TOLOSAKO DiLiGENTZiA

 

        Gaur goizean, hiruretan, egunak argitu baino puska bat lehenago, ikusten duzunez, Coronilla de Aragon-eko diligentziaren kupean jarrita jalgi naiz Tolosatik.

        Iragan ditugu karrika eta zubia, eta errege bidea hartu dugu gau beltzean, hiru gizonek sutu, xaxatu, kitzikatu, zigortu, akuilatu, onetik ateratako zortzi mandoren lauhazka suharrean.

        Gizon hauetarik bat mutikoa zen, baina bera bakarrik bazen beste biak adina.

        Ez zituen ukanen zortzi edo bederatzi urtetik goiti. Partitu baino lehen behortegiko linternapean ikusia neukan mutiko manugaitz honek Henrike II.aren gisako kapelu, bufoi bruxa eta larruzko azpantarrak zeramatzan; korazta arabiarra zeukan, begi almendratuak, eta munduko tentetasunik graziosena. Zaldiz jarri bezain arin, itxuraldatu egin zen; postamutil bilakatutako iratxoa ikusi uste nuen. Ozta ageri zen bere mando alimalean, zela gainean garrangatua ematen zuen, zartailu beldurgarri bat inarrosten zuen besotxo hartan, eta zarta bakoitzeko tiroari punpa eragin eta ilunpean amiltzen zuen, burua makur eta gorputza gorri, lurrikara baten zalapartaz zubi-galtzadetan jauzi eta gurpil zebilen gurdi ozen, klankatsu hau guztia. Diligentziako eulia zen, baina nolako euli gaitza!

        Idurika ezazu trumoia herrestan daraman deabru bat.

        Maioralak, apezpiku bat bezain zurrun eskuinean jarrita, espektro baten gisan astintzen zuen tiroaren muturreko zortzigarren mandoraino iristen zen zigor erraldoi bat, eta suzko ziztada zeukana. Noizetik noizerat oihu egiten zuen: Anda, niño! Eta postamutil ttipia makurtu egiten zen bere mandoaren gainean, eta hegan egin behar bagenu bezala egiten zuen jauzi gurdiak.

        Maioralaren ezkerrean bazen hogei bat urteko morroi bat, abantzu postamutila bezain fantastikoa. Mandamutila zen. Gizaseme bikain honek, soka bat gerriko eta zirpil bat oinetako, pilda batzuk jantzi eta txapela buruko, zazpitan arriskatzen zuen bizia oreneko. Minutu oro amiltzen zen lurrera, gurdiaren aitzin aldera egiten zuen jauzi, iraindu egiten zituen mandoak, oihu lazgarriz izendatuta: La Capitana! La Gallarda! La Generala! La Leona! La Carabinera! La Colegiala! La Carcaña!, jo, zizta, atximur, ausiki egiten zien, ukabilez eta zangoz jotzen zituen, lauhazka gorrian zeraman diligentzia, iduri luke ez zuela jarraitu ahal izanen eta tximista bezala aitzinatuko zitzaiola, eta, legoa laurden bat gibeleratua uste genuelarik, lasterkaren bizienean, bonba batek jaurtia ematen zuen gizon bat erortzen zen tupustean maioralaren ondora. Mandamutila zen ostera, bere jarlekuan. Eta munduko patxadarik ederrenean jartzen zen berriro, larritu gabe, hatsantu gabe, kopetan izerdi tantarik gabe. Alprojari sos bat eman dion lukurreroa ito-behar handiagoan dago. Tolosatik Iruñerainoko bidean mandamutil nafar baten lasterka ikusi ez duenak ez daki ongi zer den harako euskaldun batek bezala lasterka egitea.

 

 

© Victor Hugo

© itzulpenarena: Koldo Izagirre

 

 

"Victor Hugo / Idi orgaren karranka" orrialde nagusia


www.susa-literatura.eus