MiARRiTZE

 

        Ezagutzen dituzu, ene adiskidea, atseginen ditudan Normandiako itsasertzeko puntuak, Bourgd'eau, Tréport eta Etretat: Etretat itsasoak labarretan landu dituen uztai handiengatik, Tréport eliza zaharragatik, harrizko gurutze zaharragatik eta arrantzako txalupek inurritegi duten portu zaharragatik, Bourgd'eau tupustean itsas zabalera isurtzen den karrika gotikoagatik. Bada, Fénelon-ek aipu duen ene begien atseginerako hautatuko nituzkeen lekuetan sar ezazu engoitik Miarritze ere Tréport, Etretat eta Bourgd'eau-ren ondoan.

        Ez dut ezagutzen Miarritze baino bazter liluragarri eta bikainagorik. Ez dauka zuhaitzik, esanen dizu oro —baita Jainkoa ere bere lanik ederrenetan— kritikatu behar izaten duen jendeak. Baina jakin egin behar da hautatzen: basoa edo itsasoa. Itsasoko haizeak bota egiten ditu zuhaitzak.

        Miarritze teilatu gorri eta kontraleiho berdeko herri txuria da, belarrezko eta txilarrezko gailurretan paratua, hauen uhindurari jarraiki. Herritik jalgi, duna jaitsi, harea hondoratzen da zure orpoen azpian eta, tanpez, hondartza lau eta leun batean azaltzen zara, harkaitz, ganbera, arkupe, zulo eta leize labirinto galgarri baten erdian, uhin artera anabasa batean jaurtitako arkitektura bitxia, zeruak urdinez, eguzkiz, argiz eta itzalez, itsasoak aparrez, haizeak murmurioz betea.

        Nehon ez dut ikusi Neptuno zaharra halako indarrez, bozkarioz eta handitasunez inarrosten Zibele zaharra. Itsasertz hau dena xuxurlaz betea da. Gaskoinako itsasoak azpia jan eta urratu egiten dio, eta arrezifeetan luzatzen ditu bere marruma alimaleak. Alabaina, hondartza desertu honetan ibili naizen orotan, zernahi orenez, bake handi bat hartu izan dut bihotzean. Naturaren harramantzek ez dute bakardadea durduzatzen.

        Ez duzu asmatzen ahal itsasertz lehertu baten idurizko nahasmenduan bizi, taupa eta bejetatzen duen guztia. Kontxa bizien larru batek estaltzen ditu harkaitzak. Zoofitoak eta moluskuak igerian eta ur-azalean daude, uhinen gardenean garden. Ura tantaz tanta iragazten da eta perla luzetan egiten du negar leizeen bobedatik. Karramarroak eta karakoilak dabiltza herrestan orbel eta gorbelen artean, lehorreraino ekarri dituzten bagen forma marrazten dutela hondar bustian. Leizeen gainean botanika bitxi eta abantzu ezezagun bat hazi da, Baionako astragaloa, krabelin frantsesa, itsasoko lihoa, pinpinela hostoko arrosa, ezkai hostoko huntza.

        Golko estuak ditu, arrantzale txiroek gauez harrapatu duten arraina txalupa zahar baten inguruan makurtuta zatikatu eta husteko uhaitzetan gora eta behera egiten duten uhinen marruma gorgarrian. Neska gazteek, oinutsik, uhinetan garbitzen dituzte itsas zakurren larruak, eta aparrez zuri itsasoa zakarki haienganaino goratzen delarik lehoia sumintzen eta bihurtzen den gisan, gona jaso eta algara handitan egiten dute gibelera.

        Miarritzen mainatzen ahal zara Dieppen bezala, Havren bezala, Tréporten bezala, baina zeru eder honek bakarrik inspiratzen duen eta klima gozo honek bakarrik onartzen duen askatasunean. Pariseko azken boneta buruan dutela, burutik oinetaraino txal handi batean bilduta, farfailezko mantelina aurpegian, begiak apal, sartzen dira emakumeak hondartza betetzen duten oihalezko etxola horietarik batean; istantean jalgitzen dira aztal-has, ardura belaunez beheiti ez doan artile marroizko atorra hutsa soinean, eta algaratan doaz lasterka murgil egitera. Askatasun honek, gizakiaren arraitasunaz eta zeruaren handitasunaz nahaste, badu bere grazia.

        Herrietako neskatxak eta Baionako jostun pertxentak usu ongi zulatuak izaten dituzten sargazko atorretan mainatzen dira, atorrek ezkutatzen dutena zuloek erakusten dutenetz futitzen direla.

        Miarritzera nindoan bigarren egunean, itsasbeheran promenatzen nenbilen leizeen artean, marisko bila eta zeharrean iheska hondarretan ezkutatzen ziren karramarroak izutzen, noiz ere ahots bat entzun nuen haitz baten gibeletik etorki, honako ahapaldia kantatzen zuela, doi bat patois moldez, baina ez hitzak bereiztea eragozteko heinean:

 

                Gastibeltza, gizon eskopeta,

                hola heldu zen kantari:

                Badut galde egiteko kopeta,

                nor da nitaz trufan ari?

                Dantza eta kanta, adiskide,

                haizea dator Larrundik!

                Haize horrek nakar bidez bide,

                zugana zoro urrundik.

 

        Emazte ahotsa zen. Itzulia egin nion arrokari. Mainuzale bat zen kantaria. Gona labur eta atorra zuritan ari zen neska eder bat igeri bi uhaitzek ixten zuten kala txikian, leize baten sarreran. Leizearen hondoko harearen gainean zegoen bere baserritar arropa. Ikusi ninduenean, uretik erdi jalgi eta bigarren ahapaldia kantatzeari lotu zen, eta, nik higitu gabe eta harkaitzean zutik entzuten nuela ikusirik, honela esan zidan, frantsesaren eta espainieraren murduskatze batean:

        —Señor estrangero, conoce usted cette chanson?

        —Nik uste —esan nion—. Nolabait.

        Urrundu egin nintzen, baina ez zidan adiorik esan.

        Ez duzu uste baduen honek halako antzik Ulisek sirenak entzun zitueneko harekin? Naturak ezin konta ahala gai eta motibotan ematen dizkigu berriro, atertu gabe eta gazte-berriturik, gizakien irudimenak jaso dituen poema zahar guztiak eta mitologia zahar guztiak.

        Labur: bere populu jendekinarekin, bere etxe txuri politekin, bere duna zabalekin, bere harea finarekin, bere leize handi eta itsaso bikainarekin, Miarritze leku miragarria da.

        Honen beldur naiz ordea: ez ote den modan jarriko. Badatoz Madriletik, laster jinen dira Parisetik.

        Orduan, Miarritze, oraino honen herri landako, larreko eta gisako hau, diruaren anbizio gaiztoak joko du, sacra fames. Miarritzek zumarrak paratuko ditu bere muinoetan, ranpak dunetan, eskailerak amildegietan, kioskoak haitzetan, aulkiak leizeetan, galtzak mainuzaleetan. Onest eta ohoin bilakatuko da Miarritze. Molière-k dioen moduan gorputz osoan garbi belarriak baino ez dituen horrek, saindukeriak alegia, ordezkatuko du itsasoarekin jolasean aritzen diren neska hauen jatortasun libre eta errugabea. Miarritzen kazeta irakurriko da; Miarritzen melodramak eta tragediak jokatuko dira. O, Zaire, zertara behar nauzu? Arratsean kontzertura joan beharko da, arratsero egonen baita kontzertua, eta kantari batek, berrogeita hamarren bat urteko urretxindor tripandia, sopranoendako kabatinak abestuko ditu, mareen, hurakanen eta enbaten musika eternala abesten duen itsasotik hurbil.

        Orduan Miarritze ez da haboro Miarritze izanen. Dieppe eta Ostende bezalako zerbait izanen da, kolorgez eta sasikoz.

        Ez da deus handiagorik arrantzale herrixka bat baino, bere usaia zahar eta inozentez, itsasoaren bazterrean; ez da deus handiagorik hiria baino, iduriz zibilizazioak eskatzen dituen berrikuntza usu zail eta beldurgarriak munduari eskaini eta gizateria osoaren ordez pentsatzeko zeregin agurgarrian. Ez da deus motzago, zekenago eta barregarriagorik Paris faltsu bat baino.

        Itsasoak mainatzen dituen herriek artoski gorde behar lukete kokapenak ematen dien fisonomia. Grazia guztiak, edertasun guztiak, handitasun guztiak dauzka itsasoak. Itsasoa daukazula, zertan deabru imitatu Paris?

        Dagoeneko sintoma batzuek iragarria dute Miarritzeren bestelakotze hurbila. Duela hamar urte, artoletan etortzen zen Baionatik; duela bi urte puntuko kotxean etortzen zen; orain omnibusean etortzen da. Duela ehun urte, duela hogei, portu zaharrean mainatzen ziren, antzinako dorre suntsitu bik mendean duten badia ttipian. Egun, portu berrian mainatzen dira. Duela hamar urte ozta zegoen ostatu bat Miarritzen; egun badira hiruzpalau "hotel".

        Ez da omnibusa hastio dudala, ezta portu berria ere, uhinak lasaiago jotzen du bertan portu zaharrean baino, mainua egokiagoa eginez; ezta "hotelak" ere, ez baitute beste makurrik itsasora ematen duen leihorik ez ukaitea baino; haatik, gainerako hobekuntza posibleen beldur naiz, eta nahiago nuke Miarritzek jarraituko balu Miarritze izaten. Honaino, oro da ongi; baina gauden honetan.

 

 

© Victor Hugo

© itzulpenarena: Koldo Izagirre

 

 

"Victor Hugo / Idi orgaren karranka" orrialde nagusia


www.susa-literatura.eus