BAiONAKO KOTXEROAK

 

        Baiona jo nuen biharamunean Miarritze jo nahi izan nuen. Bidea ez nekienez, oinezko bati egin nion galde, nekazari nafarra bera, biziki traje polita zeramana: belus olibako galtza lasaiak, gerriko gorria, zilarrezko eraztun batez lotutako lepo itzuli handiko alkandora, dena zeta marroiez brodaturiko txokolate koloreko txaleko oihal lodia eta ostruka luma beltz eta kirru batek apainduriko eta belusez azpildu Henrike II.aren estiloko boneta. Miarritzeko bidea galdatu nion beraz bidazti bikain honi.

        —Har ezazu Pont Mayour karrikatik —esan zidan—, eta jarrai ezazu Espainiako bortaraino.

        —Erraza da —nik ostera— Miarritzera joateko kotxeren bat aurkitzea?

        Nafarrak irri latz bat eginik behatu zidan, eta, esaldiaren sakona hagitz gerora baino konprenitu ez nuen hauxe esan zidan bere herriko doinuan:

        —Erraza da joatea, jauna, baina zaila da itzultzea.

        Pont Mayour karrikatik hartu nuen.

        Gora nindoala, Miarritzerako kotxeak prezio egokietan eskaintzen zituzten kotxeroen kolore anitzeko afixa batzuk aurkitu nituen: ohartu nintzen, nolazpait alabaina, afixa hauek guztiek formula errepikatu hau zutela bururatzean:

        Arratseko zortziak arteko prezioak dira hauek.

        Heldu nintzen Espainiako bortara. Hantxe metatzen ziren, anabasa batean, xabanak, kabrioletak, puntukoak, gondolak, kalesak, kupeak, omnibusak, mota guztietako kotxe andana bat. Ozta egin nion so zalgurdi multzo honi, beste multzo batek inguratu ninduenean. Kotxeroak ziren. Gortu nintzen orduantxe. Ahots guztiak, doinu guztiak, dialekto guztiak, birao guztiak eta eskaintza guztiak batera.

        Eskuineko besotik heldu zidan batek:

        —Jauna, Castex jaunaren kotxeroa naiz, igo zaitez kupera, hirurogeita hamabost sos aulkia.

        Ezkerreko besotik heldu ninduen beste batek:

        —Jauna, Ruspit nauzu, nik ere badut kupe bat, hirurogei sos aulkia.

        Bidea trabatu zidan hirugarren batek:

        —Jauna, Anatole naiz. Hona hemen ene kalesa, berrogeita hamar sos eta eramanen zaitut.

        Beharrira egiten zidan laugarrenak:

        —Zatoz Momus-ekin, jauna; Momus naiz, lauhazka gorrian Miarritzeraino hogeita hamar sosetan!

        —Hogeita bost sos! —egin zuten oihu beste batzuek ene inguruan.

        —Beha, jauna, kotxe polit hauxe: Miarritzeko Sultana! Hogeita bost sos aulkia!

        Hitz egina zidan lehenak, eskuineko besotik heldua nindukanak, mendean hartu zuen noizbait xaribari hura guztia.

        —Jauna, ni mintzatu natzaizu aurrena. Lehentasuna eskatzen dizut.

        —Hirurogeita hamabost sos eskatzen dizkizu! —egin zuten oihu gainerako kotxeroek.

        —Jauna —jarraitu zuen gizonak hotz—, hamabost sos eskatzen dizkizut.

        Isiltasun handia sortu zen.

        —Lehena izan naiz jaun honekin mintzatzen —esan zuen gizonak.

        Ondoren, aurkarien durduzamendua profitatuz, zabaldu zuen arin batean bere kupearen bortañoa, bultzatu ninduen barnerantz deus konprenitu ahal izan nezan baino lehen, itxi zuen kupea, jarri zen bere aulkian eta trostan partitu zen. Omnibusa beterik zen. Ene aiduru egona zen, iduriz.

        Kotxea arras berria eta arras ona zen; behorrak, ezin hobeak. Miarritzen ginen oren erdi labur batean.

        Iritsitakoan, ez bainuen ene situazioneaz baliatu nahi, poltsatik hirurogeita hamabost sos atera eta eman nizkion kotxeroari. Banindoala, besotik heldu zidan:

        —Jauna —esan zidan—, hamabost sos besterik ez da.

        —Ba —arrapostu nion—, hirurogeita hamabost esan zenuen hastean. Hirurogeita hamabost da.

        —Ez jauna, hamabost sosetan eramanen zintudala esan dizut. Hamabost sos da.

        Itzuli zidan xehea eta abantzu behartu egin ninduen hartzera.

        —Alazankoa! —egin nuen ene baitan banindoala—, horra hor gizon prestu bat.

        Gainerako bidaiariek ere nik bezala ordaindu zuten, hamabosna sos.

        Egun osoa hondartzan barrena promenatzen eman ondoren, arratsa heldu zelarik, Baionara itzultzea pentsatu nuen. Unatua nintzen eta halako plazer bat hartzen nuen ekarri ninduten kotxe bikainaz eta kotxero prestuaz oroitzean. Portuko pendizean goiti nindoalarik zortziak jo zuten ordokiko erloju urrunetan. Promenatzaile samalda bat ikusi nuen nonahitik heltzen ari eta kotxeroak egoten ziren herriaren sarrera aldera lehenbailehen iritsi nahirik bezala, baina ez nion bestelako kasurik eman.

        Gaugiro ederra genuen; izar batzuk hasiak ziren arrastiriko zeru nabarra zulatzen; itsasoak, doi bat asaldatua, olio kapa zabal baten dirdira opako eta astuna zeukan; farola birakari bat piztu berria zen ene eskuinera, ondoko lur-muturrean; distiratzen zuen, gero itzali, gero tanpez arrapiztu eta argi izarniatsu bat jaurtitzen zuen, ostertzaren beste muturrean lanbrotan dirdiratzen zuen Sirio eternalaren aurka egin nahi izan balu bezala. Ikusgarri malenkoniatsu honi so gelditu nintzen bulta batez, giza ahaleginaren sinbolo antzekoa zitzaidana, Jainkoaren boterearen aitzinean.

        Zernahi gisaz, gaua iluntzen ari zuen eta, halako batean, Baionaren eta ene ostatuaren ideiak trabeskatu zuen ikuskari hura. Bideari lotu nintzen berriro eta kotxeen plazara heldu nintzen. Bakarra gelditzen zen; hala adierazten zidan lurrean paraturiko esku-argi batek. Lau aulkiko kalesa zen; hiru aulki hartuak zeuden ordurako. Hurbildu nintzelarik:

        —E, jauna, zatoz —egin zidan dei ahots batek—, azken aulkia duzu, eta azken kotxea gara.

        Ezagutu nuen goizeko kotxeroaren ahotsa, berriro egiten nuen topo gizon prestu honekin. Probidentziala iruditu zitzaidan ene adurra. Laudatu nuen Jainkoa. Bulta bat berantago eta oinez egin beharko nukeen bidea, hemengo legoa bete.

        —Bai jauna —esan nion—, kotxero ona zara eta pozten naiz berriz ikusia.

        —Igo zaitez, jauna —jarraitu zuen gizonak.

        Kalesan sartu nintzen berehala.

        Jarritakoan honela egin zidan hitz kotxeroak, eskua bortañoaren giltzan zeukala:

        —Badakizu, jauna, orena iragana dela?

        —Zer oren? —esan nion.

        —Zortziak.

        —Egia da, entzun dut jotzen zutela.

        —Badakizu, jauna —arrapostu zuen gizonak—, zortziak ezkero prezioa aldatu egiten dela. Oren hori baino lehen jiten gara honaino pasaiarien xerka. Usaia da partitu aitzin ordaintzea.

        —Ongi da —esan nuen, poltsa askatuta—. Zenbat duzu?

        Eztiki erantzun zuen gizonak:

        —Hamabi libera da, jauna.

        Istantean konprenitu nuen operazionea. Goizean, hamabosna sosengatik eramaten dute Miarritzera, jendetza biltzen dute. Gauean jendetza hori bera daramate Baionara hamabina liberatan. Goizean frogatua bainuen ene kotxeroaren zurruntasun estoikoa, ez nuen hitzik atera, eta ordaindu egin nion.

        Baionara lauhazka batean itzultzen ginelarik, gogora etorri zitzaidan nekazari nafarraren zuhur-hitz ederra, eta hizkera arruntean eman nuen, bidaiarien irakasteko:

 

Miarritzerako kotxeak

Joatea, pertsonako: hamabost sos.

Jitea: hamabi libera.

 

        Ez duzue goiti-beheiti polita atxemaiten?

 

 

© Victor Hugo

© itzulpenarena: Koldo Izagirre

 

 

"Victor Hugo / Idi orgaren karranka" orrialde nagusia


www.susa-literatura.eus