AINTZIN SOLAS EDO
HAS AINTZINEKO
ZONBEIT GOGOETA

 

        Denbora bakotxak baditu bere ara bereziak. Denborak berekilan eremaiten ditu, bere mamitik sor-arazi arak. Arak eta denborak, biek bat egiten dute. Aretarik asma eta usna ditake nolakoa zitakeen denbora. Aren orroitzapena uzten du denborak denborari, bere lekuko gisa. Erradazu nolakoak diren zure arak, eta erranen dautzut zoin den zure sorturtea. Eremuan bezain barna erroztatua da gizona bere denboran eta bere aretan, edo hobeki, bere denborako aretan. Bi zango baditu gizonak, bat atxikitzeko tente eremuan, bertzea begiratzeko tente denboran. Ez ditake ibil, ez ditake xutik egon, zango bat baizik ez badu, atxik dezan sarturik ala eremuan, ala denboran, ala eremuko, ala denborako aretan.

        Basa, errotik basa, huts egina, edo Baxe-Nabarren diogun bezala, «ez bataiatua», uste lukeena, giza-gaizoa, Irulegiko arnoak, urtetik urterat, gostu bera duela: beti berdin izari daukala iguzkiaren argitik, ha rriaren pindarretik, hegoaren epeletik, elur urtuaren xirripita hozpiletik. Arnoak dauka urtea bere hari piruan kokatua. Arnoa ikusi orduko, mahasti-zaina emaiten zaio beha eta beha; hasten sudur hixtu eta hixtu, begiak ikertzeko lanaz lanostatuak; hurrupaño bat har, eta zifli-zafla, mihiarekin aho gainerat bota eta bota... begi, sudur, mihi, aho eta erran nezake beharri, berdin aiduru... Hanbat gaixtoago errebelatzen bada! Haren omenak egina du. Bainan nola errebela ditake? Errebela ditakela jalgitzea, hura bera haren alderat ahopaldi tzar. Arnoak ez du andere xahartu, gazte beharraren jukutriarik. Ez dezake gorde bere adina. Arnoak baino gehiago ez dezake kuku arak. Nolako ara, halako urtea. Urteak iragan-eta uzten dauku ara, haren izan delako froga. Ara denboraren begitartea, mendearen izena.

        Hogoigarren mendeko bigarren zatian, bada ara berri bat, zoinen arabera, ainitzek salatzen baitute, argi eta garbi, erraiten, ahoan bilorik gabe, nolakoa den heien sinestearen ez bakarrik aintzina, bainan gibela, ez bakarrik alderdia, bainan infrentzua, ez bakarrik axala, bainan mamia. Zer daukan heien sinesteak gorderik altzoan, edo hobeki eta laburkiago, nolakoa den heien sinestea.

        Nahi nuke heien urratseri jarraiki, ni ere hogoigarren mendeko bigarren zatian bizi izaitea gatik, bigarren zati hortako herritar. Nahi nuke ene hatza heien hatzetan, ene ara heien aretan ezarri. Nahi nituzke, ibiltzeko, heien ara-oinetakoak jauntzi. Makila eskuan heien hatsa ene hats, nahi nuke iragan, hastetik orai artino, ene biziaren bidea, ikertuz zoko-mokoak, jakiteko nihaurek hobeki eta aipatzeko bertzeri deplauki, zer dutan sinesten, zer den ene sinestea, deus makurturik edo xuxendurik gabe, hala-hala, garbi-garbia, tanpalahara, den bezala.

        Idazleak askotan mintzo dira beren buruaz, idatzi dituzten elaberrietako jaun-andereak ararteko. Bere gutizien idaztea ezin mentura, beldur ez dituztenez, ohartu gabe, edo azkartuko, edo ahulduko, edo ba eskuin ba ezker kakolatuko eta gisa guziz gezurtuko, uzten dituzte tirriak, bere ixurgiaren arabera sar diten, poxulurik gabe, elaberrietako gogodun batean, hari emaiten dituztelarik bizi, indar eta kar. «Bovary anderea, ni naiz», zion goxo-goxoa Flaubert jaunak. Orobat aitor nezake: «Espartin xuri, ni naiz». (Espartin xuri eta zapeta urre: Euzko Gogoa 1958 N.º 2). Mauriac jaunak derasa: «Thérése Desqueyroux, ni naiz». Eta nik, nere aitormena, haren aitormenari datxikola: «Pilale, ni naiz». (Hiru pindarretako erhaztuna: Gure Herria 1975-eko lehen eta bigarrena). Nahiz ez dutan jo Ameriketarat lanketa, lehena bezala, ez-eta-ere plekari jalgi, bigarrenaren pare!

        Ibil molde hortan, elaberriko gogoduna gure itxura, gure bigarren iduria, eta hargatik gure izaite egiazkoaren miraila pare-gabea. Bizkitartean mintza ditake bere buruaz, bertze nor-nahitaz mintzatzen den bezala, eta izaitekotz, ba xehetasun, ba xuxentasun gehiagorekin. Egin ditake mirailaren ozkatik urrats bat urrunago. «Zer bada, emanen zirea, denen aintzinean buluz-gorri! To, hobe zuretzat!» Ba, enetzat hobe. Sortu gira buluz-gorri; Jaungoikoaren aintzinean agertuko buluzgorri. Silius Italicus, erromano olerkari, Jesus Jauna baino hogoi eta bortz urte aintzinago sortuak, uzten du bere lumatik erortzerat solas hau: «Kantabrak eta Euskaldunak ez dute gerlako buruko ukaiteaz axola pilik». Ez noa gerlarat. Ez dut ez buruko, ez berdin soineko beharrik. Ez maite ukaitea. Euskaldun guziek badukegu naski elgarren iduri, tantiruri-ruri.

 

 

        Aipatuak aipatu, nola solasta ditake sinesteaz, sinestea halako gauza nasaia izaitea gatik? Sinesteak eta izaiteak bat egiten dute. Sinestea eta izaitea nihundik ezin behex. Sinesteak sartzen du bere zigiloa, gogoan, bihotzean, hai eta gorputzean, guziz begitartean. Begitartea berdin ximur, berdin su-pindarrez begi-ñiñika dir-dir dute, ba Voltaire 18-garren mendeko idazle fede gabeak, ha 19-garren mendeko Ars-eko apez fededun sainduak. Bainan ez dute su beraz betea. Hunek trufaren suaz. Harek eskaintzaren suaz. Hau jarririk gora, ospegarri jauntto. Hura behardun ez deus, lurrean belauniko. Hunek eskuak deskantsuan, beheiti. Harek bi eskuak kurutze galdeka, goiti. Hau munduko ontasunen jabe. Hura zeruko zorionaren eske. Baten laster itzali zerua, lurra. Bertzearen betiereko lurra, zerua. Sinesteak gure baitan dauka bere egoitza. Guk gure egoitza daukagu sinestean. Sinestea gu; gu sineste. Ez dut gordeko, telebixtan agertzen delarik politika gizon zonbeit, egoiten nitzaiola haren begitarte zabalduari hurbiletik beha eta beha, begiak akituak, uste baitut, lehen aldian, lehen bizpahiru minutetan, edozoinek unten duela jalgitzerat barneko xedea, eta hori begitarteao tindu eta ele jukutria guzien artetik.

        Emakozu sineste hitzari, zerbait gainerat eta ez duzu azkartzen, bainan bai ahultzen. Gizona, hori aski da bere buruari zu erran-arazten dion etxeko-jaunaren goresteko. Gizon on edo gizon gaitz, ez dira gizon ahopaldia baino gehiago. Izaitekotz dira gutiago, gizona baititake on, gaitz, bainan ene langile, zuhur eta bentze asko dohainez aberats. Ttipi-hitzak, gizonaren begitartea iluntzen. Haundi-hitzak begitartea ez argitzen. Holakoetan zabaltzea, hertsitzea; emendatzea, gutitzea. Gizonaz errana, aipa ditake sinesteaz, tilet bat kendu gabe, gizonak eta sinesteak bat egitea gatik. Sinestea krisk eta krask ari delarik gizonean, gizona krisk eta krask ari da bere izaitean, atxikiko duka, hautsiko hiza, duda-mudan. Hori da Mendeal munduko oraiko irriskua. Sineste eskasaz da Mendeal mundua. Irrisku horri ohartua, eritasun horren kotsuaz izitua, Iguzki-aldeko mundua ari da bere jendetzeari, sinestea saka eta saka, arima salbu-eta, etxeko anderea ari den bezala gizendu behar duen ahateari, arto-bihi egosia zintzurretik, erhi pototsarekin sar eta sar. Nehork ez jakin noiz artino gizona egonen den, abatearen pare, ukana irets eta irets, iretsia burrustan goiti eta kanponat aurtiki gabe. Dena dela, ez da dudarik: sinesteak, izanikan ere gezurkeriaz eta hisiaz zikindua, emaiten dio sinestea duenari, sineste gabeak ez duen zuta, ausarta, oldarra, eta gain-gainetik bere buruaren irriskatzeko kalipua. Ari da kantuz, sineste gabekoa ari delarik merreka. Ari da dantzan, sineste gabekoa badoalarik itzuli-mitzuli, mozkorra iduri. Horiek oro gure begietan dira bizi, Vietnam-eko gerlan ikusiak. Gerlako borrokan, sinesteduna sineste-gabeari nagusituko da. Bainan gerlaren irabaztea eta bakearen jartzea, bi gauza dira, eta zoin desberdinak! Hisia eta gezurra nagusitzen dira gerlan nagusitu denari. Hedatzen dute hisiak eta gezurrak ezinbertzea herriaren eremuan, zabaltzen herriaren denboran. Salbatzailearen aiduru zauden lehenagoko paganoak. Berdin salbatzaile berri baten, betiereko salbatzailearen lekuko berrien beha daude paganotu berriak. Eta ez sineste gabekoen beha, hek hurrupa batez iniminiklik iretsiak tira, bainan egiaz eta amodioaz orhatu sinestea daukaten gizon zuhur-bihotzdunen beha. Iguzkialdean, ilunbea inarrosten dute argiari galdeka emanik Soljenitsyne, Sakharov eta bertze ainitzen marrumek.

        Sinesteak eta izaiteak bat egiten, eta bizkitartean biga egoiten... Biek bat, eta biak bi... Nolaz bada? Hori da honi katixima! Problema bera zuten Greziako gogolari bipilek, traba kexagarri. Artzen ziren xifrituak: «Gauza zen bat da. Bizkitartean nahi badut aipatu, baitezpadako zaizkit bi hitz: gauza hori, lehena; zen bat, bigarrena. Ezin asmatuaren ezin asmatua. Nola uztar ditazke, bat eta biga, batek ausiki gabe biga, biagk uztarkatu gabe batto?».

        Problema horri kontra Greziako gogolariek hautsi dituzte hortzak. Guk ene, oraikoek, kilikatzen ditugu gureak. Ez ditugu hausten, baitakigu Jesus Jaunak erakutsirik bat den Jaungoikoa dela ere Aita, eta Seme, eta Izpiritu, dela hiru. Jaungoikoaren mixterioak sar-arazten du argi-miko bat gizonaren mixterioan.

        Bat da gizona eta tenore berean ainitz. Zureria dena etxearen alderat, hura sinestea gizonaren alderat. Zureriak, gogor egonez, gogortzen du etxe osoa. Berdin sinesteak gure izaitea.

 

 

        Egiari loturik dago sinestea, haur sortu berria amaren bularrari bezala. Amaren bularrak eta haurraren ahoak bat eta biga dituzte egiten. Eskas duia amak esnea? Haurra, txar izanikan ere, xurgatzaile gaitza. Haurrak ñarro duia gutizia? Haurra berdin ahul, izanikan ene ama esnedun hauta.

        Lehen zorigaitza, sinestearen alderat, paganoen zorigaitza. Guti zakiten paganoek nor zitakeen Jaungoikoa. Jesus Jauna ez zen etorria gizonen erakasle pare-gabea. Jakinki Jaungoikoak eman asmuak erranik, Jaungoikoa zitakela zerbeit haundi, Jainko zauzkaten iguzki, ilargi, itsaso, ibaiak. Euskaldunek hobi-buruan landatzen balinbazuten horri biribil bat zango tipito baten gainean, uste nuke ez dela hori gizon gorputz itxura, bainan Egiptoan iguzkiaren iduria emaiten zuten bezala idiaren adar artean, iguzki hertsi bat hor ezarria, hilaren begirale. Paganoek bazuten argi birbira bat. Ez da baztertzekoa, are gutiago ostikatzekoa, Jaungoikoaren argi zabaletik baita argi. Paganoez dena trufatzen, Jaungoikoaz da ihakintzen. Beha artarekin, ba Greziako, ba Metzikako, ba Xinako, ba Afrikako sinesteri, ikusi arte, lohiarekin nahas-mahas egonki, egiaren ur-xirripita mehea.

        Gehiago dena. Nun ere irabazten baitu egiak, irabazten du kartaldia Jaungoikoak. Nun ere irabazten baitu ongiak, irabazten du kartaldia Jaungoikoak. Nun ere irabazten baitute egiak eta ongiak, irabazten du partida Jaungoikoak. Hari hogoi-eta-hameka eta esku.

        Bigarren sinestearen izurritea, giristinoen izurritea. Doi bat baztertu dauku Jesus Jaunak, Jaungoikoaren begitartea gorderik daukan lano-oihala. Gaizkiak hartze ditugu. Gure begitartea egiteko orde Jaungoikoaren iduriko, Jaungoikoaren begitartea egin dugu gurea bezalako. Hogoigarren mendeak makurtzen du Jaungoikoaren begitartea, ez baititzazke ahantz gizonak bere laguneri egin dituen oieskeriak. Uste du Jaungoikoa ditakela gizonari, gizona izan dena gizonari. Agertu da gizona alabainan, ez gizon, bainan otso gizonaren alderat. Josteta bezala erre ditu gizon, emazte, eta haur, hirietan eta hiriekin. Bildu korraletarat gizon, emazte eta haur, erretzeko bere nahirat, bere gosturat, zer egunez berak ikus.

        Uste dugu Jaungoikoa dela idor, izan girelakotz idor; eñul, izan girelakotz eñul. Esklaboak meneko ukanki, paganoek asmatzen zituzten Jaungoikoaren eta Gizonaren arteko lokarriak. Nagusiaren eta Esklaboaren arteko iduri. Jesus Jaunak erakatsi dauku Jainkoaren eta Gizonaren arteko lokarriak direla Aita amultsuaren eta Seme maitatuaren arteko lokarri bereziak. Gaizkiak lilluraturik, gibeleratu gira Aitaren eta Semearen urrezko lokarrietarik, Nagusiaren eta Esklaboaren aspaldiko burdin lokarrietarat, gu Nagusi behar beti, eta beti bertzeak Esklabo.

        Gauzen diren bezala ikusteko, nahi duzuia begia argi? Ezar-azu bihotza garbi. Behar da itzuli Ongiaren biderat, nahi bada heldu Egiaren bururat. Egia Amodiorik gabe tilint. Amodioa Egiarik gabe enganakor. Sineste osoak zamatzen ditu Egia eta Ongia. Ongia ongi esku emaiten duelarik Egiari. Egia egi, esku emaiten duelarik Ongiari. Ez dira elgarri bizkarrez egoiteko eginak, Egia eta Ongia, bainan, hala nola haurrideak, elgarrekin bizitzeko, begitartez begitarte.

 

 

        «Bakotxari bere egia». Pirandello italianoak itzatu zuelarik izen hori bere agerkariaren atean, eman zuen ikusterat egian ez zuela fidantzia den gutienik. Ezen zuzenki erran beharko zuen: «Orori egia bera». Egia alabainan ez da ez zure ez ene meneko. Pirandello-ren sinestea, sineste gabeko sinestea: sineste hutsa. Aurkitzen dira intzaur hutsak, kuskua oso, barnerik ez.

        Edo... bada beti «edo» zerbeit, bide batetik, bihurgune bati esker, bertze bide batetarat ereman dezakena. Edo... nun ez duen gizon batek zigante jainkoso batentzat bere burua hartzen. Orduan haren nahia lege. Eta ez egia lege, bainan legea egi. Muga hortarat heldu zen Mussolini Italian, utzi zuelarik murruetan zirri-marratzerat: «Ez da behin ere errebelatzen gure buruzagia». Muga bererat hurbildu dira Franco Espainian, de Gaulle Frantzian. Muga jauzian iragan dute, Hitler-ek Alemanian, Stalinek Rusian, Mao Tse-tung-ek Xinan. Ez dira eskas nurinahi jainkoso ttipitto koxkorrilo, heiek errana nahi bailukete izan dadin han berean egina.

        Jalgiak jalgi, «Ene sineste» hitzak ez ote nuia, ni ere, saltzen? Ohartu gabe, ez niza erori Pirandello-ren zeporat? «Ene sinesteak» ez duia erran nahi: «Edozoini bere sinestea?». Ez nuena jalgi behar «Ene sinestearen» orde, «Sinestea», aintzineko eta gibelekorik deus gabe?...

        Iduri luke, bainan iduri lukena ez da beti hala dena. Karraka-zak, putil, azala, jakiteko nolakoa den arbola.

        Ez da dudarik. Egia osoa nor-beraz gorago, kokaturik dago. Egia, E haundiarekin, betidanik, bera da. Ezin aldatuzkoa. Ez da tokiarekin edo denborarekin kantitzen. Iguzkia eta Egia, ezarri ditu Jaungoikoak finkaturik lehena lurren, bigarrena gogoen erdian, firurika ibil ziten, ala lurrak iguzkiaren, ala gogoak Egiaren itzulian, lehena lurren, bigarrena gogoen argi. Gizonaren izaria Egia, eta ez Egiaren izaria gizona. Egia osoa Jaungoikoa; Jaungoikoaren sinestea, sineste osoa.

        Egiatik bakotxak hartzen du, bere jitearen arabera, ditare baten heina; ditaretara bat mukurru, bainan ditare bat baizik ez. Ene eta zure sinesteak hartu behar luke beti s ttipia nahiz ezartzen diogun maiz S haundia, erakusterat emaiteko, zonbat baitezpadakoa zaikun zure eta ene Sinestea. Jaungoikoaren sinesteaki zaio bakarrik zor S haundia, halakoa izaitea gatik haren gaitzaren gaitza. Alderdikariak uste du duen sinestea dela egiaz bete, sineste zuhurra; bertzen sinestea ditakela egiaz hustu, sineste ergela. Eman dezagun gizon bati hala haunditu zaiola sudurra, nun ez baitu gehiago ikusten auzoaren begitartea. Begiak idekirik dauzkan itsua, alderdikaria.

 

 

        Beha-zazu Baigura mendiari. Mendi bat da. Halere Heletatik, Irisarritik, Orzaizetik, Bidarraitik, Luhosotik bortz itxura baditutzu, bortz mendi balire bezala, mendi bakar batean josiak. Bortz behatzailek bortz mendi ikusten, bat delarik mendia.

        Ez ditugu bakarrik batzuek begiak xorrotxago, bertzeek mutitsago, ez ditugu begi berak, erran nahi dut ez ditugula berdin begiak bidatzen, hargatik ez baitituzte gauza berak behexten. Eta hori jendeetan bezala herrietan. Zonbat herri, hanbat dohain berri.

        Jaungoikoak agertu ditu Europakoen begieri Egia, Ahala, Ederra, Haundia, Ongia. Egia, gain-gainetik, Frantziari; Ahala, gain-gainetik Inglaterrari; Ederra gain-gainetik Espainiari; Haundia gain-gainetik Alemaniari, Rusiari; Ongia, gain-gainetik Euskal-Herriari. Egia, giltza gauzen ulertzeko; Ahala, gauzen hezteko; Ederra, gauzen apaintzeko; Haundia, gizona heldu tokian ez lokartzeko; Ongia, gizona nor den ez ahantzeko.

        Hau duelarik gogoan, hura ez luke ahantzi behar gizonak. Bazterrekoen axola ez luke galdu behar, bere hari dagolarik so, Egon behar luke, begia xuxen eta begia makur, hau ikusten, hura ez ahanzten. Hetsia egoitetik heldu zaiote ahulezia, Frantziari ikertzean, Inglaterrari heztean, Espainiari edertzean, Alemania eta Rusiari gizonen axolan. EuskalHerriari gizonaren askatasun zaintzean. Bertzena arbuiatu, bere hartan okertu.

        Bertzela behatu diote Jaungoikoari Europatik kanpoko jendek. Budiztek deitu dute gain-gainetik Amultsua. Mahometanoek eta Juduek gain-gainetik Izari gabea. Afrikanoek gain-gainetik Jostagina... Eskuak zuhurtziaz beterik, gure beha dagotzi kanpotiarrak, egina bide erdi eta gehiago. Mundua mila frix egin miraila bat, Jaungoikoaren begitartea hartan, dena karramaska baita ageri uspeldua, ilundua. Poxiak oro elgarretaratu behar asmatzeko nor ditaken Jaungoikoa.

        Aipatzen dugularik Jondoni Pauloren ondotik, baizik-eta Jesus Jaunak beretu duela gizonaren jite osoa, salbu bekatua, ez gira ohartzen noraino badoan solas borren malda. Ez dugu izartzen noraino apaldu den, Jesus Jauna baitan, Jaungoikoa.

        Sortu baita lurreko ama baten ume, muga gabeko Hitza izan da estekatua gizonen muga hertsiko hitzari. Hitza hitzari izan kurutzefikatua. Gizon-mintzairak ez dezake egia aipa hats kolpe. Behar du hau jalgi lehenik, hura bigarrenik. Hau, edo hain bortizki nun iduri bailuke haren orroa badoala gero aipatuaren endurtzerat; edo hain eztiki nun erran bailezake mustupilka eroriko dela haren mintzoa, gero erranaz joa. Erabiliz gizonaren solasa, solas gabeko Hitza hertsitu da, laburtu. Hain guti trebe bilakatu, nun bortxatua baita Ez jalgi-eta Ba ateratzerat, Ba ateratu-eta, Ez bihurtzerat. Hori izan da arrodioaren gure alderako froga ezin sinetsia.

        Kasu. Jaungoikoak igorri duelarik bere Hitza, haur bat sor dadin, gizonen haurren artean, hautatu ukan behar dio leinu bat, toki bat, tenore bat, behexi ohako bat, hango mintzaira, jakitate berezietan zila tua. Onartu holako mintzoaren arramantza, baztertu holako eta halako mintzoen arrabotsa. Onartu holako gogoaren kanteilak, baztertu holako eta halako gogoaren bazterrak. Judu emazteki baten eskuek ez dute bakarrik troxatu Jesus Jaunaren gorputza, bainan oraino haren gogoa. Iguzki aldeko jenderi laket zaiote mintzatzea parabolaka. Sortu balitz ez Betlemeko harpe ziloan, bainan egoitza gisa ukan, «menditto baten gainean, etxe ttipitto aintzin xuri bat, lau haitz ondoren erdian, xakur xuri bat atean, iturriño bat aldean», bixtan da Jesus Jauna mintzatuko zela utziz bazterrerat parabola; nork daki, solastatuko beharbada ditxoka, erran zaharka, eta zendako ez, koblaka.

 

 

        Jesus Jaunak nahi ukan du gizonaren hitzak burura zezan haren hitzak hasi lana. Nahi ukan du gizonaren sinesteak aintzina ereman zezan, haren sinesteak ideki ildoa. Ez du nahi ukan haren sinestea, haren hitza izan ziten lerro-lerro idatziak harri-mutur baten gainean, harria egonki xut-xuta, ezin higitua, ezin higatua, menderen mendetako itsasoa ari jauzika eta zanpaka inguruan. Ez da harri, bainan bihi, Jesus Jaunaren sinestea. Jesus Jaunaren sinestetik sortu, gure sinestea, emeki bada emeki, zohitzen da, zabaltzen, goratzen, barnatzen bere hain osoari buruz iragaiten. Ez du Jesus Jaunak nahi bakarrik haren sinestea izan dadin, hartu-eta, urrunago heldua, herritik herrirat, egunetik egunerat; nahi du gain-gainetik, aldaka dadin tokitik tokirat, ordutik ordurat, eta bere baitarik dena, hura bilaka.

        Haizeak egiten du haite eliza barnean. Haize Izpiritu sainduak eremaiten ditu mundua bezain zaharra den arboletik, hosto eihartuak, sor-arazten bur-bur-bur, hosto berriak. Beti negu, beti primadera, Elizako eremuan. Jesus Jaunaren gizontasunak kurubilkatu egia, Gizonaren gizontasunak ari du idekitzen. Gizona lagun, Gizonaren semea heltzen da bere xedearen betetzerat. Gizonak bilakatu dira Jainko gizon eginaren esku-ukaldi emaile. Nagusia jarri da gizon bere zerbitzariaren beharretan; Jaungoiko ahaltsua, gizon ahal gabearen lauzka esketan. Bere Egiaren hedatzeko, bere Sinestearen barreatzeko, gizona galde egin du laguntzat, Jesus Jaunak.

        Lehengo idazleak arrangura zuen erakustea, haren sinestea denen sinestea, betiko sinestea zela. Pikor bat kendu edo gaineratu gabe. Ereiteko zuen ogi bihia, Jerusalemeko selaurutik zuela. Iduri zitzaion bazi takela begi bat, denboratik eta eremutik gorago kokatua, denboratik eta eremutik osoki behexia, ebanjelioko hitzen irakurtzeko haztatuz hastehastetik heien hazta osoa. Iduri hura zela holako begi miresgarriaren jabe miresgarria. Iduri sinestea denetan, eta mende oroz berdina dagola. Eremuak eta denborak sinestearen gainean eskurik ez dutela.

        Oraiko idazleak erakusten du bere sinestea, den bezala, edo izaitekotz duen bezala, bere arimako jaidura guzieri, bere gorputzeko zain bakotxari josia, egun batez galernak kasik errotik ateratua, biharamu nean, galerna ezeztaturik, haitz hostoduna iduri: udako argi urratzean, xori kantari, zure biltoki... Badaki ebanjelioko hitzen irakurtzeko ez dituela bere begi eskasak baizik. Berdin haren auzoak. Eta haren auzoaren auzoak. Bainan Izpiritua ari baita lanean, denetan eta beti, aitortzen du, eremuari eta denborari esker, gizonen sinestea ez dela ez, bertzelakatzen, bainan bai barnatzen eta zabaltzen.

        Hala nola Mois, lehengo idazlea. Lano argitsu batez inguratua, urratsez-urrats, gizon eta ez gizon, heldu zen Zinai menditik Mois, Jaungoikoaren nahia heltzeko Judueri. Berdin-berdina zagon beihalako idaz lea, hedatzeko, Zinai kaskotik bezala, mundu osoari, Jesus Jaunak zerutik ekarri Berri Ona. Zagon larderia zariola, jenden burdin matoarekin xuxen bidatzerat ekarria.

        Hala nola Zakeo ttipittoa oraiko idazlea. Jesus Jaunaren gibeletik badoa bertzen gisa, axolarik gabe, hunek zangoa baitio lehertzen, harek ukondoaz kaska bat gerrian emaiten, zoriontsu ikusten duenaz geroz bere Nagusiaren begitartea, haren mintzoa aditzen. Zoazi zu... Laburra izaitea gatik egiten du laster, piko ondoaren abarreri lot eta lot hupatzeko kaskorat. Batzu ari zaizko irriz goxoki: «Zakeo ernea! Ez dik teilarik eskas, bere buru biribilean». Bertzeak dena beltzuri: «Gizon aiuta, gizon ñapurra! Betiko Zakeo kixkila!» Berdin zaio, ikusten badu, aditzen badu bestek ikusi eta aditu ez dutena, lehen-bai-lehen bere sinestearen orori heltzeko.

        Lehengo idazlearen irriskua zitaken ez ohartzea, zoin xehe, zoin ez deus ditaken gizona. Oraiko idazlearen irriskua ditake ahanztea, zoin haundi, zoin izari-gabe ditaken Jaungoikoa.

        Bainan nork daki gutiesten duenak gizona, ez duenez apaltzen Jaungoiko haren aita; apaltzen duenak Jaungoikoa ez duenez gutiesten eta zangopilatzen haren seme gizona?

        Mendi eta kukuso, gizona. Blaise Pascal idazlearen arabera: «Hantzen bada hertzen dut; hertzen bada hantzen dut, zila dezan, dela ezin zilatuzko mamua».

        Poxulu berdin kokinak aurkituko dituzte ala lehengo, ala oraiko idazleek. Ez lukete ahantzi behar ez lehengoek, ez oraikoek, tenore berean direla Moisen eta Zakeoren haurren haurrak, lehenerat hurbiltzea ez dadin bilaka bigarrenetik urruntzea. Beti desberdina, behar du egon beti berdina giristinoen sinesteak. Beti berdina behar du jalgi, beti desberdina. Ez bada mugitzen Jaungoikoaren izaitea zeruan, higitzen da gizonak Jaungoikoaren izaiteaz duen ezagutza lurrean.

        Mendeak oro, guneak oro, bainan ere gizonak oro, deituak gira gure sineste izpiaren eskaintzerat, sineste nasaia ekarri daukigun Jesus Jaunari.

        Ene haur denboran, ezkoak pizten ziren, ahide-adixkide baten karietarat, haren hil-meza zelarik, herriko elizan. Etxe bakotxak bazuen bere ezkoa, haren soka horaila itzulika bildua firrindola gisa. Etxe bako txak bazuen bere jar-tokia, haren aintzinean oihal beltz baten gainean ezartzeko bere ezkoa.

        Ezko baten pare, Euskal-Herriko zoko batean jarria haren argi xorta mikoak bihur dezan eskerrik asko egiaren iturri, gure artean sortu Jaunari... hara ene sinestea.

        Derauka, ixil-ixila, hainbertze aldiz, kantu orroaz, ahoa urratzeko heinean idekia, bezperak bururatzekin, denekilan jalgi dutan euskaldun leloa:

 

                Eskerrak eman, menderen mendetan

                Eskerrak eman, Jainko Jaunari,

                Eskerrak eman jaunari

                Eskerrak eman, eskerrak eman, jainko jaunari.

 

 

© Etienne Salaberri

 

 

"Etienne Salaberri" orrialde nagusia


www.susa-literatura.eus