GARRAKO SEME

 

        Mendeak bazituen hiru urte; urteak bi ilabete; ilabeteak hemezortzi egun; egunak bortz oren, sortu zelarik Heleta Garran, muttiko bat, ahul, xuhail eta nigartsu. Haurtto hori, ni naiz, omen.

        «Martxoan elurra urez; otsailean, elurra zurez», dio beihalako ahopaldiak. Baigurak bazukeen, bere bizkar kankailaren gainetik emana, elurrezko ardi-larru xuria. Horma ari bide karraskan. Zura emaiten elurrak; taula emaiten lurrak. Haizea mehe, bir-bir-bir. Zerua urdin, dirdira horail bat bazterretik, hunek eman bailezake otsoaren soa, barrandan dagolarik sasi barnetik. Ez ditake arrazoinik gabe ilabete hori izendatua otsaila, otso-saila?

        Orduan haur baten sortzea Euskal-Herriko edozoin etxetan, herri osoarentzat atsegin. Ez deus dela bizia? Nahi dut, bainan deusek ez bizia balio. Auzoak, ahideak, adixkideak, etorri ziretezken, holakoetan sori den bezala, ba haurra, ba ama ikusi beharrez, zare tipi bat, eskuineko hankan emana, ikusgarriez mukurru.

        Ikusgarri sukrea, xokoleta, arno xaharra, gasna arroltzea, oiloa, ahatea, hots amaren azkartzeko apur bat on eta goxo diren jatekoedariak. Etxe gehienetan ez ziren eskas jatekoa eta edatekoa. Bainan ikusgarria ahaldun erakusteko, elasturi perrekarik gabe, bihotzeko atxikimendua. Zorren arteko zorrik lehena, zorrik gabeko ikusgarria. Bortxarik ez ukaitea, bortxarik zorrotzena.

        Euskal-Herria bizi zen oraino parte ikusgarri edo eskaintzeko ekonomian, eskaintza eta ez ordaintza ekonomiaren zimendu berezi. Eskaintzak egiten zuen ordaintza, eta ez ordaintzak eskaintza. Eskaintzatik sortzen dira kalaka, irri, besta, ez baita parada hoberik samurgoen ezeztatzeko, bakearen etxe-bihotzetan finkatzeko. Ordaintza aldiz, mokoka, ele tzar edo mutur bide, kalapitak egin pikoa, emeki, biziki emeki sendotzen baita Euskaldunaren jite bortitzean.

        «Zuk hau eman, nik hau itzul», ordaintzako ekonomia bizi ditake, gauzen haztatzeko balantza ukanez geroz, kasik gizontasunik ez izanikan ere. «Zuk nahi duzuna eskain, nik nahi dutana itzul» eskaintzeko eko nomia bizi ditake gauzen haztatzeko balantzarik kasik gabe. Denbnr a hartan behar zen jakin noiztenka uko egiten doi bat ordaintzari, jarraikitzeko eskaintzarekin batean euskaldungoari.

        Ikuslariek zioten Pollina ene amari, xokoleta hartzearekin, ogi xigorra hartan busti eta busti, ez haatik madari eta kodoin nahasteka egin jelera jastatu gabe, eta goretsi ondoan haren hautaren-hauta. (Arta hartzen zuen ene amak baratzeko madari eta kodoin ondoaz, ez baitzitzaion itsusi haren jelerak zuen arrakasta).

        «Etxeko anderea, uste duzuia badukezula atsegin? Lehen haurra, nexkatoa, anderegei, Mayi-Luixa; bigarren haurra, mutikoa, Etien». Euskal-Herrian erraiten da etxeko-anderea, nun ez den gazte laguna; gazte lagunari, aldiz, ez bere izenaren emaitea litake erakustea haundi beharra dela, putzez hantua... Hago, hago, hantu tokitik hertuko duk. Zorta bat edan-eta gizonek kausitzen dute zer atera; barka heien arrunta: «Haundia egin nahi, eta ezin egin, kaka-ziloko jaun sortu zuan behin...».

        Eta amak, baitu orroitzapen amaren bihotzak:

        «Egia haundia... Solasak solastei, ez dezaket ahantz, bien artean ukan dutana neskatxa bat, Josefina, eta hura hil zaitala, urtea gabe, goseak joa, min bat ukanki aho gainean eta bularrari ezin lot. Bertzalde, esne emaile txarra naiz. Etien ezarri gogo dugu amañoetan, Uhaldeberriko Dominika baitan.

        — Josefin aingeruño bat duzue zeruan. Ari ditake etxekoentzat ixil-ixila otoitzean. Eta Uhaldeberriko Dominika emazteki hauta duzue, garbia, jarraikia, bizitzen dakiena. Errotik zuzena, haurkina, Paxko haren senarra. Ez zinezaketen hobeki hatxeman...».

        Ez zakien amak, Josefinek igorriko ziola, osoki kontsolatzeko, bere ordain gisa, Ameli alaba, ene arreba gazteena eta azkena.

        Igandean, goiz mezatik landa, Agerrebehereko ostatuan bedera baso bat arnoren aintzinean jarririk, aitari jalgi bide zioten gizonek:

        «Errazu, Garra, ez zituzkegu guti fantesian!

        (Euskal-Herrian ainitzek ez dakite familiaren izena, ibiltzen dute bakarrik etxearena. Gazteak, mutilak, etxetiarrak diote bakarrik «nagusia» eta ez beti bertzeen aintzinean).

        Azkar zitugu. Ba haundirat, ba ttipirat, pasorik ez. Berdin azkar bietarat: neskatoaren ondotik mutikoa jin. Hemendik zonbeit denbora, ez duzu ukanen mutil beharrik. Ote epailea izanen duzu etxean».

        Eta aitak burua apalik gordetzeko begitarte gorrailean, begi beltzak dir-dir-dir ezartzen zion zoriona.

        «Ez gira hortan. Emeki-emeki heldu dira haurrak eta arbolak. Zonbeit ur zurrupita iraganen dira, anartean, Latseko-eiherako errekatik. Edazazue gostuan, arno hunek ez dezake kalterik egin. Ni nago ez duenez Hazparneko saltzaleak bataiaturik ezarria!».

        Atsegina edaten da, hala nola arnoa, edo basotik hurrupaka, edo xahako xirripitatik ahotaraka, tarrapatarik gabe.

        Aspaldiko egun horien orroitzapenetan, ene zuzenbidea egonen da; Etienne Salaberry, Garra etxean, Heleta herrian, mila bederatzi-ehun eta hiruan, otsailaren hemezortzian, «Basses-Pyrénées» departamenduan sor tua. Zirt heldu zait gogorat, ene zuzenbidetik kantail bat izan zaitala ebatsia: Baxe-Nabarre, sort-guneko izena.

 

 

        Pollina Garra, ene ama, Garrako alaba. Zantiago, haren aita, 1904-eko apirilaren 30-ean, 74 urtetan, ni amañotik itzuli-eta, laster hila. Jeiki zen azken aldikotz haurrari irriño baten egiterat, amañori erran: «Ez duzu ahalgetzerik. Haur bat ekarri duzu ederra!». Eta eman urre peza bat, bere aitatxi eskerraren froga. Ernea zen, guti bezala. Egona Hazparneko ikastegian, Peiroradeko Larran eiherazain semearekin. Biak berdin ausartak. Lagun hori hil zitzaion supituki, sinaduraren emaiten ari zelarik, Pariseko eihera haundien erosteko hostoan. Berak ainitz irabaziko du Mehaineko buztin lutrak bere gain hartuz eta inguruko ote eta abarrekin teilak erre-araziz. Buhamiak zauden oraino multzokatuak Mehaineko errekan, mendi zolako errege. Aitatxi, argia hasi gabe, heldu zaldiz. Barrandariak galdegiten: «Nor da hor?» Aitatxik: «Garra». Bertzeak: «Iragan zaite». Gizonak jalgitzen dira etxetarik. Aitatxi jausten. Haur batek hartzen zaldia. Aitatxik ekarri duen «mama-bixi» botoilatik orok inguruan ahotara bat edo bertze, bat eta bertze, xurgatzen. Hola-hola ikusi ditut ari gizonak, Metzikako besta arratsalde batez, batzu uztarkari zezen tipito batzuen gainerat ixtaklok jauzi egin beharrak, bertzeak ikusterat jinak, denak ari gostuan eleketan. Eta denek papoan ekarri botoilatik inguruan edan. Hola jokatuz aitatxik bildu zuen diru, bainan udako iguzki nasaiak ere baititu bere on-gaixtoak, zabaldu askitto edatearen alderako gutizia.

        De Girardin familia ekarria zen Heletako eta Donamattiriko ontasunen saltzerat. Eta ene aitatxi erosterat. Biligarro ona, aitatxi, eta euskaraz diogun bezala, debruz egina. Parisetik etorri oineko mehe, soineko hertsi, xapel luxe gazte xotila, ibil-arazten du mendiz-mendi, nun makoarekin Gaasarriko oteak eho eta handik bidea idek: izertua, ezindua, izitua, zaurtua, delako hiritar feiriesak derasa: «Hau ez da jende-leku, bainan otso-zilo».

        Hasian hasi, aitatxik erosiko ditu Garreta-Gaztelua, Etxeberria, Garakotxea; Idogoin haren ahideak; Garreta-Jauregia eta Hatuxtegia. Donamartiri jauregiaren itzuliko ontasunak salgei ezarriak ditu de Girardin familiak. Euskal-Herriko lur guziez nahi duke saka-saka buluzi... Egiten da ahal dena eta ez nahi dena. Dituen mozkinak xahutuak ukaitea gatik, aitaxik lehiarazten du erosterat, de Mun apeza, haren ontasunen baitzen bidatzale Heletan. Badoatzi Ritou Hazparneko notarioa ikusi beharrez. Duda-mudan zagon de Mun apeza. Ritou-ren idazleak aitortu daut nola ziren harritu aditzearekin aitatxi, Heletako laboraria, edo orduan erraiten zen bezala, Heletako zizari pikatzalea, hasten erdi eskarnioka Pariseko apez, de Mun, deputatu mintzatzale aipatuaren anaiari: «Monsieur l'abbé, á Paris on fait hum-hum. Au Pays Basque, en dit oui ou non. Et lá, vous devez dire oui». Ba ihardesten du apezak, bazuelakotz sineste Heletar bidatzalearen kaskoan. Ez zitzaion dolutuko.

        Tantiruri, gu ere bertzeak iduri... Denetan dirua errege, edo bederen nahi. Heleta Larrean bazen mediku bat. Guti edo aski ahideak bide ginen. Zer nahi etxe bazituen erosirik Donostiri-Donamartirin gain di. Denbora hetan, 1870-eko gerla iria zitaken, itsuski alhan omen zabilan gosetea, edo Heletan izendatzen dugun bezala (zendako, ez dakit... ). «Bidaxuneko medikua»... Bazena Bidaxunen mediku bat hain trukesa nun haren mintzatzerat etorria jaliko baitzen laster, bi zangoak aintzinerat? ... Baditake. Dena dela, Larreko mediku xoria ez zen haren pirutik. Norbeiten kabalak sartzen zirena haren ontasunetan? Lehenik bahi, bigarrenik uxera igor. «Lehenik barka, bigarrenik marka, hirugarrenik urka», dio etran zaharrak. Ahantzia zukeen lehen hori, Larreko mediku gogo xorrotxak.

        Iturbideko Mañaña xaharra heldu da Zantiago nagusiari buruz, ba eta ba eta ba, nigarrez: ardiak sartu zaizko, uste dut Larraldeko pentzetan, eta hango etxetiarrak Larre medikuaren izenean bahitu. Aitatxik egiten diozka bi erasia, laket ukaitea gatik oihua, hitz eman-arazten handik goiti hobeki zainduko dituela ardiak, eta jalgitzen: «Utz-an hori ene gain!».

        Irriskuak irriskutei, mutil-nagusiak emaiten dira, matoak eskuan Iturbideko zerratei oihanean haiduru. Trost-trost-trost zaldiz heldu, patarrari goiti, Donamartiriko zolatik Errekazietako iturri bazterrean gain di, gure jaun medikua. «Zauri gurekin!» Mintzotik ageri ez dela ezetz ihardetsi behar. Sar-arazten dute orai desegina den Landaiko arditegirat eta haste jo eta jo zaldia, eta emaiten zalapartaka, punpe eta punpe, delako zaldia.

        «Ez nezazlela hil!

        — Ez, ez zaitugu hilen... Bainan egizu -zin ez dituzula, hemendik goiti, ala Garrako, ala Gatrako etxetiarren artaldeak bahituko.

        — Ez, ez ditut eginen.

        — Errazu hobeki.

        — Horra ez ditudala eginen!»

        Eta medikuak altxatzen du ukumiloa, buru kaskoraino, Euskaldunen arak, zin egiteko, nahi duen bezala. Nork daki, aspaldiko aitormen horren seme, ez ditakenez gelditu langilen artean kexatu-eta ukumilo aren gota altxatzeko ohidura... Badakit jakintsunen arabera ukumilo altxatuak derasala: «Bat, eskuko bortz erhi bilduak bezala». Ni nago, oiesten delarik gizona, ez denez haren baitan mintzo arrazoinen orde asmua; ukumilo larderiaz beteak ez duenez erran nahi: «Horra ez naizela gezurti. Horra gizon bat naizala. Horra kaskari itzuliko dutala kaska, eta jaten badut hitza... fundi... hemen berean leher egin dezatala, edo debruek neramala edo (aski hasarretu-eta) bortz mila orga debruek neramatela...». Bortz mila orga debru ainitz ditake hori.

 

 

        Heletako Andredena Mariaz, gazteak plazan, aitatxi xahartua etxezain. Aratsalde apalean, heldu zaio mutila lasterka, hats-hantua, begiak ilar biribil eginak, erhoa iduri:

        «Nagusia, izigarriko bat egin dut! — Zer egin duk?

        — Piarres, bestako diru biltzalea, ez dirot uli beltza baino gehiago jasan. Jin zaitalarik diru-keta, pleka partida denboran, hasi gira mokoka eta botoilarekin eman diot, eman ahala kaskoan: botoila hautsi, burua arraildu. Hil dut.

        — Mutiko azkarra duk Piarres. Kolpatu dukek bakarrik.

        — Ez, ez, hil dut. Gorde naiz Agerrebehereko baratzean, beharria xirrint. Jendeak ari ziren: uste duka?, hil dik! Ikusi dut heldu apeza lasterka. Zure iduriko, zer egin behar dut?

        — Har-ak etxeko zaldia. Harritxeko bazterretik, Baiguran gaindi, sar hadi Bidarrairat. Holako etxean erranen duk, Garrak igortzen huela, otoi laguntzeko mugaz bertzalde iragaiten».

        Jandarmak Irisarrin egoiten, eta, behar orduan, urrun Irisarri. Heldu dira Garralat, arats irian. Etxea pekotik gaineraino ikertzen dute. Beren sabre haundiekin sista-sista belarrean artzen. Batek jalgitzen du, busti gorri bat ahoan, Bazutela haro. Desegiten dute belarra. Gatu ume bat dago luze luzea, bere kafiran, aldez bertze iragana. Zerbeit irringarri dauka biziak, delarik ere oso nigarringarri. Zerbeit nigarringarri badauka biziak, delarikan ere guziz irringarri. Huna nun nagusia ohartu den, to, tegitik eskas dela zaldia; to, zuretik eskas dela zela; to, itzetik eskas dela brida. Mutiko txar hura ez zen ez bakarrik hiltzailea, bainan zen oraino ohoina. Bi baso arno hartu-eta urruntzen dira Jandarmak, ez haatik kontseilu on baten utzi gabe, eskaintza gisa: «Behar litake mutil berriari hurbiletik behatu, soinekoak ez baitu egiten frailea, kuskuak ez baitu egiten intzaurra; eta ez ere begitarte garbiak mutil zuzena».

        Jasse, Izpurako erretor, Heletako bikari ohiak kondatu daut, merkatu batez, aitatxik jalgi ziola, kitzika ez baitzuen hastio: «Jaun bikarioa, ez da ez harritzeko mundua hoin gaizki ibilirik ere: guti da Jainko bat holako lanaren bururatzeko. Behar litazke, ez bat, bainan biga». Jaun bikarioak tink eta tank emaiten dio joari errefera: «Arrazoina duzu, Garra. Orobat, Garran behar litazke bi nagusi. — A! Hori ez!» Bihotzetik jalgi omen zitzaion aitatxiri oihua. Garrako nagusitzat, hura aski. Bertzeak sobera. Jasse jaun apeza ez zen guti zoriontsu bere ihardesteaz. Pilota airetik hartu eta pondua, zabla, kraskatu.

        Françoise Aguerre zuen ene amatxik izena. Sortua zen Domintxine Onaarroan. Hortaz orroit naiz. Ez zen haundia, zabala, elea heldu emeki, beti hein berean, bihotz hundikura batez izan gabe edo goititua, edo beheititua. Bazuen Xuhiteiko Maiun, hura bezala Domintxine Onaarroan sortu bere ilobaren eite. Bazuten biek usu Amikuztar emaztekiek duten andere traka; Erromako anderek, liburu zaharren arabera, zuten kaskoa eta larderia. Ene amatxi hila da bere hiruetan eta hemezortzigarren urtean, 1907-ko hazaroaren 10-ean. Lau urteko hori nukeen beraz gehien-gehienik. Amatxi zagon kaderan jarria, bizkarrez leihorat. Ama belauniko supazter aintzinean, gasna ezin bilduz ari, eskuak esnean. Ter-ter-ter, amatxi gaizkika. Ni, atima salbu-eta xakur ttipi bat bezala, musuika amatxiren belaunari, haren altzorat jauzi, haren zangoen artean letra, nahi ohart zadin banintzala, eta ez ati solasean, ttutt norapait airatua nintakela iduri. «Hago geldirik, haurra!», daut amatxik erraiten kirets-kiretsa. Amak beretik:

        «Beti zangoen azpitik ezin jalgi, habil hortik ezkaratzerat, haur tzarra!»

        Bainan amattok ez zuela nahi gaizkitua izan zadin haren mutikoñoa. Itzuli zela Baigurako haize mehea:

        «Ez din ez hunek gaizkirik egiten. Ala zer dun haur hori poxulu?» Ez jakin zer itzul, hasi zen ama nigarrez. Harritua nindagon beha. Ezin har, ezin onhar. Banakien zer ziren haur nigarrak. Bainan ez, zer zitazken jende haundienenak. Uste jende haundiak eginak zirela nigar gabe bere beso azkarretan ene hartzeko, ene ttunkulatzeko, kantu bat ezpainetan, guziz ene ama.

        Domintxine Onaarroan amatxik bazituzken etxekoak, Metzikan ibiliak, handik sakelak ez hutsok itzuloak. Ene amatxiren ahizpa Pauen zen ezkondua, eta amen-omenaren arabera, frango gizon aberatsarekin.

        Nahiz bas-herrotarrek egundainotik uste ukan duten hiritarrak hek baino ozka bat gorago helduak direla. Ez zelarok fleitean, gaixo amatxi emaiten zen intzirika:

        «Ni lanean ari hemen, espartin zikin batzu oinetan, eta ene ahizpa Pauen, harat-hunat ibilki xapeletan».

        Putiko ona Zantiago senarra. Mirakulu bat gertatu beharko zen hura zinkurinaz hunkitua izaiteko. Eta holakoetan Zantiago saindu haundiak bere ahalaren ahalean mirakulurik ez obratzen! Irri egiten zion nagusiak sudurrerat, eta, trufa baino haundiago musika, ihardesten:

        «Baduzu, etxekanderea, bertz hori bat gaitza. Ezar-azu buruan. Zure ahizpak ez du hain zabalik aurkituko Paue guzian».

        Irria litake menturaz gizonaren gogoarentzat sendagailurik hoberena, ez zauriaren gaineko piko, bainan zauriaren gainean pereka; ez zauriaren gainean gatz, bainan urin gatz gabe. Bizkotartean, kexatu-eta, oro gaozkirat itzultzen, irria piko, eta gatz eta biper beltx.

 

 

        Ama Pollinak bazituen hiru ahizpa. Batto Mayi-Severin anderegeia, Hazparnen ezkondua, «Ixturianta» deitu kabala sal-eroslearekin. Ixturiant hitzak erroa zuen bere aitaren izen-goitian. Zonbeit urte egona zen ikas-etxetan apez-gai gisa. Ixturiant gaztea ekarria ogandekari pilotan artzerat eta gero, pilota-partidaren ondotik, uxter ostatuan zirto eta zirto, luzaz egoiterat. Dena den, anjelusa gelditu orduko etxerat itzulia behar zuen, aratseko otoitzaren burasoekin, behar bezala, belaunikaturik egiteko. Lasterka etorria, has-bahitua, punp emaiten zen belauniko, hitzak kiskun-kaskun erdi jaten, aitak jalgi arte:

        «Kasu, haurra! Jainkoaren aitzinean gira emanak!»

        Mayi-Severin hil-eta, Ixturianta berriz ezkonduko da Lordako alaba batekin, emazte maitea, ixila, zerbitzu egina. Noiztenka zonbeit egun eremaiten nintuen Ixturianteian. Enoatzen nintzan. Banuen nahikoa, bainan ez ene adineko haurrik.

        Izigarriko gizona egina zen Ixturianta. «Lehengo Hazparne» jostetan ez dute burukita bat ezarririk ere gerri-inguruan aurkituko hari hurbilduko litakenik, erakusteko zer zitaken hamalaueko gerla aintzine ko Hazparne, eta haren etxeko-jaunak. Holako gizon pizkorrak ikusi dotut ordu hartako Aleman gizon otxuretan. Jatekoa ba, osagarria ba, gosea ba, axolarik gabe, jan eta edan, lore baita bizia. Oraiko gizaldia nigartsu bezain orritsu ordukoa. Soberakinak, gerlak, lanak, sineste gabeak ez zuten oraino bipiaturik ezarro iguzkiaren argia. Bainan denetan bezala, sakatzea, zozotzea. Iker-zak gizonaren itxura, jalonen duk zer duen itaxura. Jadanok eri, ari zen ostatuan, dena balentria:

        «Aintzin eta gibel, untsa miatu nik Larredy medikuak... Untsa! — Eta zenbat denbora eman du, Ixturianta, zure itzuliaren egiten?», galde egiten dio bazterretik Jean Amespil gazteak, goxo-goxoa, zirtoa sori baitzen orduko Hazparnen, gezurra kartetan bezain ardura. Ixturianta, bere izenaz Etien Larre, maite nuen. Aitatxi gisa, harek eman zautan dutan izena.

 

 

        Pollinaren bigarren ahizpa, Gaxuxa, Gaateko familiako Santsorekin zen ezkondua. Otto Santso ibilia zen Baiguran, gazte-gazterik, edo iratze-keta, edo pottoken gibeletik zalapartan. Ezagutzen zituen hango bidexkak, eskuko bortz erhiak bezain untsa. Gorputzaren zalutzeko, ainitz bazoazin denbora hetan Akizerat. Otto Santsoren Akize, Baigura. Akizeko ur beroa baino hobe harentzat, Baigurako ur hotz xurruta. Gozon ona zen. Zuzena. Bainan bil-errexa. «Idia ibiltzen da adarretik, gizona beharritik», dio beihalako ahopaldiak. Solas ederra, solas gezurra.

        Tantta Gaxuxa, berdon minbera. Sobera gazterik utzia zuten lana, jiteko orain desegina den plaza gaineko Idogoinberri etxerat. Lana ateratu, enoatzea sartu. Lanak ez du bakarrik ekeia apaintzen, eta no lazpeit egiten; lanak gizona du ontzen eta nolazpeit sortzen. «San Agustinen luma bezain ospegarri, San Benoat-en golde nabarra», dio Montalembert idazleak. Erakutsiz giristinoari lana, egin du fedeak giristinotik gizona. Lan gazeak, bigarren maileko jendea, hirugarren mailerat du altxatzen; lan uzteak, hirugarren maileko jendea, laugarren mailerat hupatzen. Begira zazu, Jauna, gaztea gaizkitik eta lan gabetik, biek bat egiten baitute, arbola bereko lehena adar, eta bigarrena erro. Gaztetasuna gaztean hiltzen du lan eskasak. Eta ehun lanetarik bakar baten ongi bururatzea hobe, ezin ez eta ehun lanen erdizka musuikatzea.

        Sukaldeko barne haundi ilunean bizi ziren, otto eta ttantta, leiho hertsitik so bat eman plazarat, nor zabilan eta nundik norat ikusi behar. Giristino onak ziren, ez hala apeztiarrak. Atxikitzen naukolarik ttantta gaixoari, bihurtzen zautan kexu: «Hi izanen haiz auzapez bat xuria, Agerrebehereko Mariaren atorra bezain xuria!».

        Heiekin jaten ginuen eguerditan, etxea urruntxegi izaitea gatik gure haur ttipi zangoentzat. Tenore batez jan ginuen seroretan. Eta seroretan jatea, guretzat besta. Han baginen neskato tipi eta mutiko tipi multxo ederra artzeko eleketan, mokoka, kaskaka. Bazen serora xaharño bat, Mizael izena. Arrunt kunkurtua, ñarrotua. Beti irria begietan, ttakattaka zabilan, hala nola sagu beltx bat, bere xilotik jalgia. Harek egiten zaukun «laster salda», zonbeit lur-sagar urean egos-arazizko, denbora gutiz egin salda. Eta guk maite. Zoazi zu! Auzoko eltzea urrez, hurbildueta ere haurra ez baita ohartzen dela lurrez. Ez zitzaizkon laket, gure ama gaixoari, gure espantuak. Harek jeiki orduko ezartzen zuen eltzea, sukuileko gibelean, ttur-ttur-ttur egos zadin emeki-emeki eltzekaria. Zenbeit denboraren buruan, egin zuketen gure aita-amek itsusi zitakela, amak ahizpa plazan ukanki-eta, haurrek jan zezaten seroretan. Zer jalgi behar zuten jendeek, ala bi ahizpak samur zirela? Gain-gainetik hastio zaio Euskaldunari, jendeen aho-mihitan izaitea.

 

 

        Ez dira aski idekiak, sobera dira hetsiak mendien altzoetarak mendien altzoetarat barreatu Euskadiko herriak. Eremuaren zabalak zabaltzen du gogoa. Eremuaren hertsiak hertsitzen adimendua. Lehenak erei ten ausartzia. Bigarrenak landatzen herabea. Hausteko bere ahulezia, erakusteko bere ahalezia, gizonak uko egin behar du herabari, segitu ausartziari. Hara zergatik biziaren pindarrak jauz-arazten zuen hain usu, Euskaldunaren bihotzean, norapait etxetik urrun joaiteko xede beroa, xede erhoa: edo Ameriketarat artzain, edo Japoniarat apez. Han eman du bere izari osoa Euskaldunak. Orai arte, Ameriketako Euskalduna, Japoniako Euskalduna, egiazko Euskalduna. Hemendik goiti, mundu guziaren aintzinean gure Euskaldungoa goraipatuz, guri da egiazko Euskalduna Euskal-Herrian sor-araztea.

        Gure lana, Juduek Izraeleko kafiralat bilduz geroztik duten lana. Toki hertsian multzokatuak gorputzez, beharko dute guk bezala, hemendik goiti, mundu zabalean bizi gogo-bihotzez.

 

 

        Bazuten arrazoin ene otto eta ttanttak egoiteko begitartea ximur. Satorrak mozten du lurpetik lorearen erroa, eta berdin, zirri-zitri lanean ariz, ezinbertzeak jaten bihotz barnetik zorionaren pirua. Beñat seme gazteena, Bagnéres-ko lizetik jalgia, marexal-gaia, gerlan hil. Santiago gehiena, gerlako burrunba marrumez burua hantua, eritegian sartu eta hil. Laster zenduko da ttantta, ez idurian ere, bihotzean joa. Bi xahar. Orai bat. Ottok ukanen du neskato bat gaitza, Mariena dendaria, gastatu baitu bere aita balu bezala. Eta zonbat ixtorio pollit ez dazko jalgiko, asko irri-zafla ozen botarazten dazkiola. Otto zenduko da 1960-eko buruilaren 6-ean. Bazituen 89 urte. Haren familiako izena, Jan-Battitt Larteguy.

 

 

        Amak bazuen anaia gaztea Oguzt. Aitak hura nahi ondoko, begira zadin etxean, mendez etxeak atxiki izena. Bat egitea etxearen izenak, eta nagusiaren izenak orduko Euskaldunen idurirat, atsegin paregabe. Bizi ziren oraino Aitoren denborako ohidura zaharrak. Haundi nahi hastialaren ondoan bazutela bere laketa aitortu behar. Oraiko gizonak ez du axolarik ez etxeaz, ez herriaz, ez elizaz, ez fedeaz. Bere burua bere zilko. Bere burua bere Jainko. Bizi da berekoitasunaren iguzki hila argitzaile. Bere atsegina bere xede bakar, ez da harritzeko huts egiten badu lehen-lehenik bere zoriona.

        Mutikoak bortz urte eta Makea-Etxepareko alabak hiru urte, ari izan omen ziren bi aitak, adinak jitearekin ez zitakela batere gaizki izanen Etxepareko alaba jin zadin Garralat etxeao-andere gisa. Gizonari oharpena, Jaungoikoari baimena. Ba, eta ez mutits gizonaren ahoan. Ba, eta ez xorrotx Jaungoikoaren nahian. «Agian!» dio gizonak, ihardesten baitio oiharzunak, hitza musuikatuz: «Bertzaldian!».

        Heletan Bestaberri dugu ororentzat besta maitagarri. Oguztek hogoi urte. Bixtan dena, beztitu behar, eta nahi. Izendatua da banderari. Banderariak sakatu behar oihalari kantuak daukan zirimola. Banderariak kantuz ar-arazi behar, banderaren matoarekin banderaren oihala. Banderaren oihalari so galerietarik kantariak. Atorra-has haurra. Sapa elizan. Elizatik jalgi-eta, hara nun Baigura kanteiletik jalgiko den mendeal xirtxila. Hotzak pasatzen du haurra. Eri hotza nahi luke Felixite arreba gaztenak ikusi. Uzten dute sartzerat. Oguztek: «Hil behar dinat, Felixite!». Eta hunek zintzurra eta begiak berdin nigarrez bete-beleak: «Ba, ba, Oguzt, denek dioie hil behar dukala». «A!, Felixite, hik bederen jalgitzen dautan egia!». Ezin behexiak ziren bi gazteak. Berexiko ditu heriotze dorpeak. Oguztek ukanen du egoitza gisa hil-hobia Heletako elizari kontra, haren itzal hegalpean. Felixite sartuko da serora, Uztaritzeko Kurutzearen nexkatxen komentuan. Egonen da luzaz serora-gaien bidari, edo izaitekotz ama, azken hoiek aipatu dautatenaren arabera. Mintzo zen arraposki, jartzen eta xutitzen emeki. Kopeta gora, begitartea luze, larrua horail, korneta xuriaren gibelean erdi gordea, iduri zuen lehengo andere haundi bat, Rembrandt margolariaren itxura batetarik jautsia. Errotik otoitzekoa. Askotan egin dut haren otoitzak begiratu nuela, askotan nik ere ukan baitut, bertze guziek bezala, otoitzaren beharra.

        Aitatxi ari zen anaiekin, partimenetarik edo banazkatzetarik auzika. Hura ezti, bertzeak oihes; hura oihes, bertzeak ezti. Ezin nihundik eztirako ozkek, eztirako ozkak hatxeman. Betiko «hi bahiz, ni banuk!», bortizkeria ez erraiteko marrokeria. Batek paso, bertzeak inbido, bertzeak hordago ez baitzaio aski, iduki hala hobeki. Batek paso, goxo; bertzeak ez behin ere itzuliko paso, maltso... Hots! ene bizi guzian hola-hola ikusiko ditut ari Frantsesak eta Alemanak, Frantsesak eta Inglesak. Gure jaun haundiak berdin erho, berdin kotzo. Eta dena haro, lurrak gorderen baititu, milaka hiltzerat igorri dituzten gazte lerdenak, gazte airosak, gazte garbiak... gazteak...

        Hain hartaraino ziren tematu anaiak nun ontasunak izan baitziren bilintzi-balantzan ezarriak, txotxak atera zezazten nork zer pozi har.

        Hogoi urteko semea, hil mihisea gibelean murrutik dilingan, hil mihisea ohetik beheiti, han-hemenka zonbeit erramu-hosto, iduri izar ilun emanak, eskuak bilduak, arrosario beltzak lokarri; hogoi urteko semea lo betikotz eta aitak txotxen ateratzerat joan behar Pauerat! Amatxi heiagoraka, kontzetarik jalgia, ez bere jabe: «Ziren bezalakoa, zu! Semea etxean hila, eta zuk jauzi Pauerat. Parra lehen, auzia bigarren, ontasuna hirugarren, semea ez konda, semea azken!». Ez zuen hitz bat jalgi aitatxik. Pixtoleta sakatu zuen sakelan, semeari eman pott bat kopetaren erdian, eta jalgi nehori behatu gabe. Iragan zen zaldirat Paueko treinaren hartzeko Donapaleun. Askotan dorpe gizonkiaren zortea mundu dorpean.

        Zortea agertu zitzaion aldetiar. Eman edaterat atseginaren goporretik. Utzi Garra eta inguruko lurrak. Aitatxi itzuli zen etxerat, semearen ehorzteko. Eman semeari aita batek eskain dezaken zer ezdeusa: hobi harri berri bat orduko ara berrikoa. Ez du biziki berak iraunen. Iturrumeko bidean, baziren haitz ondo batzu gaitzak. Denbora txarretan, Garretako nexkatxak harriturik zabiltzan haren bazterretik, pegarra buruan, Iturrumeko urbegitik heldu, hain latza izaitea gatik haiz-euriaren zurruntza haitz-abar kakoletan. Hasi ziren arbolak eihartzen. Lur berri egiteko, aitak errotik ateraraziko ditu, mugaz bertzaldetik etorri Euskaldun menditar batzueri. Ez baitzitzaizkitan guti arrotz, zangoetan abarkak, pikotza bizkarrean, amak ez nahi heietarat joan nadin, ari zirelarik sukalde zaharrean afaritako xingar eta talo erretzen, beldur sobera laster ikas nitzan heien sakre bihikak. Aitatxik jalgi zuen: «Utziak nitian haitzak abarratu gabe urguluz. Izurriteak hunkirik ari dituk eihartzen. Orai bazakiat deus ez dela gizona!».

        Bertze alabak urrunduak, aitatxi jarria zen osoki Pollina bere alabari. Beretzat nahi. Egilea eginetik ezin behex. Ama semetik, aita alabatik. Urteakiragan arau, izaitea bere baitan agortzen, eta hein berean haurraren izaiteari, bere izaite beharra, harrapaka lotzen. Behorrak uztarka urruntzen du umea, ikas dezan berak ahamenaren biltzen, bai-etaere zoin gehiagoka lauhazkan bertzekilan ibiltzen. Hain azkarki atxikiak dira aita-amak beren haurrari, nun, batere ohartu gabe, beretzen ahal baitute, ez haurren zerbitzari nahi luketen bezala, bainan haurrak heien zerbitzari nahi ez luketen bezala. Amodioak ere badu bere zepoa. Aitatxi hasten zelarik doi bat edan-eta, bere urre pezak kondatu beharrez, erakusteko bere buruari zerbeixkila zitakela oraino, hel egiten zion bere alaba bakartuari. Bainan Zantiago Garrarentzat, balantzaren alderdi batean ezar bere etxea, eta bertzean bere aisia: arin aisia, pizu etxea. Amatxik aitatxiri errepikatzen dio: «Edo behar dugu Garra etxetiarretan ezarri, edo behar du Pollinak ezkondu!». Eta aitatxik: «Ezkont bedi nahi badu!».

 

 

        Nagusi gaztea, edo aita, jin zen Garralat, Heleta Iturburutik. Izena Manex. Sortua 1868-ko agorrilaren 19-an. Ama aldiz 1866-eko urtarrilaren 5-ean.

        Aitak sinatzen zuen Jean Salaberry, l batekin, haurrideak ukaitea gatik Espainian, eta l doblea bustitzen bezala baita Espainian. Eztei goiz biharamunean, ez baitzen oraino Eztei-itzulia edo «eztizko ilargiaren» itzulia sori Euskal-Herri erromesean, aitatxik egin-arazten dio, larrilarria, ontasunaren ezagutza, eta manatzen egin dezan berak goizik biharamunean kapeta-lits bat landatuz zedarri bakotxaren aintzinean. Lau lorietan sartu zen ohartzearekin nagusi gazteak kausitu zituela zedarriak oro, bihi bat huts egin gabe. Gutiago alegeratuko zitaken lan hori eman balu egiterat gero, nork daki noiz, bere semaatxiari, hau burua beti nunbeit alhan, itsu eta gogor, askotan ibiliren baita. Nahiz aitatxiek badaukaten bere semaatxi kozkorrentzat besotaraka estakuru.

        Aitak bazuen anaia Ixtebe Argentinan ibilia. Han larrukintzan hasi, han lana ikasi, bainan han huts egin. Gibelerat itzuli. Madrilen, larrukintzaile gisa finkatu. Hemen kausitu. Patarrak zirela, lehen ere, biziko bidexkak. Lehenagokoeri aski ginuke behatzea, itotzeko gure marraxka-doluminak.

        Anaia Beñat badoa Ixteberi buruz Madrilerat, has eta has lotzeko larrukintzan, hura bezain ongi jalgiko baita. Ixtebek keinu egiten diote Marie eta Eulalie, bere bi arreberi. Ezarriko ditu, «Caballero de Gracia», Madrile erdi-erdiko karrikan, ez larru, bainan bilo apaintzale. Ogia bezain lodi gasna, Euskaldun ernearentzat, tenore hartan, Madrilen.

        Uste haren semaatxia nintzala Ixtebek ekartzen zautan sar-jalgi guziz zerbeit ikusgarri miresgarri. Hain zen xuxena, ama gaixoa, nun ez baitzion jasanen hala ez zena. Salatzen dio, ene aitatxi zela Ixturiant Hazpandarra. Akabo xifriturik aidurutu puxkila bereziak! Nigarrik ez egin nahi, eta nigarra heldu, emaiten naiz burua beheiti kexu. Suaren gainean olio, erraiten daut Xemartin mutilak: «Zer gertatu zaik, Etien, bi ezpainak hola luzaturik atxikitzeko? Kasu egin-zak. Larrutuko hugu, kurrinkaz ari izanikan ere, azkenik erosi xerria bezala!». Bainan ni pottro; nik, koska, ezin hez; agortua ni baitan irriaren iturria.

        Josefina, aitaren bertze arreba, ezkondua zen Lekorneko plazan, Inaharia etxean, Manex zapatainarekin. Ixtorio-mixterioak nahi luke zapataina izan dadin zirtolaria, jostagina, atorra ukan ala ez ukan, axolarik ez duena. Ixtorio-mixterioaren araberakoa zen otto Mañex. Ez zuen hortan ados ttantta Josefina. Lau nexkato eta mutiko baten geroa harentzat arrangura. Gerlak eremana zion etxeko haur baratzetik, lorean lore, mutiko bat. Ez zezaken ahantz.

        Gerlak ez du begitarte bera urrungo idazlen liburuetan, eta aitamen bihotzetan. Lehenentzat miresgarri bezain bigarrenentzat okaztagarri.

        Matel hezurrak gorri, ahoa hertsi, gorputza xut, bazakien ttantta Josefinak ostatuan bezala saltegian, zer aipa eta zer ixil. Haren orroitzapenetan, bataio egunean, ukan nuen izen gisa, Etien-en ondotik, Josepe. Bi saindu haundi ez sobera, iduriz, ene bide xuxenean atxikitzeko. Lehenak eman daut dutan denen alderako amodio izpia; bigarrenak dutan hein onean gelditzeko zuhurtzi mikoa. Ni nago ez dutanez lan gehiago eman oraino bigarrenari, ezinez-eta lehenari.

        Ukan ditut bi izen ohartzeko ez dakitala, ez dakigula osoki nor giren, lano batek galerna denboran itsasoa bezala gordetzen baitauku gure jitea, eta galerna ezin gelditua gizonaren bizia. Bi izen, bi tokietarik Jaunak hel egiteko gau beltzean. Bi izen, bi erreketarik Jauna egoiteko ene beha.

        Mariena, aitaren azken arreba serora zen Urzulinen lerroan. Serora izena Helena. Ez dut biziki ezagutu. Bere jendetasunaren arradoaren arradoaz hanturik dagon Frantziak, serora xumeak, emazteki ahal gabeak kanporatu zituen, jenderia ustel eta usteltzaile baten gisa. Pauline, Françoise eta Helenak ihes egin beharko dute Espainiarat, Combes minixtroa haizatzale. Miletan gaizkiago ibiliko ditu Stalinek giristinoak Rusian. Bortz miletan gaizkiago Hitler-ek juduak Alemanian. Arbol pizkor Combes Frantzian. Xara nasai Staline Rusian. Oihan muga gabe Hitler Alemanian.

        Aldi bat baizik ez dut mintzatu ttantta Helena, Tartas Landesetako komentuko ate-zaina. Eritasunaz begitartea ximurtua, mintzoa apaldua, bazuen denentzat ongi-etorri maitea: sainduño bat, orok diotenaz.

        Aitaren azken anaia, edo Jan-Piarre, ezkonduko da etxerat Uhaldaiko Mariena Goity izena duenarekin. Gizon arradoa Iturburuko otto Jan-Piarre, haur begi urdin zabal batzuekin. Mendiko ura bezain garbiak. Emaztea, langilea eta errotik giristinoa. Laket zaitan, haunditu-eta, zaldiz itzuli baten egitea, etxeko haur bat bezala bainakien izanen nintzala errezebitua.

        Aitaren amak, Marie gazte Durrels zuen izena. Marie gazteren ama, Mariena alarguna. Heldu dira bi ahide urrun, Ameriketatik, Salaberry izenekoak. Bat ezkontzen da ama alargunarekin, bertzea alaba Marie gazterekin. Egiazko Marie gazte: hemeretzi urte ditu. Senarrak berrogoi. Ukanen dituzte hamalau haur, bederatzi bizi. Uda ala negu, egun guziz, Marie-gazte badoa, etxea utzirik, elizarat, negukari lanterna txar bat eskuan, kalotxak zifli-zafla ixtiletan.

        Aitaren anaia Piarra bizi izan zen Argentinan. Aitak lagundu zuen oinez Luhosoko garalat, puska beharrenak zaku batean, tinkaturik sartuak. Noizetik noiz, heldu zen Argentinatik gutun bat edo bertze, hango ahide gazteen berriekin. Pirua higatua, ez hautsia. Nork koropilatuko ote ditu piru hautsiak, Euskal-Herria egon dadin lotua mundu osoan barreatu Euskalduneri, hala nola gorputzean bihotza, bazterretako zoin bakotxari? Euskal-Herri ttipittoaren inguruan bada bizi Euskal-Herri haundi, orotaz ahantzia. Biek balukete iratzartzearen beharra, EuskalHerri haundiak begira dezan Euskal-Herri ttipia; Euskal-Herri ttipiak goxa dezan Euskal-Herri haundia. Esku behar lukete eman barneko eta kanpoko Euskaldunek. Ameriketako Euskaldunek hixtukatzen balute Frantziako :presidenta Ameriketan, Frantzia ari delakotz «azpijoko, euskara diat urkatuko», amor eman lezake Frantziak. Juduetarik ikas hor ere, zer egin. Badakite bere arranguren beldurrik gabe aipatzen, kanpotik etorri, nun nahiko presidentari, eta bere aldian, Frantziakoari. Bereak eta asto beltxarenak aditu zituen Xikagon, Pompidou jaunak.

 

 

        Gizonak egiten du etxea, bainan etxeak egiten du gizona. Etxeak emaiten dio gizonari, gizon izaiteko behar duen axola, arrangura, laneko karra. Nolako xori, halako ohantze eta nolako ohantze, halako xori. Arrotzak egoiten dira harriturik Euskal-Herriko etxeari beha. Eskas etxe landak. Nasai etxeak. Frantzia beherean lerroa aldez bertze itzultzen dute. Nasai pentze landak. Eskas etxeak. Apaintzen du Euskaldunak etxea, bera ez baita gauza bat, eta etxea bertze bat. Ez baditu, ala bere etxea, ala etxetiar etxea ongi atxikitzen, nagusia ez da egiazko nagusia. Ez da gizona. Oraiko zorigaitzaren zorigaitza, lurrak ez aski emaitea. Oraiko mainak hiriarentzat. Atxiki ditut panpindurik burasoetarik ukan Landaia eta Gaztelua. Zer egin ahalko dute hetarik ene ilobek? Zer, bertze etxetiarretarik, bertze nagusiek? Ez dituztea beretuko kanpotiar jaun aberatsek? Nahiz lehertzerat utzi baino miletan hobe litaken saltzea. Etxea egonen da xutik. Etxeak edertuko du mendi mazela. Etxeak bilduko du jendea, arima saldu-eta behar-metak ardia bezala. Ez da ererrua egonen hutsa, haren ixilaren-ixila etsigarri, ez balinbada erhogarri. Nork daki etxeak ez duenez beretuko haurra, eta kanpotiar umetik eginen Euskalduna? Teilatua, harri-uhar ikaragarri batek hautsia, murruak azkar, bainan zonbeit urte bana-bertze erortzerat bortxatuak, saldu diot Iturbide etxea, Pariseko andere Euskaldun gazte talde baten adixkideari. Ari izan dira erasiaka ene kontra. Nereak bildu. «Bego etxea erortzerat, bainan ez sal!». Ez zait iduri solas hori xuxena ditakela. Haatik egon naiz beba, bere prezioa, prezio ona, erosle batek eskain zezan. Saldu etxea, bere baratzearekin, bainan ez inguruko lurra. Alde batetik, etxe zahar baten ertohil uztea ez da saltzea, bainan emaitea; bertze aldetik, lurraz desegitea edo buluztea litake, ene iduriko, etsenplu gaixtoaren, eta kasik eskandalaren, emaitea. Hiritarrek gutiesten dituzte askotan bas-herritarrak, erdaldunek Euskaldunak. Guri da gure buruaren zaintzea. «Zu» erran-araztea. Nortasunaren begiratzea. Askatasunaren finkatzea.

 

 

        Heletako plazatik hamabortz bat ehun urratsetan, Iholdiko bidetik hurbil lur kunkur baten gainean kokatua «hala nola urtxo bat, bi teilatu hegalak beheiti, papo xuria zonbeit luma gorriz zirrimarratua», Francis Jammes olerkariak euskaldun egoitzaz dion bezala, bada etxe bat; izena: Garra. Egia erran, bada etxe multxo bat. Alde batetik Garrak baditu eskuin, ondo-ondoan, Garakotxea, Etxeberria, Gaztelua, Jauregia, Hauxtegia; eta ezkerretik urrunago mendixken azpian pirka-pirka barreatuak Larraldia, Iturraldia, Iturbidia, Landagaraya, Oihenartia. Kartierra Garreta. Han bizi Garretarrak.

        Bi eskuak sakelan eman gaiten Garra etxeari beha. Etxeak gizonak bezala badu bere begitartea. Etxe zaharraren erdi-erdian ate bat zabala, gaina baitu biribila. Gain biribilaren erdian emana, idazki bat: «Pedro de Garra 1123». Azpian kurutzea. Gorago erredolatxo gisa, lehoin bat iduriz maltsoa... bainan zoazi zu lehoinari fidatzerat! Lehoina jalgia da harri horail errautskor batean. Haren jauz-arazteko aski zitaken burdin pozi bat, berdin harri kanteil idor bat. Atearen gain biribila aldiz moztua da harri beltzaran idorrean.

        1123, zahar, biziki zahar emaiten du noiz horrek. Batzuek diote 1723 behar litakela untsalaz irakurri. Ez luke iduri, hain dira agerian zenbakiak. Behar-bada biziki berriago da ate gain biribila, eta 1123 han ezarria, familiak hola uste zuelakotz, familiak, lehoin harri gurian ateratuari esker, asma zezaken bezala.

        Bada familia bat Eleta o Garra, Iruñe edo Panplonan baitu erroa, Panaman adarra. Diote beihala Eletak eta Garrak zer bat zitazkela, biak adin berekoak izanki. Nahiko zuketen nik egitea ikertzeak asmo horri buruz. Bainan hala behar-eta, ni ez liburutegietako garratoina. Ni denetan usnaka eta gogoetaka ibiltzeko zakur ihiztorra. Eman nioten, lan horren egiteko, Eugéne Goyhenetche, ikertzalearen izena. Dena dela, bada leiho haundi bat, sukaldearen argitzeko nasaiki. Noiz ditake zabaldua? Dakienak daki. Lehen hertsia zitaken eta burdin makilaz hetsia. Eskuinetik ere leihoxka bat ikusteko nork zion «Hela» eta ihardetsi behar zenez «Aintzina». Murruaren emokatzean ohartu ziren ziloari. Beaat harginak jalgi, bo! ez zela deusetako on gehiago holako ziloa, eta bi mortero-zaflaz tapatu. Ezkerreko leihoa apala zen, erdian harri bat emana bi alderdien behexteko, hai eta ere gaineko harriaren atxikitzeko. Leihoñoetan, burdin makilak. Ene gazte orroit guzian, ikusi dut heieri kadena batek estekatua, batetik bertzerat, beti «Potzo» izena zuen zakur ihauslari larderiatsua. Aitak goratu zuen leihoa, apaindu barnea, edo sukalde zaharra. Bere ustez edertu, ezar-araziz lehengo ximiniaren ordain, marmola gorrailezko ximinia feiries bat. Horiek oro ene lehen mezaren karietarat. Alemanian badira gizon argitu biltzarrak, gizon guti argituez axola dutenak. Frantzian holakorik ez da. Ez eiki Euskal-Herrian. Jaun aberatsik ez ukaitea, alde batetik ongi, jende xeheak nasaikiago iresten baitu beregaintasunaren airea; bainan bertze aldetik gaizki, jende xehea utzia baita bere-ber, artzainik gabe. Zonbat etxe ez dira andeatuak izan Euskal-Herrian: ontzeko gutizia ba, argiaren ukaiterik ez. Behar litazke orotan hiru kantoinetako elkargoak: hemen jende langilea, hor jende ikasia, han jende herriaz kargatua. Zer kexuak ez ninduen hartu, jakitearekin nola zuen aita gaixoak halako leiho pollita itsustu! Semea goretsi nahi, bainan semeari hitz bat ez galde egin. Holakoak gira, gu Euskaldunak. Uste denak badazkigula. Nahiz, ikusi ez duen begiak ez duen eneak bezala nigarrik eginen.

        Leiho gaineko harrian emana da «Jesus, Maria, Joseph. Salagoiti Garra Gratiane 1666». Emana kurutzearen itxura lantzarekin. Emanak bi erredolatxo: hauek hiru ogi, harek hiru arrain. Etxe zaharrari loturik dago laukradoa edo etxe berria, horrek ez baitu erran nahi dela azken ihintzaren ondotik sortu haizpeko onjoa. Ate-gainak dio: «Fait par J.S. Garra Estebenie Arraidou 1770». Erdian erredolatxoa, hiru ogi eta bi arrain inguruan emanak. Lehengo ate kaskailak kendurik oraiko ate polliki lantuak ezarri dituzte; zorigaitzez.

        «Hélette, euskaraz Heleta, izen hori aurkitzen da Baionako kapituluaren bilduman, 1302-ko urtean, Eleta ezarria. Pamplonako lege bildumak aipatzen du 1518-an. Baionako lege bildumek deitzen dute 1757ean: «Beata Maria de Hélette».

        Xehetasun horiek aurkitzen dira 291 hostotik 299-ko hostorat: «Les paroisses basques du Pays Basque. La période révolutionnaire par Pierre Haristoy», Ziburuko apez zenaren liburuan.

        Zeren gainean finkatzen dituen bere erranak, ez dauzkigu aipatzen apez jakintsunak. Xehatu ditu bere irakurgaien hatzak. Diote han-hemenka egin dituela hutsak. Baditake. Nolaz ez hutsak egin holako jakita te meta tuturruan? Larrienak egiak dituzke. Emanen gira hura erakasle eta gu ikasle, haren ahotik biltzeko dauzkagun argi eta solasak.

        Santa Mariak eta Aguerrek, mail bereko bi nagusi izaitea gatik, izendatzen zuten, Piarres lIaristoy-en arabera, batek bertzearen ondotik, herriko apeza. Dio Heleta parropiako etxerik zaharrenak zirela, Santa Maria, etxe bat xut-xuta, elizaren ondoan, errekaren bazterrean, Baigurari so landatua, eta Agerria, etxe bat nasaia, hura ez goitirat bainan zabalerat luzatua, plazako bazter bat hesten baitu. Heldu zen gero GarraGaztelua, erortzeko heinean izanik ene aitak eta gero nik antolatua, nihaurek ere ondoko etxe Jauregiari lotua hura ere lehertzerat baitzoan. Gazteluko kaperatik ez dira gelditzen zonbeit tindu xorta baizik. Lanean ari zirelarik, harginek zioten, arraileria laket: «Kasu, holakoetan aurkitzen dira eltze urrez beteak». Ez zuten hatxeman. Pruntak zitazken Garra-Gazteluko egoiliarrak.

        Martin Biscay-en eretzean, aspaldiko etxe zaharra, zaldun etxea, Garra. Garrako zaldunek elizako lehen tokiaz hainbertzetaraino zituzten aharratu, ez bakarrik Agerreko baronak, bainan oraino Santa-Mariako aitoren semeak, nun, azken horiek bere zuzenen zaintzeko, jo egin beharko baitute auzitegirat.

        Haurra nintzalarik, orduan jartzen baitziren emazteak etxeko kaderetan, gizonak aldiz beti ere nahasixago eta bere nortasunaz apur bat futitzen, tokiz aldatzen noiz-behin, norat gostu, harat haizu, haurra nin tzalarik beraz, eskuin aldetik lehen kadera, seroren bi kaderak utzi-eta, Garrako kadera; lerro berean, murruaren aldetik, lehen kadera, Agerreko kadera; ezkerreko aldetik, lehen kadera, Santa-Mariako kadera. Katixa zenak emaiten zauzkigun kaputxinaren artetik, kaska batzu finak, mutiko zantzail basten ginelarik eleketan haren aintzineko alkian. Bazuen nehork ez bezalako tapiza beltza zangoen pean. Oxala izan balire lau familia hein bertsukoak, eman ahal zitazken ala erdiko bidetik hurbil, ala murruetarik hurbil, lau lehen tokietan, kukulauka ari gabe, Jaunaren etxean.

        1356-ean, Eñaut de Garra izanen da Donibane Garaziko gazteluaren buruzagi, hiru menderen buruan Vauban-ek murruz hain polliki inguratuko duen mendixkaren gainean, nun amen-omenak deituko baitu Donibaneko Gaztelua «Vauban-en oñoña-untzia».

        1662-eko martxoaren 22-an sortu Zantiago Garra apeza egonen da herrian. Haur ttipien erakaskuntza izanen du bere gosturat hautatuko duen bere lana. Xuhur zitazken hemezortziko mende hastean, laborarien haur xumeri zerbeiten ikas-arazteko zuketenak xede eta lebia. Bazuen trufa merke holakoentzat Voltaire, paristar idazle arinak. Haren eta haren idurikoen arabera, beti ttipiek ttipi egon behar eta haundiek beti haundi-maundi, ttipiak haundien zerbitzari, haundiak ttipien nagusi. Berrogoi eta bat urte lehenago sortu Jan-Battitt de La Salle, Reims-eko apeza, eta ikastegi giristinoetako haren seme fraileak, izan ziren itsuski zangopilatuak ukaitea gatik, jende apalaren argitzeko, Jesus Jaunak zuen nahia. Behardunez Jaungoikoa urrikari, egin baitu heien baitan bere egoitza... Jaungoikoa eta haren apeza, delarik apeza eta ez jaunxkila.

        1736-eko martxoaren 4-ean sortu zen Zantiago Garra de Salagoity apeza. Hasten ditu ikasteak Larresoron, bururatzen Tolosan. Tirria gaitza du matematiken alderat. Nahi ditu ikasi, ez gain-gainetik jakitatearen hezteko, bainan gehien-gehienik ahalaren emendatzeko. Errotik hemezortzigarren mendeko umea, haren kaskoan ez da jakitatea lehenik gogoaren apaingarri, bainan lehenik besoaren indargarri. Ari da gizona leherturik lanean. Behar zaio eman laguntzeko, ez tresna gisa, esklaboa, bainan esklabo gisa, tresna. Hola jasta dezake zorion deitu gauza oraino doidoia asmatua. Bere gizamenduarekin iduri zaio, zorionaren ametsa eta hitza biak berriak direla. «Eléments de la science du navigateur, par M. l'abbé Garra de Salagoity, professeur d'hydrographie á Bayonne, correspondant des Académies royales des Sciences de Toulouse, de Bordeaux, etc.», deitu liburuan, dio Marques de Castries, untzien buruzagiari: «Lanean naukan helburua izan da sustatzea herriko gizonen atsegina; zabaltzea eta segurtatzea gauzen sal-eremaa; hobetzea lanbide bat, hori izan baita enperioren osagarri eta ontasunen iturri; xixtatzea komerzioko untzialdea, izan dadin, jakitatearen hedaduraz, errege-untzialdearen heinekoa».

        Ez ditu gostuko idrografiaz edo ur-jakintzaz agertu liburuak: «Batzu sobera xorrotx mariñel-gai gazte gehienentzat, bertzeak sobera mutits, sobera egun guzietako urratsetan ehortziak. Nahi nuke egon bi leize horien artean, ez sobera xorrotx, airatua zail bide solasetan, ez sobera mutits, erroraino sartua gogorik gabeko harat-hunatetan».

        Jakitatea gauzetarik beharrena, ez bakarrik izpirituko ilunben haizatzeko, bainan oraino eskuko indarraren emendatzeko; ez bakarrik munduko koropiloen desegiteko, bainan oraino munduaren hezteko, orratzeko, eta nolazpeit gizontzeko, Jaungoikoak utzi baitio gizonari mundua bere ontasun. Gizona jakile, bainan ere gizona egile. Gizona Jaungoiko lanaren bururatzale, nahiz bilaka ditaken funditzale. Jakitatea zor da guzieri, bainan lehen lehenik gazteeri, gazteak baitira herriaren geroa. Egiak, ongiak eta herriak bat egin behar lukete. Egiak hartu ongiaren bidea, eta ongiaren bideak ereman herriaren nasaitasunerat.

        Ez naiz izan matematika erakasle ez eta ere mariñel moldatzaile, Zantiago Garra de Salagoity bezala. Izan naiz edozoin lanetarat moldatzaile; filosofia edo zuhurtziaren adixkidantza, ene saila. Bizia kasik iragana, harriturik nago zonbat eite dutan, 167 urte ni baino aintzin sortu putikoarekin.

        «Encyclopédistes» deitu d'Alembert eta Diderot-en asmukoa zen osoki Zantiago Garra de Salagoity gogoetan ari zelarik nola erakuts untzi bidatzaile-lemazainari zer bidetarik ibil, bide gabeko itsasoan. Bainan zen asmu giristinokoa. Zen apeza. Izan dira, mugaz bertzalde Los Caballeritos de Azpeitia deitu Encyclopedista giristinoak. Egun batez heldu zait Mañex Ithurriague, Musée Basque-eko buruzagi jakintsuna, Villa Pia-ko erakasle aipatua, heldu xoria bezain arin. «Barda, jin zait gogorat Pariseko Encyclopédistes fede gaben, eta Los Caballeritos de Azpeitia Encyclopedista fededunen arteko zubia ditakela Jacques Garra de Salagoity Heletako apeza». Ez zen guti harritu, nik ihardestearekin ene arbasoetarik nuela. Asmua denetan behar, asmua nihun ez aski. Sudurrak gizona askotan hala denerat heltzen, eta askotan hala denetik baztertzen. Denetan froga behar. Denetan frogak azken hitza bere. Balitake hor zer lan egin jakiteko, ba ala ez Garra de Salagoitik ezagutu dituenez, Los Caballeritos de Azpeitia, Baionan edo hobeki Donibane Lohitzunen zagolarik.

        Aita eta amaren ganbara haundirat hel aintzin, bada ganbara ttipi bat, «mutilaren ganbara» deitua. Goraxko ezarria, haurrak nekez heltzeko moldean, bazen taula bat mukurru matematika, aztronomia, ur-jakintza liburuez betea. Horiek oro Zantiago Garra de Salagoity apezaren ikasteko liburuak edo tresnak.

        Plazan, bada «Bixitateenia» deitu etxean, lehen estaian, galeriarat emaiten duen atearen gainean, harri bat, gainean ezarria egilearen izena: «Vicente Aguirre» eta harri hura jasaile bertze harri bat, larriki beltzez idatzia:

 

                HANC DOMUM VILLASQUE OLIM SP

                ELUMCAN LATRONUM PURIFICAVIT

                JACOBUS GARRA DE SALAGOITY

                PRESBITER REGIUS HYDROGRAPHIAE

                PROFESOR BAIONENSIS REGIARUM

                ACADEMIARUM THOLOSANAE BURDI

                GALENSIS MARINAE CORRESPONDENS

                NATUS DIE MARTII QUARTO 1736

 

        «Bizitegi hau laborantzako tokiekin, lehenago ohoin-zilo, garbituak ditu Jakobe Garra de Salagoity apezak, Baionako erakasleak ur-jakintzako errege ikas-etxean, Tolosako eta Botdeleko untzialdearen errege Akademian ihardesle, 1736-eko martxoko lauean sortuak».

        Zer bi mila sorgin gertatu ote ditake Bixintateiko bizitegian eta haren gibeleko laborantzako tokian, holako paxadarekin mintzatzeko, harri bat utziz, oraikoen eta gerokoen artean lekuko? Gizon norbeit hil, Bixintateia izaitea gatik plaza gaineko ostatu oker zerbeit, Goyhenetche erakasleak dion bezala? Baditake.

        Nola zukeen Jakobe Garra de Salagoity apezak ohoinen harpea garbitu? Eginez elizako otoitz bereziak, Goyhenetche erakasleak oraino dion bezala? Baditake. Entzunak entzun, lodi dago lanbroa. Aipatu dugu, nola aitatxi, edo aitañi Xuberotarrek dabilaten bezala, ari izan zela auzika etxeko ondoriotasunaz anaiekin. Eta huna nun, 1970-ean jin den Garralat Hegua-Behereko ahidetarik harri bat hitz berekin, bainan lehena gota bezain, hura luzea eta mehea, eta ez hitzak beltzaturik ezarriak. Hegua-Beherean bizi zagon naba harri hori Garratik jina zela, eta egun batez Garralat itzuli behar zela. Zendako Garrako seme batek ereman zuen harri mutur bat, iduri ainitz zukela balio? Jakiteko zer gertatu den, ukanen dute, gerokoek ere, buru-hauste. Harri hori izan da Gatrako leiho batean ezarria...

        Biarnesek zioten Biarnon sortu zela Renaud d'Elissagaray untzietako injeniur aipatua. Garra de Salagoity-k xutitzen du auzia, erakusten Euskaldun garbia dela, jalgitzen bataioko lekukotasuna, ordeinua, eta biziko asko xehetasun, jin beharraz bezala, bazuen iraganaz axola. Nahi duzuia jendetze bat atxiki belauna lepo gibelean emana? Ebats-akozu aspaldiko arbasoen orroitzapena, ebats bere izena. Aspaldikoak eta gerokoak elgarri josirik egoiteko eginak litazke, aspaldikoak emaiten duelarik gerokoaki oldar, gerokoak idekitzen duelarik aspaldikoari bide berri. Aspaldikoa daukatenak aberats, ongi ezagutzea gatik, badoatzi usu geroari buruz, gibelka, begiak aspaldikoetan landatuak. Heien eritasuna, gelditasuna. Hola eri Europan Frantzia, Espainia, Inglaterra, Italia. Aspaldikoa daukatenak hitsa, ez aski ezagutzea gatik, usu dagotzi geroari buruz uzkur eta herabe. Heien eritasuna, ahultasuna. Hola eri Frantzian Bretania, Okzitania, Korza, Euskal-Herria. Batzuek gelditasunetik ahultasuna, bertzeek ahultasunetik gelditasuna. Batzu aspaldikoez gogoaren alpotxa sobera betea. Bertzeak gogoaren alpotxa aspaldikoez sobera hutsa. Batzuek ez aski ahanzten. Bertzeek sobera. Jalgiko da Euskadi herioaren lauzapetik, orroitzearekin eta ohartzearekin bere seme izan dituela Loiolako Maki, Xabierreko Frantxes, Baionako Duvergier de Hauranne, Ibarreko Mikel, Bilbaoko Unamuno, eta Elkano, eta Bolivar, eta Ravel, eta bertze, Jakintzak du geroaren atea idekitzen politikari, eta politikak ekonomiari. Ikasi duelarik bere nortasuna, Afrikako gizonak bildu du bere askatasuna. Nortasunetik askatasuna, eta ez askatasunetik nortasuna. Hila izanen zen, aspaldi, Euskal-Herria, ez balitu ukan goreslari plekaria, dantzaria, kantaria, bertsularia.

        «Diote matematiken ikertzeak xuxentzen duela gogoa. Ez zuen holako ondoriorik ekarri, Garra de Salagoity apeza baitan. Gogo argituaren jabe, bainan bitzia eta ere behar-bada bere arrakastaz nahasia, amor eman zuen Erreboluzioneari, eta zin egin apezen lege zibilari», derasa Piarres Haristoy-ek, erasia tar-tar-tar ezpainetan.

        Bitzia, bitzia, aise da etrana! Putiko tipi, galde egiten ginuen irri zafla batekin: «Zer da bitzia?», eta beretik erreferatzen lagunak, katiximan bezala, «Bitzia da iputdirik ez duena...». Gizon gehienek badukete ipurdia, bortxatuak baitira ttottotzeko alki baten hautatzea. Asko gogolarien gisa, nork daki ez zuenez egin Garra de Salagoity apezak orenak joa zukeela menderen dorrean, alkiz ordaintzeko doi bat bere aldetan, bainan guziz elizaren onetan? Bazauzkaten ausarki abar eihartu, ba herriak, ba elizak. Baditake Garra de Salagoity apeza, orduko ainitz gogolarien pare, galdeka ari izan den neguko iparrari, atera zitzan abar eihartuak, tokia garbi, uda berriarekin, nehoiz ez bezala burburia ziten, abar guri eta hosto ferde sasiak. Patio bera egin dute Polonian, komunizgoari buruz, hogoigarren mendean, giristino multzo batek. Bidearen hartzea neke, nekeago uztea. Gizona ez da eliza gaineko tinpla, norat haize, harat aise. Denborak behar du iragan, zilatzeko aitoren semen ordain sartu burgesia ez dela jende xehearen alderat zikoitzago baizik, hala izaitea gatik diruari estekatua. Denborak iragan behar ohartzeko erreboluzioneko solas ederren gibelean gorderik zagola Frantziako oilar, eremuz eta ontasunez gose-hamikatua, komunizmoaren gibelean dagon bezala Rusiako otso zigante sekulan ez asea.

        Bazuen Jakobe Garra de Salagoityk anaia gaztea, haren gisa Larresororen ondotik Tolosan eginak baitzituen bere ikasteak, izaiteko hura bezala apez egina 1770-ean, Tolosako apezpikua ordena-emaile. Donamartiriko apez izendatua 1803-an, han hil zen 1825-ean. Bikariotzat ukan zuen bere iloba, Jakobe Garra de Salagoity, sortua 1794-ean, bikario izendatua 1819-an. «Ez du guti parte hartu bere anaiaren elizarat itzultzean», dio Piarres Haristoyek. Ez guti harek, bainan ez gutiago, d'Alincourt Baionako apezpiku ordainak. Jendetasunez betetik daude Zantiago Garra de Salagoity, apez Elizatik jalgiari igortzen diozkan gu= tunak. Igortzalea emaiten da etrezebitzalearen bihotzean, bihotz zaurtuak duen minbera aise oiestuan. Balitake zer ikas buruzagientzat gutun horien lerroetan. Ahalaren gakoa, ahalik gabeko amodioa.

        Bai erdi bat itzuli zuen Zantiago Garra de Salagoity apezak. Barkamenduaren galde egiterat ekarria zen, bainan apalik eta gordeka. Goraki eta agerian galde egitea, nekegi eta soberakin zitzaion. Duhalde apezak ihardesten dio, berme Trente-eko konzilioa: «Denen aintzinean, ahalgerik gabe egina, plaza gainean, goraki ordaintzea, hori da zuzentasuna». Emeki bada emeki urratsez urrats, heltzen da Zantiago Garra de Salagoity, bai eskasetik, bai osorat.

        Jaunak eztiki apaltzen ditu, beharrik, Baiguraren heineko gure haur , tema gaixtoak. Jaunak ez zezaken ahantz bertzalde ohiko eta betiko bere apeza, halako lanak Euskal-Herriko putikoentzat ibili zituen zerbitzari jarraikia. Gudari zahar baten gisa egin lanaz, eta bildu ukaldiez zaukan gorputza karramaskatua. Bertze ainitz giristino eta apez bezala zer nahi izaiten ahal, salbu farisaua.

        Baditake durduzaturik egon ditazken asko, ohartzearekin Zantiago izen bera dabilatela berdin, etxe bereko bi anaiek, iduri xapel bat baizik ez bi bururen estaltzeko. Ez litake ahantzi behar Heleta Konpoztelako beilarien bidean aurkitzen dela. Bada Heletan Ospitale deitu etxea, eta hartarik landa, Ospitale etxe gaitza Irisarrin. Jacobus izen latinetik jalgi dira Jakes, Jakobe, Zantiago, Xantiago, Euskal-Herriko izenak, lehenago etxe guzietan goresmenez ibiliak, berdin anaia bat Jakes, bertzea Jakobe, bertzea Zantiago edo Xantiago. Heletako elizan bada Zantiagoren itxura guziz ederra, xapela biribil goiti itzulia, matoa eskuan, kopeta xut, begiak mendi kaskoari buruz beha.

        Adinetara han harat joana, frango apez eta gizonen begitarteak ditut argiratu. Artzeatekin iker-miaka kanpoko mortero lodi hura jauzarazi beharrez, izaitearen hezur muinaraino heltzeko, ohartu naiz, aldi guziz, gizonaren bizia dela antzerki bat, askotan lazgarria, askotan irringarria, askotan goxagarria, beti miresgarria. Bizi ezdeusik ez da. Bizi eskas gaberik ez da. Denak kanpoz perttoli, duke barnez ainitz bali. Barneari so egin-eta, zila ditake zendako zerutik jautsi den Jesus Jauna lurraren gainerat eta zendako duen bere burua utzi kurutzeari estekatzerat. Berak daki zoin den ospetsua, buztinean bere erhiez Jainkoak moldatu gizona. Haundi haren begietan, jende ttipiena. Gizonaren begietan aldiz, auzoa ikusten baitu berak daukan jelosiaz ilundua, eta hastio baitu bere esku zikinek haren gainean utzi hatz zikina, haren begietan ttipi, jende haundiena. Erradazu nola ditutzun bertzeak ikusten zuk, eta erranen dautzut nolakoa ziren zu.

        Norbeiti mintzatzeko, Arabek lotzen dute haren izenari, aitaren izena. Artzainak izaitea gatik, aldatzen baitira eremuz, ez ditazke koropila, beren familiari, denboran baizik. Euskaldunen artean, gizonaren izena jalgi aintzin, jalgitzen dugu daukan etxearen izena. Harriarekin eta zurarekin, emaiten dio etxeak gizonari, berak ez duen bezalako gorputza, bera ez bezala hedatua ba eremuan, ba denboran. Diote gogolariek Jaungoikoa dela berdin ba bihotzekn, ba zeruan, Guti bihotzeko Jaungoikoa, ez balu Zeruko Jaungoikotik argi eta oldar. Eskas Zeruko Jaungoikoa, ez balu bihotzeko Jaungoikotik ohantze eta galde. Ahanzten dute hola mintzo direnek badela bien arteko gune bat nun ere bizi baita Jaungoikoa. Zeruko Jaungoikoaren eta bihotzeko Jaungoikoaren zubi dago gauzetan sartu Jaungoikoa... Bada Jaungoiko beraren hirugarren begitarte bat, eliza dorrean, supazter gaineko kurutzean, ganbaralat sartzeko ur-benedikatu untzian, jendeen urrats, ohidura giristinoekin nahasia, kultura barnean.

        Ene sinestea... Zer deraukuzu? Zutaz, zure gogoaren gogoko sinesteaz mintzatzea, argi eta garbi, hitz emana zinaukun, eta ari zira barbar-bar, zure etxekoez, zure etxeaz, zure herriaz, zure burua aipatu gabe... Holako galde egileri ihardetsiko diotet mintzatu naizala ene sinesteaz, eta ez naizala mintzatu ene sinesteaz baizik.

        Gizonez mintzatzea. Jaungoikoaz solastatzea. Nolako gizon, halako Jainko. Ene sinestea xurgatu dut Uhaldeberriko Dominika amañoren esnearekin, Pasko haren senarraren hatsarekin. Burasoen, ahiden, au zoen, mutilen bihotz azkar zabaletik sartu da sinestea ene bihotz ahul ttipittorat. Murruak ere bataiatuak dira giristinoen etxetan. Murruetarik jautsi da sinestea, ihintza gauaz loren gainerat bezain eztiki, ene buru gainerat. Ezen bataiatua dena, da ere bataiatzale. Haurrak ezin musurik oraino eman, amak hurbiltzen dio kurutzea ezpain hetsien gainerat. Geroxago erraiten dio: «Emaxu ma. Kexux Jaunari. Hea haundia... Hola». Eta oraino: «Igor potta murruko Ama Birjina onari... Hola...». Eta haurrak emaiten polliki, nun ez den kexu eta erakutsi behar bere nortasunari dela doi bat atxikia. Hanbat gaixtoago tipusttapast itzuli badu burua. Egin badu egin eta ba egin. Ez da bere hartarik kantituko. Ez zaio itsusi amari, nun bera ere ez den fleitean: «O, o, samur dugu gure gixona! Bego, bego, eztituko da, eztituko!». Oro haurrari beha dagotzi, hari irriño bat jalgi nahiz, berak irriño bat ezpainetan kokatua. Bigarren aldikotz sortzen da haurra, Euskal-Herri giristinoan, ordu berean, ohartzerat, elerat eta federat.

        Gauaz ixil-ixila dabiltza izarrak zeruan; egunaz ixil-ixila dirdiratzen du lanoen artetik iguzkiak; neguan ixil-ixila iragaiten da abarretan gaindi izerdia; udan, ixil-ixila idekitzen lorea; udazkenean ixil-ixila ontzen fruitua. Orobat, batere ohartu gabe, ixil-ixila Jaungoikoak betetzen ditu haurraren gogo-bihotzak, herriko jendeak eta gauzak ararteko. Ezen gizonek oratzen badute herria, herrikk, bere aldetik, oratzen du gizona. Gizonak egiten duela herria, egia haundia. Herriak egiten duela gizona, egia: bi egietarik haundiena.

        Ene sinestea, Euskal-Herri giristinoak urririk eman dautan sinestea. Ez du debaldetan Jaungoikoak hartu Aitaren izena. Ez dauku debaldetan eman, Ama gisa, Birjina amultsua. Badira, ez guti, hasten baitira marraskan eta hortz karraskan, ohartzearekin duten sinestea ukana dutela, eta gehiago dena, halaber, duten bizia. Bere haundi beharrak egiten ditu tturrut. Ditugun baliosenak, ukanak. Oihu egin-zazu, edo Frantsesak, edo Espainolak, edo Bretoinak, edo Euskaldunak, eta horien begi-bihotzak ezarriko ditutzu zuri buruz erne eta bipil, barrandan. Guk egina guti, guk ukanari behatu-eta. Sortzeak eta ez gure nahiak, zatikatu gaitu, gizon ekei beretik, hemen Frantsesak, hemen Espainolak, hemen Bretoinak, hemen Katalanak, hemen Euskaldunak. Badira mailak sinestean. Euskal-Herri giristinoak ezarri du ene izaitearen zola-zolan lehen maila; aita eta amaren sinesteak ene baitan sartu azpiko eta hasteko lehen harri mokorra.

        Xina gelditu da sinestearen lehen mail hortan. Harentzat arbasoak ez dira ez sinestearen guziz emaile, bainan bai guziz sinestearen hartzale, Jainkoso bezala, jenden eretzean ekarriak izaitea gatik. Otoitza ez da arbasoetarik gorago altxatzen, bainan arbasoetan gelditzen. Ez dira arbasoak otoitzaren bide, bainan otoitzaren hel-buru. Heien izaitea Jaungoiko, eta ez Jaungoikoa heien izaite. Sineste horren makurrak atxiki du Xina koropilaturik bere arbasoeri, erran nahi baita bere bl ruari, bere buruak iragan mende aipagarrieri. Kendu dio Xinari, geroari buruz abiatzeko nahia eta oldarra. Ez da harritzeko Mao Tse-tung jazarririk ere Konfuziuz-i, sei mende Jesu Kristo sortu aintzin, Xinak bere gogobihotzaren bidatzale-gisa hautatu zuenari. Arbasoen goresteak emaiten dio familiari behar luken batasuna. Euskal-Herrian baginuen atxikimendua. Bainan arbasoen adoratzeak egiten gaitu arbasoen denborako jende, betiereko ilargi xuria, betiereko gauaren a?gizari histu. Arbasoen adorazioneak sor-arazten gaitu, denbora gabeko denboran. Bi gauzetarik bat: edo Mao Tse-tung-ek behar zuen utzi hunkitu gabe Konfuziuzen erakaspena, Xina egon zadin oraiko mende berriaren alazean; edo behar zuen erraustu Konfuziuzen erakaspena, Xinak iragan zezan mende berriaren alazea. Arbasoak Jainkoso; arbasoak debruto. Jainkoso onez, debruto gaixtoez beterik zagon Xinatiarren gogoa. Moztuz iragan men-, deri estekaturik zaukan lokarria, jalgi du Mao Tse-tung-ek Xina Jainkoso eta debrutoen zangoen azpitik. Bihurtu Xinatiar gizonari askatasun eta goxotasun. Ateratu du zepo batetik Mao Tse-tung-ek Xina. Ez da harritzeko hala bada jendeaz goraipatua. Batetarik jalgi, bertze batetarat botatu. Bere burua egin du Jainkoso, ez baita harritzeko hainbertze jenderentzat bilakatu bada debruto. Atzokoa da jadanik Mao Tse-tung. Eta herriak bizi behar egun, atzo ahantzi gabe, behar gogoaren axola. Bizia jauzi bat atzotik biharrerat, egungo bizkarraren gainez-gain. Berriz atzori estekaturik ezarri duke Mao Tse-tung-ek Xina. Deslotu eta lotu, lotzeko deslotu. Nork daki zer gostako zaion Xinari, Mao Tsetung-en Jainkoso altxatzea, nahiz orai arte ageri den guziz Mao Tsetung-ek, Jainkosoetarik behexiz, Xinari egin dion ongia. Herrian sinesterik ez duenarentzat, gizona, menditik ahur bat lur. Herrian baizik sineste duenarentzat, gizona, gisamendetik ahur bat ele. Ainitz -lehenari behatu-eta, guti egiazko gizona ikusi-eta.

        Pagano ziren denboran, bazuten Euskaldunek, beharbada Erromanoek erakutsia, beharbada ohidura alde hauietan denetan hedatua, bazuten joko bat, bere irringarrian, hunkigarria. Bere-ber bizi nahi, ez izaiteko noiz-nahi zenduen itzalaz beren askatasunetik hustuak, ehortzetatik etxerakoan, etxerat heldu gabe, azken bide-kurutzean, pizten zuten su bat, zenduek etxearen alderako hatzak ez zitzaten ukan erakasle. Gizona geroari buruz abiatzeko egin, ihizi zangoduna.

        Ohidura hori ez dut ikusi behin ere Heletan, ez eta ere aditu izan dela. Aspaldian hor desegina ditake. Bainan ez du aspaldi aditu dutala bizi dela oraino Suhuskunen, Irisarrin, Iholdin... Ez gehiago Xuberon, ez eta ere Lapurdin, bainan bai Garazin.

        Horiek hola, aski izan zait Jesus Jaunaren kurutzeari musu emaitea, jakiteko ez gogoz, bainan ezpainez, eta gorputzez, ene arbasoez haundiago norbeit bazela ene nortasunaren eta ene askatasunaren pitzgarri. Ikusteko halako lano baten artetik, herriak ezarri dautala sinestearen lehen harri mokorra, ez haren gainean zurruntzan lo egiteko, bainan haren gainetik urrats egiteko gorago, bertze mail batzueri buruz, ageri ere ez baita nun ditaken azkena. Arbasoetarik ukana, iker-zak, hiretzeko, hiretzat zabaltzeko, zabal-zak aintzinatzeko.

        Herria ez da, haur ttipiarentzat, zare harri pikorrez beterik eskainiko dion ama bihotz gabea. Herria, haur ttipiari altzotara bat bihi ekarriko dion ama bihotzduna. Bihien artean, fedearen hazia.

        Ene aitatxi hartu zuen zorigaitzak ikusi-eta Garra, izen zaharra, hain luzaz Garra etxean kafira zuena, bere seme bakarrarekin jautsi zela hobirat. Ez zen ohartu lehenik izenak egiten badu etxea, gero etxeak egiten duela izena. Etxetik ukan dut dutan sinestearen bustia. Xuxen da adinetakoek izenda nezaten Garrako Etien, eta gutiago ezagutu ditutan gazteek Garrako apeza. Hortan haste, hortan bururatze. Hortan ene lehen hatsa. Hortan ene azken urratsa.

 

 

© Etienne Salaberri

 

 

"Etienne Salaberri" orrialde nagusia


www.susa-literatura.eus