobera lan».

        Piarres Lafitte Uztaritzeko erakasle lagunak galde-egina zautan: «Igor-dazak astean gutun bat. Bildu-eta ukanen diuk gerlako iduripenez bete astekaria». Ihardetsi nion: «Barka. Ez dezakeat. Eta hori, bi arra zoinen gatik. Lehena, ikerzalek aurki bailezazkete, eta ni giltza pean sar. Bigarrena, idazteak argi botatzen baitu gogo zolarat, eta ni, iduri zaitanaren garbi ikusteak izitzen».

        Erreximendu bat, zaldizkoak Arabak, 82-garren RANA apailatzekoa zer Ger-eko herrian. Soum komendantak galde egiten daut aumonier izaiteko, sartzea ez apez gisa, bainan aintzindari-azpiko gisa, haren taldeko puskaketan. Nik baietz. Usu banindoan gauzaketa Tarbes-erat, Tarbes-eko buruzagiak oro ezagutzen nintuelakotz. Eta egia zen. Bainan nagoke gutiz gehienek holako itzuliaren egiteko gutizia ahamenik ez zutenez. Eni laket, itsutuki maite baitut zaldiz ibiltzea... Banoan Gereko patarrari beheiti, ene karrosa kankailak gibeletik karran-kan-kan.

        Kazernarat sartu orduko, begiak ez baitzituen sakelan, jiten zaitan lasterka Belon adixkidea:

        «Errak to, holakoarekin joanen gaituk ostaturat eguerditan.

        — Ez dik balio, gizona... janen diuk bertzekin jantegian.

        — Ez, ez... Utz oro ene gain. Badakik ados dutala emaztea».

        Behexten dakienak, azpiko ditik denak. Erromanoen zuhurtzia, hi rugarren Errepublikako jukutria. Aintzindarien azpiko ardurakoek zonbeit sos gintuen eguneko irabazten; «hilabeter» deituek zonbeit libera; armadan sartuek zonbeit hamar libera; gobernamenduko mutilek ainitz hamar libera, hots, ordu arte irabazi alokairua, oso-osoa. Nun ere baita desberdinkeria eta bada han aharrakeria. Gehienetan ba. Gure artean ez. Mahi xuriz mahi xuri ginabiltzan, gobernamenduko mutilen gomit. Denetarik gozoena Belon. Lurde bazterretakoa zen. Gora Pariseko diruzainen artean altxatua. Berdin gota emaztea gutun bidatzailen lerroan. Gizona aza bezain fresko Tarbes-en ikustea, zelarik perrexila bezain ximur Parisen, emaztearen zoriona! Erraiten zion:

        «Hireak hire, oro hiretzat eta hire lagunentzat. Badiat neretik nerea eta gure haurrarena».

        Horra nola bilakatu nintzan. «Cognaco-résistant», mama bixiari jazartzale, tetelekeriaz nerasan bezala.

        Ger-eko ene soldadoek zerautaten: «Hago gostuan. Gurekin ez haiz behin-ere gerlarat hurbilduko. Hitzemana zaukuie gure deputatuek egonen girela gibelean. Horren gatik gaituk liburutto urdinaren jabe». Eta nik: «Zaldizkoak Arabak ditiuk. Beraz lehen lerrorat iragaiteko eginak gaituk».

        Ar ditake hea buzoka bezain zozoak zirenez orduko Frantziako buruzagiak. Aitor dezadan zaizkitala orduan jasan-gaitz. Orduan baino hobeki izartzen ditut orai heien arrangurak. Gerlaren egiteko ez zuten ez gizonik, ez ttesnarik. Alemania nagusi ba tresnaz, ba gizonez. René Grousset-ek dio: «Alemaniako lantegiak lehertu zuen Frantziako lante gia. Ameriketako lantegiak lehertu Alemaniako lantegia». Egiaren osoki agertzeko behar litake lehen erran horri lotu bigarren solas bat: «Alemaniako jendetzeak lehertu zuen Frantziako jendetzea; Rusiako jendetzeak lehertu Alemaniako jendetzea». Tresnak eta jendeak desberdinak direlarik, ateratze batetarik ageri da notk duen galduko, nork ira baziko partida. Tenore hartan urrun zagon Amerika, urrun Rusia. Ate ratze hori egina zuen lur-ikara bezain bortitz, Jean Giraudoux antzerki egileak, «Pleins pouvoirs» lerroetan. Irakurtuak nituen lerro horiek. Aurkitua zirela ederki jalgiak. Bainan ez zilatua zirela egiak. Gero naiz ohartuko zoin ziren zuzenki asmatuak. Gero, gero, hotz ez dena bero.

        Guk berriketarietan irakurtu ginuen bertzeen gerla; izanen da, hemendik goiti, bertzek berriketarietan irakurtuko duten gure gerla. 1939ko buruilaren lehena izan zena Poloniarentzat, 1940-eko maiatzaren hamarra izanen da Holanda, Belgika eta Frantziarentzat. «Uholde baten pare, orai Alemanak, gaindiz bazter guziak ditu hondatuak». Maiatzaren hamaseiean uzten dugu Ger-eko zerrandeia; treina hartzen Tarbes-en, aratsaldeko bi orenetan 1918-ko gure kanoi zahar, karro zahar, munta dura zaharrekin; iragaiten Bordeletik, Dijon-etik, Pariseren ingurutik Lagny-rat, han jautsiko baigira, igandekari maiatzaren hogoiean. Bagoatzi Ipar-alde Meaux hiri bazterretik. Bossuet Meaux-eko apezpikua deitua da «Meaux-eko arranoa». Baditake Meaux-eko zeruan gordea arrano bat gaitza. Bi hegal-ukaldiz baztertu ditu ene arrangurak, ene gogolari gogoetak. Gerlak pitz-arazten du gerlako gizona.

        Bi esperantza xortila zaudezken bizi frantses buruzagien bihotzean.

        Lehena, Alemaniak bazituen airekoak eta tankak trumilka. Bainan Alemaniak ez du ezantzarik. Beraz, atxik Alemania Maginot murruari esker, hetsirik bere tegian eta emeki bada emeki leher eginen du. Hola azeria, tapatzen badiozu lurpeko sartzea. Gogoramen horrek badauzka bi zilo. Bat: ahanzten du Alemaniak badituela ximizta aipatuak, eta horrek egin diotela ikatzetik ezantza. Biga: Rusiak emanen diola Alemaniari ezantza nahikoa, Alemaniak Rumania beretu arte.

        Bigarren ezko argi horaila: Alemaniak utzirik ezker Frantzia, jo egin dezake eskuin Rusiarat. Italiano batek erranen daut Stalag IV-ean: «Bi ihizi tzar badituzia beldurgarri? Ezar-zkitzu kaiola berean, elgarren iresgarri». Zilo bat hortan ere. Beldur Frantziaren eta Rusiaren trukes artean lehertua izan dadin, Alemaniak jauz-araz dezake trukesaren Frantses alderdia trukesaren ruso alderdiari jazar aintzin.

        Azeri ihiztariaren politikak eta bi ihizi gaixtoen alderako politikak, biek karrika eginen dute. Rusia eta Amerika iratzartu arte guk haiduru egon beharko, burdin harien gibelean.

        Rusiaren politika izan da beti danik, gal-eremua (gibelerat egin), irabazteko denbora (bere soldadoak eta tresnak bildu arte); ainitz eremu galdu beharko dituzte Elgartuek, irabazteko ainitz denbora... etsigarri epea.

        1940. Martxoaren 22-an Paul Reynaud iragaiten da boz batez aintzindurik, Edouard Daladier-ek hustu lehen alkirat. Tarbes-en bagaude beharriak radioari. Nunbeiteko bozak jalgitzen dauku: «Orai gerla». Ez zena gerla hasia 1939-ko buruilaren 3-an? Ez zena urte erdi batetik goiti sisti-sasta ginauzkala zangoak han-hemenka odolezko ixtilean? Bertzeak ez bezalako gerla, nahi dut. Baginuen Tarbes-en kapitain bat «Polytechnique» ikas-etxetik jalgia. Maltso-maltsoa zauden Frantsesak eta Alemanak elgarri so. Heldu da gure kapitain zorrotza: «Gerla da. Nik gerla egiten dut. Su!». Kanoiek botatzen dute bere tu biribila. Azantzak hartzen erreka. Zonbeit soldado aleman lurreratu, eta ez xutitu. Bainan jin zela ihardospena bere gatz-biperrekin... Ez dakit zer huts hatxeman zioten gure kapitain mehailari. Igorri zuten gibelerat. Ezin-egonak hartua Tarbes-eko karriketan zabilan, pirripitaren gainean ixtaklok, soldado huni holako gaizki, soldado hari halako gaztigu, alderdi guzietarat mehatxu. Egina zuen kadreño bat, soka hau tira, nun diren gizonak ageri; soka hura tira, nun diren behorrak jakinki. Ohartua bide zitaken Frantzia leizerat zoala, bera pirripitaren gainean zango ukaldi bat eman gabe, hura Tarbes-eko hirirat menditik bezala.

        Ez naiz enetzat ez Frantziarentzat gehiago beldur. Iduri zait ez nezakela hunki gerlaren barazuza gaixtoak. Iduri ez nitakela izan ez hila, ez kolpatua. Are gutiago presoner egina. Iduripen horrek ez nu hunkitzen ere. Gure Lotinantak zion omen telefonaz edo urrutizki.nez: «Nik errana egin, edo izanen zira tirokatua». Ez zuen balio hola larderiatzea. Erranaren beba ginauden guziak, adituaren sik eta sak egiteko, lasterka.

        Iragaiten ditugu «Chemin des Dames» undar gerlako guneak. Urrunean ikusten dut Laon-eko katedrala, zigante beltz bat etxeen gainetik, doi bat idorki zelaiari beha, bere hiriaren etsaietarik zaintzeko. Geroz tik bietan izan naiz hari agur bat egin beharrez. Alegrantzia emana zaikigun Weygand jeneral 1940-eko maiatzaren 18-an izendatua izaiteak, Bainan gauzak bazoatzin gaizkituz. Herrixka batean beha gaude. Bazen gure artean Nay-eko mutiko gazte bat, sortzez espainola, sinestez komunixta, apeztasuna gora zaukana, behar-bada aita eta ama giristinoki Espainian altxatuak izaitea gatik. Emeki giristinotzen da gizona, emeki desgiristinotzen. Emeki sartzen bataioko uta, emeki airatzen. Ez haatik azken xortaraino behin-ere. Bihotz gaitzekoa zen gure mutikoa. Harek eremaiten zituen kanoieri obuzak, bertze mutiko bilo luze soineko xehatu batekin. Jalgitzen daut:

        — Azken kanoi bat ari zaikigu gudukan. Banoa obuzekin.

        Ihardesten diot: — Hangoak hil ditazkek. Heldu nuk hirekin.

        — Ez, ez duzu zuk zure bizia irriskatu behar. Badut hor lagun zantzailaska bat. (Ez zitzaizkon eder, naski, haren ile putruskak.) Guri da gure buruaren irriskatzea lehenik.

        — Ez, behar dik ere apezak irriskatu bere apezgoak galde egiten diolarik.

        — Ongi. Hola balin badaukazu, joanen gira hiruak.

        Agertzen daut, bitxikeria eta ez bitxikeria komunixt batentzat, gerla irabaziko dugula, Anglesak eta Amerikanoak, hots dirua gure alde ukaitea gatik.

        Haurra nintzalarik, otto Santsok zerautan, Napoleonek ihardetsi zuela galde egin zionari:

        — Zer ditake gerlaren lehen esku-haga?

        — Dirua.

        — Eta bigarrena?

        — Dirua.

        — Eta hirugarrena?

        — Dirua!

        Otto Santso ari zen oihuka, gero eta gorago. Gauza bera zerautan komunixtak, goxo-goxoa, den gutieneko duda-mudarik gabe, herioa gure barrandan.

        Ari ginelarik eleketan, heldu da berria azken kanoiak jo egin duela gibelerat. Egoiten naiz bide bazterrean gogoetan. Bidetik heldu soldado oinezko bat harma bizkarrean. Emaiten gira solasean. Jalgitzen daut:

        «Leher egina nuk, goiz guzian ari izana gaituk guduka. Heldu zaitaian Aleman kapitain bat gaitza, kantu orroaz, undar gerlako kaska buruan, sabrea ahurrean, ezteietako bezala, esku-larru xurietan. Panpa eman dioiat tiroa tripa erdian. Gure gizona ixildu, konkortu eta ez goititu».

        Erraiten diot apeza naizela, Uztaritzen erakasle egona. Hura ere egona da Unaritzen, diru biltzalearen laguntzale. Ari eta ari. Egoiten da luzaz, luzaz. Sobera luzaz. Azkenean badoa. Gure euskaldun herabearen herabea! Oihu egiten diot gibeletik:

        — Errak, ez hukea nahi kofesatu?...

        — Ba, ba, hura nian nahi!

        Etxe leiho bati kontra kofesatzen da haurño bat bezala. Eskerrak emaiten dauzkit. Betiko lagun egin gaitu sakramenduak. Badoa bakarrik etsaia nun hatxeman, gizonkiaren ihiztari.

        Oraikotik gureak egina du. Haste gibelerateko urrats tilintak. Guk tokia hustu orduko, han aleman airekoak, azken frantses soldadoen lehertzeko; gu tokirat heldu aintzin, han aleman airekoak, etorri lehen frantses soldadoen zafratzeko. Oineko anal gibelean, Stuka aleman airekoak. Oineko punta aintzinean, Stuka aleman airekoak. Mehe zutela hixtua, mirua xitoaren gainerat bezala jausten zirelarik, xut-xuta, eta zonbeit bonba pikorna erortzerat utzirik, xut-xuta iragaiten zeru urdinerat, lanoetako hegaztin. Oraino beharrian dut heien burla-garrasia. Askotan bortxatuak ginen arbolen azpian emaiterat, heien begi gaixtoari gordetzeko.

        Egun batez zerua beltz-beltza egiten da. Ez da eurfia heldu. Zer ditake hau? Frantsesek hedatu dute kea, kapa baten pare. Itsu dira Stukak ezin haren uhainetarat mentura. Egun baten bakea. Bihurtu nion liotinantari: «Badela haatik gogo izpi bat Frantziako aintzindarietan, orai ohartzen naiz». Ez zuen ongi hartu. Ixilik egon, haatik, beltzuri idor bat betespalen gibelean bir-bir.

        Xinaurriak bezain usu eta gero eta usuago jendeak bide gainean. Zer-nahi puskaxka karrosaxka txarretan. Geroztik Alemanian, Vietnamen ikusiko dena, ikusi orduan Frantzian. Orotarik hunkigarrienak, hau rrak. Haurra gose delarik, haurrak kaska bat edo bertze biltzen duelarik, haurra basten da nfigarrez. Bidean nigar bat ez ageri, intziri bat ez aditzen. Haurraren gizon-ixiltasunak, haurraren gizon-begitarte ilunak dautzu bihotzean zimiko egiten. Amak frangotan hartzen zaikigun besoa:

        — Errazu, ez gaitutzue araiz debalde utziko? Zainduko gaitutzue? Otoi, errazu baietz.

        Eta guk ez baietz, ez ezetz, ihardokitzen ahal. Nahiz Marne-eko mirakuluaren, Marne iragan-eta, beti beba ginauden.

        Ez ginuen jatekoa eskas. Etxeak, saltegiak, jendez hustuak ziren. Etxetan, saltegietan sar-eta han zenetik jan eta edan. Gure buruaren garbitzeko ginaukan: «Hau bederen ez die klikatuko Alemanek». Sol dadoa denetan ohoina. «Gerlak oro ditik estaltzen» zautan aitak erraiten. Bide beretik baginoazin. Nagusi gabeko etxean sartzeak bihotz altxatze bat emaiten dautzu. Idek barneak, idek armairuak, han geldigeldia baxerak, oihalak, zilarreriak, ahul eta xume oro otoizka: «Ez gaitzakala xeha hire oneko itzedun lodiekin, nunbeiteko soldadoa!». Algeriako tirrita lanoa iduri soldado hedoiak...

        Horiek oro, jendeak jakinki eta hala ere ibesari jendea lotua. Errana zuten 1914-eko berriketariek Frantzian, Alemanek mozten zituztela hatxeman mutikoeri eskuak, desegiteko gizamende baten soldado hazia. Osoki gezurra. Bainan badakizu gezurra noiz den abiatzen, ez dakizu noraino den heltzen, ahanzten duzu ez dela hiltzen. Gezurrak iduri du Tartaro. Badoa lasterka, motz aiozu zango bat, eta joanen zaitzu xingilika, motz bertze zangoa, eta joanen zaitzu besoen gainean apoka, motz besoak eta joanen zaitzu sabela harat-hunat, herrestan. Emaiozu belauna bizkarrean eta burua goiti, aurtikiko du hausa, sar-arazteko jenderi, ohartu gabe, hisiaren hazteria. Hanbat gaixtoago hisia odolean sartua dutenentzat. Ainitz beharko dute jasan sendotzeko. Ainitz ez dira behin-ere sendotuko.

        Frantziako airekoak, Frantziako tankak nun ote ziren bada? Ez dut aireko bat baizik ikusi, «Devoitine» airekoa, jausten gure ondorat, ezantza eskas ukaitea gatik. Bidatzalea Txeka. Zion aireko hauta zela, bainan kotsia ergela, goxoki ibili behar. Bazela hau eta hura Frantzian? Baditake. Menturaz. Nik ez dut zaharreriarik baizik ikusi.

        1940-eko ekainaren 16-a. Igandea. Montargis. Ekaina deitzen dugu ere euskaraz Errearo. Izen xuxen emana. Haur-begi urdinaren urdina bezain urdin zerua. Iguzkia ez ageri, urtua aire beroan. Erd lo heldu zaldiak, tanka-tanpa, akiduraz eta gaizki jateaz, erdi higatuak. Gizonak berdin. Bide bazterrekoek botatzen daukute: «Hor dira Alemanek». Egia dea? Jadanik oihu hori ateratu daukute frangotan. Heien baitan mintzo ote da haro zoroa, ala dudarik gabeko ikusia-mikusia? Beihelakoak zion: «Gezur guziak beharritik, egia guziak begitik».

        Trost-trost-trost banoa «Kermesse» ene behar hautaren gainean, Aintzinatzen dut gure lerroa, egiten hiru ehun metrako hori eta harritzen, heren-sugea hor banu bezala aiduru. Beharrik heren-sugeak ahoa idekirik dauka aintzinerat, eta ni bazterretik heldu. Heren-sugea edo aleman tanka. Gaina idekirik soldadoa beha dago zubiari buruz. Zer heldu zitzaion eskuinetik, ez da ohartzen. Itzul-arazten dut «Kermesse», bi ezproi-sista emaiten. Heldu niz labrokan, oihuka: «Geldi, geldi, Alemanak hor!». Zer den ez ofiziokoa izaitea.. . Besoa goititu banu, eta emeki beheititu, denak geldituko ziren. Bainan ni keinu hortaz ez orroit, sobera jauzia, eta gizonek keinu hori behar, sobera ezinduak. Ezin jasanezko orroitzapena... Behorrak, Gionak, joan, lerro-lerro urtzoak ihiztarien saretarat bezala, bere sail hartarik zehe batez baztertu gabe.

        Geroztik ikusi dut gure ondoan Montargis-en frantses tanka zahar bat oldartu zitzaiola aleman tanka berri bati: tiro egin. Hunek lehen ukaldian itzulipurdikatzen du xehatua. Alemana jalgitzen da bere tankatik Frantsesaren laguntzeko jalgitzen bere tankaren pozietarik; esku emaiten: «Behar da kopeta holako tresna zaharrarekin, tresna berri bati jazartzeko. Soldado aleman batek, soldado frantses bati, goresmenak». Ainitz 1940-eko soldadoek ez dute demendreneko zorrik 1914-eko soldadoen alderat. Stalag IV-ean ezagutuko dut J.O.C.-ko berungin gazte bat. Egin gogo zuen apez. Azken kartuxa erre arte buru egina zuen, ez dakit zonbat denbora, bere mitraileuzarekin, ez dakit zonbat Alemaneri. Mutiko xuxena, haro gabea, garbia. Erraiten dio mediku frantses batek: «Haugi eritegirat; eri ekarriko haut; eri gisa sar-araziko Frantziarat, hainbertze baituk eginik Frantziaren ospea argi begiratzeko».

        Lecerf brigadierra, idi-hiltzailea Pariseko abere hiltegian, gizon bat gaztea, bolbora bezain jauzkorra, huts egin errexa, bainan kopetakoa. Ondotik iragaitearekin oihu egiten diot: «Hi bederen, haugi enekin! — Heldu naiz». Abiatzen gira. Hixtu bat. Bidetik beherago, burdinbidea. Azken treina askatasunari buruz tur-tur-tur hasia ernatzen.

        «Jalgiko zaitut hemendik, hemengoa naiz» deraut Lecerf-ek. Hemengoa izana, duela hogoi urte. Bainan haurrean hemendik jalgia. Hogoi urte dela Paristar egina. Izan naiz, orai ez naiz. Izan naiz eta orai naiz, ez dira elgarren haurride. Ibiltzen gira harat hunat, oihanean sar, oihanetik jalgi, pentzetarik landetarat, zeiharka, landetarik pentzetarat itzulika, ardi burxoratuaren gisa. Azkenean keinu egiten daut besoarekin, horrat... Urrunean ageri bide xuhailaren gainean marra gazten kolorea. Sartzen gira labrotan. Hala beharraren hala beharra! Gure lagunak dira preso joan, zonbeit Aleman zaintzale. Araba batek erraiten daut: «Botazak hire errebolbera, edo hihaur izanen haiz botatua». Ez zen hirrisku haundiko tresna. Undar gerlakoa. Balak erhia bezain lodi. Plomua ekeia. Lepoko medela bat aski haren kontra lehertzeko, 14-eko gerlan, diotenaz, gertatu den bezala. Bainan bihotza hunkitzen balu, halako ziloa eginen nun odol-zirripita jalgiko baitzen Niagarrako urburrusta bezain lodi. Botatzen dut ene errebolber zaharra arroilarat. Ni ere preso. Izarbel batetarik beste izarbel batetarat eroria, zerutik ifernurat jautsia.

        Geldi-arazten gaituzte Alemanek hogoi-eta-bortz kilometretan Courtenay, bi mila eta erdi jende zituen herri tarroan. Baigorri iduriko herrian. Hango elizan lo egin-arazten. Ahalgea eta hasarrea ari zaizkitan bi hotzean ostikoka. Begiak kuskuetarik jalgikk, larruak ezin atxik, iduri nukeen debruak hartua. Adixkide bat jiten zait eztitzerat. Aita azkeneko gerlan hila zuen. Ari izana zen joka Tarbes-eko lizean eskuindiarrek ez utzi nahi mintzatzerat Aleman gogolari bat eta ezkertiarrek nahi. Mutiko ona. Mutiko bihotzduna. Herrirat itzulia, sartuko da sasipeko gudarietan, Alemanak bere mendietarik haizatu arte. Erraiten daut: «Nork daki? Lehengo Pruziako aitoren semeak idor bezain, Hitler, jende xehetarik jalgia, izan zitakek zintzo». Ez ginuen asmatzen xehetarik jalgia, haundi beharraz jana, izan zitakela idor-idorretan bortitzena.

        Gauza gehienak han utz-arazten dauzkigute metaturik. Abiatzen naiz «Kermesse» ene behorraren gibeletik. Hatz ez behatz ez ageri. Norbeitek eremana. Behar-bada Aleman aintzindari batek. Hain zen begi koa, Iragaiten naiz Araba baten ondorat, haren karrosa aintzinean. Karrosa Arabaz betea. Ez zaitan dolutu. Jendea zozotua zabilalarik, itxulixka bat egina zuten jatekoen karrosan Arabek. Jatekoez sakelak beteak zituzten. «Gaitzeko begia diuk», zerautaten, eginez hogoi-ta-hamekaren keinua. Naukan ez bakarrik begia, bainan eskua. Zuten hartarik eman zautaten ausarki, Mintzo zaizkitan aintzineko gerlaz... Frantsesak gibelerat ari izituak. Frantsesen jeneral nagusia etorri nigarrez: «Haurrak galduak gaituk. Behar gaitutzue lagundu». Arabek: «Abia zite. Heldu gira». Eta Acabak eman labrokan, «zit, zit, zit», aintzina, aintzina, aintzina, desertulo haizea bezain zalu, desertulo haizea bezain bortitz, Aleman lerroak itzulipurdika nahas-mahas lurreratu arte. Frantses soldadoak aldiz gauza guti, dena orraze, dena garbitze, dena torratze, «Kif-kif fatma», dena emazteki. Hola kondatzen zitaken azken gerla, Algeriako ostatuetan. Hitz bertsuak jalgiko ditu Nasser Egiptako lehendakariak, Zuezeko gerlan, hamasei urteren buruan.

        Orenak egoiten ginen hitzik jalgi gabe, gure karrosa karrankariaz ttankulatuak. Arabak bere kantu merrekan. Kantua eta ixiltasuna zorigaitzarekin mintzatzeko bi solas bereziak. Hartu gintuen loheriak. Doi doia ikusten gintuen Aleman soldado gazteak atorra besoak kurubilkatuak ukondoraino; doi-doia aditzen heien trufak: «Nun ditutzue Angles lagun onak? Zonbat duzue irabazten egunean? Guk hogoi libera». Behar da doi bat kanpoko gauzetarik baztertu, bere baitan sartzeko. Doi bat. Gu sobera baztertuak. Burutik joanak. Ez nezaken otoitzik egin. Ez da Jaungoikoaz orroitzen, ez dena bere gogorat jausten.

        Bizpahiru pentze elgarri kanpotik josiak. Alde batetik erreka bat zedarri. Bertze aldetik zonbeit arbolaren kukurusta ferdea. Zabal eta luze Romilly-ko korroil, garratoin zepoa. Bainan oraikotik gu garratoinak, eta Romilly-ko korraila gure garratoin ziloa. Banuen nerekin ekarria lenazko soldado oihal bat. Hesian bi abar motz eta egiten dugu soropilan bertzek bezala gure etxolaxka. Hiru gizon emaiten tinki-tinkia haren pean. Bertze biak ipar-aldeko mutiko gaitzak. Arabak ezarriak dira bertze zoko batean. Beltzak ere ba.

        Nabak zion Hitler-ek jalgia zuela: «Uztailaren 14-eko presoner Frantsesak etxerat igorriko ditut eltzekaria jan dezaten elgarrekin familian». Hitzemana, hitz aise emana. Uztaila, ezpainak zimur habila! Pa ristarrek ukaiten zituzten etxekoek ekarririk jatekoak. Gure etxekoak urrun. Guk jatekoa xuhur. Han naiz ohartu goseak jalgi-arazten duela, gure bihotz harpetik, bi begi zorrotz, bi hortz-lerro zuri dituen otso guhaurek ezagutzen ez duguna. Jateko doi bat hitzemaiten daut Paristar lagun batek. Beha egoiten naiz ilun dezan. Jalgitzen etxolatik. Lerratzen haren etxolarat. Hitz bat jalgi gabe emaiten daut poxia. Hitz bat bihurtu gabe, nik poxia jaten eta nere etxolarat bihurtzen. Mundua eman ditake bi zerra: jatekoa dutenen zerra eta jatekoa ez dutenen zerra. Bi zerra elgarren hisia bihotzean. Ogi poxi batentzat gizonak hil dezake gizona.

        Aratsalde batez nindabilan kurri. Zerua zekale zohitu kolore. Hurbil egin beharren egiteko askak. Han baziren beti gizon lerro konkortuak. Ahulduak, uxaratuak. Doi-doia konkor egonki. Heien kexua, bertze al detik, zer-nahi jende zozo beha. Eta gizonak bere ezin bertzea gorde nahi. Euskaraz erraiten dugu: «Kaka bezain moxkorra. Kaka bezain ez deusa». Tipust-tapast agertzen zaizkit pinpirina beltz batzu. Irakurtua nuen holakoetan trenpu txarra zela heldu pinpirina dantzariez inguratua. Jartzen naiz... ohartu gabe etzaten... Egoiten ez dakit zonbat denbora luze-luzea, nehor hurbildu gabe. Bakotxak bere burua aski. Aski eta sobera.

        Mail bat jauts, eta galtzen da gosea, itotzen bizitzeko nahia. Batere ohartu gabe, pirka-pirka... oro hilen ginen haizerik gabe, firristfarrast erortzen diren bezala larrazkeneko hosto eihartuak. Ihizietarik zailena, gizona. Erreximenduetan erraiten diote soldado jin berriari, bere burua baino lehen artatu behar duela bere zaldia. Eta arrazoinekin. Bainan orok badute hein bat. Deseginak ginen eta ohartzeko deseginak ginela, kalipurik ez.

 

        Adixkidean sor baditake etsaia, etsaian ager ditake adixkidea. «Denetarik bada denetan», zioten ainitz ikusia eta ikasia zuten gure arbasoek. Goiz batez Alemanek iragan-arazten gaituzte karroetarat, eta ta rrantantan eremaiten Sens-eko katedralaren inguruan jarri korrailerat. Gure zoriona! Aski duela guti, zorigaitzean leporaino sartua denak, zorionaz mukurru betea izaiteko! Sens-en bazen lastoa etzatzeko. Romilly-n euria ari zelarik, larruraino bustiak ginen. Sens-en, batzuek ukan tegia oihalezko etxola gotor batzuetan. Nik katedralaren inguruko aterbean. Gauaz iratzar. Euria leher egiteko ari. Eta itzul-mitzul, goxoki. Erhi bat ez bustia. Mirakulua duk hori puttil! Jauna, milesker! Hixtua heldu zait ezpainetarat. Zerua urdin ene begien barnean.

        Ukan nuen bertze atsegin bat Sens-eko katedralaren dorre pean. Hatxeman Mixel Dufau apeza, Ahetzeko seme, ene ikas-etxetako laguna, Bel-lok-en, Baionan, Tolosan, eta Baionan, San Luisen erakasle zagona...

        Bazuen bertze buztan bat gure Sens-erat eremaiteak. Gaizkia ongiari nahasia, iraka ogiari bezala. Hamar bat egonen buruan, Alemanek jakin-arazten daukute guziek behar ditugula lekuak hustu; guziek, salbu herriko-mutilek. Herriko-mutilak jartzen dira multzokaturik, doi bat bazter. Gehienekin adixkide nintzan. Adixkidea adixkideari atxikia. Badoatzi Aleman aintzindariari buruz, galdeka hea Alemanian apeza ez denez herriko-mutil, beraz apezek ez dugunez heiekin egon behar. Aleman legen arabera, ez dela dudarik, ihardetsi delako Aleman buruzagiak.

        Orai gaituk orai atekan. Zer egin behar diuk? Egitea baino nekeago zer egin jakitea. Gezurti dionak ageri zela, bertzeak hautatu alderdia zela txarra, harek hautatu alderdia zela ona. Nahi luke goraipatua izan, orok errepikatuz «Egoki da eta zuten». Nahi luke izendatua izan aingeru, bertzeak izendatuak izaiteko debru.

        Idazlea ez da osoki gizona, bihar itzul baitezake atzo erran duena. Egiazko gizona egilea, urratsa egin-eta ez baititake gibelerat itzul. Urratsa urrats. Zezar jeneralak iragan zuelarik Rubikon ibaieko zubia ez ze zaken gibelerat egin, Erromak debekatua zuenaz geroz Rubikoneko zubiaren iragaitea. Geroak eta geroak bakarrik erranen du hautua zenez ona ala gaixtoa, eskainiz edo ez eskainiz nausigoaren zuhaitz hostodun abarra. «Hordago» egiten duenak eta irabazten orroitu behar luke gal zirola eta bertzeak irabaz. Egileak behar luke itzuli hautua egin zuen kenka hartarat, eta ohartu ikararekin bertze bideari lot zitakela. Bertzeari beha dezake irriz. Bertzeak hari beha dezake berdin irriz. Irri samina. Holako irri karkailez betea da ifernua.

        Adixkidek zeraukuten: «Egon zaitezte gurekilan. Gerla bururatua duk. Aste bat barne etxeratuak gaituk. Soldadoek ez die zuen beharrik. Horiekilan norapeit helduak, nork dakik, noiz zirezten etxerat itzuliko». Eta nik: «Apezak gaituk. Zer-nahi dioguk aintzindarien kontra, debalde utzi dituztela bere soldadoak. Aise duk zinkurinan bertzeen kontra artzea. Neke bertzeek beheiti hartu patarraren beheiti ez hartzea».

        Bertzeek: «Zagozte». Nik: «Ez gaituzkek». Durduzatua, oihu egiten dut: «Kutx ala pil. Kutx balin bada, bagoazik kuxian... Kutx... Are, lekuak huts, Mixel.. . « Lagunek: «To, hori ederra diuk... Zuhurtziaren adixkidentzako erakaslea haizala! Giza gaizo bitzia, nun duk zuhurtzia? «. Geroztik errana dautate, kutx ala pil hortan mintzo zela zuhurtziaren aintzineko euskaldun odolaren dei ezin zapatua.

        Uste ginuen baginoazila Ipar-alderat, Alemanak ari baitziren itsasoa iragan beharrez, zerbeit lanxkaren egiterat. Ainitz hilen ginela, bainan ez luzaz tokian egonen. Guti hilen gira, bainan luzaz bertze toki batean egonen. Lanbrotsu bizia. Gizonak ez du sudurretik hamar zehetan ikusten.

        Uztailaren 31. Sartzen gira berrogoinaka treineko abere-karrosetan. Bakotxak hartzen du bere xoko-mikoa. Bakotxak berea bere. Auzoa auzo. Auzoak auzoan zangorik ez sar. Ez hik enean, ez nik hirean. Ihiziek ha omen dute beren ibil-gunea, bi piza-zurruztaz finkatzen baitiote beren muga. Ateak tinkatuak baitziren, ez ginuen deusik ikusten. Lagun batek bazuen itsas-orratza. Anarkizta, irarkola batetako buruzagia zen. Erraiten daut: «Ipar-alderat bagoazik. Beti berdin duk. Iparalderat xut. To, zer debru da hau? Iguzki-alderat itzuli gaituk». Iguzkialdea... Iguzki-aldea... Emaiten dugu beharri... Leihoxken artetarik behatzen. Metz. Saarbruken. «Ez duk dudarik. Alemaniako lurra ukanen diuk gure inguruan itsaso!». Uzten dauzkute ateak idekitzerat. Landetan soldado frantsesak ogi biltzen ari. Egiten diogute eskuarekin agur... Bihi batek ez du ihardesten. Ez da gauza lazgarriagorik. Gizonari mihia ezinbertzearen gatuak jana, gizonari eskua zorigaitzaren zakurrak moztua. Gizona ezin ar gehiago solasean. Gizonak laneko tresnak baino gehiago, lagunik ez. Gizona ez gehiago gizon.

        Hari burdinezko xixtrodun hesi eta hesi; kantoinetan behatzaile etxolak, gure mendietan ihiztariek dituzten bezala; lerro-lerro ikus-ahala urrun, barraka apal batzu, murruak adarailuz, teilatuak mundrunez beltz-beltza; bideak legar xuhailean idekiak, bazterretan sorropila mehe batzu belarra xurpail, biziko haiza?, hilen haiza?, duda-mudan: zeruak Euskal-Herrian ez duen urdin samurra; urrunean zapinezko oihan beltzaren murrua... Stalag IV-eko gizon korraila, Sakzeko lurrean Polonesek antolatua Mühlberg herrixkan, Elbe ibaiaren bazterrean, Leipzig eta Dresde hiri tarroen artean.

        Soldado Alemanak dena oihu, munduko soldado guziak bezala, sartzen gira hala nola kabalak Heletako plazan Santa Katalina feirian, tokeroez hurbiletik begistatuak. Hartzen dauzkute izenak, soldado liburuttoak, kentzen esproi eta kazkak. Uzten dauzkidate, miatu-ta, mezaten emaiteko zerak. Sar-arazten gaituzte barraketan. Hiru ohe-mail. Eni erortzen zait erdikoa. Sartzean berotegi bat zabala, barnearen berotzeko neguan, jateko ukan ginezazkenen egos-arazteko egun guziz. Barrakari da-txikola ikuztegi eta behar orduko. Mixel Dufau ene azpian. Erraiten daut: «Menturaz hemen egonen gaituk sei hilabete! —Hago ixilik, gizona! Ez zakala holako astokeriarik jalgi! —Sei hilabete? Paria nezakek bi-hiru urte! —Bo!...» Ez nion ihardetsi. Haurkeriari, ixiltasuna zor. Egonen gira bortz urte.

        Stalag IV-ean baginen hastean berrogoi bat mila Frantses. Hertuko da Frantsesetarik soldado xeheak jalgitzearekin laneko «komando» multzoetarat. Ez dira behin-ere aintzindari-pekoak lanerat bortxatuak izan, zaintzale ukaitea gatik Geneve-ko akordioa. Lanerat joanen direnak, bere nahirat joanen dira, salbu sartzean bere burua soldado xehe gisa ekarri dutenak. Tenoreka ez gira zonbeit mila Frantses baizik izanen.

        Frantsesek hustu tokiak betetzen zituzten Rusoek, Anglesek, Holandresek, Yugozlabiatarrek, Italianoek, Amerikanoek... Babel dorrea, Stalag IV-eko korralea: han zuten jo egiten Frantziatik Alemaniarat, Alemaniatik Frantziarat zeramaten presonerren bidek. Bazen Frantsesen eta Anglesen artean gizon argitu asko aintzindari peko egonak bere ikaste berezian hobeki bermatzeko. Bertze herrixkan argituak kasik oro aintzindari ziren. Soldado xeheek bazuten hortaz zorigaitz, iduri umexurtx zirela. Aintzindariak bilduak ziren «Oflag» deitu korraletarat.

        Stalag IV-ean emaiten zaukuten aski janari bizitzeko. Ez aski asetzeko... Indarrarekin jauzi berriz gosea. Gose gaixtoa. Gaixto egiten zaituen gosea. Emanak ginen andanaka, hamabi andana bakotx. Jatekoa egiten ginuen hamabi pozi. Ar ikuska. Sei alde batetik. Sei bertze aldetik. Hunek sobera; ken. Hunek ez aski; eman. Eta gero bat itzul eta harek erran nork zer har. Gure jatekoa zingar zuri horail bat, iduri baitzitzaitan hauta. Urin belzaran bat, erraiten baitzuten beribiletako olio ibili eta garbituarekin egina zela. Hala nintzan jarri nun egin bagienen etxerat-eta janen nuela ogi eta urin... Ogia, gazten-basa-irinarekin egina, hari nahastekatuz zerra-zahia, gorputzak beretzeko gazten-basa-irina, zerra-zahiarekin hertzeak lanean ariz. Bazen lodi marmelada behar den kolore eta usin emanez, azukre-betarrabarekin egina. Eztia omen ikatzetik jalgia. Hunek enganatzen zuen gure sudurra, bainan ez ulien mokoa. Ez zen ulirik haren inguruan dantzan ibiltzen. Dutearen eite zuen edateko berotik bazen nahikoa.

        Jatekoa ba doi bat. Bainan doi hertsia guzientzat eta oroz gainetik, gazteentzat. Ipar-aldeko mutiko bat bazen gaitza, sorbaldak mando-zainak bezain zabal. Ari zen murtza-murtza tabakorik gabeko pipa haundiari. Herioak ereman zuen, ahur baten barnean, hezur eta larru egina. Euskaldunek baditugu gure itzalak, bainan ere gure argiak. Guk gehienik, gehienek, gehienetan, elgarri atxikitzen. Jan-Battit Duperou, Donibane-Lohitzunekoa ekarri zuten Alemanak haste-hastetik kozinan, kozinerra zen alabainan. Baziren hogoi bat koziner, herri guzietakoak. Liburu bat irakurtu gabe, aditzearen bortxaz, gerla ondoratzean, ari ziren berdin aise frantsesez, alemanez, anglesez, polonesez, rusoaz... Afariaren ondotik bazuten bakotxak gamela bat gaineko. Berak ongi aseak, sal zezaketen. Jan Battit-ek ez du behin-ere saldu. Euskaldun laguneri beti eman. Eros zezaken harekilan orenkari, erhaztun, tabako. Ez du behin-ere deus erosi. Sakelak hutsik sartu da Frantzian.

        Pavlov rusoak erakutsi dauku aski dela xakurrari hixtu egitea, ez jatekorik emanik ere, ordu arte hixtuarekin jatekoa eman bazaio, hasteko tua xakurraren ahotik jalgitzen, jatekoa han balu bezala. Iduri luke gizonak Pavlov-en xakurra. Erakus tabakoa, eta lehengo aiseriak eta aseriak gogorat heldu. Ogiaren eta tabakoaren artean hautatuko du tabakoa. Ikustearekin Angles bat lurretik zigarreta-moko zikin bat biltzen, erran zautan bertze Angles batek, okaztatua: «Ez dira jaun Anglesek».

        Eta nik: «Nardaturik ez egon. Hola-hola ikusikk ditut Rusoak, Polonesak, Frantsesak». Jauntasuna eremaiten beharrak.

        Hortarik ageri ez nintakela saltzeko aratxea bezain gizen. Apez bat itzultzen da, erizain gisa Frantziarat. Aitak hatxemaiten du Hazparneko merkatuan». Ikusi duzia gure hura? Zer dio? — Ikusi dut. Hila ditake. Hain zen mehe». Ama etxean beha. «Baduka gure mutikoaren berririk? — Ez bide dugu gehiago ikusiko. Goseak ito omen dauku». — «Goseak haurra hil, eta gure ganerrak arto-ogiz gaindika! Baditakea hori?».

        Baditakenik ama bihotzen oinaze, bada trumilka gure faltaz zorigaitzez. Sortuak ginen ogi metaren gaineko xori. Orai aurkitzen legar-eremuko oilaxko.

        Egarriak sor-arazten du desertuko legarretik ur-xiripitaren itxura. Goseak sor-arazi zaukigun gure mahi hutsetik jateko metaren mentura. Ari ginen berotuak apairu-gai kausitzen: hau on, hura ere on; hau ha rekin uztartzen, eta hura ez; hunek holako arnoa nahi, eta harek halakoa... Edo halako arnoak holako arraina laket, halako arnoak holako haragia hastio. Etxeratu-eta besta egin behar ginuen Manutea, Miarritzeko ostatuan... Bazkari bat. Zendako ez biga? Edo hiru?

        Stalag IV-erat sartu ordu biharamunean, heldu zait lagun bat lasterka: «Haugi, haugi! ... Sens-en utziak hor dituk.. . Denen aintzinean, burua apal, axudanta». Bazuen hunek axudanta guziek duten larderia. Frantzian egonak, irriño bat baitzagon igeri Alemanen ezpainetan, hek berak Alemaniarat igorriak, beltzuriak hartu baitu Alemanen aurpegia... izar ginezaken gehiago deus ez ginela, gu oro. Ene zuzenbidea ez zen gehiago Etienne Salaberry Hélette, bainan 59.416, Stalag IV B.

        Stalag-erat orduko, aditua ginuen oihu bat goxoa. Baziren jadanik sarerat bilduak zonbeit euskaldun apez: Manterola, Fouquet, Iriart, Etchemendy, Darricau, Soubelet, Larzabal. Ibiltzen ziren barrakaz-barraka, kantuz. Kantaldiak ez dira Euskal-Herrian sortu, bainan Euskaldunetarik Alemanian. Heldu zaizkigu ongi-etorriaren airoski eskaintzerat, heiekin Euskaldunak oro.

        Euskaldun apezak kirolariekin ziren. Barrakaren buru Zorel «Légion Etrangere-eko» axuanta, sortzez Txekatiarra. Frantses hitz guti zazkien, bainan zazkienak, onak. Onartzen gaitu Dufau eta ni bere barrakan. Indarrarekin heldu ezin-egona. Biltzen gaitu guziak, Zorel-ek, hiru-lau aldiz manatzen: «Garde á vous! Repos!» eta eskuratuak gaituelarik, ateratzen: «Ez zazuela egin pitokeriarik edo kakin beharko duzue... Rompez!». Orai ez dela ageri zer erran nahi duten asko solas bihurriek. Horiek ez ziren bihurriak, bainan zer erran nahi zuten, ageri.

        Alemanek aldatzen gaituzte ardura barraka batetarik bertzerat. Beldur zonbeit T.S.F. tresna molda xokoetan. Eta bazirela beldur, edo jakinki. Bagintuen zorriak tole, eta zorriek emaiten «tifuz» eritasun gaixtoa. Noiztenka bagoazin gure puskak bizkarrean, desizurritzerat. Soinekoak oro sar labetegiko karrosetan, eta guhaurek ur-turrusta har, guziek betan, salboi meleka batez bete sartzeko untzitik, nahi dena jalgi. Gero egoiten ginen beti buluzgorri, aire bero hodi aintzinean, orentto bat, puskak desizurritu beha. Artzen ginen eleketa, jostetan. Behin-ere ez dut ele tzar bat aditu.

        «San Simon eta San Juda, joan da uda eta negua heldu da». Jausten zeru lanotsutik goizago Alemanian. Eta guk hotza hoztei, buluzgorri emanik arats oroz, oheratu aintzin, gure burua garbitzen, halako beldurra baiginuen tifuz-eko zorrien alderat.

        1941-eko ekainaren 22-a.Alemaniako otsoak jauzi egiten dio Rusiako hartzari. Iguzki-aldetik pizten da guretzat Betlemen bezalako izar urrea. Garbitzen zerua. Dir-dir emaiten hedoiak. Bizkitartean, aste bat gabe, multzoka heldu zaizku soldado Rusoak, bertze soldado Rusoak bazterretarik hala nola artzain-zakurrak dena ihausi eta, ez hortzak, bainan harmak kanporat. «Tifuz» lotuko da gizon akitu ezindueri. Hilen dira metaka, izaiteko karrosetan zamatuak eta ziloetarat, betan, botatuak... Gerla...

        Gure bizi-moldea ordukotz azkarki ontua zen. Hunkitzen gintuen Maréchal Petain-en paketak. Etxekoetarik ere ukaiten. Nik nuen hunki lehena, Madrileko ahidek igorria. Euskaldun guziak bagoatzi burua gora doi bat airos. Eta itzuli doi bat ilun, muturra zehe bat luze. Barnean sei atorra... Alemanek ez zuten guk ukanetarik deus hunkitzen. Azken egunetan Alemanak ere gose. Ukan nuen Marokatik arreba gaztenak igorri, bi pintako untzi bat, oliba olio lodi batez betea. Alemanak ideki. Usindatu luzaz, luzaz, eta brau eni hurbildu. Egiten bide zukeen: «Gerla galdu die, eta guk baino hobekiago jaten die!».

        Kirolariak ez dira bertzeak bezalakoak. Berdin bat has ditake kantuz gauerditan, bertze bat tronpetari ufaka goizeko oren batean. Bainan bi oihu egin eta ixilduko. Ez jende bihurria, jende maitagarria. Zonbeit presonerrentzat holako ohidurak hastiel. Ezin jar gure gizonak. Bazoazin erranez: «Holako erroekin aste bat gabe erro gintazkek!». Ni, aldiz, horien artean amurraina Atarratzeko ur kantarian bezain frixt eta frixt, ene gosturat. Ni ere, Xuberotarrek dioten bezala, amiñi bat erho.

        Stalag IV-erat sartu-eta, iragan gintuen zonbeit egun, mezarik eman gabe. Gero apez batek eman zuen meza, zituen arno-ostiekin eta guk egin komunionea. Haurrak haidurutu lehen komunionea egiten duen kartsuta sunarekin. Gero jin ziren ostiak eta arnoa. Frantziatik, Kurutze gorriari eta «Secours Catholique-eri» esker, bainan, uste dut ere, Alemaniako apezetarik.

        Gero hasi ginen banazka mezaren emaiten, bi jartegi bi jartegiren gainean emanik murruari kontra. Hasi jeiki orduko, askal aintzin, zonbeit lagunek, oihal batekin bezala, bere gorputzaz hetsiz aldarearen ingurua. Batzu aharrosika, ezin jeiki; batzu sakreka, kafe-ordaina ezin bero; batzu espalakoinetako itze bati kaskaka... Egizak nahi dukana, nik egiten diat nahi dutana. Askatasuna guzientzat berdin; askatasuna ororentzat izari gabe. Gauza hunkigarria, hola mezaren emaitea, jendeen erdian.

        Kanporatu-eta, kondatzearen beha egonki, erraiten zautan Manterolak: «Apez bat otoitzeko liburuan ari, Espainiako anarkizta bat, bi eskuak sakelan, erdi-lo, hori duk Frantzia». Bederen Alemaniako Frantzia. Frantziako Frantzian ez dira eskas xirtxilkeriak.

        Eguberri lehenean, gau-erdtan meza. Bi argi koxkor, kanpotik ez ikusi behar. Manterolak meza. Nik mintzaldia. Ahapeka mintzo naiz, kanpotik ez aditu behar. Eunbean gizonak lerro-lerro. Espainol solda doak etzanik, bainan beharria xirrint. Aipatu nioten bere herrietako eguberri aurten, gurea bezala, nigarrez bustia. Betleme harpe azpiko bildutasuna hedatu zen gu guzien gainerat. Iduri hemendik gure etxerat artinoko jende lerroak eta lerroak zaudela gu bezala aldare argitsuari beha, eta senditzen ginuela sorbaldetarat heldu heien hatsaren ufako eztia. Noizean noiz salatu dautate lagunek, nola izan ziren hunkiak, nola zaukaten bizi orduko orroitzapena, sustengu eta sustatzale.

        Alemaneri ez zaiote laket barreadura. Uniberzitatea moldatu orduko, ezarri zuten hango barne haundian egun guziz, askal aintzin, erranen zirela mezak; aratsaldean izanen mintzaldiak; iluntzean ba probintzietako bilkurak, ba Petain taldearen elgartzeak; igande goizetan aldiz katolikoen mezak. Hunkigarri zitzaitan gogo argitzeak, bihotz altxatzeak, otoitz eskaintzeak ukan zezaten barne bera, kafira gisa. Gizontasuna eta fededuntasuna bi haurride eginak lotzeko biziaren patarrari urrats berean.

        Etorri zirelarik preso Holandresak eta heien artean ainitz protestant izanki, katolikoek utzi zioten tokia, eta jo egin antzokirat, hura nasaiagoa izaitea gatik. Azken urtean, Alemanek altxarazi zuten eliza bat katolikoentzat. Bien arteko barnea. Ordukotz bakandua zen Frantsesen multzoa.

        Meza emaiten ginuen igandetan aldizka, apez Frantses, apez Angles, apez Holandes, apez Italiano. Orgina joilea, Anglesa. Ene aldia zelarik, joiten zautan emeki, erakusteko nola bidea bar. Ohartua zen ez nintzala trebe heietarik kantuan. Anglesak, Euskaldunak bezala, daude gibelerat emanak zangoen gainean jarriak. Orok ukan dugu Alemanian sei-zazpi gogoetaren egiteko denbora. Nahi zuenarentzat, Stalag korralea komentu. Nahi zuenarentzat, presonerra fraile. Ez dakit ainitzek baliatu dugunez denbora hori, beti biharko askatasunaren haiduru egonki. Bihar, bihar, noiz da bihar? Bihar horrek badik bizkar. Iguzkiak berotuko dik bihar, azkar!

        Mixel Dufau lerratu zen kantarietarat. Ni battertu gogolarietarat. Nun ere baita hire gotoa, han bila-zak hire multzoa. Haren boza beti xuxen, enea usu makur. Bi jite. Egin gintuen bi hautu. Iturri guziak itsasorat badoatzi, bainan ez erreka beretik.

        Aratsalde guziez gogolariak elgarretaratzen ginen. Kanpoan denbora ederra zelarik, lehenagoko Platon eta haren dizipuluak bezala, arbolaxka baten pean jarriak, haren ostailak lore ferde gure buru gainean. Euria zena? Biltzen ginen barraketako mahi baten inguruan, kartetan bertze lagunak ondoan ari. Batzuetan gure bil-tokia hirugarren maileko ohen gainean ainarak. Garrako ezkaratz zurabeko kafiran dagotzin bezala, denetarik behex, gorago, osoki gure ber.

        1940-eko agorrilaren 6-ean eginak izan ziren solasketak kanpoan. Alemanek desegin. Baia eman 1940-eko abendoan. Biltzen ginen eskuko erhien heina: Grazienzki medikua, Créteur lizeko erakaslea, Kowalevsky apeza ortodokza, Danguy trapizta, eta ni semenario ttipiko erakaslea. Elgarretaratzen ziren ere errientak, nola hobeki erakuts, bere ekeia.

        Heldu zaizkigu, zonbeit aste barne, aintzindari-gaiak, heien artean erakasle ainitz, «agregazione» kaskorat helduak, hala nola Arnaldez, Caire hiriko erakaslea. Irria uxter duke Jaungoikoak, munduari behatu eta. Gose hamikatuak ginen, eta gure ikertzea aingeruen izaiteaz. Apezgei batek berekin ekarriak zituen San Tomasen liburuak. Eta Arnaldez «idealista» edo gogotiar hutsak aingeruen izaiteaz bere kezka. Ohartu nintzan Bergson izan zela ehortzia ene gizamendearekin, eta ene ondoko gizamendea Brunschvieg-ez moldatua, osoki bertzelakoa zela, errotik gogotiarra. Giristino kartsua Arnaldez-ek jo egina zuen Caire hirirat ikasteko araba, eta jakiteko araba idazletarik zer zukeen San Tomasek beretu. Ezin hobekiago ikertuak zituen San Tomasen liburuak. Guk apezak baino horren irakurtzean aise trebeago. Stalag IV B-en ikasi zuen hebreo mintzaira. Polonian zelarik polonesa eta rusoa. Rusoak sartzearekin Polonian, harek agurtu.

        1940-eko ekainaren 15-ean, jadanik Aita Christophe Jesuista-gaiak altxatua zuen liburutegi bat: berekin ekarri liburuak irakurtu-eta hari eman, eta bertzeek hari emanetarik, berek bar. Geroxago Frantziatik, Suisatik, Kurutze gorritik, Y.M.C.A. Amerikanotik jin zitzaizkun 6.000 liburuz goiti.

        1941-eko urtarrilaren hastean etorriko zaiku korralearen buruzagi Koenig kapitaina, ixtorioaren erakasle, Vienne Otrixian egona. Haren arrangura, gerla-ondoa. Iduri zitzaion gerla egileen eginbidea zela ger latik haurren zaintzea, gerlarat, orai arte bezala, huiatzeko orde. Mintzatzaile gaitza. Mintzalariaz zioten Erromanoek: «Vir bonus, dicendi peritus. Gizon zuzena, solasari jarria». Halakoa zen Koenig kapitaina. Harek dauku eman Uniberzitatearen haizua.

        Lehen «errektor» edo buruzagia erakaslek hautatua, Louis Viaud, Pierre Loti-ren iloba. Protestanta, gizon argia, ez bakarrik gogoz, bainan erran nezake begitartez. Harentzat matematika, josteta. Zion matema tika errex litakela ikasten balitz, behar bezala, hamabi urteri buruz, gogoa haurrean piztu-eta. Ordu arte haurra ar dadila marrazkitzen. Inginadore haundia ez da matematika dakiena, orok badakite ausarki, bainan josteta marrazkituz airekoaren behar bezalako hegala hatxemaiten duena. Musi dut askitto ilun, haren zazpi urteko mutikoak behar ukan baitzuen Pariseko ikastegi batean sartu jateko-tiketen ukaiteko eta beraz irakurtzen ikasi. Goizegi haren arabera.

        1941-eko Apirilaren 4-ean aintzindari-gaiak eremanak dira RawaRuska Poloniako korralerat. 1942-ko agorrilaren 4-ean Louis Viaud eritzen da eta lagunek izendatuko naute «errektor» haren ordain. 1943-ko agorrilarekin sartuko da Frantziarat Louis Viaud. Fizika erakasle zen Sorbonne-eko ikastegian. Sartuko da airekoetako ikertzalen taldean.

        Harek mintzatzea eta idaztea hastio bezain, nik laket. Ene mintzaldia nuen aste guziz zoziologiaz, Frango mintzaldi ere egin ditut Euskal-Herriaz, zoziologiaren epea baliatuz.

        Osoki atxikia nintzan ere erakasle laguneri. Eta uste dut, heiek niri. Kenka txarretan ez ditugu behin-ere gure eskuak deslotu: ez heiek, ez nik. Izaiteko bertzek ospatua, behar ditugu bertzeak ospatu. Ez dugu onartzen bertzeek sudurra sartzea gure mintzaldietan. Ez dugu onartu behar sudurrik sakatzea bertzeen aipamenetan. Sori zaikigu heinean ibiltzen ditugun gatz-biperrak. Ibil bitzate bertzeek laket zaizkoten izarian. Ikas-etxea izan bedi askatasunaren eremua. Presoner toki batean, eremu bakarra. Jarraik-bide gisa, lehia agertzerat solasean xuxen, ez zorrotz; azkar, ez idor; goxo, ez ahul; argi, ez arin; xehe, ez arrunt; mamitsu, ez lohitsu, Ez leizafin, erle, bertzeak bilaka diten orobat erle, ez lei_zafin.

        Banituen bi anarkizta. Frantses aintzindari-azpiko batek ukaiten du ospe-kurutzea. Goretsi nahiz ibiltzen gira haren aintzinetik, urratsean. Gure bi putikoak emaiten trufaz, zango makurka. Harritua nintzan. Heldu zait batto: «Hobe ginuke naski Uniberzitatearen uztea. — Ba, hobe; bertzenaz bortxatua izanen naiz uztearen galdatzea». Hura jalgi orduko sartzen zait, erran dezagun Jakes. Hasten oihuka — «Kenduko ditugu gizon tzar horiek mintzaldi-alkitik. — Ez ditugu jalgiko, beren nahiz jalgiak baitira». Urte guziz banoa lagun horien ikusterat Montmartre elizari hurbil duten liburu saltegirat. Urteri nagusitu gure atxikimendua.

        Nortasuna, Askatasuna, Adixkidetasuna, hiru hitz horiekin egina da, gizonak gizonean daukan fidantzia. Nortasuna, hura gabe deus ez baita sortzen. Askatasuna, hura gabe deus ez baita bizitzen. Adixkidetasuna, hura gabe deus ez baita zohitzen. Ene buruzagi zigiluaren gainean ezar-arazia nuen: «In veritate libertas. Egian askatasuna». Gainean xori bat, nexkato batek zaukana sokatik. Soka haustearekin xoriak sala lezake: «In libertate veritas. Askatasunean egia». Biak berdin baitezpadako gizonarentzat.

        Alemanian Uniberzitatea, Antzokia, Edergia, Liburutegia, Kirola, Eliza, kulturaren eremu berean ezarriak dira, aintzindari bera behatzale.

        Aise Frantsesak lehen ginen Uniberzitate, Edergia, Liburutegi eta Antzoki mailean. Gauak egun egiten zituzten gogotik eta nor-nahik, pollit izaiteko soinekoa, pollit argia, pollit zureria. Aditzaleri laketago zitzaizkoten antzerkiak, Musset-en antzerki xotilen artean xotilenak. Ez da harritzeko Edergiatik André Malraux-k egin baitu sineste gabekoen azken sinestea.

        Frantzian Frantsesek elgar ezin jasan. Alemanian bertzeak ez bezala ados. Frantziari eta Frantzian bere sort-guneari Frantsesak errotik atxikiak. Uniberzitatean baziren murruan emanak gune guzien erredolak. Hiru B (Basque, Béarn, Bigorre) elgarren adixkide bizi ginen, kanpotik heldu bazen herritar bat, eman laguntza.

        «Hor duzu froga, daut ateratzen Kowalevsky adixkideak, Marx ez dela xuxen ari. Gizonek ez dute xapelean, langintzaren hatza, bainan bai aberriaren behatza. Ez zurgin edo hargin, bainan Euskaldun».

        Frantzia izan da barna, biziki barna, zer-nahi toki bezain barna edo barnago ebanjelioaz ontua. Gehienak gure artean edo Paristarrak ziren edo Bretoinak. Bretoinak bilduak, izaiteko libratuak, hortan ere Hitler-ek jan baitzuen bere hitza. Bretoinak fededun zintzoak. Nahiz heien apez batzuek, Pariseko zozokeriez jada hanpatuek, zerasaten (holako zonbeit baditugu ere orai Euskal-Herrian.. . ) ez dela aski elizan ibiltzea giristino izaiteko. Hori egia. Bainan egia hori erran behar lañoki. Erran behar bertzeeri bezala, bere buruari.

        Gu baino bortz urrats gibelago Anglesak Uniberzitate, Antzoki, Marrazki, Kantu, Soinuetan. Gu baino zazpi urrats aintzinago kiroletan. Heientzat Uniberzitatea, kiroltegia; Kiroltegia, Uniberzitatea. Neguan ba zauden etzanik, loeriaz hartuak, Uniberzitatea erdietan hetsia. Frantsesa egun guziz zagon egun guzia idekia. Iguzkiak jalgi duia bere kopeta horaila? Anglesek erakusten dute beren kopeta gorraila. Zaldiak iguzkitarat bezala itzulikan jostetan basten. Lanean ere bazuten kirolariaren eite. Uniberzitateko berotegia egitearekin, botatzen zituzten adarailuak, balonak bezala. Eta zer zalutasunarekin, zer alegrantziarekin!

        Guk aldi bat eman gintuen bozak, eta hautatu buruzagiak atxiki. Anglesek beti haste. «Homme de confiance», gizon perestua zuten, Kanadianoa, judua, airekotiarra. Hari emaiten boza Kanadianoek, Kanadia noa izaitea gatik, eta angles airekotiarrek, airekotiarra zelakotz. Hori bertze Anglesek ezin jasan. Heldu da Indietako soldado bizardun andana gaitza. Jo bozak. Indiakoek irabazten dituzte. Egiten, ez baitira atzo sortu pika umeak: «Egun egunekoaz balia gaiten!». Ibiltzen dira berriberriz jauntziak barrakaz-barraka. Keinu egin, han ditutzu. Erakuts oinekoak, eta harek keinuz erakuts zonbat zigarreta duten balio. Dirua, zigarreta: zigarreta anglesak, bi zigarreta frantses. Eman zigarretak, eta harek eman oinekoak, oinuts urruntzeko emeki, apeza aldare-aintzinagn bezain xut.

        Pettan Curutchet-ek erraiten daut: «Errektora, atorra histua duzu! — Bo, berdin zaitak! — Ez, desohore da holako atorra perrekarekin ibiltzea!». Keinu. Heldu da Indianoa. Idekitzen dio Pettanek papoa. Atorra hunkitzen. Bertzeak sei aldiz beheititzen ditu bi eskuak, idekirik erhiak. Pettanek sei harnar zigarreta eman. Bertzeak atorra jalgi. Eskaini. Arrabeztitu eta hitz bat gabe itzuli.

        Airekotiar multzo bat etorri zen, eta ez gintuen gehiago ikusi Indiano kukulu xut, bizar beltzak.

 

                Aitak eman daut dotea

                Neurea, neurea

                Urdeño bat bere umekin

                Oilo koloka bere xitoekin

                Tipula korda heiekin.

 

                Otsoak jan daut urdea

                Neurea, neurea

                Axeriak oilo koloka

                Garratoinak tipula korda

                Adios nere dotea!

 

        Euskaldun dohakabearen kantua eman zezaketen dardarikatuz, irria eta ez nigarra balusezko begi ilunetan, jite onekoak baitira India urruneko semeak.

        Debruz eginak ziren delako airekotiarrak. Hots gazteak. Bazuten Anglesek lasto-meta bezain gorako axudanta. Bainan zangotiarra. Indiako armadakoa. Ez airekotiarra. Mintzoak beleak izitzen. Bainan aire kotiarrak ez higitzen. Airekotiarrek ez adituarena egiten. Uzten ar dadin marrumaz, errotua, erkastua, ezindua, ixildu arte, kexuaren kexuaz urkatua.

        Yugozlabiatarrak langileak, zuzenak, zigarreta bat ez behatzaz hunkiko. Eztabadak haatik, ikasien eta ez ikasien artean. Goresten dut errient bat, xutik ezarri duen antzerki ederraz. «Bazinaki, trufatzen zaizkit ene beso txarrez. Zaude sar gaiten! Ni naiz izanen buruzagi. Orduan ikusiko eta ikasiko!».

        Italianoak lagunkinak. Bazuten aumonier bat gaitza, Rusian ibilia. Zonbeit marrazkilari, ez ainitz eta ez Frantsesen edo Anglesen heinekoak. Anglesen eretzean, Polones sendatzaileak tzarrak, Anglesak ez deusak, Frantsesak onak, Italianoak hautak, Italianoak xapeldun. Iduri zukeen Mussolinik jakintzari buruz bihurtu zukeela Italia, luzaz edergintzari jarraikia. Zigarretez aberats, Angles-Amerikanoek hautatzen zituzten sendatzaile gisa Italianoak. Asko tira-bira itsusi izan ziren Italiano Alemanian langile ibili eta Milaneko kantarien artean. Langile ibiliek, kantariak laster harrotu lanerat. Ez ikusten ahal.

        Ohartgarri Bresciako Marcolini Italianoen aumonier katolikoa; berdin pare-gabe Holandresen aumonier protestanta. Haren tenploa Uniberzitateko barnea. Laket zaitan hari beha egoitea, haren aditzea, be giak tinki hetsiak, azalkatzen zuelarik ebanjelioa. Dal-dal emaiten zuen apostoluen oldarrak. Bertzalde Holandresak noiz-nahi nor-nahirekin auzika hasiak. Gota mintzatu nahi eta ezin gora mintza, jende guti izaitea gatik. Nagusi agertu nahi eta ez gehiago nagusi. Burua xut atxikitzen zioten Angleseri: «Ez otoi eman erakaspenik! Guk, eta Europa guzian guk bakarrik, eman diogu laborariari zuzenaren araberako irabaz-bidea».

        Amerikanoek duten ontasunik haundiena bere-bertasuna. Hik eni ez eman behako; nik hiri ez diat itzuliko. Edozoinek zer egin, puttil, berak dik hautatuko. Europa zaharrean jasan ukaldi gaixtoez goihenduak, ez dute Amerikanoek bertzeen erranaz axola izpirik. «Gizona ugarte», zion Novalis idazleak. Amerikanoa egiazki ugarte. Nahi duia Amerikano eri batek komuniatu? Jausten da ohetik aumoniera hurbiltzearekin, biltzen eskuak, eta nehori behatu gabe, iragaiten oherat. Baziren lehen Amerikanoetan, zer-nahi Kaliforniako airekotiar jauzlari. Eder zaioten erraitea tipitoak zirela, bainan zeinartak. Erabiltzen zuten espainola. Heien bandera Metzikako bandera. Heien besta, Metzikako besta, egin zutenn frantses eta ez angles Uniberzitatean. Haur onak. Adixkide suharrak. Zonbeit irri egin ditugu elgarrekin.

        1944-ean jin zitzaizkun Polones aintzindari-gatik. Gizon gazte pizkorrak. Rusoak ezin jasan. Bi andanetan emaiten dira. Batzu badoatzi merkatuari buruz... (Baten denetarik merkatuan, oren, luma, jateko, dolar eta urre Varzovitarrek jauz-arazi baitzituzten bankoak, Alemanak sartu aintzin... ). Hasten dira zinpi-zanpa deneri makila-ukaldika. Harriturik badoatzi edozoin lasterka bere tokirat. Bigarren andana etzana da Rusoen ate aintzinean. Hurbiltzearekin Rusoak, hixtu, jauzi eta emanahala-jo erranet: «Bertzelakorik egin duzue Katin-en, zirezten bezalako soraioak!».

        Varzovi desegina da 1944-eko urriaren 4-ean. Handik etortzen zaizkigu, soldado gisa ekarriak, ba emazte, ba dotzena bat urteko mutiko. Putiko horiek zer haur politak eta ongi ikasiak! Iduri zaitan zirela Bai gurako hegaletarik jautsiak. Gomitatu gintuen gurekin jaterat. Heienzat jostetak muntatu Uniberzitatean. Emazteak artzen ziren goiz guziez soldado urratsetan. Hori ez zaioten halaxet laket gizoneri. Begote gizon urratsak gizonentzat; gizona egon gizonki, emaztea emazteki! Asko kexatu ziren jakitearekin andere buruzagiak sakatu ziola eskuan musu emaiterat heldu zaion gizon buruzagiari: «Sei urratsetan... eta egin agur... Zu liotenanta, eta ni kolonela!».

 

        «Orduan elgar ezagutu zuten». Hori da erdaratko eleberri baten izena. Orduan elgar ezagutu ginuen, katolikoek, protestantek, ortodokzek, juduek, fededunek eta fede-gabekoek. Ohartu fededunek otoitz ber tsuak egiten ginituela, eta fede-gabekoek badutela bere goiti behatzaa. Erraiten zautan batek: «Zuek, fededunek, baditutzue bestak tole. Guk bihi bat ez diuk. Guk ere nahi gintizkek gureak!». Muntatu zuten besta, uztailaren hamalaua estakuru. Nahi bezala. Uniberzitateak lagundu, ahal bezenbat. Bere ahal osoaren arabera. Adixkide gisa.

        Juduen lagun hoberenak, apezak, eta apezen artean, hala baita, apez euskaldunak. Jiten da manua josteko judueri izar horia papoan. Aise sar gintazken apezak heien zorigaitzean, gerla aintzinean sotana baitzen izar beltz bat bezala Frantzian. Ibiltzen dute izarra egun bat edo biga. Koenig kapitainak jalgitzen diote laster. Frantzian, kapitainak ala kolonelak gobernamenduak erran bidetik ez ditazke baztert. Uste nuen, adituaren bortxaz, itzea bezain xuxen, Frantzian baino xuxenago behar zutela ibili Aleman buruzagiek Alemanian. Ohartzen naiz, ez bainintzan guti harritu, badutela Aleman aintzindariek Frantzian ez duten bere-bertasuna. Behar-bada aspaldi baita Frantzia dena bat dela. Guti denbora pozipozi lotua dela Alemania. Mende bat Alemaniak. Hiru mende Frantziak.

        Cohen pixaketako barrikaren gainean zabilan ixtaklok, Toberako errege zarpail iduri. Jiten zen elizarat, nik emaiten nuelarik meza, zionaz, ene mintzaldiaren aditzeko, adixkideak izaitea gatik. Heldu zen egiazki, mezaren entzuteko. Hatxemaiten du «tifuz-a». Ahantxuño hila agertzen du giristino dela, lagun batek bataiatua, atakada-tenorean, orroit ikasle zelarik Iztanbul-en ezagutu fraile kartsuez. Ez zuen nehori salatua giristino zela, bere odoleko Juduekin egon nahi, heiekin biltzeko laido, eta nork daki, golpe eta heriotze. Cohen egonen da enetzat oharpen. Ez da bere jendetik behexi behar, zorionean, ahal bada; zorigaitzean, nihola.

        Azken egunetan galde egin nion Weil juduen buruzagiari zertan zen Juduen fedea. Hasi zen zerbeit hartu beharrez gain batean, gordetzeko bere ardi-begi gozo, nigarrez bustiak: «Frantziako juduak deus ez dira. Aditzen duzuia, deus ez. Galdua dute fedea. Bainan etorri dira Amerikano judu pilixta bat. Biltzen gira egun guziz elgarrekin, gure otoitzen egiteko».

        Preso direnak ez ditazke preso dauzkatenekin izaiten ahal ados. Uniberzitatea zen ororen bil-tokia. Irakurtzearekin orduko ene mintzaldiak aurkitzen dut orduko ene eta guzien kar samurra. Kasik oro Petain en alde ginen. De Gaulle ez ezagutzen. Kasik oro. Bainan ez oro. Zonbeitek Laval bere jainkoso. Zonbeit Alemanekin adixkidetzearen alde.

        Alemaniako heriotze korralez, luzaz deus ez dugu jakin. 1943-ko apirilean egiten ditugu «Corps et ámes» Van der Meersch-en elaberriaren gainean lau mintzaldi: bat, nola ikusten duen idazleak; bat, nola ikusten duen moralizt edo ongikariak; bat, nola ikusten duen zoziologizt edo bilzarkariak; bat, nola ikusten duen sendotzaleak. Hau Jais mediku juduak. Norapeit joan behar dutela mediku juduek aditurik, bagoatzi Louis Viaud eta ni, Jais medikuari eskerren bihurtzerat. Jais ixilik dago. Osoki bere buruaren jabe, Strasbourg-eko xirurgien bat ari da zirri-marra egin eta egin. Zainak jauzten zaizko paristar mediku bati. «Mintzatu gira gaizki Petain marexalaz... Beharko ditugu gureak eta bertzenak pagatu. Petain-ek ukanen du ondoko Laval. Oro hunek kalituko gaitu. — Ez zaitela kexa, ez da holakorik gertatuko!», bihurtzen dio xirurgienak. Erran badu erran. Bertzeak ihardesten dio, nigarra mintzoan barazuza haizeari bezela nahasia: «Badakizu nik bezain ontsa Amsterdam-eko diamant saltzaileak norapait eramanak izan direla. Nehorek ez baitaki norat».

        Lehen aldia zerbeit beldurgarriz arrabots nuela. Bazena nunbeit ilunbe eta lano leizea?

        1944-eko abendoa. Bi mutiko-nexkatxa itzultzen dira lanetik, eta dantzari gisa sartzen antzokian. Angles bat bazoazkoten gibeletik. Ez du behar den atean joiten. Erortzen da, ez jakinean, Paristar langile baten aintzinerat. Jende xumea, jende garbia. Hasarrean hasarre Paristarrak egiten du korraleko buruzagien itzulia erranez, higuingarri litakela bi mutiko-nexkatxak agert diten, Jakes-ek bere probintziaren ohoretan eman gogo duen bestakari.

        Ekar-arazten dut Jakes, eta erraiten: «Ez ditutzu agert-araziko. — Ez agert-araziko? Zendako ez? — Etorri baitzaizte antzokitik erranez ahalgegarri litakela Frantziarentzat agertaraztea. — Ikusiko dugu! — Ikusiko dugu!». Biak berdin koskak.

        Besta aintzin, parea ari delarik jantza trebatzen, hasten dira lagunak hixtuka. Gelditzen da musika. Airatzen oilanda parea. Jakes-ek ezin jasan. Besta hastean ezartzen du kantu bat minjulinen kontra. Minjulin hori banakien nor zen. Besta erditan jalgitzen naiz. Orok ikusi. Eskandala. Jakes-i afruntu. Ekartzen daut marraski bat Dubout-en moldean egina, bere mintzaldiaren agertzale. Dubout horrek ezartzen ditu, handik beha, hemendik so, alderdi guzietarat emanak zerbeit bixi eta bitxi. Biltzen ditut erakasleak. «Ezar ditakea holako marrazkia, Uniberzitateko atean?». Orok ezetz, Jakesek ekartzen daut bertze bat. Onartzen dut.

        Urtats bezperan Jakes-ek apailatzen du besta bat airosa. Nahi denaren jalgitzea guziak haizu. Ateratzen diot solas aldi bat irrirat itzuliz orduko antzerkia Hiru, Sei, Bederatzi. Uste irriak dituela oro eztitzen, dituelarik oro samintzen.

        Jalgitzearekin, Pariseko abokat korralearen frantses nagusiak salatzen daut: «Jakintzaz hobenduna, jakitate haundiko gizona da. Zuretzat hobe. Ez zaitu igorriko kalitzeko korralerat». Jauzi bat egin nuen. Harek ere jakinki bazela zerbeit itsusi nunbeit.

        Hiru-lau hilabete berantago, soldado bat heldu zait argazki bat eskuan. «Beha-zozu. Ttipittoa da. Haundituz ikus zinezazke Juduak burdin-hesiari buruz lasterka, eta Alemanak gibeletik tiroka. Résistance edo Ihardokitasunari, kario duket salduko, bainan Alemanek hatxemaiten badautate, kario dut pagatuko. Zer behar dut egin, zure arabera? — Hori hihaurek ikus. Hori kutx ala pil. Diru-paradetan ez nuk sartzen». Hirugarren eta azken harramantza, Weil-ek ereman arte, gerla bururatzean, oihal etxola batetarat nun baitaude etzanik bi emazte eta haur bat elur zikin kolore egina. Ezkerreko emazteak jalgitzen daut: «Ama hil dautate. Aspaldi. Orduan naziztek bazituzten gaza azkarrak. Ez du sofritu. Hori ene solegi bakarra». Min egin zautan hitz horrek, xahartua eta eri bainuen Euskal-Herrian nik ere ene ama.

        Alemanek uzten gintuzten nahi ginuenaren aipatzerat Uniberzitatean. Bertze ekeiak bezala haatik pagatzen askatasun ekeia. Eta kario. Ez da Uniberzitateao erakaslerik Frantziarat itzuli Alemanek zioten be zala «laguntzaile» gisa. Bertze taldetarik guti, bainan zonbeitño. Uniberzitatetik bihi bat ez. Hastean deitzen nu Aleman zuzendariak: «Norbeit ari da Uniberzitatean Alemaniaren kontra? — Ez ditake. Ez gira holakoetan sartzen! — Asmatzen dukezun bezala, baditut nere barrandariak. Ixil dadin hobe, ba zuretzat, ba enetzat!». Micolon, Lyoneko apez jakintsuna zen mintzo Nabukodonozor erregeaz. Liburu sainduak ikertzearekin, ageri Nabukodonozor Hitler zaukala, irriz ustelduak zauden entzuleak.

        Bagintuen, bixtan da, guziek gure itzalak. Dena den, ez dira nihun agertu Frantsesak hain Frantses, Anglesak hain Angles, Holandresak hain Holandres... hala nola Alemanian. Nortasunetik buluziak nihun ez dira izan hain kasko gogor, hala bere herriaren nortasunari atxikiak.

        Frantsesek ibili ditugu urrats hunkigarriak Frantziaren ospatzeko gure eta bertzen aintzinean, zaintzale Alemanen begietan, Lamothe guhaurek hautatu aintzindaria, denetan aintzindari. Egin ditugu otoitz suharrak Frantziarentzat guhaurek hautatu Aita Benoux aumonietarik lehena, orotan lehen... Aldi bat Frantziaren itxura bere hiri sainduekin errautsean lorez zirri-marratua... Egin ditugu eskeak Frantziarat itzuli gure lagun behardunen onetan. Duller eta Griset orroit-gailu egile, altxatu harri bat hauta hil-herrietan gure hilen zaintzeko bere lantzarekin. Zolan eman ginion ahur bat lur Frantziatik ardietsia. Gauza horien aipatzeko behar litake liburu bat edo kantu bat. Liburu bat oso-osoa, kantu bat ezin atertua.

        Gerla bururatzerat zoan. Gu samintzen eta sumintzen ari. Bortz urte presondegi sobera. Jatekoak tturrintzen hasiak. Bideak jauziak. Ez heldu paketak. Zioten Frantsesentzat: «Ezar-azu batto buruz-gorririk barraka barnean. Iluna gabe jalgiko zaitzu apaindu porrokatua, paketa bat eskuan». Eta oraino, Aleman kapitainak: «Ekar-araz holako apeza. Frantziarat itzuli behar du sendo-laguntzaile gisa. — Bainan kapitaina, aspaldian itzulia da! — Itzulia, zer gisa? — Zazpi haurren aita familiako gisa...».

        Horiek hola, hazten gintuen hamazazpi gazte, ihes egiteko edo ihesa eginik gure artean gorderik zaudenak.

        1944-a. Mintzo naiz Bretainiako errient gazte batekin. Izigarri goxoa. Artzen ginen har-emanaa, jostetan. Ateratzen diot:

        — Asea nuk hemengo tarranteriaz. Ihesari emaiteko aiher nindukek.

        — Nahi duzuia egiazki? Eritegiko paper guziak nik egiten ditut. Eginen ditut zureak. Ohean etzanik lo-kuluxka zonbeit egin-eta Parisen zira.

        — Ez dakiat to! Apezak behar duia bere lagunetarik behexi?.

        Bi hiru aste eta jiten zait begitartea piltzar:

        — Orai zuretako berantegi da. Sartzen naiz nihaur, laster.

        Bederen ez nuen gosearen aldetik zer arrangura. Sei ginen jateko multzoan: bi Kanadiano, Lortie eta Poudrier; Paristar bat, Bry; hiru Euskaldun, Darricau Bardos-eko misionest-gaia, Curutchet Ordiarpeko jandarma eta ni Heletarra. Bertzeek jatekoa antola, nik baxerak garbi. Ez zen gorago altxatzen ene sukaldeko ezagutza. Gure bi lagun ogi-ketakoetarik ziten. Alemanek zioten: «Frantsesak bertzeak iduri pika bezain ohoinak. Bainan bederen, pika bezala ohoin pollitak». Ogi kondatzale hoberena, kondatzean ongi makurtzen dakiena. Haatik Aleman soldadoeri ukaiteko beharria gogor, ezarri behar sakela zigarretaz konkor. Holako hautsi-mautsiak ez dira aipatzen, dira egiten. Ogiari esker, ez ginuen deuseren eskasik. Mintzo bazen gure artean nor edo not arruntki, eta ni ere hartarat lerratzen, Poudrier gaizoak gaizkitzen ninduen: «Recteur, je n'aime pas que vous fassiez votre vulgaire». Jende xehea ez da jende ttipia. Bere burua ttipitzen duenak ez du behin-ere jende xeheari kausituko. Hori balakite oraiko fartzuntziek!

        Ageri nazizmo zezenak azken untar ostikoak zituela. Guk uste baino gehiago denbora emanen du ezin emanez azken hatsa. Banuen etendura, indar egin-eta, puskak garbitzerat emaiterakoan bildua, sobera mehea izaitea gatik. Behar nuela sendoturik etxerat sartu, banoa eritegirat. Operatzen nu frantses medikuak. Ez zen airen jalgi-arazteko zizta bat baizik. «Recteur-arentzat» behar zela, emaiten dautate. Andeatua zen. Pozoindatua naiz. Ariko lau-bortz oren ezin leher eginez. Gauza guziak ikusten ditut gorri, begiak odolez hantuak. «Koraje» erraiten daut ondoan dutan Rusoak esku-muturrak erakutsiz bilduak. 1944-eko ekainaren 6-a. Lagunen armadak harrapaka lotu dira Normandiako harrokeri. Aratsaldean heldu zait aumoniera, ahotaraka berri, postan gordeka bilduak. Eta nik ezin jasan. Eta ni goihendua. Eta nik ez gehiago deusetaz axolarik. Zonbeit bihotz altxatze egiten ditut Jaungoikoari. Guti. Aintzinetik behar da egin otoitz, tenorean ez baititake. Hainbertze adixkide ukanki, eta behar dut zakur bat bezala hil bakarrik... Nigarra heldu zait pur-pur-pur begietarat. Jiten zait sendotzalea ikertzen: «Bihar ikusiko dugu». Bihar gabe pozoina kanporatua da. Sendo naiz.

        Petain Marexala eremana da preso Alemaniarat Agorrilaren 20-ean. Uniberzitatean baginuen haren itxura, Uniberzitatea baitzen ere Petain taldearen eta bertze elgarkoen bil-tokia.

        Gure egun tzarrak bururatzerat badoatzi. Huna nun burdin-harien gibeletik, burdin-harien ondo-ondotik, iragaiterat doan hainbertze aldiz amestu dugun azken egunaren goiz-argia. Agertzen dira orduan edo Pétain-en alde edo de Gaullen alde edo Giraud-en alde direnak. Denak bizkitartean Frantzia beren herriaren alde. Bazterrak kexu. Nehor ez gostuan. Nehor ez fleitean.

        Iluntzean, oro jaten ari direlarik, ken-arazten dut Pétain-en itxuta. Holakoetan ez da bere xedea nehori salatu behar. Hedatzen da hala-ere berria. Asko kontra ditut. Biharamunean iragaiten naiz alkirat: «Orai arte Pétain Marexala Frantziaren buruzagia zen. Izan gaiten baten alde ala kontra, haren tokia zen Frantsesen barne nagusian. Orai Pétain marexala ez da gehiago Frantziaren buruzagi. Izan gaiten haren kontra ala haren alde, haren tokia ez da gehiago Frantsesen barne nagusian... Segitzen dut ene undar asteko mintzaldia». Zonbeit alborota. Gostuan naiz. J.O.C.-ko mutiko batek ezarriak dauzkit bere lagunak, lehen lerroan besoak bildurik eni so. Holako murruak emaiten du beldur gabe osoa. Asko barnetan atxikiko dituzte Marexalaren itxurak Rusoak etorri arte.

        Ebiakoitz guziz egiten ginuen berriketa mintzatua, politikaz, gerlaz, ekonomiaz. 1945-eko apirilaren 15-ean emaiten dugu 81-garren eta azken berriketa (1940-ean agertua zen Chanteclair berriketaria bizpahiru aldiz). Eskertzen ditut kanpotiarrak, heien kantu, dantza, izan baitira edergailu. Eskertzen Frantsesak, bildurik egon direlakotz Uniberzitatearen inguruan. Urte bat lehenago 1944-eko martxoaren 14-ean lehiatuak ginen Frantsesen biltzerat Jeanne d'Arc-en inguruan.

        Ez zitaken gehiago korraletik jalgi. «Mosquito» aireko ttipiak, miruak iduri, bazter guzietarik heldu, xitoak nun ikus, beha. Gizon ala kabala, kanporat orduko, aurtikiak. Amerikano multzo bat banoa jateko-keta. Gazteak. Ez egiten Alemaniako lurrean, gainekoarentzat oro Alemanak direla. Berrogoi urrats egin orduko bospasei garbituak dira, bertzeek lasterka gibelerat egiten. Alemanak badoatzi. Haizu gira Frantziarat abiatzea. Bada irrisku. Behar-bada irriskua jalgi ditake, kurutze gorria aintzinean emanez. Bainan Rusoak ez direa Amerikanoak bezala gure adixkide? Egoiten gira higitu gabe. Ruso batek dio kolonela dela. Jartzen da butuzagi. Frantsesen artean berdin aintzindariek hartzen dituzte giderrak. Mail goreneko zaharrena, hura nagusi, armadetako legearen arabera. Ez da gehiago Uniberzitate, antzoki, astekari ala bertze... Iluntzean aintzindari batek hel-araziko dauzkigu berriak, paper batean labur-laburra emanak.

        Berdin-hariak moztuak dira. Lagunekin banoa aintzineko pentzerat. Belar ferdearen gainean jartzen, etzaten, ihalozka emaiten, behor enoatu luzaz tegian atxikia bezala. Gizonaren larrua belar jurgoaren musuaz gose. Biziak bizia hunki nahi. Bizia biziarekin egoiteko egina. Elgarrekin ados. Elgarren lagun. Dohakabe gizona, bizi delarik etxola taulaz eginean, legar horail lur-eremu inguruan. Dohakabe, bizi delarik desgizondu gizonak altxatu oraiko hirietan, lurra ikus ahala urrun mundruna ibai beltzaran, desgizondu hiria, gizonaren desgizontzale.

        1945-eko Apirilaren 23-an lau Rusiako zaldun sartzen dira, trosttrost-trost, korralearen ate idekitik, doi bat uzkur ikustearekin hoinbertze gizon, holako esku zartaka, halako zorionean.

        Goizeko 9-ak. Haizea mehe. Gorri eta hori lanoen marrak zeru xuhailean.

        Heldu dira Rusoak. Bide, bidexka, xendra guzietarik. Xinaurriak haitzpean bezain usu. Ulitxak udako zapan bezain lodi. Gehienak oinez. Batzu zaldiz. Edo karrosan. Edo pirripitan. Ibiltzen ez jakinki, badira pirripita hautsiak, bihurgune guzietan. Orduko zibilizazioneak hiru ozka. Rusoek ez jakin pirripitan ibiltzen; pirripitarik ez. Guk jakin ibiltzen; pirripitak ba. Kanadianoek ez jakin ibiltzen; pirripitarik ez, beribilak ukaitea gatik.

        Emozu gizonari mitralleta eta utz, egin dezala nahi duena. Ez dugu Rusiako armada ikusi, bainan haren aintzinean zabiltzan soldado ez ziren soldadoak. Ez dute zonbeit gizamendez hori ahantziko Alemanek. Are gutiago Rusoek. Gerla balute Rusoek Xinarekin, Rusia izan dena Alemaniari izan litake Xina Rusiari. Rusia litake soldado ez diren soldadoez inguratua. Ez balin badu bederen Rusiak bonba atomika baliatzen. Bainan oraikotik Xinak bonba atomika eskuetan ba, joari itzultzeko joa, besagainka. Tankak eta airekoak erreberritu dute aspaldiko gerla moldea. Bonba atomikak eta mitralletak asmatu bertze bi gerla berri molde.

        Guretzat Rusoak ez dira izan gaixtoak. Ebatsi zonbeit orenkari, zonbeit oineko. Ez ainitz. Ebatsi zonbeit eraztun. Guti. Nabak zion, nunbeit, batek kentzeko eraztuna, kendu ziotela erhia. Baditake. Mozkor zonbeitek behor-bada. Guretako gozoak ziren. Erakuts oilo bat. Erran: Harroxo... Ona... Eta zirr bota mitralletarekin: «To, hirea duk».

        Jendekinak Rusoak. Ruso aintzindariek gomitatzen zituzten Frantses aintzindariak bazkariterat. Gomitatu zituzten Lamothe buruzagia eta Renoux aumoniera, hau kitzikatzen zutelarik goxoki, ez baitzakien jantzan eta ikasterat ez ekarria izanki. Bixtan da «vodka» mama-bixioa bazela iturri.

        Esker onezko meza eman ginuen kanpoan, Angles aumoniera meza emaile, Anglesak eta Rusoak elgargoan izaitea gatik. Eta Rusoek utzi emaiterat, hitzik jalgi gabe. Soldadoak beha, ez ageri zer zaukaten kasko gibelean arrangura eta kezka.

        Elgargoan ziren Rusoak eta Anglesak. Ni nago Rusoak ez zirenez hala-ere gehiago Frantsesen alde ekarriak. Frantsesekin ziren gehienik solastatzen.

        Euskal-Herrian lanak sor-arazten lurretik uzta. Holandan lanak sorarazi uzta gisa lurra. Haundi-haundian Olandresak Alemanekin, Frantsesekin. Berdin Anglesekin.

        «Untziko arrainak eri badira, ez arta arrainak, ordaint ura». Zorigaitza ari zitzaikun gure artean sartzen, zikindua baitzen gure igerikako ur-xortila.

        Maiatzaren lehena. Rusoek erakusterat emaiten dute lorestatu behar litazkela barrakak. Frantsesek lorestatzen. Frantsesek bakarrik. Bertzeak guri beha, begitartea dena irri xirtxil. Begitartea sarrobi. Hasarrean hasarre heldu zaiku Richard kanadiano lotinanta gure adixkidea: «Zer debru mila sorgin zirezte, zuek Frantsesak? Holakorik ez die Italianoek ere egin! Dena miu-miu ele-mele, uli mediku eta kukuso xik?tatzaile...». Hitz horiek barrika bolborari su emaiten diote. Aintzindari batek motz-arazten du bide batetik bertzerat luzatu oihala: «Herri guzietako behardunak elgarretara zaitezte». Oihala alde batetik dilingan dago iduri nigarrez. Angles batek erakusten daut, mintzoa errexiñoletaren kantua bezain mehe: «Elgarretara zaitezte! Elgarretara!».

        Gure zokoa ari zen ihiztoka ustel bilakatzen. Bortz egun Rusoen itsasoaz inguraturik gaudela. Apirilaren 28-a. Aratsaldea Amerikako burdinaztatu beribil batek ekartzen dauku amerikano armadaren agurra. Ez du egin sar-jalgia baizik. Amerikanoen arrangura, hea girenez gaizki ibiliak. Guk ezetz. Frantses batek dio lepoa luzatuz: «Ez badituzte uzten jalgitzerat, etorriko gira tankekin eta ateratuko!...» Indoilar ooo-ko garrasia! Baginakien ez zirela mundu huntako jaunak, gure gainetik hasarretuko. Guti ginela heien ezpain haundien aintzinean.

        Rusoek zioten: «Ariko gira har-emanka. Eman zuek Alemaniako presoner rusoak guri, guk Alemaniako frantses, angles, amerikano presonerrak eman zueri». Amerikanoek erreferatzen: «Uzten ditugu prese ner rusoak zueri buruz jo dezaten. Utz-kitzue gureak guri buruz lehia diten». Rusoen sabeleko mina hau zitaken: atxik, ez gu, zaharrak eta Frantsesak, bainan airekotiar gazte anglesak eta amerikanoak. Eta, futxo! Anglesak eta Amerikanoak gazte horien beha, Japoniari azken lepo gibeleko kaskaren emaiteko, hots bonba atomikak gero sakatuko dion ukaldiaren sakatzeko.

        Amor emaiten du Rusiak. Manua ukana zuten Polonesek Poloniari buruz abiatzeko. Gehienak urrunduak ziren, Aita Robert, aumonier frantsesa berekilan. 1945-eko maiatzaren 15-a, badoatzi Angles-Amerikano Gaulixtak. Anglesek badituzte Frantses adixkideak. Ezarriak dituzte beren artean, berak bezala beztiturik. Axudanta iragan da arrano-begiak kopeta zimurtuan. Keinu bat. Angles ez dena kanporat. Eta denak ixil. 1945-eko maiatzaren 20-a. Italianoak, Jugozlabiatarrak daude tokian. Frantses ezkertiar gazte zonbeit pirripitetan joanak dira zalukara Berlinerat, Frantziarat itzultzeko Rusian gaindi Odeza portutik. Gaztearentzat guti eskuetan duen xori ttipittoa. Gaztearentzat ainitz eskuan ez duen aireko xori hegal zabala. Zaharrak ezin eman gazteari bere zuhurtzia. Gazteak ezin eman zaharrari bere ausartzia. Hatxemanen ditut gazte horietarik zonbait hilabeteren buruan, Bordelen, joan-etorri bat egitearekin Pariserat, presoneren minixterioari Uniberzitatearen lanaz kondu emaiteko. Hezur eta larru, eta mehe bezain ilun. Arto-xehez izan dira haziak. Kendu diozkate oinekoak, ez zutela beharrik erranez. Taulaxka batzu dituzte zango-zolan, zango-gainari lau sokaz estekatuak. Gure artean gordetzen ginuen Normandie-Niemen airetako rnutiko batek zer-nahi balentria baitziozkaten Rusiaz eginak. Komunixtek Frantziarat sartzearekin jalgi diote hanbat gaixtoago izanen zaiotela ez badira ixilik egoiten. Duda-muda bat, eta mintzo dira. Neke egiaren zilatzea. Neke egiaren gordetzea. Jakitea biziak galdatzen. Aipatzea, bihotzak manatzen.

        Goizean goiz. Izarrak lanoez erdi janak. Jo du kleronak. Bi orenetan gira jeikitzen, lau orenetan jalgitzen. Ez dugu gibelerat behatzeko gutiziarik. Ez gira Lot-en emaztea bezela, gatzezko pilar bilakatuko. Gurekin badira ez bakarrik polones nexkatxa zonbeit, Frantses soldadoen ezkongeiak, bainan polones gizonak. Adixkide batek egin daut karroxka bat, bi pirripita errotaren puntan, uztartzeko hodi pozi bat erroten inguruan emana. Hiru lagunek ezarriak ditugu gure puxkak gainean. Bakotxak bere aldian egiten astoa. Jenderik ez da ageri. Oro beldur. «Zuzentasuna jalgitzen da irabazleen lerrotik», derauku Simone Weil idazleak. Egia dorpea. Orotako egia. Orotan, bere eretzean irabazlea garbi. Ba, oilategiko haga garbia bezain garbi! Gerlaren semea gerla.

        Heltzen gira Leipzig-erat. Urrunetik etxeak xutik. Hurbildu-eta, etxeak hutsak. Suak jana barnea. Haurrean, amak xurgarazten zautan arroltze bat hautatua eta hauta. Etxeak, adarailuzko kusku gorailak, barneko bizitegiak, suaren mihi basaz xurgatuak.

        Iragaiten gira airekotegitik. Eskuin ezker, aireko ttipi eta haundi jauz-araziak. Alemanek egin dute, Amerikanoeri ezin kantitatean irabaz, behar dutela irabazi kalitatean. Ez dute jalgi aireko zaharrik, eta hola buluzi dute zerua. Amerikanoek lehertu ezantza lantegiak. Ukan dituztelarik aireko berriak, ez dute Alemanek ezantzarik. Erori da besoen gainerat Aleman zezena, eta toreadorraren puñala sartu zaio bihotzean barna.

        Orai euri, sarri iguzki, «axeriaren ezteiak», diogun bezala, bainan guretzat beldurrezko eta zorionezko orenak. Maiatzaren 24-a: heldu zaizkigu bila amerikano kamionak. Doi bat zoriontsu iragaiten gira. Torgau da alderdi amerikanoaren eta alderdi rusoaren muga. Muga iragaitearekin Rusoek egiten daukute agur, musikari andana bat ari gure oboretan. Guk ere agur. Bainan ez «ikus arte». Ahanzten dut gaitzeko zintzurreko minak tinkatzen dautala lepoa. Hitzik ez dezaketala jalgi hainbertzetaraino erkastua.

        Wiston Churchill-en xedea zen Alemaniaren atakatzea Italia lepotik, Otrixia zolatik lehertuz ukumilo-ukaldi batez, «Europaren pantzoila malaska». Hola aintzin zitaken Rusoeri Berlinerat. Baditake. Ez omen zitaken aintzina Frantziatik abiatuz... Baditake... Bainan biziki barnago aintzina zitakela, dudarik ez.

        Auzapezak bazoatzin otoizka Amerikanoeri: «Zatozte laster, laster... Rusoak etorri aintzin». Radiotik aditzen ginuen: «Ez ditazke ibil burdin-karroek, jendea, ihes, harat-hunat baitabila, metaka». Alegia-eta karroek jenderiaz, ardi burxoratuaz baino gehiago axola ukanki! Etxetiar batek galde egin zion aitatxiri:

        — Errazu, nagusia. Irisarritik telefona edo holako zerbeit ezarri-eta, mintzatzen ahalko dela Pariserat... Hori baditakea?

        — Ba, eta aise: bar-zak zakur bat aski luzea. Hemendik tiratzen diok buztana. Han eginen dik hau-hau». Aitatxi eta etxetiarra ari ziren zirtoka. Bertzelako zozokeriak irets-arazten dauzkigute berriketariek bere alegia-eta jakinean.

        Gerla urte, gezur urte. Gerla eta gezurra eskuz-esku ibilki.

        Apirilaren hogoi-ta-bortzean, Patton amerikanoak, eta Koniev rusoak kosk egina zuten Torgau hirian. Patton Amerika zelaietako potoka, dena oldar eta pindar, sartzen da Torgau-en, auzapeza izanik otoizten. Bainan jiten zaio gainetik manua, Yalta-ko ondorioz behar duela arre egin, eta Torgau utzi Rusoeri. Ez zukeen aise onartu. Bainan onartu beharko.

        Alemanek ez zuten Amerikanoentzat, Rusoentzat zaukaten izialdura. Jendea kanpoan zabilan, burua apal, bainan zabilan. Nahiz Rusoek jalgitzen zaukutelarik:

        — Ez zintazketea jin gurekin, Ziberiarat?

        Ihardosten ginioten jauzixka bat ezin gordea:

        — Ez ez, ez zaikigu halaxet gustatzen.

        — Eta zendako ez?

        — Hotz baita Ziberian, eta gu toki beroetako ume.

        Ziberia, Rusoentzat ametsgarri. Guretzat beldurgarri. Amerika, Ziberiarik ez duen tokia.

        Treina. Hemen etxe bat harri multxo egina, han lantegi bat lehertua. Rhin ibaia. Hura beti berdin, ezti, legun, suge luze, lerratzen baita baztertuz hiriak eta mendixkak, xirula zerbeit kokatua aho-bazterrean. Hogoi urte nintuelarik, hala miretsi zubietarik zonbeit burdin-peza kakolatuak eta baztertuak. Burdin-bide berri bat emana hain mehe, nun baigira lehertuko denez beldur.

        Sarreguemines. Maiatzaren 29-a. Egoiten gira egun bat osoa paperren betetzeko. Biharamunean, Revigny herrixkan, medikuak han dira gure beha. Ez dute gurekin denbora haundirik xahutuko.

        — Baduka zerbeit arrangura?

        — Ez!

        — Bezti hadi! Bertzea!

        Irri edo nigar egi.ngarriena, aho medikua. Xut dago bidearen erdian. Eskuin eta ezker bi mutil. Horiek oihu-patarraka:

        — Idek ahoa, idek!

        Heldu gira lerroan, ahoa zapartatzeko heinean idekia. Medikuak badu axudantaren aiuta eta tiuta.

        — Laster, laster! Ongi. Ongi.

        Haizu gira ostaturat edo urkatzerat.

        Ohartzen gira soberakin girela. Soberakin dela gure egiazko izena. Familiatik kanpo, nehork gure gutiziarik ez duela. Gure tokiak hartuak dira. Gure herria zen Alemania. Gure hiria Stalag IV B. Zendako itzul gure hiritik, gure herritik. Hori ez da xuxena. Eugéne Ionesko-ren deskirolako destaulariek hartzen balute hezur eta haragi, eta gizon bilakatzen, zer gauza ezin onesgarria! Mamuxka batzu ginen Frantsesentzat eginak. Gauzak ez dira nahasteko eginak: begote biziak biziekin eta hilak hilekin.

        Biarnoko kondairaren arabera, etorri zen behin batez Urdos-erat, gizon bat, ez nola-nahikoa, baitzuen omen hilen pizteko ahala. Harriturik guziak badoatzi ikusteko hil-herrirat:

        — Hemen ehortzi emaztea xutituko da!

        — Utz-azu den tokian. Berriz ezkondua naiz! salatzen dio ezpainak makurtuz senarrak.

        — Hemengo ziloan eman gizona jalgiko da!

        — Ez balinba! Mozkor-eta, zanpatzen ninduen, dio ahapetik emazteak...

        — Sinesten duzue badutala nor-nahiren pitz-arazteko indarra?

        — Ba, sinesten dugu. Hara bi hogoi liberako urre. Eta zoazi Oloronerat, halako jende tzarrik ez baita lurraren gainean! ».

        Gutaz jendeak axolarik ez. Andereak bere oineko takoin zurezkoekin ttaka-ttaka ibilki, bere indiano begitarte gorri eta urdina haizearentzat. Ez guretzat. Gizonek maska begitartean badutela iduri, ez irrizko maska Japonesek derabilaten bezala, bainan potro-maska; ez ihauteriako, bainan garizumako maska. Ezin onartuz holako ezazolkeria, ainitz presoner ohiek nahiagoko zituzketen lekuak hustu, jo egiteko Kanadarat, Alemanian ezagutu lagun bati buruz. Bortxatua izanen da Frantziako gobernamendua baimenen errefusatzerat, jendean zilorik ez egiteko presoner ohien urruntzeak.

        Petan Curutchet mintzo da jandarmekin. Horiek ez gordetzen burutik joanak direla. Hau presondegian sartu behar, hura barrandatu, hura galdekatu. Denetan hisia heldu, otea mendian bezain lodi.

        Compiégne. Lehen komunioneko nexkatxak badoatzi gutarik ez urrun, zaia xuri, mantalin xuria gibelerat emana, arrosa xuriak biloen inguruan. Oro ixiltzen gira, hunkiak, joak. Hain gira arruntki bizi izan, gizonak gizonekin bortz urtez. «Urtxo xuria, errazu norat joaiten ziren zu?». Zonbeit elur-luma erori direla zerutik lurraren gainerat, zaiku iduri.

        Parise. Jausten dira Paristarrak eta Bretoinak. Bortz urteko lokarriak hasi dira deslotzen. Ez dira behin-ere hautsiko, baitira bihotzeko piruekin ehainduak.

        Mihia ez dugu sakelan. Mintzo gira ikusten dugun nahaskeriaz. Gure bertzaldeko barnean, aintzindari gazte bat. Heldu zaikigu:

        — Norat zoazte?

        — Euskaldunak gira; goazi Euskal-Herrirat.

        — Hain xuxen banoa Miarritzerat.

        Ba eta ez, ar eta ar. Bada gizonen arteko kidekotasuna eta gaztearen baitan gixakotasuna. Jalgitzen dauku:

        — Frantzian zirezte, askatasunaren lurrean. Bainan ateratzen baduzue: ken de Gaulle, zalu mila debruk aurtikiko zituzte leihotik. Zuihaurek ikus! ».

        Landesetako pinoak ari zaizkigu agurka: «Ez lotsa. Ez duzue urrun Euskal-Herria». Hara katedralaren bi harrizko zurxuri dorreak, landatuak erraiteko zeruko lanoeri: «Hemen Vasconia, hemen Euskadi!». Aspaldiko ahopaldiak derasa: bizia itzuli bihurri makurrago, eta zurxuri lerdena maiteago. Ez du bere gorrailetik deus galdu Aturri ibaiak. Berdin multzokatuak daude gerlako murruaren sokaz aspaldi tinkatu etxeak.

        Orentto bat egoiten gira geldi-toki aintzineko ostatuan. Badira jende zerbitzu eginak. Eremaiten gaitu andere batek, bizpahiru, Luhuson gaindi. Iduri zait aspaldiko argazki zahar batzuen artetik eremaiten gai tuela. Mila aldiz ikusi argazki higatuen artetik. Gogoa betea dut oraino Alemanian bortz urtez ikusi gauzez. Hustu behar. Alemaniaren itxura ene baitan ari desegiten. Euskal-Herriaren begitartea ene baitan ari egiten. Alemaniaren eta Euskal-Herriaren izaiteak, ez izaiteaz berdin joak. Biek Platonen haree-ziloko itzal ez deusak iduri.

        Baigura lehoinak, begi bat ideki duke, jalgi mihia. Eta berriz eman lo, ausikia balu bezala «tze-tze» loaren uliak.

        Arreba gaztena Marokan dut. Aita-ama, arreba gehien, iloba, ahide adixkiden aurkitzea, bizia pizten duen, odola berotzen duen, atsegin pare-gabea. Hek ene beba daude. Ene beba, etxe zaharra. Beha, alegiarik gabe. Beha egiazki.

        Ama ttipitia dut. Operazionearen ondotik odola iragan zaio bururat. Bainan haren begiak ene gainean dira. Ezin altxatuak, ezin baztertuak, ezin behexiak.

        Biharamunean, agurkatzerat heldu zait Uztaritzeko buruzagia, Greciet kalonjea, Lafitte apeza, eta etxe-gizona Uhart apeza. Atsalaskaria.

        Gerlako zaurien gainetik gerla aintzina eta gerla ondoa hasiak dira elgarri lotzen. Bi-hiru asteren buruan eginen dugu Stalag IV-eko lagunek, ene ahide eta familiakoekin, bazkari bat goxoa dena irri, zirto eta kantu, ez Biarritze-Manutean, bainan Heleta Garran... Aufa mutilak, xutiBihar jeikiko duk iguzkia goizik!

        Gerlak finkatu dauzkit Heletan katiximan ikasiak. Sineste bera, ez hitzez, bainan gertakariez, xixela batez bezala, barnatu.

        Urriki izan behar dela gosea jasaiten duen jendeaz, ala Frantzian, ala Alemanian, ala Afrikan, ala Azian. Goseak desegiten duela gizona. Gizonetik egiten hatsdun itzal bat.

        Ez dela behar baliatu bertzeaz, xurgatu haren izerdia, ez balitz bezala gizona, bainan indartsu laneko besoa. Eta hori nun-nahikoa izan dadin langilea. Izan dadin xuria ala beltza.

        Bi bekatu horiek haundi. Bada bat haundiagoa. Gizonaren akulatzea hil dezan gizona. Hisiaren kitzikatzea. Ezin barka jauz-araztea, Jaungoikoak erraiten daukularik behar dugula barnatu harek guri bar katu bezala. Gizona bilaka ditake joiteko tresna. Gizona egin ukumilo. «Eskuak emaiten dio gizonari gogoeta», zion Hesiode Greziakoak. Bainan itzul ditake ahopaldia «Eskuak kentzen dio gizonari gogoeta». «Emaileari emok, egileari egiok» zion beihalako Euskaldunak eta gu askotan beihalako Euskaldunerat bihurtzen. Eta oraino: «Lehen aldian barka, bigarren aldian marka, hirugarren aldian urka!». Atsegin ez baigira hirugarrenetik hasten, ez baitugu orduan markatzerik, are gutiago barkatzerik. «Barka!» hitz hori jalgi zuen ene aitak, oihanetik etxerakoan, erdi hila erori zelarik, bihotza hunkia. Nahi nuke hil, hitz bera ezpainetan.

        Gizon onak eta gizon gaixtoak badira toki guzietan, Onak ba Alemanetan. Soldado aleman batek hatxemaiten du polones presoner bat berotzeko etzana etxeko-anderearekin ohean. Salatu gogo du polizari. Holako zerarentzat baluke Polonesak lepotik soka. Axudantak bihurtzer dio soldadoari: «Hi bezala soldado bat duk. Sala-zak eni. Ezarriko diat preso (behar-bada emanen bi panpako). Soldadoen auziak xuritu behar dik soldadoen artean».

        Onak ba Frantsesetan. Ene ustez Landibartarra zen. Erraiten daut: «Ihes egina nuen Frantzia-iparretik. Baionarat heldua. Ezagun ostatu batetarat noa. Aipatzen nere gertakaria. Era batek itzuli Alemanek ene ordain hartuko dutela ene emaztea. Haurrak ttipiak dituk. Aita baino beharrago ama. Joan naiz, preso altxa nezaten, Alemaneri erraiterat». Entzuna gezurra zen, bainan ez zen gezurtia aitaren bihotza. Haundi mendia. Haundiago gizona.

        Gaixtoak ba Alemanetan. Hastean, gu gose. Badituzte zanpaldi ederrak bildurik asko Frantsesek, betarraba pozi bat ebatsi zutelakotz. Gaixtoak ba Frantsesetan. Osoki ados Euskaldun mutiko bat eta Ale man nexkatxa bat. Aita Alemanak paperrak egin diozkate bi ahizpa balire bezala. Frantziarat sartzeko treina hartua dute, bi saguño iduri, irriz eta farraz iguzkiari. Heldu da polizier gatua. Mutikoari hartzen dio biloa eta hau aztaparrarekin heldu. Lagun batek jelosiaz saldua laguna

        Ez da jenderik, ez da leinurik edo elurra bezain xuri, edo ikatza bezain beltz; edo argia bezain argi, edo iluna bezain ilun. Denetan alha da grazia, denetan alha bekatua. Gizonak badaki biranazka kondatzen: hau elurra, hau ikatza; hau argia, hau iluna. Jaungoikoak ez daki banazka baizik kondatzen: hau izar-piruz eta leize-piruz ehaina; hau ene maitasunetatik jalgi haurra; beti ene maitasunaren beharretan egonki den haur aise behaztopatua. Manikeizmoak behexten ditu jendeak bi lerrotan: hemen onak, han gaixtoak; hemen gordinak, han ustelak. Ohartu gabe lerratzen gira manikeizmorat. Bertzea gaixto ekartzen dugu, gure gaixtakeriaren ahanzteko: «Ez gira bertzeak baino hobeak», aitortzen du Euskaldunak.

        Ez nuen katiximarat joaiterik, katiximak erakutsi, gerlak barnatu erakaspenaren ikasteko. Aski nuen beharri emaitea, gazteek herri batetarat heltzearekin eman jendetasunezko kantuari. Garbitzen du bihotza razizmotik, aiherkundetik, erdeinutik, bertzeen apaltze eta zapaltzetik...

 

                Agur Jaunak, jaunak agur,

                Agur t'erdi...

                Jaungoikoak eginak gire,

                Zuek eta bai gu ere.

                Agur jaunak, Jaunak agur!       

                Hemen gire.

 

 

© Etienne Salaberri

 

 

"Etienne Salaberri" orrialde nagusia


www.susa-literatura.eus