Literatur Emailuak
235 zenbakia: 2006ko uztailaren 20an
Susa literatura argitaletxea 


Rikardo Arregi Diaz de Herediaren poemak italieraz

Roberta Gozzi itzultzailearen lanari esker, italieraz irakur daitezke Rikardo Arregi Diaz de Herediaren lau poema. Izenburuek hots ederra dute: Poema d'amore, Più o Meno –IV; Souvenir Pieux; Fogli caduti per strada eta Poema d'amore, Più o Meno –I. Susa argitaletxearen webgunean eskaintzen dizkizugu.

Martin Ugarte Saletxeren lanak

Duela 10 urte, 1996ko uztailaren 18an hil zen Martin Ugarte Saletxe idazle legazpiarra. Baserri eta artzain giroaren eta batez ere hizkuntza-ondarearen ekarpenak literaturara ekartzen ahalegindu zena, hitz lauzko On egiñaren obariak (Kuliska Sorta, 1972) da bere lehen argitalpena, non Arriantxo sasi-medikuaren bizitza nobelatu zuen. Gutxi argitaratuagatik, bertso eta olerki lana izan zuen jardunik oparoena. Sari hainbat irabazitakoa, bere poemarik ezagunenak eta esaera zaharren bilduma argitaratu zituen Legazpiko Udalak 1986an, Jatorriaren errotik liburuan, zeina osorik eskaintzen dizuegun. Horretaz gain, bildu ditugu hainbat aldizkaritan —Legazpiko Hots-en, besteak beste— argitaratu zituen poemetarik ia gehienak.


Eliz literatura

Gure literatura klasikoak nagusiki erlijioaren esparruko gaiak izan ditu ardatz, eskuarki, teologiaren labarretan ausartu gabe, eliz mezua zabaldu baino egiten ez zutenak. Horren erakusgarri, eta J. A. Mogelen idazlan guztiak biltzeko ahaleginean, haren Kristaubaren ikasbidea (XVIII.mendea: 1987) eta Kristau Erakasle Euskalduna (XVIII.mendea: 2004) eskaintzen ditu Klasikoen Gordailuak gaurkoan, bi-biak katiximen arlokoak. Beste multzo batean datoz Juan Mateo Zabalaren Sermoiak-I (1816-1833: 1996) eta Sermoiak-II (1816-1833: 2000). Txomin Agirreren Sermoiak (1898-1916: 2000) izeneko bildumak emango dio amaiera gaurko irakurraldiari. Nolanahi ere, erlijio-literatura urruti duenari interesgarri egingo zaizkio Mogelen lehen liburuaren erdarazko hitzaurrea eta Agirreren sermoien artean galdutako harribitxia, hots,  Euskeraren alde izeneko hitzaldia.

Efemerideak

1849 uztailak 20: Juan Jose Mogel hil zen Markinan.

1902 uztailak 20: Marzelino Soroa hil zen Donostian.

1872 uztailak 22: Edmond Guibert hil zen Bordelen.

1876 uztailak 22:  Indalezio Bizkarrondo Bilintx hil zen Donostian.

1931 uztailak 22: Gregorio Mujika hil zen Donostian.

1966 uztailak 22: Erramun Maruri hil zen Armintzan.

1741 uztailak 23: Martin Arzadun hil zen Durangon.

1908 uztailak 23: Frantzisko Atutxa jaio zen Diman.

1947 uztailak 23: Federiko Belaustegigoitia hil zen Areetan.

1923 uztailak 24: Luis Eleizalde hil zen Bilbon.

1786 uztailak 26: Pierre Topet Etxahun jaio zen Barkoxen.

1842 uztailak 26: Martin Landerretxe jaio zen Sarrasketan.

1847 uztailak 26: Charles Beccas jaio zen Ainhoan.

1855 uztailak 26: Antonio Arzak jaio zen Donostian.

1906 uztailak 26: Iokin Zaitegi jaio zen Arrasaten. Jaiotzaren mendeurrenean bere Poesia Kaiera osorik daukazu irakurgai.  basquepoetry.eus

1981 uztailak 26: Etienne Salaberri hil zen Heletan.

1997 uztailak 26: Maria Dolores Agirre hil zen Donostian.



Poesia Egunak Ean
 
Hirugarren urtez jarraian, Gabriel Arestiren etxea jardunaldiak burutuko dira Ean, uztailaren 22an  (larunbata) eta 23an (igandea). Poesia egunotan Gabriel Arestiren lanei buruz mintzatzeaz gain, azken 25 urteotako poesiari errepasoa egingo diote hitzaldi eta mahainguru ezberdinetan. Aurten, Italiatik hurbildutako poetek presentzia berezia izango dute jardunaldiotan. Mahai inguruak, kafe tertuliak eta poesia errezitaldiak ere izango dira Bizkaiko kostaldeko herri txiki honetan. Egitaraua, kronikak  eta idazleen biografiak Gabriel Arestiren etxea blogean.


Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean. 


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: