HAREHARRiAREN TEORiA

 

        Malkarrean ongi eginiko eta harkaitzetako bejetazio zakarrarekin nahasiriko eskailera perpendikular batetik igotzen naiz mendira, hagitz maila altu eta estuetan goiti. Eskailera baten burura heldu zarelarik, beste bat topatzen duzu. Bata besteari gaineratzen zaizkio eta zerurantz doaz, Piranesi-ren egitura ezinezko eta misteriotsuetan ikusten ditugun eskailera izugarri horiek bezala. Alabaina, Piranesi-ren eskailerak mugagabean hondoratzen dira eta Pasaiako eskailerek badute mugarik. Eskailera hauetako baten buruan nagoelarik, erlaitzen bat aurkitzen dut, ahuntz bideren bat, uharrek eta euriek eginiko arroila gisakoren batek ertz berria ematen diola mendiari. Handik harat abiatzen naiz, herriko teilatuen gainean edo tximinian behera lapikoren bateraino erorita olla podrida-ren eltzekari bihurtzeko arriskuan.

        Mendien gailurrak mundu ezezagunak zaizkigu. Han sortu, garatu eta loratzen da natura errefuxiatu bat, bereiz bizi dena. Han egiten dute bikote, himeneo misteriotsu batean bezala, zakarrak eta harrigarriak, basatiak eta baketsuak. Gizona urrun dauka, natura lasai dago. Halako konfiantza batek, giza urratsak entzuten dituen ordokietan ezezaguna, aldatu eta sosegatzen du abereen sena. Ez da zelaietako natura urduri eta apala. Tximeletak ez du ihes egiten; matxinsaltoa harrapa zenezake; muskerrak, txoria hostoetara bezala bere harrietara, zulotik jalgi eta behatu egiten dizu ondotik zoazenean. Haizearena beste zaratarik ez dago, belarrarena beste mugimendurik ez behean eta hodeiarena goian. Mendian arima goititu egiten da, bihotza osatu; pentsamenduak ere hartzen du bake sakon honetarik. Oso hurbil atzeman uste izaten du batek Jehovaren begia zabalik.

        Pasaiako mendiek bi erakargarri berezi dauzkate enetako. Lehena da itsasora ematen dutela, zeinak une oro egiten dituen bere ibar, golko, muino eta goialdeak. Bigarrena da hareharrizkoak direla. Hareharria mesprezatu samarra dute geologoek, uste dut erresuma mineraleko parasitoen artean sailkatzen dutela. Eni dagokidanez, munta handian daukat hareharria.

        Zuk badakizu, adiskide, espiritu amestiendako naturaren alderdi guztiek, baita ikusi batean elkarrengandik aldenduenek ere, harmonia sekretu mordo bat dutela lokarri: ikuslariak hautematen dituen sorreraren hari ezkutuak eta, nolabait esatearren, izatearen erroak berak direnak, sare askagaitz bat egiten dutela, bizitza bakarra bizitzeko sabia bakarrak elikatua, bakarra ugaritasunean. Honela, enetako, badago harmonia bat haritzaren eta pikor-harriaren artean, eta batek maila bejetalean, besteak mineralaren alorrean, lehoiak eta arranoak abereetan bezalako ideiak sortzen dituzte: larderia, handitasuna, indarra, bikaintasuna. Badago beste harmonia bat, are gordeagoa, baina ber gisan nabarmena ene aburuz, zumarraren eta hareharriaren artean.

        Hareharria izan litekeen harririk libertigarriena eta bitxien modelatua da. Zuhaitzetan zumarra dena duzu harkaitzetan. Ez dago hartuko ez duen molderik, ez dago lortuko ez duen kapritxorik, ez dago eginen ez duen ametsik; begitarte guztiak ditu, espantu guztiak egiten ditu. Iduri luke arima anitz batek bizi duela. Barka iezadazu halako konparazionea, gai honetaz.

        Paisaiaren drama handian, hareharriak paper aldakorra jokatzen du; zenbaitetan handi eta zurrun, bestetan irrigarri; borrokari bat bezala makurtzen da; klown bat bezala uzkurtzen da; esponja, budina, mendi-denda, txabola, zuhaitz enbor izan liteke; belar artean ageri da lurraren arradan muino ttipi lehoitu berdexketan eta lo hartutako artaldea ematen du; irri egiten duten aurpegiak ditu, behatu egiten duten begiak, iratzea bazkatu eta haginka egin behar dutela iduri luketen matelezurrak; lurretik zakarki jalgitzen den erraldoi baten ukabilaz hartzen ditu sasiak. Antzinateak, alegia osoak maite zituen hark, hareharriaz egin behar zukeen Proteo-ren estatua.

        Zumarrez zipriztinduriko ordokia ez da nehoiz aspergarri, hareharrizko mendi bat beti dago ezustekoz eta kitzikagarriz betea. Natura hilak bizi dela iduri duen aldi oro, zirrara bereziz hunkitzen gaitu. Batez ere arratsaldez hasten da forma hartzen, ilunabarraren tenore kezkagarri horretan, mamu egiten den sorreraren alderdi hori. Itxuraldatze ilun eta misteriotsua.

        Oharteman dituzu, arratsapalean, Paris inguruko gure bide handietan, karrozaren lauhazkak zure aitzinean jarraika agerrarazten eta ezkutarazten dituen zumar guztien soslai izugarriak? Batzuek aharrausi egiten dute, besteak zerurantz okertzen dira eta lazgarri oihukatzen duen ahoa zabaltzen dute. Badaude ilunpeetako algara anker eta higuin batez irri egiten dutenak, haizeak inarrosten ditu; atzerantz egiten dute kondenatuaren bihurrikatzeetan, edo bata besteagana makurtuta ahapetik esaten dizkiote elkarri, beren hosto-belarri handietan, pasatzean ez dakit zer silaba ulergaitz baizik entzuten ez dituzun hitzak. Badaude sekulako bekainak, sudur barregarriak, ilaje laztuak, perruka itzelak dituztenak; horrek ez dio beren errealitate fantastikoari beldurgarriz eta ilunez daukanetik deus kentzen; karikaturak dira, baina mamuak dira; batzuk irri-egingarriak dira, denak dira izugarriak. Amestiak gauaren larba ezezagun eta posibleak ikusi uste ditu bidearen ertzean paraturik lerro mehatxagarri eta elbarritan, pasatzerakoan makurtzen zaizkiola.

        Galde eginen nioke ene buruari ez ote diren hauek ilunpeetan bizi diren izakiak, iluntasunez eginak krokodiloa harriz egina dagoen bezala eta kolibria airez eta eguzkiz egina dagoen bezala.

        Pentsalari guztiak dira amesti; egoera urtsu eta flotagarrian dagoen pentsamendua da amets giroa. Ez dago espiritu handi bakar bat ere naturatik sortzen diren ikustateek obsesionatu, liluratu, izutu edo gutienez harritu ez dutenik. Batzuk mintzatu izan dira horietaz eta, nolabait esatearren, beren lanetan utzi dizkigute, bertan bizi daitezen beren estiloaren bizitza hilezkorrean, "gauaren ilunpean" ikuskatuak zituzten forma ezohiko eta iheskorrak, izenik gabeko gauzak. Visa sub obscurum noctis. Zizeronek imagines esaten die, Kasiok spectra, Kintilianok figurae, Lukreziok effigies, Virgiliok simulacra, Karlomagnok masca. Shakespeare-renean, Hamlet mintzo zaio horietaz Horazio-ri. Gassendi arduratua dago haietaz eta Lagrange-k amets egiten zuen haiekin Lukrezio itzuli eta Gassendi-ri buruz hausnar egin ondoren.

        Zurekin egiten dut gogoeta ahotsa gorarik, ene adiskidea. Ideia batek beste batera narama. Naramala. Zu ona eta maitagarria eta bihozbera zara. Ohitua zaude ene abiadari, eta uzten didazu gogoeta brida laxoan egiten. Hona bada hareharritik urrun samartua, itxuraz bederen. Banator harzara.

        Hareharriak erakusten dituen alderdiek, egiten dituen milaka gauzaren kopia bereziek, badute egunaren argitasunak ezin xahutuzko, ezin suntsituzko berezitasuna. Hemen, Pasaian, euriek, itsasoak eta haizeak landu eta eskulturatuta, ezin konta ahala harrizko biztanle mutu, geldi, eternal, ia izugarriz dago populatua mendia, hareharrizkoak denak. Badago eremutar kapusaidun bat, badiaren sarreran jesarria, harkaitz helezin batean, besoak zabalik, zeinak, zerua urdin ala trumoitsu egon, itsasoa bedeinkatzen edo marinelak gaztigatzen ari dela iduri duen. Badaude txori mokoa duten ipotxak, giza itxurako munstroak, batak irri eta besteak negar egiten duten aurpegi birekin, zerutik oso hurbil, ordoki soildu batean, hodeietan, han non deusek ez duen ez irri ez negar eragiten. Badaude erraldoiaren atalak, disjecti membra gigantis; hemen belauna, han enborra edo omoplatoa, haratago burua. Badago idolo sabelandi bat, idi muturra du eta lepokoa, eta beso lodi motz pare bi, atzean sasi handiak inarrosten direla eulitakoak antzo. Badago igel erraldoi bat muino goi baten tontorrean kokoriko, likenek tanta hori eta zurbilez jaspeztatua, aho higuin bat zabalik eta ozeanoaren gainean ekaitz ufaka iduri.

        Ene zumarraren teoria, ene hareharriaren teoria.

 

 

© Victor Hugo

© itzulpenarena: Koldo Izagirre

 

 

"Victor Hugo / Idi orgaren karranka" orrialde nagusia


www.susa-literatura.eus