HOGOIGARREN MENDEKO XORI

 

        Bera ohartu gabe, hazten du haurraren gorputza esneak; bera ohartu gabe, hazten ditu haurraren gogo-bihotzak kantuak, eta kantuari esker, herriak.

        Haurraren gaztenazko ohakoa tunkulatzean, amaren mintzoa egiten da urxoaren kurrunka bezain amultsu. Beti bospasei hitz errepikatzen ditu, den gutienik ase gabe.

 

                Buba, ñiñaño,

                Haurra dugu ñimiño,

                Nimiño eta gaixtoño

                              Eta bubaño!

                Haurra dugu ñimiño

                Nimiño eta gaixtoño.

 

        Haurra abiatu dea xutik, sagua bezala zoko-moko guzietan gordea eta norat-nahi ihes joana, irriskua ez baitu oraino ezagutzen, aitak hartzen du belaunaren gainean ixtaklok, eta ba zangoa, ba mintzoa berdin jauzika, hastean eztiki, urratsean, gero azkarki trostan, gero bortizki labrokan.

 

                Arri arri mandoko

                Bihar Iruñerako

                Handik zer ekarriko

                Zapet eta gerriko

                Horiek norendako

                Gure haurrarendako.

 

        Herriak egiten du gizona. Gizonak begiratuko du betikotz bere izaitean, sor-tokiaren eta sort-urtearen hatza. Sor-tokiaren eta sort-urtearen leihotik sartzen da hetria gizonaren izaite barnerat. Sor-tokitik eta sort-urtetik ezagutzen gizona. Bainan gizona ez da herritik jalgi mokor bat zoziologiztek, marxiztek eta naziztek uste duten bezala. Badu gizonak bere eite berezia. Moztua du gizonak zilko hertzea. Herritik dago behexia. Osoki mikoina hautatzen du herriak eskaini jatekoan laket zaion poxia. Ari da pitzi-pitzi, hau har eta huta utzi. Herriak moldatua gizona, bainan ere gizonak moldatua herria. Gizona herriaren aita. Gizona bere aita. Doi bat fantesiarekin ba nexkatoak, ba mutikoak oihu egiten dute:

 

                Ama begira zazu leihotik plazara.

                Ni bezalakorikan plazan ba ote da?

                Plazan ba ote da, plazan ba ote da?

                Lai lai lai lai tra la ra la ra lai (berriz)

 

        Ez nintzan oraino adin hortarat heldua, bainan adin hori heldu zitzaitan, hala nola, noizik behinka, Baigura gibeletik haizeak ekarri urruneko itsasoaren zurruntza. Eta ni, ikusten ez nuen itsasoaren, jina ez zitzaitan adinaren beha. Zoin hurri ez zitzaizkitan orduko egunak! Eurietan, ikas-etxetarat joaiteko mutiko gehienek ibiltzen zituzten eskalapoin, puntak xerri-mutur iduri. Eta nik ondikotz, nik bertze multxo ttipi batekin, nik kloskak, Denak berdin, torra eta torra iguzki beltza bezain beltz amak eginak.

        Gelditzen ginen Jemaiteko pentze bihurgunean, hango sagarretik hartzen sakelatara bat sagar muskerra bezain ferdeak... Jarririk artzen jo eta jo, etranez hola ontzen zirela eta uspeldu orduko, lau lorietan ausikitzen. Kloskak guti sagarren goxatzeko. Mutikoak ibiltzen zituzten, paltoen orde, barneko beso luzeak. Nik paltoa. Galdeka artzearen bortxaz, egin-arazi zautan amak Mariena dendariari, orok bezalako soinekoa. Ez zitzaitan itsusi, gizonak gerlaz xuhurtuak izaitea gatik, ortzegunetan artzea landan, bertzekin, lehenik trunkuarekin, gero arearekin, gero goldearekin, idiak nihaurek bida, nihaurek ipuruan itzul-araz eta ildoan ezar. Erran gabe doa ez nintuela beti ongi moldatzen edo idiak edo goldea. Baginuen Martin, gizon xahar bat, tteleka-meleka, ungarriaren barreatzetik, niri beha zagona: «Haur lan, deus ez lan!». Bainan Gerexena Lakokoak ez zion jasan nor-nahik, berdin aita eta amak, erhi kinkilaz ere hunki nezaten. «Ariz, ariz, behar du ikasi», zion ihardesten. Eta gure ttarttalet, bi zinkulina egin-eta, ibiltzen.

        Alarguntsa, Gerexena jina zen Lakorat, Garraren ondorat, bere lau haurrekin: hiru seme azkarrak, Beñat, Piarres, Mañez eta alaba, Mariena.

        Beñat gehiena. Mutiko bat gaitza. Hemezortzi urte. Hasi zen gauazko landan, edo, bertze batzuek dioten bezala, Euskaldun jostetan, hitz horiek erran nahi baitute kontrabandan. Akitu-eta lurraren gainean etzanik egon, hoztu, tuberkuloza hatxeman.

        Hura hil arte egon gira, iluntze osoak Garrako supazter-xokoan, haur andana bat, harek gauazko balentriak konda, eta guk irets. Ez zen ordu heietan kotsuaren beldurrik. Artzen ginen bakotxa gure aldean: «Ikusi mikusi; zer ikusi?... Musi... A». Batek Ama ihardets, bertzeak Arroila, bertzeak Ahatea... hitz xuxena hatxeman arte. Mutikoak baino trebeago ziren nexkatoak buhamien eskernioan. Egiten zuten beren ustez, heien mintzaira hitz bakotxaren ondotik ezarriz edo la, edo ta, edo pa: Amak la, etran la, zato la, lastet la...

        Emaiten ginuen beharri, amak auzoko haur ttipi bati erraiten ziolarik Burdinballet-en kondaira: Behin batez, bazen Burdinballet, gizon bat mendia bezain gota, bainan gora bezain gaixtoa, eta gaixto bezain zozoa. Zanpatzen zuen Piarreño ttipia, bainan ttipia bezain ernea. Joiten eta ondo-ondorn begiratzen, ttortoila bezala gizendu-eta, murtxatuz-murtxatuz, iresteko. Burdinballet lo dago, egiten baitu orga-otearen karranka. Ihesari lotzen da Piarreño ttipia, goizean-goizik. Badoa, badoa Irisartin gaindi, Ortzaizen gaindi, Bidarrain gaindi... Hats hantua, aurkitzen du bide-bazterrean artzain bat, salatzen bere ezinbertzea... Eta hunek: «Bainan hatxemanen hu, haurra, kalainka bezain zabalak ditik oinekoak. — Emanen dautazua xerri ttipi bat? — Ba, gogotik... Eta zertako?». Kaniet-ukaldi batez mozten dio lepoa Piarreño ttipiak, idekitzen sabela, eta ezartzen tripak bildurik sasi-bazterrean: «Jinen delarik Burdinballet, erranen diozu ez zaitala hurbilduko, arin-arin bainiz sabela husturik!».

        Heldu da Burdinballet, izerdi-lapetan, gorri-beltztua. «Ikusi duzua Piarreño, mukuzu txarra? — Ba, ba, ikusi dut. Orai iragana da hemendik. Eta ez da zuk hatxemaitekoa! — Zee? ez dutala nik hatxema nen Ha, ha, ha!...». Eta erakusten ditu bere oinekoak, kalainka bezain zabalak. «Ez da zuk hatxemaitekoa, arinago izaiteko, tripak husturik, hemen utziak baititu. — Badugula ba, guk ere, behar duguna». Jalgitzen du gerrikotik puñal xorrotxa; ziirrii idekitzen sabela, eta marruma bat patza emanik, han berean erortzen hila... Horrek erran nahi ez dela izan behar ez gaixto, ez zozo... Horrek erran nahi, zigante kankailari, haur begi ñimiño bipila nagusi dela.

        Ez ginen gehiago Burdinballeten aditzeko adinean. Bainan erdi eri ginelarik, amak altzoan aipatu kondaira beti gogotik entzuten. Berdin laketik, bertze Tartaro gaixto bati irri-egiteko, apailatu deia:

 

                Jaun Gili Barbau

                Jan zak ba haur hau

                Bihar ala gaur?

                Gaur - gaur - gaur - gaur - gaur

 

        Irriz bustirik ere lazgarri zitzaikun aspaldiko sorgin larderia:

 

                Ez baduk ikusi nahi zikilimarro.

                Ez zakala, puttil, bere zilotik harro!

 

        Amak ezarri ninduen zaldiaren gainean, bainan haurrak, bertzek ba erran-eta, ez, baitiote ihardesten, hala hasi heiagoraka, nun amak jautsi baininduen, samur. Biharamunean, ahalgeak urturik, nihaur iragan nintzan eta jin etxe aintzinerat, amari erakusteko, doi bat fantesian, uste nintakela Napoleon ttipia, ponetean. Etxeberriko Manezekin ibiltzen ginen, zintura beraz elgarri estekatuak arroilarat erori-eta zer nahi ikusten baiginuen ezin deslotuz, biak batean nihundik ezin hert, mehar egiteko; biak berdin kexu gaixtoaz, zango puntatik kasko puntaraino hartuak.

        Garran, beste etxen arabera, bizi zen adinaren legea. Gazteak zor goresmen zaharrenari. Haurrek «zu» erran behar mutil gehienari; eta barkamendu galde egin zerbeit elhe tzar jalgi balinbadio. Bainan aita eta ama kanpoan baziren, mutil gehienak emanen zaukigun jaterat behar ginuena, berak behar zuena hartuao. Ez gutiago, ez gehiago. Ate guziak idekiak ziren. Aitaren ganbara zen bakarrik gakatua, eta gako kankaila mutilaren armairuaren gainean emana, denek baitzakiten nun zen ezarria.

        Noiztenka ebiakoitzetan zonbeit gaztek jalgitzen zituzten gontzetarik etxe aintzineko xehelak; etxe bazterretik eremaiten edo orgak, edo goldea, edo trunkoa eta ezartzen plaza gainean, igandean, elizarat joai tearekin, orok ikus zitzazten. Aspaldi eman omen zuten asto bat, platana adarretan estekaturik, bertze bat hala tinkaturik buztanetik ateari, nun ari baitzen uztarka, eta atea idekitzearekin, astoa barnerat heldu. Gauzen nagusiak ez zuen hitzik jalgitzen, ageri, zerriak bezala egiten zuela lo, ez zuenaz geroz deus ere aditu. Gizonak ari ziren erasiaka, holako eta halako etxeko mutiko tzarpilak zitazkela hobendun. Gaztek burua goiti eta beheiti, baietz zioten. Bainan burua sobera goiti eta sobera beheiti... Nork daki ez zirenez bertzekin barne, gazteak ez baitu bere putzik salatzen. Gu, tipilak, ixilik. Ez jakin nun zen ongia, nun zen gaizkia, eta holako ixtorioak laket... Burdinballet-en ixtorioa bezenbat kaskk. Gu gaztetarat ekarriak. Gu gaztekin nolazpeit akort.

 

 

        Urtean kominiatu eta konfirmatu beharrak jalgi ginen seroren katiximatik sartzeko jaun erretoraren katiximan. Nik haurrean ezagutu ditudan apezak paregabeak ziren: Claverie Heletan, Heguy Iholdin, Goity Armendaritzen, Dufau Lekornen, Etcheverry Makean, Agorreka Irisarrin. Ainitz goresten du Euskaldunak apeza diolarik: «Apeza da», horrek erran nahi baitu gain-gainetik otoitzekoa, kartsua, bainan ere doi bat mintzatzailea, kantaria. Eta ez du bizkitartean erdi-goresten baizik erraitearekin: «Apeza da».

        Ari bazaizu, «Biziki apeza da, osoki apeza da», kasu! gatu horrek badu bertze buztanik. Solas soberakina, solas zepo egina. Osoki goresteko jalgi behar luke Euskaldunak: «Apeza eta gizona». Gizona, ez eska sa, ez minkorra, piko bat nihoiz ez emanen elizatik, kontseilu galde egiten ahal, haur baten onetan, zer-nahiko kenka gaixtoetan. Ez bakarrik eliza-gizona, bainan nun-nahi, etxeko jaun izan zitaken behar bezalako gizona.

        Errotik Apeza eta Gizona zen Claverie jauna. Laket zitzaion erle kofoinen artatzea. Bainan eztia ez maite. Atxikitzen zautan —hala behar-eta ni fuñatua izaitea gatik eztirat. Heldu nintzalarik seminario haunditik eta Jaun erretoranean askariten, erraiten zautan: «Ezarrak esnean. Jan-zak. Sainte Marie gure seminario haundiko erakasleak erraiten zaugukan eztian bazela sendagailuen bilduma». Eta nik bietan aditzearen beharrik ez. Doi bat herabea Claverie apeza joaiten zelarik takataka oinez, astean aldi bat, sort-etxe Armendaritze Elizetxerat, bide bazterrekoer erraiten zuen bakarrik «Agur» eta bertzek berdin labur, ihardesten «Agur, jauna!». Bainan bazena etxean gertakari goibel bat, gaua erori orduko, edozoinek ikusi gabe, jo apez-etxerat... Mintza garbiki, eta harek errana egin orratzetik hari, segur hura zitakela denetarik hoberena.

        Uste dute kanpotiar tturrutta batzuek Euskal-Herriko apezak egin dezakela nahi duena. Baiki, bere tokian egoiten bada. Aditu diot aitari: «Apeza Elizan, auzapeza Herriko-etxean». Hori bereziki Baxe-Nabarren. Izigarri minbera baigira eta gaitzi-errexak eta aise jauziak, beti ulitxetan girela iduri.

        Zirelarik erretor Berho, eta bikari Dassance Iholdin, erretorak botatu zion: «Zu, D hori jalgi-eta, dena Azantz». Bainan bikarioak beretik: «Eta zu, B hori ken-eta, dena Erho».

        Maite zuen Senacq Irisarriko erretorak kitzika. Asto baten ferratzen ari arotza. Erretorak: «Zonbat asto!». Eta astoaren jabeak gozo-gozoa: «Ba, egia, Jauna, eta beti heldu».

        Lesgar, Eiheralarreko erretorak ez ditu hastio pikoak. Dio aldareaintzinetik norbeit ari izan dela igandekari lanean, eta xehetasunetarik ageri norbeit hori jaun auzapeza ditakela. Jaun auzapeza kexatu. Eliza betean hasten dira mokoka. Emazte xahar bat xutitzen da: «Hi, zozo haundia, Petan, hago ixilik, eta zu, jaun erretora, has ebanjeliotik». Eta kasaila, tanpez gelditu, jaun apeza, eta jaun auzapeza doi bat ahalgetuak, bat eta bertzea ez baitziren gizon bihurriak, izanikan ere doi bat kesoak.

        Amespil apeza, Heletako semea zen, Bainan arroztua, kanpoko Misionestetan Pariseko ikastegian egona, gero erakasle Pauen kokatua, eria baitzen eta ahuldua. Hasten da elizatik: «Badut ara bat tzarra. Berant artzen naiz irakurtzen. Mutiko horiek aditzen ditut, orroaz ari, igande aratsetan, nihundik etxerat ezin bil». Ez zen euskaran aski trebe gauza horien polliki jalgitzeko, irriño birbira bat ahoaren goxagailu. Igande hartan zortzi, bi mutiko badoatzi etxerat. Ahantxuño gauerdi. Ez zitazken barurak. Amespil apezaren ganbaran argia. Mutiko batek ateratzen du: «Gaixo apeza, oraino lanean ari! Bainan, ez duka uste, kalte dik, erituko duk!». Eta bertzeak beretik: «Dudarik ez ukan. On baino hobe litakek gaixo apeza ohean sartzerat laguntzea». Pinpi-panpa, igortzen diozkate zonbeit harri. Argia hil. Heiek, laster, irriz eztulka.

        Aitor dezagun harri eskuan hartzeari aiher girela naski Heletan. Ebiakoitz aratsa. Bortz mutiko Xixartei ostatuan edaten ari. Heldu da kanpotiar saltzaile gazte bat, doi bat maingua. Hogoi-eta-hameka keinu. Galde egiten diote gure bortz putikoeri: «Ez dea nexkatoño bat pollita, hari agur baten egiteko». Gure putikoek baietz... urrun... bainan goizeko izarra bezain hauta... Hain xuxen, biek haren etxe-aitzinetik beren etxerat bidea. Abiatzen dira, saltzailea dena haro. Etxerat hurbiltzearekin, fiu, fiu, leizafin hixtuarekin harriak. «Zer behar diuk egin?» dio saltzaileak, durduzatua. Eta bertzek, iduri ikaran: «Laster». Abiatzen dira, zoin zaluago, plaza alderat. Maingu gaizoak harri guziak bil. Plazarat heltzearekin gelditzen dira harriak. Gaulariak punpeka Xixartean sartzen edaterat. Hiru putikoak han daude beha, ez omen handik igituak. Bortzeri pagatzen diote edaterat gure saltzaile zangoz eta buruz mainguak. Heetarik biek ez duena salbatu?

        Horiek hola, bazituzten orduko apezek oraikoek bezala beren itzalak. Bizkitartean, bakan ziren gazteriarekin samurtzen. Gazteria herritik ez baititake alda, bortxatua zitaken apeza, gazteriarekin samurtu-eta, herriz aldatzea. Hori egia. Bainan hori, ditake axalezko ziliporta. Barnago finkatua ditake egiazko arrazoina. Herri gehienetan ez bazela goraipatua da gazteria Euskal-Herrian. Adinekoak, bertzek bezala apezak, dio gazteari:

 

                Haurrak ikas-azue, euskaraz mintzatzen

                Ongi pilotan eta oneski dantzatzen.

                Airetun xikitun, airetun aire,

                Airetun xikitun, airetun aire,

                Airetun xikitun, airetun aire, ole!

 

        Zaharrak trebeago, mintzatzearen erabiltzean, bai eta ere arrazoinamenduaren xorroxtean. Horiek balire lehen, doi bat bazterrerat utziak litazke gazteak, utziak diren bezala Frantzian. Gazten kontrako razizmoa bizi ditake Frantzian mintzaiaren garbia eta arrozoinamenduaren xorrotxa lehen baitira Frantzian. Ez litake sori Euskal-Herrian, ba pilotan, ha irrintzinan, ba dantzan, gaztea baita xapeldun. Beldur naiz oraiko apezen gogoak, bertze jende ikasienak bezala, hainbertzetaraino ez direnez edo Parisen edo Madrilen hala errostatuak nun guti bailitazke gai akmatzeko, Bestaberrikari gazteria behar litakela sar-arazi dantzan eliza barnerat, adinari doakioten musika airos, soineko margotsu, xingola arin, lore xume, kuxkula mikoekin... Behar litakela utzi elizan gazteria nagusi. Gazteria bere ara bereziekin, Jaungoikoaren aitzinean, elizaren edergailu. Ez zen emazteki bat, auzoko mutikoa jitearekin, galdeka: «Ba omen duzu, Etxekoanderea, broxa bat miresgarria. Nahi nuke lepoan emaiteko. Zuhaurek ezar dezakezu, nahi baduzu, atorrari josirik. Bertzenaz ere, begiko ñiñikari bezala, arta eginen diot», ez zen emazteki bat ihardetsiko zionik: «Broxa hori ezkontzeko orroitzapena diat. Beldur nuk hik gal. Ez duk ukanen».

        Askotan irakurtu dut egunkarietan, komunixtek badaukatela lehengo apez zaharretarik urruntzeaz bihotz min; nor ere baitzen apez zaharra herrian, eta hura daukatela buruzagi bere .alderdian. Eta harritu. Gero ohartu naiz solas hori ez zitakela arras gezurra. Orduko Apez eta Gizona, bertze herritarren gisa, haunditua zen laborari etxean, lanean ikasi aitarekin, otoitzean amarekin. Bertzeak baino argituago, bainan bertzen leinu beretik. Oraiko apezak izaiteko Apez eta Gizon, behar du, oraiko bidexka bereziak hartuz, lehengo kaskorat heldu. Hari bere jendetzearen zuzenak, harekilan eta harendako zaintzea; herriaren nortasuna, harekilan eta harenzat begiratzea; keinu batez, musean bezala, elgarrekin aditzea. Apezik gabe, herria ez herri; herririk gabe, apeza ez apez.

        Ongi baino hobeki gauzak bide xuxenetik akulatzeko, orduko apez euskaldunak gogor zauden dantzaren kontra. Mutikoek egon behar plazan; kongregazioneko nexkatoek egon behar seroretan. Orduan deus ez haizu. Orduan deus ez haizuaren denbora bizi; orai denak haizuaren denbora hasia. Orduan deus ez haizua poxulu; orai denak haizua irrisku. Denbora guziek beren ongi gaizkiak ukanki. Eta erloiaren balantza, tiktak, tik-tak, bat bertzearen ondotik agurtuz, batetik bertzerat urruntzen.

        Arbolak gorde dezake oihana. Dantzaren debeku arbolaxkak gorde diote, asko idazleri, euskaldun fedearen oihana.

        Uste ukan dute, Duvergier de Hauranne euskalduna zenaz geroz, horrek antolatua zuela osoki Euskaldunen fedea, eta Duvergier de Haurannek zaukala Jaungoikoa bakarrik zeru-lurren egile ahaltsu eta larderiatsu, gizona aldiz zerbeit ez deusen pare, barnearen barneraino, bekatuaz zikindua. Daldaran bizi omen Euskal-Herrian jendea, beldur hea beheiti ifernurat debruak zeraman arima ez zionez, urrikaldurik, ebatsiko Jaungoikoak eremaiteko goiti zerurat... Holaxet mintzo zaiku Aita Lhande Euskaldunen sinesteaz. Iduripen hori ikasia duke Parisen, hango Jesuisten liburuetan, eta ez duke ikusia Atarratzen bere gazteko Xuberotar herrian.

        Badira bi arraza, fededunen artean. Arraza bat, ohartzen baita gaingainetik Jaungoikoaren haundiaren haundiari. Iduri zaio iresten duela gizon eskasa Jaungoikoaren izaitekk. Izartzen du ongi Jaungoikoaren haundia. Ikusten gaizki gizonaren askatasuna. Arraza hortarik da oraiko gizaldi berriaren hastean Duvergier de Hauranne edo Haurrareneko Duvergier Baionesa. «Sabel beroko Euskalduna» zuen izendatu Richelieu kardinaleak. Bertze arraza bat ohartzen da gain-gainetik gizonaren askatasunaren askatasunari. Izartzen du ongi gizonaren askatasuna. Ikusten gaizki Jaungoikoaren oso haundia. Arraza hortarik da, oraiko mende berriaren hastean, Gipuzkoako Iñaki Loiolakoa.

        Aztapar-ukaldi bat gaitza eman zion Blaise Pascal, Duvergier de Haurannen semeak, Iñaki Loiolakoaren semeri. Hiru menderen buruan, Lhande aitak, Iñaki Loiolakoaren semeak, bihurtu diote, Duvergier de Haurannen semeeri, Pascal-en behatz-karramaska.

        Gogolariak, fededunak, fede gabeak berdin, biltzen dira edo Duvergier de Haurannek edo Iñaki Loiolakoak eraiki gaztelurat. Ez dira bi gaztelu baizik Haurrarenia eta Loiolaenia. Lehena Spinozaren egoitza, bere arrazako judu dorpeak ukan baititu bidatzaile. Harentzat Jaungoikoa baita, gizona bada. Bigarrena, Descartes-en egoitza Jesuistak ukan baititu erakasle. Haren solas aipatua: «Badut gogo, beraz banaiz», Jesuistaterik ukan erakaspenaren bilduma. Lehena Marx-en bil-tokia, zozietatea baita harentzat Jaungoiko nagusi zorrotza. Bigarrena Sartre-en bil-tegia, askatasuna baita harentzat gizonaren mami samurra.

        Orai arte, aitor dezagun Euskaldunak bizi izan girela hurbilago Duvergier de Hauranne aitasotik ezin-ez eta Iñaki Loiola arbasotik. Duvergier de Haurannek ditu aizkorastatu gure aurpegia kanporat, gure sinestea barnerat. Laket zaiku kantatzea Zaldubiren pertsuak, orro-marrumaz inarrosten dugularik eliza.

 

                Uholde baten pare, orai bekatuak,

                Gaindiz bazter guziak, ditu hondatuak.

                Nun dire fededunak, nun dire justuak?

                Azken eguna hurbil, ote du munduak?

 

        Egia da, bainan beste hau ere berdin egia: kantu hori kantatzen zela Ortzegun sainduz, Jesus Jauna, azken apairua egin ondoan, hiltzerat zoalarik askatasun osoan guzien maitasunaz bortxatua, eta ez zela urtean zeremonia hala maitaturik, nola Ortzegun sainduko pasione predikua, eta kurutzeari, haur baten goxotasunarekin, musu emaitea. Eta hau ere egia da, ez bailitake ahantzi behar: kar berarekin jendeak itzultzen zuela:

 

                Otoi, ama maitea

                Urrikal zaizkigu

                jaunaren hasarrea

                Otoi, ezti zazu.

 

        Ezin izartua Euskaldunen atxikimendua Ama Birjinaren alderat. Xinatiarrek diote bi zangoen gainean behar dela erabili, eta ez zango balear baten puntan xingilika. Bi zangoen gainean, beldurraren eta atxikimenduaren gainean dabila gizon zintzoa, atxikimendua sartua beldurrean, beldurra ez dadin bilaka izialdura; beldurra sartua atxikimenduan, atxikimendua ez dadin bilaka ezazoldura. Lañoki izendatzen du Euskaldunak Jaungoikoa, auzo balu bezala, «Laborari xaharra». Bainan garrazki aitortzen du bere burua ezagutzen baitu: «Ez baginu Jaungoikoaren beldurra, gu nork atxik?». Irakurtuz Jesus jaunaren solasak, egiten dugu nolakoa ditaken Jaungoikoaren begitartea, baitira lore gabeko arantzeak, eta arantze gabeko loreak, Jesus jaunaren solas baratzean.

        Laket zait oraiko Farizau punttalakurlo ttarrapatten zirikatzea. Gazte batek kondatzen daut, doi bat fantesiarekin... Gauazko lana ongi bururatua. Haren ohoretan besta ederki eramana. Zitzitik aski. Arnotik aski. Lagun batek jalgitzen dio galtzako sakelatik arrosarioa. Harek ez ohartuarena egiten. Bertzeak:

        — «Hi soraioa haiz; hi ez bataiatua; hik arrosariorik ez duk!

        — Baditiat.

        — Ez dukala, zer nahi duk pariatu?

        — Biharko afaria.

        — Egina duk!».

        Hasten da mia mia alegia-eta harritua. Irriz jalgitzen paltoko sakelatik bertze arrosario parea, amak ezarria bat galdurik ere bertzea ukan zezan, mutikokia ezazol eta zaintzail baita ardura. Semea zoriontsu ama ren arta minberaz. Mutikoa alai Birjina garbiari bere atxikimenduaren erakusteaz. «Hori ez da fedea; hori da sorginkeria» derasate oraiko Farizauek, oihua xorrotx. Giza-gaizo kakolak! Nexkato bati lore baten eskaintzea sorginkeria laukate! Farizauak ez dezake zila ez loren ez bihotzen mintzaira. Loren eta bihotzen solasa ez ulertzea, Farizau izaitea... Gure putikoak toki onekoak ziren, Saratarrak oro, Sara baita omen Guazko lanaren La Mek hiri saindua.

        Etxetik jalgitzean amak galde egiten zion mutikoari: «Hor duka moltsa? Hor duka kanibeta? Hor duka mokanesa? Hor duka arrosarioa?...», zer gerta ere, nork daki mutikoak behar baitezake zerbeit erosi; makila bat moztu, zakur baten urruntzeko; ez erhiarekin zintzatu, marranta bada; Birjinaren semea dela erakutsi. Ez da kokoriko bizitzeko egina haurra, bainan xutik.

 

 

        1915 - Hogoigarren mende hastean ageri zen, den gutieneko dudamudarik gabe, baitezpadakoa izanen zela jakitatea. Norat sar, ala Hazparnerat, San Josepeko ikastegirat, ala Bel-lok-erat, Birjina Sainduaren ikastegirat... Aitak hautatu zuen Bel-loke. Hazparnen bide, merkatu guziez, haurrak merkatuari so, aitaren beha, lanean ez ari.

        Bel-lok-ek eman zezaken ikastearen eta otoitzaren zitadela bat, beneditanoek mendi kaskoan kokatua, bertze mendi kaskoa aitzinean, bide harritsu bat eta aingira bezain meheko ur-xirripita bat bien arteko errekan. Beneditanoak haizatuak ziren Lazkao, mugaz bertze alderat. Fedearen alderako hisia, orduan nagusi Frantzian. Amen-omenak dio, soldadoak etorri zirelarik beneditanoen jalgitzerat, Fulgence, beneditanoak, lasto meta bezain gorako gizon bat, sotana beltz bezain begitartea gorri, hartu zuela aizkora eta garrasiatu: «Urrats bat egiten duenari, arrailtzen diot burua!».

        Marot, Heleta Karrikaburuko seme abadeak behar ukan zuen eztitu Jondoni Petriren dizipulu bolbora.

        Bel-loken baziren latina egiten zutenak: kasik oro. Eta latinik egiten ez zutenak: bi lerroxka, bigarren lerroa eta lehen lerroa. Bere erakasle batek bataiatuak zituen azken horiek «Arotzak», eta etrana ez zutela latina egile jaunttoeri nehoiz amor eman behar. Baziren gure artean putiko batzu azkarrak, ez baitzuten nehorri zorrik ala balonean, ala pilotan.

        Lotu nintzan lotsarik gabe lanari; lotsarik gabe otoitzari. Galde egiozu gazteari guti eta emanen dautzu gutiago, deus ez. Galde egiozu gazteari ainitz, eta emanen dautzu gehiago, zer-nahi.

        Orroitzapen bat kiretsa. Neguan, bazagon, teilatu-arras zen gure barne luzean, hotz bat ezin jasana. Daldaran egoiten nintzan bertze ainitz bezela ohean ezin berotua. Zonbeit hiritarrek baizik ez zituzten koltxoi nak. Josta denboretan zabiltzan taulierrak aztaletaraino herrestan. Deitzen gintuen «Les aristos». Bas-herritarrek koltxoinik ez. Eta deus ez salatzen etxean. Euskal-Herriko debrua, debru ixila, mihia ixil egiten duen debrua. Bigarren urtean aipatu nion ene iasan-gaitza arreba gehienari eta hunek heldu amari eta amak: «Nahi duka? Tulukak egiten ditik nahi den bezenbat». Ene loria. Harorik gabeko loria. Euskal-Herriko aingerua, hura ere aingeru ixila!

        Iragan nituen bigarren eta lehen lerroko ikasteak traba haundirik gabe. Orai bide bati edo bertzeari lotu behar. Bide kurutzerat heldua. Aitak egin zuen gaztexkoa nintzala etxean lanean hasteko, eta Hiriart gure erakasleak jalgi, zerbeit ikas zitakela ikastegiko lerro berean egonez. Ez da haurrari mañateia sobera gota ezarri behar, bainan sobera behera ezartzea berdin hastial. Egun guzietako erakutsiak, banazkien jadanik. Enoatu nintzan. Mutzitu. Mintu. Beharrik Sagardiluz Baigorriarra ari zen matematikan, Lille-eko «Arts et Métiers» ikastegian sartu beharrez. Hasi ginen, biak, erroak bezala, matematika egiten, nehori laguntzarik galde egin gabe, eta beharbada, nehoren laguntzarik nahi gabe, errekreazione edo gosta denbora osoak, lurrean jarririk, bizkarra murrurat emana. Matematikak guretzat jostagarri, eta ber denboran ahantzgarri.

        Aitak erraiten zautan: «Egizak nahi dukana. Lagunduko hut. Haatik hobe huke ez gobernuko mutil sartzea, ez baita xuxentasunik gobernamenduan, eta giristino denak asko zuzen gabe baititu hartarik pairatzen». Haurraren bere-ber uztea aski balitz oraiko jaun zuhurrek dioten bezala! Ez balitz, baleki-bale, solasean ari behar haurrarekin jakiteko norat dabiltzan haren tirriak, eta harekilan irriskatu! Aitak helarazten zautan, mutileri esker, egiten ahal nintzala nahi banu mediku, edo maraxel. Gostarik gosta lauzkatuko ninduela. Ez bide zitaken kexu lehen ofizio hortarat eta bereziki bigarren hortarat, Beñat ene kusia bezela bihurtu banintz. Anderegeia bazuen etxeko. Ikusten ninduen beti irakurtzen ari, egunkariak, «La Croix» edo «La Petite Gironde», beti eskuratuak. Barrokiari guti behatzen. Hamahiru-hamalau urte nuzkeen. Irakurtu nuen «Ramuntxo», Piarres Loti-ren elaberria. Haren gainean ere bertze zerbeit liburu. Nunbeit aurkitu lerro hau: «Ramuntcho descendit vers la vallée pleine d'ombre, oú le chemin de fer passe». Solas luze goxo baten ondotik, «Ramuntcho descendit vers la vallée pleine d'ombre», solas laburraren joak «oú le chemin de fet passe», ezartzen ninduen xoraturik. Etxe-aintzineko pentzean, solasa erran eta etran, egoiten nintzan harritua, nolako mutikoa nintaken, ene lagunek ez baitzuketen holako axolarik. Ni haizeari mintzo, hek ari pilotan.

        Misioneak ziren Heletan. Jakin-arazteko berria, elizako ezkila ez aski, misionestek egiten zuten gu oro haurretarik ezkilatxo ttipi edo xilintxa ttilinttak. Heldu ginen ikas-etxetik etxerat marrumaz misionestek erakutsi kantua.

 

                Besta eder buntarat, goazen oro betan

                Sar bedi bat-behera, alegrantzietan.

 

        Eta beti has, eta beti beretik. Debidart misionestak hatxemaiten gaitu Haruxtegiko hesiaren ondoan, eta bazterturik galde egiten daut heharri xilorat: «Nahi duzia apez egin?». Haurrak baia hurbil. Eza hurbilago. Tipusttapast bihurtzen diot: «Ez, jauna». Hola-hola galde egina zautan de Mun apezak. Eta nik berdin-berdina ihardetsia. Solasa hasi gabe moztua. Arreba gaztenarekin egiten gintuen asko hamarreko purgatorioko arimentzat, heieri idekitzeko zeruko atea. Bainan haurraren adin xoragarrian, holako asko, nehori salatu gabe, egiten dituzkete giristino haurrek.

        Bel-lok-e, ortzeguna. Ari ginen lanean, mutiko multzo bat baratzean, gerlaren gatik xuhurtuak baitziren mutilak. Gurekin, jarraik-bide emaile, Hiriart jaun apeza, ene erakaslea, etxe-gizona, Mauleko San Frantses ikas-etxearen buruzagi beharra. Ari izanak ginen kokorozka irriz zapart eginak, Legrand Miarritzekoa ari baitzen pastenarre zangoak jalgi eta jalgi, ustez-eta zitazken belar zikinak. Hiritarra, egina zuen pastenarreak, madari gorri batzuen pare arboletan jiten zirela, matela dir-dir kanporat. Hiriart apezak galde egiten daut ditaken zernahi gauza bezala: «Ez zaika behin ere gogorat jin apez izaiten ahal hintzala?...». Aitortzen diot baietz. Graziak iduri du pilota... Heldu da gure aintzinerat. Bainan ez galtzeko sasian, norbeiten ahurrak jo behar, eta joiteko han egon behar aiduru. Edo haurren arteko erakasleak behar luke izan Zokrate zuhurraren idurikoa: emagintsa gisa haren amak erditzen zituen gorputzak; harek orobat, arimen emagintsa bezala, erdi-arazi nahi gogork. Holako plekariak, holako emagintsak ziren Bel-lok-en Hiriart eta Gastelu apezak. Holakoak ez baigira, herabe eskoil batez mutu eginak, xuhurtu dira munduan apez eta serora geiak. Uste ez bezenbat gaztek ainitz ukaitea baino lehen emaiten dute ainitz izaitea. Badute deia. Nehor ez heiekin mintzatzen, dei horri idekitzeko behar luken bidea. Graziaren pilota torta bilakatzen, plekaria lo izaitea gatik. Deia itotzen, eskas baitu «maieutik», edo gogo erditzearen emagintsa.

        Utzi ninduen zonbeit hilabetez (ez haatik bederatzi) ene nahia ont zadin. Zertako nuen nere hautua egin, ezar-araziko dut ene ordena eguneko sainduetan:

 

                Apezak

                Jainkoa emaiten du arimeri

                Arimak Jainkoari

 

        Aiseago da gutunez aipatzea, ezen-ez eta ezpainez erraitea. Idazten diotet ene xedea aita eta amari. Aitak egin zukeen jauzixka bat. Holako zerbeiten beldur zitaken. Aipatu zitzaion Ixturianta aitatxiri, lehen Hazparneko merkatuan. Hunek biziki untsa hatxeman. Bizkitartean, alaba Pollina, nexkato bat xarmanta, abiatu zitzaiolarik serora egiterat Uztaritzeko komentuan, holako samurgoak hartu zuen nun ez baitzion azken orenean baizik barkatu. Amak eman zuen baia, ez haatik bere baitan sartu gabe, xuri-gorriak batezituen aditurik, Garra de Salagoity apezak erreboluzione denboran egin zuen urrats makurraz. Eta gaixtoena gogorat heldu beti, akerraren bulunba bezain zorrotz. Zerautan: «Haurra, ez duk gure etxetik apezak jalgitzen». Baia, zorigaitz beldurraren eta zorion gutiziaren umea. Diote oraiko gogolari batzuek amak duela emaiten baia, eta amak sakatzen baia semeari. Amak baia emaiten, semea apez egiten. Hola mintzo direnek ez dakite ama giristino bihotzen berri. Aditu dut ama bat, emazteki xehea mintzo bere haurrez: «Hau hargina, hura zurgina... zerbeit eginen dute. Bainan hau apez. Hartaz dut arrangura». Jakinki apezak aurkituko dituela bizian irrisku bereziak. Emeki bada emeki, ohartu naiz Heletako jendek doi bat bere seme gisa nindaukatela, eta urtetik urterat, frango otoitz enetzat egin dituztela. Herriko seme, bilakatu naiz heien guzien ume. Nola plekaria, nola kantaria, nola dantzaria, eta hala-hala apeza.

        Has eta has lotu nintzan latinari, laugarren errunkako ikastokian, Senacq jaun apeza erakasle. Ez nintuen bertzen lanak egiten, ez bertzekin saila hasia ukaitea gatik. Badu holako moldeak irrisku. Haurra lokar ditake ez balinbada bertzekilan zoin gehiagokan lotua. Ikastegian behar dira kausitu elgarri uztartuak ba Sparte herriko bortitza, ba Athenes herriko laxoa. Laxo gabeko bortitza, bortitz gabeko laxoa berdin galgarri. Gerla bururatu orduko, sendotegi batetarik heldu ukan ginuen erakasle Etchepare jauna. Irri egin-arazten zaukigun hasten zelarik panpan-pan, behar zen bezala omen, bere goiti-beheitiekin latinaren irakurtzen. Bainan bazuen erakaslearen bertutetik haundiena. Gora zauzkan bere ikasleak, eta gora ukaitea gatik, gora heltzen. Bazuen Lagrave errientaren eite. Haurren idatzi hautak ezartzen zituen kokaturik bere liburutegian, Goresmen hori ukan dut aldi batez. Ekeia, untzi zahar bat bere orroitzapenez intzirika ari, Marzellako portuan. Lemazaina deitua nuen Yves, deitzeko orde Marius. Etchepare jaunaren doluminak! Bainan goxatu ninduen erranez irri pollit batekin: «Garbitu dut Yves; zure idazteko moldean, haren orde eman Marius. Nehor ez da ohartuko aldatze hortaz. Zure lana kausituko dute ene liburutegian». Iduri zitzaitan, ehun urteren buruan ene lanttoa agertuko zela dir-dir, zilar-peza paregabea.

        Hirugarren ikastegi-errunkan behar nuen hautatu edo greka edo matematika. Ni jadanik matematikan askitto trebe. Canton Bel-lok-eko nagusia, Baionako familia batetarik jalgia zen. Ihardetsi zautan: «Caillaux-k egina dik greka; hik ere behar duk greka egin». Enetzat Caillaux jaun ez ezagutua. Banakien bakarrik haren emazteak hil zuela Calmette «Figaro-ko» buruzagia, eta gerla denboran Alemanen adixkide gisa ekarria izan zela, Clemenceau minixtroaz. Ez nakien jende larrietan, hoin gora ezarria zela. Egon nintzan ahoa zabal-zabala, hala nola beihalako gizon-geia, emazte-geiak erakutsi ziolarik Akelarrerat heltzeko sorginsolasa:

 

                Oren bat harateko

                Oren bat hanko

                Oren bat hunateko

                Hedoien petik

                Elorrien gainetik

                Eta frixt...

 

        Hain zaukan espos-gatik bide egiteko molde hori miresgarria nun, itzultzeko, bere tarrapatan, hitzak baitzituen ordaindu, eta ateratu: «Hedoien gainetik, elorrien petik». Erran badu erran. Etxerat sartuko da dena zirrista, uspel eta odol, hedoien gainetik elorrien perat, elorrien petik hedoien gainerat trankulatua. Ez zaitan holakorik gertatu. Bainan urte bat nuen galdu. Galdu, ala irabazi? ...

        Eliza ezagutzen ez dutenek, uste dute, elizan, eta beraz elizako ikas-etxetan erakasle guziak elgarren idurikoak direla. Beihalako Prokuzte gaixtaginak bazuen burdinazko ohe bat. Hatxeman gizonak haren gainean elzan-araz. Luzeago zirena? Zangoak motz. Laburrago zirena? Zangoak tira. Gauza miresgarria: denak xuxen-xuxena burdinazko ohean sartzen, denak neurri ber-berekoak iduri! Badute elizaz kanpokoek, elizako gizonen izartzeko, aintzinetik moldatu Prokuzten ohea. Guzientzat ohe bera. Ez dira ohartzen eliza barneko eta eliza kanpoko gizonetan badirela ixurgei desberdinak, eliza barnean badirela elizaz kanpoko tira bira guziak.

        Canton errotik matematiken kontra; Silhouette errotik alde; Canton-entzat lehengo idazleak errege, Etcheverry-rentzat oraiko idazleak xapeldun. Garat eta Gaztellu-rentzat politika, otoitza. Lassale eta Ames toy-entzat, otoitz-politikaren parrean, bizi-politikaren otoitza. Hau, lehenaren arabera, beha ezker; hau, bigarrenaren arabera, beha eskuin. Biak Beskoiz-tarrak. Bizkitartean, bozetan, elgarren kontra jazarriak. Matematiketan, desberdin erakusteko moldeak. Arima salbu-eta, bazoan Verges jauna, hala nola asto ttipia, baratxe-baratxe, nun zituen emaiten zangoak ageri, nun behar ziren ezarri bereak, dudarik ez... Emaiten zauzkigun bere luma xeheaz idatzi paperrak, tutuluenak ere ez baitzitazken heiekin errebela. Ginion paper horiek behar zitazkela untsalaz milaka barreatu, adin batean tutulu direnak matematiken alderat izaitea gatik itsaso. Arima salbu-eta, bazabilan Passicot jauna, iduri zakur ihi.ztorra, hastean usna, gero zalu mila debru abia, han hemenka bi ihausi egin-eta, tanpez, erbia, erran nahi dut ihardespena ahoan edo gogoan har. Badira gazteak, atsegin baitzaiote lasterka, aztalak arin, bipil begia, askoren tilinteria ezin jasan. Verges jauna, ttipittoa, zainharta, xehetasun guzieri ohartua. Passicot jauna, luzea, burua han nunbeit, xehetasunetarik gorago altxatua. Eliza kanpokoek uste dute elizako gizon guziak zur berean moztuak direla. Oihanak gordetzen diote arbola. Oihanak jaten arbola, guziz elizako gizonak dauzkatelarik, arbolaxka txar gisa.

        Gure apez erakasleek, bertze nun-nahiko erakaslek erakutsiak erakusten zauzkiguten. Bainan heien apeztasunak ohartarazten zaukun hazitakela bide gorde bat erakutsietarik Jaungoikoaren nasaiari buruz. Erakaslea erakasle da, ez bakarrik bere gogoarekin, bainan bere izaite guziarekin. 1968-ko urtean, maiatzeko hilabetean, ikastegietan izan diten nahaskeriek agerian eman dute ez dela alderdi gabeko erakaslerik eta ikastegiak landatuz, gobernamendua lehiatzen dela ikas-etxeri esker, bere nagusitasunari erro emaiterat. Erakuts-etxetan, ala euskara, ala bretoina, ala okzitana, ala korza, ala ipar-Afrikan araba ez erakutsiz, Frantzia dela agertu Euskal-Herriaren, Bretaniaren, Okzitaniaren, Korzaren, Maroka-Algeria-Tuniziaren etsai. Kulturatik eta ez ekonomiatik jalgi dira deskolonizatzeko auziak. Bidea badoa kulturatik ekonomiarat, eta ez ekonomiatik kulturalat.

        Horiek hola, ez da asmatu behar gauzak gure gosturat irakur ditzazkegula. Ainitz solas putruska ibiltzen dira hortaz, azken gerlatik lekora. Ez da, dioten bezala, Frantses edo Angles jakintzarik. Ez da zozialixta edo kapitalixta jakintzarik. Ez da fededun edo fede gabeko jakintzarik. Bat da jakintza orotan. Bat mundua, bat gizona, bat egia; hortan dago jakitatearen trinitatea. «Amicus Plato, sed magis amica veritas... Adixkide Platon, adixkideago egia». Egiaren bidetik baztertzen bada Platon adixkidea, utz-zak, eta har egiaren bidea. Oraiko egunetan, uzten dugu aise egia, bere-ber eta umexurtx, entzuteko gure kidekoen edo gure jaiduren kalapita. Eri dugu gure artean egia. Egiak egin du gure zibilizazione edo jendekuntzaren haundia. Goait. Egiaren gutiesteak eihar-araz dezake gure jendekuntza. Egia ohako. Gezurra hobi. Beihalako ahopaldiak dio: «Gezurra tripan dik zutik... Ez dik gaizki irri egiten debruak».

        Amestoy jauna ginuen ixtoriaren erakasle. Errotik Euskalduna zen, errotik lañoa, errotik esku-ukaldi emailea. Bainan, zoazi zu, errotik frantses nazionalizta.

        Ez zuen larderia haundirik. Bainan erakaslearen boterea ez da besoan, ez da orroan. Da, bakarrik, gogoan. Ez ditake sinets zer batz utzi duen Amestoy jaunak bere ikasleen gainean. Denetarik haundiena. Berak behin-ere asmatu ez duena. Zonbeitek behin-ere galduko ez dutena.

        Orduko ikas-etxeak familia haundiak. Eta hori ongi. Bainan familia bat, bere familiatik behexia. Eta hori gaizki. Harat-hunatak neke. Bainan harat-hunatak badu bizkar. Eguberriz Bel-lok-en ginauden tente. Bazkoz berdin potente. Nahiz bihotz altxagarri zitzaikun, erdi-lotarik kaperalat jautsiak aditzea Etcheverry jaunaren boz-xaramela. Ez dira hain luze jende lerroen gainetik Internazionale kantuaren hegalak zabaltzen:

 

                Minuit chrétien, c'est l'heure solennelle

                Oú l'Homme-Dieu descendit jusqu á nous

                Pour effacer la tache originelle

                Et de son Pére arréter le courroux.

                Le monde entier tressaille d'espérance

                En cette nuit qui lui donne un Sauveur

                Peuple á genoux, attends ta délivrance

                Noël, Noël, voici le Rédempteur

                Noël, Noël, voici le Rédempteur.

 

        Berdin hunkigarri aste sainduko zeremoniak. Heien gainean Harismendy jaunak, bere sudur luzearekin, bere eztul erkatsarekin, baitzuen esku-bide. Behar zirela hil hiru kantoinetako ziriloak beren tenorean, beren lerroen! Erakasle bat edo bertze makurtzen baziren, hanbat gaixtoago. Kur-kur-kur ez ginuela urrun irria. Urte hastean erretreta. Egoiten ginen begiak landatuak, mintza-alkirat sartu predikatzaile arrotzari (barrika-erdi baten eite zuen Bel-lok-eko mintza-alkiak). Eta zer karrarekin ez ginuen kantatua:

 

                Je viens á vous, Seigneur, instruisez-moi

                L'homme sans vous ne saurait rien apprendre

                Vous seul pouvez enseigner votre loi

                Vous seul aux coeurs (bis) pouvez le faire entendre (bis).

 

Embrasez donc d'une céleste ardeur

                Celui qui vient annoncer l'Evangile

                Faites aussi, mon Dieu, que l'auditeur

                Ait pour l'entendre (bis) un coeur humble et docile (bis).

 

        Bel-lok-eko haurrak ez du ahantziko aldare gainean xutik zagon Birjina sainduaren begitarte eztia. Begiak hetsi-eta, adinetakoak ikusten du, arkuaren hedoi kurubilkatutik hari buruz heldu. Amak burura dezala bere urratsa, haurraren bihotza akiturik ixilduko den tenorean.

        «Badugunean, bun-bun; ez dugunean, tun-tun». Gerla eta gerla ondoa. Egiten ginuen tun-tun, ez baiginuen egitekorik bun-bun. Atsalaskarietako, sagar bat errea, ur horail batean igerika. Eta gu, denbora heietan, bortzak eta erdietako ikastegirak jautsiak, ikasgarrien, meza aintzin, gogoan hartzeko. Beharrik bazen zonbeitetan ilarra tole, eta adin hortan gazteak ilarrari ekarriak. Gosean ez zuten hiritarrek ala basherritarrek elgarri zorrik. Mugatiarrek ukaiten zuten bizkitartean bertze aldetik ogi xuri tinki bat, doi bat hauta. Elurra ez da garbiago Baigura kaskoan.

        Lehen bakalorea. Bi hilabete aintzin, izan nintzan hotz sartze batetik eri. «Hil bazine ukanen nuen min!» zautan ihardetsi, Beneitano ate idekitzaileak ostia keta itzultzearekin. Nik holakorik ez gogoan ibili. Ez ninduen Beneitanoaren ateraldiak izitu. Ez nuen onetsi. Herioa gorputz gabeko mamua. Herioa bertzeak mozten dituen segatzaile arrotza. Egon nintzan, zonbeit astez, irakurtua gogoan ezin atxik, ez bainintzan guti harritu, beldur hea ez zautanez sukarrak urtu gogoa. Bigarren bakalorea. Gaztearen xoroa! Gaztearen hunkigarria! Azken bakaloreako paperra sakelan sartu-eta, iduritu zitzaitan bi zehez haunditu nintzala. Nor-nahiri ihardets nezakela, kopeta gora. «To, behar diat ikusi zer dioten ezkertiar jaunttoek. Ez nuk gehiago haur bat egoiteko ene erakasleen erranari, amaren zaiari bezala josia». Erosten dut «L'ére nouvelle» egunkaria. Irakurtzen hasi baniz, hasi. Diote Clémenceau eroskila bat dela. Irabazi gerlaren orroitzapenaz dagola hanpatua. Gerla irabazi duenak galduko duela bakea, bakearen oin-harria ez baititake izan hisia... Gorrigorria egin nintzan. Atera ditazkela holako zikinkeriak Clémenceau haundiaren alderat! Hura ez duguia Herriaren Aita? Amestoy apezaren erakaspenak heldu zitzaizkitan hortzen bazterreraino. Hor banu solas horren idazlea, bil lezazkela zonbeit arrapostu zorrotzak, eta zorrotzak bezain xuxenak. Ez nuen uste egun batez idazle horren adimendukoa izanen nintzala hurbil, bakeari buruz.

 

 

        Urtexka bat Semenario haundian, eta igorria naiz soldado gisa, artilleriako 28-ième R.A.N.A.ko erreximendurat, haren egon gunea baitzen Schierstein Rhin ibaiaren ondoko herrian. Iduri zukeen Alemania mun dutik bertze mundu batean zitakela. Irringarria, edo deitoragarria, armadak igortzen diote gutun bat burrasoeri, nola hotz gaitzak ari diren Alemanian edo Laponian eta ongi arropaturik igortzeko beren mutikoak. Amak jauzi egin zuen Donapaleurat. Berrogain saltzaileak behar bezelako galtzoinik ez baitzuen, Ipar-aldetik ekar-arazi. Hain ziren lodiak nun beihalako burdinaz soinekotu zaldizkoak baino gehiago ez bainintzan higitzen ahal. Aldi bat ibili, gero bertze puskekin etxerat igorri. Gazteek maite dute elgarren izitzea. Bainan armadak... Eta nor? Aita eta ama.

        Iratzartzen naiz. Argi urratzea. Treina sartzen ari da, Rhin ur-haundiko zubian. Zubia burdin-saretik dilingan. Sarearen artetik zerua, udan, Donibanen itsasoa bezain urdin. Lantegi nasai bat, harri gorriz murruak. Hitz bat jalgitzen zait bihotzetik golkoan itotzen dutana: «Izorratu hute!». Hainbertze idazlek errepikatua zautaten Alemanak basak zirela, lehenagoko Hun zirtziletarik Hun zirtzil geldituak. Eta nork ez dali Atila Hun taldearen erregeak ziola: «Nun ere baitu ene zamariak zangoa finkatzen, eta han ez da belarrik hortzen». Baditakea haur hataiatua, Izpiritu sainduaren egoitza, izan ditakela mendekioz hazia? Baditakea gizonak izan ditazkela hain sorraioak nun gazteari sakatuko baitiote, hau den gutienik ohartu gabe, debruaren herrazko ostia beltza! Ohartzen nintzan Alemanian, Euskal-Herrian ez bezala, zabal zirela bideak, Euskal-Herrian ez bezala, bazirela etxetan ura, herretan lantegiekin antzokiak. Miarritze guti Wiesbaden aldean. Baionako katedralea haatik Maianzekoa bezain ederra edo ederragoa, Maianzekoa etxez ama haurrez bezala inguratua, Baionakoa etxetarik kasik dena behexia, ama bere-ber egonki; Maianzekoa zabalago, haztasuago, Baionakoa xutago, arinago.

        Soldado andana guzian, bakarra nintzan bakalorearen jabe. Gure kapitainarentzat, gerlari ezker iraganak baitzituen ozkak, hori zerbeit pare-gabe. Guti zen ikasia, bainan lehen ukaldian, kanoiarekin hunki beharra hunkitzen. Gero ukan dutana azkarki zen ikasia, bainan hunki beharra bi-hiru aldiz kanoiarekin huts egiten... Eta gure gizona kexu, hutsa gure gain ezarri beharrez koskatua. Lehenarentzat kanoia jostagailu. Bigarrenarentzat kanoia oinaze. Lehena trebe sortua. Lehenak ikas-etxerik ez behar. Bigarrena sortua eskoil. Bigarrenak ikas-etxeak ez aski. Bigarrena dorpea bezain lehena gixakoa.

        Lehen kapitainak nghiko zuen aintzindari-ekei ikasteak egin nintzan. Nik ere ba. Bizkitartean, ene deia ez nion aitortu, Gieure jaun apezpikuak debekatua baitzaukun aintzindari errunkarat iragaitea. Zion apeza ez zela egina gerlarien bidatzaile izaiteko. Orai uste dut arrazoina zuela. Orduan ez. Atsegin ukanen nuen kapitainak bortxatu banindu aintzindari-ekeien lerroetan sartzerat. Bortxatu nahi ninduen. Zorigaitzez baziren Alemaniako armadetan aumonierak. Hau jin zen bere nahitarat Maianzetik jabaldu kapitaina. Bildu. Ez nintzan oldartu. Bainan ez nuen Agur Mariarik egin apezpikuarentzat, ari nintzalarik behorren ixterrak torra eta torra, eta aintzindari-geiak, liburuak beso azpian, ikasterat joan. Egon nintzen apalen lerro apalean, soldado, «brigradier» edo kaporal, «maréchal des Logis» edo sarjant. Batetarat heldu zen, Alemaniako hotz idorrak eman dautanaz geroz ontasunetarik baliosena, osagarria. Goizean goiz ibiltzearekin, mendixken maldetarik, zaldia labrokan, udaberritar egiten bihotza. Iduri zaikula zeruko iguzki xuhaila gure begitartearentzat zela oso-osoa. Xoragarri ere ahoarentzat aire hozpil hurrupa.

        Zaldizkoak Arabak gintuen. Algeriatik etorriak Konztantine hiri ingurukoak. Bazazkiten frantses sakre guziak. Gu ere araba hitz biribilño horietan berehala trebatu. Hasten ginelarik mokoka, hek eta guk jal gitzen gintuen pollitenak edo itsusienak, zonbeit pusako ere emaiten. Haatik ez zuten enekin kasailarik nahi. Apez-geiari zor goresmen. Zerautaten: «Toi, Marabout, il y en a rester tranquille!». Gerla denboran beiekin arras adixkidetuko naiz, harekilan eginen baitut gerla. Bildulzo dugu, heiek nitan eta nik heietan konfientzia osoa. Ainitz mendez Arabak eta Euskaldunak ari izan dira gudukan. Bainan gerlako odol har-emaitza basaren ondotik, jiten dira bakeko har-emaitza baitezpadakoak. Jenden eretzean batek behar baitu xuri, bertzeak beltz, edo batek urdin eta bertzeak gorri, urtetik urterat, Xuberoko Pastoraletan, urdinek edo Euskaldunek kaliturik ehortziko dituzte Arabak eta Araben ondotik etorri Turkoak. Lehengo zanpakoak egiten josteta, aza-hostoz gose den har meleka aldatuko den gisan lorez-lore ibiliko den pinpirin hegal argalerat.

        Noiz etorriko zaiku Europa barneko gudu sorjesak ahantz-araziko daukun holaxetako aldakuntza era josteta?

        Hemezortzi hilabete egon-eta soldado, utzi nituen gogotik, beren miresgarri guzian, Alemania eta Rhin ibaia. Debru fitsik ez ginen ari kazernan. Hastean behar gintuen urratsak ikasi. Hastean irakurtzen gintuen egunkariak Herriot jaunak zin egina baitzuen, leher egin eta zapart baietz, urte bat soldadogo zutela, hura lehen alkirat iragan-eta, Frantziako gazteek eginen. Herriot jaunak bere bilo beltzak, bere pipa haundia, bere sabel biribila eta gibel-alde ez gutiago hantua, alki nausian jarri... Bainan hitza bi klaskaz hautsi eta iretsi. Geroztik ez ginuen egunkariez axolarik. Doi-doia begi-ukaldi bat ginuen hitz larrienentzat.

        Azken hilabetean, gu ere errekitu onak, behar ginuela gure gisako balentria bester aipatzeko, egin ginuen joanen ginela lau mutiko, lauak apez-geiak Kologne hirirat, pilik xahutu gabe. Nola? Gazte guziek badakite. Har gara edo geldi-toki barnerateko tiketa; treinerat iragan; geldi tokitik jalgitzeko erakuts azkena: «Hark ditu»... eta bertzeak urrundu eta, harek laster. Gauzak ezin hobeki bazoatzin, noiz era ere Maianzerat itzultzearekin heldu baitzaiku gizon kasketa haundi bat, tiketak ikusi beharrez. Guk lepoa luzatuz, kopeta goitituz, soldado frantsesak ginela, eta ez zela soldadoeri tiketik galdegiten... Baietz, ezetz, baietz, ezetz... «Nahi duzuia egia aditu? Batere ez dugu tiketik». Gizonaren samurra! Matelak egin zitzaizkon su-brasa bezain gorri, Mintzoa daldaran sartu, Magnificat-en kantatzerat bazoala iduri. Guk, gure artean, gure tetelekeriaz ez hainbertze urriki: «To, zonbeit egun presondegi eginen ditiuk. Ez duk gaizki. Orok behar die jastatu. Ez duk ez presondegia gatuentzat egina!». Gizona emaiten da kanpotik barran dan. Bertze bi gizon jiten zaizko ondorat berdin pitrailak. Oraikotik ontsa zainduak gaituk. Ez gaitik haizeak eremanen! Lokartzen gira. Maianzen bortxatuak dira zaintzaleak gure iratzar-argalerat. Eremaiten gaituzte geldi-tokiko frantses aintzindariaren ganat. Eman ginela behar den bezela xut-xuta. Zerbeit pegesa jalgi zaukun hunek eta irriño batekin erran: «Zoazte!». Hura ere gaztea gu bezala. Aldi bat aditzea aski ginuela, tokien husteko, axeria bezain bipil eta zalu.

        Alemania ihalozka bezala ari zen, ezin jasanaz hartua. Dirua pekoz behera leizerat jausten. Bortz ehun mila marka behar gintuen Maianzeko tramway-ren hartzeko, hastean; gero zonbeit miliar. Gu han poxulu, gu han orroit-arazteko gerla galdua zutela, gu han herria tinkan atxikiz diru peza gehixagoren ateratzeko. Ez du mahasti-zainak mahatsa zangoekin zapatzen jostatzeko, nahiz ari den dantzan eta hixtuz, bainan bai duen izerdiaren mahatsari jalgi-arazteko. Lanbro batek estalia zautan nik eremaiten nuen Alemaniako itxura. Lanbro hori ez zen bakarrik zeru euritsutik eroria. Bizkitartean gaztegi bainintzan, ez naiz lantxurda horri urteren buruan baizik ohartuko.

 

 

        Baionako Semenario haundiak, nahiz zitaken doi-doia hogoi urtetarat heldua, bazuen Rhin ibaieko gaztelu zaharren eite. Etxe bat gaitza, lau kantoin, zabal-zabala jarria, erdian baratze miko bat, Birjina sainduaren itxuraz argitua. Kanpoan berriz baratzeak, berriz arbolak, berriz murruak. Bazuen zerbeit latz begitartean, behar-bada, ainitz nortasun, dudarik ez da. Altxatua zutela Gieure apezpikuak eta harekilan diosesa guziak, ala diosesa guziak eta harekilan Gieure apezpikuak, ez dakit nola behar litaken aipatu biak berdin baitezpadakoak baitira. Apezpikuak ukan behar du fidantzia osoa bere jende giristinoan, jende giristinoak fede osoa ukan behar bere apezpikuan. Lehenago sobera ginaukan eliza Aita Sainduaren, apezpikuen eta apezen talde bezela. Behatzen ginion elizari goitirat. Orai eliza sobera daukagu jende giristinoaren talde gisa. Behatzen diogu elizari zabalerat. Goitia eta zabala ez ditazke behex, biek bat egiten baitute. Ken-akozu gizon haragiari hezurreria eta haragia eroriko da lurrerat, haragi metaxka bat egina. Ken-akozu gizon hezurreriari haragia, eta hezurreria egonen da xut, pazote txar bat bilakatua.

        Orduko gobernamendu alderdikariak ebatsia zuen Semenario zaharra, hura ere giristinoen izerdiaz eta apezpikuen ausartziaz eraikia. Berriz haste, giristinoen betiereko legea. Lege zaila. Lege saindua. Udaberrian lorea lore egiten duen legea.

        Leiho hertsietarik ere sartzen dira ulitxak. Bixtan da Semenario berriko leiho zabaletarik sartzen zirela burrustan munduko arramantzak. Horiek hola, bizi ginen doi-bat fraideak bezela: ahideak jiten zirelarik oren erdi bat eletegian mintza eta behex; herrian bi hilabete eta erdi lan gabetan egon eta itzul; kanpoan ortzegun aratsaldetan, katedralean, gure aldia zelarik igandetako zeremonietan ibil eta sar... Ikerzalearen bizia ikerzale ez denarentzat errokeria. Errokeria aita familiakoaren bizia, aita familiako ez denarentzat. Berdin apez-gei ez denarentzat errokeria apez-geiaren bizia, jaungoikoaren eta anaien maitasunak bidatzen duten bizia.

        Jaungoikoaren alderako maitasunak supazterreko suak bezela behar du bizirik atxiki, botatuz ahurtaraka huni egurrak, hari otoitzak. Egurra dena supazterreko suaren alderat, otoitza jaungoiko maitasunari buruz. Bortz orenetako jeikiak otoitzari lotzeko, baginuen euskaldun ote-epailearen eite, iguzki aintzinetik iguzki ondorat sailean emanak.

        Erakaslek erakutsi daukute otoitza joaiten nintzalarik amarekin, urtean aldi bat, Baionarat, zerbeit puska erosi beharrez, treinean sartueta, lanik ez ukaitea gatik emaiten zen ama arrosarioko lanean, arto beltz baten bihikatzen bezala. Berdin erakutsi daukute otoitzaren urratsa Semenario haundiko erakasleek. Biziki gutiago ari baigira otoitzean, ba apezak, ba fededunak, atsegabe itsusiak erori dira ba apezen, ba giristinoen gainerat. Izurrite hortaz gure erakasleek ez dira hobendun.

        Nagusia, Semenario haundian, Candau jauna. Ttipila, izanen zen aise hertsia, ez balitz izan zen bezain kartsua. Begi ñimiño batzu begiaintzineko luxe batzuen gibeletik beha, bi erhi elgarri bildurik ari zitzaikun aratseko irakurtze izpiritualean, mintzo mehe bat dal-dal. Trufatzen ginuen frangotan, bainan gogotik entzuten orotan, bihotzetik ari baitzitzaikun, eta gure bihotzen kartsugarri. Hari liburu sainduen argitzea ximenki.

        Filozofian erakasle Daguerre jauna. Begitartea legun, mintzoa legun, eskua legun, bainan begiak ñir-ñir, ihardespena zalu, ageri gogo xorrotxeko gizona zela. Garaztarra zen. Goxoa. Bazukeen Montaigne frantses idazlearen zuhurtziatik. Harek bezala galde egiten, irriño bat ezpainetan: «Zer dakit?...».

        Gora, sorbaldak zabal, gerria hertsi, sotana beltza soineko, bainan sotana beltzak orroit-arazten, kapitain gisa gerla denboran ibili soineko urdina, Durquet jauna, ixtoriaren erakaslea. Haroak zion bazituela bi kosta zilarrezkoak, azkarki kolpatua izana baitzen. Haroa harotei, Verdun-en, soldadoek ziloetarik jauzi egiteko abian, jalgi zen bere askatik, luze-luzea, Bastida bere herriko maldan izan balitz bezain gostuan, eta emeki, garbiki Alemanen balak xixtulari, erran nahi zutenentzat bekatuen barkamenduko otoitza. Gero jauzi egin, erranez «Aintzina!» Bazuen eremu. Laguntza egiterat ekarria, gerlako lagunez itsutuki maitatua, Kapitainaren nagusitasuna ez osoki itzalia.

        Matela zabal batzu torra eta torra, iduri handik jalgi-arazi behar, ez aise, ez aise, galdeari ihardeste, Camy jauna biologiako erakaslea. Hortan trebatua bainintzan jadanik, artzen nintzan, biologia denboran, matematiketan. Ohartu zen, eta hel-arazi zautan ez zela holakorik egin behar. Hari kofesatzen nintzan. Penitentzia, otoitz bat, eta gero apaltasunaren biltzeko, hiru musu ganbara-zolari. Asko urruntzen ziren harrituak: «Bainan errotzen ari duk gizon hori!». Ni, ez. Hain zen jainkotiar. Saindu bat. Azizeko Frantses, Semenario haundiko xaran kokatua.

        Zuzen-lege teologiako alkiaren jabe, orduan Erromatik etorria, egun batez Lurden apezpiku beharra, oraino gazte, biloak beltz, matel-hezurrak gorri, mintzoa ozen, Theas jauna. Eros-arazi eta irakur-arazi zaukun «Rerum Novarum» Leon hamahirugarrenaren gutuna. Hartan Aita sainduak erakusten dauku ez duela izan behar ekonomiaren zerbitzari gizonak, bainan gizonaren zerbitzuko ekonomiak. Ekonomiaren hel-burua gizona. Tresna ikaragarrien artetik ere gizona gizon. Desberdinkeriak zikintzen du mundua. Berdindu behar desberdinkeriak munduan. Hogoita-hamar urte heietan agertua, Rerum Novarum gutuna ez zen oraino biziki ezagutua. Agian, hemendik hogoi-ta-hamar urteren buruan, jalgiko dute argirat «Pacem in terris» Joanes hogoi-ta-hirugarrenaren gutuna, Rerum Novarum bezala giltza pean ezarria. Rerum Novarum-ek kordokatzen ditu jende haundien zuzen-eskasak, Pacem in terris-ek inarrosten ditu herri haundien zuzen-gabekk. Lehena jende xehen zaintzale, bigarrena herri xehen begirale.

        Errotikako teologiaren alkian jarria, Akizeko apezpiku ezin ahantzia izanen den Mathieu jauna. Diot jarria. Judeako erakasleak jartzen ziren bezela, agerian emaiteko zerbeit haundi zela Jaungoiko edo zuhurtziaren solasa. Buru gainean zonbeit ile bakan perestu-perestua orraztatuak, begiak erdi hetsiak eta han nunbeit galduak, sudur punta biribila goiti itzulia, mintzo zen goxoki eta emeki, mintzoa apur bat erkastua. Egiazko plekaria, sortzetik plekaria. Emazkiotzu mutiko eskoil bati nahi duzun bezenbat pilota, ez da behin-ere jaliko plekari. Mathieu jauna, sortzetik erakaslea. Bazakien, sudur tipito goiti altxatuak salaturik, noiz ginen akituak, Pinp! botatuko zuen zirto bat guri bi irri karkailaren eginarazteko. Hazpandar seme, zirtoa heldu zitzaion mihirat aise, eta batzuetan sobera aise: «Behar dira bi gizon, gizon baten egiteko», dio Paul Valéry frantses idazleak. Mathieu jauna baitan, baziren bi gizon. Bat adimendu garbiko gogolaria. Razionalixt hutsa. Haren ohe-bazterreko liburua San Tomas Akinekoa. Bainan zonbat irakurtzaile eta hanbat irakurtzeko molde. San Tomas harentzat Spinoza dena bertze batzuentzat. Jainkoaren izaitetik jalgi-arazten zituen bertze izaite moldeak Spinozak zion bezela «more geometrico», matematikarien moldean. Bazen Mathieu jauna baitan, Erroman eta Louvain-en ibili erakaslea. Bazen ere, Mathieu baitan, bertze gizon bat. Bizi haren baitan San Martin Miarritzeko bikario ohia. Bikario gisa, ahantzirik gogotasun kaskoak, behar ukan zituen aditu hunen eta haren arrangurak, eta bakotxak bere arranguretarik atsegabe berezi. Bakotxa, hari doakion solas bereziaren eske. Usu mintzo zitzaikun Mathieu jauna, Maurice Blondel Egintzaren gogolariaz, nahiz tenore hartan kasik elizatik kanpokoa zaukaten asko Ezagutzaren gogolariek. Mathieu jaunak bazituen gogo eta bihotz, gogoak ez iresten bihotza, bihotzak ez itotzen gogoa... biek atxikitzen bi solas, biga zaudelakotz, berdin sarkor gogo eta bihotzetan. Gizon gaitza Mathieu jauna.

        Ene ikasleek egin bide dautatena geroztik egiten nuen nik orduan. Emaiten zaukun bildumaren alderdi garbian ezartzen nuen: «Hau xuxena da, hori ez arras. Beharko zen ezarri ez hala, bainan hola». Orduko auzia oraiko auzi bera. Jaungoikoa behar dea ezarri ororen erdian, ala ororen erdian gizona; Jaungoikotik jautsi gizonerat, ala gizonetik iragan Jaungoikorat? Ala, Duvergier de Haurannen ondotik, Jaungoikoa behar dea bilatu Jaungoikoan, Jaungoikoa izaitea gatik gauzetarik goragokoa, ala, Iñaki Loiolakoaren ondotik, Jaungoikoa behar dea bilatu gizonean, Jaungoikoa izaitea gatik gauzen barne barnekoa? Hilabeteak atxiki dut auzi hori gogoan. Egun batez tipust-tapast heldu zait bururat Jaungoikoa bakarrik goragokoa, Jaungoikoa bakarrik barnebarnekoa daukatenak, berdin direla errebelatzen, ezartzen baitute Jaungoikoan haren baitan ez den denbora. Jaungoikoak ez du lehenik moldatu gizona, gero jalgi bere buruaz hari erran gogo zion solasa. Biak batean atera ditu, betiereko orai, atzo eta behar baita haren denbora gabeko denbora.

        Jaungoikoa urrun baino urrunago egonki, ezin izartua, ezin aipatua, ezin izendatua. «Naizena, ni naiz», bihurtuko du Judeako jendeari. Erradazu hau dela edo hura dela Jaungoikoa, eta itzuliko dautzut ezetz. Hura denetarik desberdina. Erran ditake dela asmatzen ez duguna. Erran ditake dela, ez dena. Jaungoikoak aipatzen dauku zer den haren gogoa, ez baita beti xuxena gizonak daukan gogoa Jaungoikoaren gainean. Jaungoikoak bere buruaz daukan hitzaren aiduru gaude fededunak oro, itsumandoka izar gabeko gau ilunean galduak.

        Erranak erran, guk giristinoek badakigu, bertze bihi batek ez bezala, Jesus Jaunak salaturik, Jaungoikoa dela gure bihotzaren bihotza. Jaungoikoaren alderat gure bihotzaren barnetik jalgitzen dira oihu, galde eta urriki. Gure baitan diren ongi guziak aurkitzen dira Jaungoikoa baitan. Bakarrik jalgi behar gure dohainak mugatzen dituzten mugak. Jaungoikoa guziz ona, guziz laguntzailea, guziz urrikalmendutsua. Baduzia ongi bat, emakozu «guziz» gainerat, eta usna dezakezu nolakoa ditaken Jaungoikoa. Herrebesa bada herrebes, gogo-bihotzak aintzindari, gizona lehiatu da, haste hastetik, xendra baten idekitzerat Jaungoikoari buruz. «Xendra bat edo bertzearen hartzea batetarat heldu da, mendiaren kaskorat iragan-eta denek ikusten dutenaz geroz ilargi bera», dio Japonesen solasak. Ez da batetarat heldu, bidexka batzu baitira ateka ezin iraganez hetsiak, eta handik ilargiaren bazterreko dirdira baizik ez ageri. Beti ongiak jalgi-arazi du gizonaren gogo-bihotzetik Jaungoikoaren zerbeit itxura. Eta berdin gaizkiak. Ongiak itxura kanporat jalgia; gaizkiak itxura barnerat itzulia; ongiak itxura kantuz inguratua, gaizkiak itxura nigarrez ihinztatua.

        Ez ditazke behex kanpoko eta barneko Jaungoikoa. Lehena, bigarrena gabe, gogotasun hotz bilakatzen; bigarrena, lehena gabe, gizon bihotz izpirat hertsitzen. Trente-eko konzilioaren irriskua lehena. Azken Batikaneko konzilioaren irriskua bigarrena.

        Borthayre gure lerroko laguna osoki kartsua ginuen. Hilabeteko lehen ortziraletan eremaiten gintuen gauaz kaperalat oren bat otoitz egin beharrez. Ez zuen bihurtzen ezetz, bainan baietz baten erdia emaiten, urrats horri Candau nagusiak. Zion bazela aski otoitz egunean eta hortan arrazoin. Bainan orduko ohidurek ez zuten aise onhartzen gazteak atera zezan bere baitarik sortu xedea. Denbora heietan ordrearen eskua bortitz. Erretzea ez haizu. Hatxemana bazen norbeit zigarreta bat eskuan, kasu! Biltzen zuela gaizki, eta apezgoan gibelatua izaiteko mehatxu! Lau apez-gei, pilotari hautak, baztertu ziren, ibiltze denboran, Arbonako plazan pleka artzerat, eta gero, akituak, baso bat arno ogi eta gasnarekin hartu ostatuan. Beti nunbeit bizi salataria; beti nunbeit ala Judasen haurridea. Kanporatuak izan ziren, batzu bertze diosesetan apez egin, bertzeek apezgoa utzi. Zigorrak, bertzek bezala, behar luke atxiki bere heina. Zonbeit uztar emanik ere gazteak, behar ote litake kexatu?

 

 

        Mila bederatzi ehun eta hogoi-ta-bederatzian Ostia sainduaren bestak, Baionan. Euskal-Herri barnetik bezala, Frantzia bazter guzietarik Baionarat jendea jina trumilka. Frantziako apez mintzatzaile aipatuenak, Baionan, hala nola Charost kardinalea, Baudrillart kardinale beharra, Pierre Lhermite idazlea, eta abar...

        San Leon-eko soropilan ter-ter-ter ari eta ari Charost kardinalea. Xintximarietan sartu Barbier apez olerkaria. Herritar batek ihardetsi «Gu usatuak gaa, jaun erretora». Ezin atertua zen Senpereko apeza bera. Gureak beti ongi, bertzenak aise gaizki.

        Mila bederatzi ehun eta hogoi-eta-bederatzia, ekeinaren hogoi-etahamarrean, izan ginen ordenatuak François Arrieta, Paul Betbeder, Gratien Biscar, jean Borthayre, Jean Cazaban, Michel Chilibolost, Jean Darrigrand, Bernardin Fagalde, Léon Lacoste, Louis Lapeyre, jean Lespade, Sauveur Mendiboure, Etienne Normand, Joseph Peyresblanque, Etienne Salaberry, Jean Uhart, Sulpice Usaurou.

        Orroitzapen hunkigarriak. Katedraleko lauza beltzen gainean, jauntzi xuritan etzatea, Jaunari eskainiak; apez zaharren esku luzatuetarik benedizione eta bideko kar eurixka baten pare biltzea; ahurrak olio sainduz gantzatuak ukaitea egon diten betikotz urrikiz beteak; lehen mezaren emaitea, gure hitzak apezpikuaren eta bertze apez lagunen hitzetan emanak; esku oraino Jaungoikoaren graziaz bustiak hedatzea, etxeko, ahide, adixkiden gainerat. Gogoan naukan misionest batek errana. «Gure meza kartsuena ez litake izan behar lehena, bainan azkena». Urteak jin, urteak joan, itzul nezake: «Agian gure azken mezak ukanen du lehenaren bildutasuna».

        Biharamunean deitu gintuen bere etxerat Gieure apezpikuak. Goretsi, bainan gaizkieri ahoa ez hetsi: «Bazoazte soldado, trufatzen zirezte kaporalaz, axudantaz, liotenantaz, kapitainaz (ez zen gorago menturatu... has-behera bat eman). Eta gero, gero, trufatzen, zuen apezpikuaz...». Egiten zukeen hesian goizeko ihintza axal eta airakor bezain ditakela obedientzia, gizon gaztean hauskor. Ez zait iduri. Dena bihotz gaztea.

        Ene sinestean toki gero eta haundiagoa hartua zuen Jesus Jaunak. Eta Jesus Jauna baitan haren amodioak. Doi bat diru ukanen dutaneko, egin-araziko dut Jesus Jaunaren itxura bat, haren bihotz amultsua papoaren erdian, iluntzeko ezeztatu iguzkia iduri. Jesus Jauna beti amodio, bainan gizona maiz gaizkirat eroria. Maitasunez betea balinbada Jesus Jaunaren soa gure alderat, urrikalmenduz betea izan behar gure behatzeak haren alderat.

        Heletan beti-danik apez berriari Andredena Mariako meza nagusia eta mintzaldia. Aita etorri zen mezarat. Bainan ez ama. Beldur mintzaldian, panp, geldi nadin durduzatua. Otoitzean ari izan zitaken meza denbora guzia, auzoak etxerat itzul ziten berantetsia, begiak orenari landatuak. Nabak bazabiltzan ez dakit nun, apez gazte bat gelditu zela izitua idiak gelditzen diren bezala lau zango-besoak lurrean landatuak, eta muturrean kaska, ala lepoan xixta, handik ezin higi. Ez zen guti loriatu, jakin zuelarik bururatu nuela ene mintzaldia. Hain zen ixila. Hain zuen jenden aho-mihitan jartzea hastio. Jakin ukan balu mintzatzea eta idaztea izanen zirela ene tirria ezin zapatuak, bortizkiago bihurtuko zautan naski apez egin nahi nuela erran niolarik aipatu solasa: «Bainan, haurra, ez dakika gure etxetik apezik ez dela jalgitzen?». Apez onik...

        Agorrilaren erdia, udaren betea, alegrantziaren osoa! Jaungoikoaren aintzinean, aurresku dantzan ari arbolak, aurresku dantzan ari mendiak, aurresku dantzan ari ibaiak, zeru urdin kaskoan aurresku dantzan ari iguzkia. Eta bere xilo kafiratik aurresku dantzari beba iturri-mikoak.

 

 

© Etienne Salaberri

 

 

"Etienne Salaberri" orrialde nagusia


www.susa-literatura.eus