Escritores vascos eta euskal idazleak (II)

 

Xabier Kintana

 

      Agian Guerrak hemengo kasua bestelakoa dela esan nahiko digu. Euskal Herrian gaztelania ere herriko hizkuntza dela aipatuz. Ni ez nago horrekin inolaz ere konforme. Erdarak —espainolak zein frantsesak— bigarren hizkuntza mailan euskaldunoi ekar liezazkigukeen abantailak ukatu gabe, kontuan hartzekoa da hura (haik) ez dela guk hona geure borondatez ekarria, inork kanpotik eta indarka, gurea hiltzeko asmoz gainera, sartua baizik.

      Horregatik, diktaduraren ondoan «eta haren garaian ere» euskararen aldeko ekintza neketsuei lagundu beharrean, haien kontra «cultura vasca» delakoa erdaraz ere posible dela jo eta ke saiatu eta horretan irautea, zapaltzailetzat hartzekoa ez baldin bada ere, gutienez zapaltzaileei jokoa egitea dela bistan dago enetzat, eta ez naiz honetan gehiago luzatuko.

      Guerrak dioenez, «ez du inork bere literatur hizkuntza aukeratzen, berau, eskuharki, norbere amarena izaten baita». Hori erabat faltsua da, eta inon garbi ikustekotan Euskal Herrian egin daiteke. Lehenengo eta behin, euskaldun gehientsuen literatur hizkuntza —idatzi eta irakurtzeko darabilten bakarra ia— ez da haien gurasoena, eskolan ikasia baizik (frantsesa eta espainola, halegia). Bestetik, aspaldi honetako euskal idazle famatuenetako askok (Lafitte, Mirande, Aresti, Peillen, Txillardegi...) ez zieten euskara beren amei sekulan ikasi. Lerroak idazten dudanonek, halaber, literatur eta hizkuntza nagusitzat daukadana ez da khronologikoki lehen ikasia, hirurgarrena baizik. Euskaldun berrien eragina ez ezagutzea, benetan, barkaezinezko bekatua iruditzen zait.

      Eta Guerra Garridoren akatsik handiena, bere kausako idazle vasco gehientsuen antzera —Ramiro Pinillak horixe aitortu berri baitigu oraintsu— horixe da, beraien inguruko euskal munduko informaziorik eza. Euskaraz idazten dugunok erdaraz ere badakigu —gehienetan euskaraz baino hobeki gainera, zoritxarrez— eta ideologikoki egin dugun aukera nazionalagatik, idazteko hartaz baliatzen ez bagara ere, gutienez bestek erdaraz egina irakurri egiten dugu, informatuak egoteko besterik ez bada ere.

      Erdaraz idazten dutenak, aldiz, inoren bitartez eta nola halako itzulpena ez bada, ez dira euskaldunok idazten dugunaz enteratzen.

      Guk euskara eta erdara dakigula, euskaraz idazteko aukera egin dugu, korronte ofizial eta ongi ikusiaren aurka joanez. Besteak, besterik ez dakitelako, hau da, ikasi nahi ez dutelako, erdaraz egitera beharturik daude, beren aukera bortxatu hori, eta hori da barkaezinena, ereduzkoa eta txalogarria bailitzan agertu nahirik.

      Aski adar jotzea da bertoko erdal idazle vascoak bi aldiz bazterturik daudela esatea. Euskal Herrian —eta berdin Katalunian edo Galizian— enperadoregoko hizkuntza ofizial eta sekula ez aski goraipatuan aritu direnak, informabide guztien laguntasuna izan dute, euskaraz ari ginenok —hau da, «separatista gorriok»— oraintsu arte ofizialki ezertarako existitu ere ez garen artean. Erdal antologia guztietan badakigu nortzu presentatu diren orain arte «escritores vascos»tzat, Unamuno eta beronen bideko erdaltzaleak. Hemengo sariketa guztietan, bertoko diruaz babestuak eta eratuak izan arren, bereizkeria nabaria egon da beti erdal lanen alde eta hau erraxki egiazta daiteke. Elaberria ia beti erdaraz izan da, euskararako, ipuinak, theatroa eta poesia utziz.

      Madrilen eta Bartzelonan (?) kasu gutti egiten dietelako kexu zaigu Guerra jauna. Seriostasun pixkat, otoi! Hizkuntza «handian» eta hain sari oparoetara, bai hemen eta bai kanpoan beren idazlanak presentatzeko modua daukatenek ez digute guri baztertuak izateko konturik aurpegiratuko. Ala Raúl Guerrak uste al du posible zatekeela euskaldun batek euskaraz «Kapitalaren irakurketa ezohitua» idatzi balu, Nadal Saria, dirua eta horregatiko fama lortzea?

      Aipatzen duen marginazioa, izatekotan, beraiek aukeratu duten erdal munduko hiriburu-probintzia arteko sokatiratik datorkieke. Baina hor, ene ustez, Euskal Herriko erdal idazleak ez dirateke Sevillakoak edo Leonekoak baino baztertuagoak, literatur meritu berberaz bederen.

      Eta Herrian duten marginazioaz herriak egiten diena baldin bada —ez baitigute esanen komunikabide ofizialetatik dutenik!— beraiek pentsa bezate zergatik den. Ez legoke gaizki, beharbada, herriari berari, eta beronen mintzairaz hobe, galdetzea. Baliteke Herriak etorkizunari begira aukeratu duen bidea eta beraiena berbera ez izatea.

      Eta oiloa ala arraultzea lehenago izan ote zen, hots, hizkuntzak gizona egin ala gizonak hizkuntza moduko eztabaida akademiko eta antzuan nahiago dut ez sartzea. Garratz izateko fama dugu bizkaitarrok, eta neronek bereziki. Baliteke horregatik Guerrarekiko neure kritikan berarekin gogorregi sartzea. Pertsonalki ez dut bera ezagutzen, eta haren kontra, beraz, ez dut ezer. Hemen maiseatuak, ordea, pertsonak barik, ideiak izan dira, ene ustez, geroari begira, euskaldunok oso garbi utzi behar ditugunak. Eta biharko Euskal Herria, bigarren hizkuntzaz munduan zehar ibiltzeko gehienik komeni zaiokeena izan beharko badu ere, osorik euskalduna izanen da edo bestela ez da Euskal Herria izanen.

 

Egin, 1978-01-21

 

 

© Xabier Kintana

 

 

"Escritor vasco / Euskal idazlea" orrialde nagusia


www.susa-literatura.eus