HELETAKO UME

 

        Edipe heltzerat zoalarik Tebes-eko hirirat, tanpez geldi-arazi zuen lehointsa-andereak, galdatzeko:

        Zoin da bada ihizia, goizean baitabila lau zangoren gainean, eguerditan bi zangoren gainean, aratsaldean, hiru zangoren gainean?

        Era hunek tarrapatan ihardetsi: Gizona.

        Goizean gizona haur ibiltzen da beheiti zango-besoen gainean; eguerditan gordain xut bi zangoen puntan; aratsaldean zahartua makur, makila hirugarren zango... Ez ditake harritzeko, Euskaldunek emaiten baitiote makilari inguruan: «Ene laguna eta ene laguntza...». Hala beharraren hala beharra! Lehointsa-anderea arrangura gizonaren izaiteaz, zerbeitek salatzen jina zitakela hura baino gehiagokoa. Nork ere ez bazuen hatxemaiten galdearen gakoa, eta hari jauzi egiten zion gainerat, irri tzar bat ezpainetan. «Ni nauk beti lehen!». Edipek gakoa aurkitu-eta amor eman zuen. Garbitu bere burua eginez: «Hura izanen duk, hemendik goiti, lehen. Hura nagusi!».

        Ez ditake usu gizonaren semea, Euskal-Herrian, lau hatzez beheiti, edo Euskaldunek diogun bezala, apoka ibili. Baditu esku gora-gora altxatzeko; baditu beso kontra-kontra atxikitzeko. «Egizak a-a-a, eta haugi enekin» diote batek eta bertzek, nahi heiek laguntzaile, haurrak denak ikus ditzan, denak adi ditzan, denak usna ditzan; ikas ditzan denen izenak, ageri hura dela denen ttipitto errege.

        Gizontsu Garra, denbora hetan. Aitarekin baziren beti bi mutil. Noiztenka bazen neskato bat, ez dakit zertako noiztenka, beharbada auzoko saldaren jastatzeko bere amak ezarria, Hazparnerat edo Baiona -at neskato gisa urrunt aintzin. Orai baino gehiago ez zitzazken orduan ere haur guziak haz Euskal-Herriak. Zorigaitz ezin aipatua. Eta bere ezinbertzean ba aitak, ba amak, begitarte zoriontsu bat agertu behar, Euskaldunak baitu aski nortasun, bere zorigaitzaren gordetzeko, bere ni;arraren iresteko. Mintzatu naiz, Heletako elizan, ba misionest apezgaiaz, ba Ameriketarako artzain-gaiaz, eta jalgi, lehenarentzat burasoek erakuts dezaketela beren oinazea, bainan ez bertzearentzat, eta hori ez dela xuxen. Ama batek hel-arazi zautan bere esker hunkia: «Horrek beleren badaki gure-berri, eta badu gure minaz urriki». Bazituen lau putiko gaitzak Ameriketan.

        Hiru gizon egun guziz bagintuen etxean. Bainan aitak aski zuen lemendreneko estakuru ez deus bat, kanpotik sar-arazteko langile bat edo bertze. Alabainan jin ziren oteketak ala ogi eta arto egiteak, ala helar nozteak, eta heldu ziren goizean goizik, itzultzeko aratsean berant, auzoko edo urrungo gizonak. Han ziren iguzki gabetik iguzki gaberat, amak eman askari, bazkari eta afari. Sarhiko pentzea zen bederatzi epailetako pentzea. Belar epaitean bixtan da behar zela bester jarraiki, eta sega ederki ibili, gibelekoaz ez izaiteko trufatua, zonbeit lorexka txirtxil uzten bazituen burua xut-xuta, errotik moztu gabe: «To, gizona hiza ala emaztea; hik ez dakik epaiten!».

        Ikusiak ikusi, ez zait iduri lehengo gizonak hurbildik ere oraikoak bezenbat higatzen zirela. Bazituzten lan bortitzak, bainan bere ahalaren erakusteko doia. Lan idorrak zauden lan laburrak. Plekariak eta laborariak bazuten elgarren eite. Biek berdin azkar behar, biek berdin zalu. Hots, ez zirena biak bat bertzetik jalgitzen? Baten pilota, tresna; berzearen tresna, pilota. Pilota tresna igandean, tresna pilota astean. Lanak ez zuen galdua oraino jostetaren distira. Aita bazoan argi urratzean, kaankankan, bere lau errotako karrosa zaharrean. Hamabortzetik, ezin iuts eginak, Hazparneko eta Donapaleuko merkatuak. Hamabortzetik ezin utz, jauzi bat egin gabe, Irisarriko eta Heletako merkatuak. Eta zer ezinbertzea urtu baitira Iholdiko eta Garruzeko lehen hain aipatu meratuak! Zorigaitz hortaz aditu ditut beti nigar, haur denboran... Aita heldu zen lau-bortz orenak irian etxerat. Eguerdiko, merkaturik haundiena, orai barreatzen. Bainan ez lehengo denboran. Merkaturik lekora, aitak erraiten zauzkigun p-a-pa, p-e-pe, merkatuko gora-beherak. Ondo guzietako sal-erosleak, bai eta ere sal-erosteak, ezagutzen zituen errotik. Heldu zena uda mina? Aitak bere astea eremaiten zuen Akizen, errematismak trata estakuru. Eta Heletako etxeko jaun guziek halaber.

        Gauza miresgarria! Ordu hetan, Euskal-Herriko gizon larritsuek orok eritasun bera, errematisma, eta sendatzeko toki bera: Akize! Hobe hola, muslariek, aurkitzen baitzituzten muslariak. Egia erran, hori zen orduko deskantsu hartzeko moldea. Itzuliko da ohldura hori. Zabalduko. Ez da xuxen lur langilek, lantegietako langilek, bulegoetako langilek, erakaslek et buruzagiek bezala, laborariek ez ditzaten ukan bakantzak edo lan arteko egun lan gabeak. Ez gira hortan. Urrun hitzez; urrunago obrez. 1976-ean bi frantsesetarik bat jalgiko ba bakantzetarat. Zonbat laborari euskaldun? Hamarretarik bat? Hogoietarik bat... Menturaz gutiago.

        Gizonak ez du lehen baitezpadako zuen ahalaren beharra. Lana ez da gehiago borroka. Mende berri bat hasi da tresnarekin. Mende berriko laborariek tresnari mana, tresna akula, eta tresna berma, tresnak lan egin. Gizonaren ahala burdin-zaldiaren hamarretarik batto. Traturrak hamabortz, hogoi eta hamar, berrogoi eta bortz burdin-zaldi.

        Guti gizonaren besoa, tresnaren besoari behatu-eta. Oraiko gizonak ez ditu ez bi mutil bere laguntzeko, bainan, tresnari esker, ehun eta berrogoi eta hamar, hiru ehun, lau ehun eta berrogoi-ta hamar. Uste zuten gogolariek duela hamar bat urte, gizona biziki lan gutiagorekin, hala nola berrogoi mila oren lan bere bizi osoan eginez, jalgi zitakela ederki. Tresnak zerua jauts-arazi behar lurraren gainerat. Ez ditu jautsarazi oraino ez zerua, ez ifernua. Lurra utzi du lur eta utziko luzaz, hertsiturik ere lanaren epea, ongi litaken bezala.

        Iragan gizamende zaharrean, laboraria ari zen lanean, kabalak uztartuak aintzinean, hura gibeletik itzain, sustatzeko eta bidatzeko, akulua eskuan.

        Gizonak balinbadu jitea, badu ere kabalak. Eta bien jitek badute elgarren eite. Hautsi-mautsi bat bazen, aipatu gabe, gizonaren eta kabalaren artean, iduri har-emanka, eta kasik paso-inbidoka, kausitua. Gizon azkarrena asetzen; idi parerik hoberena mihia beheiti emaiten. Eta huna hautsi-mautsia: kabala akit, gizona geldi; gizona akit, kabala geldi. Gizona eta kabala ari ziren, euskaraz diogun bezala, bere hatsaren gainean. Bat makur ditake. Biga, ez.

        Tresnak ez du bere baitako jiterik. Duen jitea du oso-osoa gizonak emana. Jaungoikoak egin ditu gizona eta kabala, Jaungoikoak ez du egin tresna. Tresna jalgi da, den bezala, gizonaren kaskotik. Gizonaren kas koa ohantzea. Gizonak nahi duena, nahi duen neurrian, nahi duen pikoan, eginen du tresnak hautsi arte. Berak tresnari eman soberakinak higatzen ditu gizonaren zainak, desegiten haren erreinak, zaurtzen haren bihotza. Zonbat gazte, hoberenak, ez ditu iretsi tresnak, edo ixtripuz, zanpez, edo azken piruraino higatu-eta, berdin zanpez. Tresna berantkor bainan ez ahanzkor. Lehen, hiriak bas-herriaren eite. Orai, bas-herriak, hiria iduri. Horrek ez du erran nahi behar duela tresna urrundu, zorokeria litake, eta guziak bortxatuak gira gure mendearekin bizitzera. Erran nahi du mende orok bere on-gaitzak badituztela. Behar ditugula bere on-gaizkiekin hartu. Ongia zabaldu, gaizkia laburtu. Ez egon mutur, bainan zuhur.

        Biziki gutiago akitzen ziren orduko gizonak. Amak oihu egin, eta oihu egitearen bortxaz ozen egina zuten amek boza, gizonek ihardets eta eguerdi gainean, xirrint zuketen gizonek beharria. Hau zen orduko ohidura: «Huuuu... eguerdi dela... Baieeeetz...». Solasa bazoan, hala nola eurixketan ortzadarra, arto, pentze, mahastegien gainetik. Gerlan ibiltzen dituztela urtxoak mezulari gisa... Mintzoak ziren, udako iguzki dorpearen pean, hegal zalu urtxo mezulari. Mutilek zioten frangotan amari: «Ez bixtan oihurik egin. Lehen aldian aditua dugu». Ez zuten Heleta Eiharaldian baizik, ene ustez, tuta ilun bat ibiltzen.

        Gizonak lanean ari zirelarik otarrean, iratze edo ote epaiten, hain urrun nun ez baitzitaken heietaraino adi-araz oihua, bazen aitortu gabeko legea: «Kanpotik ez zaitezkete jin etxerat; etxekoak jinen zaizkitzue kanporat». Zonbat aldiz ez gira joan, arrebak edo neskatoak, bazkaria, salda, jatekoa, arnoa edo sagar-arnoa zarean, puluminaren gainean jarria eta nik pitxerra, urez beterik, minagre zonbeit ihintz pizteko gainerat emanak, eskutik dilingan.

        Jan orduko igortzen gintuzten gibelerat. Eta lo-aldi bat ona egiten zuketen. Gu hurbiltzearekin ari ziren beren gosturat, lasterkeria kexurik gabe, dailu ttipittoarekin jo eta jo, igandeko berriak ibil eta ibil, irriz eta irriz, den gutienik leher eta zapart egin gabe, bixtan den bezala. Lana eta besta ez ziren oraino osoki behexiak. Biak gizonaren urrats goxoan ibilki.

        Jendek bazuten eta hartzen zuten denbora artzeko eleketan etxekoekin mahian, auzoekin bidean, herritarrekin plazan. Ez zabiltzan hilitoka, su hilzaleak, edo ipurditik su zutela iduri. Heletan zioten bi irri zaflaren erditik: «Eiharalde zaharrak ez duenaz geroz lana hil, ez dik nehork hilen!». Eiheralde langile bat zen gaitza, sortzez garaztarra. Bizkitartean aipuak zerasan: «Ez haizala ibil emaztegaiketa Mehainetik goiti Amikuzerat: sobera langileak dituk. Ez haizala ibil emaztegaiketa Arrosatik goiti Garazirat: sobera alferrak dituk!». Urruñan jalgiko dute, baso arnoaren aitzinetik ez xutitzeko: «Hago baratxe! Kitorik duk denbora!». Familia ez zen aita ama eta haurretan gelditzen. Familia, aita ama haur ahide auzoek zuten egiten. Familia oraino leinu. Eta leinuak nahi besta elgarretaratzeko. Orai igandetan jo beribilean etxerat; orai bidean bakotxak bere hura gogoan; orai etxean telebixta, bere aho haundiarekin, kalakan ari. Desegin besta; desbesta nagusi. Ixildu irria. Ixildu kantua. Gelditu oihua.

 

 

        Erran zaharrak dio: «Gizonak etxea jaten dik teilatutik, emazteak zimendutik». Ahopaldi hori gizon batek ateratua ditake, egia ez nahiz aitortu: «Gizonak etxea atxikitzen dik tente teilatutik, emazteak xut xuta zimendutik». Garran, bertze askotan bezala, udan lanean ari izan idi meheak, neguan gizentzen ziren udaberri hastean saltzeko. Amak zituen bazkatzen, gu, haurrekin eta neskatoarekin. Zion gizonek sobera sorho eta arto aldian emaiten zutela, lana egin-eta, berriz hasterik ez ukaiteko, eta kabalek haur ttipiek bezala, nahi dutela aldian guttiño, bainan aldia usuño. Gizonek, jin-eta, banakatzen zuten arbia, besotara arbia emaztearentzat hazta gogor izaitea gatik.

        Bazutena emaztekiek halako bihurri bat, gizonek ez baitute nihun aise ezagutzen emaztekiek egin lana, eta nagusiaren begiak baino gehiago gizendu dituela idiak emaztearen eskuak? Baditake. Amari aditu diot: «Pello, zer egin duzu bekatu? — Emaztea urkatu. — Hori ez da bekatu. — Pello, zer egin duzu bekatu? — Zakurra zanpatu. — Hori da, hori, bekatu!».

        Denetan bezala, Garran, gizonak, haurrak, neskatoa mahian. Eta ama supazter ondoan, handik deneri beha, handik dener eman behar zutena, gogoetan sartua, norbeitek ez bazuen bere pozia jaten.

        Jiten bazen, hala nola xerri hiltzetan, auzoko emazte bat amaren laguntzerat, harek ere jaten zuen amak bezala, supazter ondoan. Ez nahi, gomitaturik ere, jan gurekin mahian. Hura ere ama. Hura ere etxean bezala, bertzeen etxean, etxekandere.

        Horri behatu-eta hasi dira gogo gutiko gogolari ergel zonbeit, baizik-eta emaztekia erdeinatua dela Euskal-Herrian, mahitik bazter sukaldean, galerietarik kanpo elizan. Aise, eta beharbada sobera aise, itzuliak ditazke arrazoin horiek. Bertzetarik bazter ez dea egoiten aintzindaria? Galerietarat igaitea, ez dea akidura bat, gizonak bere gain hartu behar duena? Badituzte zer-nahi balentria hitz gizonek moldaturik. Diote: «Emazteak, itzala iduri: segi-zazu, ihes doa; ihes egiozu, gibeletik duzu». Eta arruntkiago: «Emok zakurrari hezurra, emazteari gezurra!»... John Opalak, amerikano idazleak zerautan, Landesetako familietan, behex ditazkela bigarren gizamendean oraino Euskal-Herritik jalgi jendeak: han amak ukanki etxean, bertze etxetan ez duen hazta. Hara zer gatik eta berdin bortizkiegi asko mintzatuko diren EuskalHerrian bizi dela aspaldiko Matriarka edo Amatasuna, orotan azkartu delarik Erromanoek ekarri Patriarka edo Aitatasuna.

        Iker dezagun mintzaira, mintzairan baitu jendeak kokatzen bere aburuaren aburua. Azken hitza, hitzak bere. Euskarak hitz lagun bera emaiten diote, ba gizonaren, ba emaztearen izenari. Euskarak bere sola setan ez ditu behexten arra eta emea. Biak ezartzen ditu mail berean.

        Emaztearen apaltzea edo altxatzea bertze ozka batetaraino, bi iduripen, biak berdin okerrak. Aitak eta amak, elgarrekin hartzen dute hola edo hala jokatzeko xedea. Bainan gizonari da xedearen kanporat agertzea. Erran du ez «Ni», bainan «Gu» erakusterat emaiteko familia ezin behexizko mokor bat dela, buru hau hunki, eta bertze burua inarros. Emaztea lehenik eta gorenik mintzatzea ahalgegarri litake, ba emaztearentzat, ba gizonarentzat. Etxe hartan emazteak ibiltzen dituela senarraren galtzak? Ez, ez, araiz!

        Bazen Heletan gerla ondoan emazteki bat ernea, ona, doi bat jauzkorra, eta gizona hila izaitea gatik, bere zuzenen begiratzeko, auzika artzerat bortxatua. Jenderi ez zitzaioten hori hain pollit. Emaztearentzat, mokoka ha; emaztearentzat auzika, ez, Deitzen zuten, usu mintzatzen zuen Ritou notariaren izenetik, «Ritusa».

        Ttipian ez naizena ohartu, hau da. Ezin bizia joka ari zela asko etxetan. Ez naiz ohartu, Garran baitzen behar zen hura, nasaiki. Igandetan beti, eta etxe ttarro guzietan berdin, salda bermixela, eta haren ondotik haragia tomatearekin. Gasna beti. Fruiturik sekulan ez. Madari, gerezi, piko, mertxika, mizpira zauden beren abarretan. Amak bil jelera edo marmeladaren egitekoak eta gaineratekoak, nork noiz nun zaukan lehia, eta lehia arau har eta jan. Fruituak xorientzat eta gazteentzat. Mutilek papotara bat bazeramaten ebiakoitz aratsetan, «neskenegun» aratsetan, Xuberoan dioten bezala, zoatzilarik bere maitearekin solastatzerat. Ikusi dut Hendaian gazte bat, sagarrak emanak atorra zare gisa, larru-has, eta egin: «To lehengo arak, itzuli-mintzuli, berriz heldu dituk!». Kafea bazen besta-egunetan. Askotan emaztek ez zuten nahi, hartarat ez jarriak izaitea gatik. Berdin, arnoa, igandetan, edo lana bortitz zelarik, hala nola ogi sartzetan, eta bixtan den bezala ogi joitetai:, eta arto xuritzetan, eta urde hiltzetan. Bainan horiek ziren erdilanak, eta osoki bestak. Bazen jendea trumilka. Denak zerbeit ari. Kantuak eta zirtoak alderdi guzietarik pizten, hala nola egur hezetik, supazterrean, klaskak eta pindarrak.

        Ogi joitetan, guk, haurrak, lasto metaren inguruan, haxen ezpartzuak bil, eta hamarnaka estekaturik ezar; eztulka pu-pu-pu-pu ari zen suzko lokomotibaren ondorat, egur xehatuak hurbil. Bezperan, idiak joare ederrenekin, estali berrienekin, uztar estali garbienarekin, zonbeit behi pare lauzkatzeko, izanak ziren, bide erdi, Donoztirin, delako lokomotiba beltzaran eta «bateza» gorristaren hartzerat. Bazela arrabots eta espantu! Usteko zinuen biharamunean printzesa baten ezkontza zitakela. Gu, haurrak, denen zangoetan trebes. Aditzen gintuen zonbeit oihu: «Zoazte hortik, haur txarrak!». Bainan beleak airatzen baitira, eta berriz itzultzen, gu berdin. Mekaniziera, Makaxa, gizon ona baitzen, hartzen gintuen besoetan, xixtua jalgi-arazteko zintzur zolatik, lokomotiba ihizi itsusiari, eta guk, alegia-eta izituak, oihu.

        Arto xuritzetan, emazte batek hasten zuen arrosarioa, bere mixteriorekin. Gauerditan azken zakua bete, gopor bat xokolet-esne jan, eta etxerat. Zer loria! Iduri zitakela eguberriko gau miresgarria. Ez zen ahantzi behar, nor nun zen azkenik erabilia. Bakotxak atxikitzen zituen bere konduak, eta ez nahi aldia bertze bati utzi. Alegrantzia berdintsuarekin bazoazin mutilak ba arto xuritzerat... ba holakoa hil zela ahider jakin-arazterat... Azken hori, itsusi da erraitea... eta zuek, Farisauek, kedar pozia bezain idor ezar muturra... zer zoriona! Bazoazin goizik, argia hasi gabe, oinez, eta urrun bazen, zaldiz. Etxerat itzuli-eta bazutela erraiteko. Holakoak eman jaterat, holakoak edaterat, holakoak eskaini, holakoak landatik igorri... Hori dea jendetasuna?... Ez ez, holakoa ez da jendea, holakoa pika haizatzeko hesian kokatu mamua! Hunek eman meza: hara saria. Harek erran jinen dela bera. Harek, orai familiak urrunduak direla. Ez da jinen. Ez du eman mezarik. Bainan jakin nahi ukan du nola den zendua zendu, eta berriaren igortzeaz itzultzen dauzkitzue eskermilak.

        Norbeit gorputz deneko etxean, han dira lehen auzo senar-emazteak. Heieri erakuts nun diren gauzak, eman gakoak. Beren gain hartuko dituzte lan gauzak, kabalen eta jendeen artatzea barne. Familia dago bildurik gorputzaren inguruan. Aratsean jinen dira bertze auzoak, deskantsa dadin familia. Lehen auzoak ekartzen elizatik kurutzea. Lehen auzoak, kurutzea eskuetan, bidatzen jendetzea elizarat. Lehen auzoak beren lerroan ezartzen elizan familiakoak. Etxerat itzuli-eta, jan aintzin otoitz egiten hilaren ganbaran; jan ondoan, mahian erraiten hiru Agur Maria, bat zenduarentzat, bat haren familiarentzat, bat multzotik urtean hil ditakenarentzat. Harek meza sariak biltzen. Hura urrats guzietan buru. Ez dita gauzak ederkiago iragaiten aitoren seme jauregietan.

        Etxekoek begiratzen dute meza emailen izen-xerrenda. «Elizako zorrak, elizan dira ordaintzen». Horrek erran nahi du, meza emaileari, meza zor zaiola, harekin samur izanikan ere. Zorra samurgoaren gatik ordaintzen ez duena, gixona, bainan ez gixona.

        Mekanika ororen besta. Urde hiltzea, guziz gizonen besta... Urdea hiltzeko tenorean, goizean goiz izanik ere, han ginen etxeko eta auzoao haurrak. Hiltzaleak eskaintzen zaukigun urdearen buztana: «Habil! Landa-zak... Beste urteko, sortuko duk xerri bat pollita!». Eta guri holako solasa itsusi. Ez ginela ez haurrak zer nahi zozokerien sinesteko... Odolgiak egosi orduko kal-kal-kal bertz horian, gizonak han ziren, zangoak mahi azpirat, jastatzeko urteko odolgiak, eta urte aintzineko urinekoak. Etxeko andere onak, zer gerta ere, ba zonbeit poxi untzien zolan.

        Mekanika denen besta. Urde hiltzea, bereziki gizonen besta, eta boketa eguna, osoki emazten besta. Bezperatik mihiseak ezarriak ziren zurruan, hautsarekin trenpan. Boketaren egiterat joan behar zen Latse ko eiherako zurrupitarat. Eguerdiko denak mahian. Gizonek orgetan harat hunat ibil zurrua. Ez zuten lan horrendako begi ukaldixka bat baizik. Hori emaztekien saila. Ez heien ildoa.

        Santa Katalina feiria eta Besta-Berri igandea bere Otabarekin, Heletako egun haundiak. Bi urrats Heletan urteak. Garretarrentzat bazen bertze kukulu bat. Hiru urrats urteak Garretan... Urte oroz egiten zuen Garrak gisu-labea etxetiar batekin. Urte gehienetan egiten zuen gisulabea etxetiar batek etxetiar batekin. Urte askotan egiten zuen gisu-labea bazterreko batek bazterreko batekin. Holako arrakasta zuen Garrako gisu-labeak, ukaitea gatik aterbe bat berogailuen idorrik atxikitzeko.

        Lan gaitza gisu-labea. Gizon lana. Harria jalgi behar Muane, ondoko menditik. Ihaurgia bildu inguruko larretarik. Lauetan bogoi orga ote, zonbeit laharreria bertzalde. Gisu-labeak irauten du hameka egun. Eurixka bada, berdin hamabi, hamahiru egun.

        Egunberri ondotik laster gizonak badoatzi mendirat, argia hasi orduko, dailua lepo-ondoan, sega-marteiluak, ungidea eta marteilua, edo sorbaldatik ixtaklok, edo zaku batean emanak; sega kotxua bere harria rekin gerrikoari lotua. Bezperan, zakuaren gainean lur-arras jarririk, bi zangoak luze, ungidea zangoen artean lurrari finkatua, ttank-ttank-ttank ari izanak dira epaileak jo eta jo xorroxtu beharrez bere dailua. Bainan tokia idorra bada, sega zalu mutisten. Harriarekin farrasta baten emaitea ez aski. Aitak zion: «Hamabi epaile badituka? Kondazkik hameka». Beti bat dailua xorroxtu beharrez ari, jarria.

        Gisu-labeko hargin paregabea Dona Martiriko Laurendi. Indarra ba nahikoa, jeinua araberakoa, oldarra bergisakoa. Bazuen beti, gu haurrentzat, ele en bat. Egiten zuen su-ziloaren gainean harrizko arkua. Gero harria uzkail gisu-labea bete arte, eta gorago hel, arroltze baten pare, arroltzeak gizon tarroaren heina. Arroltzea jaustearekin lur-arras, errea gisua. Lehenik egiten zion Laurendik gisu-labeari aho ttipia. Haur sortu berriak bezala guti jateko aski su umeak. Bigarren edo hirugarren egunean, zabaltzen zion aho ttipia hartarik egiteko aho haundia. Jateko gehiago galde egiten su azkartuak. Bere ezpain gorria luzatuz, hurbildu orduko, klikatzen otea, iduri mozkor arnoari ekarria.

        Haizea zelarik, gaineko arroltzeari egiten zioten lurrezko kuskua ez zadin sua barrea. Denbora goxatu-eta, aste saindu irian, pizten ziren gisu-labeak.

        Kondatzea bat da. Polliki kondatzea, bertze bat. Gorri beltzatuak, etzaterat badoan iguzkia balitz bezala heien arpegian kokatua, ez ziren lanetik eta zirikatik gelditzen gizonak. Heien balentria, orga otea zoinek gorago, zoinek zabalago kargatzea. Bide bihurgunetan sardearekin xut egoiten orga otearen laguntzea haizu. Malapartatzen bada haatik, trufak laster ezpainetarik kanporat jauzi egiten.

        Baziren gisu-labeko ebanjelioak eta epixtolak. Laurendi nun da? Hepaka has eta jalgitzen da aho ttipitik luzatuz axeria bere zilotik bezala. Bere lanaz dudarik ez, lo-aldia egin du harrizko arku azpian. Ikas etxetan erakutsi daukute Napoleon lo zagola Austerlitz-eko gudu goizean. Balentria balentriatei, balentriak balentria du balio. Bainan ez denek gogoan balentria berak ondikotz atxikitzen herrian.

        Gisu-labeak emaiten ditu bana-bertze mila kintal gisu. Kintalak egiten berrogoi eta hamar kilo, ez batzu sobera haztadun izan behar aise bizkarrean ibiltzeko. Mila kintaletarik lau ehun ezarriak salgei. Guziz Luhoso eta Suhuskune erosle, gisua hauta izaitea gatik mahastien ontzeko. Gaineratekoa hustua da multzoka landetan. Bakan izaitea multzoak, itsusi. Sobera saldu bada, froga hor kurrinkaz ari dela, diruz arin, sakela.

        Baginuen Garran jatekoa. Bainan nork daki auzoko berri? Bazen Mariena emazteki xahar bat, Koxtera deitua, bi barne ttipitan, Etxeberriaren gibelean, Koxtera deitu bizitegian zagolakotz. Mutxurdina, be gitartea erneta deitu sagarra negu bururatzean bezain beltxaran eta bildu eta ximur.

        Emazteki prunta. Garbiki emana. Nihun zilorik edo zikinik gabe. Xahartua baitzen, ez zitaken izan goizkera, izanikan ere Koxtera. Bazkaiteko han zela, bixtan dena da... Afaiteko ere. Iduri Jean-Baptiste Chardin, 18-garren mendeko margolariak egin oihal hunkigarri batetarik jalgia, jaten ari da supazter xokoan, burua beheiti, arpegia suak argitua, gopor bat esne badu eskuan. Bi ogi-xerra dauzka belaunaren gainean. Amak egiten dua urrats bat sulardari buruz, eta Koxterak sartzen du, siki-saka, iniminiklik, biharamuneko haskariarentzat ogi-xerra bat sakelan. Horiek hola, gu gazteak; gu tzarrak. Gu, alegia eta deus ez, beha. Bazuen Koxterak Italiako sakela huslen ernezia, bere behardun sakela mikoaren doi bat hanpatzeko. Bainan guk soa bipil. Bainan guk ikusi. Mutilek eta nik egiten ginion eztul bat gaitza. Koxterak briubrau ogia bildurik, eskua jalgitzen. Ama itzultzen, baitzakien zer zitaken gertatu. Eta gu, tanpez ixiltzen. Oraino beldurti den gazteari, beldur egin-araztea laket. Nola oihu egin ikasten ari.

        Geroztik, ene adineko emazte batek aitortu daut, haren ikusterat eritegirat joan-eta, zer kezkak zituen ezin biziarekin bere familian erabili. Bertze batek nola, lanetik etxerakoan, ikusi zituen gaztena andana bat, ilargitarat dir-dir, lehenago juduek mana ikusi zuten bezala. Altzotara bat bildu. Egos-arazi. Nigarrez ari ziren haurrek jan ahala jan eta lokartu-eta gostuan lo egin. Aditu dut ere: «Zer eginen ginuen ez balire izan gure laguntzeko Garrako Pollina, eta Xuhiteiko Maiun?». Taulier txar bat soinean, espartin higatu batzu oinetan, amak bazakien bertzentzat haur baten beztitzeko gai ditaken oihal lilistatuaren erosten. Haren ondotik nabilan, merkatukari, Irisarri Duprondeiko anderek zaukaten saltegian. Eta ez nintzana lau lorietan! Banakien Juli dendariak bazaukala enetzat behexia, oihal metaren azpian, oñoña bat hauta. Aldi bat ere, langileketa aitak igorririk aditu dut: «Ba gu beti langile... Gu beti deus ez! — Bainan, ez zaiteztela jin... — Ba, jinen gatuuk ba! Beharko! Gu beti esku-makil».

        Gizonak, burutik joan-eta, ez du hain idorki joiten zamaria, baiziketa ezin biziak gizona. Eta gizonak ixilik egon behar. Gizonak putingarik ezin aurtik. Nori behar luzke aurtiki? Ezin bertzeak ez du begi tarterik. «Nehor» haren izena, «Guziak» behar lukelarik deitua izan. Metzikan eta Perun ibili naizelarik, eta hoinbertze euskarazko izen aurkitu, gogorat heldu zaizkitan, alde batetik Euskal-Herriaren zorigaitza, eta bertze aldetik Euskaldunen beldur gabea. Asko jendek egin dute hoinbertze. Tilet bat gehiago, bihi batek ez.

        Garran beti gose hamikatuak ikusi ditugunak, gatuak. Altabada, emaiten ginioten esnea. Bainan gatuak esnea baino laketago xingarra. Emana ba no traiteago ebatsia. Kasik sudurraren azpitik ikusi ditut ga tuak, zirt, nehori baimenik galdatu gabe, zartainetik xingar pozi bat hartzen eta patta-patta zalu ihesari lotzen. Hura ihesari, gu lasterrari, Gatxi-it...! gatxi-it eskalerrari goiti jauzi. Sartzen balinbazen selauruan, akabo. Bainan utz-arazten baginion nik eta mutilek, hura nahiago... Zer den gazte izaitea... Gatuak baitu asmua eta pozi hoberenari lotu baititake? Baditake. Izaitekotz nexkato minjulin horiek ez baitute nahi. Bainan gu futitzen, Gu gizonkiak. Gu gizonak.

        Adinekoen artean, guk haurrek egiten ginuen gure multzoa. Herriaren erdian, zilatzen gure herria. Juduek kokatu dute «kibutz» bere bizitegietan haurren bizitegia. Ez dute deus berririk kausitu. Bainan bi zitzeko elgarrekin, ez ginuen haurren bizitegi bertzi beharrik. Josteta, mokoka eta noiztenka joka, gure lokarri. Solasak, irriak, eta batzuetan nigarrak, gure zedarri. Garretako zipu ingurua gure eremu, haren ondoko labea, gure bil-toki. Etxeak oro, gure etxe. Nagusi seme ala etxetiar seme, denak nahas-mahas, bihi batek ez jakinki nor zitaken etxetiar eta nor nagusi. Egun hego, egun ipar; egun hunat, egun harat. Egun Garran, ez baginen Garakotxean, ez baginen Etxeberrian, eta zendako ez Gazteluan? Beti haste, beti etxe berri. Nun baginen ere lau orenetan, eta ukanen ginuen han, hango amak emanik, gure ogi poxia, kuller ttipi bat edo bertze erreximetekin. Ez ziren aberatsak, bainan haurrentzat deus ez sobera. Garran, amak emaiten zaukigun xokolet-presa erdi bat bakoixari. Jin zena eguerdi, edo jin zena iluntzea, amak abiatzen ziren bere haurren gibeletik, bertze ameri oihuka: «Erraxu, gure haur tzar horiek zure etxean direa?». Eta etxean baginen, hango amak erraiten: «Zoazte ralu, ama kexu duzie!». Baginakiela lasterka, urtxoak badakien bezala hegaldaka! Baginakiela gaizkiaren burrunba pean urtxoa euri uharraren azpian bezala, ixil-ixila geldi-geldia egoiten!

        Sartzen ginen etxe guzietan. Gutiago Jauregian eta Haruxtegian, hor ez baitzen gure adinetakorik. Berdin begi on egiten zaukuten. Haurrek debrua berekin dutela diogu Euskaldunek. Nahiz berekin duten, barna go begirale, aingerua. Beraz, erro-arazi nahiz, Mayi Haruxtegiko andere ezkongeia, jalgi ginion zerbeit solas itsusi, nunbeit aditua. Bainan joak bildu errefera. Bakotxak bildu berea eta nik: «Ba, hi, buhami arrazatik haiz. Hire aitatxi ohakoan zelarik ebatsi zian buhami batek, eta bere haurra haren tokian ezarri». Sinetsi nuena? Ez dut uste. Bainan nik ez hitz bat ere salatu. Holakoak gira Euskaldunak, hetsiak. Utz gureak gure. Besteek ez zila.

        Haur denboratik badut orroitzapen bat kiretsa. Haurrean beti eri izan naiz. Ez dakite osagarria dutenek haur eri ahularen zorigaitza. Bertzeak pleka, eta hura so. Bertzeak balonean, eta hura eleka.

        Bortz urte nuzkeen, nunbeit-han, eritasunak ezarri ninduelarik, biziko dea? hilen dea? bilintzi-balantzan. «Krup» zintzurra hesten eta itotzen duen eritasunaz hartua nintzan. Mikoa zen oraino jendek mikro betan zuten ezagutza. Sortua zen, bainan ez zabaldua bere on-gaixtoekin, Pasteur jakintsunaren mendea. Diot bere on-gaixtoekin, ezen badira uzkur bizi dagotzinak ikaran hea ez dutenez nunbeitik noizbait mikroba-zipu bat iretsiko. Hartzen dute sendagailu eta sendagailu, buruko min baten iduria senditu orduko. Ez eri eritasunetik, eritzen dira eritasun beldurretik.

        Orai sobera larderia. Lehenago ez aski.

        Jin zaitan zaintzeko, Xuhiteiko Maiunek igorririk, Jana-Mari, nihaur baino hamar urtez zaharragoko ahidea. Larre Irisarriko medikua egun guziz heldu, nik hatsa beti nekezago hartzen, hel egiten dute ene burasoek Rousset, Donibane-Garaziko medikuari, bai-eta-ere Baionako Delay xirurgienari. Donibanekoa lehenik etorri. Haren arabera, orduan berean, han berean, harek ezarri tresnekin zintzurra ideki behar. Ikusten dut ohe aintzinean bertz bat, ur irakitua ari pur-pur handik jalgitzen lano bat, nik hura hats gisa hartzeko, eta nik ez nahi, Jana-Marik gaizkiturik ere.

        Ikusten dut sukaldea, argia gora erdian; erdian ere mahaina dafaila xuriarekin, haren gainean ene etzateko. Ez dut ikusten Rousset anderea, bainan ikusten ditut haren bi zangoak orduko oineko botoindun hertsietan tinkatuak suari emanak, negua izan baitzitaken. Ni amaren eskuetan. Aditzen dut ene boza: «Ama, hartuko dut lanoa zapartaka ari gabe». Ez ditut aditzen bi medikuak. Bainan ari omen ziren haparkan, Larrek bazuela erremedioak lanaren egiteko denbora, Rousset-ek ezetz eta haren emazteak, aditzen duten marmarika batean, ezetz eta ezetz. Orok zioten sudur fina zuela Larre medikuak... Irulegiko mahastizaina, arnoaren harat-hunetan, eta Larre medikua gorputzaren gora-beheretan, berdin paregabeak zirela. Ene aitamek bazuten fidantzia Larre medikuan. Zonbeit orenen buruan etorri zelarik Delay, erran zuen irriskurik ez zela. Lo nintzan omen, sendotua.

        Noiz-nahi marranta nintzan. Igor aire aldatzerat Hazparne Ixturiantegirat, aitatxiren alderat, eta omen marranta itsutua, larrua murrua bezain xuri etorri, bi begi xurpailek jaten zautalarik arpegi osoa. Gutik egin zuen ez baitzen ama xurrupitan nigarrez hasi.

        Behereko ganbaran, amatxiren ganbaran egiten nuen lo. Goizean goizik, ez dakit noiz, arrabotsik gabe, idekia zen atea. Ainara bezain arin, sartzen zitzaitan ama, atorra altxatzen eta bularren gainean emaiten «Papier Vlinzi» deitu bi hosto, batzuetan behar bezala epelak, batzuetan sobera beroak. Lotzen ziren larruari eta astexka baten buruan, pozika erortzen. Ez nitiron ikus. Bainan jadanik amak lana egina zuen, eta leporaino estaliak altxaturik urrundua: «Egizak lo, iratzar-araziko hut jinen delarik eskolarat joaiteko tenorea». Behatzen nioten leihoeri. Beltz-beltza murrua leihorik ez balitz bezala. Oraino gaua.

        Hamabi urtetan amak berekilan ereman ninduen Kanborat. Hamalau urtetan igorri arreba gehienarekin Kautereserat. Egiten dute aitamek ahal dutena. Debaldetan. Zer pazientzia ez dute beharko enekin lagunek, ene jasaiteko, eztulka!

        Beharko dut hogoi urtetarat heldu, soldado gisa egun osoak kanpoan bizi, Alemaniako lur idor hotzean, gainaren hartzeko, ez baitzaitan goizegi. Hartze nintuen urte osagarrikoak, eta Jaungoikoari esker ukan ditut naski frango polliki.

 

 

        «Ezagut-zak hire burua». Lerro hori irakurtu zuen Zokratek Delfeko tenploan eta utzi ondokoentzat manamendu gisa. Manamendu horri jarraikitzeko eman dauzkigute hogoigarren mendeko gogolariak, bertze mendetako jendek ukan ez dituzten solasak edo tresnak. Zer mutiko nintzan, eta nolakoak dira, ene iduri egin, asko mutiko Euskaldun?

        Carl Jung Suisako gogolariak behexten ditu jenden jiteak bi lerrotan. Ezartzen alde batetik barnerat itzuliak, bere baitan aurkitzen baitute zer ikas, eta zer ikus eta zer asma. Dena amets. Eta ametsa, batzuetan ments. Beldurrak bar dezazke mundu dorpearen aintzinean, nahiz gogor egin dezaketen, bertze edozoinek ez bezala, gogoan duten hartarat aise ez bada nekez gauzen bihurtzeko. Ezartzen ditu bertze aldetik kanporat itzuliak, beti bazterretarat beha, nundik jinen den pilota, nola punpatuko, zafla itzultzeko eta kintzearen, bertzeak ohartu gabe, eremaiteko. Baditake egun guzietako gudukaz aseak, itzul ditezen beren buruari buruz, han aurkitzeko aspaldian ahantzi etxola. Aspaldian utzi amaren sabel epela.

        Ba aitatxi, ba aita, zirelarik kanporat itzuliak, nolaz jin ote naiz, ni, barnerat itzulia? Ziburuko besten karietarat galde egin zerautan Cachenaut, orduko jaun apezak, mintza nadin, meza denboran. Eliza kuk jendez betea. Barne hauta. Aldare gibela gaineraino urrez estalia. Erdian irri eztiño batekin Maria, Bakearen Birjina. Mintzo naiz, dutan kar guziarekin. Eta nihaur hunkia, bertzeak hunki. Eliza alazean, goresten nute Ziburutar ezagun batzuek. Han zen Mintegi arno saltzailea, ni baino dorpeagoki ihardokitzaile gisa, Alemaniako presondegia jasana. Ateratzen daut: «Ez zitela batere urgulutan sar. Duzun hori amaren hatsak dautzu emana». Usu mutikoa amatar. Nexkatoa aitatar.

        Sortzeak emaiten daukigu jitea. Sortzeak emaiten, eta herioak eremaiten. Ardura holakoak gira gu Euskaldunak. Badukegu Bretaniako haur ametsdunen eite. Aspaldiko artzainen seme, aspaldiko artzaina lo ditake gure betespal erdi hetsien gibelean. Euskalduna mintzo da kantuz, pikor nigartsu batzu nahasiak bozaren daldaran. Euskalduna emaiten da dantzan, hezteko barnean estekaturik daukan tirria. Euskaldun laborari xumeak badu jauregietako jaunaren ixila, neurria, jaunaren jauna.

        Ongi horrek badauka bere gaizkia. Holako jendea minbera, eta untzi eder mehe baten pare, hauskor. Diote Euskaldunak ez balitu ba kofesioa, ba ostatua bere axolaren ezeztatzeko solastatuz edo apezarekin edo lagunekin, aise ito litakela bere barneko errekan. Ahopaldi hori ez ditake osoki gezurti.

        Heymans eta Wiersma Holandako gogolariak behexten dituzte artzainak marroak eta ardiak bezalatsu, alde batetik lehenkariak, guk Heletan erraiten dugu «koskak», Uharten erraiten dute «marroak». Zer bait gogorat jin-eta jak, orduan berean eperik gabe, ihardok kiski-koska kisk eta kosk. Holakoa izan ditake aldakor. Eta bertze aldetik, bigarrenkariak, lehenik gogorat jina, berriz gogorat itzul-araz, hausmarrean ari dela iduri. Holakoak maiz ezin aldatuak. Bigarrenkariak izendatzen ditugu Heletan «enterkak». Bat ari da hastetik hordagoka, bertzea beti idukika. Batek sobera irriskatu duela urriki, bertzeak ez duela aski jokatu arrangura. Batek laster ahanzten, bertzea luzaz orroitzen. Gizonarentzat bide koska izaitea goresgarri. Gizonarentzat bide, bainan ez emaztekiarentzat, enterka izaitea ahalgegarri. Hobe! Ez naiz izpirik enterka, bainan asko Euskaldun gizon bezala errotik koska.

        Freud Otrixiako medikua ditake hogoigarren menpeko bururatzean gogo ikerzaletarik aipatuena. Jakiteko zer giren, Freud jauna, emazkigutzu, apur bat denbora, zure begi-aintzinekoak.

        Zer nukeen? Bederatzi urteko hori. Ametsetan banoa Garrako zipuaren ondotik eta ziputik jalgitzen da gizon begitarte itsusi bat, arpegia irri maltzur batez gainerat eta bazterrerat zabaldua. Jalgitzen da jauzian, gerriraino altxatzen, eta berdin urerat itzultzen jauzian. Holako begitarteak ikusi ditut trumilka «Zatire» deitu Greziako itxuretan. Dantzari dira, Dionizoz, oldar basako dantzarien elgarkoan. Bainan ikusi ditut geroztik. Orduko ageria ez zen orroitzapenak ekarria. Bainan bere baitarik jalgia. Ez iraganetik iragana, iraganen lekuko. Bainan geroaren hatsetik sortua, geroaz mintzatzeko. Zerautan jaidura onekin, nahasiak daudela jaidura gaixtoak, ur garbiarekin lohia. Jung-ek dio badirela itxura nagusiak, igitu gabe hala-hala daudenak gizonen artean, mendetik menderat. Itxura nagusien nagusia, Ongiaren eta Gaizkiaren itxura. Gure jitea beti Gaizkirat ekarria. Bainan gure jitea izan baita Jaungoikoaz orratua, gure jitea, beti, Ongirat itzulia. Bi Nagusi badaude banderak eskuetan, dio Iñaki Loiolakoak: Debrua eta Jesus Jauna. Guri hautatzea. Hautu horrek egiten du gizona. Uste duenak ez dela Gaizkia landatua ba munduan, ba bere baitan, hura giza gaixo. Hartaz egiten da irri. Uste duenak ez dela Ongia landatua ba munduan, ba gure baitan, hura giza gaizo. Hartaz ez da egiten irri, sobera beldurgarri izaitea gatik. Lehena ainitz enganatzen. Bigarrena gehiago. Lehena oker, bigarrena itsu.

        Freud-en arabera, gizonaren ekeia, gutizia, eta gutizia guzien mamia, libido, lohikeria edo lizunkeria. Zapa zazu gutizia eta jalgiko zaitzu, edo maskatua ametsaren barnean, edo bidean gordea, makurtzen dauzula hitz bat, huts egin-arazten urrats bat. Zapa zazu gehiago, eta ezarriko zaitu eri, sendatzeko beharko baituzu zure bortxari ohartu, eta ohartuz zapadura desegin. Bortz urteak gabe, pizten da mutikoan Edipen koropiloa, nexkatoan Elektren koropiloa. Mutikoak ama oso-osoa beretzat nahi, eta mutikoak ikusten, tenore berean, ama osoki aitari buruz dagola. Hargatik mutikoak aita ezin ikus, koropilo hori desegin arte. Orobat nexkatoak ama berdin hastial. Semeak aita hil nahi. Alabak ama.

        Beha eta beha egon naiz miletan putiko kozkor tipieri, jakiteko hea Freud-ek dituenez gauzak ongi agertu. Ez zait iduri. Mutiko tipia ez ditake bazter aitaren zangoetarik. Nigarrez ari bada, laster amaren ganat; beldur bada, jo aitaren ondorat. Aitari beha dago aho xilorat, ahur barnerat. Aitak errana, zuzena. Aitaren lana, erakaspena. Zafraldi bat emanen dioia azkarrago batek? Haurrak jalgiko dio: «Hago! erranen diat ba aitari». Ene aitak baitzuen bertze egitekorik, ez nintzan menturatzen hari ene haur goiti-beheitien salatzerat, eta ezinbertze horrek zaurtu daut guti edo aski bihotza.

        Izaitea hobeki ikusi duke Adler Suisako gogolariak. Harentzat gizonak badauka sortzean ainitz nahiren koropiloa. «Ahaltasunaren nahia» dio Nietzsche-ek. «Jaungoiko izaitearen deia» derasa Malraux-k. Haurra sartzen delarik adinetakoen mundu kankailean, haundi-nahiaren koropiloa uzkailtzen da, bilakatzeko guti izaitearen koropiloa. Egonen dea gizona guti hortan? Ez dezake. Ametsetan, ez bada obretan, ordain baino gehiagoko du, ukan muturrekoa: Zikoitza obretan, solasetan emankor; beldurtia bidean, bihotzdun haroan. Zer hortarik heldu dira euskaldun ahopaldiak: bertzentzat oro jakinki, eta beretzat deus ez; kanpoan oilo, etxean oilar; ametsetako lukeinka (alferrak hura baitu bere sabel hutsaren betetzeko, jateko hauta).

        Ez da Adler-en eretzean lohikeriatik heldu ainitz nahia, bainan ainitz nahitik lohikeria. Haragian bezala hunkia da gizona gogoan. Eta barnago gogoan, ezinez-eta haragian. «Ez naiz izanen zure zerbitzari», zion ihardetsi Luzifer-ek Jaungoikoari, eza horrek egin baitzuen haren baitan, aingeruen erregetik, debruen erregea. Napoleon, Mussolini, Hitler, Staline, Mao Tse-tung, izaitea gatik, ttipian, Bernanos-ek ziona «haur gutietsiak», bilakatu dira, haunditu-eta, erroturik heien baitan ainitz nahiaren koropiloa, munduaren jabe ikaragarri. Nun bazuten ere zangoa emaiten, eta handik odol iturria, burrustan jalgitzen.

        Adlerek ez du Freud endurtzen, bainan du bere menpeko ezartzen. Freud-en ikertzeak gelditzen dira, bainan Adler-en solasen hazkurri. Bas-herritar ttipiak iratzartu orduko ikusten ditu gatua bero, xakurra ohara, ardia erkara, behia susara, behorra giri, zerria heraus... Bainan ikusten ditu ere gatua aztaparka, xakurra ausikika, marroa koskaka, idiak adarka, behorra uztarka, zerria musuika. Mutikoa hizka hasten da aitarekin, petik goiti abiatu-eta. Bada solas zahar bat:

 

        «Bederatzi urte, haurrak dio: aitak beti arrazoin!

        Hamabortz urte (eta ez bortz, Freud-ek uste zuen bezala): aitak zer-nahi xoxokeria!

        Hogoi urte: aitak deus ez daki!

        Hogoi-ta-bortz urte: aitak ba ote luke arrazoin? (Aita mintzo eztikiago eiherazain sorbaldako gizon gazte lerdenari.)

        Hogoi-ta-hamabortz urte: aitak bazukeen arrazoin!

        Berrogoi-ta-hamar urte: aitak zion...».

 

        Haurrak behar zoin-gehiagoka ari izan, gizon bilakatzeko. Atse gabe gizon hori ukan dezan bere Aita. Edipen koropiloa pizten da semean, aitak ikusten duelarik oraino haren baitan haurra, eta semeak ikusten due larik bere baitan sortzen ari gizona. Aitak ukaitea gatik zuhurtzia, ahurpean atxiki nahi semea. Semeak behar baitu adinari esker bildu zuhurtzia, aitaren ahurpetik jalgi nahi. Aitak uste, semeari eman baitio bere odola, semea bere idurikoa duela. Semeak jakinki, nahiz aitak emana dior duen odola, aitaren idurikoa ez dela. Erregetar familietan kondatzen diri Karlos lehena, Karlos bigarrena. Bainan Karlos bigarrena ez da berri5 sortu Karlos lehena. Hola-hola artzen dira auzika nagusi zaharra eta na gusi gaztea lanean.

        Adler-en lehen eta azken hitza: «Nahi duka gizonari eman askata suna, emok edaterat, esne gisa, nortasuna». Parisen, Londresen, haurral ikusi ditut jostetan ari, etsaieri hartu kanoiak astotto. Ukanen dute aski edo sobera nortasun... Juduek ez dute burdin-behorrik, bainan, bark,, ene ausartzia, zamari dute Liburu Saindua. Beren ezinbertze guzien artear badute nortasuna lodi. Euskaldunak atxikitzen du ahoan haur helderra haren mintzaira, haren gogoaren hazkurria, gutietsia izaitea gatik. Gure mintzaira, urde kurrinka, aker merreka, oilo kolokaren koloka balit bezala, trufatua eta baztertua da, ba Espainian, ba Frantzian. Zaurtzer bide ditu Espainiako eta Frantziako jaunttoen beharri minberak. «Min tzaira esne, eta mintzaira pozoindatua». Alienazioneak ez ditu gorpu tzak estekatzen; gogoak ditu sokatzen. Alienazionea osoa da, ez badi gorputzak sokatzerik, gogoa tinki estekatua delakotz. Herriaren deslo tzeko, mintzairak behar du deslotu.

        Euskara, jalgi hadi dantzarat!

        Nahi nuen jadanik norbeit izan, eta ez zerbeit. Bainan nolako gizon eta nolako giristino oraino ez jakin. Besoak zabal arau, ohartzen da arbola, erroetarik iragan izerdiak bete nahi zukeen eremuaz.

 

 

        Sei urtetan abiatu nintzan plaza-sartzean den bi etxetako ikas-etxean. Batean mutikoak, bertzean nexkatoak, biak laikoak. Ikasle nintzalarik, Joanes Claverie apezak altxatu zuen, Uztaritzeko serorekin, nexkatoan ikas-etxe giristinoa, laikoan fedearen kontrako zerbeit liburu sarturik, hots laikoa zuelarik izena, ez zelakotz laikoa egon. Behar dela diziplina ikas-etxetan. Ez ginuen eskas. Landibartarra bide zitaken Possompes gure erakaslea. Ez zen gizon gaixtoa. Bainan orduko arak, ara bortitzak. Zanpatzen gintuen. Ehaiten. Tipitoa, beltzaran soinekoa, dudarik gabe besoz ongi egina, erraiten zaukun: «Izena dut Martin, hartzak bezala». Emaztea eztia, goxoa. Zoriontsu ginela ikustearekin hura heldu zaikigula. Haurrak, bi-hiru nexkato, osoki lagunkinak, ene arreba gehienaren adixkide onak.

        Etxean beti ari ginen euskaraz. Baditake ikas-etxerat gabe banazkiela zonbeit hitz frantses. Guti. Baditake ohartua nintzala zonbeit hitzen irakurtzeari amari esker. Guti. Bazuen bertzerik egiteko amak. Lehen iraultzea egin zuen, ene baitan, Possompes jaunak. Lan bortitza. Ez da harritzeko, batzuetan eskuetarik joanik ere, errotua, ez bere jabe, larruak ezin atxik.

        Possompes joan, Lagrave jin. Mutiko gazteño bat zen, muztatxa mehe bat, iduri bi ikatz zirrizta, sudurpean ezpainetarik gaindi emanak. 14-eko gerla hasia zen. Gerlarat joan aintzin izendatua izana zen hila bete bat edo biendako Heletarat. Hatxeman dut orduko kaierra. Dena gerla-solas, ez da harritzeko. Aita gerlan hil, seme gehiena gerlan hil, seme gazteena gerlan hil. Ama nigarrez. Aitatxi xutitu: «Soldado hilak mendekatuko ditut. Soldado, orai, ni...». Gauza bertsuak erraiten zitazken Europa guzian. Ez da miresgarri ateratzen balinbada, orduan kalitua izan dela Europa, kalitua eta ehortzia. Beharko dute Jesus jaunaren ahaletik zerbeit, Robert Schuman, Conrad Adenauer eta Alcide de Gasperi giristinoek Europa hobitik jalgi-arazteko, egon-eta hobian ez Jesus jauna bezala, hiru egun, bainan hiru hamar urtez goiti.

        Lagrave erakasletik gogoan atxiki dutana, hau da. Emana zaukigun moldatzerat ipuitto bat udaberriaren gainean. Hasi nuen holaxet: «Negua urrundua zen, urtuak ziren elurrak eta udaberriak eginak zituen lehen urratsak iguzkiak bete ordokian». Erakasleak emaiten daut sari bat gaitza. Gorri-gorria bilakatzen naiz eta aitortzen diot: «Jauna, hitz horiek ene arreba gehienaren liburuan hartuak ditut. Badu liburu bat Printzesaren Joiak, eta nik hartan bildu». Goxo-goxoa behatzen daut erakasleak: «Berdin balio dik. Ohartu haiz lerro horiek ongi uztart zitazkela ipuiaren gaiarekin. Emana eman. Begiratuko duk saria. Ez duk den gutienik ebatsia».

        Ordu hartarik uste ukan dut ikastegietako zoingehiagoketan irahaz nezakela ezkerrarekin. Uste ahal, beraz ahal. Uste hori aski luke ardura gazteak berak ez dakien kaskoetarat heltzeko, berak ez dakien ahalak ukaitea gatik. Bainan badu bertze baten beharra, mozteko estekaturik daukan guti izaitearen koropiloa, herabearen soka. Plaza-gaineko oihuak: «Emak hor, puttil!», egiten du pilotaria, eta erakaslearen mintzoak: «Ongi duk, haurra!», ikaslea. Erakasle hoberena ez da zer nahi dakiena (denek zer nahi badakite), bainan gazteari bere baitan fidantzia emaiten duena. Gaztea maite duena.

        Ikusi dut zonbeit urteren buruan Lagrave jauna. Gerlatik landa, Madrilen gaindi ibilia, ez zen orroit Heletan ukan zituen putikoez. Bainan nik ez nuen ahantzia. Asmatzen nuen zor haunditan nintzala haren alderat. Gure esku ezkerrak ez daki zer duen erein gure esku eskuinak. Azken orenean denak argi bilakatzean, gizona harrituko da ikustearekin zer uztak dituen bere urratsen gibelean utzi. Harrituko gizon xumexumearen haundi-haundiaz.

        Lagrave ateratu. Hirigoyen Senpertarra sartu. Ez dira bi hosto oihanean berdin, are gutiago bi gizon, etxe berean. Adinez Possompes-i hurbilago zen, ezinez-eta Lagrave-i, gorputzez ere ba. Bainan ez larderiaz. Lehenak ainitxko, bigarrenak gutixko. Ez zaukgun laket bizkitartean gure balentriak mihi luze batek edo bertzeak sala zitzan etxean, eta etxetik etxerat hel ziren gure etxeraino, biltzen baigintuen ederrak amak emanik. Begia erne zuen, eta beharria zirrint, Mayi, erakaslearen emazteak. Hura ikusi orduko lañotzen ginela, eta gure tokietarat biltzen, sagua xilorat bezala, gatua ikustearekin.

        Hameka urte. Haundienetarik nintzan. Bester erakasten hasia, erakaslea zagolarik ttipiekin. Banakien zer ihardets. Galde egiten derauku goiz batez erakasleak: «Zer zirezte ziek, Euskaldunak ala Frantsesak?» Nik, duda-mudarik gabe: «Frantsesak!». Izan nintzan goraipatua. Bertze guziek berdin, briu-brau: «Euskaldunak!». Izan ziren ederki trufatuak. Josteta denboran ari izan ginen galde-itzulka. Bertzek: «Bainan gu, euskaraz ari gaituk. Gu Euskaldunak gaituk!» Eta nik: «Euskal-Herria Frantzian duk. Eta gu, nola mintzo gira eskolan? Frantsesaz». Holahola galde egin zuen, diotenaz, erakasle batek mutiko multzo bati: «Bortz urtxo haitzaren gainean. Pan-pan, biga hiltzen ditiat. Zonbat gelditzen dira haitzean?» — Piarresek: «Hiru, jauna! — Ongi!». Pellok: «Bihi bat, Jauna, hegaldatu baitira azkenak. — Zozo bat haiz, eta zozo egonen!». Ez dakit zoin lerrotan ezarri behar nuken ene burua, aspaldiko egunez orhoitu-eta...

        Baginuen, haundienek, bertze lan bat, ez pollita. Eskolarat orduko, erakasleak emaiten zaukigun «buchette» deitu, erhiaren heineko abarpixka. Gure egitekoa, barrandan egoitea. Nork ere jalgitzen baitzuen hitz bat euskaraz, eta bari zura saka, ixil-ixila, nehor ohartu gabe. Eta orduz geroztik hura euskaldun hitzen zakur usnakor, alegia-eta basurde zikin zitazken solas euskaldunak. Askatasunaren, Berdintasunaren eta Anaitasunaren herrian altxatuak ginen izaiteko, trebe barrandari, trebe salatari, Judasen semeak ginela iduri. Hola zen Euskal-Herriko ikas-etxe guzietako ohidura. Azkenik «buchetta» zuena, zen gaztigatua.

        Goiz batez mahastiko landan ginen lanean. Hil-zeinuak hasten dira ortzia bezala burrunban. Eta ari, eta ari. Landa batetik bertzerat oihuka hasi ziren gizonak: «Norbeit hil dea? — Ez dugu aditu. Gerla ditake». Eta tenore baten buruan: «Gerla dela. Irisarriko jandarmak hor direla, berriaren jakin-arazteko etorriak». Iduri zuen arrano ikaragarri batek zabaldu zituela bere hegal beltzak ikus-ahala urrun eta urrunago. Baigurako mendia, hala nola lehoin zahar bat bere besoen gainean jarririk zagon, hura ere izitua.

        Zaharrek erran dautate, heldu nintzala tarrapataka ikas-etxetik, lana bururatu orduko; banakiela gogoz ikas-etxeko atearen gainean ezarri gerlako ageria, eta perruketak bezala errepikatzen nintuela errientak jalgi xehetasunak. Ene beha zauden. Heiek eta nik uste gobernamenduak jalgia zitakela Jaunak errana... Luis Frantxixtegi zuen gure auzapezak izena. Maraxela zen, ikasia, xuxena, bainan Frantziaren ongiaz hala axolatua, nun beldur Frantziaren diru-kutxa huts, eza itzultzen baitzioten zerbeit laguntzaren dretxoa zuteneri: «Fundi zinezake Frantzia, Mariena», zion bere bulunba mintzo ilunarekin. Eta Marienak ez baitzuen mihia sakelan: «Errazu, jauna, ni aski baniz funditzeko, ez dukegu gora Frantzia!». Bazituen Heletar ez bezalako murzazaleak errapean Frantziako behiak (barka ene hitz arrunta... ).

        Haurrik ez zuen Frantxixtegi jaunak. Zion: «Gure etxean oiloa beti koloka, eta xitorik ez!». Igandetan, meza nagusitik landa iragaiten zen erdia lurrean sartu hil-harri baten gainerat, makila atxikigailu zilarra esku ezkerrean, esku eskuina keinu egiteko libro, eta botatzen zuen tzar-tzar-tzar mintzaldi bat gogo-bihotzen altxagarri. Emaiten nintzaion ondo-ondoan. Zer den haurra! Mintzatzen ikasi nahi. Eta ez zitzaitan guti hauta gure auzapeza. Herriko bakarra zen zuena muztatxa bat, bilo beltx eta xuri ezpainetaraino dilingan.

 

 

        Horiek oro ziren gizon-bideak. Eta nun ziren giristino bideak? Ez ziren Heletako etxetan behexten. Ez ginuen aski laket gogo-xorroxkeria, emaiteko, euskaraz erraiten den bezala, uli xikitatzen. Ederkiago diote Bizantin zaharrek ari zirela, ala ar, ala eme ziren aingeruak, bilatzen. Gizon-bidea zen giristino-bidea; giristino-bidea, gizon-bidea. Euskaldun eta fededun, Jaungoikoa eta lege zaharra: bi hitz, izaite beretik jalgiak, izaite beraz mintzatzeko. Kadera ttipiaren gainean jarririk egiten ginuen aldizka goizeko otoitz labur bat, eta nigarrak nigartei, bururatzen. Amak bazakien hola gogoz ikasiak gintuenez otoitzak. Aratseko otoitza egiten ginuen familian, haur bat aitaren aintzinean jarria mahiaren gainean. Maite ginuen haurrak ginelarik haren matela gure matelarekin torratzea, sino-mino baten egitea, erraitearekin: «latxa». Laketago zitzaikun mutilak hartzea, hura gaztea baitzen, uzten gogotik har giniezon biloa, beharria, eta berak sudurrarekin kilikatzen bularra. Bainan kasu. Ohartzen balin bazen ama ari ginela jostetan, hartzen gintuen bere ganat. Egun guziz, ez baziren gizonak akituak, erraiten ginuen hamarreko bat. Arrosarioa, maiatzeko ilabetean.

        Egunari emaiten zaizkion hegal-otoitzak. Elizako ezkilan jo anjelusa, eta ala laborariak pentzean, ala plekariak plaza-gainean, gelditurik egiten zuten Birjinaren alderako bere agurra. Mahian amak erraiten zuen jan aintzineko otoitza. Bekatua bizi zela gure baitan, bixtan da. Bekaturik gabeko gizona, ez litake giristino gizona. Bainan farisau gizona. Baziren maiz mokokak lur-gune xarpila baten gainetik. Laboraria atxikia zen lurrari, bere buruari bezala. Lurrari aitzur-ukaldi baten gaizki emaitea, erhiari piko baten sakatzea. Aise potrotzen gizon euskalduna. Aiseago baita auzoaren jorratzea, zerasaten Heletan: «Armendaritzen, ondoko apez sainduena, Goiti, Heleta Uhaldaiko apeza, Hazparneko misionest ondoa, eta nihun ez Armendaritzen bezenbat baxtart heldu!».

        Izanikan ere mokorrak, j-endek bazakiten bere mokorgoa zapaturik, kanpotiarrari ongi-etorriaren egiten. Bazakiten, bere akidura ahantzirik, kanpokoeri begitarte laño baten erakusten. Harentzat lana utzirik, den bora xahutzen. Oro bilakatuak gira «ni eta ni». Orduko «ni» hitzak berekilan zaukan «hi» hitz gabea. Ez zen «hirik» gabeko «nirik». Descartes-en arabera: «Gogoetatzen dut, beraz banaiz». Orduko Euskaldunaren arabera: «Zutaz eta nitaz gogoetan naiz, beraz bagira». Ez ziren oraino deslotuak gizona eta herria, gizona eta gizonak. Norbeit heldu zena etxerat, eguerdi irian? Ez dut behin-ere ikusi nehor amak gomitatu gabe gurekin bazkaltzerat... janen zuela guk ginuen hartarik... Hori ez zen arras egia, amak jalgiko baitzuen kanpokoaren karietarat behereko salan ziren untzietarik urineko bat hauta. Hala orduko ohidura.Ez dut ttipian asmatu ere gauzek bertze bide bat bar zezaketela. Euria egina da lurraren bustitzeko, iguzkia kanpoaren berotzeko, eta eguerdi, etxerat jin direneri, jaterat emaiteko. Eguerdiz kanpo eskaini behar ogi eta gasna, baso arno batekin.

        Buhamiek badute asmu. Guti ziren hurbiltzen etxean bazen aita, eta are gutiago baziren mutilak. Ahal bezala etzaten ziren gure gisu-labeko teilatu azpian. Ibiltzen etxetik etxerat eske. Denetan biltzen ogi edo arroltze edo xingar. Hori emazteen egitekoa. Hortan gizonak ez ikustekorik. Gehiago behar zen eman, haur bat sartu zelarik buhami familia batean: «Etxekanderea, nahi duzia ene haur gaixoari eman argia?». (Horiek erran nahi zuen nahi duzuia izan amatxi, horren bataioan.) Ihardesten balinbazen ezetz, haundiago behar zuen izan emaitzak.

        Diote Euskaldunak ekarriak girela sorginkerietarat. Hori, de Lancre, Bordeleko Biltzarraren zuzendariak utzi daukun aipua. Nahiz ez liteken ihardetsi behar «amen», dionari burua gorarik «omen». 1609-eko ekainean Henri laugarrenak igorriko du de Lancre Jutsu Rosteguy-ko semeen-semea, Euskal-Herrirat, eta hunek sei-ehun bat gizonai eta emazteki, hetan barne Azkaineko eta Ziburuko erretorak, surat aurtik-araziko ditu lau lorietan. Bazuten, haren arabera, begiaren xurian ezarria debruaren hatza, apo zagoo-zola iduri. Bainan geroztik, Duvergier de Hauranne edo hobeki Duvergier de Haurrarenia, hordikan ibilia da, ilarkazko jats haundia eskuan. Eta bazterrak utzi ditu Baigurako ur-xirripita bezain garbi, uda mineko zeru-zola bezain argi.

        Ene aitamentzat sorginkeria, xorokeria. Bazuen hortaz amak kondaira bat pollita.

        Behin batez, bazen mutxurdin bat mehean mehe, ximurrean ximur. Gorrian gorri zituen begiak, marketsean markets mintzoa, eta zaluan zalu mihia. Denek zioten sorgina zela. Herri berean baziren hiru putiko tzar, lodiak, azkarrak, gaztetasunaren zoroan zoroak. Hitz hartzen dute hiru emaintza utziko diozkatela sorginari, ate-aintzneen aintzinean. Bainan sorgina balitz egiazki? Hiru mutikoak emaiten dira lerro-lerro. Kentzen larruzko gerrikoak. Emazte xaharra supazter-xokoan zagon hiru sagar erre beharrez. Sagar-azalari erraiten zuen «galtza», sagar-izerdiari «kaka». Zion sagar-azalak kraskatzearekin: «A a, ene adixkideak, ari zirezte galtza idekitzen! Heldu zaiote kaka bero-beroa kanporat. Zauzte, zauzte bi minuta; iretsiko zituztet hiruak zuen kaka eta galtzekin!». Goititu zituztela beren galtzak gure hiru putikoek, ihesari lotu... oraino lasterka badabilzke izituak, hats bahituak. Badirela sorginak, heiek ez dute duda-muda mikorik.

        Haurrean aditu dutan sorgin-ixtorio bakarra, Manez Landaikoak kondatua, gure etxean mutil zelarik, hau da:

        Artzain bat mendiari beheiti heldu zen matoa eskuan. Gaua. Ilargi xuri. Gibeletik, haren lehertzeko gisan, hurbiltzen zaio gizon bat, astoaren gainean ixtaklok, astoa trostean. Artzainak emaiten dio, eman ahala, besoaren gainean, papoaren gainean, bizkarraren gainean, muturraren gainean. Debaldetan. Iduri luke ez duela senditzen delako gizonak. Lerratzen da artzaina. Huts egiten du gizon bitxiaren lepoa, eta zanpa! matoa erortzen da haren itzalaren gainerat. Otro bat ikaragarria.

        Lekuak husten dituzte ba astoak, ba astodunak. Holako zeretan, gorputza itzal, eta itzala gorputz. Gorputza itzalaren oihalean troxatua, aspaldiko solasen arabera, edo arbolen, edo ihizian gorde ditaken bezala. «Debrua sar balakio!» ahopaldi itsusia. Sorgin ixtorietan gizonak debruaren ahala ukanki. Ene bizi guzian aditu dut aldi bat, Hiriart kalonje beharrak erranik, soldado soinekoan zela, gerlatik heldu, noiz ere etortzen baitzaio gizon ttipitto bat dena zinkurina: «Emaztea dut oihularia, zikina, auherra, tzarra. Behar dena pagatuko dautzut, bainan nahi nuke erran dezazun harendako eihar-meza bat. Ez du ebatsia». Galde hori Maulen.

 

 

        Ene sinestea badoa adin hortan Jainkoari buruz, eta Jainkoa da enetzat Aita, bere gerizapean atxikitzen baitu familia osoa. Mundua oraino enetzat Heleta, eta Heletan, Garreta. Erlisioneak lotzen du gizona gizonari, lotzen baititu gizonak Jaungoikoari. Zabalerat lotzen ditu, lotzen dituelakotz goitirat. Goitirat lehenik Jaungoikoari, zabalerat bigarrenik gizoneri. Jaungoikoari lotzetik heldu da gizoneri lotzea. Elgarren haurride dira gizonak direlakotz Aita beraren semeak. Semetasunetik haurridetasuna. Ez dena seme, ez da ere haurride. Kendu-eta semetasuna, gure mendeko gogolari sineste gabek, nahi lukete begiratu haurridetasuna. Hola marxizmoak, hola nazizmoak. Bainan nihundik ez ditake. Motz-azu semetasunaren lokarria, eta ukaldi berean mozteko duzu anaitasunaren esteka. Erran behar litake: mozten bazinu, motz zinezake. Ezen nahi ukanik ere, ez du gizonak Jaungoikoaren eta gizonaren arteko lokarriaren mozteko ahalik. Lachelier gogolariak zion: «Mundua da gogo-gabeko gogoa, gogoa duen gogoari estekatua». Orobat jalgi ditake: «Gizona da gogo-izpi batetako gogoa, gogo osoa duen gogoari estekatua». Gizona dago Jaungoikoan; Jaungoikoa gizonean.

        Paganoentzat Jaungoikoa zen leinuko jendeen soka. Eta leinuko jendeena bakarrik. Hari bere leinuaren zaintzea, euri-iguzkia ongi izartuz bakean, hura lagunduz gerlan, bertze gudarien artean gudari. Jendeak bazuen bere Jainkoarekin zerbeit ahidetasun, edo erregearen bitartez, hau izatea gatik, hala nola Egiptoan, zeruko seme, edo gizonak orok haren odola ukaitea gatik, hala nola tigre, edo lehoin jainkoso-totemarena Afrikan, hitz horrek erran nahi baitu: hire kidekoetarik gaituk.

        Aita-ametan nuen sinestea banuen Jainkoa baitan, ikasia ukaitea gatik zela Aita guziz amultsua. Bertzeen solasari beharria emanez, gira gure buruari sortzen. Belauniko erranez «Gure Aita», egin dut goizik, Jaungoikoa ez zitakela bakarrik ene Aita, haren Aitasuna ez zitakela Iturraldeko mendi kaskoaz, Muane gainaz, Baigura bizkarraz, izartua. Giristino izaitea ez da bertze gauza batzuen ikustea, bainan gauzeri bertze begi batez behatzea. Bertze begi hori emaiten daukigu sinesteak.

        Sartzeko atearen gainean, bere etxettoan, ezar-arazia zuen Heidegger gogolari alemanak: «Begira-zak gain-gainetik bihotza, handik jalgitzen baitzaizkik biziaren iturriak».

        Orobat Euskal-Herriko haurrek ezar dezakete etxeko atearen gainean itzaturik. «Begira-zak gain-gainetik etxeak argi ezarri bihotza, handik behar baitu jalgi biziaren iturriak».

 

 

© Etienne Salaberri

 

 

"Etienne Salaberri" orrialde nagusia


www.susa-literatura.eus